EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2019081

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-04-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201902063
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ortuellako Udalak, 2018ko irailaren 20an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko azaroaren 27an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkarteari. Era berean, Ortuellako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia indarrean dagoen planaren (2007an onartua) aldaketa bat da, eta xedetzat dauka eremu pribatuaren azalera doitzea, jabari publikora lagatzeko espazioak birdefinitzea eta bolumetrikoki eta zehaztasunez birdefinitzea eremu horretako eraikuntza-aukerak, aldakuntza egituratzailerik eragin gabe. Plana aplikatuta, bi aldaketa sortuko dira:
– Gehieneko lerrokadurak egokitzea, mugakide diren eraikin eta bideekiko nahitaezko atzeraemanguneak aldatu gabe.
– Hasiera bateko profila handitzea, solairu bat gehituta (BS+5, BS+4ren ordez), eta, horrela, beheko solairuetan gauzatu ezin daitekeen eraikigarritasuna berreskuratu ahal izateko.
Planaren xede den eremua bizitegitarako hiri-lurzoru finkatugabe gisa kalifikatuta dago, eta 581,80 m
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikitze-proiektua proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, irizten da ez dela existitzen ekonomikoki eta teknikoki bideragarri den neurri zuzentzailerik kalitate akustikoarekin loturiko helburuak betetzeko xedearekin eraikin berriaren fatxadaren zenbait puntutan.
Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste. Bereziki, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan adierazitakoa, hartara eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eremua Ortuellako udalerriaren hiri-lurzoruan dago. Planta bakarrean garatutako eraikuntza bat daukan orubea da, 157,59 m
Eragin akustikoaren azterlanaren arabera, eremuan gainditu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak.
Planaren esparrua N-634 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barruan sartuta dago.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.
Bestalde, proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira obretako jardunbide egokien eskuliburua, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola eta uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa (ebazpen honen I. eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Jasangarriari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik ekarriko duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Ortuellako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Ortuellako UARG (UP8) bizitegitarako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Ortuellako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.