EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019080

64/2019 DEKRETUA, apirilaren 9koa, arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jardueretarako araubide juridiko aplikagarriari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201900064
Xedapenaren data: 2019-04-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201902045
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2003/02/26an argitaratutako 2003/02/18ko 200300034 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2009/03/18an argitaratutako 2009/02/24ko 200900049 DEKRETUA aldatzen du

Euskal Autonomia Erkidegoaren hondakinei buruzko politika, besteak beste, berrerabiltzean, birziklatzean eta balorizatzeko nahiz zikloak ixteko beste edozein era bultzatzean oinarritzen da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz betiere.
Europa 2020 estrategiaren esparruan, «Baliabideak eraginkortasunez erabiliko dituen Europa bat» lortzeko bideari ekitea da xede nagusietako bat. Esparru horretan txertatzen da «ekonomia zirkularra» kontzeptua, eta erauzketan, fabrikazioan, erabileran eta deuseztapenean oinarrituta dagoen egungo ekonomia lineala gizarte-eredu zirkular berri batera aldatzea du helburu, materialen stockak eta fluxuak, energia eta hondakinak erabili eta optimizatzen dituena, baliabideen erabileran efizientzia lortzea xede.
2015eko abenduaren 2an, «Ekonomia Zirkularrerako Europar Batasunaren Ekintza Plana» neurri multzoa onartu zen, eta mugarri izan zen «ekonomia zirkularraren» kontzeptuaren sustapenean. Planak produktuen bizi-ziklo osoan eragitea du helburu, diseinutik hasi eta hondakin bihurtu eta berriz merkaturatu arte, baliabide berri bihurtuta. Hala, gizarte jasangarriago bat sustatzeaz gain eta enpleguaren sorrera, hazkuntza ekonomikoa eta inbertsioa bultzatzeaz gain, klima-aldaketan eragin eta ingurumena babesten da.
Zentzu horretan, 2017ko urtarrilaren 26an, Europako Batzordeak Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planaren emaitzei buruzko lehen txostena egin zuen; estatu kideentzako zenbait orientazio jasotzen dira, hondakinak berriz merkaturatzeko, besteak beste.
Ekonomia zirkularraren estrategia horrekin bat etorriz, dekretu honen helburua da arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jardueretarako eta ondoren agregakin siderurgiko gisa erabiltzeko araubide juridiko aplikagarria ezartzea, ingurumenaren babesa eta osasun publikoa bermatuz.
Historikoki, gure lurraldeko altzairu-fabriken kontzentrazio handia dela eta (Estatuarekin eta Europako gainerako herrialdeekin alderatuta), altzairugintzako zepak hondakin-korronte oso esanguratsua izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Esaterako, 2016an, altzairugintzako zepak izan ziren bigarren hondakin garrantzitsuenak EAEn, sorkuntzari dagokionez; inbentarioan jasotako hondakinen guztizkoaren % 16 ziren.
Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoak jasotako datuek agerian uzten dute zepa horiek hondakindegira eramanez deuseztatzea ohiko kudeaketa modua dela, horrek ingurumen-inpaktu kaltegarriak eragiten dituelarik.
Dekretu-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko - «Ekonomia zirkular baterantz» Planaren esparruan kokatzen da, Garapen Jasangarrirako Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumen Esparru Programatik eratorrita. Plan horrek garapen jasangarrirako Nazio Batuen 2030eko Agendaren esparruan sortutako Euskadi-Basque Country 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako 12. helburua, «Kontsumo eta garapen jasangarriko modalitateak bermatzea» lortzen lagunduko du.
Beraz, Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Planaren helburu estrategikoekin bat etorriz, zepa horiek balorizatzea, askotan zenbait lehengairen antzeko ezaugarriak dituztenez, sustatu beharreko praktika bat da Euskadiko hondakinen kudeaketak dituen arazo nagusietako bat konpontzeko.
2003. urtean, otsailaren 18ko 34/2003 Dekretua onartu zen, altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten duen zepa balorizatzea eta gerora erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duena, eta hori lehen urratsa izan zen era horretako hondakinen balorizazioaren sustapenean. Horren helburua hau zen: hondakin horiek erabiliz, baliabide naturaletatik erauzten direnen antzeko ezaugarriak dituzten ale-materialak lortzen saiatzea, eraikuntzan eta beste erabilera batzuetan erabili ahal izateko eta, horrela, hondakin horiek hondakindegietara botaz deuseztatzeko beharrik ez izateko.
Dekretu honek berritasun handiak ditu otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuaren aldean (dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoan altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten duen zepa balorizatzea eta gerora erabiltzea). Horrela, beste industria-ekoizpen batzuetan lehengai gisa erabiltzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan agregakin siderurgikoak erabiltzeko onartuta dauden erabilera motak 3 kategoriatan sailkatuta daude, betiere dekretuan deskribatutako ingurumen-irizpideak kontuan hartuta. Alde batetik, aplikazio aglutinatuak daude (1. mota). Bestetik, aglutinatu gabeko aplikazioak, bi motatan (2. eta 3. motak). Azken horiek materialen lixibiatze-indizeei eta bete beharreko erabilera-baldintzei (iragazgaiztea) loturik egongo dira.
Bestalde, eraikuntzako aplikazioetan agregakin siderurgikoak erabiltzea ingurumen-kalte potentzialei lotuta dago, baldin eta agregakinen osagaiak askatu egiten badira. Hori dela eta, produktu horien portaera onargarria bermatzeko eta ingurumena arrisku potentzial horretatik babesteko irizpide eta baldintza batzuk ezarri dira.
Dekretu honek zepak balorizatzeko jardueretarako araubide juridiko aplikagarrian proposatzen dituen aldaketak ere garrantzitsuak dira. Euskadin ekoizten den altzairu eta, beraz, zepa beltzen kopuru handia dela-eta, euskal administrazioek Euskadiko altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko eta gero horiek erabiltzeko esparru arauemailea eta metodologikoa ezarri zuten XX. mendeko azken hamarkadan sortutako hondakinen bolumena dela eta. Esparru hori otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuan zehaztuta geratu zen (dekretu horrek arautzen du arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzen balorizazioa eta geroko erabilera, Euskal Autonomia Erkidegoan).
2006. eta 2015. urteen artean, arku elektrikoko labe bidezko fusiotik sortutako zepa beltzaren balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoa ekoizteko hainbat planta ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, merkatuaren eskari iraunkorrak bermatzeko, esaterako, hormigoiaren ekoizpenean erabiltzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin-korronteak kudeatzeko eta berrerabiltzeko politika publikoen barruan hainbat proiektu garatu dira hondakin industrialen familia hori hobeto ezagutzeko, izaerari eta ingurumen-ebaluaziorako hurbilketa metodologikoari dagokienez: lixibiazio-entseguak, epe luzerako portaeraren modelizazioa, onarpen-irizpideak, analisi ekotoxikologikoak edo egoera jakin batzuetarako arriskuen analisia.
XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan, zepa beltzak tratatzeko enpresen eta azken erabiltzaileen aldetik egin den burdingintzako erabilera berrien eskaria gero eta handiagoa denez, Euskal Autonomia Erkidegoan arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzen balorizazioa eta ondorengo erabilera arautzen dituen otsailaren 18ko 34/2003 Dekretua zaharkitua geratu da, hein batean, erabilera-aplikazioei dagokienez. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa izan da hasierako esparrua berrikustea esparru horren eboluzioa zehazteko, betiere merkatuaren eskaria eta egungo ezagutza-gabeziak kontuan hartuz.
Gaur egungo garapen teknologikoak eta zepak balorizatzeko jardueren esparruan egin diren ingurumen-arriskuen ebaluazio-prozesuetan lortutako emaitza positiboek argi eta garbi frogatu dute agregakin siderurgikoak erabil daitezkeela eraikuntzaren sektorean eta zementuaren fabrikazioan, hala, horiek ordezten dituzten lehengaien erauzketatik eta horiek prozesatzetik eta zabortegian deuseztatzetik eratorritako ingurumen-inpaktuak murriztuz. Horrela, bada, ezinbestekoa da hondakin mota horren balorizazioari buruzko araudia eguneratzea; izan ere, hark ezagutza teknikoaren gaur egungo egoera hartu beharko du barne, mota horretako zepak modu egokian balorizatu ahal izateko.
Premisa horiekin bat etorriz, arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jarduerak arautzen ditu Dekretu honek, eta horiek siderurgiako agregakin bihurtu ondoren zer erabilera izan dezaketen zehaztu. Edonola ere, erabileren zerrenda hori ingurumen-ikuspegitik bakarrik ezartzen da. Horregatik, balorizatutako zepen azken erabilerak bete egin behar ditu eraikuntzaren alorreko betekizun teknikoak eta erabileraren arabera aplikatu beharreko beste guztiak.
Beraz, ez da baztertzen gai horretan eskumena duten beste organo batzuek ere erabakitzea.
Arau eta araudi teknikoei eta informazioaren gizartearen zerbitzuei buruzko informazio-prozedura ezarri zaio xedapen honi, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 9ko 2015/1535/EB Zuzentarauan aurreikusitakoaren arabera; izan ere, horren bidez ezartzen da informazioaren gizartearen zerbitzuei buruzko araudi teknikoen eta arauen arloko informaziorako prozedura bat.
Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutako izapideak egin ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hala proposatuta eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9ko bilkuran hala eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan, arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jardueretarako eta ondoren agregakin siderurgiko gisa erabiltzeko araubide juridiko aplikagarria ezartzea, ingurumenaren babesa eta osasun publikoa bermatuz.
2. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honetan erabilitako kontzeptuek esanahi hau dute:
a) Zepa beltza: txatarra urtzeko prozesuan sortzen den arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa.
b) Zepen balorizazioa: zepa-ekoizleak edo hirugarren batek aplikatutako prozedura. Horri esker, zepetan dauden baliabideak aprobetxa daitezke, eta, zehazki, zepetatik agregakin naturalen ordezko izan daitezkeen material inorganikoak lor daitezke, giza osasuna arriskuan jarri gabe eta ingurugiroa kaltetu dezaketen metodo edo prozedurarik gabe.
c) Arku elektrikoko labea: arku elektriko baten bidez txatarra berotuz altzairua sortzen duen instalazioa; hura beste sargai batzuekin osatu ahal izango da, zuzeneko erredukzioko burdinarekin eta arrabioarekin, adibidez.
d) Agregakin siderurgikoa: dekretu honi jarraikiz, arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzen balorizaziotik eratorritako materiala.
e) Aglutinatutako aplikazioak: edozein konglomeratzailerekin nahastutako material granularrak erabiltzea. Nahaste horrek kohesioa ematen dio aplikazioari agregakinak matrize inorganiko batean kapsularatuz. Horrela, giroarekiko esposizioa eta osagaien hedapena hutsa edo hutsala dela esango dugu.
f) Aglutinatu gabeko aplikazioak (edo aplikazio granularra): material granularrak erabiltzea askotariko hiri-lanetan, hainbat geruzatan trinkotuz, konglomeratzailerik gehitu gabe.
g) Aplikazio drainatzailea: urak biltzea eta bideratzea du helburu.
3. artikulua.– Zepa beltzen balorizaziorako baimenak.
1.– Arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzen balorizaziorako jarduerak garatzeko ezinbestekoa izango da, aurrez, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren baimena izatea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko araudiak edo, hala badagokio, kutsadurari aurrea hartzeko eta kutsadura kontrolatzeko araudiak ezarritako baldintzetan.
2.– Baimena jarduera baterako edo gehiagotarako eman ahal izango da, jarduerari aplikatu beharreko beste edozein arauditan eskatzen diren baimenak edo lizentziak behar izatea bazterretsi gabe.
3.– Jarduera garatuko den instalazioak ikuskatu ondoren eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren egiaztapenak egin ondoren emango da baimena.
4.– Dekretu honen I. eta II. eranskinetan zehaztuko dira administrazio-baimena emateko baldintzak, instalazioaren betekizunak, zepa beltzen balorizaziorako oinarrizko jarduerak eta ingurumen-kontrolerako neurriak, baita hondakinen eta lurzoru kutsatuen araudian ere, edo, hala badagokio, kutsatzea prebenitzeko eta kutsadura kontrolatzeko araudian.
4. artikulua.– Baimen-eskaeren edukia.
1.– Arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzen balorizaziorako jarduerak baimentzeko eskaerek hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko araudian edo, hala badagokie, kutsatzea prebenitzeko eta kutsadura kontrolatzeko araudian zehaztutako informazioa hartu beharko dute barne, gutxienez.
2.– Dekretu honen I. eranskinak barne hartzen dituen zepa beltzen balorizazio-instalazioen baldintza teknikoak betetzearen egiaztagiriez gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
a) Tratamendu-prozesuaren deskribapena, dekretu honen I. eranskinean zehazten diren irizpideak bermatuz.
b) Balorizatutako produktuaren karakterizaziorako entsegu-planen banakapena, aurreikusitako erabilera bakoitzaren arabera eta dekretu honen II. eranskinarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Zepak balorizatzeko jardueren pertsona titularren betebeharrak.
Hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko legeriak edo, hala badagokio, kutsatzea prebenitzeko eta kutsadura kontrolatzeko legeriak jasotzen dituen gainerako betebeharrak bazterretsi gabe, zepak balorizatzeko jardueren pertsona titularrek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Baimenean aurreikusten den moduan tratatu beharko dituzte hondakinak.
b) Hondakinak lekualdatzeko erregimenetik eratorritako betebeharrak, hondakinen eta kutsatutako lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legearekin eta Estatuko lurraldearen barneko hondakinen lekualdaketa arautzen duen martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuarekin edo hura ordezten duen arauarekin bat etorriz.
c) Erabiltzaileei agregakin siderurgikoen ingurumen-ezaugarriak jakinarazi beharko zaizkie, bai eta zertarako erabil daitezkeen eta erabilera horietarako ezarritako murrizketak ere.
d) Agregakin siderurgikoaren CE markatuari dagozkion frogagiriak izan eta horiek azken erakunde erabiltzaileari aurkeztu beharko zaizkie.
e) Artxibo eguneratu bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren eskura. Bertan, honako hauek jasoko dira ordena kronologikoan: balorizatu beharreko zepen kantitatea eta jatorria, agregakin siderurgikoen kantitateak (izan dezaketen erabileraren arabera) eta azken erabiltzaileak.
f) Hurrengo artikuluan aurreikusten diren analisiak eta laginketak egin beharko dituzte.
6. artikulua.– Balorizatutako zepen analisiak eta laginketak.
1.– Aurreko artikuluan jasotako betebehar orokorrez gain, zepa beltzen balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoak hurrengo artikuluan aurreikusten direnetarako erabiltzen hasi aurretik, balorizatzeko jarduerak egiten dituztenek dekretu honen II. eranskinean zehazten diren laginketak eta analisiak egin beharko dituzte, agregakin siderurgikoen ingurumen-ezaugarriak aurreikusitako erabilerara egokitzen direla egiaztatzeko.
2.– Zehaztu beharreko parametroak eta horien muga-balioak dekretu honen II. eranskinean jasotakoak izango dira; azken horiek ezin izango dira egokitu beste material batzuk gehituta edo nahastuta.
3.– Lurzorua babesteko betekizunak betetze aldera, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotzen den moduan, 7. artikuluko 2. eta 3. motetan deskribatutako erabilerak izango dituzten agregakin siderurgikoek behar bezala bete beharko dituzte dekretu honen II. eranskinaren 2. taulan jasotzen diren metal astunen eduki osoaren mugak.
4.– Agregakin siderurgikoek CE markatua izango dute Europako legeria aplikatu behar zaien erabileren kasuan.
7. artikulua.– Siderurgiako agregakinen erabilera onargarriak.
1.– Zepa beltzen balorizaziotik eratorritako siderurgia-agregakinak jarraian ezartzen diren erabileretarako erabili ahal izango dira, 8. artikuluan ezartzen diren erabilera baldintzekin.
1. mota.– Aplikazio aglutinatuak.
Ale-materialak multzo osoari kohesioa ematen dioten beste edozein konglomeratzailerekin nahastuta erabiltzea, agregakinak matrize inorganiko batean kapsulatuz, zeinean ez baitago ingurunerako esposiziorik eta osagaien askapenik, edo hori hutsaren hurrengoa baita.
1) Egitura-hormigoia:
– Egiturazko hormigoia.
– Hormigoi prestatua.
– Hormigoi-prefabrikatuak: blokeak, zintarriak, zoladurak, oztopoak, hodiak eta antzekoak.
– Hormigoizko kutxak portuetako dikeetarako.
2) Egiturakoa ez den hormigoia:
– Garbiketa-hormigoia.
– Betelan-hormigoia.
3) Errepideetarako hormigoia:
– Hormigoizko zoladura: bi geruza dauzkaten zoladuren beheko geruza.
– Zementu gutxiko hormigoi bibratua.
4) Zementuz tratatutako materiala:
– Legar-zementua (zementu-zepa).
5) Beroko nahaste bituminosoak:
– Hormigoi bituminosoa.
– Gurpilbideko geruzarako nahaste bituminosoak.
– Nahaste drainatzaileak eta jarraitasunik gabeko nahasteak.
6) Hotzeko nahaste bituminosoak.
7) Azaleko tratamenduak, hartxintxarrarekin.
8) Morteroak.
2. mota.– Aglutinatu gabeko aplikazioak guztiz iragazgaitza ez den estalkipean.
Geruzatan antolatuta trinkotutako material granularrak erabiltzea askotariko hirigintza-lanetan, konglomeratzailerik gabe eta guztiz iragazgaitzak ez diren materialen estalkipean, II. eranskinean jasotako 1. taulan deskribatutakoaren arabera.
1) Lubetetako ezponda-guneak (dike-bizkarrak).
2) Betelan lokalizatuak edo lubetei asimilagarriak oso iragazgaitza ez den estalkipean:
– Estrados-betelanak fabrika-obretan.
– Estrados-betelanak euste-hormetan.
– Hodiak estaltzeko betelanak.
– Lursailen eta lubeten nibelazioa.
3) Burdinbideen azpi-balastoa.
4) Bide-egituretarako soinu-patailaketak.
3. mota.– Aglutinatu gabeko aplikazioak, guztiz iragazgaitza den estaldurapean.
Geruzatan konpaktatutako materialen erabilera, inolako konglomeratzailerik gehitu gabe obra zibileko unitateak egiteko. Mota honekin, iragazgaiztea bermatzen duten estaldurak erabili behar dira, II. eranskineko 1. taulan deskribatutakoaren arabera.
1) Zabor-legarrak.
2) Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen eta kirol-pisten oinarri/oinarri-azpiak.
3) Zabalgune hobetuak.
4) Lubetak, ezpondako ageriko guneak izan ezik (lur naturaleko estaldurak dituztenean ere).
5) Lubetetako ezponda-guneak (dike-bizkarrak).
6) Iragazgaizte altuko estaldurapean dauden betegarriak.
– Zangetan, hoditerien estalduretan eta espaloi azpiko nibelazioetan erabilitako betelanak.
– Zolarri azpiko enkatxoak.
– Estrados-betelanak azpiko pasabideetako hormetan.
– Estrados-betelanak zubietako estribuetan.
– Estrados-betelanak euste-hormetan (azpiko galtzadetan).
– Estrados-betelanak euste-hormetan.
– Barne-betelanak itxitako hormigoi-kutxetan.
7) Urbanizazio-proiektuak.
2.– Agregakin siderurgikoak erabili ahal izango dira zabortegiak estaltzeko eta horien barnean behin-behineko pistak eraikitzeko. Agregakin horiek hondakinak onartzeko baldintzak bete beharko dituzte, kasuan kasuko zabortegiaren arabera.
3.– Agregakin siderurgikoak lehengai gisa erabili ahal izango dira zementua fabrikatzeko.
4.– II. eranskinaren 3. taulan zehaztutako lixibiazio-baldintzak bete, baina II. eranskinaren 2. taulan jasotako edukiaren baldintzak betetzen ez dituzten 2. eta 3. motetan erabili behar diren agregakin siderurgikoek ezin izango dute kontaktu zuzenik izan lurzoruarekin. Kasu horretan, 2. eta 3. motetarako deskribatutako erabileretan bakarrik erabili ahal izango dira agregakin siderurgiko horiek, betiere lurzoru naturalarekin kontaktuan ez egotea bermatuko duen eraikuntza-materialez egindako geruza bat badago.
5.– Agregakin siderurgikoek dekretu honetan aurreikusitako erabilerak bakarrik izan ditzakete, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren berariazko baimena duten kasuetan salbu. Baimen hori salbuespenezko egoeretan bakarrik eman ahal izango da, erakunde interesdunak proposatutako erabileraren egokitasuna frogatu ondoren.
6.– Dekretu honen xede diren agregakin siderurgikoen erabilera errazteko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ingurumen-arloko sail eskudunak jarraibideak edo gida teknikoak argitaratu ahal izango ditu, besteak beste, erabiltzeko onartu diren agregakin siderurgiko motak xehetasunez deskribatzeko.
8. artikulua.– Siderurgiako agregakinen erabileraren mugak.
Agregakin siderurgikoak aurreko artikuluaren 7.1 apartatuaren b) eta c) letretan aurreikusten diren aglutinatu gabeko erabileretarako erabili behar direnean, horiek honako muga hauek bete beharko dituzte, oro har:
a) Ez dira erabiliko natura kontserbatzeko araudiak barne hartzen dituen babes bereziko irudiren bat duten eremuetan edo lekuetan.
b) Ez da erabiliko lurzoruarekin kontaktu zuzena duen agregakin siderurgikorik «Beste erabilera batzuk» dituzten guneetan, betiere lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinari jarraikiz.
c) Ez dira erabiliko urarekin kontaktuan dauden erabileretan.
d) Ez dira material granular gisa erabiliko aplikazio drainatzaileetan edo ura aldi baterako jariatzen den lekuetan.
e) Ez dira erabiliko estaldurarik gabeko erabileretan, hala nola basoko pistetan, asfaltatu gabeko edo hormigoi bidezko landa-bideetan edo trenbideko balastoetan.
9. artikulua.– Erabili aurretik, agregakin siderurgikoa biltegiratzeko betebeharrak.
Agregakin siderurgikoa biltegiratzen duten eta haren azken erabiltzaileak ez diren pertsona fisikoek edo juridikoek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Baimendutako balorizazio-instalazioetatik eratorritako agregakin siderurgikoa bakarrik eskuratu ahal izango dute.
b) Ingurumen-baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak izan beharko dituzte, Dekretu honetan deskribatutakoaren arabera, baita agregakin siderurgikoaren CE markatuari dagokiona ere.
c) Agregakin siderurgikoa erabili aurretik biltegiratu ahal izateko, hark ingurumenari eragiten ez diola bermatu beharko da.
d) Artxibo eguneratu bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren eskura. Bertan, honako hauek jasoko dira ordena kronologikoan: eskuratutako agregakin siderurgikoen kantitatea eta jatorria (erabilera motaren arabera), eta hornitutako agregakinen helmuga (erabilera motaren arabera). Informazioa artxibatuta egongo da hiru urtez, gutxienez.
10. artikulua.– Agregakin siderurgikoaren azken erakunde erabiltzaileen betebeharrak.
Agregakin siderurgikoaren azken erabiltzaileek, dekretu honetan zehazten diren gainerako betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Baimendutako balorizazio-instalazioetatik eratorritako agregakin siderurgikoa bakarrik erabili ahal izango dute.
b) Ingurumen-baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak izan beharko dituzte, Dekretu honetan deskribatutakoaren arabera, baita agregakin siderurgikoaren CE markatuari dagokiona ere.
c) Dekretu honetan zehaztutako erabilerei jarraikiz erabili beharko dute agregakin siderurgikoa.
d) Agregakin siderurgikoei emango zaien erabileren berri emango zaio agregakin siderurgikoaren pertsona hornitzaileari.
e) Hala badagokio, agregakin siderurgikoen erabilerari buruzko informazioa gehitu beharko zaio obraren dokumentazio teknikoari, hura arautzen duen sektoreko araudian zehaztutako baldintzetan.
11. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Dekretu honek ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, hondakinen eta lurzoru kutsatuen araudian aurreikusitako diziplina-araubidean edo, hala badagokio, kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko arauan eta Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lehendik dauden jarduerak egokitzea.
Arku elektrikoko labeko altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jarduerak dekretu honetan xedatutakora egokitu beharko dira, urte bateko epean, dekretua indarrean jartzen denetik hasita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da otsailaren 18ko 34/2003 Dekretua, altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten duen zepa balorizatzea eta gerora erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duena.
Era berean, indargabetuta geratzen dira maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, baldin eta dekretu-proiektuan xedatutakoaren kontra egiten badute edo harekin bateraezinak badira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikuluaren aldaketa.
Aldatu egiten da hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 2009ko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikulua, eta honela geratzen da:
«h) Balorizazioaren xede izan daitezkeen hondakinak, hala nola beira, papera-kartoia, ontziak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, zura, ekipo elektrikoak eta elektronikoak, baloriza daitezkeen arku elektrikoko labeetako altzairugintzatik eratorritako zepa beltzak eta abar. Zerrenda hori erregelamendu bidez handituko da, hondakin berriak balorizatzeko gestore baimendu berriak sortu ahala».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Dekretua garatzeko eta haren eranskinak egokitzeko ahalmen arauemailea.
Ingurumenaren arloan eskumenak dituen sailari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapen eta jarraibide tekniko guztiak eman ditzan.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ingurumenaren arloan eskumenak dituen saileko pertsona titularrak Dekretu honetako eranskinak aldatu ahal izango ditu, horiek araudi aplikagarrira eta ingurumen-arloko eskakizunetara edo kasu bakoitzean beharrezkoak diren izaera zientifiko edo teknikoko eskakizunetara egokitzeko helburuarekin.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
I. ERANSKINA APIRILAREN 9KO 64/2019 DEKRETUARENA
1.– Zepa beltzak balorizatzeko instalazioen eskakizun teknikoak:
Zepa beltzak balorizatzeko instalazioek eskakizun tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) Zepa beltzen biltegia, balorizazio-instalazioak, balorizatutako zepa metatuak eta ibilgailuen eta makinen instalazio barruko zirkulazio-eremuak geruza iragazgaitz baten gainean ezarriko dira, ibilgailuen eta makinen joan-etorriak jasango dituena. Apartatu honen ondorioetarako, geruza iragazgaitza izango da k ≤ 1 × 10-7 m/s-ko iragazkortasun hidrauliko saturatua eta metro 1eko lodiera duen barrera geologiko bat edo babes baliokidea ematen duen beste material bateko geruza bat (adibidez, hormigoi dardaratuzko zolata bat).
b) Eranskin honen bigarren apartatuan aurreikusten diren jarduerak garatuko diren guneetan zoladura egokia eta pendiza nahikoen diseinua ezarri beharko dira, euri-urak eta, hala badagokio, gurpilak garbitzeko instalazioetatik datozen urak dekantazio-putzu batera bideratzeko; hark lehen hogei minutuetako euri-urak jasotzeko modukoa izan beharko du, hamar urteko errepikatze-denbora kontuan hartuta.
c) Tratatutako eta tratatu gabeko materialak nahastea eta tratatutako material-zatiki desberdinak nahastea galaraziko duten elementuak izan beharko dira.
d) Hautsaren kontrako neurriak izatea: karinatuak, ur-aspertsoreak, mahuka malguak, biltegiratutako materialen ureztapena sasoi haizetsuetan, bideen ureztapena ibilgailuak eta makineria igarotzen diren lekuetan.
2.– Balorizazio-prozesuaren oinarrizko jarduerak.
1) Zepa beltzen balorizazio-prozesuak, zepa horiek agregakin siderurgiko bihurtzekoak, hainbat etapa ditu, azken erabileraren arabera, lortutako material granularraren egonkortasun bolumetrikoa, kalitatea eta tamaina bermatu eta, horrela, aplikazio ezberdinetarako merkaturatu ahal izateko.
2) Erakunde balorizatzaileak honako irizpide tekniko hauek betetzen direla bermatuko du:
a) Zepa beltza biltegiratzea.
Bereizketa fisiko nahikoa ezarriko da metatutako materialen artean, zepa zuriak beltzarekin kontakturik ez duela bermatzeko moduan.
Jatorrizko zepa beltzean edo eratorritako siderurgiako agregakinetan dauden eta hedakorrak izan litezkeen konposatuen egonkortzea heltze- eta zahartze-prozesuen bidez bermatuko da, zepa beltzean, tratatu baino lehen, zein tratamendutik sortutako siderurgiako agregakinean. Heltze- eta zahartze-prozesuak hauek izan daitezke: ureztatzea, metatutako materiala iraultzea, atmosferako CO
Horrenbestez, umotze- eta zahartze-aldia 3 eta 120 egun bitartekoa izan daiteke zepa motaren, hozte-prozesuaren, aplikazio jakin baterako hedatze-xedearen eta hautatutako zahartze-prozeduraren arabera. Edonola ere, agregakin siderurgikoan nahitaez bermatu beharko da espantsibitatearen balioa, UNE EN 1744 arauaren 19.3 apartatuari eta erabilera bakoitzeko eskakizunei jarraikiz zehaztua.
b) Birrintzea.
Zepa xehatzeko erabiltzen den birrintze-teknologiak tamaina egokiak, haustura-aurpegiak eta jatorrizko zepan xurgatutako elementu metalikoen ezabapen onena bermatu beharko ditu. Birrintzearen produktuak erabilera bakoitzerako eskatzen den granulometria errespetatu beharko du.
c) Desferretizazioa.
Gutxienez desferretizazio-sistema bat egon beharko da, ahalik eta burdin metaliko gehien ateratzeko.
d) Baheketa.
Zinten edo beste bitarteko batzuen bitartez bahera iristen den material granularra erabilerek zehaztutako tamainen arabera sailkatuko da.
e) Material siderurgiko granularraren metaketak, frakzioen arabera sailkatuta.
Ale-materiala frakzio granulometriko bereizien arabera sailkatuko da, dekretu honetan arautzen diren erabilerei erreparatuz. Frakzio granulometriko horiek gainazal iragazgaitz baten gainean metatuko dira.
f) Agregakin siderurgikoaren karakterizazioa.
Agregakin siderurgikoa bidali aurretik, erakunde balorizatzaileak metal astunen eduki osoa, lixibiatuaren potentziala eta espantsibitatea zehaztu beharko ditu, Dekretu honetako II. eranskinean zehaztutako irizpideak kontuan hartuta.
II. ERANSKINA, APIRILAREN 9KO 64/2019 DEKRETUARENA
1.– Ingurumen-arloko irizpideak.
Jarraian, dekretu honetan arautzen diren agregakin siderurgikoen erakunde balorizatzaileei eskatzen zaizkien ingurumen-irizpideak zehazten dira, Dekretu honetan aurreikusitako erabilera motetarako.
Aglutinatutako aplikazioetan (1. mota) erabiltzen diren agregakin siderurgikoek ez dituzte ingurumen-kontroleko neurriak beharko ingurumenari eragiten ez diotela frogatzen bada.
Aglutinatu gabeko aplikazioetan erabilitako agregakin siderurgikoak (2. eta 3. motak) honako ebaluazio-irizpideen eta ingurumen-kontrolen menpe egongo dira:
1. taula.– Agregakin siderurgikoen aplikazio motak, erabiltzeko baldintzak eta iragazgaizte-elementuak.
2.– Metalen guztizko edukia.
Agregakina zuzenean lurzoruarekin kontaktuan erabiltzen den aplikazioetan (2. eta 3. motak), agregakinaren guztizko kontzentrazioa 2. taulan jasotzen diren kontzentrazioak baino baxuagoa izango beharko da orokorrean.
2. taula.– Aglutinatu gabeko aplikazioetako agregakin siderurgikoak izan ditzakeen gehieneko balioak.
3.– Lixibiazioa.
Siderurgiako agregakinen lixibiazioaren kontrola egin beharko da. Horretarako, lixibiazio-entsegu bat egingo zaie, UNE-EN-12457-4 arauaren arabera, eta 3. taulan ezartzen diren lixibiazioko muga-balioak gainditzen ez direla egiaztatuko da.
3. taula.– 2. eta 3. motetako aglutinatu gabeko aplikazioetan agregakin siderurgikoek izan ditzaketen lixibiatze-balio maximoak (UNE-EN 12547-4).
4.– Espantsibitatea.
Espantsibitatea kontrolatu beharko da, UNE-EN 1744 arauaren 19.3 apartatuari jarraikiz, zepa beltzak eta zuriak nahastu ez direla egiaztatzeko.
5.– Laginketen maiztasuna.
Eranskin honetan zehaztutako laginketak 4. taulan xedatutakoari jarraikiz egin beharko dira.
4. taula.– Siderurgiako agregakinaren ekoizpenaren laginketa- eta kontrol-maiztasuna.
(*) Ondoz ondoko hamabi laginketatan eranskin honetan xedatutakoa betetzen duten emaitzak lortzen badira, laginketen maiztasuna murriztu egingo da eta laginketa bat bakarrik egin beharko da sei hilean behin, betiere emaitza positibo horiek mantentzen badira. Hala ez bada, hasierako maiztasuna mantenduko da.
(**) Ondoz ondoko hamabi laginketatan eranskin honetan xedatutakoa betetzen duten emaitzak lortzen badira, laginketen maiztasuna murriztu egingo da eta laginketa bat bakarrik egin beharko da hiru hilean behin, betiere emaitza positibo horiek mantentzen badira. Hala ez bada, hasierako maiztasuna mantenduko da.