EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019079

6/2019 FORU ARAUA, martxoaren 20koa, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra onesten duena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201900006
Xedapenaren data: 2019-03-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201902024
Maila: Foru Araua
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2019 Foru Araua, martxoaren 20koa, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra onesten duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2019ko martxoaren 20a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Abenduaren 23ko 8/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2017. urterako Aurrekontu Orokorrak onartu zituenak, zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016 Plan Orokorra eta haren 2008-2016 Aurrerapen Dokumentua –abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauaren bidez onartu zirenak– erabat aplikatu beharrekoak izango dira bi dokumentuetan jasotako zehaztapenak eta azpiegiturak guztiz egikaritu arte.
Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituren Arloko Lurralde Planaren aldaketa apirilaren 10eko 9/2018 Foru Dekretuaren bidez behin betiko onartu ostean, eta aurreikusirik 2019. urtean bukatuko direla Gipuzkoako Ingurumen Gunearen eta Sasietako transferentzia gunearen eraikuntza lanak, orduan osatuko dira aipatutako arloko planean aurreikusitako azpiegitura guztiak eta, ondorioz, Hondakinen Plan Orokorraren indarraldia amaitu egingo da.
Bestalde, 2015eko martxoaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Plana onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Funtsezko bi ardatz ditu plan horrek: ekonomia zirkularraren kontzeptua, europar politikekin bat etorriz baliabideen erabileran Euskadin Europa 2020 Estrategiak ezarritako efizientzia programa betetzea ahalbidetuko duena; eta, horrekin batera, hondakinen prebentzioa.
Arestian adierazitakoarekin bat, eta otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babestekoak, 74. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak foru arau proiektu bat idatzi du, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor berria (aurrerantzean, Hondakin Plana) onartze aldera. Planak hondakinen inguruko EAEko arau esparrua garatu eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan 2019-2030 aldirako izango den hiri hondakinen kudeaketa definitzen ditu; eta, azkeneko urte horri begira, «Ekonomia Zirkularraren Pakete» izenez ezaguna denaren baitako Europa mailako helburuak ezartzen ditu.
Prebentzioan –hondakinak tratatzeko europar estrategiaren lehen urrats gisa– eta ekonomia zirkularrean oinarritutako plan berri bat da, Gipuzkoako lurraldearentzat aukera gisa agertzen dena, Gipuzkoako lurraldea ekonomia zirkularrerako trantsizioaren buruan kokatu ahal izateko, Europako herrialderik garatuenen maila berean. Klima aldaketaren aurkako borrokarako aukera da halaber, karbono-aztarna txikiagoa duen baliabide eta hondakinen kudeaketaren bitartez, hala nola garapen jasangarrirako eta enplegu berdea sortzeko.
2002ko Hondakin Planaren eta 2008ko Aurrerapen Dokumentuaren babesean garatutako ekintza ibilbide garrantzitsuaren oinordekoa da 2019-2030 Hondakin Plana. Ongi urratutako ibilbide horrek hierarkia zuzena jarraitu du hondakinen kudeaketan eta ekintza garrantzitsua bultzatu du lehenbiziko urratsak diren prebentzio, berrerabilera eta birziklatzearen arloetan; horri esker, beraz, Gipuzkoa ondo kokatua dago gaur egun. Une ezin egokiagoan dator 2018/851 Zuzentarau berria; izan ere, 2019-2030 Hondakin Planaren bitartez, maila gorenera eraman litzake Gipuzkoako gizarteak hondakinen kudeaketa jasangarrian inplikatzeko erakutsi dituen sentiberatasuna eta gaitasuna.
Horregatik, 2019-2030 Hondakin Planak, zuzentarau berriaren arabera derrigorrez bete beharrekoak diren zehaztapenak jasotzeaz gainera, bere egiten ditu haren espiritua eta esanak ere: hondakinen kudeaketa hobetu egin behar dela eta hura materien kudeaketa jasangarri bilakatu behar dela, ingurumena babestu, zaindu eta hobetzeko, giza osasuna babesteko, baliabide naturalen erabilera zuhurra, efizientea eta arrazoizkoa bermatzeko, ekonomia zirkularraren printzipioak bultzatzeko, energia berriztagarriaren erabilera hobetzeko, efizientzia energetikoa handitzeko, inportatutako baliabideekiko mendekotasuna arintzeko, aukera ekonomiko berriak sortzeko eta epe luzera lehiakortasuna handitzeko.
Era berean, ekonomia benetan zirkularra izan dadin, xedatzen da neurri gehigarriak hartzea ekoizpen eta kontsumo jasangarriak bultzatzeko, produktuen bizi-ziklo osoa aintzat hartuz eta, hartara, baliabideak zainduz eta zirkulua itxiz. Gainera, baliabideen erabilera efizienteago batek aurrezki garbi nabarmenak ekarriko lizkieke enpresei, agintaritza publikoei eta kontsumitzaileei eta, aldi berean, berotegi efektua sortzen duten gasetan urteko emisio kopuru totalak murriztuko lirateke. Azken batean, 2018/850/CE Zuzentarauarekin bat etorriz, hondakindegirik gabeko eredu bat garatzen du 2019-2030 Hondakin Planak hiri hondakinen kudeaketarako. Beharrezkoa da isurketen murrizketa progresiboan aurrera egitea, bai giza osasunean eta ingurumenean isurketek dituzten eragin kaltegarriengatik, bai balio ekonomikoa duten hondakinen materialen balorizazio graduala eta efektiboa bermatzeko, hondakinen kudeaketa 2008/98/CE Zuzentarauak ezarritako hondakin hierarkiara ondo egokituta.
Bestalde, klima aldaketa lehentasunezko gaia da Foru Aldundiaren ingurumen politikan, hala jasota baitago Gipuzkoa Klima 2050 estrategian. Eta hondakinek klima aldaketari egiten dioten ekarpena txikia bada ere gainerako sektoreekin alderatuta –garraioen sektorea adibidez–, hondakinen sektorean ere nabarmen murriztu daitezke berotegi efektuko gas emisioak. Horregatik, hondakinen kudeaketak bat egin behar du klima aldaketaren aurkako borrokarekin, eta hala jaso da Estrategiaren 6. helmugan. Ondorioz, 2019-2030 Hondakin Planak berotegi efektuko gas emisioen murrizketan nabarmen eragiten duten neurriak balioetsiko ditu.
2015eko irailean, 150 estatuburu eta gobernuburutik gora bildu ziren garapen jasangarriari buruzko mundu gailur historiko batean, eta Garapen Jasangarriaren Agenda 2030 onartu zuten. Agenda honek hamazazpi helburu ditu, mundu osoan aplikatu beharrekoak; helburu horiek, 2016ko urtarrilaren 1az geroztik, herrialde guztiek 2030ean mundu jasangarri bat lortzeko egiten dituzten ahaleginak zuzentzen dituzte. Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) Milurteko Garapen Helburuen (MGH) oinordeko dira, eta haien xedea da milurteko helburuekin lortutako arrakastak areagotzea, eta lortu ez ziren helburuak lortzea. Helburu hauek dei unibertsala egiten dute, garapen jasangarria sustatzen duten neurriak hartzeko, hiru alderdiei dagokienez: ekonomia, gizartea eta ingurumena. Hamazazpi helburuak elkarri lotuta daude, eta hainbat alor hartzen dituzte, hala nola klima aldaketa eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua; alor horretan, hondakinen prebentzioa eta birziklatzea aldarrikatzen dira, besteak beste, eta baita itsas kutsadura ororen prebentzio eta murrizketa nabarmena ere, bereziki lehorrean egiten diren jardueren ondoriozkoarena. 2019-2030 Hondakin Planak kontuan hartu ditu Garapen Jasangarrirako Helburuak, eta horietan eragitera zuzendutako neurriak ezartzen ditu.
Arestian aipatutakoarekin bat etorriz, 2018ko ekainaren 1eko foru aginduaren bidez, Ingurumeneneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak aipatutako plana lantzeko prozedurari hasiera eman zion. Plana idatzi ostean aurreproiektu gisa jendaurrean jarri zen eta kontsultatuak izan ziren eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei audientzia eman zitzaien, hori guztia ingurumen arloko informaziorako sarbiderako, partaidetza publikorako eta justiziarako sarbiderako eskubideei buruzko uztailaren 18ko 27/2006 Legeak 16. artikuluan, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 21. eta 22. artikuluetan, eta plan eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura erregulatzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuak 12. artikuluan xedatzen dutenari jarraikiz.
Era berean, eta Herritarren Partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauaren 22. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, prozedurak partaidetzazko deliberazio prozesu bat izan zuen, plana osatzeko eragile sozialen eta erakunde eragileen inplikazioa sustatze aldera, eragile horien ekarpenekin agiria aberasteko eta era horretan, gobernuaren jarduketan gardentasuna areagotzeko; eta lurralde mailan gobernuaren jardueraren eta gizartearen arteko lotura gauzatzeko, botere publikoak premia eta dinamika sozialetara iristea sustatuz. Horiek horrela, eta prozesuaren emaitzen txostena ikusirik, Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak ebatzi zuen nola eragiten dioten planari partaidetzazko deliberazio prozesuko ekarpenetatik ateratako ondorioek. Ondorio horiek kontuan hartu dira.
Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 6.1 artikuluan, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 41. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuak 4. artikuluan ezartzen dutenaren arabera, Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrak ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoko prozedura bete du. Ingurumen Organoak, Irismen Agiria luzatu ostean –planaren ingurumen azterketa estrategikoa egiterakoan kontuan hartu ziren zehaztapenak–, organo horrek Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eman du.
Bestalde, emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak 27. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, genero eraginaren ebaluazio prozedura bete du. Horretarako, ebaluazio bat egin da, non generoari dagozkion hainbat alderdi identifikatu egin diren eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko ekintzak eta neurriak aurreikusi diren; emakumeen eta gizonen berdintasuna, plana oinarritzen den printzipio estrategiko orokorra izanik.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordeak eta Ingurumenerako Aholku Kontseiluak aurreproiektuaren aldeko txostena egin dute.
Planaren eragin ekonomikoei dagokienez, 3. eranskinean jasotzen dira aurreikusitako aldirako planaren kostu xehatuak programekiko eta ekitaldiekiko.
Bestalde, foru arau honek eutsi egiten ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko finantzazio konpromisoak, hain zuzen, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eraketa hitzarmenean ezarritakoak. Izan ere, Kontsortzioak kontratatu du altako hiri hondakinen azpiegituren zatirik garrantzitsuenaren eraikuntza emakida kontratuen bidez eta ez dago azpiegiturak finantzatzeko behar zuzenik. Hiri hondakinak tratatzeko zerbitzu publikoaren prestazioarekin zuzenean lotu gabeko sistema-kostuei aurre egiteko urteko konpromisoko kredituak aurreikusten dira. Horretarako, Kontsortzioak urtero egiaztatu beharko ditu finantzaketa beharrak, gehienez ere, 65 milioi euroko kopuruaz.
Azkenik, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 9 artikuluaren 3. zenbakian aurreikusten du foru arauen bidez erregulatuko direla lurralde osoari dagozkion plan sektorial bereziak. Beraz, Batzar Nagusiei dagokie plan hau onartzea.
1. artikulua.– Plana onartzea.
Onartzen da Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra, foru arau honen eranskinean jasota dagoena.
2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko hiri hondakinak kudeatzeko politikaren helburua.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko hiri hondakinak kudeatzeko politikaren helburu nagusia da materien kudeaketa jasangarria egitea, ingurumena babestu, zaindu eta hobetzeko, gizakion osasuna babesteko, baliabide naturalen erabilera zuhurra, efizientea eta arrazoizkoa bermatzeko, ekonomia zirkularraren printzipioak bultzatzeko, energia berriztagarriaren erabilera hobetzeko, efizientzia energetikoa handitzeko, inportatutako baliabideekiko mendekotasuna arintzeko, aukera ekonomiko berriak sortzeko, eta epe luzera lehiakortasuna handitzeko eta gizon eta emakumeen berdintasunean aurrera egiteko.
3. artikulua.– Hiri hondakinak kudeatzeko eredua.
2019-2030 Hondakin Planak hondakindegirik gabeko eredu bat planteatzen du hiri hondakinen kudeaketarako, eta ekoizpen eta kontsumo neurri jasangarriak garatzen ditu, produktuen bizi-ziklo osoa eta baliabideen erabilera efizienteago bat lehenetsiz, ekonomia zirkularrerako trantsizioa egiten laguntzeko.
4. artikulua.– Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka.
2019-2030 Hondakin Plana aldaketa klimatikoaren aurkako borrokari atxikitzen zaio eta berotegi efektua sortzen duten gasen emisioak nabarmen murrizteko neurriak jasotzen ditu.
5. artikulua.– Garapen jasangarriko helburuak.
2019-2030 Hondakin Planak bere egiten ditu NBEk onartutako Garapen Jasangarriko Helburuak, eta Garapen Jasangarriaren 2030 Agendan jasotako helburuak betetzera bideratutako neurriak ezartzen ditu, garapen jasangarriaren hiru alderdiak bultzatzearren: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.
6. artikulua.– Konpromiso estrategikoak.
Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketak bere egiten ditu konpromiso estrategiko hauek:
a) Hiri hondakinen prebentzioa maximizatzea eta hiri hondakinen sorrera minimizatzea: ahalegin berezia egingo da hondakinen kopurua murrizten, ekodiseinua sustatzen, kontsumo jasangarria bultzatzen, elikagaien alferrikako xahuketa saihesten, produktuak berrerabiltzen eta horien bizitza erabilgarria luzatzen, materia eta produktuetan substantzia kaltegarriak murrizten, eta sortutako hondakinek giza osasunean eta ingurumenean duten eragin txarrak murrizten.
b) Berrerabileraren eta berrerabiltzeko prestakuntzaren sustapena: hondakin bihurtutako produktuak edo osagaiak berriz erabiliak izateko prestatzeko jarduketak garatuko dira.
c) Hondakin primarioen gaikako bilketa eta birziklatze ahalik eta handiena: ahalik eta hondakin zatiki gehienen gaikako bilketa egingo da, hala nola, bio-hondakin, kartoi-paper, beira barne-huts, ontzi arin, etxeko hondakin arriskutsu, ehun, egur, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakin, altzari eta etxeko gauza, pila eta bateria eta landare olioena, besteak beste.
d) Bio-hondakinen gaikako bilketa, konpostaje eta biometanizazio ahalik eta handiena: konpostaje eta biometanizazioaren bitartez tratatuko dira ahalik eta biohondakin gehienak, eta konposta erabiltzeko eta merkaturatzeko ekintzak sustatuko dira.
e) Hondakin sekundario orokorren balorizazio ahalik eta handiena. Hondakin sekundarioak tratatu egingo dira, xede hauek ematearren, hurrenkera hierarkiko honekin: berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea edo biometanizatzea eta ondoren aprobetxamendu energetikoa ematea. Bertako industria eta enpresa sarean birziklatze eta berrerabilera sektorea bizkortzeko ekintzak sustatuko dira.
f) Zero isurketa hondakin primarioetan: 2019-2030 Hondakin Planak jarraipena ematen dio hondakindegirik gabeko kudeaketa integraleko ereduari; izan ere, hondakinak hondakindegietan uztea tratamenduen alternatibetan behekoena da Europar Batasunak hondakin kudeaketa sisteman ezarritako hierarkian.
g) Zaborraren prebentzioa eta murrizketa ibaietan eta itsasoan eta, oro har, natura ingurunean: zabor sakabanatuaren iturri nagusiak diren fokuak zehaztuko dira eta halakoetan sortu ohi den zaborra prebenitzeko eta murrizteko neurri egokiak hartuko dira.
7. artikulua.– Printzipio estrategikoak.
2019-2030 Hondakin Planak printzipio estrategiko hauetan oinarritzen ditu bere ekintzak:
1.– Printzipio orokorrak:
a) Giza osasuna eta ingurumena babesteko printzipioa.
b) Klima aldaketaren aurkako borrokaren printzipioa.
c) NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen printzipioa.
d) Merkatu berdea eta egungo genero eta aniztasun arrailak murrizten lagunduko duen enplegu jasangarria sustatzearen printzipioa.
e) Genero berdintasunaren printzipioa.
f) Partaidetza publiko orekatu edo proportzionalaren printzipioa, emakumeek eta gizonek arlo bakoitzean duten partaidetzaren araberakoa; gardentasunaren eta informazioa eskuratzeko aukeraren printzipioa.
g) Prezioen gardentasunaren printzipioa.
2.– Hondakinen kudeaketa jasangarriaren printzipioak:
a) Baliabideen bizi-ziklo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren printzipioa.
b) Europar Batasuneko hondakinen kudeaketako hierarkiaren printzipioa.
c) Hiri hondakinen sorkuntzaren prebentzioaren printzipioa.
d) Hiri hondakinen balorizazioa maximizatzearen printzipioa.
e) «Zero isurketa plastikoetan eta zero plastiko ingurumenean» printzipioa.
f) Hiri hondakinen isurketa minimizatzearen printzipioa.
3.– Baliabide publikoen kudeaketaren efikazia eta efizientzia printzipioak:
a) Autosufizientziaren printzipioa.
b) Gertutasunaren printzipioa.
c) Kudeaketa Integratuaren printzipioa.
d) Subsidiariotasun administratiboaren eta erantzukizun partekatuaren printzipioa.
4.– Erantzukizun ekologiko partekatuaren printzipioak:
a) «Nork kutsatu, hark ordaindu» printzipioa.
b) Ekoizten duenaren erantzukizun hedatuaren eta eragile guztien erantzunkidetasunaren printzipioa.
8. artikulua.– Konpromiso ekonomikoak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero zehaztuko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari egiteko transferentzia arrunta, hiri hondakinen tratamendu zerbitzu publikoa ematearekin zuzenean lotuta ez dauden sistema-kostuei aurre egiteko, betiere foru arau honen indarraldian zehar Kontsortzioak egiaztatzen dituen urteko finantzaketa-beharren arabera, eta gehienez ere 65 milioi euroko kopuruaz.
Horretarako, onartzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko 2019. urterako aurrekontuan konpromisoko kredituak sartzea, 59 milioi euroko zenbatekoz, honela xehatuta:
2020 – 6 milioi euro.
2021 – 6 milioi euro.
2022 – 6 milioi euro.
2023 – 6 milioi euro.
2024 – 6 milioi euro.
2025 – 6 milioi euro.
2026 – 6 milioi euro.
2027 – 6 milioi euro.
2028 – 6 milioi euro.
2029 – 5 milioi euro.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Plan Orokorraren publizitatea.
1.– Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorraren testu nagusia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, foru arau honekin batera.
2.– Planaren testu osoa, bere 4 eranskinak barne dituela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus) eta www.gipuzkoaingurumena.eus helbide elektronikoan jarriko da jendearentzat eskuragarri.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Planaren laburpena argitaratzea.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 26.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, planaren ingurumen edukiaren laburpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, foru arau honekin batera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arau garapena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio foru arau hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
II. ERANSKINA
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrari buruzko laburpena abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraiki argitaratzeko
a) Ingurumen arloko alderdiak planean sartzea
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorraren (aurrerantzean Hondakin Plana) ingurumen azterketa estrategikoa osatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legeko IV. eranskinaren arabera, ingurumen ebaluazioari buruzkoa, eta baita ere urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinak ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenetarako ezarritako edukiaren arabera. Azken horren bitartez, planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategikorako prozesura araupetzen da, bereziki, irismen dokumentuak nabarmendutako atalak azpimarratuz: Hondakin Planari aplikagarriak zaizkion iraunkortasuneko irizpide eta helburu orokorrak eta erreferentziazko ingurumen babesa, ingurumen arloari dagokionez sentikorrak diren zonaldeak eta euren azpiegiturak kokatzerakoan eta dimentsionatzerakoan dituzten inplikazioak, Hondakin Planarekin lotutako arazo nagusiak eta ingurumen arloko aldagaiak, definitutako programen ingurumen efektuak, neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak eta horien jarraipena.
Hondakin planean garatutako jarduerak, kudeaketa proposamenak eta programak erkidego, estatu eta autonomia eskalan definitutako hainbat printzipio estrategikoetan oinarritzen dira. Horietatik gehienak ingurumen izaerakoak dira, besteak beste, ingurumen babesa, klima aldaketaren aurkako borroka, garapen iraunkorra, ekonomia zirkularra, hondakinen kudeaketa iraunkorra baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra edo partekatutako erantzukizun ekologikoaren printzipioak.
Horrez gain, 2018ko maiatzaren 30eko Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2018/851 Arau berriak (EB), hondakinei buruzko 2008/98/CE araua aldatzen duena, honetarako aukera ematen du: Hondakin Planaren planifikatzerakoan, hondakinen kudeaketa hobetzearen konpromisoa bilatzea eta materien kudeaketa iraunkor bilakatzea, ingurumenaren kalitatea babesteko, zaintzeko eta hobetzeko helburuarekin, eta baita ere gizakien osasuna babesteko, naturaren baliabideak zuhurtasunez, eraginkortasunez eta arrazionaltasunez erabiliko direla bermatzeko, ekonomi zirkularraren printzipioak sustatzeko, energia berriztagarriaren erabilera hobetzeko, energia eraginkortasuna areagotzeko, inportatutako baliabideekiko mendekotasuna gutxitzeko, esparru honetan dauden genero arrailak murrizten dituzten aukera ekonomiko berriak sortzeko eta epe luzerako lehiakortasunaren alde egiteko.
Horretarako, Hondakin Planak hurrengo estrategiak berriz gain hartuko eta zabalduko ditu:
1) Hiri hondakinen prebentzioa areagotzea eta gutxiago sortzea.
2) Hondakinak berriz erabiltzearen alde egitea eta horiek berriz erabiltzeko prestatzea.
3) Gaikako bilketa eta ahalik eta lehen mailako hondakin gehiago birziklatzea.
4) Ahalik eta biohondakin gehienen gaikako bilketa, konpostajea eta biometanizazioa.
5) Sortutako bigarren milako hondakinen gehienezko balorazioa.
6) Lehen mailako hondakinen zero isurtzea.
7) Zaborra prebenitzea eta murriztea ibaietan, itsasoetan, eta ingurumenean, oro har.
Helburu estrategiko hauek definitzerakoan, Hondakin Planak ingurumen azterketa estrategikoak identifikatutako ingurumen inplikazioak hartu ditu kontuan, besteak beste:
– Hondakinak ahalik eta gehien prebenitzeaz eta berrerabiliz gero, garraioarekin lotutako inpaktu txikiagoa eragingo litzateke; baliabideak hobeto aprobetxatuko lirateke, ingurumenari isurpen kutsagarri gutxiago eragingo litzaiokeen eta tratamendu instalazioak gutxiago dimentsionatu beharko lirateke, eta ondorioz, hura kudeatzeko azalera eta errekurtsoak aprobetxatu ahal izango lirateke.
– Ahalik eta lehen mailako hondakinak gaika bilduz eta birziklatuz gero, lehengaiak ateratzetik eratorritako inpaktuak gutxituko lirateke, baita ere atmosferari eragindako kutsadura isurketak eta konbertsio prozesuetako energia kontsumoa eta, aldi berean, hondakinen amaierako kudeaketa sistemetatik eratorritako isurketak eta negutegi efektuko gasen isurketak murriztearen alde egingo litzateke. Hala ere, instalazioak kokatzen diren tokiko esparruan, lurzorua okupazioan, eta kontsumoetan eta isurketetan, aurkako zenbait efektu sor daiteke eta horiek kontratu beharko dira ingurumen zaintzeko dagozkien planen bitartez.
– Ahalik eta biohondakin gehienak gaika bilduz, konpostatuz eta biometanizatuz gero, murriztuko da, tratamendu mekaniko biologikoaren ondoren, baliozkotze energetikoaren bidez tratatuko den masan bildutako gainontzeko frakzio bolumena, nahiz eta tokiko mailan eragin ditzaketen kalteak zehatz-mehatz ebaluatu behar diren, lurzorua erabiltzetik eta baliabideen isurpenetatik eta kontsumotik eratorrita.
– Sortutako bigarren mailako hondakinak ahalik eta gehien baloratuz gero, amaierako isurketaren premia eta zabortegiekin lotutako inpaktuak murriztuko dira eta horri esker, materialak eta bigarren hondakin hauetan dagoen energia ahalik eta gehien aprobetxatuko da.
– Lehen mailako hondakinen zero isurketak zabortegien jarduerak sortutako inpaktuak eta arriskuak murrizten ditu, eta baita ere gasen isurketa, lurpeko urak kutsatzeko aukera, lixibiatuak sortzea, etab. Era berean, isuritako hondakinak bigarren mailako hondakinak izango lirateke, aurretik tratamenduren batetik pasa dira, beraz, inguruan inpaktuak sortzeko ahalmena ere murriztuko da.
– Ibaietan, itsasoetan eta ingurumenean, oro har, zaborra prebenituz eta murriztuz gero, gune hauetan efektu positibo nabarmena eragingo litzateke. Bertan, aipatutako hondakinetako batzuk sorten dituztenak itsasontziak, lurreko ibilgailuak, biztanleak, edo industrialdeak eta merkataritza aldeak dira.
Era berean, Hondakin Plana, planteatutako helburuei heltzeko (prebentzioa, kudeaketa, ezabatzea optimizatzea eta behatokia), egituratzen den lau programek gain hartzen dituzte dagoeneko plan hauek aintzat hartutako ingurumen aroko babes eta iraunkortasun irizpideak eta printzipioa, eta horrez gain, jarduera zehatzak proposatzen dituzte lau programa bakoitzean.
Hondakin Planak ez ditu hiri hondakinak kudeatzeko instalazioak lurralderatzen eta zehatz-mehatz kokatzen, baina ingurumen azterketa estrategikoak ezarritako irizpideak kontuan hartzen ditu, azpiegiturak kokatzeko tokiak hautatzerakoan, babestutako zonaldeei edo flora edo faunarako interes naturalak dituzten habitatei eta oso sentikorrak diren zonaldeekin, paisaia kalitateko zonaldeekin, kultur ondarearen zonaldeekin, urez gainezka egitea bezalako arriskuak dituzten lekuekin eta malda handiko zonaldeekin, etab. konektatutako tokiei eragiten ez dien kokapenak eta diseinuak aintzat hartzeko, nolanahi ere, giza osasunerako eta ingurumenerako baldintza egokiak ziurtatzeko helburuarekin. Hau da, Hondakin Planak bereganatzen ditu 2020 EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko planaren 4.5.2 kapituluan bildutako irizpideak, eta baita Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituretako Lurpeko Plan Sektorialaren Memoriaren 5.1 kapituluan ezarritakoak ere, aldi berean, ingurumen ebaluazio estrategikoan aintzat hartu izan direla.
Azkenik, ingurumen azterketa estrategikoak, Hondakin Planaren beraren atal gisa, hainbat neurri babes eta zuzentzaile ezartzen ditu, eta baita planaren garapenerako lotesleak diren ingurumen ikuskapeneko programa bat. Horrek ere eragin daitezkeen inpaktuak murriztuko ditu.
b) Nola hartu diren aintzat Ingurumen Azterketa Estrategikoa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak
Hondakin Planak, helburu nagusia, lurralde eremua, definizioak, kontzeptuak eta sortutako hondakinen eboluzioaren analisia eta 2030erako prognosia gain hartuz eta mantenduz, eta zenbait alderditan, aurretiko planifikazioan barne hartutako aukera estrategikoak eta funtsezko helburuak egokituz, bere Behatoki, Prebentzio, Gaikako Bilketa, Berrerabiltzeko Prestaketa, Birziklatzea (konpostajea-biometanizazioa barne), Balioztatze materiala eta energetikoa eta ezabatzea Optimizatzeko programen bidez, errebisatzen, zabaltzen eta zehazten ditu planifikazioaren xede diren hondakinak kudeatzeko (etxeko hondakinak RD; etxeko hondakinekin asimilatu daitezkeen industria, merkataritza eta erakundeen hondakinak RICIA; eraikuntza eta etxeko konponketa txikietatik eratorritako hondakinak RCD, EDAR buztinak, amianto hondakinak kopuru txikietan eta tratamendu plantetako bigarren mailako hondakinak) funtsezko oinarri teknikoa osatzen duten programa bakoitzaren tratamendu eta kudeaketa premiak eta jarduera ildoak.
Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuak, 2018ko uztailaren 25eko Foru Aginduaren bidez, aipatutako plana, hura ontzat eman zuen Foru Arauaren aurreko proiektuarekin, laburpen exekutiboarekin eta ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, jendea aurrean erakusgai jarri zuen eta eragindako herri administrazioei eta interesatuei entzunaldi izapidea eskaini zien, 45 asteguneko epean, egoki zeritzoten alegazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izateko.
Publikoaren aurrean erakusgai eta entzungai jartzeko izapide honen ondorioz, alegazio edo oharpeneko 19 idatzi jaso ziren hauen eskutik: ACES, Debagoiena Mankomunitatea, DEBEMEN, GOIMEN, URKOME, ELE, ENBA, ECOEMBES, ECOVIDRIO, Errenteria, Zaldibia, Usurbil, Oiartzun eta Segurako Udalak, GHK, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, Larrialdiak, Meteorologia eta Kultur Ondarearen Eusko Jaurlaritzako Arreta Zerbitzua eta URA.
Era berean, erakusketa publikoaren eta entzunaldiaren aldiarekiko modu paraleloan, deliberazioan parte hartzeko prozesu bat abian jarri zen, hiritarren parte-hartzeari buruzko uztailaren 8ko 1/2008 Foru Arauan aurreikusitakoarekin bat eginez. Prozesu horretan, guztira lekuan bertako 15 informazio eta deliberazio saio antolatu ziren Hondakin Plana interesatzen zitzaien lurraldeko 162 lagun edo eragilerekin, hainbat eremutik etorrita, besteak beste: autonomia eta tokiko administrazio arloa (Eusko Jaurlaritza, Udalak, eskualdeko eta landako garapen agentziak, Hondakin Mankomunitateak eta Partzuergoa, etab.) eta gaiarekin lotutako hiritarrak (sindikatuak, fundazioak, merkataritza elkarteak eta ingurumen enpresetako klusterrak, ikerketa zentroak, talde ekologistak, hondakinen errausketan kezkatutako elkarteak, etab.). Horretaz gain, online plataforma bat egituratu zen hiritar bakoitzak euren izenean egindako ekarpenak jasotzeko. Aurkeztutako ekarpen, iradokizun edo eskaeren kopurua 173 izan da, eta horiei 9 erantsi zaizkie genero gaiari dagokionez.
Horien emaitza gisa, Hondakin Planaren hurrengo gaiak sartu dira barne: hiri hondakinen karakterizazioak maizago egitea; ekipoen eta tresneriaren salerosketaren zentralizazioaren analisia; RICIA eta obra txikiko RCDen kontrol eta jarraipen koordinatua; «ontzien planta handitzearen» kontzeptua eta arriskutsuak ez diren merkataritza hondakinen bilketaren esparruko udal eskumena ñabartzea; gaikako lan taldeak behatokiaren mahaian sortzea; «erosketa zirkularraren» kontzeptua barne sartzea; beste foru departamentuekin garatzen diren jarduera fiskalen multzoaren analisia; tokiko moda iraunkorraren aldeko alderdi zehatzak; elikagaien soberakinak biltzeko eta banatzeko sarea gizarte laguntzako zentroetara zabaltzea; plana ontzat ematzeko Foru Aginduaren aurre proiektuaren zenbat artikuluren edukian zehaztapenak egitea; kultur ondarea behar bezala aintzat hartzea EsAEn ezarritako baztertze zonaldetan, etab.
c) Hartutako aukera hautatzearen arrazoiak
Aukeren hautaketa prozesuaren arrazoietan oinarritutako laburpen bat egin ondoren, planteatutako programa bakoitzerako hautatu zitezkeen aukera desberdinak oinarri hartuta, gauzatu zitezkeen beharrezko azpiegitura eta kudeaketa sistema mota eta/edo kopuru desberdinak, azkenean, lehenengo kasurako, analisi zehatzago hautatu da, planteatutako zenbait instalazio eta sistemaren premiei dagokienez, eta bigarren kasurako, berriz, planaren programa bakoitzerako jarduerak garatzea, ingurumen helburuak lortzeko baterako laguntza eskainiz.
d) Planak aplikatzeak ingurumenean eragindako efektuak jarraitzeko hartutako neurriak
Hondakin Planak hainbat tresna proposatu du ezarritako neurriak eta lortutako emaitzak jarraitzeko eta ebaluatzeko.
Planaren denbora hedadura kontuan hartuta, Hondakin Planak aldian-aldian hainbat errebisio egitea beharrezkotzat jo du. Horrela, lehenengo errebisio orokor bat planteatu du 2023. urterako, helburu orokorrak bete direla eta EAEko planifikazioa eta Estatuko plana betetzearen alde egin duen ala ez aztertzeko. 2030ean planaren bigarren eta azken errebisio orokor bat egingo da, eta hura Lurralderako hurrengo hondakin planetarako abiapuntu gisa erabiliko da.
Markatutako helburuak bete diren ala ez jarraitzeko eta ebaluatzeko, Hondakin Planak bi adierazgarri multzo ezarri ditu: bat, aurreikusitako helburuak jarraitzeko, eta besteak, berriz, planaren efektuen ingurumen eta gizarte ikuskapenerako.
Bestalde, Hondakin Planaren Ingurumen Azterketa Estrategikoak, halaber, osagarrizko hainbat adierazgarri ezarri ditu, planak ingurumenean izan ditzakeen efektu batzuk jarraitzeko eta kontrolatzeko, eta baita bertan aurreikusitako jarduerak abian jartzeko prozesua neurtzeko ere, zehazki, Prebentzio eta Berrerabiltze Programa, eta hondakinak tratatzeko azpiegiturak hedatzearekin lortutako beste batzuk.
Gipuzkoako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Behatokia eta 2019-2030 Hondakin Planaren Informazio, Jarraipen eta Ebaluazio Batzordea arduratuko dira planaren helburuak betetzen direla kontrolatzeaz eta, horrenbestez baita bertan ezarritako aldian aldiko errebisioak burutzeaz ere.