EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2019077

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

Xedapenaren data: 2019-04-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201901983
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko urriaren 4an, Portugaleteko Udalak eskabide bat bete zuen, Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Eskaera horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.
Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetza (biak Eusko Jaurlaritzakoak); Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa; eta Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusia eta Kulturako Zuzendaritza Nagusia (biak Bizkaiko Foru Aldundiarenak); espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Portugaleteko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (aurrerantzean, HAPO) 2/UE-2 eremu gisa kodifikatutako hiri-lurzoru finkatugabearen eremu baten antolamendu xehatua aldatzea; antolamendu xehatua egituratzen duten elementurik gehienak mantenduko dira, baina berdeguneen eta eraikuntzen beste banaketa bat proposatuko da, aldez aurretik dauden hiri-egiturei jarraipen ordenatua eta funtzionala emateko xedez, eta kohesioari eta espazioen kalitateari lehentasuna emanez.
Eremuak 45.609 m
Horrela, bada, Plan honek xede duen eremua ingurune degradatua da; bertan ez dago espazio natural babesturik, ezta interes komunitarioko habitatik, ez ibai-ibilgurik edo hezegunerik ere. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultur ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Gainera, akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dutela irizten zaio. Halaber, historikoki kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dauden lau partzelari eragiten die Planak; bosgarren partzela bat partez kaltetuta dago.
Beraz, Planaren garapenak ekarriko dituen ondorio nagusiak proposatu diren etxebizitzen eraikuntzari eta esparruaren ondorengo urbanizazioari egongo dira lotuta. Horrela, bada, honako hauek izango dira inpaktu nabarmenenak: inbentariatutako partzeletan gertatuko diren lur-mugimenduen ondorioz sor litezkeen afekzioak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea, giza habitataren kalitatea aldi batez gutxitzea, eraikuntza-fasean izango diren lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz; horrek, seguruenik, eremu horretan airearen kalitatea eta kalitate akustikoa murriztea ekarriko du.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer-nolako eragina duen aldaketak beste plan edo programa batzuetan: aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikuntza berrien energia-kontsumoa minimizatuko duten neurriak eta argiaren inpaktua gutxitzeko gomendioak sartuko dira.
Hori dela eta, plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu denez, ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira: lur-mugimenduak, batez ere eraldatutzat jotako lurzoruak dituzten partzeletan, makinen joan-etorriak eta eraispenetako hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.
2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:
Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.
Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako neurri nagusi hauek hartu behar dira:
– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, uztailaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurrak kontrolatzea: Portugaletako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan xedatutakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gerora kalitateko akustikoko helburuak (KAH) gaindituko direnez, bai lurraren mailan eta bai proiektatutako eraikuntza batzuen kanpoaldean ere, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direnak, kalitate akustikoko helburuak (KAH) bete daitezen. Horrela izan ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 212/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira exekutatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, baita energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute neurri horiek:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo iturri berriztaezinen bidezko energia sortzea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Portugaleteko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. – Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SUNC-2/UE-2 hiri-lurzoru finkatugabearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.