EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019076

36/2019 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita argitaratzea Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau: Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia onartzea.

Xedapenaren zenbakia: 201900036
Xedapenaren data: 2019-04-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201901966
Maila: Ebazpena
Gobernu Kontseiluak, 2019ko apirilaren 9an egindako bilkuran, erabaki du onartzea Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia, eta erabaki horri behar den zabalkundea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia onartzeko erabakia. Ebazpen honen eranskinean dago erabaki hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 9KO 36/2019 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2019KO APIRILAREN 9KO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA ITSASERTZAREN KUTSADURARI AURRE EGITEKO EUSKADIKO LARRIALDI PLAN BEREZIA
1695/2012 Errege Dekretuak, abenduaren 21ekoak, Itsas Kutsadurari Erantzuteko Sistema Nazionala onartu zuen, Espainiako itsas uretan edo kostaldean eragina duen istripuzko edo berariazko kutsaduraren edozein kasu prebenitzeko eta horren aurka borrokatzeko, haren jatorria edo izaera edozein dela ere, betiere Estatuak itsas ur horien gainean subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa badu.
Erantzuteko Sistema Nazionalak bi azpisistema jasotzen ditu, zeinak bi jarduketa-eremuri baitagozkio; itsasokoa eta kostaldekoa. Kostaldeko eremuan, Itsasertza Babesteko Estatu Plana, lurralde-planak eta tokiko planak biltzen dira. Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezi hau kostaldeko azpisistema horretan kokatzen da.
Erantzuteko Sistema Nazionalaren 4. artikuluaren arabera, kostaldeko autonomia-erkidego bakoitzeko agintaritza eskudunei dagokie lurralde-planak egin eta onartzea, eta Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak horiei buruzko txostena egin beharko du, Babes Zibileko Sistema Nazionalarekin bat datozela egiaztatzeko. Babes Zibileko Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa ere kontuan hartu da.
Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 11. artikuluaren bat arabera, «Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saila da Autonomia Erkidegoko babes zibileko politikaz arduratu behar duen organoa».
Itsas Kutsadurari Erantzuteko Sistema Nazionalaren bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen denez, Erantzuteko Sistema Nazionaleko kostaldeko azpisistema osatzen duten kontingentzia-planak, horrela badagokio, babes zibileko erantzun-sisteman integratuko dira, kasu bakoitzean dagokien lurralde-mailan, pertsonen segurtasunean eta ondasunetan eragin dezakeen kostaldeko kutsadura dagoen kasuetan. Horrela, agerikoa da Plan Berezia bideratuta dagoela herritarren segurtasuna eta ondasunak arriskuan jartzen dituzten itsas kutsadurako krisi larriak kudeatzera, eta, beraz, larrialdiaren kudeaketak lehentasun behinena duela. Gainera, Itsas Kutsadurari Erantzuteko Sistema Nazionaleko kostaldeko azpisistemaren parte gisa eman beharreko erantzunean txertatzera ere bideratuta dago. Estatuko Itsasertz Planean espresuki kokatzen den Euskal Autonomia Erkidegorako berariazko lurralde-planik ez dagoen bitartean behintzat.
Plana jendaurrean jartzeko izapidea bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Babes Zibileko Kontseilu Nazionalari txostena egiteko eskatu zitzaion, eta, jasotako alegazioak kontuan hartuta, organo horrek behin betiko testuarekin bat datorrela adierazi du, beraz, Autonomia Erkidego honetako organo eskudunak onartu egin dezake.
Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako Erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia onartzea.
Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aginduko du erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».