EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2019073

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 8koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Beint nazioartekotze-bekak» laguntza-programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

Xedapenaren data: 2019-04-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201901908
Maila: Ebazpena
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industriaren arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza-programak.
Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da Euskadiko gazteek nazioartekotzeari buruzko prestakuntza jaso dezaten, eta, horrela, profesionalen poltsa bat sortu dadin, profesional horiek gure enpresei lagundu diezaieten atzerrian.
Gorago adierazitakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Beint nazioartekotze-bekak» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea «Beint nazioartekotze-beka» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hileko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bilbao, 2019ko apirilaren 8a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
I. ERANSKINA
BEINt –NAZIOARTEKOTZE-BEKAK 2019– LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik izan du martxan gazteek kanpo-merkataritzaren inguruko prestakuntza jasotzera eta praktikak atzerrian egitera bideratutako beka-programa bat. Denbora horretan guztian, prestakuntza-beharrizanak eta merkatuak eta erakunde globalak paraleloan joan dira garatzen.
Zentzu horretan, Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Plana da XI. legegintzaldian zehar euskal enpresen nazioartekotzeari emandako laguntza publikoak sostengatzen eta ordenatzen dituen tresna. Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planaren helburu nagusia da euskal enpresei merkatu globalean txertatzeko eta nazioarteko lehiakortasuna eskuratzeko jauzi kualitatiboa egiten laguntzea, balio erantsia babesteko esparrua ezarriz, jarduerak pertsonalizatuz eta segmentatuz, ekonomiaren irekidura- eta nazioartekotze-maila sustatuz, kanpo-merkataritza indartuz, finkatuz eta dibertsifikatuz, kanpoko presentzia handituz eta ikusgarriago egiten lagunduz eta Euskadi Basque Country marka mundu osoan indartuz. Gainera, planteatutako xede horiek lortze aldera, Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planak 8 ildo estrategiko definitu ditu. 4. ildo estrategikoa euskal enpresetan profesionalen nazioartekotzean espezializatutako pertsonen integrazioa indartzea da. Nazioartekotzearen eta nazioarteko mugikortasunaren arloan titulatutako gazteei zuzendutako espezializaziorako prestakuntza-programetan jaso eta adierazten da jarduketa-ildo gisa zer-nolako garrantzia duen giza kapital espezializatua eratzeak eta dinamizatzeak enpresek nazioarteko merkatuetarako dituzten egitasmoei eta haien garapenei berme osoz heltzeko.
Plan horrek Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-gaitasun eta -aktiboak integratu eta indartzeko beharrizana ere aipatzen du. Horretarako, 2018an zehar Basque Trade & Investment Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Euskal Agentzia berria jarri da martxan. Hainbat funtzio ditu, besteak beste, Beint programa kudeatzea. Halaber, zuzenbide pribatuko erakunde publiko berri bat sortu da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, eta, haren barruan, Nazioartekotze Zuzendaritza, nazioartekotzearen arloko laguntza-programak sustatzeko xedeaz, besteak beste, honako hau,
Beint programaren kudeaketa berri horrek nazioartekotze-beken Beint programaren araudia aldatu eta errealitate berrietara egokitu beharra dakar.
1. artikulua.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da nazioartekotze-beken programa arautzea, zeinaren helburua baita unibertsitate-tituludun gazteak prestatzea nazioartekotzearen arloan; betiere, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek etorkizunean profesionalen oinarri bat izan dezaten, zeinaren bitartez aurre egin ahal izango baitiete ekonomia irekiaren erronkei.
2.– Xede hori programa honetan parte hartu nahi duten unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakunde publikoen zein pribatuen lankidetzaren bitartez gauzatuko da.
2. artikulua.– Deitutako bekak.
Gehienez ere, 100 nazioartekotze-beka emango dira 2019an.
100 onuradun horiek 1. faseko prestakuntza teorikoa egingo dute. Fase hori ezarritako baldintzak betez burutzen duten pertsonen artetik A eta B modalitateetan jarraituko duten bekadunak honela hautatuko dira:
– Gehienez ere, 80 beka A modalitatean (programako 1., 2. eta 3. faseak egingo dituztenak).
– Gehienez ere, 20 beka B modalitatean (programako 1. eta 3. faseak egingo dituztenak).
1. faserako gehienez ere 20 ordezko hautatuko dira ikastaroaren lehen bi asteetan jazo daitezkeen uko egiteengatik edo bestelako edozein gorabeheragatik hutsik geratzen diren plazak betetzeko.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
2019ko ekitaldian, 1. faseko gehieneko balorazio ekonomikoa 135.000 eurokoa izango da. 2. eta 3. faseetarako, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituak baliatuko dira, guztira, 3.651.738 euro, jarraian datorren erara banatuta:
– 2019ko ekitaldia: 511.738 euro.
– 2020ko ekitaldia: 2.054.443 euro.
– 2021eko ekitaldia: 1.085.557 euro.
Deialdi honen kargura emandako beken guztirako zenbatekoak ezin izango du artikulu honetan jasotako zenbatekoa edo artikulu honen eguneratzetik eratorritako zenbatekoa gainditu, indarreko legerian ezarritako kredituen arteko loturak edo aurrekontu-aldaketaren erregimenak ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, ez da bidezkoa izango dirulaguntza gehiago ematea behin zenbateko hori agortuta, eta, beraz, bertan behera utziko da honako xedapen honen eraginkortasuna momentu horretan. Halako inguruabarrik gertatzekotan, publiko egingo da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren ebazpen bidez.
Bideratutako baliabide publikoen osagarri gisa, programako 3. fasean kolaboratzen duten enpresa eta erakundeek honako gastu hauei egin beharko diete aurre: bekadunak dagokion helmugara egiten duen joan-etorri bidaia eta 3. fasean bekadunaren bisa lortzeko egin behar diren gastuak.
4. artikulua.– Onuradunak.
1.– Ondorengo eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete nazioartekotze-bekak:
a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.
b) Graduko goi-mailako unibertsitate-titulua, deialdi bakoitzeko hautaketa-prozesua amaitu baino lehen lortua, hau da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia 1. faseko onuradunen eta ordezkoen gaineko ebazpena eman aurretik. Unibertsitate pribatuetan edo/eta atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak homologatu baditu. Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioa, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbide Ekonomikoa, Ingeniaritza, Arkitektura eta Nazioarteko Harremanak adarretako graduek lehentasuna izango dute, eta bereziki baloratuko dira.
c) Deialdiaren urteko urtarrilaren 1ean, 30 urte bete gabe izatea.
d) Ingelesa menderatzea. Gutxienez B2 maila eduki beharko da, eta dagozkion ahozko eta idatzizko probekin egiaztatu beharko da.
e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea; edo beka onartzeko orduan ez izatea eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik.
f) Unibertsitate-tituludunentzako antzeko prestakuntza helburu duen beste edozein laguntzaren onuradun ez izana, baldin eta, laguntza horren bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak egin badira atzerrian. Bereziki, nazioartekotze-beka hauetaz baliatzea ez da bateragarria honako beka hauen onuradun izatearekin: Global Training bekak, ICEX bekak, autonomia-erkidegoko beste administrazio batzuenak, merkataritza-ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.
g) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.
h) Oinarri hauen bitartez araututako beketarako aukerarik ez dute izango eskabidea egiten duten pertsona hauek: bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekurik dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
i) Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren inguruabarretako batean dauden pertsonak.
2.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea.
5. artikulua.– Beken izaera.
1.– Nazioartekotze-bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz kudeatuko dira.
2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutuen bidezko inolako harremanik bekadunaren eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren artean, eta beka emateko SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emandako ebazpenak zehaztuko du bekadunaren izaera noiz hasi eta amaitzen den.
3.– Agindu honen bitartez araututako bekak lehiaketako prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan hartuko dira oinarri hauetako 10. artikuluan haztatutako merezimendu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak. Dagokion hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaie beka, gehienez ere deialdi honetan ezarritako beka-kopurua estali arte.
6. artikulua.– Faseak.
Beint programaren exekuzioan 3 fase bereizten dira, eta fase bakoitzak bere epealdiak eta prestakuntza-ezaugarriak ditu. Honako hauek dira:
a) 1. fasea: prestakuntza teoriko espezializatua. Fase horri 2019ko irailaren 1ean emango zaio hasiera, 4 hilabeteko iraupena izango du, eta, gutxi gorabehera, abenduaren 20an amaituko da.
Programaren hasierako fase horretan, izendatutako bekadunek Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua lortzeko ikastaroan hartuko dute parte; 300 ordukoa izango da, 30 ECTS kredituren baliokidea. Ikastaroaren xedea da honako hauen gaineko ezagutza sakontzea: nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea; euskal ekonomia sarea eta haren enpresak eta instituzioak; enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak eta nazioarteko erosketak eta salmentak.
Ikastaroa nahitaezko modalitate presentzialean emango da. Gainera, eskola teorikoak bisitekin osatu ahal izango dira; hain zuzen, erreferentziako euskal enpresekin eta logistikarekin zerikusia duten erakundeak, entitateak edo azpiegiturak bisita daitezke.
Espezializazio-ikastaroa egiten den bitartean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak zehazten duen irakaskuntza-zatiaren inguruko bi azterketa egingo dira, baita azken proiektu bat ere. Hiru froga horiek gainditzea ezinbestekoa izango da hurrengo fasera pasatzeko.
1. fasea bukatzean, eta agintari akademikoek ezarritako eskakizunak betez gero, dagokion ziurtagiria lortu ahal izango da, zeinak ekarriko baitu erreferentziazko berariazko titulua jasotzeko eskubidea.
b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta eskualde- edo sektore-garapenerako beste sektore batzuetan.
A modalitaterako izendatutako bekadunek hartuko dute parte fase honetan, betiere aurreko 1. fasea amaitu eta gero. 2. fasea bekadunei enpresak laguntzeko tresna publikoak ezagutzera ematera bideratuta dago: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori honako hauetan emango da, nagusiki: Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRIren kanpo-sarearen bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan eta, noiz edo noiz, nazioartekotzea sustatzeko eta eskualdeak edo sektoreak garatzeko beste erakunde batzuetan. Bekadunak erakunde horietan hasiko dira lanean, eta agintzen zaizkien zerbitzuak emango dituzte, betiere, tutore batek gainbegiratuta.
Fase horri 2020ko lehen egun baliodunean emango zaio hasiera, 12 hilabeteko iraupena izango du eta abenduaren 31n amaituko da. 2. fasean zehar, eta fase hori bukatu baino gutxienez hilabete bat lehenago, hau da, azaroaren 30ean, bekadunek 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutako akordioak egin beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin. Akordiorik lortzen ez dutenek bekadun izaera galduko dute, eta ez dute 3. fasean parte hartzeko aukerarik izango.
Era berean, 2. fasea amaitzean, dagokion erakunde laguntzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: bekadunak zein arlotako prestakuntza jaso duen, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna eta jardueran lortutako maila.
Eskuragarri dagoen informazioa aintzat hartuz, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak epaituko du bekadun bakoitzak programaren helburuak bete ote dituen, eta horren arabera ebatziko da programaren hurrengo fasera igaroko diren edo ez. Edozein kasutan, jarraitzea edo ez jarraitzea dagokion enpresa laguntzaileak praktika hori egiteko duen eskuragarritasunak baldintzatuko du.
c) 3. fasea: praktika profesionala enpresan.
Fase honetan, nazioartekoturiko enpresa batean egingo ditu praktikak bekadunak, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak, Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filialak eta aipatutako enpresa laguntzaileak adostutako helmugan.
3. fase honek 8 hilabeteko iraupena izango du eta 2020ko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan eta 2021eko lehen egun baliodunean, berriz, A modalitatekoen kasuan. Hala, 2020ko eta 2021eko abuztuaren 31n amaituko dira, hurrenez hurren. A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igarotzeko, ezinbestekoa izango da azaroaren 30a baino lehen izatea akordioa sinatuta enpresa baliodun batekin. Enpresa hori erakunde eta enpresa laguntzaileen erregistroan inskribatuta egongo da. Horrez gain, bekadunak 2. fasean ebaluazio positiboa jaso beharko du.
A modalitateko bekadunen kasuan, praktika hori egiteko enpresaren helmuga-herrialdea 2. fasea egin den herrialde bera izango da. Ezohiko kasuetan, herrialdea aldatu ahal izango da. Herrialde-aldaketa guztiak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu beharko ditu, eskuragarri dagoen aurrekontuaren arabera, betiere.
2. eta 3. faseen iraupena aldatu ahal izango da bekadun jakinen kasuan, betiere SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezkoa dela kontsideratzen badu eta faseen iraupenen baturak ez badu 20 hilabete gainditzen.
7. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa eta eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean hasiko da eta 2019ko maiatzaren 16an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.
2.– Bitarteko elektronikoak baino ez dira erabiliko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri honetan jasotako gainerako izapideak egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3.– Egoitza elektronikoaren bidez egongo dira eskuragarri eskabideak bide elektronikotik izapidetzeari buruzko espezifikazioak, baita ondoren egin beharko diren izapideei buruzkoak ere: www.spri.eus/Beint
Behar bezala betetako eskabideak honako hauek jasoko ditu eskatzaileak aitortutako sinaduraz gain: artikulu honetako 4. atalean aipatzen den dokumentazio osagarria eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz.
4.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, deialdiaren epea iraungi aurretik, betiere:
a) Nortasun-agirirako tamaina duen argazki bat, oraintsukoa.
b) Curriculum vitaea.
c) Agindu honetako 4.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egiaztatzen duen dokumentazioa.
d) Jarraian datozen dokumentuetariko bat erabiliz egiaztatuko da unibertsitate-titulazioa:
– titulua;
– titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu izana egiaztatzeko dokumentuarekin, edo
– ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baita titulazioari dagokion proba orokorra gainditu izana eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana. Atzerrian edo publikoak ez diren Espainiako zentroetan lortutako tituluak agintaritza eskudunak emandako dagokion homologazioarekin batera aurkeztu beharko dira.
e) Egindako masterren eta lan-esperientziaren egiaztagiriak. Lan-esperientzia egiaztatzeko lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, gutxienez.
f) Bekadunaren zeregin eta betebeharrak behar bezala burutzeko eragotz lezakeen gaixotasunik ez duela zehaztuko duen mediku-egiaztagiria.
g) Erantzukizun adierazpena, honako hauek adieraziko dituena:
– Antzeko beka baten onuradun izan ez izana oinarri hauetako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (eskaera-inprimaki ofizialaren parte da).
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
– Zerga-betebeharrak egunean izatea, eta berariaz ematea baimena administrazioari hori egiaztatzeko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
5.– Ez da nahitaezkoa izango SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) atalean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez, betiere.
6.– Eskatzaileek beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan entregatu beharreko dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetara itzulita aurkeztu beharko dira.
8. artikulua.– Eskaerak onartzea eta zuzentzea.
1.– Eskaerak puntu guztietan behar bezala beteta ez badaude edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ebazpena eman ostean, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 25eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egunetan eta zein ordutan eman zitzaion jakinarazpenaren xedearen berri interesdunari, baita hura jakinarazpenaren edukira zein egunetan eta zein ordutan sartu den ere. Momentu horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago adierazpena eman dela eta hamar egun natural igaro direla edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertu eta izapidea egintzat emango da, non eta ofizioz hartzaileak eskatuta ez den egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
9. artikulua.– Balorazio-probak.
Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, 4. artikuluan bekadun izateko definitutako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak aitortuko dira eta hautaketa-probetarako deialdia jasoko dute, deituen zerrendaren argitalpenaren bidez. Deialdian zehaztuko da erreklamazioak aurkezteko epea, eta, hala badagokio, nora bidali behar diren. Epe hori bukatuta eta aurkeztutako erreklamazioak ikusita, hautaketa-probetara deitutako hautagaien behin betiko zerrenda lortuko da.
10. artikulua.– Bekadun izendatzeko hautagaitzak aukeratzeko prozedura.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatuta eta aurreko artikuluan aurreikusitako izapidea eginda, hautagaiak aukeratzeko prozesuari ekingo zaio. Prozesu horren printzipio-gidariak merituak eta gaitasuna baloratzea izango dira.
2.– Hautagaien merituak baloratzeko, jarraian datozen egiaztagiriak hartuko dira oinarritzat:
a) M1: Graduko unibertsitate-titulua.
b) M2: Merkataritza, enpresa-kudeaketa edo nazioarteko harremanetako unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 kreditu).
c) M3: Lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak jaulkitako lan-ibilbidearen txostenaren bidez egiaztatua, edo, lan-esperientzia atzerrian izanez gero, ziurtagiri ofizial baten bidez. Azken horretan enpresaren izena eta lan egindako egun- eta ordu-kopurua jaso behar dira.
Unibertsitate-tituluari buruz 4.1 artikuluko b) atalean xedatutakoa salbu, eskaerak aurkezteko epea hasten den eguneko merituen egiaztagiriak baino ez dira baloratuko.
3.– Gaitasuna baloratzeko, era presentzialean egin beharko dira honako proba hauek:
a) P1: Gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.
b) P2: Ingelesezko ahozko eta idatzizko proba. Proba hori baztertzailea izango da.
c) P3: Atzerriko bigarren hezkuntza bati buruzko ahozko eta idatzizko proba, hauen artean: alemana, arabiera, txinera mandarina, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. B2 mailako azterketa egingo da, eta ahozko eta idatzizko batezbesteko nota meritu gisa baloratuko da, 5etik aurrera.
d) P4: Euskarako proba. B2 mailako azterketa idatzia egingo da, eta 5etik aurrerako notak baloratuko dira.
e) P5: Ahalmenak zehazteko probak, Beint programari begirako test psikoteknikoen bitartez egindakoak.
f) P6: Elkarrizketa pertsonala, hautagaiak Beint programarekiko dituen konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio-gaitasuna neurtze aldera. Elkarrizketaren azken balorazioa egitean, kontuan izango dira ahalmenak zehazteko test psikoteknikoen emaitzak (P5 proba).
4.– P1, P2, P3, P4 eta P5 test psikoteknikoak hautaketa-batzordeak aldez aurretik ezarritako leku, egun eta orduan egin beharko dira, nahitaez.
5.– Merituen balorazioan eta P1, P2, P3 eta P4 probetan lortutako puntuazioak batuta, goitik beheranzko zerrenda batean ordenatuko dira ingelesaren P2 ezagutza-proba gainditu duten hautagaiak.
6.– Beint programako 1. faseko bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Urteko deialdiaren bitartez eta goragoko paragrafoan aipatutako zerrendako ordenari jarraituz, hautagaiek elkarrizketa pertsonalerako deia jasoko dute. Edonola ere, deitutako hautagaien kopurua ez da izango deitutako beka-kopuruaren bikoitza baino handiagoa. Elkarrizketa pertsonalak gutxienez Hautaketa Batzordeko hiru kidek egingo dituzte. Soil-soilik ikasketak atzerrian egiten egoteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan emango du Hautaketa Batzordeak elkarrizketa Internet bidez egiteko aukera (Skype edo antzekoa). Elkarrizketa baloratzeko, aintzat hartuko dira P5 test psikoteknikoen emaitzak, goragoko 3. paragrafoan definitutakoarekin bat etorriz.
7.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua prestatuko da (HZ) merituak eta gaitasuna haztatzeko, jarraian datorren taularen arabera:
8.– Zerrenda honako Interneteko atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/Beint
Iragarkian zehaztuko da zein den erreklamazioak aurkezteko epea eta zein lekutara bidali beharko diren. Behin epe hori bukatuta eta aurkeztutako erreklamazioak ikusita, behin betiko zerrenda ordenatua itxiko da.
9.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ) puntuaziorik onena (10etik 0rako eskalan) lortu duten hautagaiak proposatuko dira bekadun izateko, eta deitutako beka beste hautagai proposatuko dira. Era berean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak zehaztuko du, puntuazio-ordenari jarraituz, 1. faserako proposatuko den ordezko-kopurua.
10.– Aipatutako Hautaketa Batzordeak honako osaera eta eginkizun hauek izango ditu:
a) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritzaren titularra, edo hark eskuordetzen duen pertsona, izango da Hautaketa Batzordeko presidentea. Haren botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.
b) Maite Subina Azcarate andrea. eta Enbor Barruetabeña Rivallo jn., SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritzaren titularrak izendatukoak.
Honako hauek dira Hautaketa Batzordearen zereginak: eskaerak aztertzea, hautagaien merituak eta gaitasunak baloratzea, eta, ondorioz, fase bakoitzean eskumeneko organoari igortzea bekadunen eta ordezkoen ebazpen-proposameneko zerrenda ordenatuak (modalitate, helmuga eta zuzkiduraren arabera). Hautagaiak baloratzeko, hautaketa-prozesuko proben xede diren arloetako adituen aholkularitza eska dezakete.
Hautaketa Batzordea izango da botazio-prozeduraren bitartez hartuko diren erabakietan nagusi. Artikulu honetan aurreikusi ez diren kasuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Ebazpenak.
1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oinarri hauek argitaratzen direnetik aurrera. Epe hori amaitzen denerako ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat eman dezakete beren eskaera.
2.– Beken 1. faserako ebazpena.
Oinarri hauen 10. artikuluan deskribatutako hautaketa-prozesua amaituta, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du, Interneteko atari honetan argitaratuko dena: www.spri.eus/Beint
2. eta 3. faseetarako ebazpena.
1. faseko ikastaroan, azterketa bat egingo dute urri bukaeran, eta, gero, beste azterketa bat eta azken proiektu bat azaro bukaeran. Hiru proba horietakoren bat gainditzen ez duten bekadunek ez dute UPV/EHUko titulua jasoko, eta ez dute bekaren 2. eta 3. faseetara igarotzeko aukerarik izango.
Aginte akademikoek eta Basque Trade & Investment (Euskal Nazioartekotze Agentzia) SPRIren sozietate filialak adostutako lehen azterketan lortutako nota (10etik 0ra bitarteko eskalan) gehitu egingo zaio bekadun bakoitzak oinarri hauetako 10. artikuluko hautaketa-prozesuan aurretik lortu duen notari.
Bekadun bakoitzak helmuga eta modalitatea hautatzeko izango duen azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen (hautaketa-prozesua eta lehen azterketaren emaitza) arteko batezbestekoa izango da, bi hamarretara borobilduta. Puntuazio horiekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) eratuko da, helmuga eta modalitatea hautatze aldera. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat.
Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek helmuga eta modalitatea aukeratzeari ekingo diote, oinarri hauetako 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Modalitateak eta helmugak aukeratu eta gero, bekadunek bigarren azterketa eta azken proiektua egin beharko dituzte. UPV/EHUko berezko titulua lortzeko eta modalitatea eta aukeratutako helmuga konfirmatzeko, beharrezkoa izango da bigarren azterketa eta azken proiektua gainditzea.
SPRI – Enpresa-garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritzaren titularrak emango du honako hauek esleituko dituen ebazpena: helmuga bakoitzeko bekadunak, egiteko datak, bekadun bakoitzari dagokion bekaren zuzkidura eta bekadunek beren jarduerak ahalik eta ondoen gauzatze aldera, egokitzat jotzen diren gainerako kontuak.
4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.
a) A modalitateko bekadunen batek 3. fasea 2. fasea egin zuen herrialdea ez den beste herrialde batean egingo badu, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak horren inguruko ebazpena emango du, zeinaren bidez zuzenduko baitu epealdi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura.
b) Egoeraren arabera, euroa helmuga-herrialdeko dibisagatik aldatuko litzateke. Gainera, bekaren zuzkidura edozein fasetan eguneratu ahal izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak emandako ebazpen bidez, betiere 14. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritako zuzkidura jasotzeko baldintzak asko aldatzen badira. Eguneratze hori aurrekontuaren eskuragarritasun errealak baldintzatuko du.
c) Erakunde laguntzaileari egotzi ahal zaion edo erakunde horri eragiten dioten arrazoiak tarteko, beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude, edo helmugako segurtasuna arriskuan badago, SPRI – Enpresa-garapenerako Euskal Erakundeak ebazpen bidez agindu ahal izango du helmuga-aldaketa, eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura zuzenduko du.
5.– Beka emateko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, modalitatea edozein dela ere. Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Horri kalterik egin gabe, guztiek emandako laguntzen berri izan dezaten, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.
12. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
Beint programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da zenbait erakundek eta enpresak parte hartzea, prestakuntza-ibilbide integrala osatzeko, alderdi teorikoetatik hasi eta enpresa-praktikak egin arte.
1.– 1. faseko erakunde laguntzailea. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntza-fase teorikoa egiteko lankidetza eskaintzen du. Hori da, hain zuzen, Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua egiteko oinarria. Lankidetza-hitzarmenen urteko eguneratze bakoitzean ezarriko dira eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak: edukiak, irakasleen profilak, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.
2.– 2. faseko erakunde laguntzaileak. Beint programaren ondoreetarako, honako hauek hartuko dira erakunde laguntzailetzat: Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) kanpoko sareko bulegoak eta SPRIrenak; Espainiak atzerrian dituen merkataritza-bulegoak, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzeko bestelako erakundeak. Horiek enpresei laguntza publikoa emateko informazioa eta tresnak kudeatzeko prestakuntza praktikoa ahalbidetzen dute bekadunen helmuga-herrialdeetan. Lankidetza horren oinarria finkatzeko, dagokion hitzarmena sinatuko da, alderdien arteko harremanak ezarriko dituena eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duena.
3.– 3. faseko erakunde laguntzaileak. 3. faseko erakunde laguntzaile kontsideratuko dira bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde eta enpresak.
Praktika profesionalaren eskaintza bat onartua izan dadin, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte enpresa interesdunek:
a) Nazioartekotutako enpresa izatea edo enpresarekin garbi lotutako prestakuntza-praktika bat eskaintzen duen unitate bat, eta, lehentasunez, merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat izatea kanpoan. Salbuespenezko kasuetan establezimendurik ez duten enpresen eskaintzak baloratu ahal izango dira, betiere negozio-zentro batean edo antzeko batean garatzen badira praktika profesionalak eta enpresako langileak une oro baldin badaude bekadunarekin.
b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea, praktikaldi osoa jasoko duena eta bekadunari esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduko dituena.
c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura hartuko duen tutore bat edukitzea.
d) Bekadunak helmuga-herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko prest egotea. Bekadunari egotz dakiokeen kausaren bat dela-eta 3. fasea amaitu baino lehen beka amaitu dela ebazten bada, eta orduan bakarrik, enpresa ez da egongo behartuta itzulerako txartela ordaintzera.
e) Eskatutako herrialdean bekadunaren egonaldia formalizatzeko bisa lortzea ezinbesteko betekizuna bada, enpresak aldez aurretik egiaztatu beharko du herrialde horrek eskatzen dituen eskakizunak betetzen dituela, bisa lortzen lagundu beharko dio bekadunari, eta horretarako beharrezko izapideak eta gastuak bere gain hartu beharko ditu.
f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esate baterako: komunikazio-kostuak, dokumentazioa erostearen kostuak eta bekadunaren ohiko bizilekutik kanpoko joan-etorriengatiko gastuak. Era berean, egokitzat jotzen den beste edozein gastu-kontzeptu ere ordainduko du, enpresak bekadunak ezarritako jardueren eta jarraibideen ondorioz sortutakoak badira.
Aurreko atalean ezarritako eskakizunak beteta, euskal enpresek lehentasunezko eskubidea izango dute eskuragarri dauden bekadunak esleitzeko unean.
Azkenik, Beint programako 3. faseko erakunde laguntzaile izateko, izen-ematea formalizatu behar da dagokion lankidetza-eskaintzarekin batera erakunde eta enpresa laguntzaileen zerrendan, Interneteko toki honetan:
www.spri.eus/Beint
Eskaintza onesten denean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak eta erakundeak dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna identifikatuko da, baita alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dizkioten ekarpenak zehaztu ere.
Erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako eskakizunak eta betebeharrak bete behar dituzte.
13. artikulua.– Helmuga aukeratzea.
1.– 1. fasea amaitzean, honako oinarri hauetako 3. ataleko 11. artikuluan aipatzen den behin betiko zerrendaren hurrenkerari jarraikiz, bekadunek nahi duten helmuga eta modalitatea aukeratu ahal izango dute 2. faserako, data horretan eskuragarri dauden helmuga eta modalitateen artean, betiere erakunde laguntzaileak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte.
2.– Erakunde laguntzaileak hala eskatuta, eskakizun zehatz batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete ahal badituzte hutsik dauden postuak, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak postu huts horiek aukeratzera behartu ahal izango ditu eskakizun horiek betetzen dituzten bekadunak, hasiera batean beste helmuga batzuk hautatu bazituzten ere.
3.– Bekadunak helmuga aukeratzeko duen ahalmena, nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiak baldintzatuko du. Izan ere, agentzia horrek erakunde laguntzaileek ezarri dituzten eskakizunak betetzen direla zaindu beharko du, besteak beste, profil akademikoak eta hizkuntzak.
14. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.
Erdietsi nahi den prestakuntza-helburua lortzeko beharrezkoak diren gastuak estaltzera egongo da bideratuta beken diru-zenbatekoa. Zenbateko horri esker, bizi-baldintza duinak eta programara dedikatzeko baldintza egokiak izan beharko dituzte bekadunek. Xede horretarako, prestakuntzarako zuzkidurak eta gastu osagarriak berariaz ezarriko dira, helmugetako sarbide- eta bizi-baldintzak eta garatu beharreko prestakuntza-programen baldintzak kontuan hartuta.
Estali beharreko gastuen artean, honako hauek daude: unibertsitate-ikastaroaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua.
1.– 1. faseko diru-zuzkidura:
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak % 100ean finantzatuko du UPV/EHUrekin hitzartutako Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko tituluari dagokion ikastaroaren kostua. Bekadunek ez dute inolako zenbatekorik ordaindu edo jasoko 1. fasean zehar.
2.– 2. eta 3. faseetako diru-zuzkidura:
Oinarri hauetako 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. fasera igarotzen diren bekadunek ebazpenean ezarri zaizkien helmugetan bete beharko dute bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat. A modalitateko bekadunen kasuan, 20 hilabeteko iraupena izango du eta B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, 8 hileko fase bakarra (3. fasea) egin beharko da.
Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan modalitateak, helmugak eta zuzkidurak adieraziko dira.
Oro har, 2. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 12 hilabeteko iraupena izanez gero, 16.800 eta 36.000 euro bitartekoak izango dira. 8 hilabeteko iraupena izango duen 3. faserako kalkulatutakoak, aldiz, 11.200 eta 24.000 euro bitartekoak izango dira.
Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, honako hauen arabera kalkulatuta: helmugako herrialde eta hirietako bizitza-maila, garraio- eta baimen-kostuak, bisa lortzeko kostuak, txertoak eta helmuga iristearekin lotutako bestelako kostuak. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin.
Bisa lortzeko kostuak 2. fasea egingo den erakunde laguntzailearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura ezberdinak esleitu ahal izango zaizkie herrialde eta hiri berera baina erakunde ezberdinera joango diren bekadunei.
Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa egotea.
Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatua ere izango dute prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko 2. fasean zehar. Kreditu hori SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak emandako baimenarekin erabili ahal izango da, eta, horren bidez, bekadunek honako gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten azoketara edo zereginetara joateko joan-etorriak edo ostatuak, bisita-txarteletarako gastuak edo helmugan erabilgarriak diren atzerriko hizkuntzen ikastaroak (ingelesa izan ezik).
5.000 eurokoa da kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria. Helmuga bakoitzeko, ebazpenak muga zehatz bat jarriko du, ezarritako gehienekoaren azpitik. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa.
3.– Programa egitearekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua eta egon daitezkeen bestelako gauzak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin egin beharko die aurre horiei. Aldiz, enpresa laguntzaileak ordainduko ditu honako gastu hauek: 2. faseko aparteko gastuak eta 3. faseko hegazkin-txartelak eta bisak.
4.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint programako bekadunak Gizarte Segurantzako erregimenean egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute; dena den, ez dute kotizatuko ez langabeziara, ez Soldatak Bermatzeko Funtsera (Fogasa), ezta lanbide-prestakuntzara ere ez.
5.– Halaber, 2. fasean bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du.
15. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzea.
1.– Honela egingo da ordainketa:
a.1.–.2. fasea.
a) Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2019ko abenduan egingo da, bekaduna bere helmugarantz atera baino lehen.
b) Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.
c) Prestakuntza-gastu osagarrien partidari dagozkion ordainketak eskatutako ziurtagiriak aurkezten diren heinean egingo dira. Horri dagokionez, gastuak gertatzen direnetik gehienez ere hilabete bateko epean aurkeztu behar dira, likidatzeko.
a.2.– 3. fasea.
a) Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2020ko abenduan egingo da A modalitateko bekadunen kasuan eta 2019ko abenduan, berriz, B modalitateko bekadunen kasuan, bekadunak beren helmugetarantz atera baino lehen.
b) Hurrengo ordainketak hilabeteko ordainketetan egingo dira eta, azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa, barne hartuta honako oinarri hauetako G ataleko 17. artikuluan ezarritako txostenak bidaltzea.
3.– PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie zuzkidurei eta horien ordainketei.
16. artikulua.– Baimenak eta norberaren aukerako egunak.
Beint programaren 2. eta 3. faseetan, funtzionalki, bekadunek esleitu zaizkien erakunde eta enpresa laguntzaileen mende egingo dituzte praktikak.
Bekadunek izan ahalko duten baimen-erregimena, kasu bakoitzean, mendekotasun funtzional horrek zehaztuko du. Horren harira, baimenei eta norbere aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamabost egun ezarri dira 2. faserako.
17. artikulua.– Bekadunen betebeharrak.
1.– Beka-eskaera aurkezteak oinarri hauetan ezarritakoa onartzea dakar.
2.– Honako betebehar hauek dituzte onuradunek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, baldin eta beka esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek bekari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
b) 1. fasean antolatzen diren ekintza guztietara joatea.
c) 2. fasean, helmuga-herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txertoak eta baimenak lortzea.
d) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta helmugako zentroaren edo entitatearen edo praktikak egiten diren enpresen funtzionamendu-arauei men egitea.
e) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: nazioartekotzea sustatzeko helmugako bulego, enpresa laguntzaile edo nazioartekotzea sustatzeko erakundeetan lanean hasteko epeak edo bekaren helburuak betetzeko emandako edozein.
f) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea bekaren helburuak betetzean eragina izan dezakeen gorabehera oro.
g) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari bidaltzea deialdi bakoitzean eskatzen dituen txostenak, eginiko jarduerari buruzkoak. Hor zehaztuko dira ekonomia- eta merkataritza-arloetako alderdi nabarmenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen bestelako datuak ere.
h) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak eta Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) ezarritako jarraibideei jarraituz egitea likidazioa, eta aparteko gastuen jatorrizko egiaztagiriak eranstea.
i) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Bateraezintasunak.
Nazioartekotze-bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauetako 3.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
19. artikulua.– Kontrola eta jarraipena.
1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari eta Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotze Euskal Agentzia) dagokie bekadunek egin beharreko jardueren kontrola eta jarraipena egitea. Horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak jarriko dituzte.
2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak eta Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzakete bekaldia nola doan egiaztatzeko, eta eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiete onuradunek.
20. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.
1.– Bekadun izaera azken daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:
a) Bekadunak uko egitea.
b) 1. fasean antolatutako bi jarduerara edo gehiagora ez joatea, justifikaziorik gabe.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.
d) A modalitateko bekadunek enpresa batekin akordiorik lortu ez izana bertan 3. fasea egiteko 2020ko azaroaren 30a baino lehen. Kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko litzateke.
2.– Bekadun izaera galtzeak jasotzeke dauden ordainketak jasotzea galtzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako zenbatekoak, osorik edo partzialki, eta horiei dagokien berandutze-interesa itzuli beharra SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari. Horiez gain, eska daitezkeen zehapenak jar daitezke, hala badagokio.
3.– Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da bekako zereginak zenbat denboraz egin dituen bekaren iraunaldi osoarekiko.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Aurreko deialdiren batean ezarritakoaren arabera izapidetzen ari diren espedienteek aipatu deialdian xedatutakoa hartuko dute aintzat behin betiko amaitzen diren arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus: www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.
Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke.
Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.