EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2019073

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintzako Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, Busturialdeko Ur Partzuergoak sustatuta.

Xedapenaren data: 2019-03-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201901906
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2016ko martxoaren 18ko Ebazpenaren bidez, Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintzako Planaren (aurrerantzean, Urdaibaiko Horniduraren LEPa) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.
Iragarki baten bidez, Busturialdeko Ur Partzuergoak 45 egunez jendaurrean jarri zituen Urdaibaiko Horniduraren LEPa eta ingurumen-azterketa estrategikoa, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta iragarki hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko abuztuaren 3an (147. zk.). Informazio publikoaren izapidea bete ostean, Busturialdeko Ur Partzuergoak ziurtatu zuen izapide horretan ez zela jaso alegaziorik.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Busturialdeko Ur Partzuergoak 2017ko abuztuaren 3an egin zien kontsulta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, baita organo sustatzailearen iritziz interesekoak ziren beste administrazio eta erakunde batzuei ere, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Garraio Azpiegituren Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatua, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Euskal Herriko Kostaldeen Mugapena, Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zuzendaritza Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea, URA (Uraren Euskal Agentzia), Ihobe, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Kultura Zuzendaritza Nagusia, Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia, Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia, Zerbitzuen, Udal Harremanen eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusia, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusia (horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundikoak), Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Errigoiti, Muxika, Morga, Mendata, Arratzu, Ajangiz, Nabarniz, Ereño, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Elantxobe, Ea, Amorebieta-Etxano, Arrieta, Iurreta, Munitibar Arbatzegi Gerrikaitzeko Udalak, Ekologistak Martxan Bizkaia, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Euskal Trenbide Sarea.
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsulta-izapidearen ingurumen-alderdiei dagokienez, emaitza honela laburbildu daiteke: kontsulta egin zaien administrazio publiko eta interesdun guztiek berretsi dute euren ingurumen-eskumenetan gai horiek kontuan hartu direla Urdaibaiko Horniduraren LEParen proposamena egiteko.
2018ko abenduaren 18an, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu du Busturialdeko Ur Partzuergoak, honako hauetan xedatutakoaren arabera: otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:
– Urdaibaiko Horniduraren LEParen azken proposamena. Proposamen horrek, besteak beste, hauei buruzko dokumentuak jasotzen ditu: memoria, planoak, araudia eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa.
– Urdaibaiko Horniduraren LEParen ingurumen-azterketa estrategikoa, 2018ko urtarrilekoa.
– Jendaurrean erakusteko aldiaren eta entzunaldiaren emaitza deskribatzeko hainbat dokumentu, baita jasotako txostenak aintzat hartzeko moduari buruzko idazkia ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.
Orobat, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen hiri-antolamenduko plan orokorren aldaketak. Bada, horrelako kasu baten aurrean gaude, ingurumen-inpaktuaren azterketa egin behar zaien proiektuak baimentzeko marko bat ezartzen baitu Planak.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Busturialdeko Ur Partzuergoak, organo sustatzaile gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Urdaibaiko Horniduraren LEParen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Urdaibaiko Horniduraren LEParen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.
Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintzako Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, Busturialdeko Ur Partzuergoak sustatuta (aurrerantzean, Urdaibaiko Horniduraren LEPa), hemen jasotako baldintzetan:
A) Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintzako Planean aurreikusitako jardueren xedea da zenbait jarduera ezarri eta zehaztea, ur-hornidurari dagokionez eskualdeak dituen arazoak konpontzeko. Urdaibaiko Biosfera Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Gidariaren –irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren bidez onetsi zen– 4.4.4.12, 4.4.4.13 eta 4.4.4.14 artikuluetan ezarritakoaren arabera idatzi da plan hau: Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintzako Planean aurreikusitakoak izango dira ur-hornidurarako azpiegiturak.
Ingurumen-helburu hauek nabarmendu behar dira:
– Klima-aldaketaren aurreko kalteberatasuna gutxitzen laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.
– Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.
– Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.
– Paisaia eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.
– Energia-aurrezpenari dagokionez, energia berriztagarrien efizientzia eta erabilera sustatzea, baita kogenerazioa ere.
– Aire garbia bermatzea, bai eta zarata eta argi-kutsadura handien mende bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.
– Ur-masen egoera ekologiko ona lortzea, bai eta baliabidearen erabilera jasangarria ere.
– Ingurumen-inpaktuak aurreikusi eta saihestea.
– Ingurumen-zarata kontrolatzea.
– Errepide bidezko garraioaren jasangarritasuna.
– Sobera dauden materialak behar bezala kudeatzea.
– Lurzoruaren kalitatea zuzentzea eta kudeaketa arautzea.
– Ingurumen-diagnostiko egokia egitea.
– Paisaia-faktorea plangintzan txertatzea.
Ur-horniduraren arazoak konpontzeko hautatu den aukeraren arabera, beharrezkoa izango da jarduera hauek egitea: dauden eroanbideak berritu eta ordeztea, Oiz mendiko akuiferoen bilketa (Ibarruriko zundaketak, A eta C), zundaketa berriak sartzea, ponpatze-sistema berriak jartzea, dauden sareekiko konexioak (hodi berriak)... Indarrean den Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Gidariak aurreikusi ditu proposatu diren jarduerak.
Obra bi fasetan egitea proposatu da: lehenengo fasean, zundaketak ekipatzea eta eroanbidearen lehenengo tartea egitea; bigarren fasean, eroanbidea osatzea Burgoko Edateko Uren Araztegiraino.
Planteatu diren jarduerak naturagune babestuetan egingo dira (Natura 2000 Sareko eremuak: Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006), Urdaibaiko kostalde- eta padura-zonak (ES2130007), Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak (ES2130008) Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Urdaibaiko Itsasadarra (ES0000144) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua), bai eta nazioarteko hitzarmen eta akordioetan ezarritakoarekin bat formalki izendatutako naturaguneetan (Ramsar 3ES026 hezegunea «Mundaka-Gernika itsasadarra») eta Batasunaren intereseko hainbat habitatetan ere. Halaber, Batasunaren intereseko fauna-espezie batzuek eragina jasan dezakete euren habitatetan.
Era berean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten partzela inbentariatuak daude plangintza-eremuan.
Ingurumenean inpaktuak izan ditzaketen proiektuen ekintzak honela bana daitezke: eraikuntza-faseari dagozkionak (obra-instalazioak, makinak, hodiak instalatzeko eremuak, ponpatze-estazioak egitea, zulatze bidezko putzuak eta instalazio lagungarriak egitea, hormigoi armatuzko egiturak ponpaketetarako, deposituetarako eta kutxatiletarako, zundaketen, ponpaketen eta deposituen ekipo mekanikoak instalatzea, etab.) eta ustiatze-fasearekin lotutakoak (instalazioen mantentze-lanekin lotuta egongo dira inpaktuak). Natur elementu bakoitzaren gaineko inpaktuak zehaztasunez aztertu dira ingurumen-ebaluazioaren espedientean dagoen dokumentazioan, bai eta inpaktu horiek ezabatu ahal izateko neurriak ere, edo, ezin badira ezabatu, inpaktuak minimizatzeko eta zuzentzeko neurriak.
B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko martxoaren 18ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.
Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Urdaibaiko Horniduraren LEParen ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Urdaibaiko Horniduraren LEPa izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.
D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
E) Ingurumen-efektuaren jarraipena egiteko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Beraz, ingurumenaren jarraipen- eta zaintza-planaren xede nagusia da ziurtatzea Urdaibaiko Horniduraren LEPa ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoaren arabera egiten dela. Hainbat garapen-irizpide proposatzen dira garatu nahi diren ingurumen-xedeetarako, eta jarraipena egiteko adierazleen proposamen bat jasotzen da, bai eta mugen eta atalaseen proposamen bat ere.
F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.
Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2016ko martxoaren 18an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Besteak beste, honako alderdi hauetan eragin behar da: uraren kalitatea eta ur-baliabideen kudeaketa hobetzea, ur-baliabideak eta -ingurunea babestuz, zainduz eta lehengoratuz; ur-ekosistemak babestu eta hobetu beharko dira, ubide ekologikoak errespetatu, hondatutako masak berreskuratu, berezko baliabideak kontuan hartzen dituzten irtenbideak lehenetsi, ur-eroanbideak murriztu eta kontsumo energetikoaren beharra jaitsi; natur ingurunearen kontserbazioa eraginkortasunez integratu beharko da planean.
Proiektua egikaritu ahal izateko materialak induskatu behar badira, indusketa-plan bat idatzi beharko da. Halaber, proiektua egikaritzean, obretako jardunbide egokien eskuliburua ezarri beharko da, eta honako hauek behar bezala egin beharko dira: lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa.
Halaber, Urdaibaiko Horniduraren LEPa garatzeko proiektuak egiterakoan eragiten bazaio lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen kokaleku bati, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.
Bigarrena.– Urdaibaiko Horniduraren LEPa onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Laugarrena.– Busturialdeko Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 28a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.