EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019071

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Lekeitioko SAPUR 5eko F lurzatiaren ingurumen-txosten estrategikoa eta plan bereziaren irismen-dokumentua egiten baitira.

Xedapenaren data: 2019-03-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201901847
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko abenduaren 3an, Lekeitioko Udalak SAPUR 5eko F lurzatirako Lekeitioko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko abenduaren 19an Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak abiarazi zituen, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, behar izanez gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako helmena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar dituen ingurumen-azterketa estrategikoak. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Bizkaiko bulegoa) eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako eta Ingurumeneko zuzendaritzei; Ihoberi, Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondare eta Klima Aldaketa Zerbitzuaren eta Ihoberen erantzunak jaso dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lekeitioko SAPUR 5eko F lurzatiaren Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eratzea. Honako eduki hau jaso du:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziak –Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatua berau– zuzkidura-ekipamenduko erabilerara bideratzen du Lekeitioko SAPUR 5eko F lurzatia, eta, horrekin batera, eremuaren ordenamendu xehatua zehazten du.
Urtarrilaren 28ko 32/1999 Foru Arauaren bitartez onartutako indarreko Plan Partzialaren arabera, lurzati hori irakaskuntza-ekipamendura (2 solairu sestra gainean) eta aparkalekuetara (3 solairu sestra azpian) bideratuta zegoen (1.900 m
Plan Bereziaren bidez egindako aldaketarekin, honako aldaketa hauek planteatzen dira indarrean dagoen Plan Partzialean:
a) Irakaskuntza-ekipamendurako erabilera zuzkidura-bizitokien ekipamendura aldatzea.
b) Okupazio globalaren gehieneko lerrokadurak aldatzea, tipologia horri lekua egiteko eta hiri-bilbe mugakidearekiko konexiorik eza konpontzeko.
c) Hirigintza-eraikigarritasuna handitzea.
48 zuzkidura-bizitoki (3.500 m
Lurzatia Lekeitioko hirigunearen goialdean kokatuta dago. Gaur egun, asfaltatuta dagoen gainazal horizontal bat dago lurzatiaren zati handi batean, aparkaleku gisa erabiltzen dena. Lursailaren desnibela dela-eta, eusteko bi harri-lubeta eraiki dira urbanizazioaren ekialdeko eta mendebaldeko muturretan. Lurzatia bidez inguratuta dago aldeetatik hirutan, eta zuhaixkak eta tamaina txikiko zuhaitzak daude iparraldeko zatian. Gainera, hartxintxar-arrastoak eta beste hondakin batzuk daude eta, beraz, aldaketak izan dituen lursail bat dela ondoriozta daiteke. Aldameneko lurzatia parke bat da.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: plana eraikuntza-proiektu baten esparrua da, baina, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez du ezartzen baldintzarik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: ingurumenaren ikuspuntutik, Planak ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana zenbateraino den egokia ingurumen-arloko alderdiak txertatzeko, betiere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: lurzoruaren erabilera modu efizientean babestu eta optimizatzea da, besteak beste, Planaren helburua.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: Planak zuzkidura-bizitokiak (3.500 m
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen txostenari jarraikiz, proiektatutako eraikuntza bideraezina izango litzateke. Izan ere, Armintxeko haitzuloa dagoen mendigune karstikoaren gainean dago proiektatuta, eta, haitzulo horretan, Kantauriko Paleolito-garaiko labar-arte grabatuaren bilduma onenetako bat dago.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, ez da egin lurzatiaren iparraldean kokatuta dauden zuhaitz-zuhaixken deskribapenik eta baloraziorik, eta zuhaizti hori biodibertsitate-gune garrantzitsua izan daitekeela uste da; gainera, balio handiko elementuak izan ditzake hegazti eta kiropteroentzat.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik Planaren eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eraginpeko eremuaren ezaugarriak aztertu eta planteatutako proposamenak ikusi ondoren, honako hau zehaztu dute: ezin dute bermatu Planak ingurumenean ondorio negatibo esanguratsurik izango ez duenik. Jarduketek Armintxeko haitzuloari eragin diezaiokete –Paleolito-garaiko labar-artearen bilduma onenetako bat dago bertan– eta, espedienteak barne hartzen dituen txostenen arabera, kalteak eragin diezazkieke hegazti eta kiropteroen habitatei. Era berean, ingurumen-dokumentuak adierazten du interferentziak egon daitezkeela maila freatikoarekin.
Bigarrena.– Honako ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa kontuan izanik, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko bat egitea eskatzen duela xedatzea, haren ezarpenak ingurumenaren gaineko efektu nabarmenak izan baititzake.
Hirugarrena.– Lekeitioko SAPUR 5eko F lurzatiaren Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoari buruzko irismen-dokumentua egitea, ingurumen-ondoreetarako bakarrik eta honako baldintza hauetan:
Ingurumen-azterketa estrategikoak honako gutxieneko edukia hartu beharko du barne: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan izan behar da).
Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanik, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:
A) Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.
Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Horrez gain, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan bildutako irizpideak jaso beharko ditu.
Izan ere, honako irizpide hauek txertatzea azpimarratu beharko da:
a) Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.
b) Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.
c) Paisaia eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.
d) Energia-aurrezpenari dagokionez, energia berriztagarrien efizientzia eta erabilera sustatzea, baita kogenerazioa ere.
e) Arrisku naturalak gutxitzea.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoak baloratu beharko du proposatutako jarduerek nola integratzen dituzten aipatu garapen jasangarriko printzipioetatik ondorioztatutako ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak. Horretarako, aukera bakoitzak izaera arauemailearekin helburuok betetzeko proposatutako neurriak/irizpideak identifikatu beharko ditu.
B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.
Ingurumen-azterketa estrategikoak Planaren aplikazio-eremua deskribatu beharko du, ingurumenaren ikuspegitik. Lekeitioko hirigunean kokatuta dagoen eremu hiritartu bat da; lurzatiaren iparraldean, interesgarria izan daitekeen zuhaitz-zuhaixken multzo bat identifikatu da.
Era berean, adierazi behar da Lekeitioko SAPUR 5eko F Lurzatirako proiektatu den eraikuntza Armintxeko haitzuloa dagoen mendigune karstikoaren gainean dagoela.
C) Ingurumenaren ikuspegitik esanguratsuak diren eremuak zehaztea.
Natura-ingurunea babestu, zaindu eta hobetzeko, ekosistemen eta beren zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatuz, lurzoruaren ordenamenduak planaren eremuan lehendik dagoen kapital naturala, hots, ingurumenaren arloan garrantzitsuak diren eremuak, kontuan hartu behar ditu erabakiak hartzeko prozesu osoan zehar:
– Aparteko natura-balioak dituzten eremuak: natura-ondarearen eta biodibertsitatearen gaineko oinarrizko legeria edo natura kontserbatzearen gaineko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorren edo nazioarteko hitzarmenen ondorio diren ingurumen-babeserako araubideren bat duten inguru guztiak eta lurralde- nahiz hirigintza-plangintzaren ondorio den araubideren bat duten natura-inguruneak.
– Kultura-balio garrantzitsuak dituzten eremuak: ondare historiko-arkitektonikoaren zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak, eta ustezko arkeologia-eremuak.
Planak eragindako eremua bat dator Armintxeko haitzuloaren mendigune karstikoarekin, Kantauri-ekialdeko Paleolito-garaiko labar-arte grabatuaren bilduma onenetako bat barne hartzen duen haitzuloa. Era berean, interes hidrogeologikoko gune bat da (Ereñozarreko lurpeko masa) eta lurzatiaren iparraldean zuhaitz-zuhaixken multzo bat dago, biodibertsitatearentzako leku garrantzitsua eta hegazti eta kiropteroentzako balio handiko elementua, espedientean jasotzen den informazioarekin bat etorriz.
D) Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.
Ingurumenaren aldetik problematikoak diren eta gerora proposamenak gauzatzean zaindu beharko diren eremuak detektatu beharko ditu ingurumen-azterketa estrategikoak. Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko aukera emango duena. Ingurumenaren ondorioetarako garrantzitsuak diren eremuak, txosten honetako aurreko paragrafoan jasotakoak, Planaren jarduketak hartzeko desegokitzat jotzen dira, horrela egitea aurretik deskribatutako helburuen aurkakoa bailitzateke. Aldiz, ingurumen- edo kultura-balio urriko eremuak, edo egun ingurumen-arriskuak dituztenak –adibidez bizitegi-erabilerarekin bateragarriak diren auzo, herri eta hirietako erdiguneetako eremu degradatu edo zaharkituak–, aipatu jarduketak hartzeko egokienak bezala sustatu behar dira.
E) Egindako aurretiazko kontsultetako erantzunen ingurumen-azterketa laburra.
Jarraian, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten tramitean jasotako txostenetako ingurumen-arloko eduki garrantzitsuenak laburbildu dira:
– Ihobe. Dirudienez, Planari dagokion eremuak ez du lurzorua kutsa dezakeen jarduerarik izan, baina kutsadura-aztarnak hautematen badira, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkio.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza. Jakinarazi dutenez, ingurumen-dokumentu estrategikoa ez da nahikoa lurzatiaren iparraldean kokatuta dagoen zuhaitz-zuhaixken multzoaren deskribapenari eta balorazioari dagokionez; izan ere, biodibertsitatearentzako leku garrantzitsua izan daitekeela eta hegazti eta kiropteroentzako balio handiko elementua izan daitekeela uste dute. Proposatutako ordenamendua birplantea dadila eskatzen dute, zuhaitz-zuhaixken gunea bertan integratzeko; eta proposatutako ordenamenduarekin jarraitzea planteatuz gero, ezinbestekotzat jotzen dute eragindako landare-gunearen balorazio egokia egitea.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia. Lekeitioko SAPUR 5eko F Lurzatirako proiektatu den eraikuntza eraiki nahi den mendigune karstikoan Armintxeko haitzuloa dagoela jakinarazi dute. Haitzulo horretan, Kantauri-ekialdeko Paleolito-garaiko labar-arte grabatuaren bilduma onenetako bat dago eta, beraz, bideraezintzat jotzen dute proiektatutako eraikuntza.
F) Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.
Ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterketa) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du, eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotakoarekin osatu beharko da. Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologiko honi jarraitu beharko diote:
1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekiko erlazioa.
2.– Ingurumenaren egungo egoera.
3.– Ingurumenean gerta daitezkeen eragin esanguratsuak.
4.– Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.
5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.
6.– Ingurumena zaintzeko programa.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterlana) gutxienez hurrengo alderdietan sakondu behar luke, jarraian adierazitako zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:
1.– Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko erlazioak.
Azterlanean Planaren helburu nagusien laburpen txikia jasoko da. Horrez gain, indarrean den ordenamenduari dagokionez, Plana garatzearen ondorioz aurreikusten diren jarduketa berrien deskribapen xehatua jasoko du.
Azterlanak berariaz justifikatu beharko du nola hartu diren kontuan Plana idaztean Ebazpen honetako A apartatuan ingurumena babesteko jaso diren helburuak eta printzipio eta irizpide jasangarriak. Justifikazio hori bai arauetan bai Planean bertan ezarritako adierazleen eta mugen erabileran oinarrituko da.
Bestalde, aztertu beharko dira Planaren loturak bai hirigintzako ordenamenduko beste tresna batzuekin bai planarekin lotura izan dezaketen lurralde-planekin eta plan sektorialekin.
Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak, ondorio metakorrak eta sinergikoak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, planaren inpaktuak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Helburu komunak lortzea izango da xedea, eta horrez gain, beste plan batzuen helburuekiko eta jarduketa-ildoekiko gainjartzeak, gatazkak edo bateraezintasunak ager daitezkeen kasuetan Planeko jarduketa-aukerak ebaluatzea.
2.– Ingurumenaren egungo egoera.
Azterlanak ingurumenaren gaur egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, eragin nabarmenak jasan ditzaketen guneak zehaztuta, baita Planaren berrikuspena egiten ez bada izan dezaketen bilakaeraren ingurumen-ezaugarriak ere, klima-aldaketa kontuan izanik.
Planaren garapen-eremuaren ezaugarriak eta aurreikusitako jarduketak direla eta, Planaren garapenak eragina izan dezakeen ingurumeneko elementu guztiak identifikatu beharko dira.
Era berean, garrantzitsua izan daitekeen edozein ingurumen-arazo identifikatu behar da, baita ebazpen honetako C apartatuan ingurumenaren aldetik nabarmentzat jotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak ere.
Era berean, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoen definizio bat gauzatuko da, horien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen analisi integratutik abiatuta.
Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, hirigintzako ordenamenduaren xede den eremuarekiko eskala proportzionatuan.
Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleak erabilita bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko EUSTATenak ere, eta txosten honetako aurreko ataletan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.
Azterketak aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu edo, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak, kasu bakoitzean datu zehatzak lortzeko izandako balizko zailtasunak justifikatuz. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu Azterlanak, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.
Gainera, eremuaren egungo eta geroko egoera fonikoa ebaluatzeko, eragin akustikoari buruzko azterketa ere jaso beharko da ingurumen-izapidean; azterketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 2012ko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan eta hurrengoetan dago xedatuta.
3.– Ingurumenean egon daitezkeen eragin esanguratsuak.
Atal honetan ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertu beharko dira, alderdi hauek barne: biodibertsitatea, biztanleria, gizakien osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea (ondare historikoa barne), klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina (bereziki, planari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia), ondasun materialak, kultura-ondarea eta paisaia. Faktore horien arteko interakzioa ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek emandako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Eragin horiek barnean hartu behar dituzte zeharkako efektuak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.
Planean aurreikusitako ekintzetatik eratorritako gai berriekin bat datozen plangintza-ekintzak identifikatuko dira. Bereziki, arreta berezia jarriko zaie hirigintza-garapen berriak, azpiegitura berriak edo ingurunearen eraldaketa nabarmenak eragin ditzaketen jarduketei, baita lekuko ingurumen-balioetan ondorio esanguratsuak eragin ditzaketen jarduketei ere.
Planeko proposamenak kontuan izanik, eragin garrantzitsuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
– Eremua Armintxeko haitzuloa dagoen mendigune karstiko batean dago kokatuta, Kantauri-ekialdeko Paleolito-garaiko labar-arte grabatuaren bilduma onenetako bat duen haitzuloa. Horregatik, proiektatu den eraikuntza Armintxeko haitzuloarekin bateragarria izatea bermatu beharko da.
– Lurzatiaren iparraldean, zuhaitz-zuhaixken multzo bat dago eta interes handiko ereinotzak daude, besteak beste. Tokiko zuhaitz eta zuhaixken multzo horiek biodibertsitatearentzako leku garrantzitsuak sortzen dituzte eta hegazti eta kiropteroentzako balio handiko elementuak dira.
Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertaezina dela justifikatu beharko da. Eta identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartutakoak.
4.– Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.
Ingurumen-ebaluazioaren azken faseetan, alternatibarik egokiena hautatu ondoren, hartu beharreko neurri prebentibo, zuzentzaile eta, azken buruan, konpentsatzaileak garatuko dira, identifikatutako eraginak arintzeko; horrela, ingurumen-azterketa estrategikoan bertan ezarritako baldintzetan, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela sortuko bermatuko da.
Ahal den heinean, proposatutako neurrietako bakoitza zein garapen-tresnatan inplementatuko den zehaztuko da.
Lurraldearen lotura ekologikoa ziurtatzeko behar diren neurri, arau edo erregulazioak proposatuko dira.
Horrez gain, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko dira garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokio, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.
Azkenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatzen duenez, ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartuko ditu klima-aldaketan egon daitekeen eragina arindu eta hartara egokitzeko neurriak. Xede horrekin, Ihobek egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (Ihobe)».
5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.
Honako hau bilduko da: alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere Ebazpen honetako aurreko ataletan jasotako ingurumen-helburuekikoak.
Ebaluazio horren erreferentzia-esparrua honako hau izango da: ingurumen-alderdiek izan dezaketen bilakaera Plana aplikatzen ez bada (0 alternatiba), gaur egungo egoeraren eta Plana garatu ondoren aurreikusten den egoeraren arteko aldeak sakon aztertuz.
Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere. Aukera onenaren hautaketa oinarritu beharko da irizpide anitzeko analisi global batean, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.
Alternatibak baloratzeko prozesu honetan, honako hauek hartuko dira kontuan: baldintza geomorfologikoak, Batasunaren intereseko habitat eta espezieen presentzia, flora eta fauna mehatxatuen guneak, ur-puntuak eta ondare arkeologikoko elementuak, eta paisaiaren gaineko eragina; alternatibak aukeratzeko prozesu honetan zehatz-mehatz hartu beharko dira kontuan horietako bakoitzak Batasunaren intereseko habitatetan eragin ditzakeen ondorioak, Natura 2000 Sareko guneak, natura-balioko zonak, zarata, kutsatu egin daitezkeen lurzoruak eta presuntzio arkeologikoko guneak. Analisi horretan, ebaluazioa egiteko modua deskribatuko da, bai eta aurkitutako zailtasunak ere; esate baterako, eskatutako informazioa biltzean aurki litezkeen gabezia teknikoak, edo ezagutza eta eskarmentu falta.
Azterketak ingurumenaren osagai baliotsuenen gaineko kaltea (batez ere, proiektua garatuko den eremuko landaredi naturalaren eta faunaren gainekoa) minimizatzen duten hainbat analisi planteatu behar ditu.
Atala bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.
6.– Ingurumena zaintzeko programa.
Azterlanak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan, adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, ondorio garrantzitsuenen erreferentzia-balioak, bai positiboak bai negatiboak.
Ingurumena zaintzeko programak azterketan Ebazpen honetako F ataleko 2. epigrafea betetzeko proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu. Era berean, kasuan-kasuan datuak zein periodikotasun eta metodologiaren bidez jasoko diren azaltzeko proposamen zehatz bat jaso beharko du.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
Azterlanak aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat izango du; herritarrek oro har ulertzeko moduko informazio zehatza izango du, aztertutako alderdi guztiak landuko ditu eta, era berean, informazio grafikoa izango du, dokumentu autoaskia eta Azterlanarekiko independentea izan dadin.
G) Eragindako administrazio publikoei eta publiko interesdunari kontsultatzeko izapideetan kontsultatu beharko diren eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen identifikazioa.
2012ko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, ingurumen-organoak honako hauei kontsulta egitea proposatzen du:
– Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.
– Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza. Eusko Jaurlaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza.
– URA, Uraren Euskal Agentzia.
– Ekologistak Martxan Bizkaia.
– Eguzki. Eguzkizaleak Aisialdirako Elkartea.
H) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateen, iraupenaren eta epeen definizioa.
Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak edo, hala badagokio, sustatzaileak jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez.
Era berean, eta aurreko izapidearekin batera, 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsultatutako erakundeen iritzia jaso beharko du, gutxienez.
2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren arabera, gehienez ere hamabost hilabetekoa izango da Azterlana, arauaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako kontsultak eta informazio publikoaren prozedura gauzatzeko epea, irismeneko dokumentu honen erakunde sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik hasita.
I) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesional eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egingo dute azterlana, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterketaren egileak identifikatu egin beharko dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak izena, abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat izango ditu. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Azterketaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak alde batera utzita.
Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:
1.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, haien artean nahiz aurretik aurkeztutakoekin, halakorik bada, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz eta ez eragotziz.
2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).
3.– Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.
4.– Behar den ataletan, dokumentazio grafikoa eta kartografikoa gehitu beharko da (pdf-ek geoerreferentziatuta egon beharko dute); gutxienez, Planaren eta aurreikusitako jarduketen informazio kartografikoa aurkeztuko da.
5.– Agiri kartografikoez gain (.pdf formatuan), horien.shp formatuko kopia bana aurkeztuko da. Shape fitxategiak ongi manipulatu ahal izateko, ez dute 10 Mb–tik gorakoak izan behar.
6.– Plano guztiak kodearekin eta tituluarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.
7.– Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.
8.– Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek dagokion elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.
9.– Informazio jakin bat dokumentuko atalen baten zuzenketa gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den atala mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu zuzenketaren ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, atalak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.
10.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta inprimakiak erabilita, zehazki, helbide honetan:
http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/
11.– Dokumentu bat.pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egitea ahalbidetu beharko du. Dokumentu handiagoak zatitu egin beharko dira, sisteman txertatzeko.
12.– Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, adierazitako apartatuetako bakoitza zein orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean.pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.
13.– Organo sustatzaileak, datuak igortzean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen duela bermatu beharko du beti.
Laugarrena.– Lekeitioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.