EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019071

AGINDUA, 2019ko martxoaren 29koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan erregistratu behar diren datuak, bai eta bidali behar diren inprimakiak, irizpideak eta epeak ere.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201901843
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/10/31n argitaratutako 2018/10/23ko 201800151 DEKRETUA

Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa sortzeko eta arautzeko urriaren 23ko 151/2018 Dekretuak dioenez, Erregistroak guztiz operatibo egon behar du hiru hilabeteko epean, dekretuaren 4.4, 6.1 eta 7.1 artikuluetan aipatzen den agindua indarrean jartzen den egunetik hasita.
Arau horiek gaikuntza ematen diote Segurtasuneko sailburuari, bai agintaritzako agenteek bidali beharreko trafiko-istripuei buruzko inprimakiak onartzeko, bai agintaritzako agenteek eta gainerako informazio-iturriek egin beharreko bidalketari buruzko datuak, aldagaiak eta irizpideak zehazteko.
Inprimakien edukia gutxienez bat etorriko da informazioa Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera bidaltzeari buruzko estatuko arauetan ezarritakoarekin.
Esandako guztiagatik, agindu honen bidez abian jartzen da Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa, urriaren 23ko 151/2018 Dekretuaren xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraikiz.
Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da, batetik, onartzea zer datu bidali behar dituzten Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora Ertzaintzako agenteek, trafikoaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen diren udaltzainek eta behartuta dauden beste batzuek (Euskal Estatistika Erakundea, osasun-zentroak eta errepideen titularrak), eta, bestetik, zehaztea datu horiek bidaltzeko erabiliko diren irizpideak eta epeak.
2. artikulua.– Erregistro-datuak.
Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan honako hauek erregistratzen dira:
a) I. eranskineko inprimakian ezarrita dauden eta trafikoaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen diren agintaritzako agenteek bildutako datuak, kontuan hartuta II. eranskinean inprimakia betetzeko zehazten diren irizpideak eta biktimen sailkapena.
b) Euskal Estatistika Erakundeak, osasun-zentroek eta errepideen titularrek bidalitako datuak, IV. eranskinean zehaztuta daudenak.
3. artikulua.– Datuak bidaltzeko epeak.
1.– Trafikoaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen diren agenteek -Ertzaintzakoak, hiriarteko bideetan; udaltzaingoetakoak, hiri barruko bideetan- epe hauek dituzte datuak Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora bidaltzeko:
a) Hogeita lau ordu, istripua gertatu denetik, azkar ematekoak diren datuak (III. eranskinekoak) emateko, istripuaren ondorioz hildakoren bat izan bada edo ospitaleratua izan den zaurituren bat izan bada.
b) Hamar egun, istripua gertatu den egunetik, azkar ematekoak diren datuak (III. eranskinekoak) emateko, biktimak eragin dituen istripua izan bada eta aurreko apartatuan aipatzen den egoeraren bat gertatzen ez bada.
c) Istripua gertatu eta hilabetera, I. eranskineko inprimakiaren gainerako atalak osorik betetzeko.
2.– Euskal Estatistika Erakundeak, osasun-zentroek eta errepideen titularrek hilabeteko epea izango dute, Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroak eskatutako datuak bidaltzeko, eskatzen zaizkien egunetik zenbatzen hasita.
4. artikulua.– Biktimak eragin dituzten trafiko-istripuen estatistika.
Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan bildutako informazioa oinarria izango da biktimak eragin dituzten trafiko-istripuen estatistika prestatzeko, V. eranskinean bildutako estatistika-adierazle nagusien definizioen arabera.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 29a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
II. ERANSKINA
I. ERANSKINEKO INPRIMAKIA BETETZEKO IRIZPIDEAK ETA ISTRIPUETAN INPLIKATUTA DAUDEN PERTSONEN SAILKAPENA
A) Biktimak eragin dituzten trafiko-istripuen inprimakia (I. eranskina) betetzeko irizpideak:
1.– Biktimak eragin dituen trafiko-istripua.
1.1.– Ezaugarri hauek izan behar dituzte:
a) Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arauen eraginpean dauden bideetan edo lurretan gertatzea edo sortzea.
b) Istripuen ondorioz pertsona bat edo gehiago hiltzea edo zauritzea.
c) Istripuan, mugitzen ari den ibilgailu batek gutxienez egon behar du inplikatuta. Ibilgailuaren definizioa da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinaren 6. puntuan adierazitakoa. Horrenbestez, istripuak dira tranbiak, trenak eta errailetan dabiltzan gainerako ibilgailuak inplikatuta dauden kasuak ere, betiere zirkulaziorako gai diren eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina aplikagarri den bide eta lursail publikoetan gertatzen badira.
1.2.– Ez dira 1.1 apartatuan sartuko:
a) Baieztatutako heriotza naturalek, edo suizidio nahiz suizidio-saiakera zantzuak dituzten kasuek eragindako istripuak, salbu eta beste pertsona batzuei kalteak eragiten zaizkienean.
b) Giza hilketak, hirugarrenei nahita eragindako lesioak edo jabetzei nahita eragindako kalteak.
1.3.– Ibilgailu bi baino gehiagoren arteko talka anitzak istripu bakartzat joko dira, baldin eta bata bestearen segidan gertatu badira.
2.– Trafiko-istripu batean inplikatuta dagoen ibilgailua.
Ibilgailu bat zirkulazio-istripu batean inplikatuta dagoela joko da honako egoera hauetako bat gertatzen bada:
a) Ibilgailuak talka egin behar du:
– Mugitzen ari den edo geldirik edo aparkatuta dagoen beste ibilgailu batekin edo gehiagorekin.
– Oinezkoekin.
– Animaliekin.
– Beste oztopo batekin.
b) Talka egitera iritsi ez arren, istripuaren ondorioz gidaria edota bidaideren bat hiltzen edo zauritzen bada, edo bakarrik kalte materialak eragin baditu.
c) Ibilgailua bada istripuaren eragileetako bat, modu arriskutsuan geldirik edo aparkatuta egoteagatik.
d) Ibilgailuak edo bidaideak istripuan zuzeneko ondoriorik izan ez arren, gidariaren edo bidaideren baten portaera bada istripuaren eragileetako bat.
e) Ibilgailu baten gidaria edo bidaidea beste ibilgailu batek harrapatzen badu ibilgailura igotzen edo jaisten ari den unean, edo ibilgailutik bidera erori ondoren; kasu horietan, bi ibilgailuak inplikatuta daudela joko da.
3.– Trafiko-istripu batean inplikatuta dagoen pertsona.
Zirkulazio-istripuan inplikatuta daudela joko da aurreko puntuan adierazitako ibilgailuetako bidaideak, bai eta oinezkoak ere, zirkulazio-istripuak eragiten badie edo haien portaera istripuaren eragileetako bat izan bada, honako definizio hauei jarraituz:
a) «Gidaria»: istripua gertatzen den unean zirkulazio-istripuan inplikatutako ibilgailu baten direkzio-mekanismoa darabilen pertsona. Gidatzen irakasteko erabiltzen diren ibilgailuen kasuan, managailu gehigarrien ardura daukan pertsona da gidaria.
b) «Bidaidea»: gidaria izan gabe ibilgailuaren barruan edo gainean dagoen edozein pertsona, edo ibilgailura igotzen edo jaisten dabilen bitartean harrapatzen dutena. Ibilgailuaren direkzio-mekanismoa erabiltzeari utzi eta ibilgailura igotzen edo jaisten ari diren bitartean harrapatzen dituzten gidariak ere bidaidetzat jotzen dira.
c) «Oinezkoa»: gidaria edo bidaidea izan gabe zirkulazio-istripu batean inplikatuta dagoen edozein pertsona.
Oinezkotzat jotzen dira ume-kotxe bat, mugikortasun urriko pertsona baten kotxe bat edo motorrik gabeko beste edozein ibilgailu txiki bultzaka edo herrestan daramatenak; bi gurpileko ziklo bat, ziklomotor bat edo motozikleta bat oinez daramatenak; motordun nahiz motorrik gabeko gurpildun aulkian dabiltzan pertsonak; patinez edo antzeko gailuez dabiltzan pertsonak; ibilgailua konpontzen, bultzatzen edo beste edozer egiten dabiltzala ibilgailutik kanpo dauden pertsonak, eta ibilgailutik jaitsi ondoren oinez doazela harrapatzen dituzten gidariak nahiz bidaideak.
Halaber, oinezkotzat jotzen dira zela-abere baten gainean dabiltzan pertsonak eta animalia bat edo gehiago zuzentzen duten pertsonak, baina soilik istripuen formularioak betetzeko orduan, eta betiere kontuan hartu beharko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean ezarritako definizioak.
B) I. eranskinaren inprimakian aipatzen diren pertsonen sailkapena, trafiko-istripuetan inplikatuta daudenena.
1.– «Biktima»: trafiko-istripu baten ondorioz hiltzen edo zauritzen den edozein pertsona, honako sailkapen honen arabera:
a) «Hogeita lau ordura hildakoa»: trafiko-istripu baten ondorioz unean bertan edo ondorengo hogeita lau orduetan hiltzen den pertsona. Horretarako, ospitaleratutako zauritu guztien jarraipena egingo dute zirkulazioa zaintzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen diren agenteek.
b) «Hogeita lau ordu baino gehiago ospitaleratutako zauritua»: trafiko-istripu baten ondorioz ospitalean hogeita lau ordu baino gehiago ematen dituen pertsona.
c) «Hogeita lau orduz edo gehiagoz osasun-laguntza jasotako zauritua»: trafiko-istripu baten ondorioz zaurituta egonik ospitalean hogeita lau ordu baino gehiago eman behar izan ez duen pertsona, eta dagokion osasun-laguntza jaso duena.
Orobat biktimatzat jotzen dira beste erabiltzaile baten heriotza naturalak, suizidioak edo suizidio-saiakerak eragindako istripuaren ondorioz hildako edo zauritutako pertsonak. Sailkapen honetatik kanpo daude heriotza naturala izan dela baieztatutako kasuak edo suizidio-zantzua dutenak.
2.– «Lesiogabea»: trafiko-istripu batean inplikatuta egonik zauritzen denaren edo hogeita lau ordura hiltzen denaren definizioekin bat ez datorren pertsona.
III. ERANSKINA
I. ERANSKINEKO INPRIMAKIKO DATUAK, AZKAR EMATEKO DIRENAK
1.– Informazio orokorra. Istripua gertatu den lekua, ordua eta eguna, herria, kalea eta zenbakia, errepidearen izena eta kilometro-puntua, istripua gertatu den bidearen noranzkoa, istripuan inplikatuta dauden ibilgailuen kopurua, biktima-kopurua, hogeita lau ordura hil direnen kopurua, hogeita lau ordu baino gehiago ospitaleratutako zaurituen kopurua, hogeita lau orduz edo gehiagoz osasun-laguntza jasotako zaurituen kopurua, lesiogabeen kopurua, bide-mota, bidearen titulartasuna, lotunea, istripu-mota, zoruaren gainaldea, argiztapena, eguraldia eta kontrako noranzkoan zirkulatzea.
2.– Ibilgailuari buruzko informazioa. Ihesean joandako ibilgailua, suak hartutako ibilgailua, matrikula, nazionalitate-kodea, zenbat pertsona doazen auto barruan, istripua lotunearen eragin-eremuan gertatzen denean, ibilgailuaren kokapena bidean edo lotunetik zein hurbil dagoen, zirkulazioaren noranzkoa, ibilgailuak istripua gertatu aurretik egiten duen maniobra, eta aparkatuta dagoen ibilgailua.
Ibilgailuaren matrikula Espainiakoa ez bada, datu hauek ere emango dira: lehenengo matrikulazio data, marka, modeloa, ibilgailu-mota eta BGMa.
3.– Gidariari buruzko informazioa. Ibilgailu-kodea, jaioteguna, sexua, nazionalitatea, segurtasun-osagarriak, kaltegarritasuna, alkohol-proba: egindako alkohol-proba, 1. aire-tasa, 2. aire-tasa, alkoholaren eragina duten zeinuak, droga-proba: egindako droga-proba, testatutako substantzien probaren emaitza, drogen eragina duten zeinuak, gidariaren ustezko arau-hausteak, ustezko abiadura arau-hausteak, ustezko abiadura arau-hausteak eta beste arau-hauste batzuk.
4.– Oinezkoari buruzko informazioa. Jaioteguna, sexua, nazionalitatea, segurtasun-osagarriak, kaltegarritasuna, alkohol-proba: egindako alkohol-proba, 1. aire-tasa, 2. aire-tasa, alkoholaren eragina duten zeinuak, droga-proba: egindako droga-proba, testatutako substantzien probaren emaitza, drogen eragina duten zeinuak eta oinezkoaren ustezko arau-hausteak.
5.– Bidaideari buruzko informazioa. Ibilgailu-kodea, jaioteguna, sexua, nazionalitatea, ibilgailu barruko kokapena, segurtasun-osagarriak eta kaltegarritasuna.
IV. ERANSKINA
BESTE INFORMAZIO-ITURRI BATZUEK TRAFIKO ISTRIPUEN BIKTIMEN EUSKAL ERREGISTRORA BIDALI BEHARREKO DATUAK
V. ERANSKINA
TRAFIKO-ISTRIPUEN BIKTIMEN EUSKAL ERREGISTROAREN ESTATISTIKA-ADIERAZLE NAGUSIEN DEFINIZIOAK
Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan bildutako informazioaren ondoriozko estatistika prestatze aldera, adierazle nagusiak zehazten dira:
a) Istripuen larritasuna kontuan harturik:
– «Biktimak eragin dituen trafiko-istripua»: II. eranskinaren A) 1. puntuan deskribatzen diren gorabeherak biltzen dituen istripua.
– «Trafiko-istripu hilgarria»: biktimak eragin dituen trafiko-istripua, baldin eta gutxienez biktimetako bat hiltzen bada, eranskin honen b) puntuan xedatutakoari jarraikiz.
– «Trafiko-istripu larria»: biktimak eragin dituen trafiko-istripua, trafiko-istripu hilgarria ez dena, baldin eta gutxienez istripuan inplikatuta dagoen pertsona bat zaurituta badago, eta hogeita lau ordu baino gehiago ematen baditu ospitalean, eranskin honen b) puntuan xedatutakoari jarraikiz.
b) Lesioen larritasuna kontuan harturik:
– «Hildakoa»: trafiko-istripu baten ondorioz unean bertan edo istripua gertatu eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan hiltzen den pertsona. Hortik kanpo utziko dira heriotza naturala gertatu dela baieztatzen den kasuak eta suizidio-zantzuak dituztenak.
– «Hogeita lau ordu baino gehiago ospitaleratutako zauritua»: Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan halakotzat hartzen den pertsona oro, II. eranskinaren B) 1.b) puntuan zehaztuta dagoen bezala.
– «Hogeita lau orduz edo gutxiagoz osasun-laguntza jasotako zauritua»: Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan halakotzat hartzen den pertsona oro, II. eranskinaren B) 1.c) puntuan zehaztuta dagoen bezala.