EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019069

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen duena eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua lantzen duena, 1. proiektu banakatu honi dagokionez: «Sobrón sistemako hornidura-proiektua: Sobrón-presa-andela zundaketa-tartea, Arabako lurralde historikoa».

Xedapenaren data: 2019-03-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201901791
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko uztailaren 18an, URA – Uraren Euskal Agentziak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera bete zuen, zehazki, 1. proiektu banakatu honentzat: «Sobrón sistemako hornidura-proiektua: Sobrón-presa-andela zundaketa-tartea, Arabako lurralde historikoa», ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatzen denarekin bat.
Eskaerarekin batera, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 45.1 artikuluan aipatzen duen ingurumen-agiria bidali zen, 2016ko azaroko datarekin.
2018ko azaroaren 29an, kontsulta egin zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Zehazki, erakunde eta interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Arabako Lurralde Ordezkaritza) (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza Nagusia eta Bide-azpiegitura eta Mugikortasuneko Zuzendaritza (bi horiek Arabako Foru Aldundikoak); Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Lantaróngo Udala, Ekologistak Martxan Araba eta Eguzkizaleak elkartea.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (hirurak Eusko Jaurlaritzakoak), Lantaróngo Udala ea Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzua (Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak eskatuta); espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinetan sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Hizpide duguna, zenbait herrigune ur edangarriz hornitzeko lehen mailako sare berriaren proiektua da; hauek dira udalerriok: Lantarón (Sobrón, Bergüenda, Puentelarrá, Fontecha, Zubillaga, Comunión eta beste gune txiki batzuk), Erriberabeitia (Ribabellosa) eta Gaubea (Espejo). Gainera, Lantaróngo eta Ribabellosako industrialdeak ere barnean hartuko ditu sareak. Proiektua, zehazki, sarearen hasierako zatiaren gainekoa da; alegia, Sobróngo zundaketatik Sobrón herrigunera artekoa. Hoditeria berriaren ibilbidea Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroa (E110024) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren barnean dago, eta bi eremuok, Natura 2000 Sarean. Horrenbestez, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio.
21/2013 Legean, abenduaren 9koan, xedatzen dena betez eta eraginpean dauden administrazio publikoak eta interesa duten pertsonak galdekatuz, ingurumen-organoak behar dena xedatu du URA – Uraren Euskal Agentziak Lantaróngo udalerrian (Arabako lurralde historikoa) sustatutako «Sobrón sistemako hornidura-proiektua: Sobrón-presa-andela zundaketa-tartea» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko.
Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzita, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gain ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bestalde, 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da kontsulta gehiago egin beharko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko agiria egiteko.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da, eta, halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua idatzi behar den.
Hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, 1. proiektu banakatu honi dagokiona: «Sobrón sistemako hornidura-proiektua: Sobrón-presa-andela zundaketa-tartea (Araba)», Uraren Euskal Agentziak sustatua. Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar da, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeelako, jarraian zehazten denaren arabera:
A) Proiektuaren ezaugarriak.
Hizpide dugun proiektua proiektu orokorrago baten hasierako fasea da; eskualdeko ur-hornidurako Sobrón sistema hobetzea. Hala bada, lehen mailako sare berri bat eraikiko da, hauek barnean hartuta: Sobrón I.a andelaren ondoan kokatutako ur gordinaren punpaketa eta ur gordinaren hoditeriaren lehen zatia (3.023 m luzekoa; punpaketa berri horretatik Sobrón egungo andelaren inguruetara).
Hizpide duguna, zenbait herrigune ur edangarriz hornitzeko lehen mailako sare berriaren proiektu orokorraren barnean dago. Hauek dira udalerriok: Lantarón (Sobrón, Bergüenda, Puentelarrá, Fontecha, Zubillaga, Comunión eta beste gune txiki batzuk), Erriberabeitia (Ribabellosa) eta Gaubea (Espejo). Gainera, Lantaróngo eta Ribabellosako industrialdeak ere barnean hartuko ditu sareak. Proiektua, zehazki, sarearen hasierako zatiaren gainekoa da; alegia, Sobróngo zundaketatik Sobrón herrigunera artekoa.
Proposamenaren arabera, erabilera anitzeko sare nagusia eraiki nahi da Sobróngo zundaketatik etorkizunean eraikiko den EUAra, Sobrón I.a zundaketatik eta zundaketa nagusitik jariatzen diren emarien aprobetxamendu osoa xede (hurrenez hurren, 116 l/s eta 5 l/s). Hoditeriak 120 l/s-ko gehieneko emaria onartuko du, nahikoa egungo eta etorkizuneko populazioen beharrak (hirigintza-planeamenduko etxebizitza-eskaintzaren saturazioaren arabera zenbatetsita), industria-jarduerarenak eta garrantzi gutxiagokoak (kale-garbiketa eta berdeguneak ureztatzea edo azienda-hornidura) hornitzeko. A-2122 errepidearekiko paraleloan eraikiko da hoditeria.
Jarduketa hauek aurreikusten dira, obra egiteko 12 hilabeteko epea kontuan hartuta:
– Hornidura-hoditeria instalatzea, 500 mm-ko diametrokoa, Sobrón zundaketatik Sobrón herrigunera artean (3.032 m). Urtegiko presara arte, A-2122 errepidearekiko paraleloa da. Errepidea ere zeharkatzen du, eta ibai hondotik egiten du aurrera. Landa-bide batetik gora iristen da Sobrón herrigunera. Egungo ibilbidearekiko lotunea dagoen kutxatilan dago helmuga.
– Sobrón I.a andelaren ondoko ur gordinaren punpaketa: Ideal RNI 50-32 H modeloko bi punpa; 310 mm-ko gurpila, 10 l/s-ko emari izendatua eta 7,5 kW-ko potentzia izendatua. Punpatze-estazioa, kaudalimetro-kutxatila eta elektrizitate-elektrikoa.
– Barnealdea egokitzea eta egungo kutxatila handia birgaitzea: bai barnealdea, bai kanpoaldea, hormak garbitzea, pitzadurak zigilatzea eta mortero hidrofugoz eta pinturaz gainestaltzea. Leiho berri bat egitea eta egun dagoena zigilatzea, hargune-kutxatila eta xurgapen-putzua egitea.
– Ibilbidearen zati batean nahikoa leku dago ezpondak kaltetu gabe zanga zabaltzeko. Alabaina, 873 m-ko tarte batean, ezpondak atzeraeraman beharko dira, aurre-ebaketa eta leherketa bidezko lur-erauzketak eginez. Zatian lur-soberakinak daude; 29.765,178 m
– Soberakindegia Sobróngo presatik metro gutxira dagoen lursail batean egongo da; 3.000 m
– Drainatze-sarea: errepideko arekak birjarriko dira, lau drainatze-obretara hustuko direnak.
Sistema osorik egon arte, punpaketa eta hoditeria Sobrón II.etik Sobrón andelera doan bigarren mailako hoditeriara eta Sobrón I.etik Bergüenda, Fontecha eta Puentelarrá guneetara doan bigarren mailako hoditeriara konektatuta egongo dira.
B) Proiektuaren kokapena.
Arabako lurralde historikoan egin nahi da proiektua, zehazki, Lantarón udalerrian, Ebro ibaiaren ertzetan. Ibilbidea Sobrón I.a zundaketatik (urtegiaren ertzetik) Playako puntaren gainean dagoen andelera artekoa da, A-2122 errepidearekiko paraleloa. Akuiferoak kutsatzeko arrisku handia dagoen eremua da; izan ere, Sobrón menditik ibai-ibilgu asko jaisten dira, ur-masa nagusietara isurtzeko, izan Ebro ibaian, izan Sobróngo urtegian.
Proiektuaren eremuaren ingurumen-ezaugarriei dagokienez, honako hau nabarmendu daiteke:
– Eremua naturagune hauen barnean dago: Ebro ibaia (ES2110008) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroa (ES2110024) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE). Gainera, Artzenako medilerroaren eta Arabako haranen arteko lotura-korridoreko moteltze-eremuan dago (Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarea).
– Valderejo-Sobrón-Artzenako mendilerroa KBE-HBBEa landare-aberastasunagatik nabarmentzen da, askotariko habitatak hartzen ditu barnean eta izaera atlantikoko eta mediterraneoko inguruneen elkargunea da. Beraz, fauna-interes handiko eremua da, kudeaketa-planen bat duten sei espezie bizi baitira bertan, eta Habitaten Zuzentarauaren I. eranskinean sartutako Batasunaren intereseko 28 habitat mota baino gehiago daude. Kontserbazio-egoera onean dauden ekosistema ugari dago; askotarikoak dira mehatxatutako landare-espezieak, eta asko fauna-espezieak.
– Ebro ibaiaren erriberak dira gaur egun bisoi europarraren (
– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lursail bat dago proiektuak eragina izango duen esparruan, zehazki 01902-00014 kodeaz jasotakoa (zabortegi-jarduketa izan du lursail horrek).
– Proiektuak eragina izango duen eremuan ez dago kultura ondarearen izendapena duen elementurik, Euskal kultur ondarearen 7/1990 Legearen arabera. Alabaina, hoditeria berriaren ibilbidea interes arkitektonikoko hiru elementu higiezinen ondotik doa: presa (kultur ondasun izateko hautagaia), Los Tres Hermanos ostatua (udal hirigintza-planeamenduak soilik babesteko hautagaia) eta Ortiz de Zarate Egoitza (kultur ondasun izateko hautagaia).
C) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta haren ezaugarriak ikusirik, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, eta hauen ondoriozkoak izango dira: hornidura-hodiak ordezteko zangak irekitzea eta lurrak erauztea, eta makinen joan-etorriak. Jarduketa hauetatik eratorritako ingurumen-afekzioak obretan ohikoak direnak izango dira: lur-soberakinak, zarata eta bibrazioak, kalitate atmosferikoaren murrizketa, hondakinen sorrera, ibilgura isurtzeko arriskua... Hauek izango dira nabarmenenak:
belar-sastrakak kentzea, ibilgailuen joan-etorria, makinen funtzionamendua, eraisketak eta lur-erauzketak izango dira eragin nagusiak natur espazioetan, bai landaredia zuzenean kentzeagatik, bai bertako faunari enbarazu egiteagatik, bai kutsadura-arriskuagatik; esaterako, hondakinak behar ez bezala kudeatuz gero, inguruneak ingurumen-kalitatea gal dezake edo Ebro ibaiko uren kalitateak okerrera egin. Inpaktuok eragina izan dezakete interes naturalistiko handiko hainbat landaredi-azaleraren gainean, Batasunaren intereseko zenbait habitat barne, eta horrek arriskupean jar ditzake EAEko Natura 2000 Sarean sartutako eremuen kontserbazio-helburuak, Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroa KBE-HBBEari (ES2110024) dagokionez eta Ebro ibaia KBEari (ES2110008). Aipamen berezia merezi du soberakindegiak. Instalazio horiek aldaketa handiak eragin ditzakete natur ingurunean, tamainagatik eta behin betikoak direlako.
Afekzio horien ingurukoa da espedientean jasota dagoen Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena. Bertan ondorioztatzen denaren arabera, ingurumen-txostenean ez dira nahikoa aztertu natur ondareak, oro har, eta Natura 2000 Sareak, zehazki, nozi ditzaketen afekzioak; beraz, ezin bazter daiteke eremu horretan afekzio nabarmenak gertatzea, non eta ez diren zehatz aztertzen gutxienez alderdi hauek: behin-behinean nahiz behin betiko eragindako gainazalen azalerak; bertako habitaten kontserbazio-egoera; eta funtzionaltasun ekologikoa. Eragindako habitaten ezaugarriak nahitaez zehaztu behar dira; espezieak, banaketa, aleen egitura, etab. Halaber, zehaztasun handiagoz adierazi behar da jarduketa egingo den landare-estalkia zer motatakoa den, jarduketok ingurunean izango duten inpaktuaren nolakoa zehaztu ahal izateko. Gainera, egingo diren lanei buruzko xehetasun funtsezkoak eman behar dira; tarte bakoitzean behar den lan-eremua, zein diren obra-eremuak, hoditeriaren zortasun iraunkorra, etab.
Aipagarriak dira kultura-ondarearen gaineko inpaktuak ere. Zuzenean eragingo zaio presari.
Azkenik, paisaia-inpaktua ere aipatzeko modukoa da, batez ere ezponda berrien eremuan; batzuk 26 m-ko altuerakoak izango dira, eta paisaia-kalitate eta -kalteberatasun handiko eremua dena nabarmen itsustuko da. Horiek horrela, behar-beharrezkoa da zangak irekitzeko eta hoditeria ezartzeko ordezko konponbideak aztertzea, natur ingurunean eta paisaian eragindako afekzioa arinagoa izateko.
Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko agiria prestatzea, Ebazpen honen I. eranskinean adierazten diren terminoetan.
Hirugarrena.– URA – Uraren Euskal Agentziari eta Lantaróngo Udalari ebazpen honen berri ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 13a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
I. ERANSKINA
1.– Irismen-dokumentua. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, eta xehetasun- eta zehaztasun-maila.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, 3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrak, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, xedatzen dituztenak.
Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:
a) Proiektuaren deskribapen orokorra eta denboran zehar lurzoruaren erabilerari eta bestelako natura-baliabideei buruzko aurreikuspenak. Isuritako hondakin-motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-emisioak balioestea.
b) Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.
c) Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.
d) Inpaktuen identifikazioa eta balioespena: proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gain, ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne, izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.
Proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetan ondorioak eragingo dituenez, berariazko apartatu bat jasoko du gune horietan izango dituen eraginak ebaluatzeko, eremu horiek kontserbatzeari lotutako helburuak kontuan hartuta.
e) Proiektuaren kaltegarritasuna. Proiektuak ingurumenean izango dituen eragin kaltegarri nagusiak zehaztea, istripu larriak eta/edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta.
f) Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.
g) Ingurumena zaintzeko programa.
h) Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterlana egiterakoan izandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.
Ondorengo apartatuetan xehetasun gehiagorekin garatu da ingurumen-inpaktuaren azterlanak izan behar duen irismena, proposatutako jarduerak eta horien eragina jasango duen ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, bai eta egin diren kontsulten emaitzak ere.
1.1.– Proiektuaren eta egintzen deskribapena.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapen bat izan behar du barne, bai eta denborarekin aurreikusi daitezkeen beharren azalpen bat, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, isurien eta igorpenen mota eta kopurua eta, zehazki, ingurumen-baldintzengan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai gauzatze-fasea bai funtzionamendu-fasea aintzat hartuz.
Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzea helburu dela.
Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jardueratik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, bereziki, honako hauetatik: pistak zabaldu edo lehendik ere dauden sarbideak egokitzetik, lanerako zelaiak kokatu, gaitu eta euskarrien materiala metatzetik, obrarako instalazio lagungarriak ezartzetik, zangak irekitzeko aukeratutako metodoagatik eta erabilitako makinengatik, lurrak eta obra zibileko materialak kendu eta metatzetik, eta hondakinak kudeatzetik. Jarduera hauek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litezkeen efektuak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.
Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek xehetasunez azaldu beharko dira:
– Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.
– Jarduketa-esparrua eta hoditeriak behar izan dezakeen zortasun-zerrenda zehaztea.
– Biztanleguneetara eta etxebizitza isolatuetara dauden distantziak.
– Jarduketaren zehaztasunak. Proiektuaren ezaugarriak. Guztizko azalera-beharrak.
– Hoditeriaren ibilbidea eta guztizko luzera.
– Proiektuko hoditeria-tarte bakoitzaren deskribapen xehatua, ezaugarriak eta luzera (kokapena, neurriak eta okupatutako azalera, landare-estalkiaren egoera, erriberako landareak kimatzeko edo kentzeko premia, etab.).
– Tarte bakoitzean zangak irekitzeko eta hoditeria ezartzeko aukeratutako metodoa, eta behar den lan-eremua, kasuan-kasuan aurreikusitako ingurumen-afekzioetan oinarrituta.
– Obra zibila egiteko beharra:
– Lanerako eta materialak metatzeko plataformak zehatz mugatzea, eta behar diren egokitzapen-lanak deskribatzea, jarduketotan okupatuko diren Batasunaren intereseko habitat motak eta azalerak zehatz zenbatetsi ahal izateko.
– Obrarako pista eta sarbide gehigarriak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak. Haien trazaduraren justifikazioa. Ezaugarriak eta dimentsioak. Dauden bideak aldatzen badira, aldaketen deskribapena. Bideen eraikuntza-xehetasunak emango dira maldaren aldeko gune kritikoetan, ur-ibilguekiko bidegurutzeetan, isurketetan, etab. Obra-sarbideak aukeratzen eta horien trazaketa diseinatzean, irizpide hauei jarraituko zaie:
– Ahal bezain beste baliatuko da lehendik dagoen bide-sarea.
– Landarediaren gaineko afekzioa minimizatuko da: arreta berezia jarri beharko zaie Batasunaren intereseko habitatetan eragin daitezkeen kalteei.
– Ur-ibilguen gaineko eraginak saihestuko dira.
– Lur-mugimenduak murriztuko dira.
– Erosio-arriskuen hazkundea minimizatuko da.
– Lurraren okupazioa minimizatu eta inguruko biztanleei eragozpenak sortzea saihestuko da.
– Kultura-ondarearen gaineko afekzioak saihestuko dira.
– Obrako instalazio lagungarrien kokalekua eta ezaugarriak: makineria-parkeak, lehengaiak eta indusketa-materialak metatzeko guneak, etab. Proiektuaren afekzio-eremuan eta haren inguruan dauden gune kalteberenak ez dira instalazio horiek kokatzeko egokitzat hartuko.
– Segurtasun-kalerako aurreikusitako zabalera, proiektuak kalean aldaketak egitea badakar.
– Lurren mugimenduaren balantzea.
– Sortuko den erliebearen ezaugarriak, egungo eta lur-mugimenduaren osteko egoeren profil topografikoak barne.
– Lurren mugimenduaren balantzea. Lurren balantzea kalkulatzea:
– Ekarpenak: hala badagokio, proiektua gauzatzeko behar diren ekarpeneko materialak. Obratik kanpoko materialaren bolumenaren zenbatekoa. Material horien jatorria eta ezaugarriak. Ekarpenak lortzeko zonak identifikatzea. Hala dagokionean, jarduketok eragindako afekzioak, neurri zuzentzaileak eta afekzio horiek minimizatzeko kontrolak, ekarpen-eremuen eta horiei loturiko azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000).
– Soberakinak: obra-ingurunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinak zenbatzea. Materialon gaineko kudeaketa-proposamena, soberakindegiaren ordezko kokaguneak, erabakiaren justifikazioa, jarduketok eragindako afekzioak (soberakindegira bitarteko garraioaren arazoari buruzko azterlana barne, kamioien zirkulazioari loturiko inpaktua aztertuta), eta afekzioak minimizatzeko neurri zuzentzaileak eta kontrolak. Soberakindegi(ar)en eta horiei loturiko azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000). Soberakindegia non kokatu erabakitzeko, irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:
– Lehentasuna emango zaio soberakinak obra honetan edo ingurukoetan, edo eremu degradatu hurbilekoen lehengoratze-obretan berrerabiltzeari.
– Ur-ibilgu iraunkorrak dituzten ibarbideak salbuetsita geratuko dira, baita natur intereseko flora eta fauna komunitateak ere.
– Dauden bideak eta errepideak erabiliko dira ahal den guztietan.
– Soberakindegietarako sarbideek eragindako populazioaren gaineko afekzioa ahal den guztian minimizatuko da.
– Proiektuaren fase guztietan sortutako hondakinak eta haien helmuga, lur-mugimenduen soberakinak barne. Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira, eta Dekretu horren 4. artikuluan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) aipatutako Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.
– Igorpenen (hautsa, zarata, bibrazioak) eta isurketen ekoizpena, horien izaera, tratamenduak.
– Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren jarduketak egoteko aukera zehaztea.
– Kalte litezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, bideak) etetea eta berriz jartzea.
– Obra-plana. Obra gauzatzeko epea. Jarduketarako zenbatesten den iraupena.
Atal horretako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektatutako jarduketen oinplanoko planoak, luzetarakoak eta zeharkakoak barne.
Besteak beste:
– Hoditeriaren trazadura eta luzetarako profila, sarbideak eta instalazioari atxikitako gainerako azpiegiturak adierazita (bide-sarea, materialak pilatzeko eremua, etab.).
– Trazadura edo segurtasun-kalea aldatzen bada, segurtasun-kaleko azalera mugatzen den oinplanoko planta erantsi beharko da.
– Hala badagokio, eragindako zerbitzuak eta berrezarpenak.
– Proiektatutako instalaziotik gertuen dauden etxebizitzak kokatu beharko dira oinplanoko planoan.
1.2.– Ordezko aukeren azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere. Aukera onenaren hautaketa oinarritu beharko da irizpide anitzeko analisi global batean, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.
Hautabideen balorazio-prozesu honetan, aintzat hartuko dira hainbat alderdi, esaterako, baldintza geomorfologikoak, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dauden ala ez, arriskuan dauden flora- eta fauna-guneak, ur-puntuak eta ondare arkeologikoaren elementuak, bai eta paisaian izango duten eragina. Hizpide dugun kasuan, eragindako ingurunearen azalerari eta egoerari buruzko datuak zehatzak izan behar dira, eta jarduketek eragindako landare-estalkiaren ezaugarriak zehaztu; espezieak, banaketa eta aleen egitura (aniztasuna, adina, dentsitatea, etab.).
Azterlanak hainbat soluzio proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, eremuko osagai baliotsuenetan (proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturala, mehatxupeko fauna eta flora, eta kultura ondarea –tartean, kultur ondasun izateko hautagai den presa bera–) afekzioa minimizatzeko. Eremu horren ingurumen-sentikortasun berezia ikusita, hautabideen azterketak kontuan hartuko du eskura dagoen teknika onena erabiltzea. Halakotzat hartuko da guneko kontserbazio-helburu diren elementuen gaineko inpaktua minimizatzeko eraginkorrena eta aurreratuena dena, baldintza teknikoki bideragarrietan.
Azkenik, hartutako erabakia argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta eremuko ondare- eta ingurumen-osagaien afekzioa ahal den guztian minimizatuko da.
1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskripzioa.
Apartatu honetan, eremua deskribatuko da, elementu baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-ezaugarriak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.
Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).
Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.
Aurrekoa gorabehera, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen inbentarioak honako alderdiak hartuko ditu barne:
– Eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.
Atal horretan, eraginpeko komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak dauden, eskualde-mailan, naziokoan, Europakoan nahiz nazioartekoan.
Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) 1. eranskinean sartutako interes bereziko habitat askotarikoak daudela, kasu batzuetan lehentasunezkoak eta, hain zuzen, habitat horiek kontserbatzeko izendatutako EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan sartutakoak.
Aurrekoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren azterlanak zehatz-mehatz xehatuko du jarduketen eraginpeko landaredi mota bakoitzaren azalera, ezaugarriak, aleen heldutasuna eta balio ekologikoa, azterketa berezia eginez proposatutako aldi baterako lan-zelaietako bakoitzerako eta, hala badagokio, proiektuaren ondoriozko gainerako jarduketetarako.
Halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontuan hartu behar du mehatxatutako espezieentzat interesekoak diren guneak (ugaltze-, babes- eta elikatze-tokiak) egon daitezkeela, eta Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroa KBE/HBBE eta Ebro Ibaia KBE eremuen kudeaketarako funtsezko elementu direla. Era berean, barne hartu behar ditu eraginpeko habitatarentzat eta espezieentzat beharrezkoak diren baldintzak mantentzera bideratutako prebentzio-, babes- eta konpentsazio-neurriak.
Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta neurri babesgarri eta zuzentzaile egokiak ezartzeko, kartografia xehean zehaztu beharko dira Batasunaren intereseko eremuen banaketa, bertako baso-komunitateak eta mehatxatutako espezieentzat interes berezikoak diren guneak, proiektuaren afekzio-eremuan, sarbideak barne.
Eraginak pairatuko dituzten landare eta animalia komunitateen analisiak honako alderdiak jorratuko ditu:
– Kontserbazio-maila. Egiturazko konplexutasuna. Landaretza naturala, bertako espezieen ikuspuntutik eta estaldura-mailaren ikuspuntutik.
– Espezie katalogatuen eta babestuen presentzia.
– Bestelako alderdi sentikorrak.
– Korridore ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.
Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterlanak lurraldearen konektibitate ekologikoari dagokionez proiektuaren eragina aztertu beharko du, eta, hala badagokio, behar diren prebentzio, zuzentze eta konpentsazio neurriak proposatu beharko ditu.
– Geologia eta geomorfologia.
Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten gune, eremu eta ibilbideak identifikatzea.
– Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.
– Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko zonaldeen, birkarga-zonaldeen, hustutegien eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta zonalde horien eta proiektuaren arteko erlazioa.
– Sare hidrologikoaren ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen, ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioaren elementu guztien artean dauden elkarreraginak adieraziko dira.
– Inbentario bat egingo da, eta bertan jasoko da zer ur-gune eta gertuko biztanleguneak hornitzeko zer sistemak (urak biltzea, biltegiratzea eta banatzeko sareak) gera litezkeen hornidura-sarea eta hari erantsitako egiturak aldatzeko obren eraginpean. Inpaktuen artean sartu beharko da kontsumo uretan gerta daitekeen afekzioa, balorazioa eginda.
– Paisaia.
Proiektuaren afekzio-esparruaren ezaugarriak kontuan hartuta –Arabako lurralde historikoko paisaia berezien eta bikainen katalogoan, 11. «Sobrón mendiak – Bachicabo» eremua «Paisaia bikain» gisa sailkatuta dago–, errepide alboko ezponda berrien inpaktua zehaztasun handiz aztertu beharko da, egungo eta proiektua gauzatu osteko egoerak alderatuta. Kontuan hartu beharko da ezponda berriak erregulartasun handiegia ez izatea, eta, ondorioz, harkaitzek itxura neurri batean naturala izatea ahalbidetuko duten baliabideak erabiltzea. Ezinezkoa denean, harkaitzen zahartze naturalizaturako teknika bereziak aplikatu beharko dira, paisaian errazago txertatzeko.
– Jarduketaren ikusgaitasuna ikuspegi-eremuaren hainbat gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz.
– Kalitatea.
– Kalteberatasuna.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanean zehaztu beharko da proiektuaren eremuko zer lurzoru egon daitekeen kutsatuta, eta, halaber, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 23. artikuluan aipatutako baldintzetako baten bat betetzen den.
Era berean, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera lurzoru kutsatuen arloan aplikatzekoak diren betekizunak betetzeko beharra gorabehera, kokaleku horien gainean afekziorik eragiten bada, induskatuko diren materialen karakterizazioa egin beharko da, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.
– Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontuan hartu behar du proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-ondasunen gain eragin daitekeen kaltea. Ondasun horiek identifikatzeko, kontuan hartuko dira inbentario hauek: Euskal Kultura Ondarearen Inbentario nagusia eta Arkeologia Ondarearen Inbentarioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarenak biak ala biak, eta beste erakunde batzuetan dauden inbentarioak (foru-aldundiak, udalak edo beste batzuk).
Irismen-dokumentu honen 1.2 puntuan aipatzen diren hautabideen azterketak kontuan hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera egindako kontsultari erantzuteko adierazitakoa (espedientean jaso da), eta xeheki aztertu beharko ditu proiektuak zer afekzio izango dituen txostenean identifikatuta dauden interes arkitektonikoko hiru elementu higiezinetan, presan nagusiki.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.
Dokumentazio grafikoa.
Atal honetan, jarduteko eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenei buruzko irudi kartografikoak jaso behar dira, eskala handian zein xehetasunez, eta kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazi beharko da. Besteak beste, plano hauek hartuko dira barne: Batasunaren intereseko habitaten mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko florarako eta faunarako garrantzitsuak diren eremuenak, eta proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.
Halaber, sintesi kartografia bat prestatuko da ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.
1.4.– Jarduketak eremu hartzailean izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta karakterizatzea.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Afekzioaren munta zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragindako baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereizi beharko dira.
Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, horretarako abenduaren 9ko ingurumen-ebaluazioaren inguruko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliz. Kasu honetan, funtsean, honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunekoa, neurri zuzentzaileak hartuta.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanean, baloratzeko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, eragin mota bakoitzaren arabera mugako balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Bereziki, eta besteak alde batera utzi gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta eragindako eremuarenak, ingurumen-inpaktuaren azterlanak gutxienez ingurumen-inpaktu hauek baloratu beharko ditu: Batasunaren intereseko habitaten, bertako landaredi naturalaren eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioagatik lurzoruaren eta natura-baliabideen galerarekin lotutakoak; eta espezie horietako populazio edo aleei, horien umatze-tokiei edo egontokiei sortutako eragozpenekin lotutakoak. Paisaiaren gaineko inpaktuak ere garrantzizkoak izango dira, paisaia-naturaltasun eta -kalitate handiko eremuetan gertatuko baitira afekzioak. Kontuan hartuko da, orobat, zer eragin izango duen proiektuak giza osasunaren eta lasaitasun publikoko baldintzen gain, bereziki, lanak gauzatu bitartean.
1.5.– Natura 2000 Sareko guneen gaineko afekzioak.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 35. artikuluak adierazten duen bezala, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere afekzio-eremuan dauden Natura 2000 Sareko guneetan izango dituen eraginei buruz, kontuan hartuta eremu horien kontserbazio-helburuak. Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroa KBE/HBBE eta Ebro Ibaia KBE eremuen afekzioetan, ebaluazioa bereziki xehatua izan beharko da; lan-zelai bakoitzak eta horri loturiko egiturek eragindako azalera hartuko da kontuan. Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta 21/2013 Legean jasotakoaren arabera, atal horretan egongo da proiektuak aipatu eremuan izango dituen ondorioen ebaluazioa, kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Halaber, banan-banan zenbatetsiko dira eremu horiei egungo izendapena emateko bide izan ziren habitaten elementu funtsezkoetan eta espezieetan gerta daitezkeen aldaketak.
– Sistema ekologikoaren osagaien egitura eta funtzioa, eta tokiko funtsezko prozesu ekologikoen identifikazioa.
– Tokiko lehentasunezko eta gainerako habitaten eremua, adierazgarritasuna eta kontserbazio-egoera.
– Tokian dauden espezieen populazioa, isolamendu-maila, ekotipoak edo tokira egokitutako populazioak, talde genetikoa, adin-egitura eta kontserbazio-egoera.
– Tokiak eskualde biogeografikoan eta Natura 2000 Sarearen koherentzian duen garrantzi erlatiboa.
– Tokian identifikatutako beste elementu eta funtzio ekologiko batzuk.
Aipatu informazioa osatzeko, kontsultatu Natura 2000 Sarean afekzioak eragin ditzaketen proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko behar den ingurumen-arloko dokumentazioa osatzeko jarraibideak (Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa), zehazki, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukiari buruzko apartatua.
Informazio nahikoa eta zehatza aurkeztu beharko da, argudio egiaztatuez gain, proiektuak aipatu eremuetan kalterik egingo ez duela frogatzeko, kontserbazio-helburuak kontuan hartuta.
1.6.– Proiektuaren kalteberatasuna.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren azterlanak barnean hartuko du proiektuak istripu larrien edo hondamendi naturalen ondorioz jasan ditzakeen kalteetatik eratorritako arriskuen ebaluazioa, eta ingurumenean izan ditzakeen kontrako efektuen gainekoa, halakorik gertatuz gero, edo apartatu hau proiektuan aplikatu behar ez izatearen justifikazioa.
1.7.– Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanak ingurumen-eragin kaltegarri nagusiak ekiditeko, murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu eremuko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.
Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarri bihurtzen duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren partida guztiak.
Neurrien proiektuak bereziki zaindu beharreko alderdiak honako gaiekin loturikoak izango dira: Batasunaren interesekoak diren habitatetan eta espezieengan eraginak ekiditea, korridore ekologikoaren funtzionaltasunari eustea eta paisaia-afekzioak prebenitu eta zuzentzea. Modu berean, proiektuaren izaera ikusita, hauts eta zarata ahalik eta gutxien, eta biztanleei ahalik eta eragozpen gutxien sortzea ere kontuan hartu beharko dira, besteak beste.
Zehazki, alde batera utzi gabe txosten honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren neurri zuzentzaileak, neurri hauek hartuko dira neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen proiektuan:
– Obra-aldian sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.
Kontuan hartu beharko dira xede hauek dituzten neurriak:
– Lurrazaleko ur-ibilguen eta hari lotutako landarediaren gaineko zuzeneko afekzioa saihestea.
– Metatze-guneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko afekzioa saihesteko ibai- eta akuifero-sisteman.
– Drainatze-sarera isuritako hondakin finak minimizatzea, hondakin finak atxikitzeko gailuen, eta obrako-urak, jariatze-urak eta bestelako hondakinak bideratzeko eta dekantatzeko gailuen bitartez. Makineria-parkeak eta obraren eremu osagarriak iragazgaiztea.
– Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredia eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak.
– Bereziki, Batasunaren eta eskualdearen interesekoak diren habitaten eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioa minimizatzeko neurriak.
– Landarediaren gaineko afekzioa murrizteko prebentzio-neurriak.
– Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak.
Proiektuak eragindako eremu guztiak lehengoratzeko aurreikusitako neurri babesle eta zuzentzaileak. Soberakindegiaren proiektuak exekuzio-proiektu ororen apartatuak izango ditu: memoria (proposatutako tekniken justifikazioa, lursaila egokitzeko lanak, landare-lurra bereizita erretiratu eta hedatzea, hautatutako espezieak, populazio-dentsitatea, landare-tipologia, hidroereiteen osaera eta dosiak eta mantentze-eragiketak), neurketen taula, obra-unitateen definizioa, zehaztapen teknikoen plegua eta aurrekontu banakatua. Gainera, lehengoratze-jarduketen kronograma ere aurkeztu beharko da.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Hondakinak obren fasean kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena. Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, hauekin bat: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenaren, 4.1.a) artikuluarekin; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuarekin, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko denarekin.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanak proiektuaren afekzio-eremuan kokatutako kultura-ondarea babesteko behar diren neurriak jasoko ditu, eta arreta berezia jarriko die presari eta arloko organo eskudunak adierazitakoei.
1.8.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-inpaktuaren azterlanean finkatutako kalitate-helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.
Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere bai.
Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira hori beharrezkoa den parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua aurkeztu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko. Proiektuari buruz eta proiektuak eremuan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programa honek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:
Hoditeriaren eta erantsitako instalazioen obrak egiteko fasean, kontuan hartu behar dira:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Intereseko landarediaren gaineko afekzioak kontrolatzea.
– Mehatxupeko flora eta fauna espezieen gaineko afekzioak kontrolatzea.
– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko afekzioak kontrolatzea.
– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen, zementu-esneen eta lur-mugimenduen ondorioz, eta proiektuaren afekzio-eremuko biztanleguneetako biztanleei eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
– Indusketa kontrolatzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen gaineko afekziorik badago.
– Presaren inguruneko jarduketen eta leherketen ondoriozko arrisku geoteknikoak kontrolatzea.
– Lur-mugimenduen kontrol arkeologikoa.
– Lehengoratzea kontrolatzea, lehengoratzen diren eremuetan.
– Aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Funtzionamendu-fasean, lehengoratzearen arrakasta kontrolatu beharko da.
1.9.– Laburpen ez-teknikoa.
Laburpen dokumentu bat idatzi beharko da, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.2 artikuluan ezarritako ezaugarriak izan beharko ditu. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak eremuari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko eta/edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
2.– Dokumentazio teknikoaren aurkezpena.
Atal honetan ezarritakoa betetzeko, dokumentazioa aurkezteko gidaliburuaren arabera prestatuko da dokumentazioa. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian eskuratu daiteke, eta haren edukiak jarraian jaso dira:
1.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoenekin, halakorik bada, erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana errazteko eta ez eragozteko.
2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Prozedura industrialek, ekipamenduek eta instalazio lagungarriek izen berberak eduki beharko dituzten aurkezten den dokumentazio guztian eta, behar izanez gero, kodetu egin beharko dira.
3.– Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.
4.– Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, behar den ataletan.
5.– Plano guztiak beren kodeekin eta edukia azaltzen duten izenburuekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta numerikoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den. Kodea eta izenburua sustatzaileak egoki deritzonak izango dira, baina geroago aipatuko dugun artxiboaren izenarekin ez da nahasi behar hori.
Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.
6.– Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek, dagokion elementua (kodea eta artxiboaren izena, gutxienez) erraz aurkitzeko moduan egingo dira.
7.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita, zehazki, helbide honetan:
7.1.– Dokumentuak .pdf formatuko artxiboetan aurkeztu beharko dira, artxibo bakoitza gehienera 30 MBekoa dela eta bilaketak egitea zilegitzen dutela. Tamaina handiagoko artxiboak zatitu egin behar dira sisteman txertatu ahal izateko.
Logotipo, goiburu eta orri-oinetan kolorerik ez erabiltzea gomendatzen da; behar-beharrezko kasuetan soilik erabiliko da –planoak, diagramak, eta abar–, alegia, koloreak informazio jakin bat ematen duenean.
7.2.– Oro har, artxiboak «Dokumentu Administratiboak» deitu atalean txertatu beharko dira IKS-eem sisteman. Nahitaezkoak ez diren dokumentuak direnean, edo artxibo bat baino gehiago behar denean dokumentu bat aurkezteko, «Hautazko dokumentuak» deritzon fitxa erabili beharko da.
7.3.– IKS-eem sisteman txertatzen diren artxiboak ondorengo tauletan azaltzen den kodifikazio-sistemaren arabera izendatu beharko dira (ez da nahasi behar hori sustatzaileak bere nahierara hauta ditzakeen kodeekin, esaterako, plano jakin bat izendatzeko darabilen kodearekin):
1. taula. Dokumentuak eta haiei dagozkien artxibo-izenak.
2. taula. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren atalen banakapena eta haiei dagozkien artxibo-izenak.
* Nahitaez aurkeztu behar diren dokumentuak eta atalak. IKS-eem sistemak eskatuko du nahitaez, gutxienez, artxibo bat, amaiera-kodea 000 duena, txerta dadila.
** Dokumentu hauek sustatzaileak edo organo sustantiboak egoki baderitzote soilik aurkeztuko dira.
*** «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa» atalaren kasuan, berariazko kapitulu bat txertatu beharko da proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioei buruz, baldin eta soilik 42/2007 Legeak, abenduaren 13koak, Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzkoak, 45.4 artikuluan aurreikusten dituen inguruabarrak ematen badira.
Artxiboen izenak, edukiaren eta 1. eta 2. tauletan azaldu denaren arabera dagokien kodea eraman behar du SOIL-SOILIK. Horregatik, zenbakiak eta gidoi ertainak edukiko ditu izenak, baina ez du onartuko ezein hizki eta aipatu karaktere horiez kanpoko besterik.
Dokumentu edo atal batek 30 MB edo gutxiagoko tamaina duenean, artxibo bakarrean aurkeztu beharko da, eta haren izenaren azken hiru zenbakiak 000 izango dira. Artxibo hori IKS-eem sisteman txertatuko da «Dokumentu administratiboak» erlaitzean. Dokumentuak edo atalak hori baino tamaina handiagoa duenean, behar bezainbat artxibotan zatituko da haietako ezeinek 30 MBko tamaina gainditu ez dezan. Kasu horretan, artxibo horietako bakoitzak izen bat izango du non azken hiru zenbakiak korrelatiboak izango baitira, 000 duenetik abiatuta. Artxibo korrelatibo horiek, -001etik aurrerakoak, «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatuko dira IKS-eem sisteman.
Beraz, adibidez, «Proiektuaren dokumentu teknikoa» atalari dagozkion bi artxibo aurkezten badira, 206-000 eta 206-001 izena emango zaie; eta bi artxibo aurkezten badira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Sintesi-dokumentua» atalean, 207-07-000 eta 207-07-001 izena emango zaie. 206-000 eta 207-07-000 artxiboak «Dokumentu administratiboak» erlaitzean txertatuko dira, eta 206-001 eta 207-07-001 artxiboak aldiz «Hautazko dokumentuak» erlaitzean.
7.4.– 1. taulako dokumentu bat edo 2. taulako atal bat artxibo bat baino gehiagotan zatituta aurkeztu behar izaten denean, 000 artxiboaren lehen orrialdean edo lehenengoetako batean, dokumentu edo atal horretan jasota dagoen informazio aipagarriaren aurkibide osoa joan behar du. Aurkibideak dokumentuaren edo atalaren epigrafe ezberdinak jasoko ditu (epigrafearen deskribapen-izenburuarekin), eta artxiboaren izena eta epigrafe bakoitzaren hasierako orrialdearen zenbakia dagokion .pdf artxiboan.
Kontuan izan behar da IKS-eem sisteman txertatzen diren dokumentuak programa informatiko baten bidez erabiliko direla, eta ez direla inprimatzekoak; horregatik, aurkibidean agertzen den orrialde-zenbakiak bat etorri behar du haren irakurketa-programan orrialde horretara iristeko erabili behar den «Joan orrialdera» aginduan ipini behar denarekin.
7.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterlaneko kartografia-plano guztiak, eta azterlanean sortzen diren tamaina handiko gainerako plano, figura eta irudi guztiak, IKS-eem sisteman txertatu beharko dira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak pdf formatuan» atalean. Plano, figura eta irudiak artxibo bat edo gehiagotan jaso beharko dira 2. taulan atal horretarako azaldu den eran kodifikatuta. Horrek esan nahi du plano, figura edo irudi horietan jasotzen den informazioari dagokion erreferentzia egin beharko zaiola ingurumen-inpaktuaren azterlanean atal horri dagokion memorian.
7.6.– Dokumentu kartografikoak pdf eta shp formatuetan entregatu beharko dira. Berariaz proiektua gauzatzeko sortu diren shp kapak dira behar diren bakarrak, eta ez dago jada GeoEuskadi sisteman integratuta dauden kapak aurkeztu beharrik. Shp kapak daramatzaten artxiboak «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak shp formatuan» atalean sartuko dira sisteman.
7.7.– Isilpeko datuei dagokienez, haiei buruzko artxiboak IKS-eem sisteman «Isilpeko datuak» izena daraman atalean txertatuko dira, eta haien izena ondorengo kodifikazio-era honetan egin beharko da (ikus 1. taula):
a) Lehen hiru zenbakiek 056 izan behar dute.
b) Ondorengo hiru zenbakiak, dagokien dokumentu-motarenak izan behar dute; esate baterako, proiektuaren dokumentu teknikoa bada 206 izango da, eta 207 ingurumen-inpaktuko azterlanekoa bada.
c) Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren osagaietakoa bada artxiboa, bi zenbaki gehigarri erantsi beharko zaizkio, 2. taulan dagokion atalaren arabera.
d) Azken hiru zenbakiak, dokumentu edo atal horretan bertan espedienteari atxikitako azken artxibo ez-isilpekoarekin korrelatiboa den zenbakiarenak izan behar dute. Behar bezainbeste zenbaki korrelatibo erabiliko dira artxiboek 30 MB baino gehiagokoak izanez gero.
e) Artxibo-izenaren osagai ezberdinen zenbakiak gidoi ertain batez bereizita joan behar dute.
Isilpeko artxibo baten izenaren adibidea, honako inguruabar hauek dituela suposatuz:
– Ingurumen-inpaktuko babes-neurriei buruzko informazioa.
– «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean sartutako azken fitxategiaren izena 207-05-003 da.
– Isilpekotasuna duten bi artxibo gehigarri sartu nahi dira.
Adibide horretan, isilpeko bi artxibo horien izena izango da, hurrenez hurren: 056-207-05-004 eta 056-207-05-005.
Ahalegina egin behar da isilpeko artxiboak bere sortako azkenak izateko; hala, arestian azaldu dugun adibidean, ez litzateke artxibo gehigarririk sartu behar 207-05-006 izenarekin eta ondorengoekin «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean. Isilpeko artxiboak «Hautazko dokumentuak» fitxan txertatu behar dira.
Isilpeko informazioa behar bezainbeste identifikatuta eta bereizita egon behar da gainerako informaziotik. Beraz, 1. taulako «Isilpeko datuak» atalean ez dauden edo 056 zenbakiaz hasten ez diren artxiboetan ez datorren informazioa ezingo da isilpekotzat hartu.
7.8.– Informazio jakin bat aurkezten denean 1. taulako dokumenturen baten edo 2. taulako ataletako baten zuzenketa edo aldaketa moduan, IKS-eem sistemara ekarri beharko da informazio eraberritu hori jasotzen duen artxibo osoa, eta horrek ordeztuko du aurretiaz izen berarekin dagoena. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Artxibo berrian jasotzen den informazioaren eta eskabidean barnebilduta dauden gainerako dokumentu eta ataletan datorren informazioaren artean behar den koherentzia gorde beharko du sustatzaileak. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.
8.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.
Estekak.
IKS-eem sistema:
http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/
Datuen fitxa:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/es_def/adjuntos/2017-05-09%20EIAO-es.pdf