EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019069

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, ondoren zehaztutako proiektuak eragindako zenbait finka okupatu aurretiko aktak jasotzeko deialdia egiteko dena: Hernani-Azpeitia 1 eta 2 deritzen 132 kV-ko lineen 132 kV-ko eta zirkuitu bikoitzeko linea elektriko deribatuaren instalazio elektrikoak, Urnietako, Andoaingo, Lasarte-Oriako eta Donostiako udal-mugarteetan. Aldaketaren eranskina (Erreferentzia: 24072/20-AT-H-2017-30).

Xedapenaren data: 2019-03-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201901788
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/03/27an argitaratutako 2019/03/20ko EBAZPENA [201901553]

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2019ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bidez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatuta, egikaritze-proiektua aldatzeko eranskina onartu zen eta onura publikoaren deklarazioa eman 132kV-ko eta zirkuitu bikoitzeko linea elektrikorako Hernani-Azpeitia 1 eta 2 deritzen 132 kV-ko lineen Zubietako 132/30 kV-ko transformazioko azpiestazio berri baterako deribatua-, Urnietako, Andoaingo, Lasarte-Oriako eta Donostiako udal-mugarteetan.
Deklarazio horrek, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeko 56. artikuluan (2013-12-27ko BOE) xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar izatea eta okupazioa, gainera, presaz egin behar izatea. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.
Gipuzkoako lurralde-ordezkariak erabaki du, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan xedatutakoa betetzearren, dei egitea eraginpeko ondasun eta eskubideen titular eta jabeei eta batzar lekutzat jartzea Urnieta, Lasarte-Oria eta Donostiako udaletxeak, hain justu ere aipatu ondasunak okupatu aurretiko aktak jasotzeko, eta bidezko bada behin betiko okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, den lekura bertara joan daiteke.
Eragina jasango duten ondasunetan edozein eratako eskubideak edo interesak dituzten pertsona titularrak, eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsona guztiak ere joan daitezke bilerara, bai zuzenean, eurak joanda, bai zeharka, euren ordez dagokion baimenarekin besteren bat bidalita; era batera zein bestera, titulartasuna egiaztatzeko agiriak eraman beharko dituzte, baita kontribuzioko azken ordainagiria ere. Hala nahi izanez gero, peritu edo notario batek lagunduta ere joan daitezke.
Okupazioa egin aurreko aktak 2019ko maiatzaren 10ean egingo dira; dena dela, titularrei jakinaraziko zaie, horretarako zitazio-zedula bidalita, aktak zein lekutan, zein egunetan eta zein ordutan egingo diren. Horrez gain, egin beharreko gainerako argitalpenak ere egingo dira, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluari jarraituz.
Desjabetzeko espedientean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk onuradun izaera hartuko du.
Era berean, argitaratutako zerrenda horretan agian agertzen ez direla-eta, eskubide erreal zein interes ekonomikoen titularrek eta horretan bestelako interesik duten gainerako pertsonek, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, eragina jasango duten ondasun eta eskubideen zerrenda horretan egon litezkeen okerrak zuzentzearren, horretarako bakarrik. Alegazio horiek idatziz aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan (Easo kalea 10, Donostia - 20006), eta hori egiteko epea ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko egunean amaituko da. Hori guztiori halaxe da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Araudiaren 56.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Donostia, 2019ko martxoaren 29a.
Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,
JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.