EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019068

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena, Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu zuen abenduaren 5eko 508/1995 Dekretua laugarren aldiz aldatzeko espedienteari hasiera emateko eta interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.

Xedapenaren data: 2019-04-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201901773
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1996/01/04an argitaratutako 1995/12/05eko 199500508 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.
Eskumen horiek direla bide, abenduaren 5eko 508/1995 Dekretuaren bidez, Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia), monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun deklaratu zen.
Otxandioko Udalak, 2018ko ekainean, osoko bilkuraren erabakia bidali zuen. Erabaki horren bidez, eskatu zen dekretuaren testuan zenbait aldaketa sartzeko kale-izendegiko numerazioari, elementu ordezkagarriei eta zerrendei dagokienez.
Kontuan hartu ziren eskabidea, udalak zer adierazi eta argudiatu zuen eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dauden txostenak, eta, ondorioz, haren zerbitzu teknikoek txostena eman zuten, zeinaren bidez komenigarria eta egokia dela egiaztatu baitzen Babes Araubidearen zenbait artikulu aldatzea eta zerrendak aldatzea, eta, horretaz gain, kale-izendegiko numerazioa aldatzea eta aurkitutako akatsak zuzentzea.
Zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu zuen abenduaren 5eko 508/1995 Dekretua 4. aldiz aldatzeko espedientea abiaraztea, jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko izapidea irekitzea, 16. eta 23. artikuluen idazketa berria, zerrenda berriak eta numerazio berria aintzat hartuta (aldaketa horiek guztiak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude jasota). Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Bigarrena.– Abenduaren 5eko 508/1995 Dekretua 4. aldiz aldatzeko espedientea interesdunei jakinaraztea. Hartara, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita 15 eguneko epean, aukera izango dute euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko eta dokumentuak aurkezteko.
Hirugarrena.– Espedientearen izapideekin jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.
Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Otxandioko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun izan dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 1a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ äNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
BABES ARAUBIDEAREN 16. ETA 23. ARTIKULUEN IDAZKETA BERRIA
16. artikulua.– Elementu ordezkagarriak.
Arkitektura, historia edo artearen aldetik inolako baliorik ez duten higiezinei dagokienez, baimenduta dago edozein jarduketa egitea; eta jarduketa horien artean ordezkatzea ere sartzen da, baldin eta eraikin berria aurretik dagoen multzoarekin egokiro uztartzen edo integratzen bada, 1992ko Lurzoruaren Legearen testu bateginaren 138. artikuluan zehazten denez. Horretarako, era berean, honako baldintza hauek bete beharko dira:
16.1.– Partzela denez Erdi Aroko herrigune historikoak eta gerora Errenazimentu-sasoian egindako zabaltzeak definitzen dituen elementu klasikoetako bat, oso-osorik mantendu beharko da, gaur egun daukan forma eta dituen neurriak kontuan hartuta.
a) Salbuespen gisa, Uribarrena kaleko 16 eta 18-20 zenbakidun orubeetarako, Artekaleko 6 eta 8rako, Artekaleko 13 eta 15erako, Artekaleko 30 eta 32rako, Arrabaleko 5 eta 5Arako, Arrabaleko 7 eta 7Arako, Urigoiena kaleko 1 eta 3rako, Urigoiena kaleko 15 eta 17rako, Carnecería kaleko 13 eta 21erako eta Canecería kaleko 19 eta 17rako, partzelaren fatxada-aurpegia eskas-eskasa izanik etxebizitza baten eraikuntza bideragarria ez denez, asimilazio-jarduketa bat egin ahal izango da, atari bakarrarekin, baldintza hauek betetzen badira:
– Unitate bakarrean gehienez bi partzela asimilatu daiteke, eta elkarren ondoan egon behar dute beti.
– Asimilatutako partzelen artean mehelinari eutsi beharko zaio, lehenengo solairuraino gutxienez.
– Asimilatutako partzela bakoitzari dagozkion fatxada-aurpegien fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
– Lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, jarduketa bateratuan eutsi egin beharko zaio eten edo desberdintasun horri.
b) Gainera, Artekaleko zenbakitu gabeko orubeetarako, 1, 3 eta 5erako (Carnacería barruan hartuta, Artekale 3ko lote berean baitago), loteak batu ahal izango dira ekipamendu-eraikina eraikitzeko, zerbitzu administratibo publikoa, sanitarioa, asistentziala (ogintzazkoa eta soziala), irakaskuntzakoa edota soziokulturala eskaintzeko dena, eta, horretarako, atari bakarreko asimilazio-jarduketa bat egin ahal izango da, honako baldintza hauek betetzen badira:
– Asimilatutako partzela bakoitzari dagozkion fatxada-aurpegien fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
– Lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, jarduketa bateratuan eutsi egin beharko zaio eten edo desberdintasun horri.
– Eraikin berriaren barne egiturak eta banaketak aldez aurretik zegoen lotekako banaketari erantzun beharko diote.
Hala ere, orube horien erabilera ekipamendu-erabilera barik beste bat baldin bada, artikulu honen a) apartatuan adierazitakoa bete beharko da, eta, orduan, partzelen asimilazioa honelakoa izatea onartuko da: batetik, Artekaleko zenbakitu gabea eta 1a; eta, bestetik, Artekaleko 3 eta 5a (Carnacería barruan hartuta, Artekale 3ko lote berean baitago).
16.2.– Eraikuntza berriko higiezinetan mantendu beharreko bolumen-baldintzak, herrigune historikoaren higiezinen ondasuna modu kontrolatu eta arrazoizkoan ordezteko prozesu baten barruan, honako hauek izango dira:
a) Estalkiak bi isurialde izango ditu eta gailurra fatxada nagusiarekiko paralelo egongo da –baita kaleak eta kantoiak bat egiten duten lekuetan ere–, kasu berezietan izan ezik, hala nola kaleen elkargune diren eraikinetan, hiri-jauregietan, garrantzi handiko eraikin isolatuetan eta abarretan.
b) Lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eutsiko zaie, salbu eta horiek ingurumen-kontserbaziokotzat (oinarrizko babesa) hartzen diren higiezinen altuera gainditzen badute; kasu horretan, altuera horretara egokitu beharko dira. Txikiagoak badira, aipatutako horien altuerara egokitu ahal izango dira. Horretarako, Otxandioko Monumentu Multzoan, fatxadaren ingurumen-altueratzat hartuko da honako ezaugarri hauek dituzten eraikinena: beheko solairua gehi beste bat eta teilatupeko solairu partea, edo beheko solairua gehi bi.
c) Teilatu-hegalek, hegalean zein ertzean, herrigunearen ingurumen-balio adierazgarrien ezaugarriak izan beharko dituzte. Ez dira inola ere baimenduko 20 cm-tik gorako ertzak.
d) Fatxadaren kontzepzio laua errespetatuko da, eta ez da baimenduko hegalkin trinkorik.
e) Etxabeetan markesinak eta hegalkinak eraikitzea debekatuta dago.
f) Solairuarteak egitea debekatuta dago.
g) Lehendik zegoen beheko solairuaren altuerari eutsiko zaio, salbu eta ingurumen-kontserbaziokotzat (oinarrizko babesa) hartzen diren kale bereko higiezinen altuera gainditzen badu; kasu horretan, altuera horretara egokitu beharko da.
h) Debekatuta dago estalkietako planoen gaindi ateratzen diren kasetoiak eta bolumenak egitea, tximiniak eta aireztapen-irteerak izan ezik.
i) Ordezkapen operazioetan, elkarren segidako loteak eraikitzen direnean, lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, eutsi egin beharko zaio hegalen arteko eten edo desberdintasun horri.
j) Ordezkapen operazioetan, elkarren segidako loteak eraikitzen direnean, aurrealdeen fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
16.3.– Kontuan izanik herrigune historikoaren ingurumen-balioa konposizio jakin baten ondorioa dela –besteak beste–, fatxaden konposizioan honako hauek bete beharko dira:
a) Herrigunearen ohiko konposizio-elementuak erabiltzea.
– Baoen konposizioa ardatz bertikaletan.
– Baoen proportzio bertikala.
– Fatxada-konposizioak aukera ematea fatxada osatzen duten elementuen irakurketa hierarkikoa egiteko.
– Begiratokiak egiteko debekua, ez da-eta elementu tradizionala Otxandioko irudian.
– Balkoi irtenen zorua forjatua baino garrantzi gutxiagoko elementua da; beraz, zoru horren ertza 15-20 cm-koa izango da gehienez, materiala edozein dela ere.
– Balkoien defentsak egiteko, ohiko materialak erabiltzea (egurra-metala).
– Baoen arotzeria egurrezkoa izango da.
b) Kalera eta kantoira ematen duten fatxaden tratamendu hierarkizatua, bietan fatxada izateko aukera daukaten eraikinetan.
c) Lehendik zegoen higiezineko baoa/zati trinkoa erlazioan, erritmoaren tratamendu sekuentzial eta proportzionatua, baldin eta elementu interesgarria balitz higiezinean.
d) Lehendik dagoena kontserbatzea, eta, hala badagokio, zentzua berreskuratuta, beheko solairuko fatxada-aurpegietan, elementu hori harlanduan egina duten higiezinen kasuan; leihoak bertikalean luzatzea baimenduko da, beheko solairuen erabilera komertziala ahalbidetzeko.
Erakusleihoak eta errotuluak dagokien hormaren zabaleran gauzatu beharko dira; eta espresuki debekatzen da baoen irakurketa-planotik atzeraemangune handiak egitea edo aurreratzea. Plano horretatik, gutxieneko atzeraemangunea 20 cm-koa izango da, eta gehienekoa, 40 cm-koa.
Lokaletan sartzeko ateak artikulu honetan ezarritako mugetatik kanpo geldituko dira, indarrean dagoen eraikuntza-araudia bete ahal izateko.
e) Higiezin batek fatxada-aurpegiak kalera eta kantoira dauzkanean, komunikabide bertikalaren nukleorako sarrera kalerako fatxadaren aurreko aldetik egingo da.
f) Fatxadako akaberak zarpiatuetan, enfoskatuetan edo entokatutan egitea, harlandukoa edo harrizko elementu adierazgarria ez den edozein egikeretarako, beste edozein egoeratan (leihoburu eta ateburuak, harkantoiak, kantoiak, etab.).
Beheko solairuetan fatxadaren akaberak harrizkoak edo harri-iztukukoak izango dira –ezingo da akabera leunik egin–, eta zokaloa goiko solairuek osatzen duten eraikinaren gorputzetik bereiz nabarmentzea ahalbidetuko dute.
16.4.– Higiezinak ordeztuko dira, baina hargatik ez da eragotziko oraindik zutik diren harresi-atalak –edo lurrazpiko haren hondakinak– kontserbatzea.
16.5.– Ordezkatzeko modukotzat hartzen dira araubide honen aplikazio-eremuan dauden higiezinak, baldin eta ezarritako babes-mailetako batean ere ez badaude sartuta, bai eta izan litezkeen orube hutsak ere.
23. artikulua.– Ortu eta espazio libre pribatuak.
Orubeak partzelak baino sakonera txikiagoa daukanean –hori da Artekaleko 24 zenbakitik 32bis zenbakira arteko partzelen eta Urigoienako partzelen kasua–, ez da zabaltzeko jarduketarik onartuko, hegalak izan edo ez, ezta beste eraikuntza motarik ere.
Eraikuntzaren atzeko espazioetako jarduketak espazio horien eta argiztatu eta aireztatzen dituzten higiezinen higiene- eta osasun-baldintzak bermatzeko izango dira.
23.1.– Jarduketa berrietan (orubeen, eraikin ordezkagarrien edo diskordanteen gainekoak) eta berreraikitzeetan, atzealdeko lerrokadurak espazio horietara atzeraeraman beharko dituzte, planeamenduan zehaztutako sakoneraraino.
23.2.– Eranskin degradatzailetzat hartuko dira ortuen eta erabilera pribatuko beste espazio libre batzuen inbasioak, izaera tradizionala ez dutenak, hegalkin egiten dutenak edo beheko solairuetakoak, eta planeamenduaren eskumenekoa izango da horiek kentzeko kudeaketa-sistema.
23.3.– Espazio horiek higienizatzeko jarduketetan, espazio horien urbanizazioa ere sartu ahal izango da. Halaber, edozein motatako hiri-zerbitzuak lurpean kanalizatzeko lanak ere baimenduko dira.
II. ERANSKINA
BABES ARAUBIDEAREN 1., 3. ETA 4. ZERRENDEN IDAZKETA BERRIA, GAUR EGUN INDARREAN DAGOEN NUMERAZIOAREKIN BAT ETORRIZ
1. zerrenda: babes berezia.
– Santa Marina eliza.
– Udaletxea.
– Bolatokia.
2. zerrenda: babes ertaina.
– Uribarrena kalea 22.
– Plaza Nagusia 2.
– Uribarrena kaleko gurutzea.
– Frontoia.
– Beheko solairuko pasabide estaliak, kantoi erakoak.
3. zerrenda: oinarrizko babesa.
– Uribarrena kalea 1, 3, 24 eta 26; eta 4, 6, 12, 14, 16 eta 18 zenbakietako beheko solairuak.
– Arrabal kalea 2 eta 8.
– Plaza Nagusia 3, 4, 5, 6, 8, 9, 10, 11, 12 eta 16; eta 13-15 zenbakietako fatxada-aurpegia.
– Artekale 2, 4, 7, 9, 11, 12, 14, 16, 18, 19, 21, 23, 24, 25, 27, 28 eta 35; 1, 3, 6, 8, 15 eta 17 zenbakietako beheko solairuak; 29 eta 37 zenbakietako aurreko fatxada-aurpegia (beheko eta lehenengo solairuak); 29 zenbakiko atzeko fatxada-aurpegia.
– Andikona enparantza 2.
– Urigoiena 10, 12 eta 14; 8 eta 9 zenbakietako beheko solairuak.
4. zerrenda: elementu diskordanteak.
– Uribarrena kalea 5, 32 bis eta 34; 4, 6, 8, 12, 14 eta 24 zenbakietako atzealdeetako okupazioak.
– Arrabal kalea 5, 6 y 7; bai eta zenbaki bikoiti guztietan dauden hegalkin trinkoak.
– Plaza Nagusia 13-15, 5 zenbakiko begiratokia; 10 zenbakiko begiratokia eta fatxaden tratamendua; 5 eta 7 zenbakietako atzealdeko okupazioak.
– Elixoste kalea 1.
– Artekale 20; 13 eta 31 zenbakietako fatxada-tratamendua; 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 9, 12, 14, 13, 15, 17, 19, 21, 23 eta 27 zenbakietako hegalkin trinkoak; atzealdeen zabaltzea 31 eta 33 zenbakietan.
– Carnecería 7 eta 23; 1, 5 eta 9 zenbakietako hegalkin trinkoak; bai eta fatxaden tratamendua 9 zenbakian.
– Urigoiena kalea 2-4, 16 eta z/g; 6 zenbakiko orube-okupazioak; 10 eta 12 zenbakietako hegalkin trinkoak; jasodura 8 zenbakiko atzealdean.