EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019067

249/2019 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez 2019-2020 ikasturteko euskara-ikastaroetarako deia egiten baitzaie Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Xedapenaren zenbakia: 201900249
Xedapenaren data: 2019-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201901722
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Horretarako kontuan hartu da Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legea, eta hura garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana (2013ko abenduaren 3an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUGU:
Artikulu bakarra.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako 2019-2020 ikasturterako 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunen araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 22a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN LUIS DIEGO CASALS.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Deialdi honen helburua da Osakidetza Euskal osasun zerbitzuko langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta deialdiaren ebazpenaren egunetik ikastaro mota bakoitzerako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.
Gainera, aldi baterako langileen eta ordezkoen kasuan, ebazpena EHAAn argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan guztira bost hilabetetik gora lan egin behar izan dute Osakidetzan eta ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla aurreikusi behar da.
Espezialitatea egiten ari diren mediku eta erizain egoiliarrek euskalduntze ikastaroak egin ahal izango dituzte, euren prestakuntza aldiaren urtea gorabehera.
2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.
3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2018ko martxoaren 12ko 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 2/2018 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.
4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planaren 3.3.4. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Instrukzio bidez ezarriko dituen irizpideak ere.
Hirugarrena.– 2019-2020 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2019-2020 ikasturterako, bi deialdi kaleratuko dira.
Honako hau 2019-2020 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da 2019-2020 ikasturterako deialdi bakarra.
4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroa egin nahi duten Osakidetzako langileek IVAPek maiatzean deituko duen 2019-2020 ikasturteko deialdian eman beharko dute izena. Deialdi hori 2019-2020 ikasturterako egingo den deialdi bakarra izango da.
Datorren urrian bigarren deialdia argitaratuko dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza Euskal osasun zerbitzuak oraingo honen osagarria, eta 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo dute.
Urriko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean, ez lanorduetan ez lanorduz kanpo. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean lanorduetako bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa eskatu ahal izango dute soilik.
– Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, lanorduetako ikastaro trinko edo barnetegirako eskaera egin dezakete. Modulu aldaketa ere eskatu ahal izango dute otsailean, betiere baldintza hauen pean:
– Lanorduetako ikastaro trinkotik edo barnetegiko ikastarotik lanorduetako edo lanorduz kanpoko 2 orduko ikastarora.
– Lanorduz kanpoko ikastaro trinkotik 2 orduko ikastarora, lanorduetan zein lanorduz kanpo.
– Lanorduetako edo lanorduz kanpoko 2 orduko ikastarotik lanorduetako ikastaro trinkora edo barnetegiko ikastaroa.
Autoikaskuntza ikastaroei dagokienez, otsailean ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, bi orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.
Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.
Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute eta deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.
Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.
Zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzek jasotako eskaerak aztertu eta Osakidetza Giza Baliabideen Zuzendaritzaren instrukzioan ezarritako aukeraketa irizpideen arabera onartuko edo ukatuko dituzte.
Eskabideak zerbitzu-erakundeen pertsonaleko zuzendaritzek kudeatuko dituzte Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.
4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren webgunearen bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak > 2019-2020 ikasturtea: deialdi nagusia > Eskainitako ikastaroak / Eskaerak).
– www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskera > 1-2-3 hizkuntza eskakizunak prestatzeko ikastaroak >
Salbuespenez, zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute paperezko eskabidea (III. eranskina).
Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan.
BAME den pertsonalak, eskabidea egiteko orduan, zein zentrotan ari den adierazi beharko du «oharrak» izeneko atalean.
4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.
Eskabidea egiteko epea: 2019ko apirilaren 9tik 26ra bitartean, biak barne.
Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2019ko maiatzaren 17rako.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko zerrenda bidaliko du IVAPera 2019ko maiatzaren 31rako.
Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.
Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesatuei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesatuei. Jakinarazpena 2019ko maiatzaren 21erako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).
Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.
4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.
Eskabidea egiteko epea: 2019ko apirilaren 9tik maiatzaren 26ra bitartekoa izango da, biak barne.
Onartutako eta ukatutako eskaerek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2019ko ekainaren 14rako.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2019ko ekainaren 28rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.
4.3.1.– Baimendu eta baztertuko eskaeren zerrendak jakinaraztea.
Baimendutako eskaerak IVAPera bidaltzeko epea igaro ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda argitaratuko du. Baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Adierazitako ebazpena Osakidetzaren Intranet Korporatiboan jarriko da jendaurrean eta baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).
Baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda Osakidetzaren Intranet korporatiboan jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.
Erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek baimendu eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda jasoko du; baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren Intranet korporatiboan jarriko da jendaurrean, baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, Intranet, iragarki-taula...).
Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako Zuzendari Nagusiari hilabeteko epean, ebazpena jendaurrean jartzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.
Lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren instrukzioaren bitartez ezarriko dira. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.
Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroen antolaketa.
Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eranskinean daude jasota.
Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek barnetegira joateko edo ikastaro trinkoetan parte hartzeko emandako baimenak lauhilabeteko osorako dira. Lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.
6.1.– Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du ekaineko azken astean. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.
Ekaineko mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Salbuespenez, IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu-erakundeak, beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.
IVAPek bertan behera utziko du salbuespenezko dei honetara ere aurkezten ez den langilearen eskaera.
6.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiru hiriburuetan, goizez. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere pertsonaleko zuzendaritzak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegian nahiz ikasteko moduluan.
Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
6.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.
Goizez eratu diren Administrazio taldeetara egokitzen ez diren ikasleentzat, IVAPek matrikula-orriak bidaliko ditu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren pertsonaleko zuzendaritzara helarazteko. Matrikula-orriaren bitartez, langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da, betiere onartu zaion moduluan.
Era berean, bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi duten langileei IVAPek matrikula-orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen, betiere baimendu zaien moduluan.
IVAPek ordainduko dituen lanorduetako ikastaroen moduluak II. eranskinean daude jasota.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestezkoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula-orriaren bidez eskolatzen den ikasleak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu, betiere IVAPek finantzatzen dituen moduluen baldintzak jarraituz.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, berehala jakinarazi behar dio bere pertsonaleko zuzendaritzari eta matrikula-orria itzuli behar du. Matrikula-orria itzultzeko prozedura bederatzigarren oinarrian dago jasota.
6.4.– Matrikula-orria ordaintzea.
Langilearen matrikula-orria IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
2) Matrikula-orria garaiz entregatzea: matrikula-orria ikastaroa hasten denerako aurkeztu behar da euskaltegian. 2019ko urriaren 18a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
3) Gutxieneko iraupena: bost orduko eta barnetegiko ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute. Ordu biko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.
4) Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du derrigorrez.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere ordainduko ditu. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula orriaren baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko. Kasu horietan, IVAPek ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
6.5.– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak.
Lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira idatziz, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.
Liberatuta dauden langileek, maila egokia lortuz gero, konpromisoa hartzen dute Osakidetzak antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek lansariaren % 100 kobratuko dute.
Euskarako ikastaroetara joateak ez du ekarriko zerbitzuarengatiko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.
Zazpigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak. Araubidea.
Ikastaro hauek 2019-2020 ikasturte osorako dira; beraz, bigarren lau hilekoan ez da ikasle berririk onartuko.
Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. IVAPek lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar duten ikasleentzako matrikula-orri bana bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, ikasle bakoitzak betiere IVAPek onartutako moduluan matrikula egin dezan.
IVAPek matrikula-orri bakarra emango die onarpena duten langileei. Langileak 2019ko urriaren 11 baino lehenago jaso beharko du matrikula-orria bere zerbitzu-erakundean.
Matrikula-orrian zehaztutako ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da. Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak onartutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.
Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2019ko urriaren 18a baino geroago entregatuko diren matrikula-orriak.
2018-2019 ikasturterako deialdia arautu zuen 379/2018 Ebazpenaren 7.3. oinarriaren 4. puntuak ezartzen zuena betetzeko, 2018-2019 ikasturtean matrikula-orria itzuli ez edo jaso ez zuten langileei ez zaie onartuko 2019-2020 ikasturterako eskaerarik.
Halaber, 379/2018 Ebazpenaren hamargarren oinarriak ezartzen zuena betetzeko, ezetsi egingo dira 2018-2019 ikasturteko autoikaskuntza ikastaroa hasi ondoren eskola utzi duten langileen autoikaskuntzarako eskaerak.
7.1.– Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegian.
Izaera orokorrez, aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaroetarako baimena egunean bi/hiru orduko ikastaroak egiteko emango da.
Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak.
Aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa langile finkoek eta bitartekoek soilik eska dezakete eta eskaeran adierazi beharko dute. Behin-behineko langileek egunean bi edo hiru orduko ikastaroa eska dezakete soilik.
Diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, IVAP saiatuko da lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa egiteko baimena duten ikasleak goizez antolatzen diren administrazioko taldeetan eskolatzen. Ikastaro horiek egutegi eta ordutegi zehatza izango dute eta hiru hiriburuetan antolatuko dira. Langileak talde horien egutegira eta ordutegira moldatu behar du.
Osatutako administrazio taldeetara egokitzen ez diren ikasleen kasuan, IVAPek matrikula-orria bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, ikasle bakoitzak IVAPek onartutako moduluan egin dezan matrikula.
Matrikula-orri bidezko lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxieneko iraupena: bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lau hilabeteko iraupena izan behar dute. 2 orduko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira. IVAPek ordainduko dituen lanorduz kanpoko ikastaroen moduluak II. eranskinean daude jasota.
b) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dute, derrigorrez.
7.2.– Autoikaskuntza ikastaroak.
1.– Autoikaskuntza ikastaroak txandaka lan egiten duten edo euren lanpostuaren berezitasunak direla eta, euskaltegian aurrez aurreko ikastaroa egiteko zailtasunak dituzten langileentzat dira. Hori dela eta, autoikaskuntzako ikastaroetan parte hartzeko baimena ematerakoan lehentasuna izango dute txandaka lan egiten duten langileek, ondorengo hurrenkeraren arabera: langile finkoek, bitartekoek eta aldi-baterakoek.
Ikastaro honetan parte hartu ahal izateko langileek bete beharreko baldintzak, Osakidetza Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak osatuko ditu instrukzioan.
Autoikaskuntza ikastaroa baimentzeko irizpideak eta lehentasun hurrenkera Giza Baliabideen zuzendariaren instrukzio bidez zehaztuko dira.
2.– IVAPek autoikaskuntzarako eskaera guztietatik kopuru mugatua onartuko du, alegia, Osakidetzak baimentzen dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 15, gehienez ere. Hori dela eta, guztira baimendutako lanorduz kanpoko ikastaro kopuruaren arabera, zerbitzu-erakunde bakoitzak izango duen autoikaskuntza ikastaroen baimen-kupoa zehaztuko du Giza Baliabideen Zuzendaritzak.
3.– Kontuan izanda autoikaskuntza ikastaroak baimentzeko aukeraketa-irizpideak daudela eta zerbitzu-erakunde bakoitzak lanorduz kanpoko autoikaskuntza ikastaroetarako lizentzia-kupo jakina izango duela, zerbitzu-erakundeek ezetsi egingo dituzte 2018-2019 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari diren langileen eskaerak bigarren hiruhilekoaren bukaeran % 80ko aprobetxamendua betetzen ez badute.
4.– Nolanahi ere, zerbitzu-erakundeak eskaerak baimentzeak ez du ziurtatzen IVAPek automatikoki eskaerak onartuko dituenik. Izan ere, IVAPek 2019-2020 ikasturtean behin betikoz onartzeko, 2018-2019 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egin duen ikasleak ikasturte bukaeran % 80ko asistentzia izan beharko du nahitaez.
5.– Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.
b) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dute ezinbestez.
c) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute.
d) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.
7.3.– Matrikula-orriak, matrikulatzea, ordaintzea eta kostua.
1.– Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaliko du matrikula-orria, eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraz diezaion.
IVAPek matrikula orri bakar bana emango die eskaera onartu zaien langileei, eta bertan jasoko da zein ikastaro egin daitekeen.
Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula-orriaren bitartez aurrez aurreko ikastaroetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere.
Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak baimendutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezingo du aldatu.
Langileek, beranduen ere, 2019ko urriaren 11rako jaso beharko dute matrikula orria bere zerbitzu-erakundean.
2.– Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan entregatzea. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2019ko urriaren 18a baino beranduago entregatu diren matrikula-orriak.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli beharko du jasotako matrikula-orria bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara, betiere 2019ko urriaren 25a baino lehen.
Matrikula-orria itzultzeko prozedura bederatzigarren oinarrian dago jasota.
3.– IVAPek langilearen matrikula ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
2) Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2019ko urriaren 18a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
3) Gutxieneko iraupena: bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute. 2 orduko ikastaroak eta autoikaskuntza ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute.
4) Homologazioa: ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
Matrikula-orrian jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula-orriaren baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko, eta ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
Zortzigarrena.– Ikastaroen asistentzia eta aprobetxamendua.
8.1.– Eskoletan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta ikastaroen antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko 2019ko urriaren 18a baino beranduago hasterik eskolan eta ondorioz, bertan behera utziko ditu data horretarako eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.
8.2.– Eskolan berandu hastea.
IVAPek arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik.
Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek IVAPera helaraz dezan. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera hori Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez egingo du dagokion zerbitzu-erakundeak.
c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
Kasu horretan, IVAP saiatuko da eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak kendu egingo dira hamaikagarren oinarrian ezarritako ordu-kredituaren eguneratzean.
8.3.– Autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendu irizpidea.
IVAPek honako irizpide hau ezartzen du 2019-2020 autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea.
Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten pertsonei IVAPek ez die hurrengo deialdian autoikaskuntza ikastarorako eskaera onartuko. Beraz, 2020-2021 ikasturtean IVAPek ez du onartuko 2019-2020 ikasturtean % 80ko asistentzia betetzen ez duten eskatzaileen eskaerarik.
8.4.– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak.
Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualtasun huts guztiak idatziz justifikatu behar dizkio lanean diharduen erakundeko zuzendaritzari, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak ekar dezake ikaslea kanporatzea eta hurrengo ikastaroetan ez onartzea.
Euskara ikastaroetara joateko baimena zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izanik, era berean, beraien ardura da baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.
Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.
Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzak aldez aurretik informatuko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroaren aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan.
Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.
8.5.– Ikastaroen asistentziari buruzko datuak.
IVAPek hilez hil bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara aurrez aurreko ikastaroen gaineko asistentziari buruzko informazioa. Halaber, langileen ebaluazioari buruzko datua bidaliko du, dagokion ebaluazioaren ondoren.
Autoikaskuntza ikastaroen asistentziari buruzko datuak hiru hilerik behin bidaliko ditu IVAPek. Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen direnez gero, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Bederatzigarrena.– Ikastaroari uko egitea.
1.– Langileak ikastaroari uko egitea erabakitzen badu, bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzari jakinarazi beharko dio eta honek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari emango dio ukoaren berri. Giza Baliabideen Zuzendaritzak, bere aldetik, IVAPi jakinaraziko dio ukoa.
Lanorduetako ikastaroen kasuan, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du, bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.
2.– Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko matrikula-orria jaso duen langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, berehala dagokion jakinarazpenarekin batera bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara itzultzeko.
Ukoa jakinarazteko agiria, «Ikastaroari uko egiteko inprimakia» izenekoa, zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Osakidetzaren Intranet Korporatiboan ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak > 2019-2020 ikasturtea: deialdi nagusia > Araudia eta agiriak > «Ikastaroari uko egiteko inprimakia»).
Langileak, beranduen ere, urriaren 25erako itzuliko beharko du erabiliko ez duen matrikula, ukoa jakinarazteko inprimakiarekin batera. Zerbitzu-erakundeek 2019ko azaroaren 8a izango dute azken eguna langileek jaso ez dituzten matrikula-orriak eta ikastaroei egindako ukoak eta dagozkion jakinarazpen-inprimakiak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaltzeko. Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez ditu onartuko data horretatik aurrera jasotako ukoak.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak 2019ko azaroaren 20rako helaraziko ditu IVAPera jasotako uko-jakinarazpen eta matrikula orri guztiak.
3.– Matrikula-orria jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.
Hamargarrena.– Eskolara joateari uztea.
1.– Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betiko utziz gero, horren berri eman beharko dio langileak bere pertsonaleko zuzendaritzari eskola uztea gertatzen den une berean. Horretarako «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia» izeneko agiria bete eta dagokion pertsonaleko zuzendaritzan erregistratu beharko du. Pertsonaleko zuzendaritzak eskola uztea erregistratu bezain pronto (egun berean) IVAPi eskola uzte horri dagokion dokumentazioa bidaliko dio, IVAPek dagokionari horren berri eman diezaion.
Aurrez aurreko ikastaroetan derrigorrezkoa izango da eskola uztea jakinaraztea. Eskola-uztearen data inprimakia langilearen zerbitzu-erakundearen erregistroan sartu den eguna izango da eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Hau da, eskola-uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen.
Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia zerbitzu-erakundearen pertsonaleko zuzendaritzan lehenbailehen erregistratzea.
Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Osakidetzaren Intranetean ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak > 2019-2020 ikasturtea: deialdi nagusia > Araudia eta agiriak > «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia»).
IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari langileen eskola-uzteen berri emango dio.
2.– Autoikaskuntza ikastaroetan IVAPek ez du eskola-uzterik onartuko eta ondorioz ez du eskola-uztea jakinaraztea eskatuko. Halere, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzak ikastaroen kudeaketa eta jarraipen egokia egitea ahalbideratzeko, ikasleak bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzari jakinaraziko dio eskola joateari utzi diola, dagokion inprimakia aurkeztuz.
Autoikaskuntza ikastaroa uzteak bi ondorio izango ditu: batetik, ordu-kredituari ikastaroaren ordu kopuru oso kenduko zaio eta, bestetik, hurrengo deialdian ezetsi egingo dira 2019-2020 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa hasi ondoren eskola uzten duten langileen eskaerak.
Hamaikagarrena.– Ordu-kreditua.
Deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, IVAP eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki.
Agindu horren seigarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan nahiz lanorduz kanpo hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.
Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera-maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.
Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2019-2020 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:
a) 2019ko urrian eskolatzeko deialdia.
b) 2020ko otsailean eskolatzeko deialdia (urrian argitaratuko da).
c) 2020ko udako ikastaroetarako deialdia (apirilean argitaratuko da).
Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:
a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) Otsailean hasten diren ikasleei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
c) Udan hasten diren ikasle berriei IVAPek udako eskaera jasotzen duenean aplikatuko die ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie. Eskola uzterik onartzen ez denez, 190 ordu kenduko zaizkie ikasturte bakoitzean.
Hamabigarrena.– Ordu-kreditua agortuta duten langileak.
Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2018ko martxoaren 12ko 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 2/2018 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Euskara ikastaroak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta datu pertsonal horiek dagokion enteei lagatzea.
Hori dela eta, IVAPek, lanorduetan nahiz lanorduz kanpo euskara ikasten ari diren langileen eskabideei, asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak jaso, kudeatu eta bilduko ditu eta Osakidetzaren esku utziko ditu. Halaber, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari (HABE) lagako dizkio datu horiek (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera). Azkenik, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari lagako dizkio, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua).
Deialdi honetara biltzen diren pertsonek onartu egiten dute ebazpen honen helburua betetzeko datu pertsonalak tratatzea. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea, tratatzea eta Osakidetzari euren asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioa jakinaraztea. Hori guztia martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoaren, 1.3 artikuluan aurreikusitako ebaluazio-txostena egiteko eta Osakidetzaren Euskara Plana egoki kudeatzeko. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, halaber, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari -HABE- (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datuen tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduarekin (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa eta horiek garatzen dituen arauekin.
Interesdunek, datu pertsonal horietan sartzeko, datuok zuzendu, ezeztatzeko eta tratamendua mugatzeko edo horren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dute. Horretarako, datuen tratamenduaren arduradunarengana jo dezakete (Osakidetza Euskal osasun zerbitzua – Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, 945 00 60 00 telefonoa).
Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo dezakete erreklamazioa aurkezteko, eta horren aurretik, nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkariarengana jo dezakete (DPD-DBO@euskadi.eus – Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).