EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019067

ERABAKIA, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak 2006ko uztailaren 2an onartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren aldaketaren onarpenari buruzkoa.

Organo emailea: GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
Xedapenaren data: 2019-03-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201901718
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2006/10/04an argitaratutako 2006/07/02ko FORU ARAUA aldatzen du [200604880]

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak, 2019ko martxoaren 27an egindako bileran Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren honako aldaketa hau onartu du.
Artikulu bakarra.– Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak 2006ko uztailaren bian onartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren zati batzuk aldatzea.
Aipatutako Araudian honako aldaketa hauek egingo dira:
Bat.– Artikulu berri bat gehituko zaio Araudiari, 2 bis zenbakikoa:
«Gipuzkoako Batzar Nagusiek emakume eta gizonen arteko berdintasun-politikak bultzatuko dituzte dagozkien eginkizunetan eta barruko funtzionamenduaren araubidean.»
Bi.– 13. artikulua honela geratuko da idatzia:
«1.– Batzarkideek, beren lana hobeto egiteko, beren batzarkide-taldea jakinaren gainean jarri eta gero, Foru Aldundiari bere esku dituen datuak, txostenak eta agiriak eska diezazkieke, eta gauza bera eska diezaiekete Foru Aldundiaren bidez bere menpeko organismo autonomoei, enpresa-entitate publikoei, merkataritza-sozietateei eta Aldundiaren menpeko beste entitateei, bai eta Aldundiak ordezkaritza duen entitateei ere zuzendaritza-organoetako parte bada, betiere, informazio hori edukitzeak ez baditu urratzen datu pertsonalak babesteko legez ezarrita dauden bermeak.
2.– Eskaera, beti, lehendakariaren bidez helaraziko zaio foru-administrazioari, eta foru-administrazioak hogei eguneko epean bete beharko du, edo, bestela, betetzea eragozten dioten arrazoiak azaldu beharko ditu idatziz, epe beraren barruan.
3.– Bigarren atalean jarritako epea igaro denean, administrazioak esanbidez edo isilbidez uko egiten badio eskatutako agiriak edo informazioa emateari, edo eskatutakoaren zati bat bakarrik betetzen badu, ekimena izenpetu duen batzarkideak Batzar Nagusietako lehendakariari eska diezaioke administrazioari galdatzeko artikulu honetan ezarritakoa bete dezala. Horretarako, lehendakariak, Mahaiarekin ados jarrita eta eskaeraren aurrekariak aztertu eta gero, batzarkideari jakinaraz diezaioke gobernuaren erabakiarekin ados dagoela eta zergatik dagoen ados, edo, bestela, Foru Aldundiari eskatuko dio bidali gabeko agiriak bidaltzeko. Foru Aldundiak ezezkoan jarraituz gero, Batzar Nagusiei kontu eman beharko die hurrengo Osoko Bilkuran.
4.– Publikoarentzako eskuragarriak diren iturri ofizialak badituzte eskatutako datu, txosten edo agiriek, Foru Aldundiak aukera dauka eskatutakoa eskuragarri non dagoen esateko soilik, beti ere, erreproduzitzea posible den kasuetan.
5.– Eskatutako agirien izaera dela-eta edo indarrean dagoen araudia dela-eta ezinezkoa bada kopia bat egitea, administrazioak, bidali ordez, batzarkideari administrazio-bulegoetan bertan jar diezaioke eskuragarri eskatutakoa. Eskatutako agirien izaera tekniko oso konplexuak hala eskatzen duenean, batzarkidea dagokion gaiko adituekin joan daiteke, baldin eta adituek Ganberan egiaztatuta badute batzarkidearen batzarkide-taldeko aholkulari direla.
6.– Halaber, batzarkideek Mahaiari eska diezaiokete, eskaeran agertzen bada bere batzarkide-taldeak badakiela, Ganberako lehendakariaren bidez informazioa eskatzeko Estatuko Administrazioari, Autonomia Erkidegoko gobernu-erakundeei edo Europar Batasuneko erakundeei, uste badute hein batean Gipuzkoako Lurralde Historikoari lotutako informazioa dela, indarrean dagoen araudiaren arabera.»
Hiru.– 26. artikuluari zenbaki bat erantsiko zaio, 4 zenbakia, eta honela geratuko da idatzita:
«4.– Mahaian ordezkaritzarik ez duten batzarkide-taldeek Mahaiko deialdia jasoz jasoko dute Mahaiaren jardueraren berri, bai eta eginiko Mahaiaren akta osoa eta bilkura-egunkaria jasoz ere.»
Lau.– 36. artikuluko 2 zenbakiko d) atala honela geratuko da idatzita:
«d) Erakunde-adierazpenak onartuko ditu aho batez.»
Bost.– 41. artikuluko 6 atala honela geratuko da idatzita:
«6.– Batzordeek gehienez bi hilabeteko epea dute edozein gai bideratzeko, baina inguruabar bereziengatik epea luzatzea edo murriztea erabaki dezakete Araudi honek edo Mahaiak.
Araudiko 44.3 artikuluko kasuetan ezin izango balitz aurreko paragrafoko epea bete, batzordeko lehendakariak batzordeari azalduko dio zer egin duten 44. artikuluko agerraldiak gauzatzen saiatzeko.»
Sei.– 71. artikuluko lehenengo atala honela geratuko da idatzia:
«1.– Batzarkideen botoa pertsonala da, eta ezin da eskuordetu, kasu hauetan izan ezik:
a) Haurdunaldian zehar arriskuan egoteagatik batzarkide emakumezkoak ezin duenean osoko bilkuretara joateko betebeharra bete, beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.
b) Amatasun-, aitatasun-, adopzio- edo harrera-baimenagatik batzarkideak ezin duenean osoko bilkuretako eztabaida eta bozketetara joateko betebeharra bete, beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.
c) Mahaiaren ustez ospitalizazioa, gaixotasun larria edo luzaroko ezintasuna ematen bada, eta batzarkideak ezin badu osoko bilkuretara joan, beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.
Botoa eskuordetzeko, Batzar Nagusietako Mahaiari idatzia zuzendu behar zaio, eta idatzian jarri behar da zer arrazoiengatik eskatzen den eskuordetzeko, botoa eskuordetzen duen pertsonaren nahiz eskuordetzan hartzen duen pertsonaren izenak jarri behar dira, bai eta botoa zer eztabaida eta zer bozketetarako eskuordetzen den ere, edo, dagokionean, eskuordetzaren iraupena. Mahaiak, eskaera izapidetzeko onartzerakoan, eskuordetutako botoa erabiltzeko prozedura eta gehienezko iraupena ezarriko ditu».
Zazpi.– 81. artikulua honela geratuko da idatzia:
«1.– Gai bati buruzko bozketa edo bozketen multzoa amaituta, batzarkide-talde bakoitzak bost minutuz hitz egin ahal izango du botoa azaltzeko, baldin eta ez badu eztabaidan hitz egin.
Txanda horretako jarduna mugatuko da azaltzera zergatik eman duten eman duten botoa. Hizlariak horretara mugatu behar du, ezin du eztabaida berririk hasi, eta ezin du aurreko eztabaidetan beste batzarkide-taldeek emaniko argudioei buruz hitz egin.
2.– Foru-arauen proiektu eta proposamenak batzordean eztabaidatzen direnean, azken bozketaren ondoren eman ahal izango da botoaren azalpena, nahiz eta aurreko eztabaidan hitz egin izan.
3.– Batzarkide-talde batek eztabaidan parte hartu eta horren ondorioz botoa aldatu badu, azalpenak emateko eskubidea izango du.
4.– Bozketa isilpekoa izan denean ezingo dute botoari buruzko azalpenik eman. Ez dira onartuko, ezta ere, pertsona bakoitzaren banakako botoari buruzko azalpenak, baina kasu honetan bai: isilpekoa ez den bozketan, azalpenak emateko txanda eska dezake bere taldeak emandako botoaren kontrako botoa eman duenak.»
Zortzi.– 85. artikuluko 1. atala honela geratuko da idatzia:
«1.– Batzar Nagusietako Mahaiak gai bat presako prozeduraren arabera bideratzea erabaki dezake, Foru Aldundiak edo ekimenaren egileak eskatzen duenean, presa behar bezala arrazoitua badago.»
Bederatzi.– Araudiko VI. kapitulua eta 158. artikulua ezabatuko dira.
Hamar.– 161. artikulua honela geratuko da idatzia:
«1.– Uztailaren 12ko 6/2005 Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Arauaren 6.4 artikuluko txostena izapidetzeko onartutakoan, Ganberako Mahaiak hiru eguneko epe bat irekiko du batzarkide-taldeek, egoki baderitzote, Foru Aldundiko kideen agerraldia eska dezaten.
2.– Agerraldi-eskaerarik aurkeztu gabe bukatuz gero epea, Mahaiak espedientea amaitutzat joko du.
3.– Eskatutako informatzeko bilkura dagokion batzordean gauzatutakoan, batzarkide-taldeek mozioak aurkezteko aukera izango dute, batzordearen bilkura bukatu eta hurrengo 48 orduetan. Ganberako Mahaiak egiaztatuko du mozioak txostenaren edukiaren arabera egokiak diren edo ez, eta hala badira batzordearen hurrengo bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira. Mozioak jorratzeko bilkura hasi baino hogeita lau ordu lehenago arte erdibideko zuzenketak aurkeztu ahal izango dira.
4.– Mozioen eztabaida eta bozketa Araudiko 132. artikuluko 2. ataletik 5. atalera bitartean agindutakoaren arabera egingo da.»
Hamaika.– 161 bis zenbakiko artikulu berria erantsiko da, eta honela geratuko da idatzia:
«Mahaiak agindu dezake, batzorde batek, bi batzarkide taldek edo Batzar Nagusietako kideen bostenak eskatuta, eta Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzunda, batzorde eskudunak kontrolatu eta balioetsi behar duela foru-arau batek jasotako edo gai jakin bateko politika publikoa nola betetzen eta gauzatzen den.»
AZKEN XEDAPENA
Araudiaren aldaketa hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
Donostia, 2019ko martxoaren 27a.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.