EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019066

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 26koa, Finantza Politikako zuzendariarena, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak ezartzen baitira Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek eta beren erakunde gordailuzainek Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen erregistroarekin dituzten harremanetarako.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201901693
Maila: Ebazpena
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera, pertsona juridikoak behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera Administrazio Publikoekiko harremanetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak garatzen du Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoak erabiliz izateko herritarrek duten eskubidea, zerbitzu publikoez baliatu eta administrazio-prozedurak izapidetu ahal izateko.
Zentzu horretan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen 5/2012 Legearen 73. artikuluaren 4. apartatuak hau ezartzen du: «Erregistroak, funtzionatzeko, Euskadiko Herri Administrazioan aplikatu beharreko araudiaren araberako bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko ditu.»
Halaber, lege horren erregelamenduaren IV. tituluak –urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak onartu zuen– arautzen ditu Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua, eta, 92. artikuluan, legearen 73.4 artikuluarekin bat etorriz, hau xedatzen du:
«92. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidez kudeatzea.
1.– Interesdunak bitarteko elektronikoen bidez sartu ahal izango dira Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan informazioa eskatzera, kontsultatzera eta izapideak egitera, aplikatzekoa den araudiaren arabera.
2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako ereduak erregistrora bertara joanda edo telematikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta telematikoki izapidetzeari buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.
3.– Hirugarrenekin, pertsona fisiko zein juridikoekin, egiten diren gainerako prozedurak, Erregelamendu honetan arautuak, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatu beharreko egitateak ez izan arren, izapidetze elektronikoaren araudiari eta Dekretu hau garatzeko arautzen denari lotuta egongo dira.»
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroarentzako eskaera eta jakinarazpen gehienak BGAEek berek eta beren erakunde gordailuzainek helaraziak dira. Kasu bietan pertsona juridikoak direnez, nahitaez bitarteko elektronikoak erabili behar dituzte Administrazio Publikoekiko harremanetan. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez prestatu da bitarteko elektronikoen bidezko irispidea erakunde horientzat, xedapen hauekin bat etorriz: 21/2002 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) ezartzen duen dokumentua onartzekoa.
Azaldutakoa dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da bitarteko elektronikoak ezartzea Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (aurrerantzean, BGAE) eta beren erakunde gordailuzainek Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroarekiko (aurrerantzean, Erregistroa) dituzten harremanetarako.
Bigarrena.– Eremua.
BGAEek eta beren erakunde gordailuzainek kanal elektronikoen bidez izango dituzte harremanak Erregistroarekin, ebazpen honetan ezartzen den bezala.
Prozedura hauek izapidetuko dira kanal elektronikoaren bidez:
a) BGAEak eratzea.
b) BGAEen estatutuen aldaketak.
c) BGAEen fusioa.
d) BGAEen zatiketa.
e) BGAEak likidazioz desegitea, eta BGAEen Erregistroan baja ematea.
f) BGAEak likidaziorik gabe desegitea, eta likidatzaileak izendatzea.
g) BGAEak likidatzea eta BGAEen Erregistroan baja ematea.
h) Aurreikuspen-planen alta.
i) Gizarte-aurreikuspeneko planen baja.
j) Aurreikuspen-planen araudiak aldatzea.
k) Aurreikuspen-planak lekualdatzea.
l) Aurreikuspen-plan batean dauden kolektiboak lekualdatzea.
m) BGAEetako Gobernu Organoetako kideen izendapenak eta kargu-uzteak.
n) Funtsezko egitekoak dituzten arduradunen izendapenak eta kargu-uzteak.
o) Berrorekatzeko plan bat onartzea.
p) BGAEen araudiak eskatutako dokumentazioa gordailutzea.
q) Erregistratutako edukiei buruzko egiaztagiriak ematea.
r) BGAEen erakunde gordailuzainen inskripzioa.
s) BGAEen erakunde gordailuzainen baja.
t) BGAEen Bazkideen Fitxategi Orokorra kontsultatzea BGAEek.
u) Gerora kanal elektronikotik izapidetuko diren bestelako prozedurak.
Hirugarrena.– Eskaerak aurkeztea.
Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskaerak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskura daitezkeen inprimaki elektronikoak beteta; helbide honetan eskura daitezke: http://www.euskadi.eus/base-erregistroa
Helbide horretan biltzen dira BGAEek eta beren erakunde gordailuzainek has ditzaketen prozedura guztiak. Halaber, izapidetzean laguntzeko azalpen-fitxa bat du prozedura bakoitzak.
Egiten den eskabidearen arabera eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko zaie inprimaki horien bidez egindako eskaerei.
Laugarrena.– Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak.
1.– Ebazpen honetako bigarren apartatuan zehaztutako ezein prozedura has dezan BGAE batek, identifikazio-bitarteko elektroniko bat izan beharko du aurretik (txartel digitala edo ziurtagiri digitala).
2.– Helbide elektroniko honetan eskura daiteke eskaera aurkezteko identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoei buruzko informazioa: http://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Ebazpen honen bigarren apartatuan zehatutako prozedurak hasteko, bitarteko elektroniko hauen bidez sartu ahal izango da:
a) BGAEaren edo erakunde gordailuzainaren identifikazio-txartel digitala, dagokiona.
b) Ordezkariaren txartela, aurretik Ordezkarien Erregistroan erregistratuta. Helbide elektroniko honetan eskura daiteke horri buruzko informazioa: http://www.euskadi.eus/ordezkariak
c) Identifikazio-bitarteko elektroniko oro, baldin eta ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua eransten bada.
Bosgarrena.– Dokumentazioa.
Prozedurak izapidetzean (aktak, estatutuak, erregelamenduak...) erantsi beharreko dokumentu digitalak dokumentu horiek sinatzen dituzten pertsonen sinadura elektroniko aitortuarekin bermatu beharko dira. Hargatik eragotzi gabe sinatzeko ezein tresna erabili ahal izatea horretarako; egoitza elektronikoaren helbide honetan daude eskuragarri informazioa eta sinatzeko Izenpek jarritako tresnak:
http://www.euskadi.eus/sinadura-elektronikoa
Dokumentuaren sinadurak dokumentuan bertan integratuta egon behar du, dokumentua eta sinadura dokumentu bakarra izan daitezen. Funtzio horri buruzko informazioa fitxa honetan dago: Tresnak/Dokumentuak sinatu eta sinadura egiaztatu. Egoitza elektronikoa honako hau da:
http://www.euskadi.eus/dokumentu-sinatu-eta-sinadura-egiaztatu/web01-sede/eu/
Eskaerari eransten zaion dokumentazioa edo prozedura izapidetzean eransten den dokumentazioa banaka aurkeztu beharko da, hau da, dokumentu bakoitzeko artxibo bat helarazi beharko da, eta horrela saihestuko da dokumentu bat baino gehiago sartzea eta orrialde ezberdinen artxibo bat baino gehiago sartzea dokumentu bakarrean.
Dokumentuak banaka edukiko dituzten artxiboek PDF formatu elektronikoa izango dute.
Artxiboen izenean, artxiboaren edukiari aipamena egingo zaio beti; adibidez, eskanerrak lehenesten dituen izendapen alfanumerikoak saihestuko dira.
Seigarrena.– Euskadiko BGAEen Erregistroaren jakinarazpenak.
Ebazpenen jakinarazpenak, zuzentzeko errekerimenduak eta prozedurako bestelako izapidetze-egintza oro Nire Karpeta-ren bidez gauzatuko dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Publikotasuna.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren web-orrian argitaratuko da, eta erakunde interesdunei eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioari jakinaraziko zaie.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ebazpen hau indarrean jarri aurretik abiarazitako prozedurak.
Ebazpen hau indarrean jarri aurretik abiarazi diren prozedurak bitarteko ez-elektronikoak erabiliz izapidetuko dira, harik eta haiek izapidetzen amaitu arte.
AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak sortzeko data.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, BGAEek eta beren erakunde gordailuzainek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dizkiote eskaerak Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 26a.
Finantza Politikako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER ARNAEZ ARRECIGOR.