EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019063

30/2019 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (2013ko abenduaren 9koa) ezartzen duen Oinarrizko Lanbide Heziketa ezartzeko Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzeko prozedura egituratzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900030
Xedapenaren data: 2019-03-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201901635
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena,
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 22KO 30/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, HEZKUNTZA ETA LANBIDE HEZIKETAKO MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, ZEINAREN BIDEZ EGITURATZEN BAITA EUROPAKO GIZARTE FUNTSAK KOFINATZATUTAKO PROZEDURA, HEZKUNTZA-KALITATEA HOBETZEKO ABENDUAREN 9KO 8/2013 LEGE ORGANIKOTIK ERATORRITAKO OINARRIZKO LANBIDE-HEZIKETA EZARTZEKOA
Madril, 2019ko otsailaren 5a.
BILDU DIRA:
Batetik, Isabel Celaá Dieguez andrea, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa, ekainaren 6ko 357/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61. artikuluko k letraren eta 48.2 artikuluaren arabera jardunez.
Bestetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, kargu horretarako izendatua Hezkuntzako sailburua izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 31/2016 Dekretuaren bitartez, dekretu hauek emandako eskumenak baliatuta: batetik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoa eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa, eta, bestetik, apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua.
Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri.
AZALTZEN DUTE:
1.– Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen du, eta beste aldaketa batzuen artean, 39. artikuluan eta hurrengoetan Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo berriak txertatzen ditu.
Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenak oinarrizko lanbide heziketako ziklo berriak pixkanaka ezarriko direla ezartzen du, 2014-2015 ikasturtetik aurrera.
2.– Europako Batzordearen Europa 2020 Komunikazioak Europar Batasunaren estrategia zehazten du hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailea ezartzeko. Helburuetatik bat hezkuntza-arlokoa da; emaitzetan arreta jartzen du, eta eskola goiz uztearen arazoari heltzen dio.
3.– Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduak (EB) (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa, Europako Gizarte Funtsa, Kohesio Funtsa, Landa Garapeneko Nekazaritzako Europako Funtsa eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari dagozkien xedapenak ezartzen dituenak) 4. artikuluan xedatzen duenaren arabera, nazioko, eskualdeko eta tokiko esku-hartzeak osatzen lagunduko dute funtsek, Europa 2020 Estrategia betetzeko.
Erregelamendu horretako 9. artikuluak funtsek babestuko dituzten gaikako helburuak zehazten ditu, eta hauxe da hamargarrena: «Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea gaitasunak lortzeko eta etengabeko ikaskuntza eskuratzeko».
4.– Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamenduak (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoak, bere helburuen artean du guztientzako hezkuntza- eta prestakuntza-maila altua ezartzea, eta, 3. artikuluan, inbertsio-lehentasunen artean jasotzen ditu eskola-uzte goiztiarra murriztu eta prebenitzea eta kalitate oneko hezkuntza eskuratzeko aukera-berdintasuna sustatzea.
5.– Esparru horren barnean, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Estatu Idazkaritzaren bidez, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzarako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaren 3. ardatzean («Inbertsioa hezkuntzan eta prestakuntzan») programatutako Europako Gizarte Funtsaren (EGF) laguntzak kudeatzen ditu. Hala, laguntza horien zenbatekoa Lanbide Heziketaren eta DBHren erreformaren ezarpena kofinantzatzeko erabiliko da batez ere.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren arloko eskumenak. Eskumen horiek Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan jasota daude.
7.– Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko ibilbide finantzarioa onetsi zuen 2014ko ekainaren 30ean, eta 2014ko urriaren 17an Ministro Kontseiluak banaketa-irizpideak formalizatu zituen, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86.2 artikuluarekin bat etorriz. Lege horretako taula finantzarioak tresna honen eranskinetan jaso dira.
8.– 2017ko maiatzaren 17ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bederatzigarren akordioan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz Euskadin LOMCE ezartzeko gastuak finantzatzea, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzarako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaren «Inbertsioa hezkuntzan eta prestakuntzan» 3. ardatzaren bidez. Gastua 24.446,99 mila eurokoa dela zenbatesten da 2014-2017 aldirako. Aurreko 7. apartatuan aipatzen diren banaketa-irizpideak kontuan hartuta, zenbatetsitako zenbateko osotik 15.820,83 mila euro oinarrizko LHa ezartzeko kostuak kofinantzatzeko erabiliko dira, eta 8.626,16 mila euro DBHren ezarpen-kostuetarako.
9.– Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Europako Gizarte Funtsaren kofinantziazioari 2017rako zegokion zenbatekoa (4.679.672 euro) aurreratu zion Euskal Autonomia Erkidegoari 2017ko aurrekontu-ekitaldian, bere gastu-aurrekontuaren 8. kapituluaren kontura eta interesengatiko zordunketarik gabe.
10.– Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioei dagokie behar dituzten gastuak Europar Batasuneko agintarien aurrean justifikatzeko prozedurari buruzko konpromisoak hartzea, baita Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoaren eskura jartzeko prozedurari buruzkoak ere, aplika daitekeen Europar Batasuneko araudian ezarritako epeak betez.
Aurreko guztia dela eta, aldeek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute. Hauek dira hitzarmena arautuko duten klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa eratzea, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (hezkuntzaren kalitatea hobetzekoak) xedatzen dituen Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo berriak ezartzeko 2014, 2015, 2016 eta 2017 urteetan, eta aldeek beren gain hartutako konpromisoak betearaztea.
Bigarrena.– Finantzaketa.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz Euskadin Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo berriak ezartzeko zenbatetsitako gastuen % 50 finantzatzea, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzarako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaren «Inbertsioa hezkuntzan eta prestakuntzan» 3. ardatzaren bidez. Gastu hori 31.641,67 mila eurokoa da, eta, beraz, 15.820,83 mila euro jaso behar ditu 2014-2017 ekitaldietarako.
Hirugarrena.– Autonomia-erkidegoaren konpromisoak.
1.– Autonomia-erkidegoak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen xede diren jarduketak betearazteko Hezkuntza Sailaren bidez, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Bitarteko Organismoari justifikatzeko, egitura-funtsei aplika dakiekeen eta zehazki EGFri aplika dakiokeen Estatuko eta Europar Batasuneko araudiaren arabera, eta araudia aplikatzerakoan Europako Batzordeak, Espainian EGF kudeatzen duen agintaritzak, eta hala balegokio, bitarteko organismoak berak hartutako erabakien arabera.
2.– Laguntzaren baldintzak ezartzen dituen agiriaren arabera eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 125.3.c artikuluan ezartzen denaren arabera, autonomia-erkidegoak EGFren gastuen aitorpena egiteko beharrezkoa den informazio guztia emango dio Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren bitarteko organismoari, baita honako informazio hau ere: kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzkoa; unitateko kostuen baremo estandarraren proposamenari buruzkoa; elkarrekin finantzatutako jarduketen betearazpenari eta horien auditoretza-pistari buruzkoa; egin dituen gastu hautagarriei buruzkoa; publikotasunaren eta aukera-berdintasunaren arloko jarduketei buruzkoa; eta egitura-funtsei aplika dakiekeen eta zehazki EGFri aplika dakiokeen Estatuko eta Europar Batasuneko araudiak eskatzen dituen kudeaketari buruzko urteko eta azken txostenak eta ebaluazio-txostenak egiteko beharrezkoa izan daitekeen beste edozein informazio, araudia aplikatzerakoan Europako Batzordeak, Espainian EGF kudeatzen duen agintaritzak, eta hala balegokio, bitarteko organismoak berak ezartzen dituzten jarraibideen arabera.
Informazioa helarazten eta gordetzen laguntzeko, bitarteko organismoak eta kudeaketa agintaritzak elkarrekin finantzatu dituzten jarduketen datuak erregistratu eta informatizatuta gordetzeko ezarritako sistema telematikoak erabiliko dira.
3.– Autonomia-erkidegoak bere gain hartzen du Ministerioaren bitarteko organismoari aurkeztuko dizkion aitorpenetan EGFren gastu hautagarriak bakarrik sartzeko betebeharra, hots, benetan burutu dituen gastuak, gauzatutako jarduketei dagozkienak eta egiazta daitezkeenak sartuko ditu, behar den dokumentazioa eta auditoretza-pista egokia baldin badute, Europar Batasuneko egitura-funtsei aplika dakizkiekeen eskakizunen arabera.
Aitorpenak egiteko eta gastuak justifikatzeko, autonomia-erkidegoak unitateko kostuen baremo estandarrak erabiliko ditu. Baremo estandar horiek Kudeaketa Agintaritzak onetsi beharko ditu, 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67. artikuluan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan (biak Europako Parlamentuarenak eta Europako Batzordearenak, 2013ko abenduaren 17koak) xedatutakoaren arabera.
4.– Europar Batasuneko egitura-funtsei aplikatzekoak diren arauetan xedatutako administrazio-egiaztapenak zein tokian bertan egindakoak ezarriko zaizkie autonomia-erkidegoak Ministerioaren bitarteko organismoari aitortzen dizkion jarduketei eta gastuei, gastu-aitorpenetan sartzeko baldintza gisa, eta arlo honetan eskumena duten Estatuko eta Europar Batasuneko kontrol-organoen jarduketak jasan beharko dituzte.
5.– Hitzarmen honen indarraldian, hitzarmenaren xede diren jarduketek ezin izango dute EGFren laguntzarik jaso 2014/2020 aldirako Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzarako Eskualde anitzeko Programa Operatiboa ez den beste programa operatibo baten kontura.
6.– Estatuak EGFren kofinantzaketaren kontura ordaindutako aurrerakinaren diru-sarrera erregistratu beharko du autonomia-erkidegoak, eta bere aurrekontuaren «Finantza-pasiboak» 9. kapituluan ezarri beharko du.
Ministerioaren bitarteko organismoak aitortutako gastuak itzuli eta horrek Altxor Publikoan Europar Batasunaren ordain-agindua jaso dela autonomia-erkidegoari jakinarazi ostean, autonomia-erkidegoak «Kanpoko kapitalaren transferentziak» kontzeptuan erregistratu beharko du dirulaguntza. Horrela, Estatuak aurreratutako funtsak jasotzean sortutako zorra kitatuko da.
Laugarrena.– Gastuak justifikatzea eta EGFren kontribuzioa ordaintzea.
1.– Autonomia-erkidegoak justifikatu eta aitortu egin beharko dizkio bitarteko organismoari kofinantzatutako hitzarmen honen xede diren jarduketek eragindako gastuak, Europako araudian xedatutako epeetan.
2.– Autonomia-erkidegoak baimena ematen dio Estatuari, Ministerioaren bitarteko organismoak aitortutako gastuak itzuli ostean, Europar Batasunak sartutako funtsak erabil ditzan emandako aurrerakina kitatzeko.
Europar Batasunetik jasotako funts guztiak ez badira aski 9. kapituluan aipatzen diren funts-aurrerakinak amortizatzeko autonomia-erkidegoari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, autonomia-erkidegoak aldea Altxor Publikoan sartuko du, zenbateko hori erabilgarri izan duen denboran sortutako berandutze-interesekin, betiere, Ministerioaren ordain-agindua jaso eta hirugarren urtearen amaieratik urtebete igaro baino lehen.
3.– Aurrerakinaren zati bati edo aurrerakin osoari uko eginez gero, Ministerioaren bitarteko organismoak aitortutako gastuak itzuli ostean, bitarteko organismoak transferentzia egingo dio autonomia-erkidegoari.
Bosgarrena.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Hitzarmenean adostutakoaren jarraipena Hezkuntzako Konferentziaren Batzorde Orokorraren barruan helburu horretarako sortu den Batzorde Teknikoak gauzatuko du, 2000. urteko azaroaren 13an onetsitako Erregelamenduaren arabera.
Batzorde hori arduratuko da hitzarmen honen xede den LOMCEren ezarpenaren finantzaketari buruzko alderdi guztiez eta jarduketa horiek EGFren laguntzaz finantzatzearekin lotutako gaiei buruzko alderdi guztiez, baita lankidetza-hitzarmen hau interpretatu eta betearazterakoan egon daitezkeen eztabaidak ebazteaz ere.
2.– Ministerioak edo autonomia-erkidegoak eskatuz gero, aldebiko batzarrak egin ahalko dira, gai zehatzak aztertzeko.
3.– Ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan, autonomia-erkidegoak aurreko urtean hitzarmenak izan zuen betearazpenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren bitarteko organismoak zehazten duen edukiarekin; besteak beste, ikasturtearen garapenak izan duen finantza-betearazpena, urtero Europako Batzordeari bidali behar zaion Programa Operatiboaren betearazpenari buruzko informazioa emateko.
Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia, iraupena eta indargabetzea.
Hitzarmen honek Estatutako sektore publikoko lankidetza-organo eta -tresnen estatuko erregistro elektronikoan inskribatzen denetik aurrera izango ditu ondoreak, eta indarraldia aldeek betebeharrak guztiz betetzen dituztenean amaituko da, gehienez lau urteko epean. Hala ere, lau urteko epe hori nahikoa ez bada aldeek betebehar guztiak betetzeko, erabaki ahalko da hura luzatzea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h artikuluarekin bat; bertan honako hau ezartzen da: «Aurreikusitako epea amaitu aurretik, edozein unetan adostu ahalko dute hitzarmenaren sinatzaileek hura luzatzea, gehienez beste lau urte osagarriz, edo hura amaitzea».
Indargabetzeko arrazoi dira honako hauek:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.
b) Bien artean hartutako erabakia, idatziz adierazia.
c) Alderdiek onartu dituzten betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez badituzte, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluko c) apartatuan jasotzen den moduan. Arau horretan aipatzen den errekerimendua Hezkuntzako Konferentziaren Batzorde Orokorraren barruan horretarako sortutako EGFren Lantaldeari ere jakinaraziko zaio.
d) Aldeetako batek idatziz salatzea, gutxienez hitzarmena amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez.
e) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
Ez-betetzea autonomia-erkidegoak egin badu, edo berak salatu badu, autonomia-erkidegoak jaso duen zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko du, dagozkion berandutze-interesekin batera. Kopuruaren zati bat itzuli ahal izateko, ia hitzarmen osoa beteta egon beharko da, eta autonomia-erkidegoak dauzkan konpromisoak betetzeko nahi argia duela egiaztatu beharko du. Egon daitezkeen ez-betetzeen mailak zehazteko irizpideak errekerimendua egin baino lehen aurkeztuko dira hitzarmenaren seigarren klausulan ezarritako aldebiko bileretan.
Hitzarmena suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzean jarduketaren bat aribidean bada, seigarren klausulan aurreikusitako aldebiko jarraipen-bileretan, alderdiek erabaki ahalko dute egokitzat jotzen dituzten aribideko jarduketak egiten jarraitzea eta amaitzea, bukatzeko epe luzaezin bat ezarrita. Epe hori igarotakoan, jarduketen likidazioa egin beharko da aurreko letran ezarrita dagoen moduan.
Zazpigarrena.– Jarduketen publikotasuna.
Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen xede diren jarduketak finantzatzen laguntzen duten egitura-funtsen publikotasunaren arloko araudi aplikagarria aztertzeko.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen hau aldatu egin ahal izango da, sinatzaileek aho batez hala erabakiz gero, hitzarmenaren xedea hobeto beteko dela bermatzeko eta hitzarmenean Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren kudeaketa behar izan dezaketen baldintzak txertatzeko. Horretarako, gehigarri bat sinatuta.
Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa eta aldeen arteko desadostasunak ebaztea.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluaren eta azaroaren 26ko Aurrekontuen 47/2003 Lege Orokorreko 86. artikuluaren barnean dago.
Hitzarmen hau interpretatzean eta gauzatzean sor daitezkeen auziak alderdien arteko adostasunez konpondu beharko dira, hitzarmen honen seigarren klausulan aurreikusten diren aldebiko bileretan. Adostasunik lortzen ez bada, sor daitezkeen auziak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatzen den moduan ebatziko dira.
Hamargarrena.– Efikazia eta publikotasuna.
Hitzarmen honek ondoreak izango ditu estatuko sektore publikoko lankidetza-organo eta -tresnen estatuko erregistro elektronikoan inskribatzen denetik aurrera. Era berean, BOEn argitaratuko da.
Adostasunaren adierazgarri, alderdiek agiri honen bi ale sinatzen dituzte ondore bakarrarekin, goian adierazitako lekuan eta datan.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroa,
ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
HITZARMENAREN ERANSKINA
OINARRIZKO LANBIDE HEZIKETAKO ZIKLOEN EZARPENAREN FINANTZAKETA