EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019063

48/2019 DEKRETUA, martxoaren 26an, zeinaren bidez onartzen baita Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko martxoaren 20ko Akordioa, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900048
Xedapenaren data: 2019-03-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201901626
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/12/05ean argitaratutako 2018/12/03ko 201800174 DEKRETUA

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak 2018ko azaroaren 26an adostutako akordioaren bidez, errepideen arloko eginkizun eta zerbitzu gehiago eskualdatu zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari. Akordio hori abenduaren 3ko 174/2018 Errege Dekretuaren eta abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan dago ezarrita bide eta errepideen arloan lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituztela gaur egun dituzten lege-araubidea eta eskumenak edo, hala dagokionean, Estatutuaren 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dauzkatenak, Konstituzioaren 148.1.5 artikuluan jasotako eskumenez gain.
Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak lurralde historikoei esleitzen die, 7.a.8 artikuluaren bidez, bakoitzari bere lurraldean, errepideak eta bideak planifikatzeko, proiektatzeko, eraikitzeko, kontserbatzeko, aldatzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko eskumen esklusiboa. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sarean behar den koordinazioa bermatze aldera, erakunde erkideek onartutako plan orokorra jarri beharko da indarrean.
Abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez, Autonomia Estatutuaren aurreikuspenak egikaritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak zehaztu zituen eginkizunak eta zerbitzuak, AP-1 autobidearen bide-zati bati dagozkionak (Burgos-Armiñón). Zehatz-mehatz, akordio horren B.1 apartatuan dago zehaztuta zer posizio juridiko hartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde historikoen eskumen-araubideari dagokionez, erakunde-arauek adierazitakoarekin bat.
Esandakoa kontuan hartuta, Bitariko Batzordeak –azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren arabera ezarrita– Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuan xedatutakoaren arabera jardun du errepideen arloan eskualdatu behar diren eginkizunak eta zerbitzuak zehazten, eta, horretarako, behar den akordioa adostu du.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 26an bilkuran onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Onartzea Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioa, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa. Batzorde horren Osokoak adostu zuen akordio hori 2019ko martxoaren 20ko bilkuran, eta Dekretu honi atxiki zaio.
2. artikulua.– Ondorioz, aurrerantzean Arabako Lurralde Historikoaren esku egongo dira akordio horretan zehaztu diren eginkizunak eta zerbitzuak, akordiotik eratorritako moduan eta baldintzetan, bai eta akordioaren testuan nahiz atxikitako zerrendetan agertzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak ere.
3. artikulua.– Bitariko Batzordearen akordioan bertan dago adierazita zer egunetatik aurrera izango dituen ondorioak eskualdatze honek.
4. artikulua.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretu hau, eta, halaber, dagokion foru-dekretua, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
48/2019 DEKRETUA, MARTXOAREN 26AN ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN ARTEKO TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN AKORDIOA
Begoña Pérez de Eulate González andreak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak, hau
ZIURTATZEN DU:
Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko martxoaren 20ko Osokoan, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidego osorako erakundeen eskuetatik Arabako Lurralde Historikoaren eskuetara aldatzea hitzartu zen, hauekin bat:
A) Arabako Lurralde Historikoaren eskumenak.
Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko 27/1983 Legeak xedatutako eskumen-arauen babespean adostu da akordio hau, bai eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan xedatutakoarekin eta aplikagarri diren gainerako arauekin bat ere.
B) Arabako Lurralde Historikoak aurrerantzean bere gain izango dituen eginkizunak.
1.– A-1 (Burgos-Armiñón) autobidean Arabako Lurralde Historikotik igarotzen den bide-zatia planifikatu, finantzatu, proiektatu, eraiki, kontserbatu, aldatu, erabili eta ustiatzeko eginkizunak eta ahalak hartuko dituzte Arabako Lurralde Historikoko foru-organoek, akordio honetan zehaztu bezala:
Azaroaren 25eko 27/1983 Legean xedatutakoarekin bat, Arabako Lurralde Historikoak eginkizun horiek beteko ditu eta, horretarako, indarrean jarriko ditu erakunde erkideek onartzen duten errepideen plan orokorrean ezartzen diren arau teknikoak; halaber egingo ditu plan horretako aurreikuspenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak, gutxienez.
Horretaz gain, oro har, Estatuak errepideen eraikuntzaren eta kontserbazioaren arloan ezartzen dituen arau teknikoak ere beteko ditu Arabako Lurralde Historikoak, nazioarteko hitzarmen, akordio edo gomendioak betetzeko xedez, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 20.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta, halaber, Transferentzien Bitariko Batzordeak egin eta abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez onartutako akordioaren C apartatuan ezarritako esparruarekin bat.
2.– Arabako Lurralde Historikoaren esku geratzen da 1. zerrendan zehaztutako errepide-zatiaren titulartasuna, bidesaririk gabeko erabilera askerako.
Aipatutako errepide-zatiaren titulartasunaren ondorioz, oro har, Arabako Lurralde Historikoa subrogatu egingo da orain arte Estatuak eta gerora, eskualdatu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoak izan duten posizio juridikoan; eta, bai gaur egungo egoerari buruz bai kontratuaren likidazioari buruz emakidadunari egiten zaizkion erreklamazioei dagokienez bereziki, eskualdatutako bide-zatian. Aurreko hori eragotzi barik, Estatuak segituko du bere kargu izaten emakida-kontratutik eratortzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskualdatzearen eraginkortasun-egunera arte galdagarri diren betebehar eta eskubide guztiak.
3.– AP-1aren eta A-1aren arteko loturan (Vitoria-Gasteizko autobia) bi noranzkoetako sarrera-adarren edukiera handitzeko diren jarduketak gauzatzeko, Transferentzien Bitariko Batzordeak egin eta abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez onartutako akordioaren 1. akordio osagarrian xedatutakoa beteko da.
Akordio honen eraginkortasun-egunetik hilabetera eman eta hartuko dira eskualdatutako zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak, bai eta behar diren aktak sinatu ere.
C) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.
2019ko ekitaldian, errepideen arloan eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako izango duten urteko kostu osoa eranskineko 2. zerrendan dago adierazita.
Eskualdatzearen eraginkortasuna ez dator bat aurrekontu-ekitaldi osoarekin; beraz, Euskal Autonomia Erkidegorako urteko kostu osoa (eranskineko 2. zerrenda) hainbanatu egingo da lurralde historikoek eskualdatze eraginkorra hartzen duten urte-zatiaren proportzioan.
D) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Akordio honen xede diren eginkizun eta zerbitzuen eskualdatzea eraginkorra izango da akordio hau onartzen duen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
1. ZERRENDA
Arabako Lurralde Historikoari eskualdatutako ondasunen zerrenda
AP-1 autobidea (Burgos-Armiñón).
6 kilometroko bide-zatia, Burgosko eta Arabako probintzien arteko mugatik –77+200 kilometro-puntutik– autobidearen bukaerara, Armiñoneko 7. lotunera –83+200 kilometro-puntura–.
2. ZERRENDA
2019KO EKITALDIAN, LURRALDE HISTORIKOEI ESKUALDATU BEHARREKO ERREPIDEEN ARLOKO EGINKIZUN ETA ZERBITZUEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORAKO IZANGO DUTEN URTEKO KOSTU OSOA