EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-04-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019063

47/2019 DEKRETUA, martxoaren 26koa, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201900047
Xedapenaren data: 2019-03-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201901625
Maila: Dekretua
Nazioartekotzeko ekimenen eremuan, zeinak «Nazioartekotzeko 2020 Esparru Estrategiaren» barruan diseinatu ziren –Basque Country Estrategia 2020–, Kanpo Ekintzako Plana kokatzen da, eta plan hori 2018ko urtarrilaren 23an onetsi zuen Gobernu Kontseiluak. Plan horren helburu estrategikoa da Euskadiren garapen etengabe eta jasangarriari laguntzea, hemendik kanpo EAEk sektore askotan dituen interesak sustatuta. Hartara, plan horren hirugarren ekintza-ildoan aurreikusten da Euskadirentzat estrategikoak diren eskualdeekin harremanak egitea. Proiektatu diren jardueren artean jasotzen da lankidetza-hitzarmen bilateralak egin eta jarri behar direla abian eskualde estrategikoekin. Alde horretatik, harreman bilateralak indartzeko eta elkarren intereseko aliantzak eta kolaborazioak lantzeko, lankidetza-hitzarmenak eta -memorandumak izenpetu dira estrategikotzat jotzen diren zenbait eskualderekin. Zehazki, hitzarmenak sinatu dira Jiangsu, Baviera, Flandria, Querétaro, Cundinamarca, Quebec, Gales eta Akitania Berriarekin, eta ez da baztertzen aliantza gehiago egitea.
Eskualde estrategikoen sare hori finkatu eta indartzeko, ezinbestekoa da lotura sendoak egitea erakunde azpiestatal horiekin, bidea irekiko baitzaie nazioartekotzeko euskal ekimenei; izan ere, kanpoan dauden aukerak identifikatu ahal izango dira, eskualdeetako agenteak elkarrengana gerturatu, ideiak bateratu eta jomuga komunetara iristeko lankidetza-estrategiak bultzatu.
Helburu horietara iristeko aukera izateko, dekretu honek zenbait dirulaguntza arautzen ditu, kanpoko eskualde estrategikoetan lankidetza teknikoko proiektuak bultzatzeko eta sustatzeko. Proiektu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eta deialdi bakoitzean estrategikotzat jotzen diren eskualdeen arteko harremanak bultzatu behar dituzte, eta harreman horietan sakondu. Dirulaguntzak estrategikotzat jotzen diren eskualdeetako erakundeekin lankidetza-proiektuak egiten dituzten pertsona juridikoei emango zaizkie; proiektuek eskualde estrategikoekin formalizatutako memorandumetan jasotako gaien ingurukoak behar dute izan, hala nola ekonomia, enpresa, gizarte, kultura, hezkuntza eta zientziaren arlokoak, besteak beste.
Une honetara arte sinatu diren hitzarmenak ikusita, dirulaguntzak bi eremu geografikotarako banatzea pentsatu da, bat Europarako eta bestea Europatik kanpoko proiektuetarako.
Horren arabera, Lehendakariak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 26an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da deialdi bakoitzean finkatutako alorretan kanpoko eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egiten diren jarduera- eta lankidetza-proiektu bilateralak finantzatzeko laguntzen erregimena arautzea. Proiektu horiek bat etorri beharko dute eskualde estrategiko horietako bakoitzarekin aurrez formalizatutako memorandumetan ezarritakoekin.
2.– Hasieran aurrez ikusitakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen lankidetza-proiektu bilateralen arloak hauek dira: merkataritza; inbertsioak eta negozio-aukerak; ikerketa, garapena eta berrikuntza; industria-politika; zerga-politika; mugikortasuna eta garraioa; lan-merkatua eta ekonomia-politika; ingurumena eta energia; nekazaritza eta elikadura; osasuna; hezkuntza eta lanbide-heziketa; kultura; turismoa; eta polizia-lankidetza.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
Laguntza hauek jaso ditzakete dagokion deialdiaren esparruan jarduera- edo lankidetza-proiektu bilateral bat aurkezten duten pertsona juridiko pribatuek, baldin eta haien egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badago eta kanpoko eskualde estrategikoetako bazkide baten partaidetza badute.
3. artikulua.– Kanpoko eskualde estrategikoko bazkidea.
Diruz lagundu daitekeen lankidetza-proiektu bilateralean parte hartzen duen pertsona juridikoa da kanpoko eskualde estrategikoko bazkidea. Bazkide horrek dagokion eskualde estrategikoan izan beharko du egoitza soziala, deialdiaren ebazpenean xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Eremu geografikoa.
Dekretu honetan araututako laguntzak bi eremu geografikotan banatuta daude, proiektuan parte hartzen duen eskualde estrategikoko bazkidearen egoitzaren arabera:
1.– Europako eskualde estrategikoen eremurako laguntzak.
2.– Europatik kanpoko eskualde estrategikoen eremurako laguntzak.
5. artikulua.– Parte hartzen duten entitateek bete behar dituzten betekizunak.
1.– Dekretu honen 2. artikuluan aipatutakoaz gain, betekizun hauek bete beharko dituzte entitate parte hartzaileek:
a) Pertsona juridiko pribatu gisa eratuta egotea.
b) Onuradun izatea galarazten duten egoeretakoren batean ez egotea –egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan arautzen dira–.
c) Ez erortzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako egoeretan, zeinek sexu-diskriminazioa egiteagatik dirulaguntzak jasotzea galaraz baitezakete.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
2.– Dekretu honen 3. artikuluan aipatutakoaz gain, betekizun hauek bete beharko dituzte eskualde estrategikoetako entitate parte-hartzaileek:
a) Jatorrizko herrialdean aplikatu beharreko legeriaren arabera eratutako nortasun juridikoa izatea.
b) Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta zigor edo administrazioaren arloan inoiz zehapenik jaso ez izana, indarreko legeriaren arabera.
c) Dirulaguntzak jasotzeko debekuan ez erortzea, jatorrizko herrialdean aplikatu beharreko legeriaren arabera.
6. artikulua.– Deialdiak.
1.– Eskualde estrategikoekin lankidetza abiarazteko eta bultzatzeko zer aukera eta behar dagoen kontuan hartuta egingo dira deialdiak. Deialdi bakoitza adierazitako eskualde estrategiko bateko edo gehiagotako agenteekin egingo diren lankidetza-proiektuetarako izango da.
2.– Aldizka, kanpo-harremanen arloan eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez, dekretu honetan araututako laguntzen deialdia egingo da. Deialdi hori bananduta egin beharko da dekretu honetan jasotako esku hartzeko eremu geografiko bakoitzarentzat.
3.– Deialdiari buruzko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta, bertan, alderdi hauek azaldu beharko dira: deialdiaren xedea, laguntzen diru-zuzkidura, dagokion ebaluazio-batzordeko kideen izenak, eskabideak aurkezteko modua eta epea, diruz lagundu daitekeen proiektua egikaritzeko epea, eta, hala badagokio, haien gehieneko zenbatekoa.
7. artikulua.– Eskabidea.
1.– Dirulaguntzen deialdian ezartzen den epearen barruan eta han ezarritako baldintzak beteta aurkeztu behar dituzte interesdunek eskabideak. Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira eskabideak, deialdiaren ebazpenean ezartzen den dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. eta 14.3 artikuluen arabera. Erakunde kudeatzaileak agiri horiek kontsultatu eta egiaztatuko ditu, aurretik aipatutako legearen 28. artikuluan ezarritako eran.
2.– Eskabidean, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira:
a) Entitate eskatzailearen datuak, entitatearen arduraduna identifikatuta. Eskatzaileek egiaztatu beharko dute laguntza eskatzen dutenean egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dutela, eta, horretaz gain, dekretu honetan zehazten diren betekizun eta irizpideak ere betetzen dituztela.
b) Parte hartzen duen kanpoko eskualde estrategikoko bazkidearen identifikazioa, proiektuaren arduradunaren datuak adierazita.
3.– Honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira:
a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.
b) Onuradun izatea galarazten duten egoeraren batean ez egotea –egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan arautzen dira– eta otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako egoeretan ere ez erortzea, zeinek sexu-diskriminazioa egiteagatik dirulaguntzak jasotzea galaraz baitezakete.
c) «De minimis» araubidearen mendeko bestelako dirulaguntzak aitortzea, dagokien zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotakoak, frogatzeko «de minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamenduak, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoak, agindutako gehieneko muga.
d) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
4.– Proiektuaren memoria.
Egingo den proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute interesdunek, eta, memoria horretan, hauek zehaztuko dituzte: proiektua, egiteko epea, egiteko lekua, eta proiektuaren aurrekontu xehatua.
8. artikulua.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo deialdiaren ebazpenean eskatutako agiri guztiak ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Hemen araututako laguntzen xedea izango da egin beharreko proiektu bilateralaren gastuak ordaintzea, bai eta proiektuaren zabalkundearekin lotutako gastuak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan araututakoaren arabera.
Gastu hauetarako jaso daiteke dirulaguntza:
a) Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak direla-eta, eskualde estrategikoetara joan behar duten EAEko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak ordaintzeko; deialdi bakoitzean ezarriko da eguneko gehieneko zenbatekoa eta zenbat egunetako egonaldiak, gehienez.
b) Proiektu bilateralak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak ordaintzeko. Deialdiaren ebazpen bakoitzean ezarriko da gehienez zenbateko kopurua emango den.
2.– Entitate onuradunaren betebeharra da diruz lagundutako jarduera egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritako mugen barruan.
3.– Entitate onuradunek ezin izango dute azpikontratatu proiektua egikaritzeko lanaren % 20 baino gehiago.
10. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Aurkezten diren proiektuak aztertu eta ebaluatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Proiektuak zenbateko ekarpena egiten dion EAEk eskualde estrategikoarekin dituen harremanen garapenari. Irizpide hori baloratzerakoan, hauek hartuko dira kontuan: jarduera-kopurua, proiektuaren barruan egingo diren esku-hartzeak edo ekitaldiak, zenbat lagunek parte hartuko duten, eta proiektuaren xede-taldea zenbatekoa den. (20 puntu, gehienez ere).
b) Proiektuak dakarren berrikuntza eta originaltasuna. Irizpide hori baloratzeko, proiektu berritzailetzat hartuko da produktu edo zerbitzuetan, prozesuetan, ikuspegietan edo kontzeptu berrietan hobekuntzak eragiten dituzten estrategiak garatzen dituena. Estrategia baten eraginez produktu edo zerbitzuaren onarpen handiagoa dakarten hobekuntzak lortzen badira, estrategia hori berritzailea izango da. (20 puntu, gehienez ere).
c) Diruz lagundutako jardueraren ostean ere proiektuarekin jarraitzea aurreikustea. Irizpide hau baloratzeko, hauek hartuko dira kontuan: lankidetzaren egikaritze-, betetze- eta planifikatze-maila diruz lagundutako jardueraren ostean; proiektuaren bideragarritasuna, hura garatzeko eskuragarri dauden baliabide egokien bitartez –dirulaguntzaz gain–; eta proiektu berriak egiteko aurreikuspena, diruz lagundutako jardueraren ostean. (20 puntu, gehienez ere).
d) Proiektua ezartzea bideragarria den. Irizpide hau baloratzeko, hauek hartuko dira kontuan: bideragarritasun ekonomikoa eta kofinantzaketa, eta proiektua hedatzeko plana. (20 puntu, gehienez ere).
e) Proiektuak duen genero-ikuspegia –diseinuan, helburuetan, metodologian eta ebaluazio-adierazleetan– eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua zuzendaritza-organoetan. (20 puntu, gehienez ere).
2.– Ebaluazio-batzordeen lana izango da aurkeztutako eskabideak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea. Eremu geografikoaren arabera, organo eskudunari bidali beharko diote proposamena.
3.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko gutxienez 50 puntu lortzen ez duten proiektuek.
11. artikulua.– Proiektuak hautatzea eta ebaluazio-batzordeak.
1.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da. Horretarako, dagokion ebaluazio-batzordea eratuko da, eta batzorde horrek aztertu eta ebaluatuko ditu dirulagutza-eskabideak, betiere dekretu honen 4. artikuluan zehaztutako eremu geografikoak aintzat hartuta. Beharrezkoa denean, batzorde bat eratuko da Europako eskualde estrategikoekin eginiko proiektuetarako, eta beste batzorde bat Europatik kanpoko eskualde estrategikoekin eginiko proiektuetarako.
2.– Dekretu honen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, europako eskualde estrategikoekin eginiko proiektuak ebaluatzeko batzordea honela eratuta egongo da:
a) Batzordeburua: kanpo harremanen arloko arduraduna.
b) Europako gaietan eskumena duen organoko titularrak izendatzen duen bokal bat.
c) Idazkaria: batzordeko idazkari-lanetan arituko da europako gaietan eskumena duen organoko teknikari bat, zeina organo horretako titularrak izendatuko baitu. Hitza eta botoa izango ditu.
3.– Dekretu honen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Europatik kanpoko eskualde estrategikoekin eginiko proiektuak ebaluatzeko batzordea honela eratuta egongo da:
a) Batzordeburua: europako gaien arloko arduraduna.
b) Kanpo harremanen arloan eskumena duen organoko titularrak izendatzen duen bokal bat.
c) Idazkaria: batzordeko idazkari-lanetan arituko da kanpo harremanen arloan eskumena duen organoko teknikari bat, zeina organo horretako titularrak izendatuko baitu. Hitza eta botoa izango ditu.
4.– Batzorde horietako kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 3.7 artikuluan xedatutakoa.
5.– Dirulaguntzen deialdi bakoitzean zehaztuko da ebaluazio-batzordeak nork osatuko dituen, eta, horretarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean araututakoaren babesean jardungo da.
6.– Egindako balorazioaren emaitzak jasotzeko txostenak egingo dituzte ebaluazio-batzordeek, eta haien ardura izango da, halaber, ebazpen-proposamenak egitea.
12. artikulua.– Proiektuak burutzeko epea.
Proiektua dirulaguntza-deialdia egin den urte naturalaren barruan hasi beharko da egiten, eta dirulaguntza jakinarazi eta hurrengo 12 hilabeteetan burutu beharko da.
13. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko erakundea.
1.– Europan dauden eskualde estrategikoen eremuan burutuko diren proiektuetarako, europako gaietarako Zuzendaritzak izango du bere jarduera-eremuan deitzen diren laguntzak kudeatzeko ardura.
2.– Europatik kanpoko eskualde estrategikoen eremuan burutuko diren proiektuetarako, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak izango du bere jarduera-eremuan deitzen diren laguntzak kudeatzeko ardura.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Europako eremuan, Europako Gaietarako Zuzendaritzako titularrak emango du eskatutako laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpena, eta, hala badagokio, emandako laguntzen zenbatekoa ere zehaztuko da bertan.
2.– Europatik kanpoko eremuan, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzako titularrak emango du eskatutako laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpena, eta, hala badagokio, emandako laguntzen zenbatekoa ere zehaztuko da bertan.
3.– Ebazpen horiek ez dute agortzen administrazio-bidea, eta, horrenbestez, horien aurkako gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Kanpo Harremanen arloko organo eskudunaren aurrean.
4.– Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie interesdunei, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Erakunde onuradunen zerrenda, baita emandako dirulaguntzen zenbatekoa ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jakinarazpen-ondorioetarako.
15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Dirulaguntza gisa ez da emango erakunde eskatzailearentzat proiektuak duen kostuaren % 50 baino gehiago.
Dirulaguntzen ordainketak modu honetan egingo dira:
– Lehenengo ordainketan, dirulaguntzaren % 40 emango da, dirulaguntza onartzen dela sinatzen denean.
– Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, proiektua bukatu eta gastu guztiak justifikatu ostean egingo da.
16. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
Dirulaguntzak jasotzen dituztenek diruz lagundutako jarduera bukatu eta hurrengo 2 hilabeteetan proiektua gauzatu dela jasotzen duen memoria aurkeztu beharko dute. Memoria horretan zehaztu behar dira gastuak eta sarrerak eta proiektua nola garatu den, eta diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egin diren gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak erantsi behar dira. Horrela, laguntza ematea eragin zuen xedea bete dela eta jasotako funtsak aplikatu direla justifikatuko da.
Agiri horretan, gainera, dirulaguntzaren xede izan den proiektuan nork parte hartu duen jaso beharko da, sexuaren arabera bereizita, eta, hala bada, genero-ikuspegia ere nola txertatu den adierazi beharko da.
Kanpo harremanen eta Europako gaien arloko eskumena duten organoek eskubidea dute, eskura dituzten baliabide guztiak erabilita, emandako diru-kopuruak kontrolatzeko eta zertarako erabiltzen diren kontrolatzeko. Onuradunek ezingo dute kontrol horien aurka egin. Betebehar horiek betetzen ez badira, dirulaguntza eten edo kendu egin daiteke, bai eta kobratutako zenbatekoak itzularazi ere, eskura dauden beste edozein bitarteko eragotzi gabe.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek dirulaguntza onartzeak dekretu honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar berez, bai eta itzulketen eta zehapenen erregimenarekin lotuta dauden bermeak onartzea ere, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritakoak.
2.– Erakunde onuradunek gehienez ere 15 eguneko epean adierazi beharko dute dirulaguntza onartzen dutela.
3.– Zehazki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebehar orokorrez gain, erakunde onuradun bakoitzaren betebeharrak izango dira honako hauek:
a) Dirulaguntza ematea eragin zuen proiektua edo jarduera egitea.
b) Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoaren eta, hala badagokio, Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren egiaztatze-lanak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.
c) Bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari.
d) Diruz lagundutako jarduera guztietan berariaz Eusko Jaurlaritzaren lankidetza izan dela aipatzea eta Basque Country marka erabiltzea, eta programen hartzaile diren erakundeei ere horren berri ematea.
e) Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari diruz lagundutako proiektuak gauzatzerakoan sortutako materialak biltzen dituen artxibo digitala ematea, organo horrek webgunean herritarren esku jar dezan, edo dagokien URL helbidea eman dezan, haietara sartzeko esteka jarri ahal izateko.
f) Igorritako dokumentu guztietan hizkera sexistarik erabiliko ez dela bermatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea bete dadin.
g) Euskara eta gaztelania erabiltzea diruz lagundutako proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitalpenetan.
18. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu emandako dirulaguntzari dagokionez, eta, hala behar izanez gero, hura emateko aurkeztutako frogagiri guztiak eskuratu ahalko ditu.
2.– Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoek, aldian behin, aurreikusitako jarduerak dekretu honen helburuei egokitzen zaizkien azter dezakete, eta egoki ikusten dituzten egiaztapenak egin ditzakete, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Erakunde onuradunak laguntzak kudeatzeko organo eskudunari jakinarazi beharko dio dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetakoren bat –objektiboa zein subjektiboa– aldatu den, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso dituen ere.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– edo, bestela, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta zaintzen badira dirulaguntza jaso ahal izateko ezarritako gutxieneko betekizunak eta dirulaguntzen xedea. Dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen organoak beste ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen kopurua murrizteko.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntza emateko betekizunak ez direla betetzen frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, berandutze-interesak, eta egoki iritzitako beste edozein ekintza ere burutu ahal izango da, hala agintzen baitute azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (Dirulaguntzei buruzkoak), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. Artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza horiek «de minimis» gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen jotzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.