EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019059

AGINDUA, 2019ko martxoaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Bilboko Centro San Luis ikastetxeak ematen duen tituluaren izena aldatzen baita: «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la Universidad de Gales» izan da tiuluaren izena orain arte, hemendik aurrera «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la University of Wales Trinity Saint David» izango da.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201901538
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2004/12/27an argitaratutako 2004/12/01eko AGINDUA [200406680]

Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–; Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2004ko abenduaren 1eko Aginduaren bidez, baimena eman zen Bilboko Centro San Luis izeneko ikastetxea sortu eta abian jartzeko, unibertsitate-mailako «Bachelor of Science Honours in Computing por la Universidad de Gales» izeneko titulazioa emateko beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera, 2004-2005 ikasturtetik aurrerako ondorioekin.
2018ko maiatzaren 14an eman zitzaion sarrera Hezkuntza Saileko erregistroan, Bilboko Centro San Luis ikastetxeko zuzendari gerentearen idazkiari; idazki horren bitartez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2004ko abenduaren 1eko Aginduan jasota dagoen ikastetxearen izena aldatzea eskatzen da.
University of Wales (Universidad de Gales) eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitateen bat-egite prozesuaren ondorioz, lehenengoak University of Wales Trinity Saint David izena hartzen du.
UWTSE University of Wales Trinity Saint David unibertsitate berriak Centro San Luis ikastetxea unibertsitateari atxikitako ikastetxe modura onartzen du, eta baimena ematen dio mantentzeko egun indarrean duen «Bachelor of Science Honours in Computing» –BSc (Hons) in Computing» programa onartua. Bat-egitea gauzatu aurretik ematen zen programa berbera da, eta ikasgaiak, edukiak, iraupena, ebaluazio-irizpideak, lekuak, laborategiak eta irakasleak ere mantendu egiten dira.
Eusko Jaurlaritzak ikastetxe gisa aitortu eta ikasketa horiek irakasteko baimena emateko bete zituen baldintzak eta betekizunak ez aldatzeko konpromisoa hartu du Centro San Luis ikastetxeak.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du txostenik ez egitea, Centro San Luis ikastetxeak konpromisoa hartu duelako bere garaian ikastetxe aitortua izateko eta baimena lortzeko baldintzak eta betekizunak ez aldatzeko.
Horregatik, Bilboko Centro San Luis ikastetxeak ematen duen titulazioaren izena aldatzeko eskatuz aurkeztu duen dokumentazioa ikusita, hau da, orain arte izan duen «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la Universidad de Gales» izena kendu eta «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la University of Wales Trinity Saint David» izena hartzekoa, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Bilboko Centro San Luis ikastetxeak ematen duen tituluaren izen-aldaketa: «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la Universidad de Gales» izan da tituluaren izena orain arte, hemendik aurrera «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la University of Wales Trinity Saint David» izango da.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Hirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da errekurtsoak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 7a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.