EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019059

3/2019 FORU ARAUA, otsailaren 11koa, 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201900003
Xedapenaren data: 2019-02-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201901532
Maila: Foru Araua
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «3/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2019ko otsailaren 11.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
2014ko ekitalditik aurrerako ondorioekin, zuzeneko ezarpenerako eredu berri bat jarri zen indarrean Gipuzkoan, non ardatz nagusiak ziren pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Eredu horrek erreforma partzial bat izan du, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
Une honetan, komenigarria da zuzeneko tributuen barruan zenbait zerga figura aldatzea, fiskalitatearen arlotik enpresen jarduera bultzatzen jarraitzeko, eta enpresa sarea eta lurraldeko enpresen lehiakortasuna indartzeko. Ahalegin horretan, nahikotasun finantzarioari eutsi nahi zaio, indarrean dagoen ongizatearen estatuko gastuak eta zerbitzu publikoak mantentze aldera.
Gainera, zergaz kanpoko beste arau esparru batzuetan egin diren eta tributuen erregulazioan zuzenean edo zeharka eragina duten aldaketek ezinbesteko egiten dute zerga araudia aldaketa horietara egokitzea, haren koherentzia eta egitura mantentzeko.
Bestetik, zergen aplikazioaz arduratzen diren organoek haien araudia etengabe aplikatzeak zenbait kasutan agerian uzten du beharrezkoa dela kasuan-kasuko aldaketak egitea lurralde historikoko erakunde eskudunek arautu ditzaketen tributuen erregulazioetan.
Foru arau honek helburu horiei heltzen die, eta, horretarako, aldaketak sartzen ditu Gipuzkoako lurralde historikoko zerga esparruari buruzko hamalau foru arautan.
Hartzen diren neurrien artean, bereziki nabarmentzekoa da aukerak egiteari buruzko erregulazioa berrantolatzen dela bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta bai sozietateen gaineko zergan. Berrantolaketa hori 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin egiten da errenta zergaren kasuan, eta egun horretatik aurrera hasitako zergaldietarako, sozietate zergaren kasuan.
Araubide hori 2014ko erreformatik sortu zen bi zergetarako. Erregulazio berriaren bidez, asmoa zen, batetik, malgutzea Zergen Foru Arau Orokorraren 115.3 artikuluan jasotako aukeren araubide orokorra eta, bestetik, argi zehaztea, ex lege, bi zergetan egin daitezkeen aukeren katalogoa. Horrela, zerga horietan jasota dauden pizgarriak, zerga araubideak eta beste figura batzuk zerrendatu ziren, eta ezarri zen zer kasutan egin behar zuen zergadunak horiek aplikatzeko aukera. Beraz, aukeratu behar zena, eta aukeratu behar dena, dena delako pizgarria edo neurria aplikatzea zen. Aitzitik, aukerarik ez egiteak berekin zekarren –eta dakar– dena delako pizgarria ez aplikatzea.
Horiek horrela, bi zergetan, hauteman da aukerak egiteko araubideak tarte txikia uzten diela hura erabiltzen denean sor daitezkeen akatsei eta omisioei. Izan ere, aukera askotan, autolikidazioa aurkezteko borondatezko epean bakarrik egin daiteke aukera aldaketa eta, beraz, ezin da geroago aldatu, nahiz eta borondatezkoa izan. Hori dela eta, beharrezkotzat hartzen da bi zergetan malgutzea aukerak egiteko araubidea, betiere haren balizko aldaketa Administrazioak errekerimendu bat egiten duen momentura atzeratzeko.
Era berean, itxiera klausula bat ezartzen da, lehendik sozietateen gaineko zergan bazegoena, baina ez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Hari jarraituz, ezin da batere aukerarik egin behin Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendu bat eginez gero.
Aipatutako aldaketarekin lotuta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aukerak egiteko araubidea artikulu bakar batean zentralizatu da (104. artikulua), eta aipamenak kendu dira pizgarriak arautzen dituzten artikuluetako bakoitzean. Berrantolaketa horren ondorioz, zergaren foru arauaren hainbat artikulu aldatu beharko dira, haien edukitik aukera horiei buruzko aipamenak ezabatzeko. Halaber, aukera gisa sartzen da langile lekualdatuen araubide berezi berriaren aukera. Izan ere, araubide hori onartua du Zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituen maiatzaren 10eko 1/2018 Foru Arauak.
Aukerak egitearekin lotuta, kenkariaren aplikazioa ezartzen da, izaera orokorrez, desgaituak edo mendeko pertsonak berak aurkezten duen autolikidazioan, eta aukera gisa ezartzen da kenkariaren lagapena.
Foru arauaren azken xedapenak zehazten du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari dagozkien aukeren araubidean sartzen diren aldaketek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako autolikidazioetan izango dituztela ondorioak.
Aipatutako aldaketez gain, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, kapital higiezinaren etekinak ere aldatu dira. Hori dela eta, aukera ematen da zerga oinarri orokorrean sartu daitezen, 100eko 100etik beherako portzentajeetan, Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan etxebizitza errentamendutzat hartzen ez diren etxebizitza lagapen edo errentamenduengatik jaso daitezkeen etekin irregularrak. Hori guztia zergaren mekanikaren beraren ondorioa da, oro har aukera hori aurreikusia baitu zerga oinarri orokorrean sartu behar diren errenta guztiak.
2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, beste aldaketa batzuk sartzen dira, hala nola jarraian aipatzen direnak.
Salbuespenen arloan, aldatu egiten da familia prestazioei lotutako salbuespena. Izan ere, salbuetsitzat aitortuko dira, alde batetik, norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutako amatasun eta aitatasun prestazioak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartuak direnean, eta, bestetik, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek bazkide kooperatibistei onartutakoak.
Jarduera ekonomikoei dagokienez, kengarritzat hartzen da jardueraren barruan zergadunak egiten duen mantenu gastua, jatetxeetan eta ostalaritzan egiten den eta ordainbide elektronikoz ordaintzen den gastua denean, betiere zergaren erregelamenduan langileen mantenu gastu arruntetarako dieta eta esleipenen muga kuantitatiboen barruan.
Europar Batasuneko herrialde nagusien bideari jarraituz, arautu egiten da arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik zuzenean edo zeharka datozen eskubide ekonomiko bereziak gauzatzeagatik jasotzen diren kopuruen tributazioa. Horren ondorioz, kopuru horiek hartzen dira edozein motatako entitateren funts propioetan parte hartzeagatik lortutako kapital higigarriaren etekintzat.
Aldatu egiten dira Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan jasota dauden eta hiri errentamendutzat hartzen ez diren etxebizitzen azpierrentamenduen kasuan etekin garbia kalkulatzeko erregelak, errentamenduarengatik ordaindutako kopuruak eta hobari bat kengarriak izan daitezen.
Aldatu egiten da Europar Batasuneko beste estatu kide batera egoitza aldatzeagatik egotzi gabe dauden errentak integratzeko denboraren araberako egozpenerako erregelen erregulazioa. Hori dela eta, zergadunak aukeran izango du erregela orokorra aplikatzea (errenta osoa hiru hilabeteko epean sartzea, zergadunak egoitza aldatzeagatik zergadun izateari uzten dionetik aurrera) edo errentak lortzen dituen heinean haiek integratzea.
Sorrera berriko entitate berritzaileetako akzio edo partaidetzen harpidetzari dagokionez hazkunde ahalmen handiko entitateei finantzatzeari lotutako kenkarian, berriro definitzen da entitate bat sorrera berrikotzat hartzeko beharkizuna. Hori horrela, aurrerantzean halakotzat hartua izateko, beharrezkoa izango da entitatea eratzen denetik 5 urtetik gora ez igarotzea.
Kenkari berri bat ezartzen da, langileek entitateak eratzeari lotutako kenkaria. Horri esker, gizon eta emakumeek aplikatu ahal izango dute zergaldian eskudirutan ordaindutako kopuruen 100eko 10 eta 15eko kenkari bat, hurrenez hurren, kopuru horiek zergadunak langile moduan arituko diren entitatea eratzeko akzio edo partaidetzak harpidetzera zuzentzen direnean. Zergaldi jarraituetan, zergadun bakoitzak ezin izango ditu gainditu 1.200 edo 1.800 euro, eskuratzailea gizona edo emakumea den kontuan hartuta. Kenkaria zergaren foru arauaren 104. artikuluan jasotako aukeren araubidean sartzen da.
Zergaren erregelamendura eraman direnez zuzeneko zenbatespen erraztuaren araubidea lehen sektorean aplikatzeko erregela bereziak (zergaren foru arauaren 28. artikuluaren 2. apartatuan jasoak), ezabatu egiten da hogeita bigarren xedapen gehigarriaren edukiaren zati handi bat, eta bakarrik eusten zaio sektorean modalitate erraztua aukeratzeko aurreko lehen urteko eragiketa bolumenari buruzko mugari.
Era berean, sozietateen gaineko zergan ere, berezi egiten dira 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasita dauden zergaldietarako ondorioak dituzten aldaketak eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioak dituztenak.
Lehendabiziko aldaketen artean, aipatu beharrekoa da mikroenpresaren, enpresa txikiaren eta ertainaren kontzeptuen erregulazioan sartzen den aldaketa, ustiapen ekonomiko bat eramateko beharkizunari dagokionez. Horretarako, ezartzen da ustiapen horren sarrera moduan konputatuko direla arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsek lortutako errentak (zergaren foru arauaren 77. artikuluari jarraituz salbuetsitzat hartuak), bai eta haien jardueraren barruan sortzen diren kapital propioak hirugarrengoei lagatzetik eratortzen diren sarrerak ere.
Bestetik, ondare sozietateen kontzeptua zehaztean balorez osatutako aktiboaren zatia kuantifikatzeko, ezartzen da balore moduan ez dutela konputatuko arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsetan pertsona fisikoek zeharka parte hartzeko erabiltzen diren baloreek. Horretarako baldintzak dira, besteak beste: pertsona horiek arrisku-kapitaleko sozietate edo funts horietako partaidetzen titularrak izatea, zuzenean edo zeharka, eta partaidetza horiek eskubide ekonomiko bereziak jasotzeko eskubidea ematea; eskubide ekonomiko bereziek inbertsio entitateak kudeatzeko sozietate batean edo, kudeaketa sozietate moduan aritzen denean, arrisku-kapitaleko sozietate batean langile edo goi zuzendari diren edo izan diren pertsonek zuzenean edo zeharka jasotzea; eta, azkenik, eskubide ekonomiko bereziak zuzenean edo zeharka etortzea aipatutako sozietate kudeatzaileak edo arrisku-kapitaleko sozietateak kudeatutako arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetako partaidetzatik.
Doikuntza bat egiten da eragiketa lotuetan merkatuko balio normala egiaztatzeari dagokionez, lotutako beste alderdia egiaztatzeko eskumena beste zerga administrazio bati dagokionean. Egiaztapen arlo hori orain Ekonomia Itunean arautzen denez, dagoeneko ez da beharrezkoa sozietateen gaineko zergan arautzea eta, beraz, ezabatu egiten da.
Arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsen zerga araubide berezian, dibidenduek eta mozkin-partaidetzek duten tratamendua eta arrisku-kapitaleko entitateen funts propioak adierazten dituzten akzio edo partaidetzak eskualdatu edo itzultzeagatik agerian jartzen diren errenta positiboei aplikatzen zaiena entitate horietatik zuzenean edo zeharka eratortzen diren eskubide ekonomiko bereziei ere aplikatzen zaie.
Aldatu egiten da seigarren xedapen iragankorra, hain zuzen ere 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehendabiziko zergaldiaren hasieran aplikatzeko zeuden kenkari saldoen aplikazioa arautzen zuena. Hori horrela, xedapenaren barruan sartuta gelditzen dira aplikatzeko dauden eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei dagokienez egindako erreforma fiskalaren ondorioz sortzen diren kenkari saldoen gaineko ondorioak (lehenago, hogeita seigarren xedapen iragankorrean jasota zeuden).
Enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioari dagokionez, xedapen iragankor berri bat sartzen da, zeinak arautzen baitu zer eragin duen ondare garbiaren gainean Zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituen maiatzaren 10eko 1/2018 Foru Arauaren bidez sartutako karga tasen murriztapenak.
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioak dituzten aldaketen artean, jarraian datozenak nabarmentzekoak dira.
Espainiako eta Europako interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa elkarteen ordainketa geroratuei dagokienez, zehaztu egiten da ez dela derrigorrezkoa izango ordainketa zatikatua egitea lurralde espainiarrean egoiliar diren bazkideei egozgarri zaien zerga oinarriaren zatiari dagokionez.
Bat-egite eragiketen, bereizketen, aktiboen ekarpenaren, balore trukearen, aktibo eta pasiboaren lagapen osoen eta europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten egoitza soziala Europar Batasuneko estatu kide batetik beste batera aldatzearen araubide berezian, aldatu egiten da lurralde espainiarrean kokatuta dauden eta lurralde horretan jarritako establezimendu iraunkor bati atxikita dauden ondasun eta eskubideak edo establezimendu orokorrak beraiek Europar Batasuneko beste estatu kide batera aldatzeagatik lortutako onura fiskalaren kuotaren ordainketa aukeran geroratzeko erregela, eta bi erregelak parekatu egiten dira izaera orokorrez ezarritako erregelarekin; hori horrela, aurrerantzean aukeran izango da ordainketa zatikatzea hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan. Era berean, aukeran izango da gerorapen araubide horretara biltzea, dena delako ondasun eta eskubideak edo establezimendu iraunkorrak Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batera aldatzen direnean.
Egokitu egiten da konturako ordainketei eta haien edukiari buruzko artikulua, Zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituen maiatzaren 10eko 1/2018 Foru Arauan ordainketa zatikatuak aparte garatu izanaren ondorioz.
Era berean, ordainketa zatikatuen erregulazioa aldatzen da arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsen araubide bereziak ukitzen dituen arrisku-kapitaleko entitateak obligazio horretatik kanpo uzteko.
Ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren bidez onartutako ondarearen gaineko zergan, araudira igortzean egindako akats bat zuzentzen da. Orobat, aldaketak sartzen dira azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoan, ondarearen gaineko zergara egiten den igorpen bat zuzentzeko.
Urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren bidez onartutako oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, bi aldaketa sartzen dira, bata zerga oinarriaren kalkuluan eta bestea autolikidatzeko epean. Zerga oinarriaren kalkuluari dagokionez, zehazten da zer zergaldi hartu behar den kontuan enpresen edo sozietateetako partaidetzen eskurapenak ondarearen gaineko zergan salbuesteko beharkizuna betetzearen ondorioetarako, eskurapen horiek eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza tituluen bidez egiten diren kasuetan. Autolikidatzeko obligazioaren epeari dagokionez, ezartzen da «mortis causa» eskurapenetan eta bizitza aseguruen kontratuetan autolikidazioa aurkezteko epea urtebetekoa izango dela, eta, beraz, horrekin desagertzen da epearen luzapena eskatu beharra. Epe hori bera ezartzen da testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan komisarioak herentziako ondasun inbentarioa eta ahalordearen frogagiriak aurkeztu ditzan.
Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan (abenduaren 30eko 18/1997 Foru Arauaren bidez onartua), berreskuratzen dira Zerga neurri batzuk onartu zituen abenduaren 27ko 13/2012 Foru Arauak ezabatu zituen zenbait salbuespen. Foru arau horren bitartez, edukirik gabe utzi ziren zergaren foru arauko 41. arauaren I. apartatuko A) letraren b), d) eta h) letrak, non jasotzen baitzen zer salbuespen subjektibo aplikatzen zaizkien apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoak, 4. artikuluan aipatzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateei, Eliza Katolikoari, Espainiako Estatuarekin lankidetza akordioak sinatuak dituzten eliza, konfesio eta erlijio elkarteei, eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei.
Eliza Katolikoari eta Espainiako Estatuarekin lankidetza akordioak sinatuak dituzten eliza, konfesio eta erlijio elkarteei aplikatutako salbuespena bertan behera utzi izanari buruz, bereziki, Konstituzioa Auzitegiak 2018ko otsailaren 8ko Sententzian adierazi zuen ezen Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako abenduaren 27ko 13/2012 Foru Arauak, zenbait zerga neurri onartzekoak, 4.2 artikuluan xedatutakoa deuseza dela eta konstituzioaren aurkakoa doala, baina, soil-soilik, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41. artikuluko 1. zenbakiaren A) apartatuko d) letra edukirik gabe uzteari dagokionez. Letra horren deuseztasuna deklaratzeko arrazoi gisa, besteak beste, dio letra horrek urratzen duela estatuak berdintasuneko oinarrizko baldintzetan duen eskumena erlijio askatasunerako eskubideari dagokionez.
Irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauari dagokionez, berriro ezartzen dira foru arau horrek udal tributuei dagokienez lehen jasotzen zituen onurak. Uztailaren 4ko 4/2012 Foru Arauak, udal zergen esparruan zenbait aldaketa sartu zituenak, edukirik gabe utzi zuen foru arau horren 17. artikulua. Artikulu horretan arautzen zen zer onura fiskal aplikatzen zitzaizkien, udal zergen esparruan, herri onurakoak izendatutako fundazio eta elkarteei eta, interes orokorreko xedeak izanik, kasuan kasuko erregistroan inskribatuta dauden eta ondorengo artikuluan ezarritako beharkizunak betetzen dituzten haien federazio eta elkarteei. Foru arau honek lehen zeukan edukia ematen dio berriro artikulu horri.
Era berean, aldaketak sartzen dira mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarrien araubidean establezimendu iraunkorrik gabe tributatzen duten ez-egoiliarrei dagokionez. Izan ere, Ekonomia Itunak xedatutakoari jarraituz, araubide horrek lurralde erkidean ezarrita dauden arau berberak bete behar ditu. Horrez gain, aldaketak sartzen dira, baita ere, irabazi-asmorik gabeko entitate atzerritarrei eta entitate horien aldeko kontribuzioei aplikagarri zaien zerga araubidean, Europako Batzordeak gai honen inguruan erabakitakoarekin bat eginez.
Azkenik, sozietateen gaineko zergan aukerak egiteko araubidea aldatu denez, egokitu egiten dira araubide horri buruzko aipamenak.
Halaber, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan, aldaketa bat sartzen da, aukerak egiteko araubideari buruzko aipamenak egokitzeko asmoz.
Aldatu egiten da Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua. Aldaketaren helburua da toki entitateak salbuestea, izaera sozialeko etxebizitza publikoko politikei lotutako ondasun higiezinen kasuan, zergaren subjektu pasibo izan gabe toki entitateen ondasun demanialak edo ondarezkoak kontraprestazio bidez erabiltzen dituztenei zergaren kuota likidoa jasanarazteko obligaziotik.
Era berean, 12/1989 Foru Arauaren 14. artikuluan jasotako 100eko 150eko errekarguari dagokionez, hura aplikatzetik salbuesten da izaera sozialeko etxebizitza publikoko planei lotuta dauden eta bizitegi erabilera duten ondasun higiezinen kasuan.
Aldatu egiten da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea. Aldaketaren helburua da zergaren tarifetan sartzea Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legean sartutako aldaketak.
Aldatu egiten da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua. Aldaketaren helburua da ibilgailu historikoei aplikagarri zaien hobaria doitzea Ibilgailuen Ikuskapen Teknikoari buruzko urriaren 23ko 920/2017 Errege Dekretuan jasotako antzinatasun baldintzara. Izan ere, aipatutako errege dekretuan ibilgailu historikotzat hartzeko ezartzen den baldintza da gutxienez hogeita hamar urte lehenago fabrikatua izan behar duela lehen aldiz. Orobat, udalek ibilgailu elektrikoetarako onartu dezaketen hobariari dagokionez, ezartzen da haren aplikazioa ez dela murriztuta egongo udalerritik 100 milia bitarteko distantzian ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileak hiru baino gehiago diren kasuetan.
Bestetik, foru arau honen bidez, lehendik jasota zegoen kategoria bat sartzen da Gipuzkoako zerga antolamenduan: izaera publikoko ondare prestazioak.
Prestazio horiek bi motakoak izan daitezke: tributarioak eta ez-tributarioak. Horrela, tasen aldean, sarrera ematen zaie izaera ez-tributarioko ondare prestazio publikoei, izaera hertsagarriko zerbitzu publikoak zuzeneko pertsonifikazio pribatu bidez edo zeharkako eran kudeatzen direnean. Zehazki, halakotzat hartuko dira emakida erregimenean egiten diren obren ustiapenagatik edo zerbitzuen prestazioagatik exijitzen direnak, ekonomia mistoko sozietateen, entitate publiko enpresarialen, kapital publiko soileko sozietateen, eta zuzenbide pribatuko bestelako formulen bitartez egiten direnean.
Horretarako, xedapen hauek aldatzen dira: uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoa; urtarrilaren 11ko 2/1990 Foru Araua, Tasak eta Prezio Publikoak arautzen dituena; eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.
Aldaketa horien bidez, argitu egiten da zer izaera juridiko duten obrak erabiltzeagatik edo zerbitzuak jasotzeagatik erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifek, bai haiek zuzenean Administrazioaren bidez kudeatzen direnean eta bai zeharka kontzesiodunen bitartez kudeatzen direnean, betiere izaera ez-tributarioko ondare prestazio publikotzat hartuta.
Azkenik, aldatu egiten da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, kudeaketako zerga prozedurak berrikusteko.
Berriki, hainbat ebazpen judizial eman dira, hala nola Auzitegi Gorenak Administrazioarekiko Auzien Salaren bidez emandako apirilaren 3ko 541/2018 Epaia, zeinaren bidez baieztatzen den foru araugileak derrigortuta daudela ziurtasun juridikoaren printzipioaren prozedurazko alderdia zaintza errespetatzera. Ebazpen horiek berekin ekarri dute gogoeta bat egiteko beharra, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, kudeaketako zerga prozedurei buruz egiten duen erregulazioaren inguruan. Gogoeta horren emaitza izan da prozedura horietako batzuen alderdi jakin batzuk aldatzea, hala nola haietako batzuen iraungitze epeari dagokiona.
Horri erantzuteko, berriro diseinatzen dira, foru arau honen barruan, zerga kudeaketako organoek egin behar dituzten egiaztapen prozedurak. Horri esker, iraungitze epe bat jartzen zaio administrazio organoen esku hartzeari, zerga obligazioak bete izana egiaztatzen dutenean. Horrela, aldaketa horren bidez, bitan banatzen da autolikidazio prozedura: alde batetik, arautu egiten da autolikidazio edo eskaera bitartez hasitako itzulketa prozedura bat, Zerga Administrazioari ahalbidetzen diona itzulketak egiteko behar diren izapideak egitea; eta, bestetik, autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura bat jasotzen da, hain zuzen ere ofizioz hasten dena eta Administrazioari ahalmena ematen diona zergadunek autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko obligazioa behar bezala bete duela egiaztatzeko behar den azterketa egin dezan, betiere ziurtapen horrek izan ditzakeen egiaztapen mugen barruan, hala jasotzen baita maiatzaren 9ko 1/2017 Foru Arauaren bidez egindako Zergen Foru Arau Orokorraren erreforma partzialean. Sei hilabeteko iraungitze espresuko epe bat ezartzen da bi prozedura horietan, bai eta aitorpen prozeduran, balioak egiaztatzeko prozeduran eta ofizioz hasitako likidazio prozeduran ere.
Administrazioari prozedura berri horiek erabiltzea ahalbidetzen dioten tresna informatikoak egokitu behar direnez, aldaketa horrek ondorioak izango ditu 2019ko abuztuaren 1etik aurrera hasten diren kudeaketa prozeduretarako.
1. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua aldatzea.
Lehenengoa.– 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– Ezabatzen da 9. artikuluaren 17. zenbakiko azken paragrafoa.
Bi.– 25. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Jarduera ekonomikoen etekin garbia kalkulatzeko, haiei atxikitako ondare elementuetatik eratortzen diren ondare irabazi edo galerak hartu behar dira kontuan, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan jasotakoaren arabera kuantifikatuak.
Halaber, aipatutako foru arauaren 36. artikuluan aparteko mozkinen berrinbertsioari buruz xedatutakoa ere aplikatuko zaie.
Apartatu honetan xedatutakoa aplikatuta sortzen diren irabaziak edo galerak jarduera ekonomikoaren etekin arruntari gehitu edo kenduko zaizkio etekin garbia kalkulatzeko.»
Hiru.– 30. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Hala ere, baldin eta foru arau honen 32. artikuluan aipatzen diren etekinak, foru arau honen 63. artikuluko a) letraren arabera aurrezpenaren errenta direnak salbuetsita, bi urtetik gorako epean sortu badira eta ez badira lortu aldian-adian edo modu errepikatuan, etekin osoa 100eko 60ko integrazio portzentajea aplikatuta kalkulatuko da. Etekinen sorreraldia bost urtetik gorakoa denean edo, erregelamendu bidez, denboran zehar era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen direnean, portzentaje hori 100eko 50ekoa izango da.
Etekin horiek zatika kobratzen badira, sorreraldia konputatzeko kontuan hartu beharko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.
Apartatu honetan aipatzen diren etekinetan, Integrazio portzentajeak aplikatzeko aintzat hartuko den zenbatekoa ezingo da izan urtean 300.000 euro baino handiagoa. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da.
Jasotako etekinei 100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak aplikagarri zaizkienean, aurreko paragrafoan aurreikusitako 300.000 euroko muga konputatzeko, aurrenik integrazio portzentajerik txikienak dituztenak hartuko dira kontuan.
Etekinak ondasun higiezinen erabilera edo gozamen eskubide errealak eratzetik datozenean, haien zenbatekoaren 100eko 100 konputatuko da beti.»
Lau.– Ezabatzen da 65. artikuluko b) letraren azken paragrafoa.
Bost.– 82. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Zergaren autolikidazioa aurkezten duenean, desgaituak edo mendeko pertsonak osorik aplikatuko du kenkaria, non eta duen erabakitzen kenkaria berarekin bizi den zergadunak edo haren ardura duenak aplikatzea, aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako terminoetan. Bigarren aukera egiten bada, eta desgaitua edo mendeko pertsona zergadun batekin baino gehiagorekin bizi bada, kenkaria zati berdinetan hainbanatu eta aplikatuko da zergadun bakoitzeko.»
Sei.– 86. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Batera tributatzea aukeratzen bada eta kenkari honetarako eskubidea dutenak pertsona pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, aurreko 1. apartatuko hirugarren paragrafoan ezarritako portzentajea eta muga aplikatuko dira.»
Zazpi.– 88. artikuluko 4. apartatua ezabatzen da.
Zortzi.– 89. artikuluko 7. apartatuaren edukia ezabatzen da, eta 8. apartatuko edukia 7. apartatu gisa uzten da.
Bederatzi.– 89 bis artikuluko 7. apartatua ezabatzen da.
Hamar.– 89 ter artikuluko 10. apartatua honela geratzen da idatzita:
«10.– 104. artikuluko 1. eta 3. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, zergaren autolikidazioa aurkezteko epea amaitzen den egunean ez bada lortu aurreko 9. apartatuko b) letran aipatzen den txosten arrazoitua edo aldeko ebazpena, zergadunak hilabeteko epea izango du, horietako bat lortu duela jakinarazten zaion unetik aurrera, zergaren autolikidazioaren zuzenketa eskatzeko, eta haren bidez artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzea aukeratzeko.»
Hamaika.– 96. artikuluko 4. apartatua ezabatzen da, eta, horren ondorioz, orain arteko 5. apartatua 4. apartatu gisa uzten da.
Hamabi.– 104. artikulua honela geratzen da idatzita:
«104. artikulua.– Autolikidazioa aurkeztean egin behar diren hautuak.
1.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 115. artikuluaren 3. apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, ulertuko da zerga honen autolikidazioa aurkezten denean hautu hauek egin behar direla:
a) Atzerrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinen salbuespena, 9. artikuluko 17. zenbakian arautua.
b) Aparteko mozkinen berrinbertsioa, 25. artikuluko 3. apartatuan arautua.
c) Langile lekualdatuen araubide berezia, 56 bis artikuluan arautua.
d) Aurreko ekitaldietako saldo negatiboen konpentsazioa, 65. artikuluko b) apartatuan arautua.
e) Desgaitasunaren edo mendetasunaren kenkaria, 82. artikuluan arautua.
f) Jarduera ekonomikoak sustatzeko kenkariak, 88., 89., 89 bis eta 89 ter artikuluetan arautuak.
g) Batera tributatzearen aldeko aukera, 96. artikuluan arautua.
h) Negoziatzeko onartutako baloreetatik datozen ondare irabazien hautazko tributazio araubidea, hogeigarren xedapen gehigarrian arautua.
2.– Zergadunek zilegi izango dute aurreko apartatuan aipatutako hautuei dagokienez egindako aukera zergaren autolikidazioan aldatzea, zerga aitortzeko borondatezko epea behin amaituta, baldin eta Zerga Administrazioak ez badu aldez aurretik inolako errekerimendurik egin.
3.– Zerga Administrazioak aldez aurretik errekerimendu bat egin badu, artikulu honetan aipatzen diren hautuak ezingo dira egin.»
Hamahiru.– Hogeigarren xedapen gehigarriaren bat apartatua honela geratzen da idatzita:
«Bat.– Foru arau honen 47.1.a) artikuluan aipatzen diren baloreak kostu bidez eskualdatzen dituzten zergadunek bi aukera hauek izango dituzte: artikulu horretan eskualdaketak sortutako ondare irabazia kalkulatzeko xedatutakoa aplikatzea, edo, bestela, eskualdaketa balioari ehuneko 3ko karga berezia aplikatzea, azkeneko hori baldin eta, eskualdatutako balore guztiak hartuta, eskualdaketa balio hori 10.000 euro baino txikiagoa izan bada ekitaldi bakoitzean.
Xedapen honetan ezarritakoa ez zaio aplikatuko balore horietatik eratorritako harpidetza eskubideen eskualdaketari, eta haien eskualdaketa balioa ez da konputatuko eskualdatutako balore multzo horren eskualdaketa balioa kalkulatzeko. Harpidetza eskubide horien eskualdaketatik eratorritako ondare irabazia kalkulatzeko, foru arau honen 47.1 artikuluko a) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.
Zergadunak hautazko araubide hau aplikatzea erabakitzen badu eta balore homogeneoak badaude, zergadunak eskualdatutakoak lehenik eskuratutakoak direla ulertuko da.»
Bigarrena.– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 9. artikuluaren 12. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«12.– Salbuetsita egongo dira prestazio hauek:
a) Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenak, II. tituluko X. eta XV. kapituluetan eta VI. tituluko I. kapituluan arautzen dituen familia prestazioak, eta, orobat, umezurtzen pentsioak eta hartzeko pasiboak eta hogeita bi urtetik beherakoak diren edo lan guztietarako ezinduak dauden biloben edo anai-arreben aldekoak, Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen erregimen publikoetatik jasotakoak.
b) Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzekoak, II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan arautzen dituen amatasun eta aitatasun prestazioak –Gizarte Segurantzaren erregimen publikoetatik jasotakoak– eta funtzionarioek erregimen publikoetatik jasotzen dituzten prestazio berdinak.
c) Norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutako prestazioak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartuak direnean, baldin eta aurreko a) eta b) letretan jasotako egoeren berdinak badira.
Kasu horietan, Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta, Gizarte Segurantzaren prestazioekin batera aipatutako mutualitateenak jasotzen badira, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.
d) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatibetako bazkideei onartutako prestazioak, betiere aurreko a) eta b) letretan ezarri direnen moduko egoeretan gertatzen diren prestazioak badira.
Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta Gizarte Segurantzaren prestazioekin batera aipatutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateenak jasotzen badira, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.
e) Funtzionarioek zerbitzuak ematen dituzten organo edo entitatetik jasotzen dituzten ordainsariak, lanaldiaren murrizketarekin zer ikusia dutenean aurretik baimena eskatu dutelako minbiziak edo beste gaixotasun larri batek ukitutako seme-alaba adingabeak zaintzeko. Baimen hori 49. artikuluaren e) letran aurreikusten du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak.
Salbuetsitako zenbatekoaren muga minbiziak edo beste gaixotasun larri batek jotako adingabeak zaintzeagatik Gizarte Segurantzak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa izango da, hain zuzen ere Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluko X. kapituluan aurreikusitakoa.
f) Amatasuna eta aitatasuna dela-eta autonomia erkidegoetatik edo toki entitateetatik jasotzen diren prestazio publikoak.
g) Jaiotzagatik, erditze anitzagatik, adopzioagatik, adopzio anitzagatik, kargupeko seme-alabengatik eta zurztasunagatik jasotzen diren gainerako prestazio publikoak.»
Bi.– 9. artikuluko 23. zenbakiaren euskarazko testua honela geratzen da idatzita:
«23.– Biziarteko errenta aseguratuak eratzen direnean agerian jartzen diren errentak, baldin eta errenta horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duen eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak zati batean aldatzen dituen legeak hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen dituen aurrezpen sistematikoko banakako planetatik badatoz, foru arau honen laugarren xedapen gehigarrian jasotako berezitasunak kontuan hartuta.»
Hiru.– 27. artikuluari 11. erregela berezia gehitzen zaio, honela dioena:
«11.a Etekin garbia zuzeneko zenbatespenean zehazteko garaian, gastu kengarritzat joko dira zergadunak jarduera ekonomikoaren garapenean izandako mantenu-gastuak, jatetxe edo ostalaritza establezimenduetan sortzen eta bitarteko elektronikoen bidez ordaintzen direnean, betiere langileen mantenu gastu arruntetarako erregelamenduz ezarrita dauden dieta eta esleipenen muga kuantitatiboen barruan.»
Lau.– 34. artikuluari f) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«f) Eskubide ekonomiko bereziak gauzatzeagatik jasotzen diren kopuruak, eskubide horiek, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko IV. kapitulan ezartzen duen araubide berezia aplikagarri duten arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik datozenean, dela zuzenean dela zeharka, betiere baldintza hauek betetzen badira:
a’) Eskubide ekonomiko berezi horiek eskuratzea arrisku-kapitaleko sozietate edo funts horietan zuzenean edo zeharka parte hartzeagatik, eta funts horiek inbertsio itxiko entitateen sozietate kudeatzaile batek edo kudeatzaile gisa diharduen arrisku-kapitaleko sozietate batek kudeatzea.
b’) Zergadunak lan egitea edo lan egindakoa izatea sozietate kudeatzaile horretan edo arrisku-kapitaleko sozietatean, edo bertan goi zuzendaritzako kide gisa jardutea edo jardun izana.
Langile edo goi zuzendaritzako kide izandakoaren heriotza kasuan, baldintza hori oinordekoek ere betetzen dutela joko da. Oinordekoen heriotza kasuan, beste horrenbeste ulertuko da haien oinordekoei dagokienez, eta berdin gainerakoekin ere.
Ondorio horietarako, ulertuko da goi zuzendaritzako kideak direla hurrengo legearen 45.2 artikuluan aipatzen diren pertsonak: 22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk, eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak arautu, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea, Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzkoa, aldatzen duena.
c’) Partaidetza horietatik ondorioztatzen diren eskubide ekonomiko bereziak lortzeko, ezinbestekoa da arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsean inbertitzen duten gainerako pertsona edo entitateek arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsaren erregelamenduan edo estatutuan definituta dagoen gutxieneko errentagarritasuna eskuratzea.
d’) Kapital-arriskuko sozietate edo funtsetan zuzenean edo zeharka dagoen partizipazioa, eskubide ekonomiko bereziak lortzea eragin duena, gutxienez 5 urtez edukitzea modu jarraituan. Epe hori ez bada betetzen titularraren heriotza dela-eta, oinordekoek epe hori bete arte eduki behar dute partizipazioa, eta azken horiek hiltzen badira, gauza bera aplikatuko da haien oinordekoei dagokienez, eta berdin gainerakoekin ere.
e’) Eskubide ekonomiko bereziak jasotzen dituzten pertsona guztien artean, gutxienez 100eko 1eko partizipazioa izan behar dute arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsean, zuzenean edo zeharka.»
Bost.– 39.2 artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Apartatu honetako lehen paragrafoan xedatutakoa xedatuta ere, etekinak etxebizitzen azpierrentamendutik datozenean, betiere haietan jarduera ekonomiko bat egiten ez bada, etekin garbia kalkulatzeko, azpierrentatzaileak errentamendu gisa ordaindutako kopuruak errentan hartutako elementuari dagokion parte proportzionalean bakarrik izango dira kengarriak. Horrez gain, azpierrentan emandako higiezin bakoitzeko lortutako etekin osoen eta gastu kengarri gisa konputatuko zenbatekoaren arteko diferentziari 100eko 20ko hobaria aplikatuko zaio.»
Sei.– 41.2.a) artikuluko hirugarren paragrafoaren euskarazko testua honela berridazten da:
«Aurreko paragrafoan ezarritakoa ezarrita ere, baldin eta kapital murriztapenak ekarpenak itzultzea badu xede, hura ez badator banatu gabeko mozkinetatik, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definitzen diren balore merkatu arautuetako batean negoziatzeko onartuta ez dauden eta sozietate edo entitateen funts propioetako partaidetza adierazten duten baloreei badagokie eta, gainera, akzio edo partaidetza horiei kapital murriztapena egin aurretik itxitako azken ekitaldian dagozkien funts propioen balioaren eta haien eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa bada, lortutako zenbatekoa edo jasotako ondasun edo eskubideen merkatu balio normala kapital higigarriaren etekintzat hartuko da, aipatutako diferentzia positiboa mugatzat hartuta.»
Zazpi.– 56 bis artikuluko 1. apartatuaren a) letra honela geratzen da idatzita:
«a) Batik bat ikerketa eta garapenarekin, zientziarekin, edo arlo tekniko, finantzario edo komertzialarekin zuzenean lotuta dauden lan bereziki kualifikatuak egiteko etortzea lurralde espainiarrera, erregelamenduz ezarriko diren baldintza eta beharkizunekin.»
Zortzi.– 57. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Zergadunak zergadun izateari uzten badio egoitza atzerrira aldatzeagatik, egozteko dauzkan errenta guztiak integratuko dira egoitza aldatu aurreko tokian zerga honengatik aitortu beharreko azken zergaldiaren zerga oinarrian, arauz finkatzen diren baldintzetan, eta, hala badagokio, autolikidazio osagarri bat eginez, zehapenik, berandutze interesik eta inolako errekargurik gabe.
Egoitza Europar Batasuneko beste estatu kide batera aldatzen denean, zergadunak aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraikiz egotzi ahalko ditu egozteko dauzkan errentak, edo zerga hori dela-eta aitorpena egin behar den azken zergaldiari dagokion autolikidazio osagarri bat aurkeztu ahalko du, zehapenik, berandutze interesik eta inolako errekargurik gabe, egozteko dauzkan errentak lortzen dituen heinean. Zergadun izaera galdu ez balitz errentok egotzi beharko ziren zergaldiko aitorpen-epearen barruan aurkeztu beharko da autolikidazioa.»
Bederatzi.– 70.1 artikuluko 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«1.a Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetako bazkideek egindako ekarpenak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan aipatzen diren kontingentziak eta bazkide langileen langabezia estaltzea xede dutenean, bazkide babesleak egin eta lan etekin gisa egozten zaizkien kontribuzioak barne.»
Hamar.– 89 ter.1 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Entitate bat sorrera berrikoa izango da apartatu honetan aipatzen den harpidetza egin aurreko bost urteen barruan eratu denean.
Bat-egite eragiketak, zatiketak, aktiboen ekarpenak, aktibo eta pasibo osoaren lagapenak edo jarduera adarren ekarpenak egiten badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko VII. kapituluan ezartzen duen araubide berezira bilduta, eraketa datatzat entitate eskualdatzailearena hartuko da, eta, baino baino gehiago egonez gero, entitate zaharrenarena.
Interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa elkarteen kasuan, eraketa datatzat entitate zaharrenarena hartuko da.»
Hamaika.– 89 quater artikulua gehitzen zaio VII. tituluko V. kapituluari, eduki hau duena:
«89 quater artikulua.– Kenkaria langileek entitateak eratzeagatik.
1.– Zergadunek akzioak edo partaidetzak harpidetzen badituzte beraiek langile gisa jardungo duten entitateak eratzeko, zilegi izango dute zergaldian zehar helburu horretara eskudirutan bideratutako kopuruen 100eko 10 kentzea, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 15, emakumezkoen kasuan.
Zergaldi jarraituetan zehar zergadun bakoitzak artikulu honen arabera kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 1.200 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 1.800 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.
2.– Kenkari hau aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Harpidetzak entitate bat eratzea izan behar du xede. Entitatea eratu eta hurrengo sei hilabeteetan egiten diren harpidetzak ere xede horretakoak direla ulertuko da ondorio horietarako.
b) Entitateak ezin du egon lotuta beste inorekin, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 42.3 artikuluan ezarritako terminoetan.
c) Baloreak ezin dira egon onartuta merkatu arautuetan negoziatzeko.
d) Eratzen diren entitateek mikroenpresak edo enpresa txiki edo ertainak izan behar dute, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 13. artikuluan ezarritako terminoetan.
e) Zergadunek entitatea eratu eta gehienez sei hilabeteko epean hasi behar dute bertan jarduten langile gisa.
f) Langile bakoitzak entitatean duen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena -hirugarren gradura bitartekoak barne-, ezin da izan 100eko 10etik gorakoa.
g) Partaidetzaren 100eko 75ek langileen esku egon behar du gutxienez.
Baldintza horiek, a) eta e) letretakoak izan ezik, entitatea eratu eta gutxienez hurrengo bost urteetan bete behar dira. Entitate eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko g) letran arautako baldintza betetzea.
3.– Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzioak edo partaidetzak entitatea eratu eta hurrengo bost urteetan mantendu behar dira gutxienez.
Ezinbestekoa da zergadunak epe horretan gutxienez jardutea langile gisa entitatean, salbu eta epe hori bete baino lehen hiltzen denean edo bertan lan egiteari uzten dionean kaleratua izateagatik edo haren alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortzeagatik. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.
Entitatea eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exjiituko aurreko paragrafoan araututako baldintza betetzea.
4.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintza edo zirkunstantzietako edozein ez betetzeak berekin ekarriko du bidegabeki kendutako kopuruak itzuli behar izatea, berandutze interesak barne, non eta ez-betetzea ez den gertatu harpidetza egin duen langilea epe horren barruan hil delako, entitatetik kanporatua izan delako, edo entitatea konkurtso prozedura baten ondorioz likidatu delako.
Zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, bidegabeki kendutako kopuruari ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentziala gehituko zaio. Alabaina, zergadunak beti izango du aukera bidegabeki kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze interesak lehenago ordaintzeko.»
Hamabi.– 104.1 artikuluko f) letra honela geratzen da idatzita:
«f) Jarduera ekonomikoak sustatzeko kenkariak, 88., 89., 89 bis, 89 ter eta 89 quater artikuluetan arautuak.»
Hamahiru.– Hogeita bigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:
«Hogeita bigarrena.– Zuzeneko zenbatespen erraztuaren araubidea lehen sektorean aplikatzea.
Foru arau honen 25. artikuluko 1. apartatuaren b) letran aurreikusitako magnitudea ez zaie aplikatuko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei, basogintzari eta baxurako arrantzari.»
Hamalau.– Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Hogeita hamabigarrena.– Langileek enpresan parte hartzeagatik 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aplikatutako kenkaria.
Langileek entitate enplegatzailean parte hartzeagatik zergadun bakoitzak zergaldi jarraituetan kendutako zenbatekoen muga aplikatzearen ondorioetarako –foru arau honetako 89.3 artikuluko hirugarren paragrafoan ezartzen da muga hori–, 2016a baino lehenagoko zergaldietan langileek enpresan parte hartzeagatik kendutako kopuruak ez dira konputatuko.»
2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.
Lehenengoa.– 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 13. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Artikulu honen aurreko apartatuetako a) letran xedatutakoaren ondorioetarako, entitate batek ustiapen ekonomiko bat egiten duela joko da baldin eta ekitaldian lortzen dituen sarreren gutxienez 100eko 85 enpresa edo lanbide jardueretatik datozen errentak badira; horien artean ez dira inola ere sartuko foru arau honetako 48. artikuluaren 2. apartatuko a), b), d), e), f) eta g) letretan aipatzen diren errenta motak (artikulu horretan arautzen da entitate ez-egoiliarren errenta positibo batzuk zerga oinarrian sartzea).
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, errentak enpresa jardueretatik datozela joko da foru arau honen 48. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoagatik bazterturik geratu direnean foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuan ezarritako eran lotutako pertsona edo entitateekin egindako eragiketetan sortzeagatik edo, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, talde bat osatzen duten entitateen arteko eragiketetan sortzeagatik.
Apartatu honetan aipatutako sarrerak konputatzeko, kontuan hartuko dira, baita ere, beste entitate batzuetako dibidenduak edo mozkin partaidetzak, baldin eta zergadunak zuzeneko edo zeharkako partaidetza bat badu entitate horietan, partaidetza horrek foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuko a) letran ezarritako portzentajea eta antzinatasuna betetzen baditu, eta aipatutako mozkinek eta entitateek apartatu honetan xedatutakoa betetzen badute. Entitate horietako partaidetza eskualdatzean lortutako errentak ere konputatuko dira, foru arau honen 34. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direnean.
Orobat, enpresa jardueretatik eratorritako errentatzat hartuko dira foru arau honetako 77. artikuluan aipatzen diren arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsek lortutakoak, dibidendu eta mozkin partaidetzengatik, baloreen eskualdaketengatik, edo kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik sortu direnean. Horretarako, ezinbesteko baldintza da dibidenduak, mozkin partaidetzak eta balore eskualdaketak salbuetsita egotea artikulu horren arabera, eta aipatutako sozietateak edo funtsak bere jardueraren barruan lagatzea kapital propioak.
Errentak lortzen badira ondasun higiezinak laga edo haien gaineko eskubide errealak eratzeagatik, haien errentamendu edo azpierrentamendua edo haien gaineko erabilera edo gozamen eskubide errealen eraketa edo lagapena barne, izena edo izaera edozein dutela ere, edo errenta horiek aktibo korronteetatik ondorioztatzen badira, ez dira inoiz hartuko enpresa jardueretatik eratorritzat, salbu eta higiezinen sustapen, salerosketa edo errentamendu jarduera ekonomiko bati atxikita badaude, eta, jarduera hori gauzatzeko, entitatearen urteko batez besteko plantilla gutxienez bost langileren bada, lanaldi osoan eta dedikazio esklusiboarekin. Ondorio horietarako, foru arau honen 42. artikuluan ezarritako terminoetan zergadunarekin lotuta dauden enplegatuak ez dira konputatuko.
Batez besteko plantilla konputatzean, kontuan hartu beharko da zenbat langilek betetzen dituzten aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak eta zeintzuk dauden enplegatuta foru arau honen 42. artikuluan ezarritako terminoetan zergadunari lotuta dauden eta ondare sozietate ez diren entitateen multzoan.»
Bi.– 14.2 artikuluko a) letrari beste marratxo bat gehitzen zaio, honela dioena:
«– Pertsona fisikoek arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsetan zeharka parte hartzea ahalbidetzen dutenak, foru arau honen VI. tituluko IV. kapituluan ezarritako araubide berezia aplikagarri zaienean, baldin eta beharkizun hauek betetzen badituzte:
Lehenengoa.– Pertsona horiek partizipazioak edukitzea, zuzenean edo zeharka, arrisku-kapitaleko sozietate edo funts horietan, eta partizipazio horiek eskubide ekonomiko bereziak jasotzeko eskubidea ematea.
Bigarrena.– Eskubide ekonomiko bereziak honako hauek jasotzea, zuzenean edo zeharka: inbertsio itxiko entitateen sozietate kudeatzaile batean edo kudeatzaile gisa diharduen arrisku-kapitaleko sozietate batean lan egiten dutenek edo lan egindakoek, edo haietan goi zuzendaritzako kide direnek edo izandakoek.
Langilea edo goi zuzendaritzako kidea izandakoaren heriotza kasuan, baldintza hori oinordekoek betetzen dutela ulertuko da. Oinordekoen heriotza kasuan, beste horrenbeste ulertuko da haien oinordekoei dagokienez, eta berdin gainerakoekin ere.
Ondorio horietarako, ulertuko da goi zuzendaritzako kideak direla hurrengo legearen 45.2 artikuluan aipatzen diren pertsonak: 22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk, eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak arautu, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea, Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzkoa, aldatzen duena.
Hirugarrena.– Eskubide ekonomiko bereziak aipatutako sozietate kudeatzaileak edo arrisku-kapitaleko sozietateak kudeatutako arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetan parte hartzeagatik eskuratzea, dela zuzenean dela zeharka.
Laugarrena.– Partaidetza horietatik ondorioztatzen diren eskubide ekonomiko bereziak lortzeko, ezinbestekoa da arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsean inbertitzen duten gainerako pertsona edo entitateek arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsaren erregelamenduan edo estatutuan definituta dagoen gutxieneko errentagarritasuna eskuratzea.
Bosgarrena.– Eskubide ekonomiko bereziak sortzen dituzten partaidetzen titular guztien artean, gutxienez 100eko 1eko partizipazioa izan behar dute, zuzenean edo zeharka, arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsean.
Marratxo honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko aktiboen partizipazioa edo haien titulartasuna artikulatzen duten baloreei edo haien proportzioari, pertsona fisikoek sozietate edo funts horietan duten zeharkako partaidetza adierazten ez badute.»
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 45.6 artikuluaren e) letra:
«e) Lotutako beste alderdiak egindako eragiketak merkatuko balio normalaren arabera baloratzeko eskumena beste Zerga Administrazio bati dagokionean, administrazio horri prozedura hasi izanaren berri emango zaio bidezkoak diren ondorioetarako, salbu eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 112 bis artikuluan xedatutakoa aplikagarria bada, orduan artikulu horrek dioen eran jokatuko baita.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen da 77. artikulua:
«77. artikulua.– Arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsak.
1.– Arrisku-kapitaleko entitateek, zeinak araututa baitaude azaroaren 12ko 22/2014 Legean (arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako entitate itxiak eta inbertsio kolektiboko entitate itxien entitate kudeatzaileak arautu eta Inbertsio kolektiboko entitateen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen du lege horrek), foru arau honen 34. artikuluko 1. apartatuan ezarritako araubidea aplikatu ahal izango diete lege horren 9. eta 3. artikuluetan adierazten diren arrisku-kapitaleko enpresa edo entitateen kapitalean edo funts propioetan parte hartzearen balore adierazgarriak eskualdatzeagatik lortzen dituzten errentei, foru arau honen 33.1 artikuluko a) eta c) letretan jasotakoa bete edo ez, baldin eta partaidetza eskuratu denetik hamabost urte igaro ez badira.
Salbuespenez, azken epe hori luzatzea onartu ahal izango da hogeigarren urtera bitartean, hori ere barne. Erregelamenduz ezarriko da zein kasu eta baldintzatan eta zein beharkizun betez egin ahal izango den luzapena.
Gainerako kasuetan, arrisku-kapitaleko entitateek foru arau honen 34. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.
Nolanahi ere, errentak lortzen direnean 22/2014 Legearen 9. artikuluko 2. apartatuaren a) letran aipatzen diren enpresen kapitalean edo funts propioetan parte hartzearen baloreak eskualdatzeagatik, apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko ezinbestekoa izango da entitate partaidetuak dituen ondasun higiezinen kontabilitate balio osoaren gutxienez 100eko 85 atxikita egotea, etengabe eta baloreak eduki bitartean, jarduera ekonomiko baten garapenari, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako eran. Jarduera hori ezingo da finantzarioa izan, aipatutako 22/2014 Legean definitzen den zentzuan, ezta higiezinena ere.
2.– Arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsek sustatu eta bultzatzen dituzten sozietateetatik jasotzen diren dibidenduei eta, oro har, mozkin-partaidetzei, zerga oinarrian ez integratzeko araubidea aplikatuko zaie, foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuan aurreikusia, apartatu horretako a) eta c) letretan ezarritakoa bete edo ez.
3.– Arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsetatik zuzenean zein zeharka jasotzen diren dibidenduek eta, oro har, mozkin-partaidetzek tratamendu hau izango dute:
a) Foru arau honen 33. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatzeko eskubidea emango dute, apartatu horretako a) eta c) letretan jasotakoa bete edo ez, baldin eta hartzailea zerga honen zergadun bada edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta badago.
b) Hartzailea ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta dagoen entitatea edo pertsona fisikoa denean, establezimendu iraunkorrik gabe jarduten duena, dibidenduak edo mozkin-partaidetzak ez dira hartuko lurralde espainiarrean lortutakotzat.
4.– Arrisku-kapitaleko entitateen funts propioak adierazten dituzten akzioak edo partaidetzak eskualdatu edo itzultzeagatik agerian jartzen diren errenta positiboak honela tratatuko dira:
a) Foru arau honen 34. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatzeko eskubidea emango dute, 33.1 artikuluko a) eta c) letretan jasotakoa bete edo ez, baldin eta hartzailea zerga honen zergadun bada edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta badago.
b) Hartzailea ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta dagoen entitatea edo pertsona fisikoa denean, establezimendu iraunkorrik gabe jarduten duena, errenta horiek ez dira hartuko lurralde espainiarrean lortutakotzat.
5.– Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikagarria izango errenta paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde baten bitartez lortzen bada edo eskuratzaileak herrialde edo lurralde horretan badu egoitza.
6.– Aurreko 1. apartatuan ezarritako araubidea ez da aplikagarria izango honako kasu hauetan:
a) Pertsona edo entitate eskuratzaileak lotura duenean arrisku-kapitaleko entitatearekin, salbu eta arrisku-kapitaleko beste entitate bat bada, kasu horretan, azken hori entitate eskualdatzailearen eskurapen datan eta balioan subrogatuko baita.
b) Eskualdatutako baloreak arrisku-kapitaleko entitatearekin lotura duen pertsona edo entitate bati eskuratu zaizkionean.
7.– Entitate partaidetuak araututa dauden balore merkatuetan kotizatzen badu, aurreko apartatuan aurreikusitako araubidea aplikatzeko, ezinbestekoa izango da arrisku-kapitaleko entitateak gehienez ere hiru urteko epean eskualdatzea enpresa partaidetuaren kapitalean duen partaidetza. Epe hori enpresa partaidetua merkatuan kotizatzen hasten den egunetik aurrera kontatuko da.
8.– Errentak zerga oinarrian ez integratzeko erregelak, aurreko 3. eta 4. apartatuan aurreikusiak, berdin aplikatuko zaizkie urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen errentaren gaineko Zergarenak, 34.f) artikuluan adierazitako kopuruekin bat datozen errentei, baina, kasu honetan, f) letra horretako b’) letran jasotzen den baldintza ez da aplikagarria izango ondorio horietarako.»
Bost.– 128. artikuluko 4. eta 5. apartatuak ezabatzen dira, eta 2. eta 3. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«2.– Zergadunek zilegi izango dute aurreko apartatuan aipatutako hautuei dagokienez egindako aukera zergaren autolikidazioan aldatzea, zerga aitortzeko borondatezko epea behin amaituta, baldin eta Zerga Administrazioak ez badu aldez aurretik inolako errekerimendurik egin.
3.– Zerga Administrazioak aldez aurretik errekerimendu bat egin badu, artikulu honetan aipatzen diren hautuak ezingo dira egin.»
Sei.– Seigarren xedapen iragankorra aldatu eta honela uzten da idatzita:
«Seigarren xedapen iragankorra.– 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortutako kenkariak, kuotan aplikatu gabeak.
1.– Kuota osoan aplikatzekoak diren kenkariak aurreko ekitaldietan sortu badira eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako lehen zergaldiaren hasieran aplikatu gabe badaude, haiei dagozkien kopuruak kasuan kasuko araudian ezarritakoaren arabera aplikatuko dira, kuota nahikoa ez izateagatik kendu gabeko kopuruak aplikatzeko epeari dagokionez izan ezik, kasu horretan foru arau honetako 60.8 artikuluan xedatutakoari jarraituko baitzaio.
2.– Kuota likidoan aplikatzekoak diren kenkariak eta bestelako onura fiskalak aurreko ekitaldietan sortu badira eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako lehen zergaldiaren hasieran aplikatu gabe badaude, haiei dagozkien kopuruak kasuan kasuko araudian ezarritakoaren arabera aplikatuko dira, foru arau honen 67. artikuluko 1. eta 7. apartatuetan xedatutakoari jarraituz, dagokionaren arabera, eta apartatu horietan ezarrita dagoen hogeita hamar urteko epea aplikatuta beti.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, kuota likidoan aplikatzekoak diren kenkariak eta bestelako onura fiskalak 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortu badira, haiei dagozkien kopuruak kasuan kasuko araudian ezarritakoaren arabera aplikatuko dira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 46. artikuluan zergaldi horietarako ezarritako baldintzekin, salbuespen hauek kontuan izanik:
a) Zergaldi jakin bateko araudiaren arabera sortutako kenkari mugatuen kasuan, foru arau honen 67. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den baterako muga aplikatuko da, kuota likidoaren 100eko 35, hain zuzen.
b) Zergaldi jakin bateko araudiaren arabera sortutako kenkari mugatu gabeen kasuan, foru arau honen 67. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den muga aplikatuko da, kuota likidoaren 100eko 70, hain zuzen.
c) Kenkariak foru arau honen 67. artikuluko 7. apartatuan jasotako hurrenkeran aplikatuko dira.
d) Kuota nahikoa ez izateagatik kendu gabeko kopuruak aplikatzeko epea hogeita hamar urtekoa izango da beti.»
Zazpi.– Hogeita seigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Hogeita seigarren xedapen iragankorra.– Enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioa eta karga tasak murriztea.
Foru arau honen 51. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin lotuta, ondare garbiaren murriztapena ez da hartuko halakotzat ondorio fiskaletarako, baldin eta hura gertatzen bada, soil-soilik, entitateari aplikatzen zaion karga tasa zergaren foru araua aldatzeagatik murriztu delako eta murrizte horrek zerga geroratuen aktiboen zenbatekoa aldatzea ekarri duelako.»
Bigarrena.– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 43. artikuluaren 10. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«10.– Lurralde espainiarrean egoiliar diren entitateak 42. artikuluko 3. apartatuan jasotako eran definitutako talde bateko entitate nagusi badira, eta aldi berean ez badira beste entitate egoiliar edo ez-egoiliar baten menpekoak, artikulu honen hurrengo apartatuan aipatzen den herrialdez herrialdeko informazioa aurkeztu beharko dute.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 73.1 artikuluaren a) letra:
«a) Foru arau honen aplikaziotik ondorioztatzen diren zerga-betebeharrak izango dituzte, lurralde espainiarrean egoiliar diren bazkideei egozgarri zaien zerga oinarriaren zatiari dagokion zerga-zorraren ordainketa izan ezik.
Foru arau honen 130 bis artikuluan arautzen diren ordainketa zatikatuei dagokienez, bere 2. apartatuan aipatzen den kalkulu oinarrian ez da sartuko lurralde espainiarrean egoiliar diren bazkideei egotzi behar zaien zerga oinarriaren zatia.
Foru arau honen 68. artikuluan aipatzen den itzulketa ez da inola ere egingo lurralde espainiarrean egoiliar diren bazkideei egotzi beharreko zerga oinarriaren zatiari dagokionez.»
Hiru.– 102. artikuluaren 1. apartatuko a) eta c) letrak honela idatzita geratzen dira:
«a) Espainian kokatutako ondasunak eta eskubideak eskualdatzeagatik agerian jartzen direnak.
Entitate eskuratzaileak egoitza atzerrian duenean, Espainian dagoen establezimendu iraunkor bati atxikitako elementuak eskualdatzean sortu diren errentak bakarrik kenduko dira zerga oinarritik.
Elementu horiek lurralde espainiarretik kanpora aldatzeak berarekin ekarriko du establezimendu iraunkorraren zerga oinarrian sartzea, aldaketa egin den zergaldian, merkatuko balio normalaren eta ondorengo artikuluan aipatutako balio gutxituaren arteko diferentzia. Gutxipena, hala behar denean, fiskalki kengarriak izan diren eta kontabilitatean jaso diren amortizazioen eta beste balio-zuzenketa batzuen zenbatekoarena izango da.
Dena den, lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkor bati atxikitako elementuak Europar Batasuneko beste estatu kide batera edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batera aldatzen badira, zergadunak beti izango du aukeran aurreko paragrafoan xedatutakoagatik ordaindu beharreko kuotaren ordainketa geroratzea eta hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan zehar zatikatzea, betiere foru arau honen 41.2 artikuluan ezarritako baldintzekin eta bertan jasotako moduen arabera.»
«c) Lurralde espainiarrean egoiliar ez diren entitateek lurralde horretan kokatuak dituzten establezimendu iraunkorrak eskualdatzeagatik agerian jarritakoak.
Entitate eskuratzaileak egoitza atzerrian duenean, Espainian dagoen establezimendu iraunkor bati atxikitako elementuak eskualdatzean sortu diren errentak bakarrik kenduko dira zerga oinarritik.
Elementu horiek lurralde espainiarretik kanpora aldatzeak berarekin ekarriko du establezimendu iraunkorraren zerga oinarrian sartzea, aldaketa egin den ekitaldian, merkatuko balio normalaren eta ondorengo artikuluan aipatutako balio gutxituaren arteko diferentzia. Gutxipena, hala behar denean, fiskalki kengarriak izan diren eta kontabilitatean jaso diren amortizazioen eta beste balio-zuzenketa batzuen zenbatekoarena izango da.
Dena den, lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkor bati atxikitako elementuak Europar Batasuneko beste estatu kide batera edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batera aldatzen badira, zergadunak beti izango du aukeran aurreko paragrafoan xedatutakoagatik ordaindu beharreko kuotaren ordainketa geroratzea eta hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan zehar zatikatzea, betiere foru arau honen 41.2 artikuluan ezarritako baldintzekin eta bertan jasotako moduen arabera.»
Lau.– 130. artikuluan, 7. apartatua ezabatzen da, eta artikuluaren izenburua ere aldatzen da, jarraian datorren eran:
«130. artikulua.– Atxikipenak eta konturako sarrerak.»
Bost.– 130 bis artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Foru arau honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera mikroenpresak edo enpresa txikiak diren entitateek, 77. artikuluan aipatzen diren arrisku-kapitaleko entitateek, eta 56. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako karga tasen arabera tributatzen duten entitateek ez dute egin beharko aipatutako ordainketa zatikatua.»
3. artikulua.– Ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena, aldatzea.
6. artikuluaren sei apartatuko b) letraren azken paragrafoa aldatzen da ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan, Ondarearen gaineko Zergari buruzkoan, eta honela geratzen da idatzita:
«Letra honetan jasotako esklusioa ez da aplikatuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko VIII. kapituluan jasotako araubide berezia aplikatzen duten entitateetako partaidetzen kasuan, foru arau horren 115. artikuluko 1. apartatuan aipatutako kasuetan.»
4. artikulua.– Urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan:
Bat.– 19. artikuluaren 3. apartatuko azken paragrafoa honela berridazten da:
«Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko bat apartatutik sei bitartean ezarritako beharkizunak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den unean bete beharko dira. Zehazki, 6. artikuluaren bi apartatuko d) letran aipatzen den baldintza bete beharko da kausatzailearen edo, hala badagokio, bi apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonaren edo pertsonen errenta zergaren autolikidazioan, eta, betiere, zergaldi hauetako bat autolikidatzen denean:
a) Oro har, kausatzailearen heriotza gertatu den zergaldia.
b) Eskualdaketaren zergaldia, baldin eta eskurapenak kausatzailea oraindik bizirik dela egiten badira, eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen ondorioz.»
Bi.– 24. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Aitorpena aurkezteko ezarrita dagoen epea amaitzen den egunean hasiko da kontatzen epe hori.»
Hiru.– 31. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Subjektu pasiboak behartuta egongo dira foru arau honetan aipatutako zerga egitateak jasotzen dituen autolikidazioa aurkeztera, eta, behar den kasuetan, dagokien zerga zorra ordaintzera.
Eskurapenak "mortis causa" edo edozein oinordetza tituluren bidez egindakoak badira, heriotza kasuan bizitzaren gaineko aseguru kontratuen onuradunenak barne, aurkezteko epea urtebetekoa izango da, kausatzailea hiltzen den egunetik edo heriotza-adierazpena irmo bihurtzen den egunetik kontatzen hasita, edo, eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza-itunetan, berriz, zerga sortzen den egunetik kontatzen hasita.
Epe hori bera aplikatuko zaie usufruktuduna hiltzean gauzatu behar diren usufruktu eskurapenei, jabaria "inter vivos" egintza bidez zatibanatua egon arren.
Gainerako kasuetan, aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izango da, egintza edo kontratua gertatu edo egin eta biharamunetik kontatzen hasita.
Erregelamenduz arautuko da zein modutan aurkeztu behar den autolikidazioa eta zer beste gai hartu beharko diren kontuan obligazio hori betetzeko.»
Lau.– 31 bis artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Testamentu-ahalordearen menpeko herentzietan, komisarioak urtebeteko epea izango du, kausatzailea hiltzen den egunetik edo heriotza-adierazpenak Kode Zibilaren 196. artikuluan aipatutako irmotasuna hartzen duenetik aurrera, herentziako ondasunen inbentarioa eta ahalordearen frogagiriak aurkezteko. Gainera, Zerga Administrazioak, egoki iritziz gero, beste edozein agiri aurkezteko eskatu diezaioke komisarioari.»
5. artikulua.– Abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan:
Bat.– 41. artikuluaren I. apartatuko A) letraren b), d) eta h) letretan eduki hau sartzen da:
«b) Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoak, 4. artikuluan aipatzen dituen irabazi-asmorik gabeko entitateak, zerga araubide berezira foru arau horren 16. artikuluan jasotako eran biltzen direnean.»
«d) Eliza Katolikoa eta Espainiako estatuarekin lankidetza akordioak sinatuak dituzten elizak, konfesioak eta erlijio elkarteak.»
«h) Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoak.»
Bi.– 55. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Ez da beharrezkoa izango agiri hauek aurkeztea bulego likidatzaileetan:
a) Kopuru edo gauza baloragarri bat xede ez duten notariotzako eskritura eta akten kopiak eta mota guztietako notariotza lekukotasunak. Kanpoan geratzen dira zergari lotutako egintzak dokumentatzen dituzten agirienak, dokumentu horietan ordainketaren, salbuespenaren edo zergari ez lotzearen oharra ageri ez bada.
b) Kanbio letrak eta protesto aktak.
c) Egintzen eta kontratuen inguruko beste edozein agiri, baldin eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakitzen badu horietan zerga ordainarazteko efektu tinbredunak erabili beharra dagoela.»
6. artikulua.– Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoa, aldatzea.
Lehenengoa.– 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoan:
Bat.– 22. artikulua honela geratzen da idatzita:
«22. artikulua.– Dohaintzen kenkaria sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehaztean.
Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko garaian, foru arau honen 20. artikuluan jasotakoaren arabera baloratutako emaitzen, dohaintzen, ekarpenen eta doako zerbitzu prestazioen zenbatekoa partida kengarritzat hartu ahal izango da.
Artikulu honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Bi.– 26. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Ordaindutako diru-kopuruak edo egindako gastuak gastu kengarritzat hartu ahal izango dira honako hauek zehazteko: entitate laguntzailearen sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria, establezimendu iraunkor bidez jarduten duten zergadunen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarria, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zuzeneko zenbatespenera bildutako zergadunen jarduera ekonomikoaren etekin garbia.
Artikulu honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Hiru.– 27. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko, establezimendu iraunkor bidez jarduten duten zergadunen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zuzeneko zenbatespenera bildutako zergadunen jarduera ekonomikoaren etekin garbia kalkulatzeko, interes orokorreko xedeetarako egindako gastuak gastu kengarritzat hartu ahal izango dira.
Artikulu honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Lau.– 28. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:
«5.– Artikulu honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Bost.– 29.1 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) Sozietateen gaineko zergaren zergadunek eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek lehentasunezkotzat hartutako jardueretara bideratutako kopuruen 100eko 18 kendu ahal izango dute kuota likidotik, baita publizitate babeseko kontratuen kasuan ere.
Letra honetan aipatzen den kenkariari aplikagarriak izango zaizkio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 67. artikuluan ezartzen dituen arauak.
Letra honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Sei.– 30.3 artikuluko lehen ordinalaren azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Lehen zenbaki honetan aipatzen den kenkariari aplikagarriak izango zaizkio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 67. artikuluan ezartzen dituen arauak.
Zenbaki honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
Bigarrena.– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoan:
Bat.– 2. artikulua honela geratzen da idatzita:
«2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 2. artikuluan ezarritakoagatik Gipuzkoako zerga araudiaren menpe dauden zergadunei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa.»
Bi.– 4. artikulua honela geratzen da idatzita:
«4. artikulua.– Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
Foru arau honen ondorioetarako, irabazi-asmorik gabeko entitatetzat joko dira, ezarrita dauden beharkizunak betetzen badituzte betiere, hurrengo artikuluan aipatzen diren hauek:
a) Fundazioak eta herri onurakotzat hartutako elkarteak, egoitza lurralde espainiarrean dutenean, eta haien federazio eta elkarteak.
b) Lurralde espainiarren egoiliar ez diren entitateak, bertan establezimendu iraunkor bidez jarduten dutenean, aurreko a) letran aipatutakoen modukoak badira.
Egoitza paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan duten entitateak hortik kanpo geratzen dira, salbu eta, Europar Batasuneko estatu kide bat izanik, frogatzen bada entitatearen eraketa eta jarduna arrazoi ekonomiko baliozkoei zor zaiela.
c) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean egoiliar diren entitateak, lurralde espainiarrean establezimendu iraunkorrik gabe jarduten dutenean eta aurreko a) letran aipatutakoen modukoak direnean, baldin eta estatu kide horrekin Espainiak zerga arloko informazio trukea egiten badu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak hamargarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezartzen duen moduan.
Egoitza paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan duten entitateak hortik kanpo geratzen dira, salbu eta frogatzen bada entitatearen eraketa eta jarduna arrazoi ekonomiko baliozkoei zor zaiela.»
Hiru.– II. tituluko II. kapituluaren izenburua aldatu eta honela berridazten da:
«II. KAPITULUA
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA ETA EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA»
Lau.– 5. artikuluko 5. beharkizunaren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Entitatea deseginez gero, haren ondare osoa ematea foru arau honen 18tik 26ra bitarteko artikuluetan, biak barne, jasotako ondorioetarako mezenasgoaren entitate onuraduntzat hartutako entitateetako bati edo, bestela, izaera fundazionalekoak ez diren eta interes orokorreko xedeak dituzten entitate publikoei, eta, horrez gain, zirkunstantzia hori espresuki jasota egotea desegindako entitatearen estatutuetan edo negozio fundazionalean. Irabazi-asmorik gabeko entitate horiei aplikatuko zaie Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak partzialki salbuetsitako entitateei buruz dioena, eta, bereziki, arau horren 38. artikuluan ezarritakoa.»
Bost.– 7. artikulua honela geratzen da idatzita:
«7. artikulua.– Araudi aplikagarria.
Kapitulu honetan jasota ez dagoen arloetan, sozietateen gaineko zergaren araudia aplikatuko zaie irabazi-asmorik gabeko entitateei.
Guztiarekin ere, foru arau honen 4. artikuluko b) eta c) letretan aipatzen diren entitateen kasuan, aplikagarria izango da kapitulu honetan eta hurrengo kapituluan xedatutakoa, betiere ulertuta sozietateen gaineko zergaren aipamenak ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzkoak direla. Kapitulu honetan aurreikusten ez den guztian ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arauak aplikatuko dira.»
Sei.– 18. artikulua honela geratzen da idatzita:
«18. artikulua.– Mezenasgoaren entitate onuradunak.
Titulu honetan jasotzen diren zerga-pizgarriak hemen ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten emaitza, dohaintza eta ekarpenei aplikatuko zaizkie, haien hartzaileak entitate hauek badira:
a) Foru arau honen II. tituluan ezarritako zerga araubidea aplikagarri duten irabazi-asmorik gabeko entitateak, eta, orobat, foru arau honen 4. eta 5. artikuluetako baldintzak bete izanik, beste foru lurraldeetan edo lurralde erkidean irabazi-asmorik gabeko entitateentzat une bakoitzean ezarritako zerga araubidea aplikatzen duten entitateak.
b) Foru arau honen 4. artikuluko c) letran aipatzen diren entitateak, foru arau honen 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean.
c) Gipuzkoako Foru Aldundia, beste foru aldundiak, Estatua, autonomia erkidegoak, toki entitateak, eta aipatu diren administrazioen organismo autonomo eta antzeko entitate autonomoak.
d) Unibertsitateak eta haiei atxikitako zentroak.
e) Euskaltzaindia, Espainiako Institutua eta institutu horretan integratuta dauden errege akademiak, eta hizkuntza ofizial propioa duten autonomia erkidegoetan Euskaltzaindiaren antzeko helburuak dituzten erakundeak.
f) Cervantes Institutua, Ramon Llull Institutua, eta hizkuntza ofizial propioa duten autonomia erkidegoetan horien antzeko helburuak dituzten erakundeak.
g) Eusko Ikaskuntza, eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea.
h) Espainiako Batzorde Olinpikoa eta Espainiako Batzorde Paralinpikoa.
i) Espainiako Gurutze Gorria eta ONCE (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala).
Organismo ofizialek eta jarduera sozial edo asistentzialak irabazi-asmorik gabe egiten dituzten entitateek letra honetan sartutako entitateen tratamendu bera izango dute baldin eta, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batzuetan kokatuta egonik, haien helburuak letra honen aurreko paragrafoan aipatutako entitateek dituzten berdinak badira.
j) Ikerketa organismo publikoak.»
Zazpi.– 25 bis artikulua gehitzen da. Hona hemen:
«25 bis artikulua. Entitate ez-egoiliar jakin batzuen alde egindako emaitza, dohaintza eta ekarpen kengarriak justifikatzea.
Entitate onuraduna 18. artikuluko b) letran eta f) letrako bigarren paragrafoan aipatzen direnetako bat denean, emaitza, dohaintza eta ekarpen kengarrien eraginkortasuna justifikatzeko, onura fiskala aplikatzen duten zergadunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatutako eredu informatiboan jaso behar den informazioa biltzen duen dokumentua. Behar den kasuetan, dokumentu horri artikulu bereko 2. apartatuan adierazitako dokumentazioa erantsiko zaio.
b) Entitate onuradunak foru arau honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa.»
Zortzi.– Lehenengo xedapen gehigarriaren 2. eta 3. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«2.– Foru arau honen 21. artikuluan jasotzen den kenkaria bateraezina izango da, ekarpen edo dohaintza berberetarako, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 22.b) artikuluan arautzen duen gastu kengarriarekin eta 92.2 artikuluan ezartzen duen kenkariarekin.
3.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, aurreikusten ez duen guztian, alderdi politikoei zerga arau orokorrak eta, bereziki, foru arau honetan jasotakoak aplikatuko zaizkie.»
Hirugarrena.– Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoan:
Bat.– 17. artikuluan eduki hau sartzen da:
«17. artikulua.– Udal zergak.
1.– Ondasun higiezinen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira zerga horren araudiaren arabera irabazi-asmorik gabeko entitateen titulartasunekoak diren ondasunak, sozietateen gaineko zergan salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoei atxikitako ondasunak izan ezik.
2.– Irabazi-asmorik gabeko entitateak jarduera ekonomikoen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira foru arau honen 9. artikuluan aipatzen diren ustiapen ekonomikoengatik. Hala eta guztiz ere, entitate horiek alta aitorpena aurkeztu beharko dute zerga horren matrikulan, baita baja aitorpena ere, jarduerari amaiera emanez gero.
3.– Balio gehikuntzak salbuetsita egongo dira hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergatik, baldin eta zerga hori ordaintzeko legezko obligazioa irabazi-asmorik gabeko entitate bati badagokio.
Irabazi-asmorik gabeko entitateek kostu bidezko lur eskualdaketak egiten dituztenean edo horien gaineko jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealak kostu bidez eratu edo eskualdatzen dituztenean, zerga horretatik salbuetsita geratuko dira, baldin eta lur horiek ondasun higiezinen gaineko zergatik salbuetsita geratzeko beharkizunak betetzen badituzte.
4.– Artikulu honetan ezarritako salbuespenak aplikatu ahal izateko, irabazi-asmorik gabeko entitateek kasuan kasuko Zerga Administrazioari, udal eskudunari edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari jakinarazi behar diote aurreko artikuluko 1. apartatuan araututako araubidea aukeratzen dutela, eta, horrez gain, titulu honetan araututako zerga araubide bereziari buruzko baldintzak eta kasuak bete behar dituzte.
5.– Artikulu honetan xedatutakoa toki ogasunen foru araudian eta udal zergak arautzen dituzten foru arauetan ezarritako salbuespenen kalterik gabe ulertuko da.»
Bi.– 23. artikulua honela geratzen da idatzita:
«23. artikulua.– Kuotako kenkaria ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan.
1.– Establezimendu iraunkorrik gabe jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak 21.1 apartatuan jasotzen duen kenkaria aplikatu ahal izango dute.
2.– Establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek foru arau honetako aurreko artikuluan ezarritako kenkaria aplikatu ahal izango dute.»
Hiru.– 29.1 artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Aurreko c) eta d) letretan aurreikusitako kenkariaren oinarria ezingo da inoiz ere izan urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 90.2 artikuluan aurreikusten duen muga baino handiagoa.»
7. artikulua.– Maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa, aldatzea.
2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 27. artikuluaren 2. apartatuko azken paragrafoa aldatzen da maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoan, eta honela geratzen da idatzita:
«Apartatu honetan aipatzen den partida kengarriaren aplikazioa adierazi behar den aukera bat da, eta aukera hori egiteko jarraitu beharrekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak 115.3 artikuluan xedatutakoa eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 128. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa.»
8. artikulua.– Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoa, aldatzea.
Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 20. artikuluko 4. apartatuari idazkera berria ematen zaio, eta artikulu horretako orain arteko 4. eta 5. apartatuak 5. eta 6. apartatu bihurtzen dira, jarraian datorren eran:
«4. artikulu honetako 3. apartatuan aipatutako zerbitzu publikoen prestazioagatik era hertsagarrian ezarri eta jasotzen diren kontraprestazio ekonomikoak izaera publiko ez-tributarioko ondare prestaziotzat hartuko dira Konstituzioaren 31.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, prestazio horren kudeaketa zuzenekoa izan –pertsonifikazio pribatu bidez– zein zeharkakoa izan.
Zehazki, halakotzat hartuko dira emakida erregimenean egiten diren obren ustiapenagatik edo zerbitzuen prestazioagatik exijigarriak direnak, ekonomia mistoko sozietateen, entitate publiko enpresarialen, kapital publiko soileko sozietateen, eta zuzenbide pribatuko bestelako formulen bitartez egiten direnean.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 103. artikuluan ezarritakoa gorabehera, apartatu honetan aipatzen diren kontraprestazio ekonomikoak ordenantza bidez arautuko dira. Ordenantza hori onartzeko prozeduran zehar, toki entitateek aginduzko txostena eskatu beharko diete ordenamendu juridikoaren arabera haien gainean esku-hartzeko ahalmena duten administrazio publikoei.»
9. artikulua.– Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzkoan:
Bat.– 5. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboak ahalmena izango duela berak jasandako zerga-zama zuzenbide komuneko arauei jarraituz jasanarazteko.
Zergaren subjektu pasibo izan gabe ondasun demanialak edo ondarezkoak kontraprestazio bidez erabiltzen dituztenei, toki entitateek osorik jasanarazi ahal izango diete zergaren kuota likidoa. Jasanarazpen hori ez da nahitaezkoa izango ondasun higiezinak izaera sozialeko etxebizitza publikoko politikei adskribituta daudenean.
Orobat, zergadunaren ordezkoak ahalmena izango du beste kontzesiodunei kuota likidoaren zatia jasanarazteko, bakoitzak ordaindu behar dituen kanonen proportzioan.»
Bi.– 14. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:
«5.– Bizitegi erabilera duten ondasun higiezinen kasuan, horiek ez badira ohiko bizilekua ez subjektu pasiboarentzat ez hura errentamendu edo lagapen bidez jaso duen hirugarrenarentzat, udalek 100eko 150erainoko errekargua ezarri dezakete zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zergaren subjektu pasiboei exijituko zaie, zergaren sortzapena gertatzen den une berean izango du sortzapena, eta urtero likidatuko da, kuotarekin batera.
Errekargu hau aplikatzearen ondorioetarako, Katastroaren arabera etxebizitza erabilera izan dezaketen lokalak bizitegi erabilerako higiezintzat hartuko dira. Etxebizitzaren eranskinak barruan sartuko dira, finka erregistral bakarra osatzen dutenean. Ondorio horietarako ere, presuntzio egingo da bizitegi erabilerako higiezin bat ohiko bizilekua dela baldin eta, zergaren sortzapen egunean, hura kokaturik dagoen udalerriko erroldan egiaztatuta badago bertan bizi direnen ohiko bizilekua dela.
Aurrekoa ahal izanik ere, udalek beren ordenantza fiskaletan ezarri dezakete zer kasutan ez den aplikatuko apartatu honetan aipatzen den errekargua.
Errekargu hori ez zaie inola ere aplikatuko bizitegi erabilerako ondasun higiezinei, izaera sozialeko etxebizitza publikoko planetara destinatuta daudenean.»
10. artikulua.– Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duena, aldatzea.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen I. eta II. eranskinetan aldaketa hauek sartzen dira:
Bat.– I. eranskineko (Tarifak) lehen sekzioan jasota dagoen 251.3 epigrafearen izenburua honela berridazten da:
«251.3 epigrafea. Produktu kimiko ez-organikoen fabrikazioa (gas industrialen fabrikazioa barne, gas konprimituak izan ezik).»
Bi.– I. eranskineko (Tarifak) lehen sekzioan jasota dagoen 251.3 epigrafearen oharra honela berridazten da:
«Oharra: epigrafe honen barruan sartzen dira azido sulfurikoa eta produktu eratorriak lortzea (anhidrido sulfurosoa eta haren eratorriak, kobre sulfatoa, aluminio sulfatoa, karbono sulfuroa, sodio sulfatoa eta sodio sulfuroa, sufre sublimatu, birfindu eta prezipitatuak, etab.); gas industrialak fabrikatzea, egoera likido zein gaseosoan (gas konprimituak izan ezik: gas konprimitutzat hartzen dira egoera likido edo gaseosoan fabrikatuak izan ondoren 150 baretik gorako presiopean ontziratzen direnak); elektrokimika; kaltzio karburoa, fosforoa, kaltzioa, artsenikoa, zianuroa, bromoa edo iodoa lortzea; azido ez-organikoak, baseak, hidroxidoak eta peroxidoak; haluro ez-metalikoak; gatzak eta baseko beste produktu kimiko ez-organiko batzuk; eta isotopo erradioaktiboak lortzea.»
Hiru.– I. eranskineko (Tarifak) lehen sekzioan jasota dagoen 253.1 epigrafearen izenburua honela berridazten da:
«253.1 epigrafea. Gas konprimituen eta karbono dioxido solidotuaren (izotz lehorraren) fabrikazioa.»
Lau.– I. eranskineko (Tarifak) lehen sekzioan jasota dagoen 253.1 epigrafearen oharra honela berridazten da:
«Oharra: gas konprimitutzat hartzen da 251.3 epigrafearen azpian fabrikatutako edozein gas industrial, 150 baretik gorako presiopean ontziratu denean.»
Bost.– II. eranskinean jasota dagoen instrukzioaren 4. erregelako 2. apartatuari J) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«J) Erregela honen 4. apartatuan xedatutakoa kendu gabe, tarifetako edozein errubrikarekin subjektu pasiboak eskudun dira 811. eta 812. taldeetan sailkatutako jarduera egiten duten finantza entitateen kontura emateko beren bezeroei «cashback» zerbitzua (efektiboa ateratzeko eta eskuratutako ondasun edo zerbitzuak ordaintzeko zerbitzu konbinatua).»
11. artikulua.– Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergarena, aldatzea.
4.5 artikuluko b) eta c) letrak aldatzen dira Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan, eta honela geratzen dira idatzita:
«b) 100eko 75era bitarteko hobaria, ibilgailuen motorren ezaugarriak kontuan hartuta eta horiek ingurumenean duten eraginaren arabera.
Motor elektrikoa duten ibilgailuen kasuan, hobari hau 100eko 95era bitartekoa izan daiteke.
c) 100eko 100era arteko hobaria ibilgailu historikoentzat eta, fabrikazioaren egunetik edo lehen matrikulaziotik kontatuta, gutxienez hogeita hamar urte dituztenentzat.»
12. artikulua.– Urtarrilaren 11ko 2/1990 Foru Araua, Tasak eta Prezio Publikoak arautzen dituena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira Tasak eta Prezio Publikoak arautzen dituen urtarrilaren 11ko 2/1990 Foru Arauan:
Bat.– 2. artikuluari c) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«c) Sektore publikoko kontratuen legearekin bat, obren erabilpenagatik edo zerbitzuen prestazioagatik erabiltzaileek obren edo zerbitzu prestazioen kontzesiodunei ordaintzen dizkieten tarifei, izaera publikoko ondare prestazio ez-tributarioak diren heinean.»
Bi.– 24. artikulua honela geratzen da idatzita:
«24. artikulua.– Kontzeptua.
1.– Prezio publikotzat hartuko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eskumeneko zerbitzu prestazioak edo jarduera administratiboak egiteagatik ordaintzen diren diruzko kontraprestazioak, baldintza hauek betetzen direnean:
– Zerbitzu edo jarduera horiek ez izatea administratuek nahitaez eskatu edo jaso beharrekoak.
– Zerbitzu edo jarduera horiek sektore pribatuak eman edo egitea.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, administratuen eskaera ez da borondatezkotzat joko:
a) Lege edo erregelamenduzko xedapenetan ezarrita etortzen zaienean.
b) Ezinbesteko baldintza denean edozein jarduera egiteko edo eskubide edo ondorio juridiko jakin batzuk lortzeko.»
13. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.
Lehenengoa.– 2019ko abuztuaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historiko Zergen Foru Arau Orokorrean:
Bat.– 100. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea kasuan kasuko prozeduraren araudiak finkatutakoa izango da. Prozeduren arau erregulatzaileetan ez bada gehieneko eperik finkatzen, epe hori sei hilabetekoa izango da.
Epea honela zenbatuko da:
a) Ofizioz hasitako prozeduretan, prozedura hasteko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera.
b) Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, administrazio eskudunaren erregistroan agiriari sarrera ematen zaion egunetik aurrera.
Premiamenduzko prozedura apartatu honetan xedatutakotik kanpo geratzen da, haren jarduketak preskripzio epeak amaitu arte luzatu baitaitezke.»
Bi.– 118. artikulua honela geratzen da idatzita:
«118. artikulua.– Zerga kudeaketako prozedurak.
1.– Zerga kudeaketako prozedurak dira, besteak beste, honako hauek:
a) Autolikidazio edo eskaera bidez hasitako itzulketa prozedura.
b) Aitorpen bidez hasitako prozedura.
c) Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura.
d) Zerga zorra likidatzeko ofizioz hasitako prozedura.
e) Balioak egiaztatzeko prozedura.
f) Egiaztapen mugatuko prozedura.
2.– Erregelamenduz, zerga kudeaketako beste prozedura batzuk ere arautu ahal izango dira, eta horiei guztiei titulu honen II. kapituluan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie beti.»
Hiru.– III. tituluko III. kapituluaren 2. sekzioan, 1etik 5era bitarteko azpisekzioak honela berridazten dira:
«1. azpisekzioa. Autolikidazio edo eskaera bidez hasitako itzulketa prozedura
119. artikulua.– Prozedura hastea.
Tributuaren araudiak hala ezartzen duenean, itzulketa prozedura hasiko da itzultzera atera den autolikidazio bat edo itzulketa eskaera bat aurkeztuta.
120. artikulua.– Aurkeztutako autolikidazio edo eskaeretatik ondorioztatzen diren itzulketak.
1.– Aurkeztutako autolikidazioaren emaitza itzultzekoa denean, Zerga Administrazioak bidezko itzulketa egin beharko du foru arau honen 31. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Zerga araudiak hala ezartzen duenean, Zerga Administrazioari eskaera bat aurkeztuta hasiko da itzulketa prozedura. Kasu honetan, prozedura tributu bakoitzaren arauen arabera arautuko da.
2.– Autolikidazioa edo eskaera jaso ondoren, Administrazioak aurkeztu den dokumentazioa aztertuko du, eta bere esku dituen datu eta aurrekariekin alderatuko du.
Guztiarekin ere, autolikidazioa edo eskaera formaz zuzenak badira, eskatutako itzulketa beste ezein izapiderik gabe egin ahal izango da, baita modu automatizatuan ere hala behar denean.
Autolikidazioan edo eskaeran formazko akatsen bat edo errore aritmetikoren bat atzematen bada, datuetan edo kalifikazioan desadostasunak egon daitezkeela iritziz gero, edo arrazoi justifikatuak ikusten direnean, zilegi izango da autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura bat, egiaztapen mugatuko prozedura bat edo ikuskapen prozedura bat hastea, egiaztapen murriztua alde batera utzita.
3.– Foru arau honen 31. artikuluan itzulketa egiteko ezartzen den epea autolikidazioa aurkezteko epea amaitzen denetik edo eskaera aurkezten denetik aurrera hasiko da kontatzen. Dena den, aurkezpen hori epez kanpo egiten bada, epez kanpoko autolikidazioa aurkeztu denetik aurrera kontatuko da epea.
4.– Foru arau honen 100.1 artikuluko b) letran xedatutakoa gorabehera, autolikidazioen diru itzulketa eskatzeko prozedura ebazteko epea autolikidazio horiek aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera kontatuko da.
121. artikulua.– Autolikidazio edo eskaera bidez hasitako itzulketa prozedura amaitzea.
1.– Itzulketa prozedura arrazoi hauetako batengatik amaituko da:
a) Eskatutako itzulketa egitea zilegi dela erabakitzeagatik edo behin-behineko likidazio batek itzulketa hori onartzeagatik.
b) Prozedura foru arau honen 100. artikuluko 5. apartatuan ezarritako eran iraungitzeagatik.
c) Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura bat hasteagatik, egiaztapen mugatuko prozedura bat hasteagatik, edo ikuskapen prozedura bat abiatzeagatik, egiaztapen murriztua alde batera utzita.
2.– Itzulketaren gainean ezar litekeen berandutze interesa ordaintzeko obligazioa mantendu egingo da, foru arau honen 31. artikuluan xedatutakoarekin bat.
3.– Eskatutako itzulketa onartzeak ez du eragotziko kasuan kasuko zerga obligazioa gerora egiaztatzea autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura batean, egiaztapen mugatuko prozedura batean edo ikuskapen prozedura batean, egiaztapen murriztua alde batera utzita.
2. azpisekzioa. Aitorpen bidez hasitako prozedura
122. artikulua.– Zerga kudeaketako prozedura aitorpen bidez hastea.
1.– Tributuaren araudiak hala ezartzen duenean, prozeduraren kudeaketa zergapekoak aitorpen bat aurkeztuta hasiko da. Aitorpen horretan, zergapekoak zerga egitatea gauzatu dela adierazi behar du, eta behar diren datuak eman behar ditu Administrazioak behin-behineko likidazio baten bidez zerga betebeharra kuantifikatu dezan.
2.– Aitorpen bidez hasitako prozedura iraungipenagatik amaitu bada, Zerga Administrazioak tributua likidatzeko prozedura hau hasi ahal izango du berriro preskripzio epearen barruan.
123. artikulua.– Aitorpen bidez hasitako prozedura izapidetzea.
1.– Zerga Administrazioak sei hilabeteko epean jakinarazi behar du likidazioa, eta epe hori kontatuko da aitorpena aurkezteko epea amaitu ondorengo egunetik aurrera edo Administrazioak aurreko artikuluko 2. apartatuan aipatutako prozedura berriro hasten dela komunikatu eta biharamunetik aurrera.
Epez kanpoko aitorpenak aurkeztuz gero, likidazioa jakinarazteko sei hilabeteko epea aitorpena aurkeztu eta biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.
2.– Behar den kasuetan, Zerga Administrazioak aurreko apartatuan aipatu den likidazioa jakinarazi baino lehen, bidezko azterketa, kalifikazioa eta kuantifikazioa egingo ditu, foru arau honen 125. eta 126. artikuluek xedatzen duten bezala.
3.– Prozedura honen barruan hasten diren likidazioetan, aitorpena aurkezten denetik ordaintzeko borondatezko epea amaitu bitartean ez da exijituko berandutze interesik, baina horrek ez du kenduko bidezko zehapena ezartzea foru arau honen 196. artikuluarekin bat.
124. artikulua.– Aitorpen bidez hasitako prozedura amaitzea.
Aitorpen bidez hasitako prozedura arrazoi hauetako batengatik amaituko da:
a) Zerga Administrazioak egindako behin-behineko likidazio batengatik.
b) Prozedura iraungitzeagatik, aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatutako epea igaro eta likidazioa jakinarazi ez denean.
Egiaztapen murriztuko prozedura bat edo balioak egiaztatzeko bat hasten denean, aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatzen den iraungitze epea –sei hilabetekoa– eten egingo da prozedura horiek amaitu arte.
3. azpisekzioa. Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura
124 bis artikulua.– Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura.
1.– Zerga Administrazioak honako kasuotan hasi ahal izango ditu autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedurak:
a) Zergapekoari dokumentazioa edo argibideak aurkezteko eskatu beharra dagoenean.
b) Dauden zantzuengatik egiaztatzen denean zergapekoaren zerga egoera erregularizatu beharra dagoela.
c) Behin-behineko likidazio baten bitartez jada berrikusitako autolikidazio edo aitorpenen kasuan, Administrazioa ohartzen denean foru arau honen 126. artikuluko 1. apartatuaren b)tik, g)ra bitarteko letretan jasotako zirkunstantzietako bat gertatzen dela edo aurreko behin-behineko likidazioetan beste batzuk ez direla kontuan hartu.
2.– Prozedura abiatuko da hura hasteko erabakia, Administrazioaren errekerimendu bat, edo Zerga Administrazioak datu nahikoak dituenean prestatutako likidazio proposamena jakinarazita.
3.– Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozeduraren tramitazioan foru arau honen 125. eta 126. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
4.– Autolikidazioak eta behin-behineko likidazioak berrikusteko prozedura kasu hauetan amaituko da, foru arau honen 125. artikuluan aipatutako azterketa egin ondoren (hala badagokio):
a) Zerga Administrazioak behin-behineko likidazioa egiten duenean.
b) Prozedura iraungitzen denean, hura hasteko erabakia jakinarazi eta sei hilabete igaro ondoren. Dena den, horrek ez du eragotziko Zerga Administrazioak prozedura hau berriro abiatzea foru arau honen 65. artikuluan ezarrita dagoen preskripzio epearen barruan.
Egiaztapen murriztuko prozedura bat edo balioak egiaztatzeko bat hasten denean, aurreko paragrafoan aipatutako sei hilabeteko iraungitze epearen konputua eten egingo da prozedura horiek amaitu arte.
c) Egiaztapen mugatuko prozedura bat edo ikuskapen prozedura bat hasten denean, egiaztapen murriztuko prozedura alde batera utzita.
4. azpisekzioa. Autolikidazioak eta aitorpenak aztertzea eta behin-behineko likidazioak egitea
125. artikulua.– Autolikidazioak eta aitorpenak aztertzea.
1.– Zerga Administrazioak zilegi izango du aurkeztutako autolikidazio edo aitorpenak eta haien euskarri den edo haiei erantsita doan dokumentazioa aztertzea, zerga araudia behar bezala aplikatu den eta adierazitako datuak berak dituenekin bat datozen egiaztatzeko.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako ondorioetarako, Administrazioak hau egin ahal izango du:
a) Bere esku dauden datuak eta aurrekariak aztertu, baldin eta horietan agerian jartzen bada zerga egitatea edo zerga betebehar baten betekizuna gauzatu dela edo badirela zerga betebeharra dakarten elementu batzuk aitortu gabe daudenak edo zergapekoak aitortutakoekin bat ez datozenak.
b) Zergapekoari eskatu aurkeztutako autolikidazio edo aitorpenetan jaso diren datuak argitu edo froga ditzala, edo beharrezkoak diren agiriak ere aurkeztu ditzala tributua behar bezala aplikatzeko.
c) Zerga araudiaren arabera zergapekoak eraman behar dituen liburuak, erregistroak eta bestelako agiriak eskatu, eta liburu, erregistro eta agiri horietan jasotako eragiketak justifikatzeko fakturak edo dokumentuak aztertu.
d) Balioak egiaztatzeko jarduketak egin.
3.– Prozedura honetan Zerga Administrazioak ezin izango dio eskatu zergapekoari merkataritzako kontabilitatearen kopiarik.
Dena den, prozeduraren barruan zergapekoak, aurrez errekerimendurik jaso gabe, egoki irizten duen kontabilitate dokumentazioa aurkezten badu eragiketa jakin batzuen kontabilitatea frogatzeko, kontabilitate dokumentazio horretan ageri dena eta Zerga Administrazioak duen informazioan jasotakoa bat datozela egiaztatzeko eta horretarako bakarrik aztertu ahal izango du Zerga Administrazioak dokumentazio hori. Dokumentazio hori aztertzeak ez du eragotziko, ez eta mugatuko ere, dokumentazio horretako eragiketak geroko prozedura batean egiaztatu ahal izatea.
126. artikulua.– Behin-behineko likidazioak egitea.
1.– Jarraian aipatzen diren kasuotan, Zerga Administrazioak behin-behineko likidazioa egin dezake, likidazio proposamena zergapekoari aurrez zertan jakinarazi gabe:
a) Foru arau honen 123. artikuluan aipatzen den likidazioa egin behar denean, salbu eta Zerga Administrazioak kontuan hartu dituen datu edo balioak zergapekoak aitortutakoekin bat ez datozenean. Kasu horretan, likidazio proposamenean berariaz adierazi beharko da zirkunstantzia hori, zergapekoak eskubidez egoki zaiona alega dezan.
b) Zergapekoaren aitorpenak edo autolikidazioak akats formalak edo errore aritmetikoak dituenean.
c) Aitortutako datuak ez datozenean bat zergapekoak aurkeztutako beste aitorpen batzuetan adierazitakoekin edo Zerga Administrazioak dituenekin, azken kasu horretan baldin eta datu horiek hirugarrengoek eman badituzte izaera orokorrez exijitzen diren aitorpenetan, foru arau honen 90. eta 91. artikuluetan ezartzen den informazio obligazioa betetzeko.
d) Foru arau honen 128. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatzen dituen kasuak gertatu eta horietan arau horren 56.1 artikuluko b) letran aurreikusitako bitartekoa aplikatzen denean.
e) Egindako aitorpen edo autolikidazioan bertan edo aurkeztutako frogagirietan araudia gaizki aplikatu dela atzematen denean.
f) Foru arau honen 154. artikuluan aipatzen den egiaztapen murriztuko prozeduraren ondorioz egin behar denean.
Dena den, behin-behineko likidazioa ez badator bat egiaztapen murriztuko prozeduran egindako txostenaren konklusioekin, behin-behineko likidazioa egin aurretik, zergapekoari likidazio proposamena jakinarazi beharko zaio, eskubidez komeni zaiona alega dezan.
g) Behin-behineko likidazioa foru arau honen 27. artikuluan aurreikusitako errekarguengatik eta, kasua bada, dagozkien berandutze interesengatik egiten denean.
2.– Zerga Administrazioak arrazoitu behar ditu bai proposamenak bai egiten dituen behin-behineko likidazioak, eta kontuan izan dituen egitateen eta zuzenbidezko oinarrien aipamen laburra jaso behar du horietan.
3.– Ezingo da behin-behineko likidazio berririk egin autolikidazio edo aitorpen berberagatik behin betiko likidazioa egin bada foru arau honen 97. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat.
Orobat, zerga betebeharrak edo haien elementuak egiaztapen mugatuko prozedura baten barruan sartuta egon badira, haiengatik ere ezingo da behin-behineko beste likidazio bat egin, foru arau honen 134. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe.
5. azpisekzioa. Zerga zorra likidatzeko ofizioz hasitako prozedura
127. artikulua.– Ofizioz hasitako likidazio prozedura.
1.– Zerga Administrazioak errekerimendua egin badio zergapekoari arauzko epean aurkeztu ez dituen autolikidazio edo aitorpenak aurkezteko, errekerimendua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epea igaro ondoren, Administrazioak prozedura abitatu dezake zerga zorra kuantifikatuko duen behin-behineko likidazioa ofizioz egiteko, salbu eta epe horretan obligazioa betetzen denean edo obligazio hori ez dagoela behar bezala justifikatzen denean.
2.– Behin-behineko likidazioa egin baino lehen, Administrazioak likidazio proposamena jakinaraziko dio zergapekoari, eskubidez egoki zaiona alega dezan.
3.– Zerga zorra zehaztuko da Zerga Administrazioak dituen datuak, aurrekariak, zeinuak, indizeak, moduluak eta horretarako esanguratsuak diren gainerako elementuak oinarri hartuta.
4.– Ofizioz hasitako likidazio prozedura honela amaitu daiteke:
a) Ebazpen bidez adierazten denean ez dagokiola behin-behineko likidaziorik egitea.
b) Behin-behineko likidazio bat egiten denean. Likidazio hori arrazoitu egin beharko da, eta haren barruan aintzat hartu diren egitateen eta zuzenbidezko oinarrien aipamen laburra jaso beharko da beti.
c) Prozedura iraungitzen denean, foru arau honen 100. artikuluan araututako epea behin-behineko likidazioa jakinarazi gabe igarotzen denean. Hala ere, horrek ez du galaraziko Administrazioak prozedura hau berriro abiatzea preskripzio epearen barruan.
d) Egiaztapen mugatuko prozedura bat edo ikuskapen prozedura bat abiatzen denean, egiaztapen murriztuko prozedura alde batera utzita.»
Lau.– III. tituluko III. kapituluaren 2. sekzioko 5. azpisekzioa 6. azpisekzio bihurtzen da.
Bost.– 128. artikulua honela geratzen da idatzita:
«128. artikulua.– Balioak egiaztatzea.
1.– Zerga Administrazioak balioak egiaztatu ditzake foru arau honen 56. artikuluan aurreikusitako bitartekoak erabilita, arau honetan bertan edo tributu bakoitzaren araudian ezarritako eran.
Prozedura abiatu daiteke Administrazio jardulearen komunikazioarekin edo, behar besteko datuak egonez gero, likidazio proposamena eta artikulu honen 2. apartatuan aipatzen den balorazioa batera jakinarazita.
Balorazioa eta, kasua bada, artikulu honetan aurreikusitako likidazioa foru arau honen 100. artikuluan ezarritako epean jakinaraziko dira beranduenik.
Zerga Administrazioak zergapekoei komunikatu behar die zer laguntza jarduketa beharko dituen haiengandik. Horrelakoetan, zergapekoek jarduketa horiek egin ahal izatea erraztu behar diote Zerga Administrazioari.
2.– Zerga Administrazioak kalkulatutako balioa eta zergapekoak aitortutakoa ez badatoz bat, Administrazioak, egoera erregularizatzeko proposamena jakinaraztearekin batera, egindako balorazioaren berri emango dio zergapekoari, behar bezala arrazoituta eta erabilitako bitartekoak eta irizpideak azalduta, foru arau honen 126.1 artikuluko d) letran jasotakoa eragotzi gabe.
Erregularizazio proposamenarekin irekitako alegazio epea behin igaro denean, Zerga Administrazioak bidezko erregularizazioa jakinarazi beharko du, egindako balorazioa ere erantsita.
Zergapekoek ezin dute aurkeztu balorazioaren aurka errekurtso edo erreklamazio independenterik, baina perituen tasazio kontrajarria sustatu dezakete edo balorazio horren inguruko arazoak planteatu erregularizazio egintzaren aurka errekurtso edo erreklamaziorik jartzen duten kasuetan.
3.– Foru arau bidez ezartzen bada balio egiaztatuak beste zergapeko batzuekiko ere izan behar dituela ondorioak, Administrazio jardulea balio horri lotuta geratuko da gainerako interesdunei dagokienez. Foru arauak balio egiaztatua interesdun horiei jakinarazteko obligazioa ezarri ahal izango du, hura inpugnatu edo perituen tasazio kontrajarria sustatu ahal izan dezaten.»
Bigarrena.– Foru arau hau indarrean jarri denetik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren lehen xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:
«Lehenengo xedapen gehigarria.– Izaera publikoko ondare prestazioak.
1.– Konstituzioaren 31.3 artikuluan aipatu eta izaera hertsagarriz exijitzen direnak dira izaera publikoko ondare prestazioak.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako izaera publikoko ondare prestazioak tributarioak eta ez-tributazioak izan daitezke.
1. apartatuan aipatutako prestazioak tributariotzat hartuko dira foru arau honen 16. artikuluan aipatzen diren tasak, kontribuzio bereziak edo zergak direnean.
Gainerako prestazioak modu hertsagarrian exijitu eta interes orokorreko xedeak dituztenean, izaera publikoko ondare prestazio ez-tributarioak izango dira.
Bereziki, izaera publikoko ondare prestazioak ez-tributariotzat hartuko dira, hala kontsideratuta egonik, zerbitzu prestazio bat zuzeneko pertsonifikazio pribatu bidez edo zeharkako eran kudeatzeagatik exijitzen direnean.
Zehazki, halakotzat hartuko dira emakida erregimenean egiten diren obren ustiapenagatik edo zerbitzuen prestazioagatik exijigarriak direnak, ekonomia mistoko sozietateen, entitate publiko enpresarialen, kapital publiko soileko sozietateen, eta zuzenbide pribatuko bestelako formulen bitartez egiten direnean.»
14. artikulua.– Azaroaren 14ko 4/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duena, aldatzea.
Azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoan, izenburua aldatzen zaio 13. artikuluari, eta honela uzten da idatzita:
«13. artikulua.– Ondarearen gaineko zerga.»
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zergen Foru Arau Orokorreko kudeaketa prozeduren araubide iragankorra.
1.– 13. artikuluko bat apartatutik bost bitartean sartutako aldaketak apartatu horietan aurreikusten den eragin dataren ondoren hasten diren kudeaketa prozedurei aplikatuko zaizkie.
2.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, III. tituluaren III. kapituluko 2. sekzioan jasotzen dituen 1etik 5era bitarteko azpisekzioak, foru arau honetan aurreikusitako aldaketa sartu aurretik zeuden moduan idatziak, prezeptu horietan ezarritako arrazoiengatik ez ezik 2. sekzioko 1etik 6ra bitarteko azpisekzioetan jasotako kudeaketa prozeduretako bat hasteagatik ere amaituko dira (azpisekzio horiek foru arau honek emandako idazkeraren arabera). Kasu horretan, apartatu honetan jasotako eran amaitutako prozeduretan egiten diren jarduketak eta, orobat, prozedura horietan lortzen diren agiriak eta bestelako frogabideak, baliozkoak eta eraginkorrak izango dira apartatu honen indarrez hasten diren kudeaketa prozeduretan, baldin eta aztergarriak badira prozedura horien araudian ezarritakoarekin bat.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo haren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta bereziki, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Zerga Erregimena ezartzen duen uztailaren 15eko 7/1998 Foru Arauaren 7. artikulua.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Bat.– Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasota dauden ondorioak eragotzi gabe.
Bi.– 1. artikuluko lehen ordinalean sartutako aldaketak, hiru eta sei apartatuetan jasotakoa izan ezik, eta 2. artikuluko lehen ordinalaren bost apartatuan, 6. artikuluko lehen ordinalean, eta 7. artikuluan sartutakoak, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako autolikidazioei bakarrik aplikatuko zaizkie.