EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019059

2/2019 FORU ARAUA, otsailaren 11koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201900002
Xedapenaren data: 2019-02-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201901531
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • 2004/06/22an argitaratutako 2004/04/07ko 200400003 FORU ARAUA aldatzen du
  • 2014/03/04an argitaratutako 2014/01/17ko 201400003 FORU ARAUA aldatzen du

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostian, 2019ko otsailaren 11n.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Antzinaroaz geroztik, mezenasgoaren instituzioak gizartean kulturaren loraldia eragiteko balio du. Foru arau honen bidez, balio hori aitortu nahi da, bai eta gipuzkoarren artean sustatzen lagundu ere. Horretarako, hitzaurre honetan agerian jartzen dira foru araua egiteko arrazoiak eta hura oinarritzeko uste sakonak.
Lehen ustea da Kultura gizarte baten aberastasunaren zutabe nagusietako bat dela. Batetik, aberastasun materialaz ari gara, lurraldeko ekonomiari ekarpen handia egiten baitio. Bestetik, aberastasun demokratikoaz ari gara, Kulturaren bitartez areagotzen baitira bai pentsaera kritikoa eta bai herritarrek gai publikoetan arretaz parte hartzea. Eta, azkenik, noski, Kulturak ikuspuntu materialetik neurtu ezinekoa den aberastasuna ematen dio gizarteari. Izan ere, Kulturak harremanetan jartzen gaitu edertasunarekin, jakin-min etikoarekin eta munduaren zabaltasunarekin.
Horiek horrela, foru arau honek aitortu egiten du erakundeen eginkizun nagusi bat dela Kultura sustatzea eta sostengatzea haien eskumen eta baliabide guztiak erabilita. Aldi berean, baina, aitortu egiten du eginkizun hori betetzean, erakundeak ez direla bakarrik aritu behar, gipuzkoarren partaidetza beharrezkoa baita.
Beharrezkoa da, beraz, Gipuzkoako herritarrekin partekatzea ez bakarrik Kultura sostengatzeko erantzukizuna –haien diru ekarpenen bitartez–, bai eta kultura hori erabaki eta orientatzeko gaitasuna ere, haiek babestuko dituzten arte eta kultura proiektuen bidez. Azken finean, foru arau honen asmoa da gure erakundeek eta herritarrek protagonismo partekatua izatea Kulturak dakarren aparteko eginkizun hori betetzeko garaian.
Iraganean, jadanik hainbat arau emanak ziren, interes orokorreko jarduerak egitean ekimen pribatua sustatzeko asmoz. Hori horrela, Gipuzkoan ikuspuntu orokor batekin eta helburu horrekin onartutako lehen xedapena martxoaren 24ko 5/1995 Foru Araua izan zen, Ekimen pribatuari interes orokorreko jardueretan parte hartzeagatik zerga-pizgarriak ematen dizkiona.
Geroago, foru arau horren ordez apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua onartu zen, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoa. Arau horrek erregulazio modernoago bat ezarri zuen, hiru helburu hauekin: haren eremuan sartzen diren entitateei segurtasun juridikoa ematea, entitate horiek malgutasunez bete ahal izatea erregimena aplikatzeko ezarritako baldintzak, eta interes orokorreko jardueretara gizarteak zuzendutako ekarpenen zerga tratamendua hobetzea.
Dena den, foru arau honek urrutiago joan behar du, baliabide eta protagonismo partekatuen espiritu berriarekin bat egingo badu, hitzaurre honen lehen zatian adierazitakoari jarraituz. Horretarako, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua eta Ogasun eta Finantza Departamentua batera jardun ondoren, xedapen hau egin dute, maiatzaren 23ko 12/2002 Legaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak ematen dizkien eskumenetan oinarrituta. Xedapen honen bidez, hura aplikatzeko behar diren kontzeptuak garatzen dira, jarraian azaltzen den moduan.
Lehendabizi, «kultura mezenasgoaren» kontzeptu bera garatzen da. Halakotzat hartzen da interes sozialekoak deklaratutako kultur proiektu edo jarduerak egitean ekimen pribatuak parte hartzea. Hori bada, funtsezkoa da zehaztea zeintzuk diren kultur proiektu eta jarduera horiek, hala adierazten baititu foru arauak.
Era berean, «interes sozialaren» kontzeptua garatzen da. Izan ere, mezenasgoarekin lotu daitezkeen kultur proiektu edo jardueren beharkizun moduan ezartzen da. Interes hori Gipuzkoako Foru Aldundian kultura arloko eskumena duen departamentuak baloratu eta finkatuko du, edo, bestela, martxoaren 8ko 4/2016 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak.
Foru arauaren bidez, zehaztu egiten da zer pertsona eta entitate diren kultura mezenasgoaren onuradunak, hau da, nori zuzendu ahal zaizkion interes sozialeko kultur proiektu edo jarduerak egiteko pizgarri fiskalak jaso dituzten ekarpenak. A sensu contrario ulertu behar da kultur proiektu edo jardueretarako egiten diren ekarpen guztiek ez dutela zertan merezi foru arauan adierazitako zerga onura jasotzea.
Azkenik, ezarri egiten da zeintzuk diren kultur proiektu eta jarduerei egiten zaizkien ekarpenei, dohaintzei edo legatuei aplikagarri zaizkien zerga-pizgarriak.
Testuan aipatzen diren kontzeptuak eta bertan aurreikusita dauden pizgarriak dira foru arauaren funtsa, zeinak egitura hau erakusten duen: hiru kapitulu, hogei artikulu, hiru xedapen gehigarri eta azken lau xedapen.
Gipuzkoako lurraldean tradizio handia du jarduera eta ekimen filantropikoei eta humanitarioei baliabide pribatuak emateak. Halere, gure kultur mezenasgoa ez da hain indartsua. Foru arau honek indar hori eman nahi dio, hitzaurre honetan aipatutako arrazoi guztiengatik, eta espero du norabide horretan aurrera egiteko tresna erabakigarria izatea.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio eremua.
1.– Foru arau honen xedea da pertsona fisiko edo juridikoek eta martxoaren 8ko 2/2005 Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatutako nortasun juridikorik gabeko entitateek egiten duten kultur mezenasgoa sustatzea arauan bertan onartzen diren eta mezenasgo horri aplikatuko zaizkion zerga-pizgarrien bitartez.
2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 2. artikuluan ezarritakoagatik Gipuzkoako zerga araudiaren menpe dauden zergadunei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa.
2. artikulua.– Kultur mezenasgoaren kontzeptua.
1.– Foru arau honen ondorioetarako, kultur mezenasgotzat hartzen da kultur mezenasgoa jasotzen duten entitateek garatutako jarduera edo proiektuetan edo Gipuzkoako Foru Aldundiak interes sozialekotzat hartutakoetan parte hartze pribatua izatea.
2.– Kultur proiektu edo jardueratzat hartzen dira arlo hauekin erlazionatutakoak:
a) Zinematografia, ikus-entzunezko arteak eta multimedia arteak.
b) Arte eszenikoak, musika, dantza, antzerkia eta zirkoa.
c) Ikusizko arteak: arte plastikoak edo arte ederrak, argazkilaritza eta diseinua.
d) Liburua eta irakurketa, literatur argitalpenak eta argitalpen fonografiko eta zinematografikoak, edozein formatu edo euskarritan.
e) Gipuzkoako kultur ondare material eta ez-materiala ikertu, dokumentatu, kontserbatu, zaharberritu, berreskuratu, zabaldu eta sustatzea, Gipuzkoako hizkuntza aniztasunari bereziki erreparatuta.
3.– Foru arau honen ondorioetarako, honako hauek ez dira hartuko kultur proiektu edo jardueratzat:
a) Argitaletxe jakin baten liburu eta argitalpen kulturalak sustatzea, eta, oro har, liburu eta aldizkariak editatzea jarduera nagusi duten entitateek horien aurkezpena egitea.
b) Aisiaren eta denbora librearen okupazioa nahiz gazteria xede dituztenak.
c) Jai programak eta erritu izaerakoak.
d) Azoka tematikoen antolaketa.
e) Baserri giroko azokak eta lehiaketa edo jarduera gastronomikoak.
f) Ikastaro, mintegi eta antzekoetan parte hartzea.
g) Ekipamenduak eta material ez-suntsikorra erosteko eta lokalak egokitzeko inbertsioak.
Orobat, edozein motatako ekitaldi edo antzezpenen erreprodukzio hutsak diren ikus-entzunezko obrak ere ez dira hartuko kultur proiektutzat.
4.– Erregelamenduz garatu ahal izango dira kultur proiektu edo jardueren baldintzak eta/edo berezitasunak, baita proiektu edo jarduera horiek halakotzat ez hartzeko kasuak ere.
3. artikulua.– Kultur mezenasgoaren modalitateak.
Kultur mezenasgoa gauzatzeko, hiru modalitate erabil daitezke:
a) Dohaintzak eta legatuak.
b) Erabilera maileguak edo komodatua.
c) Lankidetza enpresarialeko hitzarmenak, foru arau honen 13. artikuluan aipatuak.
4. artikulua.– Kultur mezenasgoaren pertsona eta entitate onuradunak.
Foru arau honen ondorioetarako, Gipuzkoako Lurralde Historikorako interes sozialeko jarduerak edo programak garatzen dituzten pertsona eta entitate hauek izan daitezke kultur mezenasgoaren onuradunak:
a) Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Administrazioko entitateak, bai eta administrazio horiei lotuta dauden edo haien menpekoak diren organismo autonomoak eta zuzenbide publikoko entitateak ere, kulturaren esparruan jarduten dutenean.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta Estatuko Administrazioa, bai eta administrazio horiei lotuta dauden edo haien menpekoak diren organismo autonomoak eta zuzenbide publikoko entitateak ere, kultur jarduerak edo programak garatzen dituztenean.
c) Euskaltzaindia, Espainiako Institutua eta institutu horretan integratuta dauden errege akademiak.
d) Eusko Ikaskuntza, eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea.
e) Irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko kasuan kasuko erregistroan inskribatuak, kultur jarduerak edo programak garatzen dituztenean.
f) Zerga egoitza Gipuzkoan duten pertsona fisikoak, jarduera artistikoak ohikotasunez gauzatzen dituztenean, baldin eta haien negozio zifraren zenbateko garbia ez bada izan aurreko urtean 200.000 eurotik gorakoa.
Ondorio horietarako, honako hauek dira jarduera artistikoak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailean ezarritakoarekin bat:
– Bigarren sekzioan (lanbide jarduerak), 86. multzoko 861. eta 862. taldeetan sartutakoak.
– Hirugarren sekzioko (jarduera artistikoak) 01., 02. eta 03. multzoetan sartutakoak.
Foru arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jarduera artistikoak garatzen dituzten pertsona fisikoak ez dira hartuko kultur mezenasgoaren onuraduntzat, jasotzen dituzten mezenasgo modalitateei dagokienez, mezenasgo hori hauetako batek egina bada: ezkontideak, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko kideak, hirugarren gradura bitarteko aurreko, ondorengo edo alboko ahaideek –odolkidetasunezkoak, ezkontza bidezkoak edo izatezko bikotetik eratorritakoak–, edo pertsona fisiko horrekin batera errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate bateko kide direnek.
Orobat, jarduera artistikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez dira hartuko kultur mezenasgoaren onuraduntzat sozietateen gaineko zergaren zergadunek egindako mezenasgo modalitateei dagokienez, baldin eta jarduera artistikoa egiten duen pertsona eta dohaintza edo ekarpena egiten duen entitatea pertsona lotuak badira sozietateen gaineko zergaren araudiarekin bat.
II. KAPITULUA
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKORAKO INTERES SOZIALEKOTZAT HARTZEA
5. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikorako interes soziala.
1.– Interes sozialekotzat hartuko dira, berariazko deklaraziorik egin behar izan gabe, kultur proiektu edo jarduera hauek:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiak eta aurreko 4. artikuluko c) eta d) letretan aipatu diren entitateek antolatutakoak.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiak edo kultur gaietan eskudun den Aldundiko departamentuak hitzarmen edo dirulaguntzen bidez sustatu edo babesten dituenak, 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek eginak badira.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, kultur mezenasgoa jaso nahi duten pertsona edo entitateek eskatu behar dute antolatu edo garatuko dituzten kultur proiektu edo jarduerak berariaz hartu daitezela interes sozialekotzat, kultur mezenasgoaren onuradun izate aldera.
3.– Gipuzkoako Foru Aldundian kultura alorreko eskumena duen organoari dagokio deklaratzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Administrazioko entitateek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Estatuko Administrazioak, eta administrazio horiei lotuta dauden edo haien menpekoak diren organismo autonomoek eta zuzenbide publikoko entitateek antolatutako kultur proiektu edo jarduerak interes sozialekoak direla.
Apartatu honetan jasotakoaren ondorioetarako, interesdunek eskaera zuzendu behar diote Gipuzkoako Foru Aldundian kultura alorreko eskumena den departamentuari, eta jarduerak edo programak ez badatoz bat foru arau honen 2.2 artikuluan adierazitakoekin, departamentu horrek interes sozialeko deklarazioa ukatu dezake, modu arrazoituan beti.
Proiektu edo jarduera horien interes sozialeko deklarazioa eskatzeko eta deklarazio hori ukatzeko, erregelamenduz ezarriko diren prozedurari eta baldintzei jarraituko zaie.
4.– Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak, martxoaren 8ko 4/2016 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautzen denak, ebaluatuko ditu aurreko apartatuan sartu ez diren proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat hartzeko eskaerak, irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Kultur jardueren garrantzia eta eragin soziala.
b) Proiektu eta jarduerek Gipuzkoako kultur ondare material zein ez-materiala ikertu, kontserbatu eta zabaltzeko duten eragina, hizkuntza aniztasunari bereziki erreparatuta.
c) Sorkuntza artistikoa sustatzeko eta sortzaile berriei laguntzeko eragina.
d) Prestakuntza artistiko eta kulturalarekin lotutako balioa eta interesa.
e) Herritarren parte hartzea sustatzeko balioa eta interesa, IKTei arreta berezia eskainiz.
f) Gipuzkoako Lurralde Historikoko arte eta kultur balioak kanpora zabaltzeko balioa eta interesa.
g) Arte eta zientzien zabalkunderako lagungarri diren kultur inbertsioak egiteko balioa eta interesa.
h) Kulturaren esparruko lengoaia berritzaileak ikertu eta jorratzeko jarrera.
i) Gipuzkoako Lurralde Historikoko kultura kontserbatu, sustatu eta garatzearekin zerikusia duen beste edozein irizpide.
Oinarrizko irizpide gisa hartuko da, halaber, zer erlazio dagoen proiektu edo jarduerak duen aurrekontuaren eta aurreko letren arabera sortzen den eraginaren artean.
5.– Programa edo jarduera interes sozialekotzat hartzeko eskaera ebaluatu ondoren, Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak interes soziala deklaratzeko edo ukatzeko proposamena helaraziko dio Gipuzkoako Foru Aldundian kultura alorreko eskumena duen departamentuari. Alabaina, proiektu edo jardueren kostua 1.000.000 eurokoa edo handiagoa denean, interes sozialeko deklarazioa Diputatuen Kontseiluak baimendu beharko du aldez aurretik.
Ebazpena ezezkoa bada, arrazoitu egin beharko da, aurreko 4. apartatuan ezarritako irizpideei erreferentzia eginez. Ezezko ebazpena emateko arrazoia izango da, besteak beste, kultur mezenasgoaren pertsona edo entitate onuradunak ez betetzea foru arau honetan ezarritako betebehar formalak, pertsona edo entitate horri lehenagotik interes sozialeko deklaratu zaizkion proiektu edo jarduerei dagokienez.
6.– Ekitaldia amaitu eta hurrengo urteko otsaila bukatu baino lehen, kultura alorreko eskumena duen departamentuak zerrenda bat igorri behar dio Ogasun eta Finantza Departamentuari, bertan adieraziz aurreko urteko zer kultur proiektu edo jarduera hartu behar diren interes sozialekotzat artikulu honetan ezarritakoarekin bat.
Aurrekoa hala izanik ere, kultur mezenasgoaren onuradun diren pertsona edo entitateek foru arau honen 19. artikuluan ezarritako beharkizunak izango dituzte, hala eman beharreko ziurtagiriei nola Ogasun eta Finantza Departamentuari bidali beharreko informazioari dagokienez.
6. artikulua.– Kultur proiektu edo jardueren programa-tipoak interes sozialekotzat hartzea.
Kultur proiektuak edo jarduerak urtero gauzatzen dituzten entitateek aurreikusten badute hurrengo urteetan izaera eta eduki bereko edo antzeko proiektu edo programak egingo dituztela, interes sozialekotzat kultur jardueren programa-tipo bat hartzeko eskatu ahal izango dute, eta deklarazio horrek programan jasotzen diren kontzeptuekin bat datozen jarduerak hartuko ditu barne. Interes sozialeko deklarazioa egiteko, aurreko artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
KULTUR MEZENASGOAREN ALDEKO ZERGA-PIZGARRIAK
1. SEKZIOA
ZERGA-PIZGARRIEKIN HOBARITUTAKO DOHAINTZAK
7. artikulua.– Dohaintzen eta legatuen beharkizunak.
1.– Foru arau honetan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzeko eskubidea emango dute 4. artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateen alde egiten diren dohaintza errebokaezin, soil eta hutsek, bai eta haien aldeko «mortis causa» dohaintzek eta legatuek ere, interes sozialeko kultur proiektu edo jarduerak gauzatzeko egiten badira.
2.– Dohaintza errebokatuz gero, errebokazioaren zergaldian dohaintza-emaileak ordaindu beharko ditu kendutako kopuruei edo aplikatutako kenkariei dagozkien kuotak, kasuan kasuko berandutze interesak ere barne.
3.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren alde egiten diren dohaintzen kasuan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondareari buruzko araudiak dioenari jarraituko zaio beti.
8. artikulua.– Dohaintzen eta legatuen zerga-pizgarriak aplikatzeko oinarria.
1.– Dohaintzak eta legatuak egiteagatik araututako zerga-pizgarriak aplikatzeko oinarria honako hau izango da:
a) Diruzko dohaintza eta legatuetan, haien zenbatekoa.
b) Ondasun edo eskubideen dohaintza eta legatuetan, eskualdaketaren unean zuten kontabilitate balioa edo, horren ezean, ondarearen gaineko zergaren arauen arabera kalkulatutako balioa.
c) Ondasun higiezinen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzen den kasuetan, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean balio katastralari ehuneko 2 aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa; zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan zehaztua.
d) Baloreen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzen denean, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean gozamendunak jasotako dibidendu edo interesen urteko zenbatekoa.
e) Bestelako ondasun eta eskubideen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratuz gero, eraketa egindako garaian ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arauei jarraituz kalkulatutako gozamen balioari ekitaldi bakoitzean diruak duen legezko interesa aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa.
f) Euskal Kultur Ondarearen parte diren ondasunen dohaintza eta legatuen kasuan, Eusko Jaurlaritzak egindako balorazioa; Espainiako Ondare Historikoaren parte diren ondasunen dohaintza eta legatuen kasuan, Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak egindako balorazioa; eta beste autonomia erkidegoetako Ondare Historikoaren parte diren ondasunen dohaintza eta legatuen kasuan, organo eskudunek egindako balorazioa.
Aurreko paragrafoan aipatutako organoek ez badute egin horrelako baloraziorik, balorazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du.
g) Kalitate bermatuko artelanen dohaintza eta legatuen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura alorreko eskumena duen departamentuak egindako balorazioa. Departamentu horrek ere egingo du balorazioa ondasunak aldi baterako eta dohain lagatzen direnean, eta, kasu horretan, kenkariaren oinarria kalkulatuko da balorazio horri ehuneko 2ko portzentajea aplikatuta urte oso bakoitzeko.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako balioa ezingo da izan eskualdatutako ondasun edo eskubideak eskualdaketaren unean merkatuan duen balio normala baino handiagoa.
9. artikulua.– Dohaintzen eta legatuen justifikazioa.
1.– Zerga-pizgarriak aplikatzeko, ezinbestekoa izango da dohaintza edo legatua benetan egin dela frogatzea edo dohaintza jasotzen duen pertsonak edo entitateak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:
a) Izen-abizenak edo sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai dohaintza-emailearenak bai dohaintza-hartzailearenak.
b) Dohaintza hartzen duen pertsona edo entitatea foru arau honen 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela dioen berariazko aipamena.
c) Dohaintzaren data eta zenbatekoa, dirutan egina bada.
d) Dohaintzaren balorazioaren zenbatekoa, dohaintzak diruzkoak ez direnean.
e) Dohaintzak diruzkoak ez badira, dohaintzan emandako ondasuna entregatu dela edo gozamen eskubidea eratu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri kautoa.
f) Dohaintza hartzen duen pertsonak edo entitateak dohaintzari emango dion erabilera.
g) Dohaintza errebokaezina dela dioen berariazko aipamena.
3.– Legatuak frogatzeko, dagokien oinordetza titulua aurkeztu beharko da.
2. SEKZIOA
ZERGA-PIZGARRIEKIN HOBARITUTAKO ERABILERA MAILEGUAK EDO KOMODATUA
10. artikulua.– Erabilera mailegu edo komodatu kengarrien beharkizunak.
Foru arau honetan aurreikusitako kenkari eta murriztapenak egiteko eskubidea emango du Euskal Kultur Ondarearen parte diren ondasunen, kalitate bermatuko artelanen, eta ondasun higiezinen erabilera maileguak edo komodatuak egiteak interes sozialekotzat hartutako kultur proiektu edo jarduerak gauzatzeko.
11. artikulua.– Erabilera mailegu edo komodatuengatik araututako zerga-pizgarriak aplikatzeko oinarria.
Oinarria, foru arau honen 8. artikuluaren arabera egindako balorazioari maileguak irauten duen zergaldi bakoitzean 100eko 2 aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa izango da, zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan zehaztua.
Proiektu edo jarduerak egiteko erabiliko diren ondasun higiezinen kasuan, 100eko 2ko portzentajea balio katastralari aplikatuko zaio, zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan.
12. artikulua.– Erabilera maileguen edo komodatuen justifikazioa.
1.– Zerga-pizgarriak aplikatzeko, ezinbestekoa izango da erabilera mailegua edo komodatua benetan egin dela frogatzea komodatudunak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:
a) Izen-abizenak edo sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai komodatugilearenak bai komodatudunarenak.
b) Komodatuduna foru arau honen 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela dioen berariazko aipamena.
c) Ondasuna noiz entregatu zen eta erabilera maileguak edo komodatuak zenbat iraungo duen.
d) Erabilera maileguaren edo komodatuaren balorazioaren zenbatekoa.
e) Erabilera mailegua edo komodatua eratuta dagoela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri kautoa.
f) Komodatudunak erabilera maileguaren edo komodatuaren xede den ondasunari emango dion erabilera.
3. SEKZIOA
ZERGA-PIZGARRIEKIN HOBARITUTAKO LANKIDETZA ENPRESARIALEKO HITZARMENAK
13. artikulua.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenak interes sozialeko proiektu edo jardueretan.
1.– Interes sozialeko kultur proiektu edo jardueren kasuan lankidetza enpresarialeko hitzarmenak egiten direla ulertuko da foru arau honen 4. artikuluan aipatzen diren pertsonek edo entitateek kolaboratzailearen parte hartzea edozein bitartez zabaltzeko konpromisoa idatziz hartzen dutenean, interes sozialekotzat hartutako proiektu edo jarduerak egiteko dirulaguntza baten truke edo ekonomikoki balora daitekeen laguntza baten truke.
2.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenengatik araututako zerga-pizgarriak aplikatzeko oinarria foru arau honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.
3.– Artikulu honetan definitutako lankidetza enpresarialeko hitzarmenen esparruan kolaboratzailearen partaidetza zabaltzea ez da zerbitzu prestazio bat.
14. artikulua.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenen ondorioz jasotako laguntzen justifikazioa.
1.– Zerga-pizgarriak aplikatzeko, ezinbestekoa izango da lankidetza enpresarialeko hitzarmena benetan formalizatu dela frogatzea kultur mezenasgoaren onuradunak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:
a) Izen-abizenak edo sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai pertsona edo entitate onuradunarenak bai kolaboratzailearenak.
b) Kultur mezenasgoaren pertsona edo entitate onuraduna foru arau honen 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela dioen berariazko aipamena.
c) Lankidetza enpresarialeko hitzarmena benetan formalizatu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri sinesgarria.
d) Lankidetza enpresarialeko hitzarmenaren ondorioz jasotako laguntzaren zenbatekoa eta berau noiz eta nola jaso izanaren xehetasun guztiak.
e) Jasotako laguntzari kultur mezenasgoaren onuradunak emango dion erabilera.
4. SEKZIOA
ZERGA-PIZGARRIAK
15. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek foru arau honen 8., 11. eta 13. artikuluetan hurrenez hurren aipatzen diren dohaintzen, maileguen edo lankidetza hitzarmenengatik izandako gastu kengarrien balioaren 100eko 35 kendu ahal izango dute zergaren kuotatik.
Artikulu honetan aipatzen den kenkariaren oinarriak ezingo du izan Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 90. artikuluko 2. apartatuan jasotzen duen muga baino handiagoa.
16. artikulua.– Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak.
1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek zerga onura hauek izango dituzte:
a) Zerga oinarria zehazteko garaian, foru arau honen 8., 11. eta 13. artikuluetan hurrenez hurren aipatzen diren dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenengatik izandako gastu kengarrien baloraziotik ondorioztatzen diren zenbatekoak partida kengarritzat hartuko dira.
b) Horrez gain, zergadunek foru arau honen 8., 11. eta 13. artikuluetan hurrenez hurren aipatzen diren dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenengatik izandako gastuen balioaren 100eko 20 kendu ahal izango dute zergaren kuota likidotik.
Letra honetan ezarritako kenkariari Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluan jasotzen diren arauak aplikatuko zaizkio, kontuan izanik, alabaina, kenkariaren aplikazioa autolikidazioa aurkeztearekin batera egin behar den aukera bat dela foru arau horren 128. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
2.– Artikulu honetan arautzen diren zerga onurak ez zaizkie inola ere aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei.
3.– Establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute aurreko 1. apartatuan adierazitako zerga onurak aplikatzea.
17. artikulua.– Beste zerga onura batzuk.
1.– Foru arau honen 8. artikuluan aipatutako dohaintzengatik dohaintza-emaileak lortzen dituen ondare irabaziak eta errenta positiboak salbuetsita egongo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik, sozietateen gaineko zergatik eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergatik, zerga horiei lotuta daudenean.
2.– Foru arau honetan aurreikusitako dohaintzen, legatuen eta lankidetza enpresarialeko hitzarmenen ondorioz egiten diren doako eskurapenak salbuetsita egongo dira oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan.
18. artikulua.– Bateraezintasunak.
Foru arau honetan araututako zerga onurak bateraezinak izango dira irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituen apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan zenbateko berberetarako ezarritakoekin.
19. artikulua.– Zerga onurak aplikatzeko baldintzak.
Aurreko artikuluetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzeko, kultur mezenasgoaren pertsona edo entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Behar diren ziurtagirien bidez, frogatu behar dute dohaintzak, legatua, erabilera mailegua edo lankidetza hitzarmena benetan egin direla eta, egiazki, interes sozialeko kultur proiektu edo jardueretara zuzendu dituztela.
b) Ziurtagirien edukia jakinarazi behar diote Zerga Administrazioari, zerga araudiak ezarritako eredu eta epeetan.
20. artikulua.– Elkarrekikotasuna.
Foru arau honetan aurreikusten diren zerga onurak Estatuko eta beste lurralde historikoetako organo eskudunek beren kultur mezenasgoaren zerga pizgarriei begira interes sozialekotzat hartutako kultur eta jarduerei ere aplikatzekoak izango dira, baldin eta haiek onartua duten araudian beste hainbeste egiten bada foru arau honen arabera deklaratutako jarduera eta programekin.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Mezenas izaeraren aitortza publikoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak behar diren tresnak ezarriko ditu mezenasgoaren praktika saritzeko, horrelako ekintzen balio soziala sustatuz, ekimen horiei prestigioa eta ikusgarritasuna emanez, eta mezenasgoaren bitartez kulturaren alde egiten duten pertsona fisiko edo juridikoen lan filantropikoa publikoki aitortuz.
Orobat, anonimotasuna bermatuko die kulturari laguntzen diotela ezagutaraztea nahi ez duten pertsona edo entitateei.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultur mezenasgoa errazteko aplikazio informatikoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikazio informatiko bat garatuko du kultur mezenasgoa errazteko, halako moduz non, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan jarriko den esteka bat erabilita, posible izango baita foru arau honekin bat interes sozialekotzat hartzen diren jarduerak edo proiektuak garatzen dituzten pertsona edo entitateei dohaintzak egitea modu elektronikoan.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak aplikazio informatiko horren ezaugarriak eta funtzionaltasunak arautuko ditu foru agindu bidez.
Aplikazioak ahalbidetuko du Foru Ogasunaren aurrean baliagarria izango den ziurtagiria eskuratzea haren bitartez foru arau honetan aurreikusitako onurak eskatzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Mezenasgoari buruzko kanpaina.
Foru arau honen irismena herritarrei jakinarazteko eta dakartzan zerga onurak ezagutarazteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, behin hura onetsita, informazio kanpaina bat egingo du, egoki jotzen dituen baliabideekin.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan:
Bat.– III. tituluari V. kapitulua gehitzen zaio, honela dioena:
«V. kapitulua. Zerga onurak aplikatzeko baldintza komunak.
32. artikulua.– Zerga onurak aplikatzeko baldintza komunak.
Titulu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikagarriak izan daitezen, kultur mezenasgoaren entitate onuradunek ezinbesteko izango dute jasotako dohaintza eta ekarpenen berri ematea Zerga Administrazioari, zerga araudian ezarritako eredu eta epeetan.»
Bi.– Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hamahirugarrena, honela dioena:
«Hamahirugarren xedapen gehigarria. Foru arau honetako zerga onuren bateraezintasuna.
Foru arau honen artikuluetan eta haren xedapen gehigarrietan arautzen diren zerga onurak bateraezinak izango dira Gipuzkoako Lurralde Historikoan kultur mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriak arautzen dituen otsailaren 11ko 2/2019 Foru Arauak zenbateko berberetarako ezarritakoekin.»
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru araua aldatzea.
Aldaketak sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 90. artikuluko 1. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Zergadunek irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituen foru arauan aurreikusten diren kenkariak eta kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoan ezarritakoak aplikatu ahal izango dituzte.»
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.
Diputatuen Kontseiluak beharrezkoak diren xedapenak eman ahal izango ditu foru arau hau garatu eta aplikatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Guztiarekin ere, kultur mezenasgoari aplikatzeko bertan arautzen diren zerga-pizgarriek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako izango dute eragina.