EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019059

1/2019 FORU ARAUA, otsailaren 11koa, sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201900001
Xedapenaren data: 2019-02-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201901530
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/02/19an argitaratutako 2014/01/17ko 201400002 FORU ARAUA aldatzen du

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «1/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2019ko otsailaren 11.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Obra zinematografikoetarako eta ikus-entzunezkoen sektoreko beste produkzio batzuetarako estatu mailako laguntzei buruz Europako Batzordeak emandako 2013/C 332/01 Komunikazioak sektore hau babestu beharra azpimarratu eta haren aldeko laguntzetarako parametro berriak ezarri ditu.
Laguntza mota horien artean zerga-pizgarriak ere ageri dira.
Aipatutako Komunikazioak aukera ematen du, besteak beste, produkzioan egindako gastuaren zati bat eta hobarituko den zerga oinarria lurralde jakin bati lotzeko, mugak ezartzen ditu zerga oinarriaren gainean, eta emandako laguntzei buruz informatzeko obligazioa ezartzen dio administrazio emaileari.
Horri begira, foru arau honek, bere artikulu bakarraren bitartez, aldaketak sartzen ditu sozietateen gaineko zergaren foru arauko hamabosgarren xedapen gehigarrian, aipatutako Komunikazioan ezarritako parametroetako batzuk haren barruan jasotzeko eta zerga-pizgarriaren aplikazio eremua film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpenei ere zabaltzeko.
Zehazki, esandako xedapen gehigarrian hiru pizgarri arautzen dira kultura sustatzeko: bat apartatuan ezartzen da film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen produkzio espainiarretan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkaria; bi apartatuan atzerriko film luzeen edo ikus-entzunezko obren ekoizpenak exekutatzeagatik aplikatzen den kenkaria ezartzen da; eta hiru apartatuan orain arteko eran arautzen da liburugintzan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkaria.
Espainiako produkzioetan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, hau nabarmendu daiteke:
100eko 30eko kenkaria mantentzen da, baina, berritasun gisa, kenkari hori 100eko 40koa da euskaraz filmatutako obren kasuan.
Aplikazio eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da, eta haren aplikazioak lurraldearekin erlazionatuta dauden beharkizun jakin batzuk ditu, zehazki, hauek: kenkariaren oinarriaren gutxienez 100eko 50 lurralde horretan egindako gastuak izatea; gutxienez 4 pertsonak osatzea euskal partaidetza tekniko edo artistikoa; eta lurralde horretan gutxienez 2 astez filmatzea obra.
Kenkariak muga kuantitatibo bat izango du beti, 2,5 milioi eurokoa, ekoizpen bakoitzeko.
Atzerriko produkzioetan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, hau nabarmendu daiteke:
100eko 25eko kenkaria sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuetarako. Dena den, bi beharkizun hauek bete beharko dira hura aplikatzeko: lurralde horretan egindako gastuak 500.000 eurokoak izatea gutxienez, eta atzerriko produkzioaren kostua 2 milioi eurokoa edo handiagoa izatea.
Kenkariak muga kuantitatibo bat izango du beti, 2,5 milioi eurokoa, ekoizpen bakoitzeko.
Orobat, arauketa ixteko, muga global bat ezartzen da zergadunek jaso ditzaketen laguntzetarako, oro har produkzio kostuaren 100eko 50ekoa izango dena. Badira, hala ere, erregela bereziak bai mugaz gaindiko produkzioetarako (100eko 60ko muga), bai ikus-entzunezko obra zailetarako (ez dute mugarik).
Indarrean jartzeari dagokionez, azpimarratu behar da foru arau hau argitaratu eta biharamunean jarriko dela eta ondorioak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako izango dituela.
Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB), Zenbait laguntza mota Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituenak, jasotakoaren arabera, laguntza araubide hau Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita dago eta barne merkatuarekin bateragarria da, Tratatuaren 107. artikuluko 3. apartatuan jasotakoari jarraituz. Izan ere, beteak ditu 651/2014 Erregelamenduko 54. artikuluan eta I. kapituluan jarritako beharkizun guztiak.
Artikulu bakarra.– Sozietateen gaineko zerga aldatzea.
Aldaketak sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hamabosgarren xedapen gehigarrian, eta honela uzten da idatzita:
«Hamabosgarrena.– Kultura sustatzeko pizgarriak.
Bat.– Kenkaria film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen produkzio espainiarretan inbertsioak egiteagatik.
1.– Film luze zinematografikoen eta fikzio, animazio edo dokumentalei buruzko ikus-entzunezko serieen produkzio espainiarretan egiten diren inbertsioek, serieko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisikoa egitea ahalbidetzen badute eta bat apartatu honetan xedatutako baldintzak betetzen badituzte, eskubidea emango diote ekoizleari kuota likidotik 100eko 30eko kenkaria aplikatzeko; euskaraz filmatutako obren kasuan, kenkari hori 100eko 40koa izango da.
2.– Kenkariaren oinarria produkzioaren kostu osoa izango da, baita ekoizlearen kargura ordaindu beharreko publizitate eta sustapen gastuak nahiz kopietarako gastuak ere, ekoizpen kostuaren 100eko 40ko mugarekin, bi kasuotan.
Xedapen gehigarri honetako zazpi apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, kenkariaren oinarritik gutxituko dira kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoak.
3.– Apartatu honetan xedatutako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Kenkariaren oinarriaren gutxienez 100eko 50ak Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuak izan behar dute.
b) Ekoizleak obrari egiten dion ekarpenak euskal partaidetza tekniko edota artistiko bat izan behar du, gutxienez ekoizpenaren munduko lau pertsonak osatua, honako hauek esate baterako:
a’) Oro har, obraren egileak, aktore nagusiak eta aktore sekundarioak, eta ekoizpen talde teknikoko buruak.
b’) Animaziozko ekoizpenen kasuan, zuzendariak, taldeko buruak edo teknikariak.
c’) Dokumentalen kasuan, zuzendariak, gidoilariak, musikariak, argazki zuzendariak, edo ekoizle eragileak.
b) apartatuan ezarritako beharkizuna betetzat joko da apartatu horretan aipatzen diren pertsonen zerga egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenean.
c) Ekoizpenak gutxienez bi astez egon behar dute filmatuta Euskal Autonomia Erkidegoko barnealde zein kanpoaldeetan, salbu eta, justifikatutako arrazoiengatik, lurralde horretan filmatzea ezinezkoa denean.
d) Ekoizpenak nazionalitate ziurtagiria eskuratu behar du, baita edukiaren kultur izaera, errealitate kulturalarekiko lotura edo lurralde espainiarrean aurkezten diren lan zinematografikoen aniztasun kulturalari egindako ekarpena egiaztatzen duen ziurtagiria ere, kasuko kasuko organo eskudunak emanak.
e) Euskadiko Filmotekan ekoizpenaren kopia berri bat gorde behar da, egoera perfektuan, euskal ondare zinematografikoa babestu eta zabaltzeko helburuak betetzeko. Filma proiektatzeko erabilitako euskarri berean entregatuko da kopia hori. Betebehar hau betez Euskadiko Filmotekan gordailatzen den kopia ezingo da ez erretiratu ez beste erakunderen batean gordailatzeko transferitu, beste erakunde horiek ezar ditzaketen gordailatze obligazioak betetzeko.
4.– Kenkari honen zenbatekoa ezingo da izan 2,5 milioi eurotik gorakoa, egindako ekoizpen bakoitzeko.
5.– Koprodukzioen kasuan, bat apartatu honetan adierazitako kenkari zenbatekoak eta gastua kokatzeko baldintzak zehaztuko dira koproduktore bakoitzak koprodukzioan duen partaidetza portzentajearen arabera. Halaber, bat apartatu honetako 3. puntuko b) letran ezarritako baldintza koprodukzio espainiarraren zatiari dagokionez ere bete beharko da.
6.– Bat apartatu honetan aipatzen den kenkaria zergaldi bakoitzean sortuko da hari dagokion ekoizpen kostua kontuan hartuta, baina obraren ekoizpena amaitzen den zergalditik aurrera bakarrik aplikatuko da.
7.– Egindako kenkarirako eskubidea galdu egingo da baldin eta obraren ekoizpena amaitu eta 2 urteko epean filma ez bada estreinatzen zinema aretoetan edo telebista kateen ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuetan, horien barruan bi modalitate hauek sartuta: nahierako ikus-entzunezko komunikazioa eta «telebista mugikorra», hain zuzen ere martxoaren 31ko 7/2010 Legeak, Ikus Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak, 2. artikuluan aipatuak. Horrelakoetan, obligazioa izango da egindako kenkariengatik bere unean ordaindu ez diren kuotak ordaintzea, berandutze interesak ere barne. Bai kuota horiek bai berandutze interesak zirkunstantzia hori gertatu den ekitaldiko autolikidaziotik ateratzen den kuotari gehitu beharko zaizkio.
Bi.– Kenkaria film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpenak exekutatzeagatik.
1.– Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinema eta Ikus-Entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan izena emandako ekoizleek, film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpenaz arduratzen badira, eta ekoizpen horiek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat prestatzea serieko ekoizpen industrialaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuen 100eko 25 kendu ahal izango dute kuota likidotik.
2.– Apartatu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuek 500.000 eurokoak izan beharko dute gutxienez. Halaber, apartatu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten ekoizpenen kostuak gutxienez 2 milioi eurokoa izan behar du.
3.– Kenkariaren oinarria Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta ekoizpenarekin zuzenean erlazionatutako gastu hauek osatuko dute:
1) Sorkuntza arloko langileen gastuak, baldin eta haien zerga egoitza Espainian edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean badago, 50.000 euroko mugarekin pertsona bakoitzeko.
2) Industria teknikoak eta bestelako hornitzaileak erabiltzeagatik izandako gastuak.
4.– Xedapen gehigarri honetako zazpi apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, kenkariaren oinarritik gutxituko dira kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoak.
Bi apartatu honetan xedatutako kenkariaren oinarria ezingo da izan ekoizpen kostuaren 100eko 80 baino handiagoa.
5.– Kenkari honen zenbatekoa ezingo da izan 2,5 milioi eurotik gorakoa, egindako ekoizpen bakoitzeko.
6.– Koprodukzioen kasuan, bi apartatu honetan xedatutako kenkaria ez da aplikagarria izango koproduktore batek xedapen gehigarri honetako bat apartatuan xedatutakoa bezalako kenkaria edo antzeko bat aplikatzen duenean.
Hiru.– Liburugintzan egiten diren inbertsioek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat prestatzea serieko ekoizpen industrialaren aurretik, kuota likidoan 100eko 5eko kenkaria aplikatzeko eskubidea emango dute.
Lau.– Aurreko bat eta bi apartatuetan xedatutako kenkarien zenbatekoa, zergadunak jasotako gainerako dirulaguntzekin batera, ezingo da izan ekoizpen kostuaren ehuneko 50 baino handiagoa, salbu eta ekoizpena Europar Batasuneko estatu kide batek baino gehiagok finantzatutako mugaz gaindikoa denean eta ekoizpen horretan Europar Batasuneko estatu kide bat baino gehiagoko ekoizleek parte hartzen dutenean. Horrelakoetan, zenbateko hori ezingo da izan ekoizpen kostuaren 100eko 60koa baino handiagoa.
Aurreko paragrafoan xedatutako mugak ez dira aplikatuko ikus-entzunezko obra zailetan, ezta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen Garapenerako Laguntza Batzordearen zerrendan ageri diren herrialdeak partaide diren koprodukzioetan ere.
Erregelamendu bidez garatuko da zer kasutan hartu ahal izango den ikus-entzunezko obra bat zailtzat, xedapen gehigarri honetako bat eta bi apartatuetan araututako kenkarien ondorioetarako.
Bost.– Aurreko bat eta bi apartatuetan araututako kenkariak aplikatzeko, erregelamenduz ezartzen diren txosten arrazoituak aurkeztu beharko dituzte zergadunek, apartatu horietan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.
Txosten horiek kenkarien oinarria osatzen duten gastu eta inbertsioen zenbatekoa identifikatu beharko dute, eta lotesleak izango dira Zerga Administrazioarentzat, adierazitako baldintzak betetzeari dagokionez.
Sei.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, bat eta bi apartatuetan araututako kenkaria aplikatzeko eskubidea dutela frogatzen duten zergadunek onespena ematen dute frogatutako kenkariari buruzko datuak ezagutzera eman daitezen, Europako Batzordeak obra zinematografikoetarako eta ikus-entzunezkoen sektoreko beste ekoizpen batzuetarako estatu-mailako laguntzei buruz emandako Komunikazioan (2013/C 332/01) xedatutakoaren arabera, Batzordearen beste komunikazio batek sartutako aldaketak aintzat hartuta. Bigarren komunikazio horrek xedapen hauek aldatu ditu: Europako Batzordearen Komunikazioak, banda zabaleko sareak azkar zabaltzeko estatu laguntzei buruzko arauak aplikatzeko Europar Batasuneko Zuzentarauei buruzkoak; Eskualdeei zuzendutako 2014-2020 estatu laguntzei buruzko Zuzentarauak; obra zinematografikoetarako eta ikus-entzunezko sektoreko bestelako ekoizpenetarako estatu mailako laguntzei buruzko Zuzentarauak; arriskua finantzatzeko inbertsioak sustatzeko estatu laguntzei buruzko Zuzentarauak; eta aireportuetarako eta hegazkin konpainietarako estatu laguntzei buruzko Zuzentarauak (2014/C 198/02).
Aipatutako Komunikazioaren 52. apartatuko 7. zenbakian ezarritako informazioa argitaratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, bertan ezartzen diren baldintzetan.
Zazpi.– Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako kenkariei foru arau honetako 67. artikuluan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.
Zortzi.– Xedapen gehigarri honetako bat eta bi apartatuetan xedatutako ondorioetarako, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legeak 4. artikuluan jasotzen dituen definizioei jarraituko zaie.
Bederatzi.– Erregelamendu bidez baldintza edo obligazio osagarriak ezarri ahal izango dira xedapen gehigarri honetan zehaztutako kenkariak aplikatzeko, baita bost apartatuan adierazitako txostenaren edukiari eta bestelako edukiei dagokienez ere.
Hamar.– Xedapen gehigarri honen bat eta bi apartatuetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko kasu hauetako batean dauden entitateek egindako inbertsioei:
a) Europako Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren laguntzak berreskuratzeko agindu bati lotuta dauden enpresak, baldin eta agindu horretan laguntza bat legez kontrakotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat hartzen bada.
b) Krisian dauden enpresak, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an onartutako 651/2014 Erregelamenduak (EB), Zenbait laguntza mota Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituenak, 2. artikuluaren 18. apartatuan jasotakoari jarraituz.»
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako sortuko ditu ondorioak.