EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2019058

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitara ematen da enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2019-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201901525
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 27ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO 2019KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da kontuan hartzea toki-izaera hori enplegu-politiketarako, euren diseinurako eta kudeaketa-eredurako, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten jarduketak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, urriaren 23ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legearen testu bategineko enpleguaren oinarrizko arauan aurreikusi bezala.
Era berean, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, Euskadin eskualdeek duten indarra kontuan hartuta, eskualde-garapeneko jarduerak egitea jasotzen du jarraibideen artean, horien bidez eskualde guztietan eta modu orekatuan enplegu-aukerak eskaintzeko. Eskualde mailako jarduera horietan, lurraldeak berez dituen baliabideak eta ahalmenak identifikatzea eta baliatzea aurreikusten da, beti ere biztanleen bizi-baldintzak hobetzea ardatz hartuta; izan ere, eskualde bakoitzeko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzean jarduera ekonomikoa sortzen da, eta horretan oinarritu behar da eskualde mailako estrategia.
Eskualdeko garapenarekin loturik enplegua sortzeko ahalmena aprobetxatze aldera, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, besteak beste, orientabide hauek proposatzen ditu:
– «Eskualde» kontzeptua sustatzea, enplegu-politikei eta enpleguari lotutako politikei dagokienez. Planifikaziorako, zerbitzuak emateko eskala-ekonomiarako eta prestakuntza- eta enplegu-aukerak izateko, beharrezkoa da udalerri-taldeek (tamaina nahikoa duten eskualdeak osatzen dituzte udalerri horiek) eskaintzen dituzten sinergiak aprobetxatzea.
– Espezializazioa eskualde mailan, betiere osagarritasun ikuspuntu batetik abiatuz.
– Kapital soziala aprobetxatzea.
– Enpresa-berrikuntza sustatzea.
– Berrikuntza soziala babestea.
– Eskualdean jarduten duten eragile guztien koordinazio eta lerrokatze maximoa.
Urriaren 16ko 3/2011 Legeak honako eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, beste batzuen artean: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko tokiko erakundeekin lankidetzan.
Eginkizun horien jardunean, eta 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.
Lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeen artean askok eta askok lortu dute enplegua, eta emaitza on horiek kontuan hartuta, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (Lanbidek aurreko ekitaldietan onartutako deialdiak), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2019-2020ko aldirako. Eta horretarako, hogeita bi milioi euroko funtsa bideratuko da.
Deialdi horretan, kontuan hartu dira 55 urtetik gorako pertsona langabeek kontratuak lortzeko dituzten zailtasunak; izan ere, zailtasun horien ondorioz lan-merkatutik behin betiko baztertuta geratu baitaitezke. Hori dela eta, kolektibo horretako kideak kontratatzea indar handiagoz bultzatu behar da. Hala, enplegua sustatzeko neurriren artean, deialdi honetan kolektibo horretako kideak kontratatzeko berariazko kuota ezarri da.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Alde horien erakusgarri dira EINen biztanleria aktiboari buruzko inkestaren 2018ko laugarren hiruhilekoko datuak; izan ere, emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino 7 puntu txikiagoa dela nabarmena da (% 68,56 emakumezkoen langabezia-tasa eta % 75,53 gizonezkoena). Datu horiek erakusten dute izugarrizko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan, eta bertan behera utzi behar dela desoreka hori.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko saioan, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen 2019rako deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:
1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.
Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeei laguntzak ematea, jardueraren xede den lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa bultzatze aldera enplegua sortzeko proiektuak martxan jar ditzaten, horien bidez Euskadiko eskualde guztietan modu orekatuan enplegu-aukerak sortzeko, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz.
Era berean, tokiko erakundeek sustatutako proiektu estrategikoen esparruan enpresei dirulaguntzak ematea ere aurreikusten da, aurrez aipatutako helburu berarekin.
Deialdi honekin lortu nahi den azken helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeen enplegagarritasuna hobetzea.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.
1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagun daitezke diruz, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egindakoak eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua dutenak.
Oro har, tokiko enplegu-proiektuak EAEko eskualde bakoitzaren arabera multzokatuta lagunduko dira diruz. Horretarako, eskualde jakin horretako udalerrien gehiengoak edo gutxienez biztanleen % 51ek adostu beharko dituzte proiektuok, udal-erroldaren 2016ko urtarrilaren 1eko Berrikuspenaren arabera. Proiektuak mankomunitate, kuadrilla, udalerri-multzo edo tokiko garapen agentziek aurkezten dituztenean, eta, haien osaeraren arabera, gehiengoa osatzen dutenean, adostasun hori dagoela ulertuko da. Gainerakoan, eskabidea egiten duen erakundeak egiaztatu egin beharko du adostasun hori.
Deialdi honen ondorioetarako, eta erreferentziazko irizpide gisa, I. eranskinean zerrendatutako 30ak hartuko dira EAEko eskualdetzat.
2.– Salbuespenez, aurreko atalean adierazitako eskualde izaera hori ez duten tokiko enplegu-proiektuak lagundu ahal izango dira diruz, honako kasu hauetan:
a) Egitura sozioekonomiko berezitua, eskualdekotze naturala edo zerbitzuen kudeaketa mankomunatua direla medio, horrela justifikatzen badute behar bezala.
b) Proiektuak 24.000 biztanletik gorako udalerrietarako badira, betiere udal-erroldaren 2016ko urtarrilaren 1eko Berrikuspenaren arabera.
3.– Horretaz gain, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten berrogeita hamar herri horietatik datozen proiektuak sustatuko dira. Ondorio hauetarako, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten eremuak izango dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuak ez ezik, 2018ko abenduan % 11tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak ere, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enplegu-eskatzaile langabetuen estatistika-fitxategia (deialdi honetako II. eranskinean dago adierazita).
4.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Artikulu honetako 6. zenbakian deskribatutako ekintza-motak izan behar dituzte.
b) Deialdi honen III. eranskinean udalerri eta/edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua ez dute gainditu behar.
c) Proiektuko ekintzen hasierak (enplegua sustatzeko egindako kontratazioak edo tokiko erakundeen kontratazioak burutzeko dirulaguntza deiadien oinarrien argitalpena) data hauen artean egon behar du: EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 2019ko abenduaren 31 arte. Amaiera data, gehienez, 2020ko ekainaren 30ean izango da.
Enplegua Sustatzeko Proiektuetan (1. mota eta 3. mota), beren ezaugarriengatik fase ezberdinetan burutu beharrekoak badira, aurreko paragrafoan ekintzen hasierari dagokionez aipatutakoa, nahitaez hasierako faseari aplikatuko zaio. Hala ere, kontratazioak egin ahalko dira 2019ko abenduaren 31tik aurrera ere, baldin eta egoera hori entitateak behar den moduan justifikatu badu eta Lanbidek hala baimendu badu emate-ebazpenean.
5.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso deialdi honen babesean, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.
Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.
6.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:
6.1.– Mota. Enplegua sustatzea.
6.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.
Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta laguntzaren erakunde onuradunek egingo dituzte zuzenean; bestela, haien mendeko erakundeek edo zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, beti ere Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan izena emanda badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.
Hirugarrenekin hitzartutako jarduera, % 100erainokoa izan ahalko dena, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.
Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.
6.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:
a) Tokian-tokian egiten diren onura publikoko edo interes sozialeko jarduerekin erlazionatuta egotea.
b) Ez eragitea langileak ordezkatzea erakundeen egiturazko lanak egiteko zerbitzuan.
c) Tokiko erakundeek ezin dute kontratatu aurreko deialdietan kontratatutako pertsonak, salbue eta izangai librerik ez badago. Baldintza hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu eta informatuko du.
d) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.
Dirulaguntza horiek emateko, kontratazio-aldia artikulu honen 4.c) artikuluan ezarritako epeen barruan egon behar du. Aprtatu honetan ezarritako kontratuen gutxieneko iraupena kontratazio-aldiaren barruan sartu behar da, baina horrek ez du galarazten 2020ko ekainaren 30aren ondoren bukatzea.
e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.
f) Kontratatuek langabeak izan eta izena emanda egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa.
g) Eskualde edo udalerri batean egiten diren kontratu guztien % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak kontratatzeko izango dira.
Gainerako ehunekoak kolektibo hauetako batekoak beharko du izan:
● 35 urtetik beherako pertsonak.
● 45 urtetik gorakoak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa kontratatu aurretiko 180 egun eman badute.
● 55 urtetik gorako pertsonak.
● Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurreko 540 egunetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian gutxienez 360 egun eman dutenak.
● Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta haien elkarbizitza-unitateko kideak ez ezik, honako hauek ere hartzen dira gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonatzat:
– Hemezortzi urtetik hogeita hamarrera bitarteko gazteak, adingabeak babesten dituzten erakundeetatik datozenak.
– Drogazaletasun-arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.
– Espetxean egonik, beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen eta beren lan-harremana uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan ez duten presoak, baita baldintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.
– Preso adingabeak, adingabekoen zigor-erantzukizuna arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, eta beren egoeragatik enplegu bat eskura dezaketenak, eta beren lan-harremana uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako adierazitako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan ez dutenak, baita zaintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.
– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.
– Desgaitasuna dutenak.
– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako adin txikikoren bat dutenei, beti ere familia-unitateko kideen bataz besteko banakako errenta ez bada lanbide-arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa. Agiri bidez behar bezala egiaztatu beharko dira aurreko baldintza horiek.
– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoak.
h) Kontratatutakoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute.
i) Kontratatutakoen % 15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan behar dute.
6.1.3.– Aurreko 6.1.2 atalean adierazitako ehunekoak aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.
Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 6.1.2 zenbakiaren g), h) eta i) letretan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.
Tokiko erakundearen esparru geografikoan ez badago kolektibo horietako pertsona langabeturik, ez da gutxieneko ehunekorik bete beharko, beti ere tokiko erakundeak behar bezala ematen badu horren berri, eta, behar izanez gero, baldintza hori egiaztatzen badu. Eta, orobat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horrela dela egiaztatu eta jakinarazten badu.
6.2.– 2. mota. Kontrataziorako laguntzak.
6.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte laguntzaren erakunde onuradunek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.
Ondorio horietarako, dagokion tokiko erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.
Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:
a) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik. Kontratuaren iraupena zenbatzeko, luzapenak ere kontuan hartuko dira, beti ere hasierako kontratua gutxienez 3 hilabetekoa bada.
Dirulaguntza horiek emateko, kontrazio-aldiak Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendutako Tokiko Erakundeen deialdien oinarrietan ezarritako epeen barne egon behar du. Horretarako, atal honetan ezarritako kontratuen gutxieneko iraupena kontratazio-aldiaren barne eman behar da. Kontratua, alabaina, 2020aren ekainaren 30aren ondoren bukatu daiteke.
b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.
6.2.2.– Diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 3 hiletan enpresak batez beste duen langile kopuruari begira. Toki-erakundeak egiaztatu beharko du hori.
6.2.3.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea:
– Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.
– Enpresa berak langile bera kontratatzea, aurreko deialdietan ere diruz lagundu bada.
6.2.4.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko zenbakietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.
Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio tokiko erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.
Tokiko erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.1.b) artikuluan jasotako berak izango dira.
6.2.5.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, eta kontratazio horietara bideratu beharko dute dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa. Aurreikuspen horrek oinarri arautzaileetan jasota egon beharko du.
Adierazitako ehuneko hori aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.
Ehuneko hori erdiesten ez bada, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.
6.2.6.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.
6.3.– 3. motakoak. Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk.
6.3.1.– Ekintza-lerro hau langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta, II. eranskinean jasotakoetara, hain zuzen.
Proiektuek ezaugarri hauek izan ditzakete:
a) Lehen aipatutako 1. eta 2. motetako jarduketak, eskualde eta udalerri guztiei hasiera batean esleitutako aurrekontuarekin aurrera eraman ezin izan direnak.
b) Aurreko a) atalean jasota ez dauden toki-garapeneko beste ekintza batzuk, baldin eta haien helburu nagusia enplegua sortzea bada, eta jarraian aipatutako enplegu-nitxoetan kokatzen diren proiektu berritzaileak badira:
Atal honetan diruz lagunduko direnak:
1.– Eskualde- eta toki-esparrura bideratutako proiektuak.
● Hiri-plangintza eta -lehengoratzea.
● Hiri- eta kultura-ondarea.
● Ekosistemak eta ingurumeneko proiektuak.
● Gizarte-eraldaketa.
2.– Biozientziei lotutako proiektuak.
● Gizarte- eta osasun-arreta.
3.– Energiarekin erlazionatutako proiektuak.
● Energia berriztagarriak.
● Hondakinen eta uren kudeaketa.
4.– Teknologia jasangarria ezartzeko proiektuak.
● Energia-birgaitzea.
● Ingurumen-errehabilitazioa.
3.b) motako proiektuak 1. motako ekintzekin osatu beharko dira nahitaez.
b) atal honetan jasotako proiektuek, kasu guztietan, berekin ekarri beharko dituzte diruz lagundu nahi den proiektuari dagokion lurralde-esparruaren azterlan estrategikoa eta martxan jar daitezkeen toki-garapeneko proiektuetara bideratutako jardun bat.
6.3.2.– Salbuespen kasuetan, beste zenbait jarduera mota osagarri ere onartu ahal izango dira (deialdi honetan jasotakoen osagarriak), hala nola lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurri lagungarriak, 1. eta 2. motako ekintzen osagarri izan daitezkeenak.
6.3.3.– Aipatutako 3. motako ekintza hauetan ez da onartuko nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako jarduerarik, ezta prestakuntzako jardunik ere, modalitatea edozein dela ere.
6.3.4.– Proiektuok onartzeko edo errefusatzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak laneratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.
6.3.5.– Proiektu horiek egiteko, kanpoko baliabideak kontratatuz gero –% 100eraino izan ahalko dira–, erakunde onuradunak Lanbideri aurkeztu beharko dio, kontratua egin aurretik, egin nahi duen kontratu horren agiri bidezko justifikazioa, eta jakinarazi beharko dio zein den kontratuaren erakunde esleipenduna.
6.4.– 4. motakoak. Proiektu estrategikoak.
6.4.1.– Laguntza hauen helburua laguntza ekonomikoa ematea da, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak kontratatzeko erraztasunak emateko, oinarri teknologiko eta berritzailea duten enpresek enpresa-proiektu hedatzaile berriak ezar edo gara ditzaten, interes estrategiko handikotzat jotzen baitira garapen teknologikorako eta berritzailerako.
Proiektu estrategikotzat joko dira toki-eremutik sustatutako berariazko proiektuak, eraginpeko udalerrietako enpresek enplegua sortzen laguntzekoak.
Kontratazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.
b) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.
c) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.
d) Kontratazioen hasierako data, beranduenez, 2019ko azaroaren 30a izango da.
6.4.2.– Diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 3 hiletan enpresak batez beste duen langile kopurua aintzat hartuta.
6.4.3.– Laguntza horiek emateko, proiektuak nahitaez izan beharko du Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), proiektuaren interes estrategikoa bermatu behar baitu txosten horrek.
6.4.4.– Deialdi honen ondorioetarako, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak izango dira eskakizun edo irizpide hauetako bat betetzen dutenak:
– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.
– I+G-n inbertsio ugari egina izatea.
– I+G proiektuak ustiatzea.
– Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.
– Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikorako sarbidea izatea.
– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.
– Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.
– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta ahalegin berezia egitea enpresaren jardueran eta negozio-ereduan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzeko.
Halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat hartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planaren programen babespean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria duten enpresa sortu berriak.
6.4.5.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.
6.4.6.– Enpresa onuradunak ez du administrazio publiko baten edo gehiagoren % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzenik edo zeharkakorik izango.
3. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 22.000.000 eurokoak dira, horietatik 12.000.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 10.000.000 euro 2020ko konpromiso-kreditukoak.
Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa edo, indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izango balitz, horren berri argitara eman beharko litzateke EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.
2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:
a) 15.500.000 euro, aurreko artikuluan adierazitako 1. eta 2. motetako jarduketak finantzatzeko; eskualde eta udalerri guztien artean banatuko da diru hori, 2018ko abenduan haietan dagoen biztanleria langabearen arabera, eta, gutxienez, 75.000 euro emango dira erakundeko.
b) 5.500.000 euro, langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara zuzendutako 3. motako jarduketetarako.
c) 1.000.000 euro, 4. motako ekintzetarako.
3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntzen aurrekontua deialdi honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko da.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluaren a) atalean xedatutakoaren arabera banatuko dira.
4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:
a) Enplegua sustatzeko jarduketak (1. motakoak).
Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.
Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla (tokiko erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.
b) Kontrataziorako laguntzak (2. motakoak).
b.1.– Lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.
b.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:
– DSBE prestazioa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.
– Lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak.
– Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurretiko 18 hiletan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian gtuxienez 360 egun eman dutenak.
– 55 urtetik gorako pertsonak.
Laguntzaren gehieneko muga 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.
c) Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuetarako laguntzak (3. motakoak).
c.1.– 1. eta 2. motetako ekintzak egiteko, gehieneko zenbatekoak artikulu honen a) eta b) letretan aurreikusitakoak izango dira.
c.2.– 2. artikuluaren 6.3.1 zenbakiaren b) letran aurreikusitako 3. motako proiektuei dagokienez, nahitaezko 1. motako ekintza osagarriak lagunduko dira diruz, aipatutako artikuluan mota horretako proiektuei buruz araututakoak betetzeko. Dirulaguntza 1. motako ekintzetarako zenbatekoa izango den adierazita dago artikulu honetako a) letran, baina % 10 gehiago. Halaber, aztertu ahal izango da berariazko kostu batzuk ordaintzea proiektuak egiteko eta aholkularitza pertsonalerako. Ez dira inola ere diruz lagunduko materialen eta inbertsioen kostuak.
d) Proiektu estrategikoetan kontratatzeko laguntzak (4. motakoak).
d.1.– Laguntzaren gehieneko muga 6.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.
Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.
d.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:
– DSBE prestazioa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.
– 35 urtetik beherako pertsonak.
– Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurreko 540 egunetan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian gutxienez 360 egun eman dutenak.
– 55 urtetik gorako pertsonak.
Laguntzaren gehieneko muga 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.
Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindutako soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.
d.3.– Mota honetako proiektuetarako adierazi den dirulaguntzaren zenbatekoari % 10 gehituko zaio, kontratu mugagabeak egiten badira.
2.– Proiektu-mota bakoitzerako adierazitako dirulaguntza guztiei % 10 gehituko zaie lanbide jakin batzuetan -emakumeak gizonezkoak baino % 50 gutxiago diren lanbideetan, hain zuzen-, emakumeak kontratatuz gero.
Lanbide horiek taula batean jasoko dira eta taula Lanbideren webgunean jarriko da, (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egun berean.
3.– Artikulu honetan (1.c.2, 1.d.3 eta 2. atalak) aurreikusitako gehikuntzak aplikatu ondoren, laguntzen amaierako zenbatekoa ez da izango tokiko erakundeak edo enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen edo gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoa.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honi loturiko dirulaguntzen onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:
a) 1. eta 2. motetako jarduerak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak, udalerri taldeak edo udalerriak, azken hauek beren izenean, hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen kasuan, eta 2.2 artikuluaren b) apartatuan aurreikusitako kasuan, bai eta haien mendeko tokiko garapen-agentziak, nortasun juridikoa dutenak.
Nortasun juridikorik ez duten udalerri taldeak direnean, diruz lagundutako proiekturen bat gauzatzeko konpromisoa hartzen duten udalerriak izango dira onuradun. Kasu guztietan, taldeko ahaldun bat izendatu beharko dute, eta onuraduna den aldetik taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar adina ahalorde emango dizkiote ahaldun horri.
Ezingo dira onuradun izan udalerri berean proiektuak garatzen dituzten bi entitate. Mankomunitateak, kuadrilak, udalerri taldeak edo udalerriak eskatu ahal izango dute dirulaguntza, lehentasunez, edo, bestela, tokiko garapen-agentziak. Azken honek egiten badu eskaera, berak egikaritu beharko ditu proiektuak, eta egiaztatu beharko du proiektuen eraginpeko udalerriak ados daudela.
b) Hirugarren motako jarduketen kasuan, aurreko letran adierazitako entitateez gain, proiektua bakarka aurkeztu duten udalerriak ere izan daitezke onuradun.
c) 4. motako jardueren kasuan, tokiko enpresa pribatuek ere jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak. Proiektua sustatzen duen tokiko erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat, beti ere 2. artikuluaren 6.4.4 atalean adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
b) Erakunde eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (IV. eta V. eranskinak), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.
Era berean, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Nortasun juridikorik ez duten udalerri taldeen kasuan, haien ordezkariak aurkeztuko du eskaera.
3. motako proiektuetarako (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) laguntzak eskatzeko, proiektua sustatzen duten mankomunitateek, kuadrillek edo udalerri taldeek aurkez dezakete eskabidea, edo, zuzenean, jarduketak sustatzen dituzten udalerriek. Inola ere ezin izango da jardun bat eskabide batean baino gehiagotan sartu.
4. motako proiektuen kasuan (Proiektu estrategikoak), enpresek aurkeztu beharko dute eskabidea.
3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) 1. motako (Enplegua sustatzea), 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 3. motako (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) jarduketetarako:
a.1.– Eskualde mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, IV. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.
Nortasun juridikorik ez duten udalerri taldeen kasuan, proiektu bakoitza aurrera eramateko konpromisoa hartzen du(t)en udala edo udalak aipatu beharko da/dira.
a.2.– Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.
a.3.– Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan aintzat hartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.
b) 4. motako proiektuetarako laguntzak eskatzeko:
b.1.– Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskaera, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
b.2.– Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
b.3.– Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundea eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.
b.4.– Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko nahitaezko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), ekimenaren interes estrategikoari buruzkoa.
b.5.– Udal sustatzailearen ziurtagiria edo dokumentua, aipatutako proiektuetako partaidetza egiaztatzeko edo adierazteko.
4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko zenbakian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:
– 1. motako (Enplegua sustatzea), 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 3. motako (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) jarduketetarako: Aurkezteko epea hamabost egun izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
– 4. motako (Proiektu estrategikoak) jarduketetarako, epea irekita egongo da 2019ko urriaren 15era arte.
7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura ez da berbera jarduketa-mota guztietarako:
a) 1., 2. eta 3. motetako jarduketetarako, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.
2.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, hor araututako aukerak baliatzen dituen/dituzten udalerriaren edo udalerrien eskualdeari dagokion aurrekontua eskualde horretako udalerrien artean banatuko da, 2018ko abenduan udalerri horietan zeuden langabetuen proportzioan. Horrela zehaztuko da zer aurrekontu esleitu bakoitzari.
Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2018ko abenduan, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.
Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea onartu egin dela.
b) Segidako konkurrentzia izango da 4. motako (Proiektu estrategikoak) jarduketetarako laguntzak emateko prozedura.
Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea onartu egin dela.
3.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta esleipen-ebazpenak espresuki eta banaka jakinaraztea eragotzi gabe, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zenbat jasoko duten ere adieraziko da. Halaber, erabaki bada erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea, hori ere adieraziko da.
8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honetan 1., 2. eta 3. motako jarduketak gauzatzeko ematen diren laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:
a) Lehenik, % 55 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2019ko aurrekontuaren kontura.
b) Bigarrenik, gainerako % 45a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2020. urteko aurrekontuaren kontura.
2.– Deialdi honetan 4. motako jarduketak gauzatzeko ematen diren laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:
a) Lehenengo, emandako dirulaguntzaren % 45 ordainduko da, 2019ko aurrekontuaren kontura, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, aldez aurretik agiri hauek aurkeztuta (2019ko azaroaren 30a izango da horretarako azken eguna):
– Egindako kontratuen kopia.
– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena 2. artikuluaren 6.4.5 atalean xedatutakoarekin bat etorriz.
– Enpresa sortu berria bada, «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izeneko bi txosten, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lan-zentro guztiei buruz. Txosten horietako bat kontratatutako pertsonei enpresan alta eman aurreko hiru hilabeteei buruzkoa izango da, eta, bestea, kontratazioaren alta egunekoa.
b) Bigarrenik, gainerako % 55a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ostean. Bigarren zati hori 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko da.
Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Aurrez adierazitako 1., 2. eta 3. motako dirulaguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:
a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:
– Gauzatutako jardueren deskribapena.
– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.
– 1. motako jarduketetarako, agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
– 3. motako proiektuak gauzatzeko izandako kanpo-gastuak.
– Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokienez.
– Hobekuntza-ekintzak.
– Erabilitako baliabideak.
– Kostu ekonomikoa.
b) 1. motako proiektuen kasuan (Enplegua sustatzea), irabazi-asmorik gabeko erakundeak arduratu badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten agiriak.
c) 3. motako proiektuen kasuan (Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk), kanpo-baliabideak kontratatu badira, kontratu horien kopia bana aurkeztu beharko da, baita enpresa edo erakunde esleipendunari egindako ordainketen egiaztagiriak ere.
d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.
2.– 4. motako dirulaguntzen enpresa onuradunek amaierako memoria bat aurkeztu beharko dute 2020ko azaroaren 30a baino lehen, eta honako hauek jaso beharko dituzte memoria horretan:
– Kontratatutako pertsonen zerrenda, zer taldetakoak diren, kontratuen iraupena eta langile horien soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak.
– Diruz lagundutako epealdiko nominak, eta horiei dagozkien ordainagiriak eta epe bereko kotizazio-likidazioen ordainagiriak (diruz lagundutako langileenak). Mugagabeko kontratuen kasuan, aurrez adierazitako agiri berak aurkeztu beharko dira, baina soilik kontratazioko lehen urtekoak.
3.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.
4.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.
5.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira edo aurreneko hamabi hilabeteetan kontratu mugagabeen kasuan, itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, beti ere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.
c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.
g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:
– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan zein elkarrizketetan.
– 1. motako jarduketei dagokienez, hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.
– Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatu bat, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
1.– Deialdi honetan jasotako 1. motako proiektuen (Enplegua sustatzea) eta 3.1.a) eta 3.1.b) motako proiektuen (Enplagu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) dirulaguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
Tokiko erakundeek edo horien mendeko entitateek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.
2.– Deialdi honetako 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) eta 4. motako (Proiektu estrategikoak) eta 3.2 motako proiektuen (Enplagu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk) proiektuetarako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandakoekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.
12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.
2.– Deialdi honetako 2. artikuluaren 6.1.2. zenbakian zehaztutako gutxieneko betekizunak bete ezean (kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion ehunekoak finkatzen dira artikulu horretan), aldatu egingo da emandako laguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu behar den kontratatu-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.
Halaber, dirulaguntza aldatu egingo da deialdi honetako 2. artikuluaren 6.2.5 zenbakian zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.
3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.
13. artikulua.– Babesa.
1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunek ekitaldi horiek ez jakinaraztea emandako laguntzaren % 10a itzultzeko kausa izan liteke. Laguntza osoa ere ken dakieke arau-haustea berriz eginez gero. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.
b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, dirulaguntzako zenbatekoak gehi dirulaguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.
15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.
3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, ez-betetzeren bat dagoela ulertuz gero, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.
4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
16. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetako dirulaguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta garraiatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/
17. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan 2. artikuluaren 6.4 atalean araututako proiektu estrategikoak (4. motakoak) egiteko aurreikusitako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» arauarekin. Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) arautzen da «minimis» arau hori. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
18. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era barean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).
I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESKUALDEAK
II. ERANSKINA
LANGABEZIA-TASA HANDIAK DITUZTEN EREMUAK. 2018KO ABENDUKO DATUAK
III. ERANSKINA
AURREKONTUAREN BANAKETA: LURRALDE-ESPARRUAK ETA DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN JARDUERAK
IV. ERANSKINA
11A ESKABIDEA
LANA ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO DIRULAGUNTZAK
V. ERANSKINA
11B ESKABIDEA
LANA ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO DIRULAGUNTZAK PROIEKTU ESTRATEGIKOAK