EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2019057

AGINDUA, 2019ko otsailaren 6koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak.

Xedapenaren data: 2019-02-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201901486
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, eskabide bat jaso zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren eta aurkeztutako eskritura publikoan adierazitako artikuluen aldaketak inskribatzeko eskabidea jaso zen. Fundazioaren patronatuak erabaki zuen aldaketa horiek egitea, 2018ko irailaren 13an. Eskabide-idazkiari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion. Agiriok Fundazioen Erregistroak eskatu eta gero zuzendu ziren. Idazkia 2019ko urtarrilaren 24an sartu zen sailean.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta ondoren ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.
Era berean, 6/1985 Lege Organikoaren 37.1 artikuluan, honako hau ezartzen du:
«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.
Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburuak errespetatzen dituztela bermatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango erregistroan inskribatu aurretik babeslaritza onartzea.
Edonola ere, estatutu-aldaketa fundatzaileek jarritako helburuak aldatzean edo ezabatzean badatza eta betiere posible bada hori egitea, babeslaritzaren berariazko onarpena eduki beharko da erregistroan inskribatu baino lehen».
Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluak eta lehenengo xedapen iragankorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikulua. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikatu beharrekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Ikusi dira aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta, beraz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Gasteizko «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» izeneko fundazioaren estatutu-aldaketa, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitzen, eta baita fundazioaren xedeei buruzko artikuluaren eta aurkeztutako eskritura publikoan adierazitako artikuluen aldaketak ere, eskritura publiko horretan jasotakoaren arabera. Eskritura publiko hori 2018ko urriaren 1ean egiletsi zen María del Camino López de Heredia San Juliána notarioaren aurrean (protokolo zk.: 1.428).
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 6a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.