EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019055

38/2019 DEKRETUA, martxoaren 12koa, zeinen bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari partaidetza izan dezan sare elektriko adimendunak ezartzea helburu duen Bidelek 4.0 izeneko ekonomia-intereseko taldean.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900038
Xedapenaren data: 2019-03-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201901433
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak dioenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
2018ko apirilaren 16an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak zera erabaki zuen: sare elektriko adimendunak ezartzeko ekonomia-intereseko talde batean parte hartzeko baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzari; Iberdrola Distribución-ekin batera parte hartuko luke talde horretan. Partaidetza hori lortzeko, kapital sozialari 14 milioi eta hogeita hamar mila (14.030.000) euroko ekarpena egingo zaio, hain zuzen ere hasierako kapital sozialaren % 46, hau da, 30 milioi eta bostehun mila (30.500.000) euro. Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazi bezala, eragiketa hori egiteko, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da.
Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak 2018ko apirilaren 16ko Erabakia argitzea erabaki zuen 2019ko otsailaren 18an; hona hemen argituta:
Zuzendari nagusiak gogora ekarri nahi du 2018ko apirilaren 16an Gobernu Kontseiluak baimena eman ziola Energiaren Euskal Erakundeari Bidelek 4.0 izeneko ekonomia-intereseko taldean partaidetza izateko, sare elektrikoak digitalizatzeko, Iberdrolarekin batera. Partaidetza guztizko kapital sozialaren (30.500.000 euro) % 46 da. Azaltzen du kapital sozialtzat jo zen zenbatekoa proiektuaren inbertsio osoa zela, baina eratzekoa den ekonomia-intereseko taldean finkatzen den beharrezko kapital soziala 10.000.000 eurokoa da. Beraz, Energiaren Euskal Erakundearen ekarpena 4.600.000 eurokoa izango da; hori dela-eta argitu behar da Energiaren Euskal Erakundeak Bidelek 4.0 taldean parte hartzeko baimendutako ehunekoa 10.000.000 euroko kapital sozialaren % 46 dela, hots, 4.600.000 euro.
Bidelek 4.0 ekonomia-intereseko taldearen helburua banaketa elektrikoko sare adimendunak ezartzea izango da.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 12an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen zaio Bidelek 4.0 ekonomia-intereseko taldearen kapital sozialean parte hartzeko (helburua: sare elektriko adimendunak ezartzea), lau milioi seiehun mila (4.600.000) eurorekin; zenbateko hori da, hain zuzen ere, hamar milioi (10.000.000) euroko guztizko kapital sozialaren % 46.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik bertatik eragingo ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 12an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.