EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019054

27/2019 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Uraren Euskal Agentziaren eta Osasun Sailaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, kontsumo publikoko eta bainu-guneetako uren kalitatea babestearen esparruan.

Xedapenaren zenbakia: 201900027
Xedapenaren data: 2019-03-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201901400
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Uraren Euskal Agentziaren eta Osasun Sailaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, kontsumo publikoko eta bainu-guneetako uren kalitatea babestearen esparruan. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 12KO 27/2019 EBAZPENARENA
URAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA OSASUN SAILAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, KONTSUMO PUBLIKOKO ETA BAINU-GUNEETAKO UREN KALITATEA BABESTEAREN ESPARRUAN
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 31.
BILDURIK:
Ernesto Martinez de Cabredo Arrieta jauna, Uraren Euskal Agentziako zuzendaria, eta Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea.
PARTE HARTZEN DUTE:
Lehenengoak Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia delako, eta Estatutuen 7.2.g) artikuluak ematen dion eskuduntzari jarraikiz.
Bigarrenak Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea delako, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 5.g) artikuluan ematen dion eskuduntzari jarraikiz.
Bi aldeek aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau egiteko legezko gaitasuna, eta
AZALTZEN DUTE:
Lehenengo.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretua azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren babespean eman zen, eta haren arabera, bada, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio honako eginkizun hauek betetzea, besteak beste:
– Osasuna babesteko politikak garatzea, gauzatzea eta ebaluatzea, batez ere, ingurumen, elikadura eta uren arloko segurtasun eta osasunarekin zerikusia daukaten programa guztiak, arrisku fisiko, kimiko zein biologikoei dagokienez.
– Sanitatearen arloko agintari gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa, eta esku-hartze publikoak elikadura-higiene eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, biozidetan, osasun-hondakinen kudeaketan eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jarduera guztietan.
– Osasun publikoko laborategiei dagokienez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren ardura da honako eginkizun hauek betetzea: a) Osasun publikoko laborategietara esleitutako bitarteko material eta ekonomikoak nahiz giza baliabideak koordinatu eta ikuskatzea. b) Laborategietan kalitatea bermatzeko sistemak estandarizatzea eta analisien kalitatea bermatzea. c) Babes-programei erantzuteko beharrezkoak diren analisi-teknikak berrikusi, eta, hala badagokio, sartzeko plangintza ezartzea. d) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren, beste sail eta erakunde batzuen nahiz kanpoko beste agente batzuen erantzun analitikoa planifikatu, koordinatu eta kudeatzea.
Bigarren.– Ekainaren 26ko 1/2006 Legearen bidez sortu zen Uraren Euskal Agentzia, ingurumenaren gaineko eskumena duen Sailera atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, eta erakunde hori bera arduratzen da uren arloaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen eremuan. Beraren erantzukizuna dira, era berean, honako eginkizun hauek:
– Aipatu 1/2006 Legean plangintza hidrologikorako aurreikusitako tresnak prestatu eta Jaurlaritzari bidaltzea, eskumena duten erakundeetan agiri horiek onartu, aldatu edo izapidetzeko.
– Erkidegoen arteko arroen Estatuko Plangintza Hidrologikoan parte hartzea, beren araudi erregulatzailearen arabera.
– Jabari publiko hidraulikoa eta itsaso eta lehorraren arteko jabaria babesteko esku-hartzeak egitea, bereziki administrazioaren emakida eta baimenak ematea eta jabari publiko hidraulikoaren eta kostetako jabariaren araudiarekin bat ez datorren arau-hausterik gertatzen ote den zaindu eta ikuskatu eta, halakorik bada, dagozkion zehapenak ezartzea.
Hirugarren.– Ondorioz, bai otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretuan (Giza kontsumorako uren kalitatearekin loturiko osasun-irizpideak ezartzen dituenean), bai urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuan (bainu-uren kalitatearen kudeaketari buruzkoan) berariaz ezartzen dira osasun-agintaritzentzako eta administrazio hidraulikoentzako betebeharrak, eta horien artean nabarmentzen dira, besteak beste, kontrol analitikoekin, sortutako informazioa bateratzearekin eta jardueren artean beharrezkoa den koordinazioarekin lotutakoak.
Laugarren.– Bai Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, bai Uraren Euskal Agentziari beharrezkoa iruditzen zaie lankidetza-esparru egonkorra ezartzea, besteak beste honako hauek zehaztuko dituena: informazioa zaindu, kontrolatu, tratatu eta ebaluatzeko zereginak diseinatu eta betearazteko modua, eta, hala badagokio, urak babesteko planak elkarlanean ezartzeko modua, giza kontsumorako eta bainu-guneetarako ura ekoizteko.
Bostgarren.– Bai Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, bai Uraren Euskal Agentziak uste dute lankidetza-esparru egonkorra ezartzean areagotu egingo dela bi erakundeek dituzten giza baliabideen eta bitarteko teknikoen eraginkortasun-maila.
Seigarren.– Bai Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, bai Uraren Euskal Agentziak uste dute lankidetza-esparru egonkor hau lagungarria izango dela aldian-aldian informazio esanguratsua emateko alderdi interesdun guztiei (tokiko erakundeei, udalei edo mankomunitateei, eta horniduren kudeatzaileei, eta hornitzaile eta banatzaileei), bai eta herritarrei, orokorrean, ere.
Zazpigarren.– Bai Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, bai Uraren Euskal Agentziak uste dute etorkizunean interes komuneko beste arlo edo gai batzuk egon daitezkeela, lankidetza-hitzarmen honetan sartzeko modukoak.
Zortzigarren.– Bi alderdiak bat datoz bientzat deskribatutako lanaren eta eskumenen arabera ezarritako helburuekin, eta lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauek tartean:
KLAUSULAK
Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da hainbat jarduera finkatzea, giza kontsumorako eta bainu-guneetarako ura ekoizteko urak hobeto babeste aldera, osasuneko eta ingurumeneko alderdiak modu integratuan aurreikusita.
Hitzarmen-esparruko jarduerak.
Hitzarmen honen esparruan aurreikusitako jarduerak honako lan-ildo hauetan batu daitezke:
– Giza kontsumorako urak ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programa berrikusi eta betearaztea.
– Bainu-guneetako eragin-arloetako uren egoeraren jarraipena egiteko programa diseinatu eta betearaztea, bainu-uren profilen arabera.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-mailako goi-hornidurarako eskemak berrikusi eta egiaztatzea, giza kontsumorako urak ekoizteko ur-harguneen geoerreferentziazio-sistema baten bidez.
– Biztanleriaren osasunean eragiteko arriskua duten isuri-efluenteen jarraipena egiteko programa.
Konpromisoak
Bi alderdien konpromisoak.
Hitzarmen honen esparruan, bai Uraren Euskal Agentziak, bai Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak konpromiso hauek, oro har, hartzen dituzte beren gain:
– Hitzarmen honen xedean sartzen diren lanak era egokian egiteko dagoen eta beharrezkoa den informazioa bateratuko dutela, eta giza kontsumorako eta bainu-guneetarako urak ekoizteko uren kasuan, bereziki erreparatuko diotela kutsadura-arriskuari buruzko informazioari, arrisku horiek murrizteko jardueren planteamenduari, eta jarduera horien eraginkortasun-mailari.
– Kontsumo publikoko uren eta bainu-guneetarako uren babesa hobetzeko jarduera-proposamenak eta ikerketa-lerroak proposatuko dituztela.
– Giza kontsumorako eta bainu-guneetarako ura ekoizteko urak kutsatzeko arriskuak antzemateko orduan elkarrekin komunikatzeko protokoloak ezarriko dituztela.
– Jarduera- eta koordinazio-protokoloak garatuko dituztela, eta horietan beste agente batzuek ere parte hartu ahal izango dutela, tartean saneamendu- eta arazketa-kudeatzaileek eta giza kontsumoko ura hornitzen duten erakundeek, pertsonen osasuna babestu eta uraren kalitatea hobetze aldera.
– Hitzarmen hau hobeto betetzeko eskatzen diren lankidetza eta laguntza emango dituztela, eta, beharrezkoa bada, beste erakunde eta organismo batzuen koordinazioa, eta, hala badagokio, partaidetza antolatuko dituztela, hitzarmen honen xedean sartzen diren lanak modu hobean garatze aldera.
– Hitzarmen honen esku jarriko dituztela hitzarmen honetan planteatzen diren lanak era egokian egiteko giza baliabideak eta bitarteko materialak, alderdiek hartutako aurrekontu-konpromisoen eta ekonomia eskuragarriaren barruan.
– Elkarlanean ebaluatuko dituztela hitzarmen honetan planteatzen diren lanen emaitzak, eta, hala badagokio, ebaluazio-txostenak egingo dituztela.
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak dituzten plataformen artean informazioa trukatzeko sistemak hobetuko dituztela.
– Aldian-aldian informazioa emango diotela hitzarmen honen 4. klausulan sortzen den jarraipen-batzordeari, bertan planteatzen diren lanak era egokian egiteko edozein gertaera esanguratsuren gainean.
Giza kontsumorako urak ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programa betearaztearekin lotutako konpromisoak.
Giza kontsumorako urak ekoizteko urekin lotuta, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, Uraren Euskal Agentziak zin egiten du:
– Aldian-aldian jakinaraziko dizkiola Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen gune babestuen erregistroko berrikuspenak, edateko ura ekoizteko uren gainean, aplikagarri den araudiaren arabera.
– Giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipena egiteko programa berrikusiko duela, honako alderdi hauetan: kontrol-puntuak hautatzean, kontrol-maiztasunak eta aldagaiak esleitzean, eta gune babestuen erregistrora aldian-aldian egokitzean.
– Aldizkako kontrolak egingo dituela giza kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programan ezarritako puntuetan, hau da, laginak hartuko dituela jarraipen-programan ezarritako maiztasunen eta kokapenen arabera, Osasun Publikoaren Laborategiak (Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren menpe dagoenak) ezarritako eskakizun teknikoen arabera. Horren barruan, laginak modu egokian zaindu eta garraiatu beharko dira aipatu laborategiko bulegoetara.
– Laginak hartzen diren bakoitzean emaitza analitikoak eskuratuko dituela, in situ parametroen arabera.
Giza kontsumorako urak ekoizteko urekin lotuta, eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak zin egiten du:
– Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan arituko dela, gune babestuen erregistroa berrikusi eta mantentzeko lanetan, edateko ura ekoizteko urei dagokienez.
– Giza kontsumorako urak ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programa diseinatzen parte hartuko duela.
– Laginak hartzeko, zaintzeko eta horiek Osasun Publikoko Laborategiaren bulegoetara garraiatzeko beharrezko eskakizun teknikoak ezarriko dituela.
– Osasun Publikoaren Laborategian garatuko dituela giza kontsumorako urak ekoizteko uren egoeraren jarraipen-programa diseinatzean sortzen ziren zehaztapen analitikoak.
Bi erakundeek zin egiten dute giza kontsumorako ura ekoizteko uren kalitatearekin lotuta jasotzen duten informazioa bien esku egongo dela eta, horretarako, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren artean informazioa trukatzeko sistemak garatuko dituztela (ORALIMS, EKUIS, UBEGI eta DKT).
2019rako planteatutako helburua honako hau da: programa diseinatzea, hau da, kontrol-puntuak, kontrolaren maiztasuna eta lotutako parametroen multzoa; eta diseinu horren ziozko zereginak betetzea.
Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, 120 kontrol-puntu inguru (550 lagin) kontrolatuko dira, hiru parametro-multzoren bidez:
– I. profila: kutsadura fekalaren adierazle mikrobiologikoak eta oinarrizko adierazle fisikokimikoak. Profil honekin lotutako azterketa-kopurua 550ekoa dela kalkulatzen da.
– II. profila: I. profilean jasotako parametroez gain, maizen agertzen diren metalak, bai eta ur-motaren bereizgarri diren beste kutsadura-ezaugarri nagusi batzuk ere. Profil honekin lotutako azterketa-kopurua 300ekoa dela kalkulatzen da.
– III. profila: aurreko profiletako parametroak hartzen ditu barne, bai eta metalak, pestizidak eta Osasun Publikoaren interesekoak diren eta 817/2015 Errege Dekretuan jasotzen diren beste kutsatzaile batzuk ere. Profil honekin lotutako azterketa-kopurua 200ekoa dela kalkulatzen da.
Bainu-guneetako eragin-arloekin lotutako jarraipen-programa betearaztearekin lotutako konpromisoak, bainu-uren profilen arabera.
Jolas-erabilerako ur-masekin lotuta, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, Uraren Euskal Agentziak zin egiten du:
– Bainu-guneetako eragin-arloekin lotutako jarraipen-programa diseinatuko duela, bainu-uren profilen arabera, honako alderdi hauetan: ingurumeneko kontrol-puntuak hautatzean, kontrol-maiztasunak eta aldagaiak esleitzean, eta gune babestuen erregistrora aldian-aldian egokitzean.
– Aldizkako kontrolak egingo dituela bainu-guneetako eragin-arloekin lotutako jarraipen-programan ezarritakoaren arabera, hau da, laginak hartuko dituela ezarritako maiztasunen eta kokapenen arabera, Osasun Publikoaren Laborategiak (Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren menpe dagoenak) ezarritako eskakizun teknikoen arabera. Horren barruan, laginak modu egokian zaindu eta garraiatu beharko dira aipatu laborategiko bulegoetara.
Jolas-erabilerako masa edo guneekin lotuta, eta Uraren Euskal Agentziarekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak zin egiten du:
– Urtero jakinaraziko dizkiola Uraren Euskal Agentziari EAEko bainu-guneetako erroldaren berrikuspenak.
– Bainu-guneetako eragin-arloen jarraipen-programa diseinatzen parte hartuko duela.
– Osasun Publikoko Laborategian garatuko dituela bainu-guneetako ingurumenaren kontrol-puntuetan ezarritako jarraipen-programa diseinatzean sortzen diren zehaztapen analitikoak.
– Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan arituko dela bainu-uren profilak aldian-aldian egiteko orduan.
Bi erakundeek zin egiten dute bainu-guneen eta bainu-guneetako eragin-arloen kalitatearekin lotuta jasotzen duten informazioa bien esku egongo dela eta, horretarako, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren artean informazioa trukatzeko sistemak garatuko dituztela.
2019rako planteatutako helburua honako hau da: programa diseinatzea, hau da, kontrol-puntuak, kontrolaren maiztasuna eta lotutako parametroen multzoa; eta diseinu horren ziozko zereginak betetzea.
Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, 41 kontrol-puntu inguru (525 lagin) kontrolatuko dira, bi parametro-multzoren bidez:
– I-M profila: kutsadura fekalaren adierazle mikrobiologikoak. Profil honekin lotutako azterketa-kopurua 145ekoa dela kalkulatzen da.
– II-M profila: kutsadura fekalaren adierazle mikrobiologikoak, oinarrizko adierazle fisikokimikoak, eta kutsadura organikoaren adierazleak. Profil honekin lotutako azterketa-kopurua 525ekoa dela kalkulatzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-mailako goi-horniduraren eskemak berrikusi eta egiaztatzearekin lotutako konpromisoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-mailako goi-horniduraren eskemak berrikusi eta egiaztatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarekin koordinatuta, Uraren Euskal Agentziak zin egiten du:
– Hiri-mailako goi-horniduraren eskemetan inplikatutako elementuak geolokalizatzeko egindako edizioaren bisorea mantendu eta hobetuko duela.
– Geolokalizazio-aplikazioaren oinarrizko informazioa eguneratuko duela, Kontrol eta Zaintza Unitateek (KZU) sartutako datuak berrikusi eta egiaztatu ondoren.
– Harguneen, gordailuen eta edateko uren tratamendutegien koordinatuak jakinaraziko dizkiola Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, datuok EKUISen sar daitezen.
– Jasotako informazioaren osotasuna egiaztatuko duela, Uraren Euskal Agentziaren esku dagoena kontuan hartuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-mailako goi-horniduraren eskemak berrikusi eta egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak zin egiten du:
– Kontrol eta Zaintza Unitateei (KZU) prestakuntza-emango diela, hiri-mailako goi-horniduraren eskemetan inplikatutako elementuak geolokalizatzeko egindako edizioaren bisorea erabiltzeko moduaren gainean.
– KZUei eskatuko diela hiri-mailako goi-horniduraren eskemetan inplikatutako elementuen geolokalizazioa egiaztatu, aldatu edo eguneratu dezatela.
– Jasotako informazioaren osotasuna egiaztatuko duela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren esku dagoena kontuan hartuta.
Isuri-efluenteen jarraipena egiteko programa.
Arriskuak zaindu eta kontrolatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak zin egiten dute giza kontsumorako urak ekoizteko eta bainu-guneetan jolas-erabilerako masa eta guneetarako urak kutsatu ditzaketen isuri-efluenteen jarraipena egiteko programa diseinatuko dutela.
Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau betearazten ote den jarraipena egiteko, batzorde bat sortu da. Horren kide da, zehazki, alde sinatzaileetako bakoitza ordezkatzen duen pertsona bat:
– Uraren Euskal Agentziaren aldetik, zuzendari nagusia edo hark eskuordetzen duen beste pertsona bat.
– Osasuneko Sailburuordetzaren aldetik, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen beste pertsona bat.
Jarraipen-batzordearen egitekoak honako hauek dira:
– 6. klausulan adierazitako luzapen posibleak eta hitzarmena iraungitzeko aukera proposatzea, 7. klausulan adierazitakoaren arabera, administrazio sinatzaile bakoitzak egokiak diren izapideak garatu ondoren.
– Hitzarmen honetan ezarritako konpromisoen aldaketak proposatzea.
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, lanak behar bezala egiteko behar den bakoitzean elkartuko da batzordea, aldeetako edozeinen ordezkariak eskatuta.
Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
Hitzarmen hau administrazio-arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea eta bat datozen gainerako xedapenak bete beharko dira.
Hitzarmenak edo hitzarmenaren betearazpenak sorraraz ditzakeen interpretazio-arazoak jarraipen-batzordeak ebatziko ditu, aurreko klausulan esandakoari jarraituz; eta, horrela ezin badira ebatzi, urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoak) aurretiazko tituluko VI. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Hitzarmenaren ondorioak eta iraupena.
Hitzarmenak ez ditu esku-hartzaileak behartuko nork bere eskumenei uko egin edo haiek aldatzera, eta hitzarmenaren ondorio diren konpromisoengatiko erantzukizunak bakarrik hartzen dituzte bere gain.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean, eta indarrean egongo da 2019ko abenduaren 31ra arte. Epe hori amaitu baino lehen, aldeek aho batez erabaki dezakete hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urtez, aipatu 40/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.
Hitzarmena iraungitzea.
Aurreko klausulan aipatutako iraupen-aldia igarotzeagatik edo aldeek suntsiarazi egin dutelako iraungiko da hitzarmena.
Aldeetako batek onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du zorrotz bete dadin edo hitzarmena hautsi dadin eskatzeko.
Hitzarmena hausten bada, aldeek hura amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte.
Finantzaketa.
Lankidetza-hitzarmen hau sinatu duen aldeetako bakoitzak bere gain hartu beharko ditu hitzarmen honen arabera ezarritako betebeharren ziozko gastu propioak, indarrean den aurrekontu-araudia betez.
Eta horren guztiaren ondorioz eta horrekin guztiarekin bat, bi aldeek goiburuan adierazitako leku eta egunean sinatu dute hitzarmena bi aletan.
Osasuneko sailburuordea,
IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.