EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019051

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 5ekoa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, memoria demokratikoa berreskuratzeko liburuak argitaratzeko eta ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena 2019. urterako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-03-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201901319
Maila: Ebazpena
Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak) erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da betirako ohoratu eta berreskuratzea Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren, ETAren terrorismoaren eta legez kontrako kontraterrorismoen biktima guztiak. Eta, haiekin batera, euren senideak ere bai.
Lege hauek eratzen dute deialdi hau hartzen duen esparru juridikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako luzatu diren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Dirulaguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta, horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau, zeinak memoria demokratikoari buruzko funts publikoa sortzea baitu helburu.
Era berean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez (azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuak onartzen ditu estatutu horiek), Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta dirulaguntzak erregulatzea, deialdia egitea eta esleitzea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskadiko memoria demokratikoa Gerra Zibiletik gaur egunera arte berreskuratzeko asmoa duten liburu berriak argitaratzeko eta zinemarako, telebistarako edo plataforma digitaletarako ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egitea 2019. urterako.
2. artikulua.– Epealdia.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerak azken muntaketa edo postprodukzio fasean egon behar dira, ikus-entzumenezko ekoizpenen kasuan, eta azken edizio edo maketazio fasean, liburuen kasuan, eta, betiere, 2019ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Bi kasuetan (liburuak eta ikus-entzunezko ekoizpenak) memoria historikoa berreskuratzearekin eta oraintsuko memoriaren egia argitzearekin lotutako gaiak jorratu behar dituzte, giza eskubideen defentsaren ikuspegitik, eskubideon urraketen salaketa egiteko.
– Ikus-entzunezko ekoizpenak.
1) Dirulaguntza jaso ahal dute, muntaketa edo postprodukzio azken fasean dauden, ikus-entzunezko ekoizpenek.
2) 20 minutuko iraupena izango dute, gutxienez.
– Liburuak.
1) Testua berria izan behar da eta edizio edo maketazio azken fasean egon behar da.
2) Amaierako testuak 100.000 karaktere izango ditu gutxienez.
4. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Deialdi honetara, berrogeita hamar mila (50.000) euro bideraturiko dira guztira, 2019ko ekitaldirako luzatu diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2018ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Gehienez ere, liburuen kasuan bost mila (5.000) eurokoa izango da dirulaguntza eta hamar mila (10.000) eurokoa ikus-entzunezkoen kasuan, proiektu bakoitzeko.
3.– Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen duen entitateak aurtengo ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako dirulaguntzak deklaratu beharko ditu.
5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.
2.– Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko. Deialdi honen 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 14. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetara esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio. Eta behin kreditua agortu denean, salbuespenez, eskumena duen erakundeak dirulaguntzaren onuradunen artean prorrateatuko du.
6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, dirua proportzionalki banatzeko sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzean diruz lagunduko den zenbatekoa zehaztean, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan.
2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango, ezta 4.1 artikuluan ezarritako gehienez ezarritako 5.000 euro publikazioen kasuan eta 10.000 euro ikus-entzunezko proiektu bakoitzeko.
7. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan xedatu diren laguntzak.
2.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, hala dagokionean, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Dirulaguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.
3.– Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bildu eta 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
2.– Dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko deitzen dituen horiekin.
9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.
2.– Eskabideak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/subvencion/2019/liburuak eta dokumentalak/y22-izapide/eus
3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.
b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira –halakorik badago–, eta, bestela, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela ziurtatzeko.
c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak, lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.
d) Dirulaguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.
e) Dirulaguntzara aurkezten diren ikus-entzunezko piezak baloratu ahal izateko, eskatzaileek webgune bat aurkeztu eta horien sarbidea eman ahal izango dute edo pieza aurkeztu dezakete artxibo fisikoa bidaliz.
f) Dirulaguntzara aurkezten diren liburuak baloratu ahal izateko, eskatzaileak pdf dokumentua aurkeztu beharko du.
3.– Era berean, jarduerak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.
4.– Dagoeneko eginda dauden jardueretan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.
5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, 10 eguneko gehieneko epea emango die erakundeei, antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:
Burua:
Miren Aintzane Ezenarro Egurbide, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Epaimahaikideak:
– Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.
– Alaitz Vives Urbieta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko prentsa teknikaria.
– Itziar Arrazola Vallejo, Lehendakaritzako komunikazio arloko aholkularia.
Idazkaritza:
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko aholkulari juridikoa.
2.– Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.
14. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu gehienez.
• Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den.
• Orain arte jorratu ez diren edo tratamendu publiko txikiagoa izan duten gaiak lantzea, hala nola, gaiaren inguruko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna jasotzea.
– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 30 puntu gehienez.
• Proiektua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea.
• Eskatzailearen ibilbidea antzerako proiektuak aurrera eramaterakoan.
• Lanaren kalitate tekniko eta profesionala.
– Eskatzailearen dibulgaziorako gaitasuna, elkarte eta udalekin kolaboratzeko gaitasuna eta herritarrengan eragina izateko gaitasuna. 20 puntu gehienez.
– Zeharkako politikak (euskara eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna) prozesuan txertatzea. 20 puntu gehienez.
Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.
2.– Dirulaguntza esleitzeko, eskaerak 45 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.
15. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan erakunde onuradunen lehentasun-ordena ezarri, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 5., 6. eta 14. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.
2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deildi honen argitalpena eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren) 25. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako dirulaguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.
16. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Dirulaguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
2.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, eta baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.
3.– Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko arazoaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako onuradunek dituzten betebehar berezi eta oinarrizkoak bete behar dituzte.
4.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.
5.– Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez-sexista erabiliko dute diruz lagundutako proiektuetatik sortutako ekimenetan.
6.– Diruz lagundu den ikus-entzunezko ekoizpenaren finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egin beharko dute erakunde onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.
18. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
b) Bigarren ordainketa 2020an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2019ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egindako gastuak eta jasotako diru-sarrerak zehazten eta justifikatzen dituen memoria, ordainagiri eta guzti. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da. Bestetik, ikus-entzunezko produktu amaituaren kopia bat erantsi beharko dute justifikazioan.
2.– Goian aipatutako dokumentazioa, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da. Gainera, jarduera dirulaguntza honez gain, fondo propioekin eta beste dirulaguntza edo baliabideekin ordaindu denean, justifikazioan egiaztatu beharko da jarduera bakoitzerako zuzendu den zenbatekoaren jatorria.
3.– Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake.
Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.
4.– Artikulu honetan jasotzen ez denari dagokionez, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan araututakoa aplikatuko da.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, eta, kasuan-kasuan, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Edozein arrazoi dela-eta, diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.
21. artikulua.– Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.
1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:
a) Zegokion egunean aurkeztutako jarduera ikusita, jasotako dirulaguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.
b) Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko titularrak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.
c) Eskabidean, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.
2.– Erakunde onuradunek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean ondorioak izango ditu.
Bilbao, 2019ko martxoaren 5a.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,
MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.