EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019051

ERABAKIA, 2019ko urtarrilaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegia onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2019-01-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201901310
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2013/01/23an argitaratutako 2012/12/20ko AKORDIOA indargabetzen du [201300430]

Gobernu Kontseiluak, 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegia onartu zuen. Arautegi hori oinarrizkoa da eta zuzenean aplikatu behar da UPV/EHUko doktorego eskola guztietan. Gero, 2015eko otsailaren 5ean, Gobernu Kontseiluak arautegi horri zenbait aldaketa egin zizkion, zuzendariordearen figura doktorego eskoletako kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organo moduan arautzeko.
UPV/EHUko master ikasketen egitura berrian master ofizialak, Graduondoko Sare Latinoamerikarrekoak kenduta, dagoeneko ez daude Master eta Doktorego Eskolaren menpe, ikastegien menpe egotera pasatu direlako. Hori dela eta, berriz aldatu behar da Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegia. Bestalde, kontuan izanda igaro den denbora eta ikastegietako funtzionamendu organoei aplikatu beharreko beste arau batzuetan –esaterako, urriaren 1eko 40/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenean– egon diren aldaketak, egokitzat jo da aldaketa horiek bilduko dituen testu berri bat prestatzea eta arautegia indarrean dauden arauetara egokitzea.
Testua prestatzeko, txostenak eskatu zitzaizkien Graduondoko Batzordeari eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolari, eta haien ekarpen batzuk ontzat eman eta testuan txertatu dira.
Hasierako testua Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion 2018ko abenduaren 20an, eta zuzenketak egiteko epe bat ireki zen. Epe hori 2019ko urtarrilaren 14an amaitu zen, eta, guztira, bi zuzenketa aurkeztu dira.
Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak (CODEST) bilera egin zuen 2019ko urtarrilaren 18an, zuzenketak aztertzeko, eta aho batez ezetsi zituen biak.
Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau,
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUko Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegia, eranskinean jasotako moduan.
Bigarrena.– Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, indarrean sar dadin argitaratzen den egunean bertan.
Leioa, 2019ko urtarrilaren 31.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
DOKTOREGO ESKOLEN OINARRIZKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Azalpena.
1.– Doktorego eskolak doktorego programak koordinatu eta kudeatzen dituzten ikastegiak dira. Bertan eman daitezke, halaber, master gehienbat zientifikoak eta ikerketarako prestakuntza emateari begirakoak. Masterrok arlo batekoak edo gehiagotakoak izan daitezke, edota diziplinartekoak.
2.– Doktorego eskolak UPV/EHUrenak berarenak izan daitezke. Bestalde, doktorego eskolak UPV/EHUk beste erakunde batekin edo batzuekin batera sortutakoak izan daitezke. Beste erakunde horiek izan daitezke unibertsitateak, I+G+B jardueretan aritzen diren organismo, gune, erakunde edo entitateak, publikoak zein pribatuak, estatukoak nahiz atzerrikoak. Halakoak bakoitza bere hitzarmenaren bidez arautuko dira. Edozelan ere, eskola horiek ere bete beharko dituzte arautegi honetako 5.1 artikuluan unibertsitateko eskolentzat eskatzen diren kalitate eta masa kritikoari buruzko irizpideak.
3.– Doktorego eskolek bermatu beharko dute beren estrategia garatuko dutela UPV/EHUren ikerketa estrategia orokorrari loturik, eta, hala dagokionean, eskoletan partea duten bestelako ikerketa erakunde publikoen eta gainerako erakunde eta entitateen estrategiekin uztarturik. Gainera, frogatu beharko dute beren helburuak betetzeko kudeaketa gaitasunik badutela.
II. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLEN EGINKIZUNAK, ARAUBIDEA ETA EGOITZA
2. artikulua.– Doktorego eskolaren eginkizunak.
Doktorego eskolak honako eginkizun hauek bereganatu ahal izango ditu bere barne arautegien bitartez:
a) Doktorego eskolan doktoregoko edo, egoki denean, masterreko programa berriak ezarri, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, ikasketa horietarako proposamenak egiteko bete beharreko arautegiei jarraituz.
b) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea, eta, hala dagokionean, doktorego eskolako masterretako ikasleena.
c) Doktorego eskolako doktorego programetan, eta, hala dagokionean, doktorego eskolako masterretan, izena emateko prozesua eta matrikula prozesua antolatzea, arautegien babesean eta Graduondoko Batzordearen proposamenari jarraituz onartutako masterren eta doktoregoko ikasketen gestiorako arautegian zehaztutako egutegiari jarraituz.
d) Jarraipena egitea doktorego titulazioei, eta masterrekoei halakorik dagonean, eta ebaluatzea eskolan ematen diren ikasketen irakaskuntzaren kalitatea.
e) Onartzea eskolak esleituta dituen ikasketen jarraipenerako eta akreditazioak berritzeko autotxostenak.
f) Aurrekontua kudeatzea Estatutuei eta aurrekontuak gauzatzeko UPV/EHUn indarrean dauden arauei jarraiki.
g) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.
h) Eskolak zuzenean eskuratutako funtsez osatutako laguntzen deialdiak egitea, kudeatzea eta ebaztea beren ardurapeko doktorego eta masterreko ikasleentzat, Gobernu Kontseiluak Graduondoko Batzordearen proposamenez onartutako arautegian zehazten den legez.
i) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.
j) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.
k) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.
l) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.
m) Doktoregoko sari bereziak emateko proposamena egitea.
n) Honoris causa doktore izendapenak proposatzea.
o) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.
3. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Doktorego eskolek jardungo dute indarreko legeriaren, Estatutuen eta oinarrizko arautegi honen arabera. Arautegi hau gutxienekoa izango da eta zuzenean aplikatuko da UPV/EHUko doktorego eskola guztietan.
2.– Gainera, doktorego eskolek barne arautegia osatuko dute, arautegi hau garatuz.
3.– Gobernu Kontseiluari dagokio doktorego eskola bakoitzaren arautegia behin betiko onartzea. Horretarako, beharrezko txostenak izan beharko ditu aldez aurretik, besteak beste legezkotasun txostena.
4. artikulua.– Doktorego eskolen egoitza.
1.– Barne arautegiak zehaztuko du zein izango den doktorego eskola bakoitzaren egoitza administratiboa.
2.– Egoitza aldatzeko Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, doktorego eskolako zuzendaritza batzordeak edo kontseilu iraunkorrak proposamena eginda, bere arautegiari jarraiki.
III. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLAK SORTU, ALDATU ETA KENTZEA
5. artikulua.– Doktorego eskolak sortu, aldatu eta kentzea.
1.– Doktorego eskolek bermatu beharko dute beren arloan liderrak direla eta hirugarren zikloko irakasle doktoreen eta doktoregaien masa kritiko nahikoa dutela. Doktorego eskola guztiek izan beharko dute lidergo eta masa kritiko hori, hau da: gutxienez bost doktorego programa finko izan beharko dituzte. Gainera, azken hiru urteotan gutxienez 50 doktore berri izan beharko dituzte lortuta, eta bere irakasleen artetik gutxienez 80 irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak izan behar dira. Dena dela, horrek ez du eragotziko lehen xedapen gehigarrian esaten dena.
2.– Doktorego eskola bat sortzeko prozesua errektoreak, UPV/EHUko doktorego eskola batek edo doktoregoaren arduradunen talde batek abiarazi ahal izango du.
3.– Gobernu Kontseiluari dagokio doktorego eskola bat sortu, arautu, aldatu eta kentzea, tartean diren sailen eta doktorego eta master programetako batzorde akademikoen iritzia entzunda eta ukitutako master, halakorik balego, eta ukitutako doktorego eskolen iritzia kontuan hartuta.
4.– Doktorego eskola sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, txostena aurkeztu behar da. Bertan adieraziko beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:
a) Doktorego eskolaren izena.
b) Doktorego eskolan emango diren doktorego programak eta beren ikerketa ildoak, eta, hala dagokionean, bertan koordinatuko diren beste ikasketak, bermatuko dutenak eskola bere eremuan liderra dela eta hirugarren zikloko irakasle doktoreen eta doktoregaien masa kritiko nahikoa duela.
c) Doktorego eskolaren giza baliabideak, baliabide materialak eta azpiegiturak.
d) Beharko dituen baliabideen eta izango dituen funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.
e) Doktorego eskolaren behin-behineko arautegia.
f) Doktorego eskola sortzeko proposamenaren justifikazioa. Doktorego eskola sortzea proposatzeko arrazoiak; eskolaren izenaren egokitasuna bertan landuko diren ikerketa ildoak kontuan hartuta; ikerketa eta prestakuntza estrategia; eskolak beste erakunde batzuekin kolaboratzeko arrazoiak eta unibertsitatearen edo beste erakunde batzuen I+G+B estrategiarekiko harremana; nazioarteko zein sare edo hitzarmenetan parte hartuko duen (halakorik dagoenean), eta zein mekanismo ezarri duen kanpoko erakundeekin lankidetzan jarduteko.
5.– Doktorego eskolak sortzeko, arloko arautegiei jarraituko zaie eta haren sorreraren berri eman beharko zaio Hezkuntza Ministerioari, Unibertsitate Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, hartara Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan inskriba dadin.
IV. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLEN OSAERA ETA EGITURA
6. artikulua.– Doktorego eskolako kideak.
1.– Doktorego eskolako kideak:
a) Doktorego eskolan irakasten duten irakasle eta ikertzaile doktoreak.
b) Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.
c) Doktorego programetako doktoregaiak, eta, beste ikasketarik ematen denean, ikasketa horietako ikasleak.
2.– Doktorego eskolako kide guztiek konpromisoa sinatu beharko dute eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko.
7. artikulua.– Doktorego eskolako gobernu eta ordezkaritza organoak.
1.– Doktorego eskolako kide anitzeko organoak dira zuzendaritza batzordea, eta haren kontseilu iraunkorra, halakorik balu.
2.– Hauek dira doktorego eskolako kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak: doktorego eskolako zuzendaria, idazkari akademikoa eta, halakorik dagoenean, zuzendariordeak.
8. artikulua.– Doktorego eskolako zuzendaria.
1.– Doktorego eskolako zuzendaria UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da, itzal handikoa eta gutxienez ikerketako hiru seiurteko dituena. Zuzendaritza batzordeak aukeratuko du eskolara atxikitako doktorego programen arduradunak diren edo izan direnen artetik, eta errektoreak izendatuko du. Horrela egiterik ez denean, doktorego eskolako tituluren baten ardura duten edo izan duten kideen artean aukeratuko da.
2.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da. Doktorego eskolaren arautegiak mugatu ahal izango du zuzendariak zenbat agintaldi egin ahal izango dituen segidan.
3.– Hauek izan daitezke zuzendariak kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kentzea, dimisioa, doktorego eskolakoa edo UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea, eta Zuzendaritza Batzordeak haren kontrako zentsura mozioa onartzea.
9. artikulua.– Doktorego eskolako zuzendariaren eginkizunak.
Doktorego eskolako zuzendariak eginkizun hauek izango ditu:
a) Doktorego eskolaren jarduna gidatu eta koordinatzea eta beraren helburuei jarraipena ematen zaiela eta bete egiten direla bermatzea.
b) Doktorego eskolaren ordezkaria izatea UPV/EHUko gobernu organoen aurrean eta behar den leku guztietan.
c) Zuzendaritza batzordearen, edo halakorik daukanean, kontseilu iraunkorraren erabakiak betetzea eta betearaztea.
d) Administrazioaren eta aurrekontuaren kudeaketa gidatzea, bai eta doktorego eskolako gainerako zerbitzu guztiak ere.
e) Kredituak baliozkotu, aitortu eta transferitzeko espedienteak ebaztea, masterreko batzorde akademikoaren proposamenari jarraituz.
f) Doktorego eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.
g) Urteko txostenak, plan estrategikoak eta aurrekontuari buruzko jarraibideak prestatzea, aurreko urteko ekitaldi ekonomikoaren itxiera egitea, eta guztiak zuzendaritza batzordeari edo haren kontseilu iraunkorrari, halakorik daukanean, bidaltzea, onespena eman diezaien.
h) Gidari izatea doktorego eskolako langileek jardunbide egokien kodea eta beren eginbeharrak bete ditzaten, eta hala egin dezaten gainbegiratzea. Era berean, behar diren neurriak hartzea sor litezkeen arazoak konpontzeko.
i) Arduratzea eskolako giza eta gauza baliabideak egokiak izan daitezen eskolak bere zereginak ondo betetzeko.
j) Doktorego eskolako zuzendaritza batzordeari, edo haren kontseilu iraunkorrari, bere gestioen berri ematea unean-unean.
k) Doktorego eskolako kideak jakitun edukitzea beraiengan eragina izan lezaketen eskolako kontu guztiez.
l) Doktorego eskolarekin zerikusia duten eta beste ezein organori modu agerian eman ez zaizkion beste zeregin guztiak, eta unibertsitateko arautegiek berari, zuzendariari, esleitutakoak edo zuzendaritza batzordeak edo haren kontseilu iraunkorrak edota UPV/EHUko gainerako gobernu organoek berari eskuordetutakoak.
10. artikulua.– Zuzendariordeak.
1.– Errektoreak, zuzendariaren proposamenari jarraituz, zuzendariordeak izendatuko ditu doktorego eskolako ikasketetan ari diren izen handiko irakasle-ikertzaile doktoreak izanik baldintza hauek betetzen dituztenen artetik: arduraldi osoan aritzea eta irakaskuntzan eta ikerketan esperientzia izatea.
2.– Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetutako eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio zuzendaritza batzordeari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.
3.– Doktorego eskolako zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, edo kargua utzik geratuz gero, izendapenean beren-beregi horretarako zehaztutako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Horrelakorik jasota ez dagoenean, zuzendaritza batzordeak -antzinatasun handieneko kidea buru dela-, aukeratuko du zuzendariaren ordezko izango den zuzendariordea. Egoera horrek sei hilabete baino gehiago iraunez gero, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo du.
4.– Zuzendariorde kopurua ondorengo irizpideei jarraituz ezarriko da eta, edozelan ere, gehienez 4 zuzendari orde izenda daitezke:
Irizpide bakarra: ikasle kopurua.
ikasle kopurua 1-2000: zuzendariorde bat.
ikasle kopurua 2001-4000: 2 zuzendariorde.
ikasle kopurua 4001-6000: 3 zuzendariorde.
6000 ikasletik gora: 4 zuzendariorde.
5.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko edo doktorego eskolako kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.
11. artikulua.– Doktorego eskolako idazkari akademikoa.
1.– Doktorego eskolako idazkari akademikoa itzal handiko UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da eta errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta.
2.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.
3.– Idazkari akademikoari dagokio doktorego eskolako idazkaritza akademikoari berezkoak zaizkion eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.
4.– Idazkariak doktorego eskolako gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola doktorego eskolako dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.
12. artikulua.– Doktorego eskolako zuzendaritza batzordea.
1.– Zuzendaritza batzordeak honako osakide hauek izango ditu gutxienez: doktorego eskolako zuzendaria, zuzendariordeak, eskolako idazkari akademikoa, doktorego eskolako doktorego programetako eta masterretako (halakorik balego) koordinatzaileak, doktorego eskolan ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea eta ikasleen ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta erakunde lankideen ordezkari bat, halakorik dagoenean, eta, betiere, doktorego eskolaren barne araudiari jarraituz.
2.– Aurreko atalean esandakoari traba egin barik, doktorego eskola bakoitzeko barne arautegiak bere zuzendaritza batzordearen osaera zehaztuko du.
3.– Eskolari atxikitako doktoregaiek eta UPV/EHUko doktorego eskolari atxikitako masterren batean matrikulatuta dauden ikasleek eskubidea izango dute hautesle eta hautagai izateko doktorego eskolako zuzendaritza batzorderako hauteskundeetan.
Doktoregaiak, UPV/EHUrekin kontratua izan edo izan ez, ikasleen taldekoak izango dira doktorego eskolako gobernu eta ordezkaritza organoetako kideak aukeratzeko egingo diren hauteskundeetan.
4.– Zuzendaritza batzordeko kideak lau urterako aukeratuko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiek bi urterik behin berritu behar baitira.
13. artikulua.– Zuzendaritza batzordearen eginkizunak.
1.– Doktorego eskolako zuzendariak egingo du deia eskolako zuzendaritza batzordea biltzeko. Zuzendaritza batzordeak antolaketa eta kudeaketa eginkizun hauek izango ditu:
a) Doktorego eskolako zuzendaria hautatzea.
b) Kontseilu iraunkorreko kideak aukeratzea, halakorik dagoenean.
c) Barne arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.
d) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.
e) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.
f) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.
g) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.
h) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.
i) Doktorego eskolan doktoregoko edo, egoki denean, masterreko programa berriak ezarri, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, ikasketa horietarako proposamenak egiteko bete beharreko arautegiei jarraituz.
j) Doktoregoko eta masterreko (masterrik badago) titulazioei jarraipena egitea, eta bermatzea doktorego eskolan ematen diren graduondoko ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela.
k) Onartzea doktorego eskolak esleituta dituen graduondoko ikasketen jarraipenerako eta akreditazioak berritzeko autotxostenak.
l) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea.
m) Doktorego eskolako doktorego programetan, eta, hala dagokionean, Doktorego Eskolakoa masterretan, izena emateko prozesua eta matrikula prozesua antolatzea, arautegien babesean eta Graduondoko Batzordearen proposamenari jarraituz masterren eta doktoregoko ikasketen gestiorako onartutako egutegiari jarraituz.
n) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.
o) Zuzendariari aholku ematea nazioarteko aholku batzordeko kideak proposatzeko.
p) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.
2.– Doktorego eskolaren barne arautegian aurreikusten bada kontseilu iraunkorrik sortzea, zuzendaritza batzordeak hari eskuordetu ahal izango dizkio bere zeregin guztiak, artikulu honetako a), b) eta c) letretakoak izan ezik.
14. artikulua.– Kontseilu iraunkorra.
1.– Doktorego eskolak, barne arautegiari jarraituz, kontseilu iraunkorra sortu ahal izango du, arautegi horretan zehaztuko diren gaiak ebazteko. Ezer zehaztu ezean, batzordeak 26 kide baino gehiago dituenean osatuko da zuzendaritza batzordearen kontseilu iraunkorra.
Kontseilu iraunkorrak kide hauek izango ditu, gutxienez: doktorego eskolako zuzendaria (kontseiluko burua izango da), doktorego eskolako idazkari akademikoa (idazkari lanak egingo ditu), ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, doktorego programetako koordinatzaileen ordezkari bat jakintza arlo bakoitzeko, masterretako programetako ordezkari bat (halakorik dagoenean) eta ikasleen ordezkari bat, zuzendaritza batzordeko kideek beren artetik hautatua.
2.– Kontseilu iraunkorreko kideak lau urterako aukeratuko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiek bi urterik behin berritu behar baitira.
V. KAPITULUA
KALITATEA
15. artikulua.– Doktorego eskolako kalitate batzordea.
1.– Doktorego eskolako kalitate batzordeak eskolako jardueraren kalitatea bermatzeko xedez ezarritako prozeduretan zehaztutako deseinu eta ebaluazio eginkizunak izango ditu, betiere, UPV/EHUko araudiari jarraituz.
2.– Kalitate batzordearen osaera kasuan kasuko kalitaterako arautegiak ezarriko du.
3.– Doktorego eskola bakoitzean kalitate batzorde bat eratuko da, eskolako doktorego edota master ikasketak hobeto planifikatu eta haien jarraipena egiteko, bai eta irakaskuntzaren ebaluazioari buruzko txostenak egiteko ere.
4.– Hauek dira doktorego eskolako kalitate batzordearen eskumenak:
a) Titulazioak kalitatea bermatzeko sistemaren bidez diseinatu, martxan jarri eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea.
b) Irakasleen lanaren ebaluazioan parte hartzea, Gobernu Kontseiluak zehazten dituen arauei jarraiki, UPV/EHUko Estatutuetako 107. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
c) Proposamenak egitea, ekintzak burutzea eta, oro har, lankidetzan jardutea unibertsitateko organoekin doktorego eskolaren jarduerak hobetu eta berritzeko eta ikastegiko kideen kualifikazioak hobetzeko.
d) Behar dituen laguntza batzordeak sortzea.
e) Arautegien edo eskuordetzaren bidez ematen zaizkion gainerako guztiak.
5.– Kalitate arautegian besterik zehazten ez bada, kalitate batzordeak jardungo du hurrengo kapituluan doktorego eskolaren kide anitzeko organoentzat zehazten diren arauei jarraiki, aplikagarriak zaizkion neurrian.
6.– Doktorego eskolako kalitate batzordeak, bere eskumenen alorrean, ebaluazioa egiteko behar duen informazioa eskuratu ahal izango du. Edonola ere, konfidentzialtasuna eta sekretua gorde beharko ditu, ezinbestean, emandako informazioa erabiltzean.
VI. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLAKO KIDE ANITZEKO ORGANOEN ARAUBIDEA
16. artikulua.– Xedapen orokorra.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legeari jarraituz, doktorego eskolako kide anitzeko organo guztiak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta bilerak egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada. Kide anitzeko organoek urrutitik egindako bileretan, aipatutako legean jasotakoak bete beharko dira, eta, beraz, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.
17. artikulua.– Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.
1.– Doktorego eskoletako kide anitzeko organoen bilerak ohiko eta ezohikoak izan daitezke.
2.– Ohiko bilerak, gutxien dela, urtean behin egingo dira.
3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin da aurreko akten onarpenik agertu, ez eta galde-erregurik ere.
4.– Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
18. artikulua.– Bilerarako deia egitea.
1.– Kide anitzeko organoko buruak egin behar du bilerarako deia. Gainera, kide anitzeko organoko kideen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin beharko da. Bilera horiek ezohikoak izango dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin beharko dira gehienez. Kide anitzeko organoko kide guztiak edo horiek ordezten dituzten pertsonak bildurik daudenean, aurrez aurre edo urrutitik, modu baliodunean era daitezke kide anitzeko organo gisa, bilkurak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.
2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, denbora nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein egunetan, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Arrazoi justifikaturik egonez gero, aztergaien zerrendan puntu gehiago sartu ahal izango dira, bilera baino 48 ordu lehenagora arte.
Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 48 ordu lehenago.
3.– Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.
4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoaren egoitzetan eta bere jarduna betetzen duen gainerako toki guztietan, argitara eman ere organoko kideei bilerarako deia bidaltzen zaien egun berean.
5.– Kontseilu iraunkorraren bileretarako aztergaiei buruzko informazioa doktorego eskolako zuzendaritza batzordeko kide guztien eskura jarriko da.
19. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari. Taldeen ordezkari direnak, kide anitzeko organoko kide izateari utziko diote elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts eginez gero, baldin eta organoaren arautegi kopuru handiago zehaztu ez bada.
2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.
20. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta oinarrizko arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
2.– Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Beraz, doktorego eskolaren arautegiak eskubide hori erabiltzeko prozedura eta epeak finkatu beharko ditu. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean, gehienez ere, haren esku jarriko da doktorego eskolak daukan dokumentazioa eskolako idazkaritzan.
21. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Doktorego eskolaren arautegian zehaztuko da lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea. Bestelakorik adierazi ezean, deialdi bien arteko tartea 30 minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, beren ordezkoek.
2.– Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 23. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.
3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.
4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.
22. artikulua.– Bileren nondik norakoak.
1.– Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala burutuko dela, eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.
2.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.
3.– Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere. Edozelan ere, bermatu egingo da talde guztiek iritzia eman ahal izatea.
4.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan. Gonbidatuek ez dute botorik emateko eskubiderik izango.
23. artikulua.– Botazioa.
1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, doktorego eskolaren arautegiak edo bestelako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitateko botoak erabakiko du.
2.– Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.
3.– Aurkako botoa eman eta aktan hala jasoarazten dutenek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Horrela, botazioa isilpekoa denean, botazioaren unean boto txartela eman beharko zaio organoko idazkariari, edo abstenitzeko asmoa adierazi. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.
4.– Hauteskundeetarako izan ezik, doktorego eskolaren arautegiak jaso ahal izango du botoa kide anitzeko organoko beste pertsona bati eskuordetzeko aukera, bai eta horretarako prozedura ere. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
5.– Kide anitzeko organoko kideek aktan agerraraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, bilera bukatu eta 48 orduko epean, aktan jasota gera dadin. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera. Bestalde, euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eskatzeko eskubidea dute organoko kideek. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, 48 orduko epean.
24. artikulua.– Bileretako aktak.
1.– Bileren aktak bi hizkuntza ofizialetan jasoko dira. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da. Idazkariak bide elektronikoen bidez bidaliko die aktaren zirriborroa kide anitzeko organoko kideei. Kide horiek bide horien bidez adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.
Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.
2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik ezin etorria adierazi dutenen aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta haien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta eztabaiden puntu nagusiak.
Kide anitzeko organoak egindako bilera guztiak grabatu ahalko dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bileran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilerako aktarekin batera jarri ahalko dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko premiarik izan gabe.
3.– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
25. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.
1.– Kide anitzeko organoko idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Doktorego eskolaren arautegian zehaztuko da erabakiak argitaratzeko prozedura. Edozelan ere, hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira, eta datuak babesteko legeria errespetatuz betiere. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Besterik zehazten ez bada, erabakiak ezagutzera emateko, idazkariak ziurtagiri bat egingo du, eta hor jasoko du doktorego eskolak hartutako erabakien zerrenda. Ziurtagiria doktorego eskolako idazkaritzako iragarki oholean eskegiko da, eta, halakorik duenean, baita eskolaren iragarki ohol birtualean ere.
26. artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.
1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie dagokien organoei.
2.– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslana esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
3.– Oinarrizko arautegi honetan aipatutako kide anitzeko organoen erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.
4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.
VII. KAPITULUA
DOKTOREGAIAK, TUTOREAK ETA TESI ZUZENDARIAK
27. artikulua.– Definizioa.
UPV/EHUko doktoregaia izango da, indarreko arauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituela frogatu ondoren, UPV/EHUko doktorego eskola bateko doktorego programan onartua izan den eta bertan matrikulatu den pertsona.
28. artikulua.– Doktoregaien eskubideak.
UPV/EHUko doktorego eskoletako doktoregaiek honako eskubide hauek izango dituzte, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan aitortzen zaizkienez gainera:
a) Kalitateko ikertzaile prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa sustatuko duena eta gizarte erantzukizuna eta zuzentasuna aintzat hartuko dituena.
b) Prestakuntza prozesuan gidatuko duen tutorea edukitzea, bai eta tesia zuzenduko dion zuzendari bat (edo gehiago) edukitzea ere, ikerketan esperientzia frogatua duena.
c) UPV/EHUk eta doktorego eskolek beren doktorego programetan doktoregaiak ikertalde eta ikerketa sareetan sartzea sustatzea.
d) Ikerketako karrera profesionala ezagutzea; halaber, UPV/EHUk bere programetan ikerketa karrera garatzeko aukerak sustatzea.
e) Ikerketako prestakuntzarako eta mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza deialdietan parte hartzeko eskubidea.
f) Prestakuntza jardueren ebaluazioa eta jarraipena egiteko arauen berri jasotzeko, besteak beste doktorego tesia egin, gordailuan utzi eta defendatzeko arauen berri.
g) Beren prestakuntza jardueren ebaluazioa egin dakien, irizpide publiko, objektibo, garden eta aurrez ezarrien arabera, eta kontuan harturik ikerlanek orokorrean erakusten duten sormena eta ikerketen emaitzak, hala nola argitalpenak, patenteak eta bestelakoak, eta hori guztia doktoregaiaren prestakuntzaren eboluzioaren testuinguruan azterturik.
h) Bere prestakuntzan zehar egindako lanen egiletza aitor dakien, eta haien jabetza intelektuala babes dakien, bereziki doktorego tesiaren eta haren aurretiko ikerlanen emaitzak, gai honi buruz indarreko legeriak zehazten dituen baldintzetan.
i) Egilekidetza aitortu eta ondo balora dadin, ikerketaren ikuspegi konstruktiboari dagokion bezala.
j) Ikerketa egiten duteneko erakundeen izenak erabiltzea, betiere UPV/EHUk «Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» izena eta bere erakunde irudia erabiltzeko zehaztuta dituen baldintzak errespetatuz.
k) Askatasuna izatea arazoak konpontzeko metodoak proposatzeko, jardunbide eta printzipio etiko onartuen eta jabetza intelektualari buruzko arauen barruan betiere, eta kontuan hartuta kasuan kasuko zirkunstantzien mugak, hala nola ikerketarenak eta ingurunearenak, gainbegiratze, orientazio eta kudeaketa lanarenak, aurrekontuarenak edo azpiegiturarenak.
l) Doktorego programen jarraipenean eta erakundearen ebaluazio prozesuetan parte hartzea, indarreko legeriak aurreikusita legez.
m) UPV/EHUrekin doktorego aurreko kontratu bat egitea, indarreko legerian eta doktoregoko ikasketen gestio arautegian ezarritako baldintzetan.
n) UPV/EHUko gobernu organoetako ordezkaritza eskubideei dagokienean, prestakuntza bidean dauden ikertzaile izaera aitor dakien, zientzia eta ikerketari buruzko legerian ezartzen denaren arabera.
o) Doktoregoko ikasle guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea, alde batera utzita zein doktorego programatan dauden matrikulaturik.
p) Doktoregaiek eskubidea izango dute aitor dakizkien doktorego programan sartu aurretik eskuratuak zituzten ezagutzak eta gaitasunak edo lan esperientzia, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan eta haiek garatzeko arauetan aurreikusitako baldintzetan, eta mugikortasunerako eskubidea bermatze aldera. Aitorpen hori tituluaren gehigarri europarrean sartuko da, haren garapen arauetan hala zehazten bada.
q) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.
29. artikulua.– Doktoregaien betebeharrak.
UPV/EHUren doktorego eskoletako doktoregaiek, indarreko arautegietan eta UPV/EHUko Estatutuetan zehaztutako betebeharrez gain, honako hauek izango dituzte:
a) Ikastea eta bere hezkuntza osatuko duten jarduera akademikoetan modu aktiboan parte hartzea. Zehazki, harreman egituratua eta erregularra izatea tutoreekin eta tesi zuzendariekin, eta jardueren dokumentua eguneraturik izatea, indarreko arauei jarraiki. Era berean, lehen urtea amaitu baino lehen ikerketa plan bat egin beharko dute, eta bertan honako hauek zehaztu gutxienez: helburuak, baliabideak eta denbora plana. Plana hobetu edo zehaztu ahal izango dute programan zehar, eta tutorearen edo zuzendariaren bermea eduki behar dute.
b) Beren arloan onartutako jardunbide etikoei eta oinarrizko printzipio etikoei men egitea, bai eta estatuko, sektoreko edo erakundeko kode deontologikoetan jasotako arau etikoei ere. Konpromisoa sinatu beharko dute doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko.
c) Datuen jabetza intelektualaren edo jabekidetzaren printzipioa errespetatzea, ikerketa egiten dutenean gainbegiratzaileekin edo beste ikertzaile batzuekin batera.
d) Segurtasun eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta betetzea, bereziki laborategiak erabiltzeari, landa lanari eta ikerketaren bestelako inguruneei dagozkienak.
e) Ordezkaritza karguren baterako hautatua izanez gero, horri dagozkion eginbeharrak betetzea.
f) UPV/EHUren izena eta bere jardun zientifikoan zerbitzua ematen dien erakundeen izena erabiltzea, erakundeon barne arautegiari jarraiki eta sinatzen dituzten hitzarmenen arabera.
g) Konfidentzialtasun betebeharra: doktoregaiak isilpean gordeko du UPV/EHUk emandako informazioa, edozein modutan emandakoa dela ere, bai eta UPV/EHUko instalazioak, ekipoak edo azpiegiturak erabiltzean edo bertan lanean jardutean bereganatutako informazioa ere. Informazio hori publikoa ez den informazio guztia da, hala nola: UPV/EHUren sekretu industrialak, eskatutako patenteak, teknikak, prozesuak, protokolo esperimentalak, diseinuak, jarduerak edo azterlanak. Aurreko paragrafoetan adierazitako informazio guztia informazio konfidentziala da. Konfidentzialtasun betebeharra indarrean egongo da informazio hori publikoaren esku jartzen den arte.
Ez da konfidentziala izango honako informazio hau:
1.– Lankide akademikoak jakiten duenerako publikoa den informazioa, edo jakitera ematen dena bi aldeetako inork leialtasunari huts egin barik.
2.– Jakitera ematen den momentuan bi aldeek dagoeneko ezagutzen zuten informazioa, baldin eta eskuratu ez badute betebehar legalen bati huts egitearen ondorioz.
3.– Aldeetako batek epailearen aginduz jakinarazten duen informazioa.
h) UPV/EHUko Estatutuak eta haiek garatzeko arauak bete beharko dituzte.
30. artikulua.– Master ofizialetako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
Doktorego eskola bati atxikita dauden master ofizialetako ikasleek indarreko legeriak aitortzen dizkien eskubide eta betebeharrak izango dituzte.
31. artikulua.– Tutorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Doktorego eskolako doktoregai baten tutorea izango da bertako doktorego programa bateko batzorde akademikoak izendatzen duena doktoregaiaren eta doktorego programaren arteko harremanak bideratzeko. Tutorea izateko, ezinbestekoa izango da doktoregoaren gestiorako UPV/EHUko arautegian horretarako zehaztutako baldintzak betetzea.
2.– Tutoreek izan beharko dute behar den denbora, jakintza, esperientzia, gaitasun teknikoa eta ardura doktoregaiei laguntza egokia emateko; gainera, tutoreek aplikatzen jakin beharko dute doktoregaiek lanean aurrera egiteko eta egindakoa berrikusteko prozedurak eta erreakzio mekanismoak.
3.– Tutorearen eskubideak dira:
a) Doktorego eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, bertako doktorego programetarako zehaztutako arauei jarraiki.
b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta bere tutore lanerako baliabide material egokiak izatea.
c) Doktorego eskolak tutoreentzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, beren doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.
d) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.
4.– Tutorearen betebeharrak dira:
a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.
b) Doktoregaiei laguntzea beren prestakuntza prozesuan, ikasteko behar duten informazioa, orientazioa eta baliabideak emanez.
c) Doktoregaiei beren curriculum ibilbidea eratzen laguntzea.
d) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.
e) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.
f) Doktoregaiak bultzatzea lan mundura sartzeko, ibilbide profesionalari hasiera emateko eta etengabeko prestakuntzari ekiteko.
g) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.
h) Doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.
i) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.
32. artikulua.– Tesi zuzendarien eskubide eta betebeharrak.
1.– Tesi zuzendariaren ardura izango da doktoregaiaren prestakuntza jarduerak koherenteak eta egokiak izatea, eta tesiaren gaiak bere arlora berrikuntza ekartzea eta eragina edukitzea. Era berean, zuzendariak doktoregaia gidatuko du tesirako lanak planifikatzean eta, hala dagokionean, lanok egokitzean doktoregaiaren gainerako proiektu eta jarduerekin ondo moldatzeko.
2.– Tesi zuzendariaren eskubideak dira:
a) Doktorego eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, arautegi honetan bertako doktorego programeterako zehaztutako arauei jarraiki.
b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta tesiak zuzentzeko baliabide material egokiak izatea.
c) Tesi zuzendaritzan egindako lanen aitorpen akademikoa jasotzeko, doktorego programak proposatzeko arautegian ezarritako baldintzetan.
d) Doktorego eskolak tesi zuzendarientzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.
e) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.
3.– Tesi zuzendarien betebeharrak dira:
a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.
b) Doktoregaiekin harreman konstruktibo eta positiboa eratzea, baldintza egokiak sortzeko jakintzaren transferentzia eraginkorrerako eta doktoregaiek etorkizunean ikertzaile karrera ondo garatzeko.
c) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.
d) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.
e) Arduratzea beren doktoregaiek ezagutu ditzaten beren jardueraren eremuaren helburu estrategikoak eta finantzabideak, eta behar diren baimenak eska ditzaten lanari ekin aurretik edo baliabideak eskuratu aurretik.
f) Arduratzea beren doktoregaien ikerketak emankorrak izan daitezen eta emaitza horiek hedatu eta aprobetxa daitezen, adibidez komunikazioen bidez, beste ikerketa batzuetara transferituz edo, hala dagokionean, merkaturatuz.
g) Bidea erraztea beren doktoregaien ikerketak gizarte osora zabal daitezen, adituak ez direnek ulertzeko moduan, hartara jende guztiak hobeto ezagutu ditzan.
h) Arduratzea beren doktoregaiek modu seguruan lan egin dezaten beti, estatuko legeetan zehaztutako jarraibideak betez. Era berean, arduratzea beren doktoregaiek behar diren neurriak har ditzaten datuen babesari eta konfidentzialtasunari buruz legeak agindutakoa betetzeko.
i) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.
j) Doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.
k) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.
VIII. KAPITULUA
NAZIOARTEKO AHOLKULARIEN BATZORDEA
33. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordea sortzea.
Doktorego eskolaren barne arautegiak jaso ahal izango du nazioarteko aholku batzorde bat sortzeko aukera. Batzordean egongo da eskolan lantzen diren jakintza adar bakoitzeko edota jakintzaren transferentziaren arlo bakoitzeko pertsona bat gutxienez, eta osakide guztiak itzal handikoak izango dira.
34. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordeko kideak izendatzeko proposamena.
Doktorego eskolako zuzendariak proposatuko dizkio errektoreari, eskolako zuzendaritza batzordearen iritzia entzun eta gero, nazioarteko aholkularien batzordea osatuko duten pertsonen izenak.
35. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordearen eginkizunak.
Doktorego eskolako nazioarteko aholkularien batzordeak eskolaren jarduera akademikoen eta jardun ildoen ebaluazioa egingo du urtero; gainera, kontseilu iraunkorrak eskatzen dizkion gainerako txostenak ere egingo ditu.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 5.1 artikuluko baldintzen egokitzapena.
Arautegi honetako 5.1 artikuluan eskatzen diren kalitate eta masa kritikoari buruzko eskakizunetako bat (1) betetzen ez duten doktorego eskolak sortzeko proposamenak banan bana aztertuko dira, proiektu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Halakoak onartzeko oso garrantzitsua izango da gainerako irizpideak soberan betetzea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Doktorego eskoletako hauteskundeen araubidea.
Estatutuetako 163.1 artikuluan Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 5.1 artikuluari lotuta zehazten denari dagokionez, doktorego eskola bakoitzaren barne arautegian zehaztuko da hauteskundeetarako sistema.
1.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6.2 e) artikuluaren ondorioetarako, doktorego eskoletan hauteskundeetarako deia egiteko eskumena zuzendariak dauka, zuzendaritza batzordearekin adostuta, bai zuzendari batzordearen hauteskundeetarako eta bai eskolako zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetarako.
2.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6. eta 9. artikuluen ondorioetarako doktorego batzordeetako hauteskunde batzordearen osakide izango dira doktorego eskolako zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da) eta eskolako idazkaria (batzordeko idazkaria izango da).
Gainera, osakide hauek ere izango ditu:
a) Doktorego eskolara atxikitako graduondoko programetako koordinatzaileen ordezkari bat.
b) Ikasleen ordezkari bat.
c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
Guztiak zozketaz izendatuko dira eta botoa izan beharko dute hauteskundeetan.
Gobernu organorik ez balego, doktorego eskoletako hauteskunde batzordea honela eratuko da:
a) Burua: graduondoko programetako eta master programetako (masterrik balego) koordinatzaileen artean kategoria eta antzinatasun handiena daukana, kasuan kasuko eskolari atxikia betiere.
b) Idazkaria: graduondoko programetako koordinatzaileen artean kategoria eta antzinatasun handiena daukana, kasuan kasuko eskolari atxikia betiere.
c) Beste osakide hauek ere izango ditu doktorego eskolako hauteskunde batzordeak: eskolako graduondoko programetako koordinatzaileen ordezkari bat, eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasleen ordezkari bat. Hauek guztiak zozketaz hautatuko dira (titularrak eta ordezkoak) eta botorako eskubidea izango dute hauteskundeetan. Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egingo dira kasuan kasuko egitura sortu edo banatzeko egindako proposamenean jasotako egutegiaren arabera.
3.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3.7 artikuluaren ondorioetarako, doktorego eskoletako hauteskundeetan hau izango da hauteskunde barrutia:
a) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko, hauteskunde barruti bakarra egongo da: doktorego eskola.
b) Ikasleen eta graduondoko programetako koordinatzaileen ordezkariak eta erakunde laguntzaileen ordezkariak (halakorik badago) aukeratzeko hauteskundeetan, hau izango da hauteskunde barrutia:
– Doktorego eskolan jakintza adar bakarra lantzen bada, hauteskunde barruti bakarra izango du: doktorego eskola.
– Doktorego eskolan jakintzaren adar bat baino gehiago lantzen badira, zenbat adar lantzen diren, horrenbeste hauteskunde barruti izango ditu.
Hautesleen erroldak eta hautagai zerrendak hauteskunde barrutiaren araberakoak izango dira.
4.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6. artikuluari dagokionez arautegi honetako 1.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, onartzen diren egutegietan epe hauek errespetatu beharko dira:
Hautesleen erroldak gutxien dela 6 egunean egon behar dira jendaurrean doktorego eskolak irakaskuntza daukan ikastegi guztietan (iragarki ohol fisikoetan eta elektronikoetan), bai eta doktorego eskolaren administrazio egoitzan bertan ere. Erroldan akatsik egonez gero, doktorego eskolak zuzenduko ditu ofizioz, edo interesdunak horretarako epean inpugnazioa aurkeztuta, eta eskolak akatsa dagoela egiaztatu eta gero.
Doktorego eskolaren barne arautegian sufragio unibertsala aukeratu bada, hautagai zerrendak aurkezteko epea gutxienez zazpi egunekoa izango da, eta gutxien dela botazio eguna baino hamar egun lehenago amaituko da.
5.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18 eta 19. artikuluen ondorioetarako:
Artikulu horretan ikastegiko dekanoa edo zuzendaria aipatzen denean, doktorego eskolako zuzendariaz ere ari dela ulertu beharko da.
Artikulu horretan Ikastegiko Batzarra aipatzen denean ulertu beharko da doktorego eskolako zuzendaritza batzordeaz ere ari dela.
6.– Kontseilu iraunkorraren osaerari eta kideak hautatzeko erari dagokionez:
Doktorego eskolen kontseilu iraunkorrak osakide hauek izango ditu: doktorego eskolako zuzendaria, idazkaria, administrazioko burua eta hauteskunde talde bakoitzeko ordezkari kopuru bat, taldeek eskolako zuzendaritza batzordean daukaten ordezkaritza portzentajearen araberakoa. Edozelan ere, kontseilu iraunkorrean gutxienez ordezkari bana izango dute zuzendaritza batzordean ordezkaritza daukaten taldeek, eta behar izanez gero, gorantz biribilduko dira kopuruak.
Talde bakoitzaren ordezkariak taldeak zuzendaritza batzordean dauzkan ordezkariek hautatuko dituzte beren artetik.
7.– Erakunde laguntzaileen ordezkarien hautaketa edo izendapena.
Erakunde laguntzaileen ordezkariek beren artetik aukeratuko dituzte doktorego eskolako ordezkaritza eta zuzendaritza organoetan izango dituzten ordezkariak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arautegian masterrei buruz egindako aipamenak.
Arautegi honetan masterrei buruzko aipamen guztietan ulertu beharko da Graduondoko Latinoamerikako Sarearen masterrak direla, horiek baino ez.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren egoera.
2019-2020 ikasturtetik aurrera, egungo Master eta Doktorego Eskola Doktorego Eskola izango da, eta ez ditu eskainiko unibertsitateko masterrak (ofiziala), salbuespena izanik hirugarren xedapen gehigarrian zehaztutakoa, eta, betiere, lehenengo xedapen iragankorrean jasotakoari jarraituz. Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzordea eta Kontseilu Iraunkorra egoera berrira egokitu beharko dira Master eta Doktorego Eskolan ematen ari diren masterrak bukatzeko aurreikusitako epea kontuan izanda.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jakintzaren adarrak.
Jakintza adarrak dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoak:
Arteak eta Giza Zientziak.
Zientziak.
Osasun Zientziak.
Gizarte eta Lege Zientziak.
Ingeniaritza eta Arkitektura.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Doktorego eskolako ikasleen kontseilua.
Doktorego eskola bakoitzean ikasleen kontseilu bat eratuko da, bertako zuzendaritza batzordean ikasleek duten ordezkariek osatutakoa.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau subsidiarioak.
Arautegi honetan zehaztuta ez dagoen guztirako doktorego programetako ikasketei buruzko arau akademikoetan zehaztutakoa ezarriko da, eta, egoki denean, master ofizialei buruzkoa.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
2018-2019 ikasturtea bukatu arte, indarrean jarraituko dute Master eta Doktorego Eskolako zuzendaritza organoek eta beren egungo eginkizunek eta masterren inguruan dituzten ahalmenak.
Edozelan ere, ikasketak Master eta Doktorego Eskolan hasita dituzten ikasleek iraute arauetan zehaztutako epea izango dute eskola horretan ikasketak bukatzeko, eta eskola hori izango da epe horretan sortzen diren gorabeherak ebazteko arduraduna, egoki izanez gero, aldez aurretik masterreko batzorde akademikoarekin adostasunera helduta.
Era berean, Master eta Doktorego Eskolako ikasleen espedienteak eskola horren zaintzapean geratuko dira, eta eskola horrek egingo ditu ziurtagiriak eta izapidetuko ditu kasuan kasuko tituluak.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Master eta Doktorego Eskolak arautegi honetan zehaztutakora egokitu beharko du bere barne arautegia, 2019-2020 ikasturtea hasi aurretik egokitu ere.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arautegi hau indarrean sartzean, indargabetuta geratuko da Doktorego Eskolaren Oinarrizko Arautegia, 2013ko urtarrilaren 23an EHAAn argitaratua.
AZKEN XEDAPENA
Honako arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.