EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019048

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 27koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana. Salburua iparraldea izeneko lanean eginiko aldaketa puntuala».

Xedapenaren data: 2019-02-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201901259
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/11/30rean argitaratutako 2017/11/15eko EBAZPENA [201705800]
  • Ikus 2018/01/31n argitaratutako 2018/01/22ko EBAZPENA [201800556]
  • Ikus 2019/02/08an argitaratutako 2019/01/25eko EBAZPENA [201900692]

2015eko azaroan, «Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko hedapenaren (1. fasea) informazio-azterlana» idatzi zen, 2008an egindako «Vitoria-Gasteizko tranbiaren hedapenen azterlana» izeneko lanaren ondorioz. Lan horretatik ondorioztatu zenez, tranbia oraingo linearen amaieratik hiriaren hegoalderantz hedatu behar zen (bereziki, unibertsitate-campusaren ingurura).
Lan horretan ere aztertu zen zer aukera zegoen etorkizunean hiriaren ekialdeko eta mendebaldeko auzoetarantz doan tranbia-zerbitzua egiteko; bereziki, Salburua eta Zabalgana auzoetara iritsiko litzatekeena. Beraz, bigarren Informazio-azterlan honen asmoa izango da hiri-mugikortasuneko zerbitzu bat eskaintzea, hirigune historikotik Salburua auzoaren iparralderainokoa (Vitoria-Gasteizko ekialdean).
Tranbia-linea hedatzeko proposamenari esker, hiriaren ekialdean dauden auzoak, zehazki, Salburua auzoa, hobeto lotuko dira erdigunearekin. Era berean, aukera ematen du auzoa hiriaren hegoalderantz egin nahi den linea berriarekin lotzeko, eta, hala, Salburua autobus-geltokiarekin lotzeko eta lotura zuzena izateko bai unibertsitatearekin bai eta oraingo lineek zerbitzatzen dituzten eremuekin ere. Florida kaletik Salburua auzoraino egin nahi den tranbiaren luzapena «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlanean» dago.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana». Ebazpen hori 2017ko azaroaren 30ean argitaratu zen EHAAn, ALHAOn eta egunkarietan.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen, berriz ere, «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana», jendaurrean jartzeko beste epe bat emateko, proiektuaren konplexutasun teknikoa eta jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren lehen izapidea egin zen data direla eta. Ebazpen hori 2018ko urtarrilaren 31ko EHAAn, 2018ko otsailaren 2ko ALHAOn eta dagozkion prentsa-iragarkietan argitaratu zen.
Aipatutako izapideetan zehar, hainbat alegazio aurkeztu ziren. Horiek aztertu eta baloratu ondoren, ingurumen-organo eskudunarengana jo zen ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioa (IIE) eskatzeko; kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako ingurumen administrazioaren Zuzendaritza. Aipatutako alegazioak banan-banan erantzungo dira.
Egin diren alegazioak eta, zehazki, administrazio honek egoki iritzi dienak kontuan harturik, erabaki da Salburua auzoko iparraldeko azken zatiaren trazadura aldatzea, tartean sartuta dauden erakundeekin bat eginez. Aldaketa puntual honek ez du funtsezko aldaketarik eragiten egingo den proiektuan. Aldaketa egin da Salburua Burdinbide auzo-elkartearen alegazioan egindako proposamena jasotzeko. Proposamenean eskatzen zuten Juan Carlos I.a etorbideko geralekuaren kokapena aldatzeko; orain, Juan Carlos I.a etorbidearen eta Salburuako bulebarraren arteko bidegurutzean dago, eta Juan Carlos I.a etorbidean erdirago legokeen geraleku bat egitea proposatzen dute, bidaiari gehiagok har dezaten tranbia.
Horrez gain, Vitoria-Gasteizko Udalak egin duen alegazioko proposamena jaso da. Eskatzen zuten azken geralekua Juan Carlos I.a etorbidean jartzeko, Parisko etorbidearen ondoan, Aerodromoaren pasealekutik sartuta Europar Batasunaren plaza igaro ondoren Salburuako bulebarretik irten eta gero.
2019ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez (2019ko otsailaren 8an EHAA), «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana» delakoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa izan zen, eta proiektua egiteko zenbait baldintza lotesle ezarri ziren.
Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren B apartatuak honela dio:
«Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko zaio.
Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak».
Esku artean dugun kasua aldaketa puntual bat da, eta ez da ingurumen-inpaktuaren Azterlana aldatzeko eta ingurumen-izapide berri bati hasiera emateko bezain nabarmena.
Kontuan izanik aldaketa hori interes orokorrekoa izan daitekeela, iritzi da komenigarria dela jendaurreko informazioa berriz izapidetzea, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.8 artikuluari jarraikiz, soilik trenbide-ondorioetarako.
Horretarako, eta, Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduari jarraikiz, informazio-azterlanaren aldaketa puntuala idatzi da, Juan Carlos I.a geralekuaren kokapena aldatzeko proposamena jasotzen duena. Hala, geralekuaren eragin-eremua orekatuagoa izango da.
Aurreikusitako trazadurak 2.500 metrotako gutxi gorabeherako luzera du eta La Floridako geralekuko maniobra-eremuaren ostean hasi eta Florida kaleko iparraldetik igaroko da. Jacinto Benavente kalearekin dagoen bidegurutzearen ondoren, Iliada pasealekutik jarraituko du. Iparralderantz joko du 90ºko biraketa eginez, Salburuako bulebarreko mendebaldean sartzeko eta, hortik, Europar Batasunaren plazarantz abiatuko da. Brusela hiribidea gurutzatuz, biribilgunea mendebaldetik inguratu eta gero Salburua bulebarretik jarraituko du eta, hortik, Aerodromoko ibilbidetik desbideratuko da. Azkenik, Erroma hiribidea gurutzatuko du eta Juan Carlos I.a hiribidean sartuko da. Salburua auzorako luzapenaren trazadurak bost geraleku izango ditu: Santa Luzia, gizarte-etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.a.
Hauxe da obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua (barnean hartuta gastu orokorrak, industria-mozkina eta BEZa): hogeita hamabi milioi berrehun eta hogeita bi mila laurehun eta hirurogeita bat euro eta laurogeita sei zentimo (32.222.461,86).
Obrak egiteko kalkulatutako epea hogeita lau (24) hilabetekoa da.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektua, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.
Organo honek eskumena dauka Gobernu Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.b) artikuluak.
Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.8 artikuluak ahalbidetzen du informazio-azterlana, aldaketa jakin batzuk eginez gero, jendaurrean jartzeko, 30 egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren ikusmolde orokorraz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.
Ikusi dira aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu behar diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurreko informazioaren izapidera eramatea «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) azterlana. Salburua iparraldea izeneko lanaren aldaketa puntuala», korporazio, elkarte eta partikularrek jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez eta trazaduraren ikusmolde orokorraz alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpen honen azken argitalpenaren biharamunetik hasita.
Epe horretan, informazio-azterlana jendeak ikusteko moduan izango da, aztertu ahal izateko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), Vitoria-Gasteizko Udalean eta www.euskadi.eus web-orrian, hain zuzen ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio/Azpiegiturak Ataleko Proiektuen jendaurreko informazioaren atal honetan:
http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garraioak/trenbide-azpiegiturak/
Honen berri eman da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 27a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.