EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019048

23/2019 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Parke Teknologikoa-Teknologi Elkartegia S.A.rekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ezkerralde/Meatzaldeko Parke Teknologikoko sarbidea egokitu, urbanizazioaren lehenengo fasea egin eta hornitutako eraikin bat eraikitzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201900023
Xedapenaren data: 2019-03-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201901258
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Parke Teknologikoa-Teknologi Elkartegia S.A.rekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ezkerralde/Meatzaldeko Parke Teknologikoko sarbidea egokitu, urbanizazioaren lehenengo fasea egin eta hornitutako eraikin bat eraikitzekoa. Eranskin modura doa.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 4KO 23/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN (EKONOMI ETA LURRALDE-GARAPENA SUSTATZEKO SAILA) ETA PARKE TEKNOLOGIKOAREN (TEKNOLOGI ELKARTEGIA SA) ARTEKOA, EZKERRALDE/MEATZALDEKO PARKE TEKNOLOGIKOKO SARBIDEA EGOKITU, URBANIZAZIOAREN LEHENENGO FASEA EGIN ETA HORNITUTAKO ERAIKIN BAT ERAIKITZEKO.
Bilbon, 2019ko otsailaren 22an.
Alde batetik,
M.ª Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta ordezkaritzan, Ogasun eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuaren bidez egindako izendapena dela bide, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 13ko 159/2017 Dekretuan ematen zaizkion eskumenak baliatuz.
Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ogasun eta Ekonomiako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta ordezkaritzan, Ogasun eta Ekonomiako sailburua izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 30/2016 Dekretuaren bidez egindako izendapena dela bide, eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuan ematen zaizkion eskumenak baliatuz.
Beste batetik,
Imanol Pradales Gil jauna, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta ordezkaritzan, 2018ko abenduaren 11ko Gobernu Kontseiluaren erabakia betez.
Bestalde,
Javier Zarraonandia Zuloaga jauna (NAN: 15385643T), Parke Teknologikoaren (Teknologi Elkartegia SA) izenean eta ordezkaritzan, presidente den aldetik (IFZ: A48177752), Manuel López Pardiñas Bilboko notarioaren aurrean 2016ko abenduaren 20an egiletsitako ahalordearen arabera (protokolo-zenbakia: 3.413).
Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartu diote elkarri, eta, horren arabera, hauxe
AZALTZEN DUTE
I.– Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.25 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena dira Euskadiko jarduera ekonomikoaren sustapena, garapen ekonomikoa eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2011 Dekretuak, 1. artikuluan, honako hauek ezartzen ditu Sail horren eginkizun eta jarduketa-eremuen artean: industria-politika eta enpresa-lehiakortasuna, eta berrikuntza eta teknologia.
Bestalde, Euskadiko Ondarearen Legearen testu bateginaren 120.2 artikuluaren arabera, aipatu lege-testu horren 118. artikuluan araututako ondare-hitzarmen batez ari garenez, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokio hitzarmena sinatzeko eskumena.
II.– Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-erakundeen hautaketa, antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren 17. artikuluak Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkion eskumenak arautzen ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiaren otsailaren 9ko 16/2016 Foru Dekretuak, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren egitura organikoaren erregelamendua onartzen duenak, aipaturiko sailari esleitzen dio errepide eta bideak planifikatu, proiektatu, eraiki, kontserbatu, aldatu, finantzatu, erabili eta ustiatzeko eskumen esklusiboa; bai eta enpresen sustapenarekin zerikusia duten jarduera guztiak bultzatu eta garatzea; enpresa berriak sortzea eta kultura ekintzailea sustatzea; enpresak dibertsifikatzea eta sortzen eta hazten ari diren sektoreak sendotzea; lehiakortasuna hobetzea eta industria sustatzea.
III.– Parke Teknologikoa (Teknologia Elkartegia SA) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailera atxikitako enpresa publikoa da, eskritura publiko bidez sozietate anonimo gisa eratu zena, 1985eko irailaren 30ean. Sozietateari industria-sustapenerako eta birmoldaketarako eta Teknologia Elkartegia SAn partaidetza hartzeko baimena ematen dion irailaren 24ko 288/1985 Dekretuak eskatzen duenari jarraikiz, aurretiko baimena eskatu ostean hasi zituen bere jarduerak.
Sozietatearen xedea da industria-ekimena eta inbertsioa piztea eta sustatzea, industria-pabiloien multzo bat eraikiz eta azpiegiturak instalatuz eta higiezinen ekipamendua hornituz. Pabiloien ustiapena kudeatuko du, errentamenduz, jabetza transferituz edo beste molde batzuez ere; adibidez, prekarioan emanez. Lokalak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatuko ditu, eta bertan finkatu nahi duten enpresak gonbidatu eta hautatuko ditu: enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egingo dituzte, batez ere produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren (hardware eta software) alorretan. Horrelako instalazioetan behar diren zerbitzuen kudeaketa iraunkorra eta ustiapena beteko ditu: testu-prozesua, telexa, ordenagailuz marraztea, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuaren alokairua, bulegoetako makineria, batzar-aretoak, eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.
IV.– Bizkaiarentzat interes orokorrekoa da Ezkerralde/Meatzaldeko Parke Teknologikoa eraikitzea, teknologiaren eta berrikuntzaren garapenari erabakitasunez laguntzeko, modu jasangarrian, enpresen, agente teknologikoen eta unibertsitateen artean ezagutza trukatuta eta teknologiaren transferentzia bideratuta, krisi ekonomikoak gogor ukitutako eremuan 4.0 industriaren garapena bultzatuta, eta kalitate handiko espazioak eta instalazioak eta balio erantsiko zerbitzuak eskainita.
V.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluak (VI. kapituluan) xedatzen duenez, «hitzarmenak dira ondorio juridikodun akordio batzuk, administrazio publikoek, haiei lotutako edo haien mendeko organismo publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek edo unibertsitate publikoek beren artean edo zuzenbide pribatuko subjektuekin sinatuak, xede komun bat lortze aldera».
Era berean, lege-testu beraren 48.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, hitzarmenak sinatuz kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu beharko da, bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztu, erabilgarritasun publikoko jarduerak egin daitezen lagundu, eta aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako legeria bete.
VI.– Hitzarmen honen helburuak honako hauek dira: A-8 eta N-639 foru-errepideak egokitzea (aurrerantzean, «Sarbidea egokitzea»), Ezkerralde/Meatzaldeko Parke Teknologikoaren lehenengo urbanizazio-fasea eta hornitutako eraikin bat eraikitzea, bai eta alderdiek onartzen dituzten baldintzak eta konpromisoak ezartzea ere.
Bada, goian azaldutakoarekin bat, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera arautuko dena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xede da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren (Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila) eta Parke Teknologikoaren (Teknologi Elkartegia SA) arteko lankidetza, Ezkerralde/Meatzaldeko Parke Teknologikoko sarbidea egokitu, urbanizazioaren lehenengo fasea egin eta hornitutako eraikin bat eraikitzeko.
Hitzarmen honen arabera gauzatutako inbertsioen titulartasunak honela banatuko dira:
Bigarrena.– Alderdiek beren gain hartutako betebehar eta konpromiso ekonomikoak.
2.1.– Bizkaiko Foru Aldundiak honako konpromiso hauek hartzen ditu, hitzarmen honen esparruan:
– Bere kabuz edo bere bitartekoen bidez, A-8 eta N-639 foru-errepideak Parke Teknologikoaren urbanizazioarekin lotzeko egokitzapen-obrak zuzentzea eta gauzatzea. Egokitzapen-lanak gauzatzeari dagokionez, Aldundia arduratu beharko da obrak gauzatuko diren lurrak erabili ahal izateko beharrezko diren izapideak eta jarduketak egiteaz.
– Bere kabuz edo bere bitartekoen bidez, proiektua idaztea eta hornitutako eraikinaren eraikuntza-obrak zuzentzea eta gauzatzea.
– Hitzarmen honen xede diren jarduketak finantzatzea, 2.4 klausulan jasotakoarekin bat etorriz.
– Bizkaiko Foru Aldundiak edo bere bitarteko batek kudeatuko du hornitutako eraikinaren zati Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunaren pean geratuko dena, ustiapena errentamenduz kudeatuz. Horrek esan nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak edo bere bitartekoak ez diola gasturik jasanaraziko Eusko Jaurlaritzari.
2.2.– Parke Teknologikoa / Teknologi Elkartegia SA:
– Bizkaiko Foru Aldundiaren esku uztea A-8 eta N-639 foru-errepideak Parke Teknologikoko urbanizazioarekin lotzeko egokitzapen-obren proiektua (LKS enpresak idatzia); bertan oinarrituta, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazitako egokitzapen-lanak gauzatu ditzan.
– Ezkerraldea/Meatzaldeko Parke Teknologikoa martxan jartzeko lehenengo urbanizazio-fasea gauzatzea, lurralde- eta hirigintza-antolamendurako egokiak diren tresnak baliatuz.
– Hitzarmen honen xede diren jarduketak finantzatzea, 2.4 klausulan jasotakoarekin bat etorriz.
– Lurzati bat bereiztea, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunean geldituko den hornitutako eraikin-zatiaren azalerarekin bat etorriko den azalerarekin.
– Aldez aurretik bereizitako lursailaren gaineko azalera-eskubide erreala Eusko Jaurlaritzari (% 50ean) eta Bizkaiko Foru Aldundiari (% 50ean) lagatzea, 75 urterako. Eskritura publiko bidez gauzatuko da, notario aurrean, eta Jabetzaren Erregistroan inskribatu.
2.3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
– Ezkerraldea/Meatzaldeko Parke Teknologikoaren sustapena babestea, eta, parke teknologikoei, talentua erakartzeari, EIC teknologien bultzadari eta abarri dagokienez, Eusko Jaurlaritzak autonomia-erkidego mailan zein hortik kanpo burutzen dituen sustapen-jarduketa guztietan sartzea eta interes orokorreko zientzia eta teknologiari buruzko lankidetza-aukerak proposatzea.
– Parke Teknologikoa azpiegitura eta ezagutza, berrikuntza eta garapen ekonomikorako eremu gisa hartzea; Bizkaian hazkunde ekonomikoa eta enplegua suspertzeko asmotan, hazkunde adimentsurako bere estrategietan sartuta.
– Hitzarmen honen xede diren jarduketak finantzatzea, 2.4 klausulan jasotakoarekin bat etorriz.
2.4.– Adostutako finantzaketa:
– Hitzarmen honetan aipatzen diren jarduketek guztizko zenbateko hauek dituzte:
– Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Parke Teknologikoak (Teknologi Elkartegia SA) honako zenbateko hauek emango dituzte jarduketak finantzatzeko:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak obren eta horniduren erritmoaren arabera egotzi ahal zaizkion ekarpenak emango ditu, eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko funtsak dituela segurtatuko du.
– Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak edo hark bere bitartekoetatik zehaztutakoak, Administrazio Orokorrari aurkeztuko diote justifikazio-txosten bat, ordainketak edo hirugarrenei ordaintzeko beharrak sortu dizkioten eta hitzarmen honen xedea betetzeko beharrezkotzat jotzen diren dokumentu ekonomikoei buruzkoa.
– Administrazio Orokorrak konpromisoa hartzen du dagokion proportzioan ordainduko dituela hala justifikatu eta eskatu diren zenbatekoak; ordaindu ere, gastuei behar bezala aurre egiteko funtsak daudela bermatzeko egokiak diren forman eta epean.
– Hitzarmena betearaztearen ondoriozko gastutzat eta, beraz, alderdiek egindako finantza-ekarpenekin finantzatu ahal diren gastutzat joko dira hauek: indarrean dagoen araudiarekin bat behar bezala justifikatuta daudenak, hitzarmenaren likidazio-datan ordainduta daudenak, beharrezkoak direnak eta batere zalantzarik gabe bat datozenak lagundutako jardueraren izaerarekin eta hitzarmenaren xedearen garapen normalarekin.
2.5.– Hiru alderdi sinatzaileek adosten dute Bizkaiko Foru Aldundiak bere baliabide propioak erabiliz hornitutako eraikina eraikitzeko agindua emango duela, lankidetza/kooperazio horizontaleko araubidean, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 31.1.b artikuluan ezarri denarekin bat. Halaber, alderdiek adosten dute baliabide propio horrek kudeatuko duela hornitutako eraikinaren zati Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunaren pean geratuko dena.
Hirugarrena.– Alderdiek hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzearen ondorioak.
Aurreko apartatuetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak hitzarmen hau suntsiaraztea ekarriko du, honako ondorio hauekin:
– Hitzarmenaren likidazioa.
– Egikaritzen ari diren jarduketak badaude, alderdiek, hitzarmenaren jarraipen-, zaintza- eta kontrol-batzordeak proposatuta, erabaki ahal izango dute jarduera horietatik egoki iritzitakoei jarraipena eta amaiera ematea. Horretarako, luzatu ezin den epea ezarriko dute amaierarako, eta hori igarotakoan, jarduerei dagokien likidazioa egin beharko da.
Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.
Alderdi sinatzaileek bereganatu dituzten betebeharrak betetze aldera, bai eta antolamendu juridikoak ezarritakoak ere, hitzarmen honen xedea behar bezala bete dadin eta hitzarmena bera egoki aplikatu dadin, jarraipen-batzorde bat eratuko da, kide hauek izango dituena: Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko bi (2) ordezkari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko bi (2) ordezkari, Parke Teknologikoko (Teknologi Elkartegia SA) ordezkari bat (1) –edo aipaturikoek izendatzen dituzten pertsonak–, eta batzordearen idazkaritza burutuko duen pertsona bat (1).
Batzordeburua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkarietako bat izango da.
Batzordearen idazkaritzari dagokionez, kargu hori beteko duen pertsona gehiengo soilaren bidez hautatuko dute batzordeak egingo duen lehen bileran.
Batzordea, hilean behin bilduko da gutxienez, aurrez aurre edo urrutitik. Nolanahi ere, hitzarmena indarrean den artean, beste bilera batzuetarako deia ere egin daiteke, alderdietako edozeinek eskatuta.
Organoaren batzordea baliozko moduan era dadin, ondokoak izan beharko dira, aurrez aurre edo urrutitik: presidentea eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkariak), eta, gutxienez, batzordekideen erdiak.
Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira.
Batzordeko kide guztiek boto-eskubidea izango dute, idazkariak izan ezik; azken horrek hitz egiteko eskubidea izango du bakarrik, indarrean dagoen legerian ezartzen denari jarraikiz.
Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:
– Hitzarmenaren sinatzaileen arteko lankidetzarako bide izatea.
– Hitzarmenaren interpretazio-arazoak ebaztea.
– Hitzarmena gauzatzen dela eta alderdiek hartutako konpromisoak betetzen direla jarraitu eta kontrolatzea.
– Hitzarmenaren bosgarren klausulan aipatzen den justifikazio-kontuaren edukia ikuskatu eta berrestea, eta, hala dagokionean, dokumentazio osagarria edo beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzea.
– Hitzarmenaren indarraldiaren amaieran, hitzartutako jarduketak egiaztatzeko akta bat egitea.
– Hitzarmena suntsiarazteko kausaren bat ematen denean egikaritzen ari diren jarduketak badaude, batzordeak erabaki ahal izango du jarduera horietatik egoki iritzitakoei jarraipena eta amaiera ematea. Horretarako, luzatu ezin den epea ezarriko du amaierarako, eta hori igarotakoan, jarduerei dagokien likidazioa egin beharko da.
Hitzarmenak jarraipen-batzordeari buruz beren-beregi xedatu gabekoetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean jasotako kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.
Bosgarrena.– Exekuzioa edo egikaritzea justifikatzeko epea eta modua.
Urte bakoitzeko lehenengo sei (6) hilabeteetan, hau aurkeztu beharko zaio jarraipen-batzordeari: aurreko urtean gauzatu ziren eta hitzarmen honen xede diren jarduketak bete izana justifikatzeko dokumentazioa.
a) Finantza-ekarpenik ez duten konpromisoak.
Gauzatutako jardueren memoria egitea, hitzartutako konpromisoak zein heinetan bete diren egiaztatuta, egindako jardueren azalpena eta lortutako emaitzak jaso behar direlarik.
b) Finantza-ekarpena dakarten konpromisoak.
Justifikazio-kontuaren modalitatearen arabera egingo da justifikazioa, gastuaren egiaztagiria ekarrita; beraz, honako hau da aurkeztu behar den dokumentazioa:
a) Jarduketen memoria bat, hitzartutako konpromisoak bete izana justifikatzekoa, hauek adierazita: egindako jarduerak eta lortutako emaitzak.
b) Memoria ekonomiko bat, hitzarmena gauzatzearen ondoriozko gastuak egiaztatzekoa. Memoria horretan, honako agiri hauek jasoko dira:
1.– Hitzarmenaren xede den proiektuari egotzitako sarreren eta gastuen egoera-orria.
2.– Aurreko 1. apartatuan adierazitako gastuen egoera-orria osatzen duen partida bakoitzerako, jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa aipatuz, bai eta zenbatekoa, emate-eguna eta, hala badagokio, ordainketa-eguna ere.
3.– Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-indar baliokidea duten edo administrazio-eraginkortasuna duten agiriak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan sartzen direnak; eta, hala badagokio, ordainketaren frogagiria.
4.– Alderdiek eskuratu behar dituzten ondasun higiezinei dagokienez, dagokion erregistro ofizialean behar bezala inskribaturiko eta egiaztaturiko tasatzaile independentearen ziurtagiria.
5.– Bigarren apartatuan aipatutako zerrendan jasotzen diren kostu orokorrak eta banatu daitezkeenak banatzeko irizpideei buruzko adierazpena.
6.– Zerrenda xehatua, aurreko 1. apartatuan adierazitako sarreren egoera-orria osatzen duen partida bakoitzeko, kontuan hartuta, halakorik bada, jarduera finantzatu duten dirulaguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabideak, zenbatekoa eta jatorria ereadierazita.
7.– Bizkaiko Foru Aldundiak hala zuzenean nola bere baliabide propioen edo zerbitzu teknikoen bidez egingo duen kontratazioan Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritakoa bete beharko du; bereziki, gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen ez baditu. Gastua egingo duen alderdiak, zerbitzuaren prestaziorako konpromisoaren edo ondasuna ematearen aurretik, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie hornitzaile desberdinei.
Seigarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.
Hitzarmen hau alderdien adostasunez aldatu ahalko da, haren xedea hobekien gauzatzeko bada. Aldaketak egiteko, hitzarmena sinatzeko ezarritako izapide berberak jarraitu behar dira.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean, eta horrela iraungo du hitzarmenaren xede diren obrak jaso eta likidatzen diren arte. Hala ere, gehieneko iraunaldia ez da 4 urte baino gehiago izango. Behin epe hori igarotakoan, aho batez erabaki ahalko da hitzarmena lau urte gehiagoz luzatzea ala azkentzea.
Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzea.
Hitzarmen hau bere xedeko jarduerak betetzeagatik edo suntsiarazteko arrazoiren batengatik azkenduko da.
Hitzarmen hau suntsiarazteko zioak izango dira:
– Indarraldia igarotzea hitzarmena luzatzeko erabakirik hartu gabe.
– Sinatzaileen aho batezko erabakia.
– Alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzea.
– Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen ebazpen judiziala.
– Legez ezarritako beste edozein arrazoi.
Hitzarmenak suntsiaraztearen ondorioak.
a) Hitzarmena amaituta eta/edo suntsiarazita, likidazioa egingo da, alderdi bakoitzak bere betebeharrak eta konpromisoak bete dituen aztertzeko.
b) Sinatzaileek ekarpenak egiteko konpromisoa hartu dutenez, ekarpen horiek ezingo dira hitzarmena betearaztearen ondoriozko gastuak baino altuagoak izan. Likidaziotik ondorioztatzen bada finantzaketa jaso duenak gauzaturiko jardueren zenbatekoa txikiagoa dela gauzatze hori finantzatzeko gainerako alderdiek eman dioten zenbatekoa baino, jasotzaileak gaindikina itzuli beharko die gainerako alderdiei, dagokien proportzioan itzuli ere, hilabeteko epean, likidazioa onartzen denetik.
Hilabete hori igarotakoan ez badu itzulketarik egin, hau ordaindu beharko zaie alderdi horiei, hilabeteko epean baita ere, une horretatik hasita: aipatutako itzulketari aplikatu behar zaion berandutze-interesa. Berandutze-interesa gastu publikoa eta sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera arautzen dituzten xedapen orokorretan jasotzen dena izango da.
c) Aldiz, egin diren jarduketen zenbatekoa handiagoa balitz hitzartu den proiektuari egozteko moduko sarrerak baino, gainerako alderdiek, hilabeteko epean – hitzarmenaren likidazioa onesten den egunetik zenbatzen hasita–, bakoitzari dagokion aldea edo diferentzia jarri beharko dute, muga honekin: hitzarmenaren arabera bakoitzak hitzartutako zenbatekoa.
Bederatzigarrena.– Datuen babesa.
Sinatzaileek honako hauetan ezarritakoa betetzea hitzartzen dute: 2016/679 Erregelamendua ((EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta aurretik aipaturiko legea garatzeko arautegia onesteko abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua.
Hamargarrena.– Gardentasuna eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari igortzea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Hitzarmen hau onetsi eta Batzar Nagusiek berretsi ondoren, BFAren Gardentasunaren Atarian argitaratuko da, hala xedatu baitu Bizkaiko Gardentasunari buruzko otsailaren 17ko 1/2016 Foru Arauaren 9.1.e) artikuluak 3.3 artikuluarekin lotuta.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartu beharko du hitzarmena; Legebiltzarrera igorri beharko da, eta Gardentasuneko Atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Hori guztia, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuan ezartzen denari jarraikiz.
Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 53. artikuluan ezarritakoa betetze aldera, hitzarmen hau sinatu osteko hiru (3) hilabeteetan elektronikoki igorri beharko zaio Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
Hamaikagarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna.
Esku hartzen duten alderdiek genero-ikuspegia txertatuko dute hitzarmen honen harira dagozkien jarduketa guztietan, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2018 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.– Araubide juridikoa.
Lankidetza-hitzarmen honek izaera administratiboa du, horrela xedatzen baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan.
Hitzarmen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren 169/2014 Foru Dekretuaren 46. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen ditu. Horren bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontuei buruzko Araudi Orokorra onesten da, Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina garatzen duena.
Era berean, testua bat dator maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin (Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena).
Hitzarmena garatu eta betearazi bitartean alderdien artean auzirik sortuz gero, laugarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordean ezin ebatzizkoa, administrazioarekiko auzietarako jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatu denarekin bat.
Hitzarmen honetan xedatu ez den orori dagokionez, hauek aplikatuko dira: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legea, Aurrekontuei buruzko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina eta horren erregelamendua onesten duen abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretu Arauemailea eta aplikatu beharreko beste edozein xedapen.
Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,
María ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko Foru-Diputatua,
IMANOL PRADALES GIL.
Parque Tecnológico/Teknologi Elkartegia SA-ko Presidentea,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.