EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019048

20/2019 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lasarte-Oriako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lasarte-Oriako Oria Gain Eremuan alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900020
Xedapenaren data: 2019-03-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201901257
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lasarte-Oriako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lasarte-Oriako Oria Gain Eremuan alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 1EKO 20/2019 EBAZPENARENA
Lankidetza Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren, eta Lasarte-Oriako Udalaren Artekoa alokairuko babes Sozialeko Etxebizitzen sustapena Lasarte-Oriako Udal-Mugartean, «A-37 Oria Gain» Hea eremuan.
Lasarte-Oria, 2019ko otsailaren 15a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Eta bestetik, Jesús M.ª Zaballos De Llanos jauna, Lasarte-Oriako alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta bigarrena, Lasarte-Oriako alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2019ko otsailaren 12an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.
6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Lasarte-Oriako Udalak– elkarrekin esku-hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.
Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta toki erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena.– Lasarte-Oriako Udalak 1990ko ekainaren 5an notarioaren aurrean formalizatu zen salerosketaren bitartez «Oria-Garaicoa» izeneko Baserriari lotutako lurrek osatzen duen hurrengo landa-finka erosi zuen. Eskritura horretan jasotzen denaren arabera finka hori hurrengo lurrek osatzen dute:
– Lehena, 96 area eta 46 zentiarea, eta 19 area eta 90 zentiareako neurria duena.
– Bigarrena, 105 area eta 42 zentiarea eta 14 area eta 69 zentiareako neurria duena.
– Hirugarrena, 60 area eta bi zentiarea eta 19 area eta 43 zentiareako neurria duena.
– Laugarrena, 37 area eta hirurogeita hamazortzi zentiarea dituena.
– Bostgarrena, 272 area eta 72 zentiarea dituena.
– Seigarrena, 142 area eta 28 zentiareako neurria duena.
– Zazpigarrena, 168 area eta 40 zentiarea dituena.
Aipatutako finka Lasarte-Oriako Jabego Erregistroan dago inskribatua, hain zuen, 1325. Liburukia, 21. Folioa, 12. finka, 1. Inskripzioa, 2. Liburua. Data 1994-07-02.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, 2003ko abenduaren 30eko batzarraldian, hurrengo erabakia hartu zuen: behin betiko onartzea Lasarte-Oriako Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspena, Terasategi-33. Hirigintzako Esku-Hartze Areari zegokion onarpena izan ezik.
Hala ere, erabakian ezartzen denez, eremu batzuei dagokienez (horien artean A.37. Oria Gain eremu hiritargarria dago), behin betiko onespen erabakia ez zen eraginkorra izango Eusko Jaurlaritzaren bidezko baimena eskuratu arte, hau da, Eusko Legebiltzarraren 17/94 Legean, etxebizitza gaietan eta hirigintzako plangintza eta kudeaketarako tresnen tramitazioan hartu beharreko premiazko neurriei buruzko 5.2 artikuluan aurreikusten den baimena eskuratu arte, alegia.
Gainera, erabaki horretan ezarri zen Lasarte-Oriako Udalak beste agiri bat onartu behar zuela, espedienteari buruzko erabakiak eta dokumentuak bategin eta erabakian adierazitako baldintzak beteko zituena eta, ondoren, dokumentu hori Foru Aldundira bidali behar zela.
Diputatuen Kontseiluak, 2005eko martxoaren 8ko batzarraldian, hurrengo erabakia hartu zuen: Behin betiko onartzea Lasarte-Oriako Hiri Antolaketako Arauen Testu Bategina.
Aipatutako agirian A.37-Oria Gain Hirigintzako Esku-hartze Area aurreikusten da, 23.411 metro karratuko azalera duena. Bizitegi garapen berri bat aurreikusten da, egun gehienbat erabilera zehaztugabea duen Oria Gain baserriaren zabaldegian, larre eta baratzean kokatua; titulartasuna erabat udalarena den partzelaren gainean. Eremu honen garapenak Plazaolako Parkea espazio libreen sistematzat lortzea ahalbidetuko du.
Testu Bategin horretan zehazten denaren arabera, eremuko plangintza garatu eta exekutatzeko Plan Partziala da. Agiri horretan zonakatze xehatuko baldintzak nahiz eraikitze, jabari eta erabilerakoenak, hiriko zerbitzuen hiritartze eta azpiegitura obrei dagozkienak, eta izaera juridikoa duten hirigintza kudeaketa eta exekuzioenak jaso beharko dira.
Laugarrena.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluak adierazten duenez, Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, etxebizitzak babes publikoko araubide bati atxikita eraikitzeko kalifikatu ahal izango dira lursailak. Betiere, legearen 80. artikuluan aurreikusita dauden gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar den lurzoru-kalifikazioa egin beharko da gutxienez.
Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:
a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.
b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.
Bosgarrrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitzaren alorrean dituen eskumenak erabiliz, lurzorua behar du etxebizitza behar handiak dauden udalerrietan, haien artean Lasarte-Oria, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko, errenta gaitasun txikia duten eta etxebizitzaren merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten familientzat, pertsonentzat, bizikidetza unitateentzat edo gazteentzat.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Lasarte-Oriako Udalak uste dute etxebizitza publikoa udalerrian sustatzeko gauzatzen duten politika bateratua osatu egin behar dela babes sozialeko etxebizitzen sustapen berrien exekuzioarekin.
Hartara, Lasarte-Oriako Udalak doan lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari bere titulartasuneko «A-37 Oria Gain» HEA osatzen duen partzela. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak agiri honetan aurreikusten diren babes sozialeko etxebizitzen sustapena burutuko du.
Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko 2/2007 legeak, azaroaren 6koak, bere testu bateginean horretarako xedatutakoa beteko da.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.
Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehena: Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Lasarte-Oriako udal-mugartean alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzea, Lasarte-Oriako udal-mugartean, A-37 Oria Gain eremuan.
Bigarrena.– Lasarte-Oriako Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute «A-37 Oria Gain» HEA eremua osatzen duen 12. Lursaila Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak alokairurako babes sozialeko etxebizitzen sustapenerako erabiltzea.
Lasarte-Oriako Udalak aipatutako lursaila lagatzeko konpromisoa hartzen du, inolako kargarik gabe, doaneko lagapena egiteko beharrezko erabakia hartuta.
Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.
Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu Hitzarmen honek xede duen lursaila doaneko lagapenaren bidez eskuratzeko ondare jardueraren eskriturek eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak eragindako gastuak.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:
– Lankidetza-hitzarmen honetan aurreikusten diren alokairurako babes sozialeko etxebizitzen obrak kontratatzea eta exekutatzea.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du etxebizitzekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, betiere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.
– Hitzarmen honetan aurreikusten diren alokairurako babes sozialeko etxebizitzen sustapenaren eremuaren urbanizazio obrak kontratatzea eta exekutatzea.
– Hitzarmen honen objektu diren babes sozialeko etxebizitzen sustapena eta eremuaren urbanizazio obrak exekutatzeko beharrezkoak diren agiri teknikoak idaztea (Plan Partziala, Oinarrizko Proiektua eta Exekuzio Proiektua).
– Hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzea, hau da, horiei balioa emateari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago).
– Obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko neurri egokiak hartzea, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran uztea.
Klausula honetan jasotzen diren jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.
Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasun eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarritasunen baldintzapean egongo dira.
Laugarrena.– Lasarte-Oriako Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:
– Hitzarmen honetan aurreikusten den sustapena ahalbidetzen duten planeamenduko agiri teknikoak kudeatzea eta onartzea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eskaria luzatu duenetik eta sei hilabeteko epearen barruan.
– Eraikuntza eta urbanizazio obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak eskatu duenetik hasita.
– Partzelari dagokion segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailaren alde egin behar den lagapena eskritura publikoan formalizatu arte.
– Babes sozialeko etxebizitzen sustapenari eta dagokion urbanizazio obrei aplikatu beharreko Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren Gaineko Zergaren kitapenean % 50eko hobaria ematea. Hobari hori aipatutako zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalean aurreikusten da babes ofizialeko etxebizitza, lokal eta garajeen kasuan, beti ere zerga sortzen denean indarrean dagoen ordenantza fiskalean aurreikusten bada.
– Ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak lehengoratzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.
Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Lasarte-Oriako Udalak ordainduko ditu.
Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Lasarte-Oria dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.
Hala ere Lasarte-Oriako Udalak Programa horretan barne hartutako babes publikoko etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.
Esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du Donostialdeako Eginkizun-Arloko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako aginduaren bidez
Seigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Aipatutako Jarraipen Batzorde hori lau kidez osotuko da. Alderdi bakoitzak bi proposatuko ditu.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamenduak Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.
Zazpigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.
Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.
Zortzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.
Hamargarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.
Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bideraezina bada.
Eraikina ez bada Hitzarmen honetako Hirugarren klausulan jasotzen den epean eraikitzen edo eraiki arren ez bazaio alokairuko babes sozialeko etxebizitzen erabilerari eusten hurrengo 30 urteetan, Udalak lagapena bertan behera utzi ahalko du, eta, ondorioz, dagozkion izapideak egin ondoren, lurzatia eta, hala badagokio, eraikuntza Udalari itzultzea erabakiko da.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Lasarte-Oriako Alkate Lehendakaria,
JESÚS M.ª ZABALLOS DE LLANOS.