EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019047

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 21ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako lau irakurle hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Xedapenaren data: 2019-02-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201901229
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako instituturako: «Euskal Kultura hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Bartzelonako Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (Katalunia-Espainiar Estatua), Veneziako Ca’Foscari Unibertsitateko eta Boloniako Alma Mater Studiorum Unibertsitateko (Italia), Santa Barbarako UCSB Unibertsitateko (AEB) eta Chicagoko Unibertsitateko (AEB) irakurleak hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.
Hori dela eta, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzea, unibertsitate hauetan aritzeko:
– Irakurle bat Bartzelonako UAB eta UB unibertsitateetarako.
– Irakurle bat Italiako Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetarako.
– Irakurle bat Amerikako Estatu Batuetako Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako.
– Irakurle bat Amerikako Estatu Batuetako Chicagoko Unibertsitaterako.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:
– Bartzelonako UAB eta UB unibertsitateetarako: hogei mila (20.000) euro ikasturteko.
– Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetarako: hogeita bi mila eta ehun (22.100) euro ikasturteko.
– Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako: hemeretzi mila eta zortziehun (19.800) euro.
– Chicagoko Unibertsitaterako: hogeita bost mila bederatziehun eta hamasei (25.916) dolar ikasturteko.
Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.
Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da, Chicagoko Unibertsitatearen kasuan izan ezik, kasu horretan dolarretan izango da. Euroak beste dibisekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango Etxeparek egindako ordainketaren kopuru ekonomikoan.
Kontuan hartu behar da sinatutako hitzarmenaren arabera Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak 20.000 dolarreko ekarpena egingo duela ikasturteko irakurlearen soldata osatzeko, eta Amerikako Estatu Batuetako araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela. Baita ere, kontuan hartu behar da, indarrean dagoen hitzarmenaren arabera, Veneziako Ca’Foscari Unibertsitateak indarrean dagoen hitzarmenaren arabera ikasturteko 2.000 euroko ekarpena egingo duela irakurleak antolatutako ekintzak sustatzeko. Halaber, Chicagoko Unibertsitateak indarrean dagoen hitzarmenaren arabera irakurlearen soldata osatzeko ikasturteko 7.130 dolarreko ekarpena egingo duela ere kontuan izan behar da.
3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
Bartzelonako Unibertsitaterako eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomorako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea eta Katalaneko B2 maila izatea. Azken maila hori titulu bidez egiaztatu ezean, Bartzelonako Unibertsitateko ordezkariek eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ordezkariek hautagaiak elkarrizketatu ditzakete maila hori duten ala ez frogatzeko. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetarako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea eta Italierako B2 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea eta gutxienez Ingeleseko C1 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Chicagoko Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea eta gutxienez Ingeleseko C2 maila edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.
1.– Bartzelonako Unibertsitaterako eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomorako:
Eskola orduak: Bartzelonako Unibertsitatean ikasturte osoan 320 eskola ordu emango ditu eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan irakurleak asteko 6 orduko lan karga izango du.
2.– Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetarako:
Eskola orduak: gehienez 160 orduko lan-karga Veneziako Unibertsitatean eta 120 orduko lan-karga Boloniako unibertsitatean.
3.– Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako:
Eskola orduak: euskara eta euskal kulturako 6 ikastaro espezializatu eskainiko ditu, ikasturteko. Guztira 450 orduko lan-karga izango du ikasturte osoan.
4.– Chicagoko Unibertsitaterako:
Eskola orduak: guztira euskara eta euskal kultura irakaskuntzan 4 ikasgai emango ditu, 132 orduko lan-karga izango du ikasturte osoan. Horretaz gain, lanaldi osoko lan-karga osatzeko, gaztelaniazko ikasgaiak emango ditu Unibertsitatean. Espainiar hizkuntzako ikastaroengatik ordaindu beharreko zenbatekoa Chicagoko Unibertsitateak ordainduko du.
Chicagoko Unibertsitateak gaztelaniako atalerako hautaketa prozesu propioa egingo du aldi berean, beraz euskara eta euskal kulturako irakurle hautagaiek Chicagoko Unibertsitateko hautaketa prozesura ere aurkeztu behar dute. Horretarako, webgune honetan sartu https://academiccareers.uchicago.edu, eta #04076 erreferentzia zenbakia aukeratu.
5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.
Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.
Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.
6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromiso hauek onartzea ekarriko du eta honako eskubideak izatea:
– Onartze-agiria sinatzea.
– Emandako ordutegia betetzea.
– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.
Bertaratze datak:
– Bartzelonako Unibertsitatera eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomora 2019ko irailaren 2a baino lehen bertaratzea.
– Boloniako Alma Mater Studiorum eta Veneziako Ca’Foscari unibertsitateetara bertaratzea 2019ko irailaren 9a baino lehen.
– Santa Barbarako UCSB Unibertsitatera bertaratzea 2019ko irailaren 2a baino lehen.
– Chicagoko Unibertsitatera bertaratzea 2019ko irailaren 1a baino lehen.
– 2019-2020ko ikasturtea amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.
– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.
– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.
– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.
7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.
Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio tokian tokiko unibertsitateari egingo dizkio irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.
Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren bulegoan (Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
2.– Eskabideekin batera, hautagaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).
– II. eranskina, behar bezala beteta.
– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.
Hautagaiek aipatzen dituzten merezimendu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak EHAAn eta Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri Word formatuan.
3.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurletzetako presazko beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da, baldin eta hautagaiak lekuan lekuko unibertsitateko irakurletzarako baldintzak betetzen baditu. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.
Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.
9. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko hautapen-batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran, kontuan hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridiko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoei buruz esandakoa.
Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.
10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena baremo hauen arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:
1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza – euskara): 5 puntu.
Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.
2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.
Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.
Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,5 puntu ikasturteko.
3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko irizpide hauen arabera:
A2= 0,25 puntu.
B1= 0,50 puntu.
B2= 0,75 puntu.
C1= puntu 1.
C2= 1,5 puntu.
4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.
Bestelako doktoregoa: puntu 1.
Euskararen arloko masterra: 2 puntu.
Hezkuntzarekin edo hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.
Bestelako masterra: 0,5 puntu.
Atzerriko unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.
IGI-CAP: 0,5 puntu.
Glotodidaktika ikastaroa: 0,5 puntu.
«Excellence in Basque Studies» ikastaroa: 0,25 puntu.
5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.
Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia ondoko ataletan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.
Bartzelonako Unibertsitateari eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoari dagokionez, eta haiek eskatuta, bereziki baloratuko da euskal kultura eta euskal literaturaren irakaskuntza.
6.– Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana.
11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.
Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.
Hautapen-batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merezimenduak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du. Nolanahi ere, Chicagoko Unibertsitateari dagokionez, 4.4 atalean jasotako berariazko baldintza kontuan izan beharko da.
Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio, Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira kasu hauetan:
Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartzen dutenak.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.
Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.
14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.
Hautatuek ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badio, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak posturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren. Etxepare Euskal Institutuak lan-poltsara joko du irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei erantzuteko. Lan-poltsa hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatutako zerrenda izango da, eta hautapen-batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkerari erreparatuko zaio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datuen xedapen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Legezko betebeharrik izan ezean, eta proposatutako hautagaien kasuan, dagokien unibertsitateetara bidaltzeko aukera eragotzi barik, ez zaizkio hirugarren bati lagako.
Interesdunak eskubide hauek ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, datuen eramangarritasunaren eta datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduei aurka egiteko eskubideak eta tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko eskubidea. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, hala badagokio, eskabidea helbide honetara bidalita: Etxepare Euskal Institutua, Datuak Babesteko Ordezkaria, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia, dpd-dbo@euskadi.eus.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2019ko otsailaren 21a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.