EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019047

AGINDUA, 2019ko martxoaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez hautaketa-prozeduretarako deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201901228
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/28an argitaratutako 2019/02/22ko AGINDUA [201901092]

Hezkuntza Sailak, bere eskumenen esparruan eta Gobernua gidatzen duen «Euskadi, auzolana» printzipioari leialtasuna erakutsiz, kalitatezko enplegu publikoa sustatu nahi du, eta egonkortasun handiagoa eman nahi die euskal hezkuntza-sistemako irakasleei; izan ere, uste izatekoa da egonkortasun hori lagungarria izango dela gure gazteen eta, oro har, gure herritar guztien prestakuntza eta hezkuntza hobetzeko garaian.
Helburu hori erdiesteko, Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 5eko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoaren 2017ko bigarren eskaintza onartu zen, zeinean maisu-maistren kidegoko 55 lanpostu jaso baitziren.
Halaber, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko otsailaren 22ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoaren 2019rako eskaintza onartu da.
Aipaturiko bi eskaintzak onartzeko, ekainaren 27ko 3/2017 Legean (2017rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrena) eta uztailaren 3ko 6/2018 Legean (2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrena) ezarri ziren aldi baterako enpleguaren egonkortze-prozesuen esparrua baliatu da.
Otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 16. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoei buruzko Legea) ezarritakoaren arabera, karrerako funtzionario irakasleak hautatzeko sistema oposizio-lehiaketa da, eta aurretik deialdi publikoa egin behar da.
Era berean, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezarritakoaren arabera, administrazio publiko deitzaileek, behin lan-eskaintzak onartuta, lan-eskaintza horietan baimendu diren lanpostuak betetzeko deialdiak egingo dituzte, betiere aplikatu behar zaizkien funtzio publikoko arauak betez –276/2007 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onartzen da, eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sarrerako aldi baterako erregimena arautzen–.
Aipaturiko araudian xedatutakoa betetzeko, agindu honen bidez hautaketa-prozeduretarako deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko.
Sartzeko prozedurari dagokionez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. tituluan eta hirugarren xedapen iragankorrean jasota dauden xedapenak aplikatu behar dira –2017rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legean ezarri ziren aldi baterako enpleguaren egonkortze-prozesuetatik eratorritako sartzeko prozedurei buruzkoa da hirugarren xedapen iragankorra–. Kidegora iristeko prozedurari dagokionez, berriz, IV. tituluan ezarrita dauden xedapenak aplikatu behar dira.
Adierazitako guztiaren babesean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan xedatutakoa bete denez gero, sail honi esleitutako eskumenak baliatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hautaketa-prozeduretarako deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko. Deialdian sartuta dauden lanpostuak hauek dira: Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 5eko Erabakian iragarri zirenak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2019ko otsailaren 22ko Aginduan iragarritakoak –lehenengo erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoaren 2017ko bigarren eskaintza onartu zen, eta, bigarren erabakiaren bidez, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoaren 2019ko eskaintza–.
Bigarrena.– Aipatutako hautaketa-prozedurak arautuko dituzten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion salari, bi hilabeteko epean, aipatutako egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 1a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
OINARRIAK
Aurkibidea:
I. kapitulua: Oinarri orokorrak.
1.– Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta aplikatu beharreko araudia.
II. kapitulua: Parte hartzeko betekizunak.
2.– Parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak ezartzea.
III. kapitulua: Parte hartzeko eskabidea eta dokumentazioa.
3.– Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentazioa aurkezteko egutegia.
IV. kapitulua: Onartutako eta baztertutako izangaiak.
4.– Izangaiak onartzea.
V. kapitulua: Hautaketa-organoak.
5.– Hautaketa-organoak: epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.
VI. kapitulua: Oposizio-fasea.
1. atala: Aurretiazko probak.
6.– Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.
2. atala: Oposizio-faseko proben definizioa eta ezaugarriak.
7.– Oposizio-fasea.
VII. kapitulua: Lehiaketa-fasea.
8.– Dokumentazioa entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.
VIII. kapitulua: Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditzea.
9.– Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.
10.– Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.
11.– Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.
IX. kapitulua: Praktika-fasea.
12.– Praktiketako funtzionario izendatzea.
13.– Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.
X. kapitulua: Karrerako funtzionarioak.
14.– Karrerako funtzionario izendatzea.
XI. kapitulua: Irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendak.
15.– Zerrendak irekitzea oposizio-fasea gainditu dutenentzat.
16.– Puntuazioa ematea hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditzen dutenentzat.
XII. kapitulua: Datu pertsonalen tratamendua.
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
1.– Xedea, parte hartzeko txandak, lanpostuak eta aplikatu beharreko araudia.
1.1.– Oposizio-lehiaketarako deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko.
1.2.– Guztira, 1.867 lanpostu eskainiko dira, A-2 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoa) eta A-1 azpitaldekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa).
Lanpostu horietatik, 1.729 txanda irekirako izango dira (A txandarako); 133, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandarako (B txandarako), eta 5, azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedurarako (E txandarako).
1.3.– Honela banatuko dira lanpostuak, kidego, espezialitate, irakaslanerako eskatzen den hizkuntza-eskakizun eta txandaren arabera:
1.3.1.– Maisu-maistren kidegoa.
1.3.2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.
1.3.3.– Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa.
1.4.– Lanpostuen ehuneko zazpi desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gordeko dira, hala ezartzen baitu Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 59. artikuluak.
1.5.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan eta azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran eman gabe geratzen diren lanpostuak txanda irekian eskainitako lanpostuei gehituko zaizkie.
1.6.– Aplikatu behar den araudia.
Hautaketa-prozedura honi hauek aplikatuko zaizkio:
– 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE); Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua.
– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onartzen duena, eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sarrerako aldi baterako erregimena arautzen.
240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europar Batasuneko estatuetako eta Europako Esparru Ekonomikoaren inguruko Akordioa osatzen duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, aske zirkulatu eta bizilekua izateari buruzkoa; azaroaren 18ko 1710/2011 Errege Dekretuak aldatua.
1834/2008 Errege Dekretua, azaroaren 8koa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dituena.
581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, Espainiako ordenamendu juridikoan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua txertatzen duena; zuzentarau horrek 2005/36/EE Zuzentaraua –lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa– eta 1024/2012 Erregelamendua (EB) –Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez (IMI Erregelamendua) administrazioko lankidetza emateari buruzkoa– aldatzen ditu.
967/2014 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.
2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoei buruzkoa.
47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, Irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak ezartzen dituena; martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak aldatua.
263/1998 Dekretua, urriaren 6koa, Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle-postuetarako hizkuntza-eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituena.
297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.
– Oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenak, eta deialdi honetan ezarrita dagoena.
II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK
2.– Parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak ezartzea.
2.1.– Betekizun orokorrak.
Betekizun orokor hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozeduretan onartu ditzaten nahi dutenek:
a) Europar Batasuneko estatu bateko nazionala izatea, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen batekoa.
Horrez gain, hautaketa-prozeduretan parte hartu ahal izango dute Europar Batasuneko estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaien estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta dagokion tratatuan hala ezarrita badago, edozein nazionalitatetakoak izanik ere, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, gurasoen ardurapean bizi badira.
b) Hamasei urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.
c) Aukeratu diren kidego eta espezialitatearen eginkizunak betetzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
d) Diziplinazko espediente baten bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, eta funtzio publikoak egikaritzeko desgaikuntzarik ez izatea.
e) Hautatu den kidegoko karrerako funtzionario edo praktiketako funtzionario ez izatea edo karrerako funtzionario izendatua izateko zain ez egotea.
f) Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, 2.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Edonola ere, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, dekretu hori indarrean jartzerakoan (1993ko apirilaren 3an) ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako/OHOko eta erdi-mailako bitarteko irakasleak eta irakaskuntza-lanpostuetan aldi baterako kontratudunak ziren irakasleak funtzionario izatera heltzen badira, lanpostuaz jabetzen direnetik aurrera hiru urteko epea izango dute, euskaraz edo euskara irakasteko izendapena jasota izan eta berehalako derrigortasuna duten 2. hizkuntza-eskakizuna ezarrita duten lanpostuetara iristen badira.
g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala gaztelania ez bada, hizkuntza horren ezagutza jakin bat egiaztatu beharko dute, deialdi honen 6.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
h) Epai irmoaren bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeen galbideratzea eta gizakien salerosketa sartzen dira delitu horietan–.
2.2.– Betekizun espezifikoak.
2.2.1.– Betekizun orokorrez gain, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte, hautaketa-prozeduretan onartuak izateko:
2.2.1.1.– Maisu-maistren kidegoa.
Titulu hauetakoren bat izatea, edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta:
– Maisu-maistraren titulua edo Maisuaren (edozein espezialitatean) lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duen gradu-titulua.
– Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua.
– Lehen Hezkuntzako maisu-maistraren titulua.
2.2.1.2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.
Doktoretza-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua edo graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta.
Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak dituzten izangaiak ere onartu ahal izango dira (III. eranskinean daude zerrendatuta).
2.2.1.3.– Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa.
a) Doktoretza-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua edo graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta.
b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.3 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
2.2.2.– Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, hauetako betekizunen bat egiaztatu beharko da:
a) Tituluaren homologazioa, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriko dena. Errege-dekretu horrek unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen Espainiako esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.
b) Dagokion lanbide-kualifikazioa onartua izatea.
2.2.3.– Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.
Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzeko, nahitaez izan behar da hauetako titulazio, ziurtagiri edo lan-esperientziaren bat:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakaslearen lanbide arautuetan aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitate-masterraren titulu ofiziala.
b) 2009ko urriaren 1a baino lehenago eskuratutako honako titulu edo ziurtagiri hauetako edozein:
– Espezializazio didaktikoko lanbide-titulua, irakaskuntzarako trebakuntza-agiria edo irakaskuntzarako gaitasun-agiria.
– Maisu-maistraren titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaskuntzako diploma, Lehen Hezkuntzako maisu-maistraren titulua, bai eta Pedagogia edo Psikopedagogiako lizentzia eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa barnean hartzen duen lizentzia edo titulazio baliokidea ere.
c) 2008-2009 ikasturtea amaitu aurretik, ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez, jarraian edo etenekin, irakaskuntzan aritzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko, Lanbide Heziketako edo hizkuntza-eskola ofizialetako irakaskuntzetan, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.
2.3.– Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran parte hartzeko betekizunak (hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa).
Prozedura honetan parte hartu ahal izango dute A-1 azpitaldean sailkatutako Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle diren karrerako funtzionarioek, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko 2.2.1.3 oinarrian adierazi den tituluren bat izatea, edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta.
b) Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
Kidegora iristeko prozedura hori aukeratzen dutenak ezin izango dira beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.
2.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan parte hartzeko betekizunak.
Txanda horretan parte hartu ahal izango dute, lortu nahi duten kidegoan sartzeko betekizun orokor eta espezifikoak betetzeaz gain, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, gutxienez % 33ko desgaitasuna aitortuta dutenek (desgaitasuna kasuan kasuko foru-aldundiko, autonomia-erkidegoko edo, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorreko gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunek aitortua behar du izan) edo, irakaskuntzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa aitortuta dutenek. Nolanahi ere, kasu batean zein bestean, desgaitasun hori ezingo da bateraezina izan irakaskuntzan aritzearekin.
Gordetako txandaren aukera parte hartzeko eskabidean egin beharko da, eta esanbidezko deklarazioa egingo da, horretarako eskatutako baldintza betetzen dela adierazteko. Lanpostua lortuz gero, eskumena duten organoen ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da adierazitako baldintza hori betetzen dela.
Hala ere, oposizio-faseko probak egitean edo praktika-fasean, epaimahaiak zalantzarik izango balu izangaiak sartu nahi duen kidegoan eta espezialitatean funtzionarioek egin ohi dituzten jarduerak egiteko izangaiaren gaitasunaren inguruan, epaimahaiak edo praktika-faseko kalifikazio-batzordeak, hala badagokio, organo deitzaileari horren berri emango dio, eta organo horrek auziari buruzko irizpena eskatu ahal izango dio eskumena duen organoari. Halakoetan, irizpena azaldu bitartean, izangaiak baldintzapean jarraitu ahal izango du hautaketa-prozesuan; eta, adierazitako irizpena jaso arte, etenda geratuko da prozesuan onartzeko edo prozesutik baztertzeko behin betiko ebazpena.
Txanda irekiko izangaien baldintza berberetan egingo da hautaketa-prozedura, baina egokitzapenak egin ahal izango dira denboraren eta baliabide materialen aldetik. Egokitzapen horiek 3.1.2 oinarrian adierazitakoaren arabera eskatu beharko dira.
Sartzeko txanda hori aukeratzen dutenak ezin izango dira beste txanda batean lehiatu espezialitate bera lortzeko, ezta ondoren txandaz aldatu ere.
2.5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eduki beharko dituzte 2.1, 2.2 eta 2.3 oinarrietan zerrendatutako betekizun guztiak, eta eutsi ere egin beharko diete karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetzen diren arte, honako hauek salbu: hizkuntza-eskakizunaren betekizuna (deialdi honen 6.2 oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probaren emaitzak argitaratzeko egunean bete beharko baitute) eta gaztelaniaren ezagutza betekizuna.
2.6.– Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.
2.6.1.– Deialdi honen 2.1.f) oinarrian adierazitako betekizuna betetzeko, egoera hauetakoren bat eman behar da:
1) Deialdi honen 6.2 oinarrian adierazitako proba gainditzea.
2) Titulazio edo ziurtagiri hauetakoren bat izatea:
a) Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.
b) Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
c) Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste autonomia-erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen gaitasun-ziurtagiria edo 5. mailaren ziurtagiria (ikasketa-plan zaharra, urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretuaren arabera).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste autonomia-erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako gaitasun-mailaren (C1) ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren arabera).
e) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.
f) HABEko 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).
g) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.
h) Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.
i) Euskaltzaindiako D ziurtagiria.
j) Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 5. artikuluetan zehaztutako betekizunak dituen unibertsitate-titulua (apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).
k) Euskararen jakite-mailaren beste titulu edo ziurtagiri batzuk, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 eta C2 mailekin parekatutakoak (297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).
2.6.2.– Aurreko 2.6.1 oinarriaren 2. apartatuan ezarrita dauden tituluak edo ziurtagiriak aurkeztu behar dira
1) Ez da beharrezkoa aurkeztea a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan adierazitako tituluak eta ziurtagiriak, baldin eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan badaude edo Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan badaude. Era berean, ez da beharrezkoa izango titulua edo ziurtagiria aurkeztea, aldez aurretik aurkeztu bada. Kasu horretan, adierazi behar da zein une, prozedura eta organotan aurkeztu zen.
Hautaketa-prozeduran parte hartzeak Hezkuntza Sailari datu horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsultatzeko adostasuna ematen zaiola dakar, salbu izangaiak espresuki horren kontra egiten badu.
2) Titulua edo ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa den kasuetarako, Langileak Kudeatzeko zuzendariak epe bat irekiko du 2019ko maiatzean, eta Interneteko helbide hauetan emango da horren berri: http://www.http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira). Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere kontsultatu ahal izango da.
2.6.3.– Hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik prozeduratik kanpo geratu diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko; baztertuta izan daitezke 6.2 oinarriak adierazitako proba ez gainditzeagatik, edo aipatutako tituluren edo ziurtagiriren bat ez edukitzeagatik. Ebazpen horretan adieraziko da non ipiniko den ikusgai zerrenda hori.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira).
Ebazpena, informazio-ondoreetarako, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.
Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango duen ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen horrek berak onetsitzat joko du eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez egiaztatzeagatik baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote izangaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira. Gainera, behin betiko ebazpenaren xedapen zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Oposizio-faseko probak egin ahal izango dituzte hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ondoren prozesuan onartuta jarraitzen dutenek eta, baldintza hori egiaztatu ez dutelako baztertuta agertu arren, deitutako ekitaldian bertan egiaztatzen dutenek gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela baina oraindik ebatzi gabe dagoela.
III. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEA ETA DOKUMENTAZIOA
3.– Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, aurkezteko tokia eta epea, eta bestelako dokumentazioa aurkezteko egutegia.
3.1.– Parte hartzeko eskabideari buruzko argibideak.
3.1.1.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek bete beharreko eskabideak Interneteko helbide honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ – «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» – «Onartzeko eskabidea».
Eskabidea betetzean, hartu-agiria sortuko da (Erakunde laguntzailearentzako alea), non agertuko baitira eskatzaileari esleitu zaion eskabide-zenbakia eta tasa 3.2 oinarrian aurreikusitako moduan ordaintzeko beharrezkoak diren datuak. Halaber, izangaiak frogagiria ere eskuratuko du (Interesdunarentzako alea). Eta azkenik, hirugarren frogagiri bat ere sortuko da (Administrazioarentzako alea), zeina 3.3.1. oinarrian aipatutako kasuren batean dagoenak soilik aurkeztu beharko baitu eskabideak betetzeko epean entregatu beharreko agiriekin batera.
Hortik aurrera, Irakaslegunean argitaratuko da hautaketa-prozesuan zehar izangai bakoitzaren espedientearen inguruko informazio guztia. Irakaslegunean sartzeko, erabiltzailea (NANa) eta pasahitza sartu beharko dira. Ingurune horretara irispidea izateko, Interneteko helbide hauetara jo behar da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus
Hezkuntza Sailak emandako pasahitza baduten izangaiek hura erabili beharko dute aipatutako informaziora irispidea izateko (pasahitz hori lehendik izango dute 2018-2019 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan daudenek eta beste prozesuren batean parte hartu dutenek). Pasahitza ahaztu edo galdu badute, beste bat lortu ahal izango dute www.irakasle.eus helbidean, «Pasahitza eskuratzea (edo berreskuratzea)» izeneko atalean.
Izangaiek ez badute pasahitzik, sistemak bat esleituko die prozesuaren informaziora irispidea izan dezaten; pasahitz hori SMS baten bidez jasoko dute, eskabidean adierazitako telefono mugikorrean, eskabidea betetzen bukatzen dutenean. Izangaiaren NANa izango da erabiltzailea.
Espezialitate bat baino gehiagorako eskabideak aurkeztuz gero, ez da bermatuko izangaiak eskatu dituen espezialitate guztiei dagozkien probak egin ahal izatea. Espezialitate ezberdinen proben hasiera bat etorriz gero, ez dute atzera jasoko azterketa-eskubideen tasaren kontzeptuan ordaindutako zenbatekoa.
3.1.2.– Desgaitasuna duten izangaiek horren berri eman beharko dute eskabidean, dagokion laukian, eta probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez zer egokitzapen behar duten ere adierazi beharko dute, era horretan gainerako izangaien baldintza berberetan jardun ahal izan dezaten. Eskabidean horretarako utzitako eremuan ezin bada behar bezala adierazi zer egokitzapen behar duten, erantsitako orrian adieraziko da. Egokitzapena eskatuz gero, 3.3.1.b) oinarrian adierazitako dokumentua ere aurkeztu beharko dute.
3.1.3.– Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egin behar duten ala ez adierazi beharko dute. Baldin eta 6.1.1 oinarrian xedatutakoaren arabera proba egitetik salbuetsita badaude, beren-beregi eman beharko dute horren berri eskabidean, eta 3.3.1.c) oinarrian kasu bakoitzerako adierazitako dokumentazioa erantsi.
3.1.4.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egin behar dutenek eskabidean adieraziko dute hori eta, baldin eta 2018-2019 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan ez daudenek, 3.3.1.a) oinarrian adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.
3.1.5.– «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.h) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen duela egiaztatzeko. Apartatu hori betetzean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko, bere izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 11. oinarrian adierazitakoaren arabera.
Hala ere, baimen hori aurretiaz eman dutenek ez dute aipatutako atala ikusiko eskabidean, esan nahiko baitu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan daudela edo Euskal Autonomia Erkidegoko karrerako funtzionario direla.
3.2.– Tasak.
Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 36. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izena emateko tasa ordaindu beharko du izangai bakoitzak:
A-1 azpitaldea: 22,91 euro.
A-2 azpitaldea: 19,10 euro.
Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak, eta bi moduotako bat aukeratu ahal izango da horretarako:
a) Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank (BBK-Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoa Donostia Kutxa), BBVA, Santander, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia, La Caixa, Bankoa edo Nafarroako Rural Kutxa. Inprimakiek barra-kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz atzemanez.
b) Online ordainketa: banku elektronikoaren sistemaren bitartez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, betiere interesduna modalitate horretako bezero baldin bada adierazitako banku-erakundeetatik edozeinetan. Ordainketa mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.
Azterketa-eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik baztertuko da. Ordaindutako zenbatekoa ez badator bat ordaindu behar zenarekin, hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Banku-erakundean tasak ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den denboran eta eran, oinarri honetan adierazitako moduan, betetzeko izapidea.
3.3.– Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
3.3.1.– Parte hartzeko eskabideak aurkezteko ezarri den epe berean, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba egitea eskatzen dutenek, baldin eta 2018-2019 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan jasota ez badaude, 2.2.1 oinarrian eskatutako betekizunei dagozkien egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
Horrenbestez, azpiatal honetan adierazitako dokumentua ez dute aurkeztu beharko proba egitea eskatu arren ordezkapenetarako izangaien aipatutako zerrendan ageri direnek.
Atzerrian lortu diren titulazioen kasuan, lanbide-kualifikazioaren aitorpena edo homologazioa ere aurkeztu beharko da, 2.2.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz.
Dokumentazio hori aurkeztu ezean, ezin izango dute egin hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.
b) Desgaitasuna duten izangaiek egokitzapenak eskatzen badituzte probak egiteko denborari eta baliabide materialei dagokienez, nahitaez aurkeztu beharko dute daukaten minusbaliotasun-maila kalifikatzeko organo tekniko eskudunak egindako Irizpen Tekniko Medikoa (dokumentu fede-emailearen bidez egiaztatu beharko dira aitortutako minusbaliotasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak) edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena (ezintasun iraunkor osoa aitortzen duena irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako), hautaketa-organoak balioetsi ahal izan dezan eskatutako egokitzapenak bidezkoak diren ala ez.
Aurkeztutako agirien eta eskatutako egokitzapenen arabera, bai eta aplikatu behar den araudiaren arabera ere, eskatutako egokitzapenak onartu edo ukatu egingo dira. Erabakia gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari, eskabidea aurkeztu zuen egunetik aurrera zenbatzen hasita.
c) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, haien hizkuntza-ofiziala gaztelania ez bada eta 6.1.1 oinarrian adierazitakoaren arabera gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita geratu nahi badute oinarri horretan aipatutako tituluren bat dutelako, titulu horien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua lortzeko beharrezko diren ikasketa guztiak gainditu eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Halaber, aurreko deialdietan proba gainditu dutela-eta salbuetsita geratu nahi duten izangaiek proba gaindituta dutela egiaztatuko duen dokumentua aurkeztu beharko dute.
Dokumentu horiek aurkeztu ezean, interesdunak ezingo dira salbuetsi, eta, hortaz, 6.1 oinarrian ezarritako proba egin beharko dute.
3.3.2.– Aurreko 3.3.1 oinarrian adierazitako agiriak «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera aurkeztuko dira (eskabidea betetzean lortu ahal izango da).
Fotokopia bidez aurkezten diren agiriak konpultsatuta aurkeztu beharko dira.
3.3.3.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.
Dena den, zalantza edo erreklamaziorik sortuz gero, agiri horiei buruz behar diren argibideak eskatu ahal izango ditu Administrazioak.
Izangaiek espresuki hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
3.4.– Aurkezteko lekua.
3.4.1.– Deialdi honen 3.3.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa («Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaio. Helbide hauetan aurkeztu ahal izango da:
a) – Araban: Zuzenean, Ramiro Maeztu kalea 10, beheko solairua – Vitoria-Gasteiz.
– Bizkaian: Zuzenean, Kale Nagusia 85 – Bilbao.
– Gipuzkoan: Zuzenean, Andia kalea 13 – Donostia / San Sebastián.
b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako lekuetan.
Agiriak posta-bulegoren batean aurkeztu nahi badira, 3.4.2 oinarrian adierazitako helbidea idatzi beharko da gutun-azalean. Irekita eraman beharko da gutun-azala, posta-bulegoko langileak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, gutun-azala ziurtatu aurretik. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartu den egunean aurkeztu dela ondorioztatuko da.
3.4.2.– Atzerrian egindako eskabideen dokumentazioa tokian tokiko Espainiako ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango da, eta erakunde horiek organismo eskudunera igorriko dute: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Vitkoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010).
Azterketa-eskubideen tasak ordaintzeko, deialdi honen 3.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
3.5.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
Deitutako prozeduran parte hartu nahi dutenek hogei egun naturaleko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, 3.1 oinarrian adierazten den parte hartzeko eskabidea betetzeko.
Epe berean aurkeztu beharko dute 3.3.1 oinarrian aipatutako dokumentazioa, 3.4 oinarrian aurreikusitako lekuetan, «Administrazioarentzako alea» frogagiriarekin batera.
3.6.– Bestelako dokumentazioa aurkezteko egutegia.
3.6.1.– Euskararen hizkuntza-eskakizunaren betekizunari buruzko egiaztagiriak 2.6.2 oinarrian jasotako epean aurkeztuko dira.
3.6.2.– Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko da.
3.6.3.– Merituen egiaztagiriak 8.1 oinarrian adierazitako epean aurkeztuko dira.
3.6.4.– Gainerako betekizun orokor eta espezifikoen egiaztagiriak 11.1 oinarrian ezarri denaren arabera aurkeztuko dira.
IV. KAPITULUA
ONARTUTAKO ETA BAZTERTUTAKO IZANGAIAK
4.– Izangaiak onartzea.
4.1.– Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Langileak Kudeatzeko zuzendariak gehienez hilabeteko epean emango du ebazpena. Horrela, onetsitzat joko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda eta, era berean, zerrenda hori non ipiniko den ikusgai adieraziko du.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira).
Ebazpena, informazio-ondoreetarako, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.
Zerrendan, datu hauek agertuko dira: izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo antzekoren batena atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, izangaiak parte hartzen duen txanda edo prozedura eta espezialitatea, eta, baztertutakoen kasuan, baita ere, baztertzeko arrazoiak. Halaber, gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba zeinek egin behar duen ere adieraziko da.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena adierazitako lekuetan argitaratuta, interesdunei behar bezala jakinarazi zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako.
4.2.– Erreklamazioak.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, hamar egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; horrez gain, hala badagokio, zerrendatik baztertzea eragin duen akatsa zuzendu ahal izango da. Halaber, datu pertsonaletan akatsak atzeman dituzten izangaiek akatsak daudela adierazteko aukera izango dute epe horretan.
Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio, eta 4.1 oinarrian adierazitako ebazpenean esaten diren lekuetan aurkeztuko dira.
Baldin eta interesdunak ez badu adierazitako epe horretan zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak xedatutakoaren arabera.
4.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango duen ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen horrek berak onetsitzat joko du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.
Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira. Gainera, behin betiko ebazpenaren xedapen zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
4.4.– Prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda –oinarri honetan aurreikusita dagoena– argitaratu ondoren, programazio didaktikoa entregatu eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezarritako epeak igarotakoan, baldintza bi horiek betetzen ez dituztelako baztertu direnen zerrendak argitaratuko dira. Horrez gain, Espainiako nazionalitatea ez duten eta gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba egitetik salbuetsita ez dauden izangaiak ere baztertuko dira, proba hori gainditzen ez badute.
Oposizio-faseko probak egin ahal izango dituzte prozeduran onartuak daudenek eta, baztertuta agertu arren, deitutako ekitaldian bertan egiaztatzen dutenek gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela baina oraindik ebatzi gabe dagoela; azken kasu honetan, izangaiak egin ditzakeen jarduerak ondoriorik gabe geratuko dira baldin eta berariazko edo ustezko ebazpena errekurtsoa ezesten badu.
Bestalde, onartutako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honetan eskatzen diren gainerako betekizunak beteta dituztela aitortzen zaienik. Izangai hautatuek 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu behar dituzten agiriak aztertuta egiaztatzen bada interesdunen batek betekizunen bat betetzen ez duela, prozedura honetan parte hartzeak eman ditzakeen eskubide guztiak galduko ditu ukitutako pertsonak.
V. KAPITULUA
HAUTAKETA-ORGANOAK
5.– Hautaketa-organoak: epaimahaiak, hautaketa-batzordeak eta batzorde barematzaileak.
5.1.– Hautaketa-organoek egingo dute prozedura honetako parte-hartzaileen hautaketa, hargatik eragotzi gabe 6.1 eta 6.2 oinarrietan, hurrenez hurren, gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko aurretiazko proben balorazio-epaimahaiei dagokionez aurreikusitakoa.
Nahitaez hartu behar da parte hautaketa-organoetan; hala ere, kontuan hartuko da 5.5 oinarrian abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiei buruz eta 5.2.2 eta 5.4 oinarrietan salbuespen- eta lekapen-kasuei buruz aurreikusitakoa.
Hautaketa-organoetako kideek justifikatu ezin badute zergatik ez diren joan prozeduraren batzar eta ekitaldietara, eraketakora barne, eta organoaren buruak edo Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako titularrak egin badu deialdia, indarrean den araudiaren arabera dagokien erantzukizuna izango dute.
Organo horien jarduera-prozedurak, uneoro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraitu beharko dio.
5.2.– Epaimahaiak.
5.2.1.– Epaimahai kopurua.
Behar adina epaimahai izendatu ahal izango dira, espezialitate bakoitzeko eskatzaile kopuruaren arabera.
5.2.2.– Osaera eta izendapena.
Epaimahaiak bost kidek osatuta egongo dira: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide. Bostek izan beharko dute irakasleen funtzionarioen kidegoetako jarduneko karrerako funtzionario edo hezkuntzako ikuskari, eta, izangaiek zein kidegotara iritsi nahi duten, kidego horren sailkapen-maila bera edo handiagoa duten kidegoetakoak izango dira –gehienak, gainera, ukitutako kidegokoak–.
Espezialitate-printzipioa hartuko da kontuan epaimahaiak osatzeko orduan; horren arabera, kide gehienek epaitu behar duten espezialitateko titular izan beharko dute eta, ahal dela, espezialitate horretan izango dute destinoa gaur egun. Halaber, arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntzako sailburuak izendatuko du zuzenean epaimahaiburua. Lau epaimahaikideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da oinarri honetan aipatzen diren funtzionarioen artean. Salbuespen gisa, titularren kopuru txikiagatik zozketa egiterik ez dagoen espezialitateetan, titular funtzionario guztiak izendatuko ditu zuzenean Hezkuntzako sailburuak.
2019ko apirilaren 11n egingo da zozketa, 10:00etan, Lakua-2 eraikineko 3. gelan (sarrera Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz).
Epaimahaietan parte hartzetik salbuetsita egongo dira, eta, beraz, ez dira zozketan sartuko, hautaketa-prozeduran zehar egoera hauetan dauden karrerako funtzionarioak:
– 2018-2019 ikasturtean zuzendari-, ikasketaburu- edo idazkari-karguak.
Orobat, 2019-2020 ikasturtean halako karguak betetzeko izendatzen diren pertsonak epaimahaietan parte hartzetik salbuetsiko dira, nahiz eta zozketan hautatuak izan.
– Sindikatu-ordezkaritzako eginkizunak betetzen dutenak, baldin eta beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude.
– Amatasun-, aitatasun-, adopzio- eta harrera-lizentziak dutenak, edo edoskitze-aldiak metatzeko lizentzia.
– Ikasturte osorako baimen ordaindugabeak dutenak.
– Lanaldia murrizteko baimenak dutenak, 2019ko uztailaren 31 arte eman badira.
– Aldi baterako ezintasuneko egoera, bajaren parte medikoaren bidez egiaztatzen bada.
Aitzitik, aldizkako gaixotasunaren ondorioz medikuak onartu duen aldi baterako ezintasuneko egoera ez da aski izango epaimahaietan parte hartzetik salbuesteko. Egoera horrek ukitutako funtzionarioa epaimahaiko titular edo ordezko izateko hautatu badute eta hautaketa-prozesua bukatu baino lehen alta-egoeran badago, prozesuan parte hartu beharko du.
– Irakasleen funtzionarioei irekita dauden Hezkuntza Administrazioko lanpostuetarako izendatuta daudenak.
Halaber, Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bitartez deitu zen hautaketa-prozeduran epaimahaiburu eta epaimahaikide izan ziren pertsonak ez dira zozketan sartuko; hala ere, parte hartzeko moduan dauden karrerako funtzionarioen kopurua kontuan hartuta espezialitateren batean ezin bada epaimahai osoa izendatu, orduko hartan epaimahaikide izandakoak ere zozketan sartuko dira.
Epaimahaietan parte ez hartzeko lekapen-kausa gisa hauek onartuko dira, hautaketa-prozeduran zehar ematen badira:
– Haurdunaldiko arrisku-egoera, behar bezala egiaztatzen bada.
– Ezkontza-lizentziak, baldin eta haietaz gozatzeko egunak bat badatoz, oso-osorik, oposizio-fasearekin.
Beste edozein lizentziagatik edo baimenagatik lekapen-eskabidea Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak aztertuko du, kasu bakoitzean dagokiona ebazteko.
Halako egoera batean egonik zozketan hautatuak izan diren funtzionarioek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eskatu beharko diote lekapena; horretarako, bost egun balioduneko epea izango dute, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira epaimahai guztietako epaimahaikide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako epaimahaietan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.
Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiengatik, beste hezkuntza-administrazio batzuei eskatu ahal izango zaie espezialitateko edo, hala badagokio, kidegoko karrerako funtzionarioak proposa ditzatela epaimahaietako kide izateko. Salbuespen gisa ere, eta justifikatutako arrazoiengatik, beste espezialitate batzuetako funtzionarioekin osatu ahal izango dira epaimahaiak, lurralde-irizpidea ere kontuan hartuz; horrelakoetan, aholkulari espezialistak izendatu ahal izango dira, 5.6 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
Epaimahaiak izendatzeko orduan, autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-gaitasuna bermatu beharko da.
Epaimahai bakoitzerako ordezko epaimahai bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.
Hezkuntzako sailburuaren aginduaren bidez izendatuko dira epaimahaiak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
Epaimahaikideen artetik kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari-lanetan, epaimahaiak besterik erabaki ezean.
5.2.3.– Borondatezko parte-hartzea.
Euren borondatez epaimahai batean mahaikide izan nahi dutenek idazkia aurkeztu beharko dute Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan, 3.5 oinarriaren arabera eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epe berean. Aipatutako organoak ebatziko ditu eskabideak, kontuan hartuta espezialitatean titularra den, zein destino duen bertan gaur egun eta dagokion espezialitatearen epaimahaiek zein lurralde historikotan izango duten egoitza kasu bakoitzean.
Borondatezko parte-hartze honetatik kanpo geratuko dira 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan zuzendari-, ikasketaburu- edo idazkari-karguak betetzen dituzten funtzionarioak.
5.3.– Hautaketa-batzordeak.
Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta epaimahai bat baino gehiago eratu behar bada espezialitate baterako edo batzuetarako, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkion espezialitateetarako.
Espezialitateko epaimahaiburuek osatuko dituzte batzordeok. Gutxienez bost kide izango dituzte batzordeek, eta epaimahaiburuen kopurua bost baino txikiagoa izanez gero, epaimahaikideetara joko da, harik eta bostekoa osatu arte. Honela egingo da:
1) Lau epaimahai badaude:
Epaimahaiburua: 1. epaimahaiko burua.
Epaimahaikideak: 2., 3. eta 4. epaimahaietako buruak eta 1. epaimahaiko idazkaria.
2) Hiru epaimahai badaude:
Epaimahaiburua: 1. epaimahaiko burua.
Epaimahaikideak: 2. eta 3. epaimahaietako buruak eta 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak.
3) Bi epaimahai badaude:
Epaimahaiburua: 1. epaimahaiko burua.
Epaimahaikideak: 2. epaimahaiko burua, 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak eta 1. epaimahaiko 1. epaimahaikidea.
Batzordeetako burua izango da espezialitateko zenbaki txikiena duen epaimahaiko burua. Hala ere, 10 epaimahai edo gehiago dauden espezialitateetan, Hezkuntzako sailburuak izenda dezake batzordeburua, hezkuntzako ikuskarien kidegoko jarduneko karrerako funtzionarioen artean.
Batzordea osatzen dutenen artetik kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-batzordeak besterik erabaki ezean.
Epaimahai bakarra izendatzen den espezialitateetan, epaimahaiak jardungo du hautaketa-batzorde gisa, ondorio guztietarako.
5.4.– Batzorde barematzaileak.
Espezialitate bakoitzeko eskatzaile kopurua zein den ikusita, beharrezkoak diren batzorde barematzaileak eratuko dira, espezialitatearen edo espezialitate-taldearen arabera. Batzordeek gutxienez bost eta gehienez zazpi kide izango dituzte (batzordeburu bat eta gainerako guztiak batzordekideak). Batzordeburua hezkuntzako ikuskari bat izango da, zeina Hezkuntzako sailburuak izendatuko baitu. Batzordekideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da, kidegoko eta dauden batzordearen espezialitateko edo espezialitateetako jarduneko karrerako funtzionarioen artean.
Arrazoi oinarrituek eta objektiboek galarazi ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Batzordekideak izendatzeko zozketa epaimahaikideen zozketarekin batera egingo da.
Batzorde barematzaileei aplikatu zaizkie Epaimahaiei ezarritako salbuespen eta lekapen kausak berberak (5.2.2 oinarrian aurreikusitakoak).
Batzordekideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira batzorde barematzaileetako kide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako batzorde barematzaileetan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileen egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.
Salbuespen gisa, nahiz eta aurretiaz adierazitako guztia aplikatu ezin badira batzordekide guztiak izendatu, beste espezialitate batzuetako karrerako funtzionarioekin osatu ahal izango dira batzorde barematzaileak, lurralde-irizpidea ere kontuan hartuz.
Batzorde barematzaileak izendatzeko orduan, autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-gaitasuna bermatu beharko da.
Batzorde barematzaile bakoitzerako ordezko batzorde barematzaile bat izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.
Hezkuntzako sailburuaren Aginduaren bidez izendatuko dira batzorde barematzaileak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
Batzordekideen artetik kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, batzorde barematzaileak besterik erabaki ezean.
Batzorde horiek Hezkuntza Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzen eta zerbitzuen aholkularitza baliatu ahal izango dute.
5.5.– Hautaketa-organoetako kideak abstenitzea eta errekusatzea.
5.5.1.– Abstenitzea.
Hautaketa-organoetako kideak esku hartzetik abstenituko dira, eta egiaztagirien bitartez jakinaraziko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusten diren inguruabarren batean badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan lanik egin badute kidego eta espezialitate berean sartzeko hautaketa-probetarako izangaiak prestatzen.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarretan ez daudela agertzeko, esanbidezko deklarazioa eskatuko diete hautaketa-organoetako buruek hautaketa-organoetako kideei. 40/2015 Legearen 23. artikuluko 5. puntuan adierazita dagoen bezala, inguruabar horietakoren bat dagoen kasuetan ez abstenitzeak dagokion erantzukizuna ekarriko du.
Hamar egun naturaleko epea egongo da abstentzioa eskatzeko, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Organo eskudunak dagokion erabakia hartu beharko du.
5.5.2.– Errekusatzea.
Izangaiek hautaketa-organoetako kideak errekusa ditzakete, hautaketa-prozeduran zehar edozein unetan, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak ematen badira.
5.6.– Hautaketa-organoak eratzea.
Buruek deialdia egin ondoren, hautaketa-organoak eratuko dira, izendatutako kide guztiak (titularrak zein ordezkoak) bertan daudela, ahal bada behintzat. Hala ere, eratutzat joko dira burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertan badira.
Hautaketa-organoak eratu ostean, ahalik eta lasterren bidali beharko dizkiete, guztiek, eratze-aktak (kide guztien sinadurekin) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen salbuespenezko inguruabarrik gertatu ezean, hautaketa-organoak eratu ondoren, honako kide hauek egon beharko dute organoaren jarduera baliozkoa izateko: burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak.
Epaimahaiek edo, hala badagokio, hautaketa-batzordeek aukera izango dute haien lanean aholkulari espezialistak edo laguntzaileak sartzea proposatzeko. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu pertsona horiek. Lehenengoen eginkizuna izango da hautaketa-organoetako kideei aholkuak ematea euren espezialitateko ezagutza eta merezimenduak ebaluatzean. Laguntzaileek, aldiz, organoek esleituko dizkieten laguntza-zeregin teknikoak egingo dituzte. Batzuek zein besteek dagozkien eskumenetako eginkizunak baino ez dituzte egingo. Aholkulari eta laguntzaileek esleitu zaien eginkizunerako behar den lanbide-gaitasuna izan beharko dute.
5.7.– Hautaketa-organoen eginkizunak.
5.7.1.– Epaimahaiei dagokie:
a) Hautaketa-prozesuko faseak garatzea, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.
b) Oposizio-faseko probak kalifikatzea, VI. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideei jarraituz.
c) Lehiaketa-faseko merezimenduak baloratzea.
d) Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak betetzea, halako batzorderik ez badago.
5.7.2.– Hautaketa-batzordeei dagokie:
a) Epaimahaien koordinazioa.
b) Epaimahaien jarduera-irizpideak zehaztu eta homogeneizatzea.
c) Proba praktikoaren edukia nola zehaztuko den erabakitzea, deialdi honetako VII. eranskinean zehazten diren premisak kontuan izanda.
d) Lehiaketa-faseko puntuak epaimahaiek oposizio-fasean emandako puntuei batzea, izangaiak ordenatzea eta lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituzten izangaiak aditzera ematea.
e) Lehiaketa- eta oposizio-faseak gainditu dituzten izangaien zerrendak egin eta onestea, eta zerrenda horiek organo deitzaileari helaraztea.
Hautaketa-prozedurak garatu bitartean, epaimahai bakarrek edo, hala badagokio, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.
5.7.3.– Batzorde barematzaileei dagokie: I. eranskineko III.1, III.2 eta III.5 ataletako eta II. eranskineko II., III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 ataletako merezimenduak baloratzea, epaimahaiek eskuordetuta.
5.8.– Beharrezkoa izanez gero, hautaketa-organoek bidezko diren neurriak hartuko dituzte desgaitasunak dituzten izangaiek gainerako parte-hartzaileen aukera berak izan ditzaten ariketak egiterakoan. Horretarako, desgaitasunak izan eta 3.1.2 oinarrian aurreikusten den moduan egindako eskabidea onartzen zaien pertsonentzat, ariketak egiteko dagoen denborari eta baliabideei dagozkien egokitzapenak ezarriko dira, baina egokitzapen horiek ezin dute probaren edukia desnaturalizatu eta desgaitasunak bateragarria izan behar du irakasle-lanean normaltasunez aritzearekin.
5.9.– Beste organo batzuen lankidetza: koordinatzaileak.
Epaimahaiek eta hautaketa-batzordeek koordinatzaileen laguntza izan dezakete. Ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izango dira koordinatzaileak, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko ditu. Hautaketa-organo horien koordinazioa eta administrazio-laguntza eskaintzea izango da koordinatzaileen zeregina.
Hala ere,10 epaimahai edo gehiago duten espezialitateetan, batzordeburua hezkuntzako ikuskarien kidegoko karrerako funtzionarioa izango da; kasu hauetan koordinatzailea izendatzea ez da beharrezkoa izango, hautaketa –batzordearen buruak koordinazio funtzio horiek egingo baititu.
Koordinatzaileen zereginak betetzerakoan, prozesua behar bezala garatzen dela zaintzeaz arduratuko dira, eta, horretarako, lankidetzan arituko dira epaimahaiekin eta hautaketa-batzordeekin, eta horiei jarraibideak emango dizkiete prozesuaren administrazio- eta antolaketa-kudeaketari buruz, proba praktikoa egiteari buruz, ebaluazio-irizpideak aplikatzeari buruz, eta abarri buruz; halaber, horren garapenerako tresnak emango dizkiete; prozesuan sortutako zailtasunak edo gorabeherak ebazten lagunduko diete; epaimahaien erabaki, jarduera eta funtzionamenduan irizpideak homogeneoak izan daitezen sustatuko dute, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatzen lagunduko dute beti.
5.10.– Kalte-ordainak eta dietak.
Agindu honen bidez deitu diren prozeduretan parte hartuko duten epaimahai, hautaketa-batzorde, batzorde barematzaile, koordinatzaile, aholkulari espezialistek eta laguntzaileek eskubidea izango dute Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zehaztutako kalte-ordainak jasotzeko.
VI. KAPITULUA
OPOSIZIO-FASEA
1. ATALA
AURRETIAZKO PROBAK
6.– Gaztelaniaren eta euskararen ezagutza egiaztatzeko probak.
Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko eta euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probekin hasiko dira hautaketa-prozedurak, proba horiek egin behar dituzten izangaien kasuan.
6.1.– Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaientzat.
6.1.1.– Oposizio-faseko probak egin aurretik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko. Proba hori baloratzeko epaimahaia izendatuko duen ebazpenean zehaztuko dira probaren lekua, data eta ordua.
Dena den, proba egitetik salbuetsita daude honako titulu edo ziurtagiri hauetako bat dutenak (eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute horren egiaztagiria):
– Gaztelaniaren Goi Mailako Diploma edo gaztelaniaren C2 mailako diploma, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuaren arabera –otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuaren bidez aldatua–.
– Atzerritarrentzako gaztelaniaren gaitasun-ziurtagiria edo maila aurreratuaren ziurtagiria, hizkuntza-eskola ofizialek emandakoa.
– Filologia hispanikoan edo erromanikoan lizentziadun titulua edo gradu-titulu baliokidea.
– Kidegoan sartzeko alegatutako titulua, Espainiako estatuan edo, bestela, hizkuntza ofiziala gaztelania duen estaturen batean igorri eta egindakoa.
Era berean, salbuetsita daude Espainiako nazionalitatea ez duten baina hizkuntza ofiziala gaztelania duen herrialderen batekoak diren pertsonak, baita proba hau aurreko deialdiren batean gainditu izana egiaztatzen dutenak ere.
6.1.2.– Izangaiei egingo dieten deialdian zehaztuko dute epaimahaiek gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko probak zer eduki izango duen. Horretarako, aintzat hartuko da urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (azaroaren 8ko BOE), Gaztelania atzerriko hizkuntza gisa egiaztatzeko diplomak (DELE) arautzen dituena, zeina otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatu baitzuen.
6.1.3.– Epaimahaiburu batek eta lau kidek osatuko duten epaimahaiak baloratuko du atal honetan aipatzen den proba. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu epaimahaikideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako (Gaztelania eta Literatura espezialitatekoak) edo hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoetako (Atzerritarrentzako espainiera espezialitatekoak) jarduneko funtzionarioen artean, betiere, egungo destinoa espezialitate horietan baldin badaukate.
Ordezko epaimahai bat ere izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.
6.1.4.– Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.
Proba bukatu eta kalifikatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena egingo du behin-behineko emaitzen argitalpena onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den emaitza horiek dituen zerrenda.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta zerrenda, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira).
Behin-behineko emaitzen aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, hiru egun balioduneko epean, emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko dira, behin-behineko emaitzetarako adierazitako leku beretan.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
6.1.5.– Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, izangairen bat probara aurkezten ez bada edo, aurkeztuta ere, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badu, hautaketa-prozesutik baztertuta geratuko da.
6.2.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba.
6.2.1.– Deialdi honen 2.6.1 oinarrian adierazitakoaren arabera, irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizunaren betekizuna deialdi honen barruan horretarako egingo den proba espezifikoa gaindituta egiazta daiteke. Proba horretan onartua izateko, 3.1.4 eta 3.3.1.a) oinarrietan ezarritako betekizunak bete beharko dira.
6.2.2.– Probaren edukia, forma eta balorazioa araudi hauetan ezarritakoa izango da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Agindua, eta Hezkuntzako sailburuordearen 2018ko azaroaren 19ko Ebazpena, irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako 2019. urterako deialdia egiten duena (2018ko abenduaren 12ko EHAA).
6.2.3.– Aurreko puntuan adierazitako araudiaren arabera izendatutako epaimahaiek baloratuko dute proba.
6.2.4.– Probaren kalifikazioa «gai» ala «ez gai» izango da; «gai» kalifikazioa lortu beharko da oposizio-faseko probak egin ahal izateko.
6.2.5.– Proba amaitu eta kalifikatu ondoren, Interneteko helbide honetan argitaratuko dira emaitzak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/, «Euskara» atala. Emaitzak argitaratu eta hiru egun balioduneko epean, interesdunek idatzizko erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, kalifikazioa berrikusteko; horretarako, dagokion azterketako epaimahaiburuari egin beharko diote erreklamazioa. Epaimahaiak argitaratu beharko ditu, gehienez hilabeteko epean, azterketak berraztertu ondorengo kalifikazioak.
6.2.6.– Proba hau kanporatzailea da, eta, hortaz, eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez daukaten izangaiak, salbuetsita ez dauden izangaiak edo 2.1.f) oinarriak aurreikusi duen erregimen iragankorraren arabera egiaztatzetik salbuetsita ez daudenak, probara aurkezten ez badira edo, aurkeztuta ere, «gai» kalifikazioa jasotzen ez badute, hautaketa-prozesutik baztertuta geratuko dira.
2. ATALA
OPOSIZIO-FASEKO PROBEN DEFINIZIOA ETA EZAUGARRIAK.
7.– Oposizio-fasea.
7.1.– Txanda irekiaren eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandaren oposizio-faseen ezaugarriak.
Oposizio-fasean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak, gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren teknikak menderatzea.
Oposizio-faseak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egongo da egituratuta. Proba guztiak kanporatzaileak izango dira.
7.1.1.– Lehenengo proba.
Helburua izango da aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea. Bi zati izango ditu, eta batera baloratuko dira.
Lehenengo proba honen bi zatiak saio berberean egin ahal izango dira.
7.1.1.1.– A zatia: proba praktikoa izango da, izangaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa dutela eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko. Hautatu den espezialitateak trebetasun instrumental edo teknikoak berekin badakartza, zati honetan ebaluatuko dira halakoak.
VII. eranskinean aurreikusitakoan oinarrituta prestatuko da proba praktikoaren edukia.
Maisu-maistren kidegoko espezialitateetan, izangaiek bi ordu izango dituzte, gehienez, proba egiteko; hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoko espezialitateetan, berriz, gehienez hiru ordu. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko espezialitateetan, epaimahaiek erabakiko dute zenbat denbora izango duten izangaiek.
7.1.1.2.– B zatia: epaimahaiak ausaz ateratako gai multzo baten artetik izangaiak gai bat aukeratu eta garatu beharko du idatziz. Gai kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:
a) 25 gai edo gutxiago duten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu beharko da.
b) 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.
c) 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da.
Zati hau prestatzeko, V. eranskinean zehaztutako gaiak aplikatuko dira.
Izangaiek bi ordu izango dituzte B zatia egiteko.
Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 10.1.h) artikuluan ezarritakoa betetzeko, Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu ziurtatzeko lehenengo probako idatzizko ariketak era anonimoan zuzendu eta baloratuko direla. Ondorioz, idatzizko ariketa baliogabetuko da, baldin eta izangaia identifikatu dezakeen edozein izen, marka edo seinale badu.
7.1.2.– Bigarren proba.
Probaren helburua izango da izangaiaren gaitasun pedagogikoa frogatzea, eta ikustea ea irakaskuntzan aritzeko beharrezkoak diren teknikak menderatzen dituen. Izangaiak programazio didaktiko bat aurkeztu beharko du, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu.
7.1.2.1.– A. Programazio didaktiko bat aurkeztea.
Programazio didaktikoak zera jorratuko du: parte hartzeko aukeratu den espezialitatearekin zerikusia duten gai, eremu (Haur Hezkuntzako espezialitaterako) edo jakintzagai bati dagokionez EAEn indarrean den curriculuma, eta, hala eskatzen duten planteamendu metodologikoak erabiliz gero (proiektuetan oinarritutako lanak, egoera-arazoak, erronkak), hainbat gai, eremu edo jakintzagairi dagokion curriculuma, betiere horietako bat izanik parte hartzeko aukeratu den espezialitatearekin lotutakoa. Bertan, honako alderdi hauek azaldu beharko dira: helburuak; edukiak; ebaluazio-irizpideak eta adierazleak; metodologia; baliabide didaktikoak; ebaluazio jarraiturako prozedurak eta tresnak; zeharkako nahiz diziplinazko oinarrizko konpetentziak eskuratzeari egiten dion ekarpena (Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoaren kasuan, gaitasunak eskuratzeari), eta dibertsitateari ematen dion erantzuna, bereziki azpimarratuz hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak.
Izangaiak ikasturte bat garatuko du programazioan, espezialitate horretako irakasleek emateko eskumena duten hezkuntza-maila edo -etapa bateko ikasturte bat. Gainera, IV. eranskinean aipatu den araudiak araututako indarreko curriculumak hartu beharko dira kontuan.
Haur Hezkuntzako espezialitatean, izangaiak erabaki dezake programazio didaktikoa eremu bakar bati edo bi eremuei buruz egitea.
Pedagogia Terapeutikoko espezialitatearen programazioari dagokionez, izangaiak hautatuko duen Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako maila bateko ikasturte baterako jarduera-programa garatuko du. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen artetik kasu jakin bat garatuko da; ikasle baten edo ikasle talde txiki baten premiak landuko dira, erreferentziatzat hartuta ikaslearen eskola-ingurunea eta ikasgelaren eta zentroaren hezkuntza-ikuspegia.
Entzumena eta Hizkuntza espezialitatearen kasuan, izangaiak hautatuko duen Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako maila bateko ikasturte baterako jarduera-programa garatuko du programazioak. Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta/edo komunikazioarekin edo hizkuntzarekin zerikusia duten atzerapen larriak dituzten ikasleen artetik kasu jakin bat garatuko du, eta ikasle baten edo ikasle talde baten premietan oinarrituko da, erreferentziatzat hartuta ikaslearen eskola-ingurunea eta ikasgelaren eta zentroaren hezkuntza-ikuspegia.
Programazio didaktikoak gutxienez 40 folio izango ditu, eta gehienez 60; DIN-A4 formatuan aurkeztu behar da, alde bakarretik idatzita. 9 unitate didaktiko izan beharko ditu gutxienez, eta zenbakituta eta garatuta egon beharko dute lehenago aipatutako alderdiei dagokienez. Unitate didaktikoen barruan, proiektuak, egoera-arazoak, lan-unitateak, erronkak eta abar sar daitezke. Edonola ere, programazioan beti jaso behar dira hautatutako maila edo ikasturterako arauak ezartzen dituen gutxieneko curriculum-elementu guztiak. Ez da eranskinik sartuko. Programazio didaktikoaren azala, aurkibidea eta erreferentzia bibliografikoak ez dira 40-60 folioen barruan zenbatuko.
Programazio didaktikoa 7.3.1 oinarrian ezarritakoaren arabera emango zaio epaimahaiari, eta izangaiari programazioa defendatzeko deitzen zaionean defendatuko du epaimahaiaren aurrean. Proba hau ezin denez era anonimoan zuzendu, nahiz eta programazioan izangaia identifikatzeko moduko daturen bat azaldu, ez da aplikatuko lehenengo probarako adierazi den baliogabetze-irizpidea.
Izangaiek ezin izango dute material osagarririk erabili programazio didaktikoa aurkezteko eta defendatzeko (ekitaldia publikoa izango da); izangaiek emandako programazio didaktikoaren kopia bat bakarrik erabili ahal izango dute; ez du eduki behar idatzoharrik, azpimarrapenik, oharrik edo azalpenik.
7.1.2.2.– B. Unitate didaktiko bat prestatzea eta ahoz azaltzea.
Prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz azalduko den unitate didaktikoa izangai bakoitzak aurkeztutako programazioarekin lotuta egon daiteke, edo espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik landuta; izangaiak berak hautatuko du.
Lehenengo kasuan, izangaiak bere programaziotik ausaz ateratako hiru gairen artean aukeratuko du unitate didaktikoaren edukia.
Bigarren kasuan, berriz, espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik izangaiak ausaz ateratako hiru gairen artean aukeratuko du unitate didaktikoaren edukia.
Unitate didaktikoa egitean, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira gutxienez: lortu nahi diren ikaskuntza-helburuak; edukiak; garatuko diren konpetentziak (Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoaren kasuan, gaitasunak); ikasgelan planteatuko diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak; ikasgelaren edo bestelako ikaskuntza-espazioen antolaketa eta metodologia; ebaluazio-irizpideak eta adierazleak, eta ikasleen ebaluaziorako eta jarraipenerako prozedurak eta tresnak.
Unitate didaktikoa prestatzeko, ordu bat eta hamabost minutu izango ditu izangaiak. Prestatzeko eta ahoz azaltzeko (publikoa izango da), azaltzeko lagungarri zaion material osagarria erabil daiteke, zeina izangaiak berak eraman beharko baitu (ordenagailu eramangarria, telefono mugikorra, eta abar). Interneterako konexioa baimenduko da, baina probaren zati hau ondo funtzionatzeko beharrezko diren tresnak izangaiak berak ekarri beharko ditu. Halaber, gidoi bat ere erabil dezake izangaiak (ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa); proba amaitutakoan, epaimahaiari entregatu behar dio gidoia.
7.1.2.3.– Bigarren probaren garapena.
Bigarren probak ordu bat eta hamabost minutu iraungo du, gehienez, eta honela banatuta egongo da:
Lehenengo eta behin, aurretiaz eman den programazio didaktikoa aurkeztu eta ahoz defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Horretarako, gutxienez hogei minutu eta gehienez hogeita hamar minutu emango zaie izangaiei.
Gero, epaimahai beraren aurrean eta mintzaldirako ezarrita dagoen gehieneko denbora agortu arte (ordubete), unitate didaktikoaren ahozko azalpena emango da.
Izangaiaren azalpena bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta edo bere ariketa praktikoari buruz; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.
7.1.3.– Hizkuntza modernoetako espezialitateen proba guztiak dagokion hizkuntzan egingo dira osorik.
7.2.– Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko oposizio-fasearen ezaugarriak (hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa).
a) Izangaiak jatorrizko kidegoan titular den espezialitate bera hautatu badu: proba praktikoa, zeinak 7.1.1.1 oinarrian txanda irekirako eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandarako deskribatu direnen ezaugarri berberak izango baititu.
b) Izangaiak hautatu duen espezialitatea titular den espezialitatearen berdina ez bada, bi zati egongo dira:
Lehenengo zatia: epaimahaiak, ausaz, bederatzi gai aukeratuko ditu V. eranskinean adierazitako kidego eta espezialitateari dagokion gai-zerrendatik, eta izangaiak bederatzi gai horietatik bat aukeratu eta ahoz azalduko du. Azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egingo du izangaiak, askatasunez aukeratuko duen ziklo edo maila zehatz bati buruz.
Izangai bakoitzak ordubete izango du azalpena prestatzeko, eta azalpen horretan lagungarri zaion material osagarria erabil daiteke, zeina izangaiak berak eraman beharko baitu (ordenagailu eramangarria, telefono mugikorra, eta abar). Interneterako konexioa baimenduko da, baina probaren zati hau ondo funtzionatzeko beharrezko diren tresnak izangaiak berak ekarri beharko ditu. Halaber, gidoi bat ere erabil dezake izangaiak (ezingo da izan folio bat bi aldeetatik idatzita baino luzeagoa); proba amaitutakoan, epaimahaiari entregatu behar dio gidoia.
Azalpenak berrogeita bost minutuko iraupena izango du gehienera. Bukatutakoan, epaimahaikideek galderak egin edo jarduerak eskatu ahal izango dizkiote izangaiari, azalpenaren edukiarekin lotuta; debate horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraungo.
Bigarren zatia: proba praktiko bat izango da. Proba horrek 7.1.1.1. oinarrian txanda irekirako eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandarako deskribatu direnen ezaugarri berberak izango ditu.
Kasu batean zein bestean, proba dagokion hizkuntzan egingo da osorik.
7.3.– Oposizio-fasearen egutegia eta garapena.
7.3.1.– Programazio didaktikoa entregatzea.
2019ko maiatzaren 2tik 14ra bitartean, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera hautaketa-prozedurarako txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan parte hartzen duten onartuta dauden izangaiek, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), programazio didaktikoa entregatu beharko dute.
Interneteko helbide hauetakoren bat erabilita entregatu beharko dira programazio didaktikoak: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira). Bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har ezarritako bideren bat erabili ahal izango da.
Programazio didaktikoak formatu elektroniko hauetako batean entregatu behar dira:
– Microsoft Office 2016 edo aurrekoren bat.
– Libre Office 6 edo aurrekoren bat.
– Portable Document Format fitxategiak (PDF).
Programazio didaktikoa entregatu ondoren, frogagiria inprimatu beharko da, horixe izango baita dokumentua entregatu izana egiaztatzeko agiria. Frogagiri horretan, izangaiaren NANa eta izangaia identifikatzen duen eskabide-zenbakia agertuko dira, baita dokumentua zein data eta ordutan entregatu den ere.
Espezialitate bererako programazio didaktiko bat baino gehiago entregatuz gero, aurkeztutako azkena besterik ez da kontuan hartuko, eta huraxe izango da baliozkoa. Erregistroan begiratuko dira entregen data eta orduak, azkena zein den zehazteko.
Programazio didaktikoa epe barruan entregatzen ez duten pertsonek galdu egingo dute hautaketa-prozeduran parte hartzen jarraitzeko eskubidea, eta baztertu egingo dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eskatutakoa ez entregatzeagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko. Bertan adieraziko da non ipiniko den ikusgai zerrenda hori.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira). Ebazpena, informazio-ondoreetarako, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.
Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, bost egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango duen ebazpenaren bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen horrek berak onetsitzat joko du eskatutako programazio didaktikoa ez entregatzeagatik baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda. Behin betiko zerrenda horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote izangaiek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ebazpena eta behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira. Gainera, behin betiko ebazpenaren xedapen zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Programazio didaktikoa entregatu ondoren prozesuan onartuta jarraitzen dutenek egin ahal izango dituzte oposizio-faseko probak. Halaber, probak egin ahal izango dituzte, baztertuta agertu arren, deitutako ekitaldian bertan egiaztatzen dutenek gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela baina oraindik ebatzi gabe dagoela.
7.3.2.– Oposizio-faseko proben garapena.
Oposizio-fasea 2019ko ekainetik aurrera hasiko da. Maiatzeko bigarren hamabostaldian, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira epaimahaien egoitzak eta oposizio-fasea egiteko lekuak eta datak.
Ariketa kolektiboetan parte hartzeko deialdia jaso duten pertsonak azterketa lekuan agertu beharko dira ezarritako data eta orduan. Banakako proben kasuan, egun bakoitzerako deialdia jaso duten pertsonak epaimahaiak jarduerak hasteko ezarri duen orduan agertu beharko dira.
Epaimahaiek banakako probak lehendabizi egin behar dituzten izangaien zitazioak iragarriko dituzte, eta egokitzat jotzen diren beste gai batzuk ere bai; iragarpen horiek probak egingo diren ikastetxeetako iragarki-tauletan jarriko dituzte. Orobat, informazio-ondoreetarako, dagokion epaimahaiaren «Iragarki-taula»n ere jarriko dituzte, http://www.irakasle.eus Interneteko helbidean («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) – «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» – «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» (kidegoa eta espezialitatea hautatu behar dira) – «Epaimahaiak» – Oposiziogileari esleitu zaion epaimahaiaren zenbakia sakatu – «Iragarki-taula».
Behin epaimahaien aurrean banakako jarduerak hasita, izangaientzako hurrengo deialdiak ere probak egingo diren ikastetxeetan iragarri beharko dira, hasi baino hogeita lau ordu lehenago, gutxienez. Era berean, informazio-ondoreetarako, Interneteko helbide honetan ere iragarriko dira: http://www.irakasle.eus
Izangaiek epaimahaien aurrean banakako probetan jarduteko ordena zehaztean, kontuan hartuko da zer prozeduratan eta zer txandatan hartzen duten parte. Hortaz, proba aurrena egingo dutenak izango dira azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran parte hartzen dutenak, eta, ondoren, txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan parte hartzen duten izangaiek egingo dute proba –azken bi txanda horietakoek batera egingo dute–. Txanda horien barruko ordenari dagokionez, izangaien abizenen alfabeto-ordenari jarraituko zaio, V letraz hasitako abizena duen lehenengo pertsona izanik lehena, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2018ko otsailaren 19ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara eman zen 2018-2019 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan –baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.
Epaimahai batean ez badago izangairik lehenengo abizenaren lehenengo letra V duenik, hurrengo letrarekin edo letrekin hasiko ditu jarduerak epaimahaiak. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die izangaiei identifika daitezela; horretarako, izangaiek NANa edo jatorriko herrialdeko antzeko dokumentu bat, pasaportea edo titularraren argazkia duen gidabaimena aurkeztu beharko dute.
Epaimahaiak jakinez gero izangairen batek ez dituela betetzen deialdi honetan ezarritako betekizun guztiak, epaimahaiak, lehendabizi izangaiari entzunda, izangaia baztertzea proposatuko dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta, era berean, pertsona horren hautaketa-probetarako onarpen-eskabidean zer-nolako zehaztugabetasunak edo faltsukeriak dauden jakinaraziko dio, dagozkion ondorioak izan ditzan. Kasu horretan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpena eman bitartean, hautaketa-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du izangaiak, baldintzapean. Izangaia baztertzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Halaber, epaimahaiek ahalmena dute ariketak egiten direnean edozein iruzur egiten duten izangaiak hautaketa-prozeduratik baztertzeko, iruzur horren eraginez proba ezin denean normaltasunez garatu, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta.
Epaimahaiburuak egitate horien berri emango dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, eta dagokion bilkura-aktan jasoko ditu.
Izangaia hautaketa-prozesutik baztertzeko epaimahaiaren erabakiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
7.3.3.– Sindikatuei hautaketa-prozesuaren jarraipen egokia egiteko behar duten informazioa eta/edo dokumentazioa emango die Hezkuntza Sailak.
7.4.– Oposizio-fasearen kalifikazioa.
Epaimahaiek, oposizio-faseko probak kalifikatzeko, VI. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideak hartuko dituzte kontuan.
Epaimahaiko kide guztien irizpideak bateratzeko eta ebaluazioa ahalik eta objektiboena izateko, behar diren errubrikak erabiliko dira ebaluatu beharreko konpetentzia bakoitzerako.
7.4.1.– Txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.
7.4.1.1– Lehenengo proba (A eta B zatiak).
Proba hau 0 eta 10 puntu artean baloratuko da; proba osatzen duten bi zatiei dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio hori. Probaren A zatia eta B zatia 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko dira, eta honela haztatuko dira:
a) A zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,7 egingo da.
b) B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,3 egingo da.
Proba gainditzeko, zati bakoitzean lortutako puntuazioak horiei esleitutako puntuazioaren % 25ekoa edo gehiagokoa izan beharko du, eta guztizko puntuazioak (bi zatien puntuazio haztatuen baturak) 5 puntu edo gehiagokoa izan beharko du.
7.4.1.2.– Bigarren proba.
Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; proba osatzen duten bi zatiei (A eta B) dagozkien kalifikazioak batuz lortuko da balorazio global hori, honela haztatuta:
a) A zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,4 egingo da.
b) B zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,6 egingo da.
Aukera-berdintasuna bermatze aldera, epaimahaiak ikusten badu programazio didaktikoak ez duela betetzen 7.1.2.1 oinarriaren seigarren paragrafoan ezarrita dagoen betekizun formala –hau da, gutxienez 40 folio eta gehienez 60 izatea, DIN-A4 formatuan eta alde bakarretik idatzita, eta gutxienez 9 unitate didaktiko biltzea–, bigarren probaren A zatiaren kalifikazioa 0 puntu izango da.
Bigarren proba gainditzeko, izangaiek 5 puntu edo gehiagoko puntuazio global haztatua lortu beharko dute.
7.4.1.3.– Oposizio-faseari dagokion kalifikazioa fase hau osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izango da, izangaiak proba guztiak gainditu dituenean.
7.4.2.– Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedura.
Proba honen balorazio globala 0 eta 10 puntu artekoa izango da; izangaiek gutxienez bost puntu lortu behar dituzte proba gainditzeko. Izangaiak hautatu duen espezialitatea titular den espezialitatearen berdina ez bada, probaren bi zatietan lortutako kalifikazioak batuko dira, honela haztatu ondoren:
a) Lehenengo zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da.
b) Bigarren zatia: kalifikazio haztatua kalkulatzeko, lortutako kalifikazioa bider 0,5 egingo da
Epaimahaiak, balorazioa egiteko, izangaiak jakintzagaiari buruz dituen ezagutzak, baliabide didaktikoak eta baliabide pedagogikoak hartuko ditu kontuan.
7.4.3.– Izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortuko duen puntuazioa epaimahaian dauden kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoaren bidez finkatuko da. Epaimahaian dauden kideek emandako puntuazioetan hiru puntu edo gehiagoko aldea badago, kalifikazio altuena eta baxuena ez dira kontuan hartuko, eta gainerako kalifikazioekin egingo da batezbestekoa.
7.5.– Oposizio-fasean lortutako kalifikazioak argitaratzea.
Proba bakoitza amaitutakoan, dagokion epaimahaiak egoitza duen ikastetxean ipiniko ditu izangaiek lortutako kalifikazioen behin-behineko zerrendak, jakinarazpen-ondoreetarako. Era berean, epaimahaiaren «iragarki-taula»n ere kontsultatu ahal izango dira, http://www.irakasle.eus Interneteko helbidearen bidez («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) – «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» – «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» (kidegoa eta espezialitatea hautatu behar dira) – «Epaimahaiak» – Oposiziogileari esleitu zaion epaimahaiaren zenbakia sakatu – «Iragarki-taula».
Kalifikazio horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote izangaiek epaimahaiari, bi egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazioak epaimahaiburuari bidaliko zaizkio, eta epaimahaiaren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute epaimahaiek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez berrogeita zortzi ordu igaro ondoren, epaimahaiek kalifikazioen behin betiko zerrendak jakinaraziko dituzte, aipatutako tokietan; puntuazioak aldatu ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu beharko da.
Ondoren, oposizio-fasean lortutako guztizko kalifikazioak argitaratuko dira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez. Kalifikazio horiek lortzeko, batezbesteko aritmetikoa egingo da fase hori osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioekin, izangaiak proba guztiak gainditu direnean. Interneteko helbide honetan kontsultatu ahal izango dira: http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira): «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» -> «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» -> kidegoa eta espezialitatea adierazi behar dira -> «Emaitzak» -> «Oposizioko nota» -> «Alfabetikoki / Puntuz».
Guztizko kalifikazio horien aurka ez dago errekurtsoa aurkezterik; interesdunek, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute deialdi honen 10.3.2 oinarrian aurreikusten den azken ebazpenaren aurka.
7.6.– Oposizio-fasea gainditu duten izangaiek lortutako puntuazioak jakinaraziko dizkiote epaimahaiek hautaketa-batzordeari, batzorde horrek lehiaketa-faseari dagozkion kalifikazioak batu ditzan, 9. oinarriak aipatzen duen puntuazio globala lortzearren.
VII. KAPITULUA
LEHIAKETA-FASEA
8.– Dokumentazioa entregatzea, ofizioz barematzea eta puntuazioak argitaratzea.
8.1.– Lehiaketa-fasea I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduei puntuazioa esleitzean datza.
2019ko maiatzaren 2tik 14ra bitartean, agindu honen 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera hautaketa-prozeduretan onartuta dauden izangaiek, bai eta baztertuta daudenek ere (baldin eta gora jotzeko errekurtsoa jarri badute eta ebatzi gabe badago), I. eta II. eranskinetan adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak), oinarri honetan eta aipatutako eranskinetan aurreikusitakoaren arabera.
Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko betekizun gisa alegatutako tituluaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratu ahal izateko, titulua atzerrian lortu duten izangaiek, merezimenduak aurkezteko epea agortu ondoren, beste hogei egun natural izango dituzte titulua eman zuen herrialdeko Hezkuntza Administrazioak karrera osoan lortutako kalifikazioen batez besteko notaren ziurtagiria eman dezan. Horrez gain, Espainiako kalifikazioekiko baliokidetzak zehazteko, atzerriko sistema akademiko horretan lor daitezkeen kalifikazio gorenak zein diren ere adierazi beharko du.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte burututako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.
Izangai bakoitzak gehienez ere 10 puntu jaso ditzake lehiaketa-fasean bere merezimenduak baloratzean.
8.2.– Agindu honen I. eta II. eranskinetan, ofizioz zenbatzen ez diren merezimenduak eta ofizioz zenbatzen direnak ageri dira. Ofizioz zenbatzeko, nahitaezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan agertzea (ofizioz konputatzekoak badira, hala adierazita egongo da eranskinetan, dagokion merezimenduaren atalean). Jakiteko ea merezimenduak Langileen Erregistroan jasota dauden, www.irakasle.eus helbidera jo behar da («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu beharko dira) – «Espediente Pertsonala», atal hauetan:
– Zerbitzu-orria.
– Tituluak (atal honetan, espediente akademikoaren batez besteko nota ere agertu ahal izango da).
– PREST_GARA ikastaroen eta homologatuen ziurtagiriak lortzea.
– Zuzendaritza-karguak (azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedurarako).
Halaber, ikastaroak ere kontsultatu daitezke Interneteko helbide berberean: «Administrazio-izapideak» atala – «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» – «Norberari egokitutako kontsultak».
Esandako www.irakasle.eus helbidera sartzeko erabili beharreko pasahitza izango da izangaiak beste prozesu batzuetan (ordezkapenetarako izangaien zerrendak, etab.) parte hartzeagatik daukana; edo, pasahitzik ez dutenentzat, eskabidea betetzerakoan sistemak berak sortu duena, 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
8.3.– Ofizioz zenbatzen ez diren merezimenduen egiaztagiriak baino ez dituzte alegatu eta aurkeztu behar izangaiek, eta, ofizioz zenbatzekoak izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan ageri ez direnenak. Agiri horiek dokumentazioa aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatzean eskuratuko duten frogagiriarekin batera aurkeztu beharko dituzte; frogagiri horretan, alegatzen dituzten merezimenduak eta horiek barematzeko aurkezten dituzten egiaztagiriak zerrendatu behar dituzte.
8.4.– Izangaiek espresuki hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentazioaren gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Administrazioak eskubidea izango du edozein unetan behar diren azalpenak eta dokumentuak eskatzeko, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak edo erreklamazioak ebazteko.
8.5.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.
Salbuespen gisa, hizkuntza modernoetako espezialitateetan, eta bakar-bakarrik ondoren adierazitako merezimenduei dagokienez, egiaztagiriak dagokion hizkuntzan aurkez daitezke:
– I. eranskinaren III.1 (argitalpenak) eta III.2 (etengabeko prestakuntza) ataletako merezimenduak.
– II. eranskinaren II (prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak), III.2.1 (argitalpenak), III.2.2 (sariak) eta III.2.3. (proiektuak) ataletako merezimenduak.
8.6.– Izangai bakoitzari dagokion puntuazioaren esleipena, epaimahaiek eskuordetuta, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren unitateek egingo dute, I. eranskineko III.1, III.2 eta III.5 ataletako eta II. eranskineko II, III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 ataletako merezimenduak izan ezik. Azken horiek batzorde barematzaileek baloratuko dituzte.
8.7.– Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioak argitaratzea.
8.7.1. Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko I eta II atalak eta III.3 eta III.4 azpiatalak eta II. eranskineko I atala eta III.1 eta III.2.4 azpiatalak (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren unitateek barematuak).
Espezialitate guztietako izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrenda 2019ko uztaileko lehenengo hamabostaldian argitaratuko da. Argitaratze-data zehatza aldez aurretik iragarriko da Hezkuntza Sailaren web-orri hauetan: http://www.irakasle.eus eta http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/.
Lortutako puntuazioen behin-behineko zerrenda hemen argitaratuko da:
http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira):«2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» –> «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» –> kidegoa eta espezialitatea adierazi behar dira –> «Emaitzak» –> «Lehiaketa-aldia – Partziala».
Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta lurralde historiko bakoitzeko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu beharko dira.
Puntuazioen behin betiko zerrenda, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrenda bezala argitaratuko da.
8.7.2.– Honako hauetako merezimenduak: I. eranskineko III.1, III.2 eta III.5 azpiatalak eta II. eranskineko II atala eta III.2.1, III.2.2 eta III.2.3 azpiatalak (batzorde barematzaileek barematuak).
Espezialitate bakoitzeko izangaiek atal horietan lortu dituzten puntuazioen behin-behineko zerrendak dagokion batzorde barematzaileak argitaratuko ditu 2019ko uztaileko lehenengo hamabostaldian, honako hauen arabera: espezialitate bakoitzeko argitaratze-data zehatza; barematu beharreko oposiziogileen kopurua, eta, ondorioz, baremazio-lanen amaiera-data.
Behin-behineko zerrendak, lortutako puntuazioekin, espezialitate bakoitzeko batzorde barematzaileak argitaratuko ditu bere «iragarki-taulan»:
http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira) – «2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO» -> «Hautaketa prozesuaren jarraipena» –> kidegoa eta espezialitatea adierazi behar dira –> «Baremazio-Batzordeak» –> batzordearen zenbakia adierazi behar da -> «Iragarki-taula».
Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, lau egun balioduneko epean, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek dagokion espezialitateko batzorde barematzailearen buruari zuzenduko zaizkio, eta batzorde horren egoitzan aurkeztu beharko dira. Behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko dute batzorde barematzaileek non (egoitzaren barruan) eta zer ordutegitan aurkez daitezkeen erreklamazioak.
Puntuazioen behin betiko zerrendak, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrendentzat adierazitako leku beretan argitaratuko dira.
8.7.3.– Behin betiko puntuazioen aurka, ezin izango da errekurtsorik aurkeztu; hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute interesdunek 10.3.2 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.
8.7.4.– Txanda irekiko eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandako izangaien kasuan, sartzeko prozeduraren oposizio-faseko lehenengo proba gainditu duten izangaiei esleitu zaizkien merezimenduengatiko puntuazioak barematu eta argitaratuko dira. Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduraren kasuan, izangai guztiei esleitutako puntuazioak barematu eta argitaratuko dira.
8.8.– Lehiaketa-fasean lortutako kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten izangaiei soilik aplikatuko zaie.
8.9.– Izangaiek eskubidea izango dute aurkeztu duten jatorrizko dokumentazioa berreskuratzeko (I. eranskineko III.1 atalean eta II. eranskineko III.2.1 atalean –«Argitalpenak»– , bai eta I. eranskineko III.5 atalean –«Merezimendu artistikoak»– barematzeko aurkeztutakoa). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten dituen lekuan eta epean jaso ahal izango dute dokumentazioa, prozesua amaitu ondoren, betiere izangairen batek erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkeztu ez badu; halakorik gertatu bada, agiriak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa. Agiriak epe horretan jasotzen ez badira, horiek berreskuratzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta jasotzeko eskubidea galduko.
VIII. KAPITULUA
LEHIAKETA- ETA OPOSIZIO-FASEAK GAINDITZEA
9.– Lehiaketa- eta oposizio-faseetako puntuazioak haztatzea eta puntuazio globala.
Puntuazio globala da oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen batura, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan, hurrenez hurren, sartze- eta iriste-prozeduretarako aurreikusitako haztapena egin ostean.
Horrela, sartze-prozedurari dagokionez, hau izango da puntuazio globala osatzeko haztapena: % 60 oposizio-faserako eta % 40 lehiaketa-faserako. Iriste-prozedurari dagokionez, berriz, haztapena % 50 izango da oposizio-faserako eta % 50 lehiaketa-faserako.
10.– Izangaiak ordenatzea eta oposizio-lehiaketa gainditzea.
10.1.– Izangaiak ordenatzea.
10.1.1.– Fase bakoitzeko puntuazioak atera eta haztatu ondoren, hautaketa-batzordeek lehiaketa-faseko puntuazioak gehituko dizkiete oposizio-fasean lortutako puntuazioei azken fase horretan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaien kasuan, eta ordenatu egingo dituzte prozedura, txanda eta espezialitate bakoitzean, lortutako puntuazio globalaren arabera.
10.1.2.– Ordenatzean berdinketarik balego, hurrenez hurren irizpide hauen arabera ebatziko dira:
10.1.2.1.– Txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan sartzeko prozedura.
a) Oposizio-fasean puntuazio handiagoa lortu izana.
b) Oposizio-faseko ariketa bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, ariketa horiek deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.
c) Lehiaketa-faseko merezimenduen ataletan puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.
d) Lehiaketa-faseko merezimenduen azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.
e) Berdinketak bere horretan badirau, dagokion hautaketa-organoak egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egin daitezela aginduko du. Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako probak egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik–; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egingo dira.
10.1.2.2.– Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedura.
a) Proban puntuazio handiagoa lortu izana.
b) Merezimenduen baremoaren ataletako bakoitzean puntuazio handiagoa lortu izana, atal horiek deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.
c) Merezimenduen baremoaren azpiataletan puntuazio handiagoa lortu izana, azpiatal horiek deialdi honetan agertzen diren ordenaren arabera.
d) Berdinketak bere horretan badirau, dagokion hautaketa-organoak egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egin daitezela aginduko du. Emakumeak % 40 baino gutxiago diren espezialitateetan, aipatutako probak egin beharrean, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa. Salbuespena izango da lanposturako beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik–; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala eta guztiz, berdinketak bere horretan badirau, egoki iritzitako gaitasun-proba osagarriak egingo dira.
10.2.– Hautaketa-prozesua gainditzea.
10.2.1.– Praktika-fasera pasatzeko hautatuko dira izangaiak, baldin eta, dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izanik, edota aldi baterako hori egiaztatzetik salbuetsita izanik, eta gaztelaniaren ezagutza egiaztatzeko proba gaindituta, hala badagokio, aukeratutako prozeduran, txandan eta espezialitatean deitutako lanpostu kopuru osoaren berdina edo txikiagoa den hurrenkera-zenbakia badute, puntuazio globalaren arabera ordenatu ondoren.
10.2.2.– Aipatutako jarduerak egin ondoren, hautaketa-batzordeek hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak osatuko dituzte. Zerrenda horietan, zeinak espezialitateen arabera bereiziko baitira, batetik, txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan parte hartu dutenak egongo dira (batera), eta, bestetik, azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran parte hartu dutenak.
Txanda irekian hautatutako pertsonen zerrendak eratzean, hautaketa-organoek hasieran txanda horri esleituta zeuden lanpostuei gehituko dizkiete desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan eta azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran bete gabe geratu diren lanpostu guztiak.
Espezialitate bakoitzerako zenbat lanpostu eskaini diren, hautaketa-organoek inoiz ezin izango dute gainditutzat eman kopuru horretatik gorako izangai kopurua hautaketa-prozesuan.
10.3.– Oposizio-lehiaketa gainditu duten izangai hautatuen zerrendak argitaratzea.
10.3.1.– Hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak argitaratzea, eta bertan adieraziko du zerrendak non egongo diren ikusgai.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrendak, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira).
Ebazpena, informazio-ondoreetarako, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere argitaratuko da.
Behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, horietan egon litezkeen akatsak direla-eta.
10.3.2.– Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, hautaketa-organoek Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko dizkiote hautatutako izangaien behin betiko zerrendak; zuzendariak ebazpena emango du, zerrenda horiek argitaratzea xedatzeko. Ebazpena eta hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere, interesdunentzat jakinarazpen-ondoreak izate aldera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («2019ko EPE. Maisu-maistrak, kontserbatorioak eta HEO») eta http://www.irakasle.eus («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartu behar dira).
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Zerrenda horien ale bat organo deitzaileari helaraziko zaio, eta prozesuaren garapenean sortutako gainerako dokumentazioa Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren zaintzapean geldituko da.
10.3.3.– Hautaketa-organoek, espezialitate bakoitzerako hautatu dituzten izangaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat ere prestatuko dute hautatutako izangai ordezkoekin, zerrendakide kopuru bera izango duena, hautatutako izangairen batek izaera hori galtzen badu honako arrazoiengatik:
– Hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egin izanagatik –Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aurrean aurkeztuak 2019ko abuztuaren 17a baino lehen–.
– Aurkez daitezkeen errekurtsoak baietsiz gero.
– Deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik, hautatutako izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak berrikusi ondoren, 11.1 oinarrian aurreikusita.
11.– Hautatutako izangaiek egin beharrekoa.
11.1.– Dokumentuak aurkeztea.
Hogei egun naturaleko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, pertsona horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte agiri hauek, «Hautatuek agiriak entregatzea» izeneko ereduarekin batera:
a) Kidegoan sartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko ikasketa guztiak gainditu dituela eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.
Atzerrian lortutako tituluen kasuan, maisu-maistraren, kontserbatorioko irakaslearen edo hizkuntza-eskola ofizialeko irakaslearen lanbide arautura iritsi eta lanbidean jardun ahal izateko lanbide-kualifikazioa aitortzen duen kredentziala edo dagokion homologazioa erantsi beharko dira.
b) Indarrean den Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, salbu eta «Hautatuek agiriak entregatzea» ereduan esanbidezko adostasuna adierazi bada Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsulta ditzan nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bitartez.
Espainian bizi diren atzerriko izangaiek honako hauek aurkeztu beharko dituzte: nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua, eta indarrean den Europar Batasuneko egoiliarraren edo horren senidearen txartelaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, indarrean den Europar Batasuneko egoiliarraren edo mugaz gaindiko langilearen aldi baterako txartelaren fotokopia konpultsatua.
Europar Batasuneko gainerako estaturen bateko nazionalak diren izangaiek, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalak badira eta Espainian bizi ez badira, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi-araubidean daudelako, nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
Izangaiak atzerritarrak izanik, Europar Batasuneko estaturen bateko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalen ezkontideak badira (baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude), eta euren edo ezkontidearen ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izan arren, mendekoak badira, hauek aurkeztu beharko dituzte: pasaportearen edo bisatuaren eta, hala behar izanez gero, dagokion txartela eskatu izanaren frogagiriaren edo bisatuaren eta txartel horren salbuespena eskatu izanaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua. Dokumentu horiek eskatu ez badira, agintari eskudunek emandako dokumentuak, ahaidetasuna frogatzen dutenak, aurkeztu beharko dituzte; aurkeztu beharko dituzte, halaber, Europar Batasuneko edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla-eta langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalaren –zeinarekin lotura hori duen– zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non adieraziko baita ezkontidearengandik ez dagoela zuzenbidez bananduta eta, hala badagokio, izangaia horren pentzudan edo kargura bizi dela.
c) Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, hauek adieraziz: diziplinazko espediente baten ondorioz ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ez dutela funtzio publikoak egikaritzeko desgaitu, eta ez dagoela sartuta Administrazio Publikoetako Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezintasun eta bateraezintasunen inolako legezko kausatan.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, bestalde, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, hauek adieraziz: ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.
d) Desgaitasunen bat izan eta hori baliatu duen izangaiak foru-aldundiko, autonomia-erkidegoko, edo, hala egokituz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko gizarte-ongizateko sailetako organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko du, non jasoko baita izangaiak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela; bestela, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako ebazpena aurkeztu beharko du, zeinaren bidez ezintasun iraunkor osoa aitortzen baitzaio irakaskuntzakoa ez den beste lanbide baterako. Bi kasuetan egiaztatu beharko du aukeratu dituen kidegoari eta espezialitateari dagozkien zereginak eta egitekoak burutzeko bateragarritasuna.
Ez dute horrelakorik aurkeztu behar eskabideak aurkezteko hasierako epean dagoeneko aurkeztu dutenek.
e) Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoko izangaien kasuan, 2.2.3 oinarrian aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea egiaztatzen duen ziurtagiri edo tituluaren fotokopia konpultsatua; edo, hala badagokio, betekizun horretatik salbuetsita daudela egiaztatzen duen tituluarena.
Ez dute horrelakorik aurkeztu behar hautaketa-prozesuan zehar dagoeneko aurkeztu dutenek.
Oinarri horrek aipatutako prestakuntzaren baliokidea dela aitortzen duen aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia egiaztatzeko, I. eranskineko I. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.
f) Epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik kondenatuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sartzen dira sexu-erasoak eta -abusuak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen galbideratzea, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute horrelakorik aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bitartez datu horiek kontsultatzeko esanbidezko adostasuna eman diotenek, 3.1.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek honako hau ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute: jatorrizko herrialdeetan ez dutela kondenarik izan aipatutakoen izaera bereko delituei dagokienez.
11.2.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.
11.3.– Ezarritako epean dokumentazioa aurkezten ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik–, edo agiri horien azterketatik ondorioztatzen bada 2.1, 2.2, 2.3 eta 2.4 oinarrietan adierazitako betekizunen bat betetzen ez dutela, karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte, hargatik eragotzi gabe hasierako eskabidean faltsukeria egin izanagatik izan dezaketen erantzukizuna.
Ezinbesteko kasuren batean dagoenak berehala eman beharko dio horren berri Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari, idatziz, aipatutako zuzendaritzak kasua azter dezan.
Kode Zibilaren 1105. artikuluaren arabera, ezinbesteko kasuak dira aurreikusi ezin diren gertaerak, edo, aurreikusita ere, saihetsezinak direnak.
11.4.– Atzerrian bizi diren izangai hautatuek Espainiaren ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsulatuetan aurkeztu ahal izango dute dokumentazioa, eta erakunde horiek organismo eskudunera igorriko dute: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 (Lakua), Gasteiz (posta-kodea: 01010). Dokumentazioa toki horietan aurkezteko epea, oro har, 11.1 oinarrian adierazitakoa izango da.
11.5.– Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran hautatutako izangaiek ez dituzte dokumentu bidez justifikatu beharko karrerako funtzionarioaren aurreko izendapena lortzeko dagoeneko egiaztatu zituzten baldintzak eta betekizunak; horrela, 11.1.a oinarrian ezarritako dokumentazioa bakarrik aurkeztu beharko dute.
IX. KAPITULUA
PRAKTIKA-FASEA
12.– Praktiketako funtzionario izendatzea.
12.1.– Hezkuntzako sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatutako izangaiak, praktikak egiteko betebeharretatik salbuetsita ez badaude, edo, salbuetsita izanik ere, praktikak egitea erabaki baldin badute; kasu horretan, ez dituzte ebaluatuko.
12.2.– Praktika-fasetik salbuetsita egoteak edota praktikak egiteko atzerapena lortzeak ez du aldaketarik ekarriko gainerako izangaiei esleitutako lanpostuetan, ez eta hautatutako pertsonen zerrendan ere.
12.3.– Hautatutako izangaiek ez dute praktika-faserik egin beharko, baldin eta egiaztatzen badute irakasleen kidego batean karrerako funtzionario gisa gutxienez ikasturte batean lan egin dutela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, edo azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduraren bidez sartzen badira. Kasu horietan, izangaiek aukeratu dezakete praktika-fasea egin (hori ez da ebaluatuko) edo, karrerako funtzionario izendatu arte, haien jatorrizko kidegoan jarraitu. Idatziz adierazi beharko dute zer aukeratzen duten. Idazkia Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidali beharko diote, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
12.4.– Praktika-fasea egiteko destinoen esleipena egingo da hautatuak izan diren espezialitatean eta hautaketa-prozeduran lortutako puntuazioaren arabera, parte hartzeko erabiltzen den txanda gorabehera, ikasturte akademikoaren hasierako esleipen-prozesuarekin bat etorrita, praktika-fasea egin behar dutenei dagokienez. Prozesu hori 2011ko uztailaren 15eko Aginduak arautzen du (uztailaren 29ko EHAA).
Azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozeduran hautatuak izan diren eta praktikak egitea aukeratu duten pertsonek lehentasuna izango dute esleipen-prozesu horretan, destinoak lortzeari dagokionez, txanda irekiaren eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandaren bidez sartzen direnen aurrean.
12.5.– Praktika-fasea egiteko lortutako destinoak behin-behinekoak izango dira. Hautatutako pertsonek esleitu zaizkien destinoetan egin beharko dute praktika-fasea, eta, 2019-2020 ikasturtearen hasieran destino horietara agertzen ez badira, hautaketa-prozedurari uko egiten diotela ulertuko da, salbu eta praktika-fasea hastea atzeratzeko aukera eman bazaie edo, behar bezala egiaztatutako kausak direla-eta, destinoetara agertzea ezinezkoa izan bazaie.
Praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiek eta, praktika-fasea egitetik salbuetsita izanik, jatorrizko euren kidegoetan jarraitu nahi izan duten izangaiek lanpostu-hornikuntzarako deituko diren hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeren batean eta hautatuak izan diren espezialitatean euren lehen behin betiko destinoa lortu arte.
13.– Praktika-fasearen ezaugarriak eta ebaluazioa.
13.1.– Praktika-fasearen xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna egiaztatzea. Praktika-faseak ikasturte bat iraungo du, eta praktika horiek ebaluatu egin ahal izango dira sei hilabetez irakaskuntza zuzeneko egiazko zerbitzuak egin eta gero, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldiarekin.
Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasuneko egoeran, amatasun-bajan edo beste ezinbesteko kasuan (salbuespenezko aurreikusi gabeko eta saihetsezin egoera) badago eta horren ondorioz ezin badu praktika-fasea ohiko eran egin –kalifikazio-batzordeak baloratuko du–, praktika-fasea, gutxienez, hiruhileko batetik gorakoa izan ahalko da, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du. Salbuespenezko kasu horietan ere, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldia egin beharko da.
Beste alde batetik, praktika-fasean hastea ikasturte akademiko batez atzeratu behar dutenek –aurreko paragrafoan adierazitako egoeraren batean daudelako eta horren ondorioz ezin dutelako praktika-fasea egin– idatziz eskatu beharko diote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, bost egun balioduneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, beharrezkoak diren egiaztagiriak erantsita. Zuzendaritza horrek ebazpena emango du, eskabidea baiesteko edo ukatzeko. Atzeratze-epea igaro eta gero praktika-fasea hasten ez duenak karrerako funtzionarioaren izendapenari dagozkion eskubide guztiak galduko ditu.
Praktika-fasearen garapena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez arautuko da, betiere Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak proposatuta.
Fase hori 2019-2020 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko da.
13.2.– Kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle esperientziadunen tutoretzapean egingo da praktika-fasea. Batzorde horien osaera praktika-fasea arautuko duen ebazpenean xedatuko da.
13.3.– Praktika-fasean, lanpostuan sartzeko eta trebatzeko jarduerak, kalifikazio-batzordeek programatutakoak, egin ahal izango dira. Horrez gain, batzordeek izangaiei amaierako txostena egiteko eskatu ahal izango diete, topatutako zailtasunak eta jasotako laguntzak balora ditzaten.
Praktika-fasean zehar, kalifikazio-batzordeek hala proposatzen badute, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak eska dezake praktiketako funtzionarioei azterketa medikoak egitea, irakasle-lana behar bezala garatzeko beharrezkoak diren baldintza fisiko eta psikikoak badituztela frogatzeko.
13.4.– Praktika-fasea amaitzean, izangai guztiek «gai» edo «ez gai» kalifikazioa jasoko dute. Dagokion kalifikazio-batzordeak egingo du ebaluazioa, adierazitako ebazpenak ezarritako irizpideei jarraikiz. Betiere, ebaluazioa egitean, aintzat hartuko dira irakasle-tutoreak, praktikak egiteko erabili den ikastetxeko zuzendariak eta programatutako trebakuntza-jardueren arduradunek egindako txostenak.
«Ez gai» deklaratutako izangaia praktiketako funtzionario gisa sartu beharko da «ez gai» deklaratua izan den ikasturtearen hurrengo ikasturtean, eta praktika-fasea behin bakarrik errepikatu ahal izango du.
Hurrengo urterako kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozesua deituta egongo balitz, hurrengo promozioko hautatuekin batera sartuko da lanera, eta, kasu horretan, sartutako promozioan, bere espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du.
Lanera sartzen ez direnek edo bigarrenez «ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenek karrerako funtzionarioaren izendapena lortzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Deialdia egin duen agintaritzak deklaratuko du eskubide horien galera, ebazpen arrazoitu baten bidez.
X. KAPITULUA
KARRERAKO FUNTZIONARIOAK.
14.– Karrerako funtzionario izendatzea.
Aurkeztutako agiriak egiaztatu ostean, Hezkuntzako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du praktika-fasea gainditu duten izangaien eta praktikak egitetik salbuetsita zeuden izangaien (praktikak egitea –ebaluatu gabe– zein ez egitea aukeratu ahal izan dute) izendapena karrerako funtzionario gisa. Praktika-fasea zer ikasturtetan gainditu duten, hurrengo ikasturtearen hasiera-egunetik aurrera izango ditu ondorioak izendapenak.
XI. KAPITULUA
IRAKASLEEN ORDEZKAPENETARAKO IZANGAIEN ZERRENDAK
15.– Zerrendak irekitzea oposizio-fasea gainditu dutenentzat.
Oposizio-fasea gainditu duten baina hautatuak izan ez diren izangaiak irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan sartu ahal izango dira, zeina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak arautzen baitu (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen da). Probak gainditu dituzten espezialitatearen zerrendan sartuko dira, betiere lehendik zerrenda horretan ez bazeuden.
Ondorio horretarako, hautaketa-prozesutik datozen praktiketako funtzionarioen izendapenak argitaratu ostean, Langileak Kudeatzeko zuzendariak deialdi espezifiko bat egingo du, probak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren pertsonek zerrendetan sartzeko aukera balia dezaten. Deialdi hori Interneteko helbide hauetan argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://www.irakasle.eus
Pertsona horiek aurkeztu beharko dituzte hautaketa-prozesuan eskatutako betekizun orokor eta espezifikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (11.1 oinarria); horrez gain, honako hauek aukeratu beharko dituzte, horretarako ezarriko den epean: zer lurraldetan eman nahi dituzten eskolak; lanaldi mota, eta eskolak emateko hizkuntza-eskakizuna.
Ukitutako pertsonek zerrenda ordenatu bat eratuko dute hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio globalaren arabera.
Geroago, urtero egiten den ordezkapenetarako izangaien zerrendaren birbaremazioan, zerrenda diferentziatuko pertsonak (hautaketa-prozesuaren bitartez sartu direnak) zerrenda orokorrean sartuta geratuko dira.
16.– Puntuazioa ematea hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditzen dutenentzat.
Hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditzen duten baina hautatuak izan ez diren ordezkapenetarako izangaiei kontutan hartuko zaie horregatik dagokion puntuazioa (ordezkapenerako izangaien zerrendan aplikagarria den baremoko elementu bat bezala), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie deialdi hau argitaratzen den datan izangaiak direnei, bai zerrenden irekiera ondoren edo oposizio-fasea gainditu ondoren izango direnei, 15. oinarrian aurreikusten den arabera.
XII. KAPITULUA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA
17.– Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura hauetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.
Datuak erabili, hirugarrenei laga, bai eta sartu, zuzendu, ezeztatu edo aurka-eskubideak ere, 3/2018 Lege Organikoan, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294 zk), ezarritakoan xedatuko da.
Fitxategiaren erabilera eta funtzionamendua bat etorriko dira aipatutako Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin.
I. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA
TXANDA IREKIA ETA DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAT GORDETAKO TXANDA
II. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA
AZPITALDE ETA DESTINO-OSAGARRIAREN MAILA BEREKO IRAKASLEEN BESTE KIDEGO BATZUETARA IRISTEKO PROZEDURA
III. ERANSKINA
IRAKASKUNTZAREN ONDORIOETARAKO BALIOKIDEAK DIREN TITULUAK
MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO IRAKASLEEN KIDEGOA
IV. ERANSKINA
CURRICULUMAK
V. ERANSKINA
GAI-ZERRENDAK
VI. ERANSKINA
OPOSIZIO-FASEKO PROBAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
VII. ERANSKINA
PROBA PRAKTIKOAREN EZAUGARRIAK