EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019047

26/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketetarako Europako laguntza-neurria garatu eta aplikatzeari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201900026
Xedapenaren data: 2019-02-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201901221
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/12/12an argitaratutako 2014/12/09ko 201400227 DEKRETUA partzialki indargabetzen du

Europar Batasunak merkatuaren antolaketa bateratu bat (MAB) ezarri du mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, Batasuneko sektorearen ekoizpena lehiakorragoa izan dadin, eta ardoak, berriz, kalitate hobekoak. MAB horrek hainbat laguntza-neurri dakartza berekin, tartean, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak. Estatuan zenbait arau eman dira argitara; horietatik azkena 1363/2018 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari 2019-2023 aldian laguntza-neurrien programa eskaintzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoan, autonomia-estatutuak aitortutako gaitasunak direla bide, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legeak ezarri du mahastiaren eta ardoaren ordenamendua. Bestalde, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzen Europako erregelamendua eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak ezarri zituen abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europar Batasunak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoak.
Batasuneko erregelamenduetan nahiz Estatuko araudian egindako aldaketak eta laguntza horiekin loturiko alderdi tekniko batzuen arauketa eta aplikazioan agerian geratu diren gabetasunak hobetzeko premia kontuan hartuta, nahitaezkoa da MABa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko eta aplikatzeko araudia aldatzea, batik bat, 227/2014 Dekretuaren, abenduaren 9koaren, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzei buruzkoaren, IV. kapitulua, laguntzok substantibotasun eta sistema berezkoak dituzte-eta.
Horrenbestez, dekretu honen xedea da Europar Batasuneko erregelamendua eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza-neurri hauei lotuta. Hori horrela, arauketa bereizia behar dute laguntzok, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearentzako gainerako laguntzen aldean. Era berean, nahitaezkoa da abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren IV. kapitulua indargabetzea.
Dekretu hau prestatzerakoan, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei, erakunde profesionalei eta sektoreko elkarte eta erakundeei.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak.
1.– Dekretu honen xedea da Europako erregelamendua eta estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza-neurriei lotuta.
2.– Mahastiak ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen dituzten mahastizainek mahasti horiek berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak eska ditzakete, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, zeinaren bidez nekazaritza merkatuen antolakunde erkidea sortzen baita, eta 922/72 EEE, 234/79 EEE, 1037/2001 EE eta 1234/2007 EE Erregelamenduak indargabetzen baitira.
3.– Dekretu hau aplikatzeko, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan ezarritako definizioak hartuko dira kontuan; edo, bestela, hori aldatzen edo ordezten duten arauetan ezarritakoak.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira ardogintzarako mahatsa ekoiztera bideratutako mahastiak dituzten mahastizainak, egungoak zein etorkizunekoak, baldin eta «mahasti» SIGPAC erabilerako lurzatiak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Nekazaritza-ustiategia edo horren lurzatiak Euskadiko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Nagusian egon behar dira inskribatuta.
b) Mahasti-lurzatiak, halaber, dagokien lurralde historikoko Ardogintzako Erregistroan inskribatuta egon beharko dira.
c) Mahastiaren berregituraketa-plana aurkeztea, banakoa edo taldekoa.
d) Mahastien landaketaren gainean indarrean dagoen araudia betetzea, ustiategiko saila edozein dela ere.
e) Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko adierazpenak aurkezteko eginbeharra betetzea.
f) Berregituratu edo birmoldatuko den lurzatian diharduen edo jardungo den mahastizaina izatea.
g) Baldintzen ondoriozko betebeharrak betetzea, dekretu honen 19. artikuluan ezarritakoa betez.
h) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko, emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketa egiten denean.
2.– Onuradun izan ezin daitezkeenak:
a) Mahasti-landaketen arloan indarrean den araudia urratzen dutenak, ustiategiko saila edozein dela ere, ezta mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea laguntzeko programa nazionalean onartutako eragiketetatik baten bat egin gabe dutenek, ez bada ezinbestean edo salbuespenez.
b) Aurreko ekitaldietan 2019-2023 aldirako laguntza-programaren laguntza eskatu duten mahastizainak, horien helburua mahastia berregituratzea eta birmoldatzea izanik, eta eragiketa hori dagoeneko onartuta, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluaren arabera, laguntza horri uko egiten badiote edo 47. artikuluaren arabera onartutako edo aldatutako eskakizunean adierazitako finantza-ekitaldian erabiltzen ez badute, ez bada ezinbestean edo salbuespenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren –Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa– 2. artikuluaren bigarren puntuan jasotakoari jarraikiz, eta kasuan kasuko foru-aldundiak ezarritako salbuespen-kasuetan. Erregelamendu horren bitartez, honako erregelamendu hauek indargabetu ziren: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak.
c) Sexuagatiko bereizkeriagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalez zigortu dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, zigorrean ezarritako denboraldiak irauten duen bitartean.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. 2 eta 3 artikuluetan ezarritako egoeraren batean daudenak.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak, finantzaketa eta bateraezintasunak.
1.– Mahastiak berregituratzeko edo birmoldatzeko laguntzak jarduera hauetako baterako edo gehiagotarako soilik eman daitezke:
a) Mahasti-birlandaketak.
b) Barietate-aldaketak.
c) Mahastien kudeaketa-tekniken hobekuntza.
Eragiketa bakoitzean hauta daitezkeen berregituratze- eta birmoldatze-ekintzak, horien ezaugarriak, unitateko kostuak eta gehieneko mugak Dekretu honen I. eranskinean dauden jasota.
2.– Ez dira laguntza-araubide honen barnean egongo:
a) Ziklo naturalaren bukaerara iritsi diren mahastien ohiko berrikuntza, hau da, lurzati bera birlandatzea, ardogintzarako mahats-barietate eta laborantza-metodo berberak erabiliz.
b) Azken hamar kanpainetan mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak jaso dituzten lurzatiak, salbu eramate-sistema ordezkatzen bada –baso-sistema parra-sistemaz edo beste sistema batez–. Epe horren hasieratzat hartuko da eskatzaileak sail horretarako laguntzaren ordainketa edo, aurrerakina eskatu duenean, saldoaren likidazioa eskatzen duen unea.
c) Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 14. artikuluan jasotako ekintzen kostuak. Erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen da, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, eta Batzordearen 555/2008 Erregelamendua (EE) aldatzen da.
d) Landaketa berri baterako baimenarekin landatu diren lurzatiak, baimena 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 63. eta 64. artikuluen arabera eman bada.
e) 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluaren arabera emandako landaketa-baimenarekin landatu diren lurzatiak, baimen horren jatorrian beste ustiategi batean eskuratutako eskubideak badaude edo landaketa-erreserba edo -eskubide berri bat badago.
f) Ez dira diruz lagunduko bigarren eskuko materialarekin gauzatutako ekintzak.
3.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik etorriko dira (NBEF), eta haien zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoan helburu hori betetzeko izendatutakoa izango da, deialdi edo epealdi bakoitzean, Europako Erkidegoko eta Estatuko erregelamenduetan eta erabakietan ezarritakoarekin bat.
Dekretu honetan jasotako laguntzak emateko, zeinen ordainketa –osoa edo partziala– 2020ko urriaren 15etik aurrera egin behar baita, kreditu egokia eta nahikoa egon behar da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetan eta Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren aurrekontu-aplikazioetan edo Euskal Autonomia Erkidegokoetan, Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko 2019-2023 programari lotutakoetan. Ondorio horietarako, dauden funtsak ez badira nahikoak emandako eta egikaritutako laguntzak ordaintzeko, diruz lagundutako jardueren ordainketa-eskabide osatuak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio.
Laguntza horiek Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko dira, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat (Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen Dekretua), behin Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak xede horretarako ebazpenak eman ondoren.
4.– Ezingo dira dekretu honetan jasotako laguntzen kontura finantzatu Euskadiko Landa Garapenerako Programa edo Planean bildutako neurriak, ez eta europar funtsekin finantzatutakoak ere.
Laguntza hauek ezingo dira inola ere Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiek helburu berdinerako finantzatutako beste edozein laguntzekin batera hartu edo horiekin osatu.
4. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-eragiketek bete beharreko betekizunak.
Laguntzak eskatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte mahastien berregituraketa-eta birmoldaketa-eragiketek:
a) Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eskakizun baten testuinguruan berregituratu edo birmoldatuko den azalera osoak gutxienez 0,3 hektarea izan beharko ditu. Berregituratu edo birmoldatu ondoren, mahasti-sailak gutxienez 0,3 hektarea izan beharko ditu. Hala eta guztiz ere, muga hori txikiagoa izango da berregituratu eta birmoldatu ondoren lurzatien kopurua hasierako lurzatien kopurua baino % 80 txikiagoa bada. Era berean, 0,3 hektareakoa baino txikiagoa izan ahalko da, mahastizain beraren beste lurzati baten mugakidea bada.
Bata bestearengandik gertu dauden bi mahasti ez dira mugakidetzat hartuko, baldin eta, SIGPAC-aren arabera, tartean bide, erreten, ezponda edo bestelako elementu ez egiturazkoren bat badago.
Gehieneko azalera 25 hektarea izango da urtean, mahastizain bakoitzeko.
Barietate-aldaketara edo baso-sistematik parra-sistemara aldatzera mugatzen bada eragiketa, gutxieneko azalera hasierako bera izango da.
b) Berregituraketa- eta birmoldaketa-eskaerek barne hartzen dituzten azalerak laborantzarako baliatu behar dira gutxienez 10 kanpainaz, ordainketa eskatu zen osteko kanpainatik aurrera. Baldintza hori urratuz gero, onuradunak jasotako laguntzaren zenbateko osoa itzuli eta dagozkion interesak ordaindu beharko ditu, 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, ezinbesteko kausa edo egoera berezi hauetan izan ezik:
– Mahastizainaren heriotza.
– Mahastizainaren epe luzerako lanerako ezintasuna.
– Agintari eskudunek aitortutako hondamendi naturalek sailak kaltetu izana.
– Bermedun erakunde batek egiaztatutako arazo fitosanitarioak.
– Nahitaezko desjabetzea, plana onartzeko unean aurreikusi ezina.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan baimenduta eta ardogintza-ahalmena arautzen duen urriaren 29ko 1338/2018 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean jasota dauden ardogintzarako mahats-barietateak bakarrik erabili ahal izango dira.
d) Sail horietan egiaztagiridun txertakak edo landare-materialak erabiliko dira nahitaez. Laguntza jaso ahal izateko, nahitaez aurkeztu beharko dira mintegiak edo baimendun merkaturatzaileak emandako faktura, jatorrizkoa edo kopia autentikoa, eta hura ordaindu izanaren ziurtagiria.
5. artikulua.– Mahasti bat birlandatzeko laguntzak
1.– Mahasti-birlandaketatzat hartuko da mahasti-lurzati bat edo gehiago mahasti-azalera baliokideez ordezkatzeko behar diren eragiketak egitea, horiek labore-sistema, eramate-sistema, mahasti-lurzatiaren kokapena edo lurzati kopuruaren murrizketa hobetzea baldin badakarte.
2.– Era berean, birlandaketatzat hartuko da ustiategi beretik eratorritako landaketa-eskubideak administrazio-baimen bihurtzeari esker mahasti bat landatzea
3.– Birlandaketak beti ekarriko du berekin lurzorua prestatzeko eta mahastia landatzeko lanak egin beharra. Birlandaketatzat hartuko da mahastia (Vitis vinifera) behin betiko lurzoruan birkokatzea.
4.– Landaketari loturiko laguntzaz gain, landaketa osatzeko ekintza hauetarako laguntza ere eskatu ahal izango:
a) Mahastia erauztea edo mahasti-lurzatiko orpoak erabat kentzea. Erauzteko, txertaka nahiz landarearen goialdea kendu behar dira, baita zutoinak eta alanbreak ere, lurzatian eramate-sistemarik balego.
b) Diruz lagunduko den mahasti-erauzketaren azalera gehienez landaketa-azalera finantzagarria izango da. Laguntza hori jaso ahalko dute 8. artikuluan aipatutako urtean edo bi urtean behingo eragiketak gauzatzeko epearen barnean egindako erauzketek bakarrik.
c) Landare gazteak babestea edo babesleak, plastikozko hodia eta bestelakoak ipintzea landareak inguratuz, landatu berritan untxiek ez kaltetzeko. Banakako babesa bermatu beharko da, erasoon aurrean erabatekoa izango dena.
d) Harrigabetzea: makineria egokiarekin eta/edo eskuz egin beharreko zeregina; landaketa eta ondorengo labore-lanak egin ahal izateko lurzorutik harri kopuru nahikoa kentzea.
e) Berdintzea: makineria egokiarekin egin beharreko zeregina; lurzatia lautzea, are geruztatzea ere, % 5eko pendiza baino handiagoa duten lurzatietan, lurzatiko nekazaritzarako ez diren lurren geomorfologia naturala eraldatu gabe, eta muinoak, ezpondak edo landaredia naturaleko guneak kasuan kasuko baimen administratiborik gabe kentzea (kasuan kasuko foru-aldundiari aurretiaz eskatu beharrekoa).
f) Zapaldatzea: lurra erauztea eta zapaldak eratzea edo nekazaritzako lurzatietako zapaldak berreskuratzea makineria egokiarekin, pendizean dagoen lurzatian, higadurari loturiko lurzoru-galerak murrizteko eta mahasti-landaketa errazteko. Lurzatiko nekazaritzarako ez diren lurren geomorfologia aldatzeko, edo muinoak, ezpondak edo landaredia naturaleko guneak kentzeko, kasuan kasuko foru-aldundiaren baimen-administratiboa jaso beharko da.
g) Zapaldatzea, harresiarekin: lurra erauztea eta zapaldak eratzea edo nekazaritzako lurzatietako zapaldak berreskuratzea makineria egokiarekin, % 30etik gorako pendiza dagoen lurzatian, higadurari loturiko lurzoru-galerak murrizteko eta mahasti-landaketa errazteko, harresiak eraikitzea edo hobetzea barne. Nekazaritzarako ez diren lurzatien edo nekazaritzarako ez diren lurren geomorfologia aldatzeko, edo muinoak, ezpondak edo landaredia naturaleko guneak kentzeko, kasuan kasuko foru-aldundiaren baimen-administratiboa jaso beharko da.
h) Zapaldatze-eragiketak: zapaldatze-eragiketatzat hartuko dira % 10eko edo gehiagoko pendiza dagoen lurzatian egindakoak eta harresia eraikitzekoak, lurrezko ezponda utzi ez eta beratako materialez eraiki bada. Eragiketa horri loturiko inbertsio hautagarria ezartzeko memoria edo proiektu bat aurkeztu beharko da, nekazaritza-teknikari batek egina (ingeniari agronomoa, nekazaritzako ingeniari teknikoa edo nekazaritzako eta landa-inguruneko ingeniaritza graduduna izan beharko da). Hauek hartuko ditu barnean:
– Lurzatiaren kokapena eta batez besteko pendiza.
– Eraikuntza-ezaugarriak: harresia egingo den obra-unitateak eta materialak, luzetarako profilak eta sestra-kurbak jasota dauden planoak, oinplanoak, aurreikusitako harresien profila eta zapalda kopurua.
– Aurrekontu xehatua, egin beharreko lanen kostua aztertuta, materialak zein eskulana banakatuta eta ekintzen egutegi aurreikusia adierazita, amaiera-data barne.
i) Desinfektatzea: mahastientzako baimenduta dagoen produktu desinfektatzailea aplikatzailea lurzoruan, lurzoruan bizi diren patogenoen populazioak deuseztatzeko edo, ezin bada, murrizteko, ekoizpenean galerak eragiten dituztenez.
j) Horma-sarea: landaredia eramateko sistema goratua eta euskarriduna; mahastiaren mekanizazio egokia ahalbidetzen du, batik bat inausketan eta mahats-bilketan. Horma-sarearen egitura inguruko erabilera ohikoen araberakoa izan beharko da, eta mahastiaren labore goratu iraunkor eta sendoa ahalbidetu behar ditu.
Horma-sarea balekotzat jotzeko, egiturak gutxienez altuera desberdinetan kokatutako bi alanbre izan beharko ditu.
k) Oholesia: landaredia eramateko sistema goratua, horma-sarea baino gorago ipintzen dena, 1,75 m-ko altueratik gora. Inguruneko erabilera ohikoa da eta erabilitako mahats-barietateen laboreak hobeto egitea ahalbidetzen du. 6 bat alanbre erabiltzen dira mahastiari eusteko.
l) Parrak: Mahastia eramateko sistema, 60-80 cm-an behin gurutzatzen diren alanbre-egituraz osatua. Egitura bi metrotik gorako luzera duten zutoinetan bermatzen da, mahasti-azalera osoa estaliz. Landaredia plano horizontalean garatzen da, alanbreek bermatuta.
m) Banakako goratzea: landaredia goratzea, baso motako eramate-sistemaren bitartez. 1,5 metroko gida bat ipintzen da, 6 cm-tik gorako diametrokoa, orpo bakoitzean, eta enborra orpoaren oinarriko kimuen hostoen artetik goratzen da, horiek giden inguruan jartzen baitira, lurzorutik 50-60 zentimetro ingurura. Hala, basoa garaiagoa da, eta gida batek zuzenduta dago.
5.– Birlandaketa-laguntzan lurzorua prestatzearen kostuaren, hektareako kopuru finko bat, gehi landarearen eta landatzearen kostuaren –azken hori kopuru aldakorra izango da, erabilitako landareak gorabehera– ehuneko jakin bat emango da gehienez, eta, hala dagokionean, eramate-sistemaren kostuaren ehuneko bera, artikulu honen 4. zenbakiko zehaztapenen araberakoa bada.
6.– Birlandaketa amaitutzat joko da mahastia landatzeko lanak eta eskaeran aipatutako ekintza guztiak, eramate-sistema ipintzea barne, amaitu direnean, eta interesdunak edo talde-eskaeraren ordezkariak horren berri ematen duenean epe eta forma egokian laguntza ordaintzeko eskakizunaren bitartez. Hutsuneak % 10 baino gehiago balira, berregituratze-eragiketa amaitutzat jotzeko, haiek birjarri beharko dira.
6. artikulua.– Mahastiko barietatea birtxertaketa bitartez aldatzeko laguntza.
1.– Mahastiko barietate-aldaketatzat joko da mahasti-sail bateko barietatea aldatzea gaintxertaketa bidez; hau da, ardogintzarako lurzatiko orpo kopurua aldatzeko aukerarik gabe.
Berregituratzean, amaierako ardogintzarako lurzatian barietate bakarra egon beharko da. Hasierako lurzatian dagoeneko hautatutako barietatearen orporik balego, eta, ondorioz, mahastian erabiliko diren barietatekoak ez diren horiek bakarrik aldatu behar balira, egiatan aldatuko diren orpoen kopurua zehaztu beharko da eskakizunean, orpo horien azalera baliokidea adierazita.
2.– Mahastiko barietatea aldatzeko laguntzaren onuradun izan ahalko dira bakarrik Euskal Autonomia Erkideagoan baimendutako barietateetako bat landatzen dutenak.
3.– Mahastiko barietatea aldatzeko laguntzak lurzatian aldatutako orpo kopuruaren araberakoak izango dira. Dirulaguntzaren ondoreetarako, txertaketa-unitatetzat joko da orpoa, orpoan txertatutako mentu kopurua edozein dela ere.
4.– Barietate-aldaketaren eragiketa amaitutzat joko da lurzati osoan birtxertatu denean, eta interesdunak edo talde-eskaeraren ordezkariak laguntza ordaintzeko eskakizunaren bitartez horren berri ematen duenean.
7. artikulua.– Mahastien kudeaketa-teknikak hobetzeko laguntzak, baso-sistematik horma-sarea sistemara aldatzeagatik
1.– Basotik horma-sarera aldatzeak barnean hartuko ditu beheko eramate-sistema askea duen mahastia eramate-sistema goratu eta euskarridun bat duena bihurtzeko –mahastiaren mekanizazio egokikoa, batik bat inausketan eta mahats-bilketan– behar diren eragiketak eta materialak.
2.– Ez da laguntzarik emango lehendik egituraren bat badago, eta hura hobetzea edo beste eramate-sistema batez ordeztea bada xedea, ezta horma-sarea sistema ezarri bai, baina, aldi berean, baso-sistemari eusten bazaio ere.
3.– Laguntza jasoko dute mahastiek, baldin eta horien inguruan erregistratutako landatze-kanpaina gutxienez laguntza-eskakizuna egin den urtea baino 4 urte lehenagokoa bada.
4.– Eramate-sistema aldatzeko eragiketa amaitutzat joko da horma-sarearen zutoinak eta alanbreak eskakizunean adierazitako azaleran erabat ipintzen direnean eta, gainera, aurreko baso-egituraren beso soberakinak moztu direnean, eta interesdunak edo talde-eskaeraren ordezkariak laguntza ordaintzeko eskakizunaren bitartez horren berri ematen duenean.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza-eskabideetan jasota geratuko dira egin nahi diren eragiketak, eta horietako bakoitzari dagozkion ekintzak, zehaztuta. Eskabideek barnean izan ditzakete urteko edo biurteko eragiketak, baina inola ere ez dira 2023ko finantza-ekitaldia baino gerorako izango.
2.– Eskabideak banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira. Taldean aurkeztuz gero, organo kudeatzailearen solaskidea izango den pertsona bakar baten bidez egin beharko da, eta hori eskatzaile guztien ordezkari izango da.
Eskabidean taldean aurkezteko, gutxienez bost eskatzaile eta hamar hektarea beharko dira.
3.– Mahastizainak laguntza-eskabideak, hurrengo artikuluan azaltzen den dokumentazioarekin batera, aurkeztu beharko ditu berregituratu eta/edo birmoldatu nahi diren lurzatiak kokatuta dauden lurralde historikoko foru-aldundian, horrek adierazitako epean, eta bi fasetan:
a) Eskatzaileek, norbanako mailan zein talde mailan, laguntza hauek jaso nahi badituzte berregituraketa- eta birmoldaketa-plana onartzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute lurzatia kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiak zehazten duen erakundean.
b) Laguntza-eskakizuna onartuta, eta, ondorioz, barnean hartzen dituen urteko edo biurteko eragiketak, bat edo bi ardogintza-kanpaina izango dira (abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra arte) eragiketa horiek egiteko. Eragiketak gauzatuta, onuradunak laguntza ordaintzeko eskakizuna aurkeztu ahal izango du.
9. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-eragiketek jaso beharreko dokumentazioa.
1.– Onartuak izateko aurkeztuko diren mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketen proiektuek dokumentazio hau ere jaso beharko dute:
a) Eragiketen helburuak.
b) Eragiketen kokapena eta lurzatien identifikazioa, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistemako (SIGPAC) erreferentzia alfanumerikoak adierazita.
c) Eragiketen eskakizunean aipatutako egungo edo etorkizuneko mahastizainen eta, halakorik balego, ordezkariaren identifikazioa.
d) Lurzatien ezaugarriak, hasierakoak eta berregituratu ondorengoak (barietateak, formazio-sistemak, eramatea, landaketa-markoa, etab.), eta kokapena, eragiketek barnean hartzen dituzten lurzatien SIGPAC erreferentzia alfanumerikoak adierazita, eta eragiketen eskakizunean aipatutako lurzatien SIGPAC identifikazioarekin.
e) Lurzati bakoitzean garatu beharreko jarduketak. Kostuen azterketa eta jarduketak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.
f) Eragiketen eskakizunean parte hartzen duena lurzatiaren jabea ez bada, berregituratu edo birmoldatu beharreko lurzatiaren jabearen, edo hala badagokio, titularraren baimena.
g) Ordaintzea eskatu zen neurria exekutatu ondorengo kanpainatik zenbatzen hasita, gutxienez 10 kanpainaz lurzatia lantzeko konpromisoa, laguntza eskatzen duenaren aldetik.
h) Dagokion lurralde historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eta Mahasti Erregistroan izena emanda izanaren ziurtagiria.
2.– Foru-ogasunari eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeari dagokionez, dirulaguntza eskatzean, eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari horien egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egin dezan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
10. artikulua.– Laguntza motak eta zenbatekoa.
1.– Honako hauetarako laguntzak eman ahal izango dira:
a) Ekoizleei mahastia berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketen ondorioz gal ditzaketen diru-sarrerengatik kalte ordain bat emateko.
b) Mahastiak berregituratzeak eta birmoldatzeak eragiten dituen kostuetan parte hartzeko.
2.– Diru-sarreren galeragatik mahastizainei esleituko zaien konpentsazioa bi kanpainatan emango da gehienez. Konpentsazioa berregituratu edo birmoldatutako lurzatia kokatuta dagoen lurralde historikoko kalitatezko ardoaren eremuan azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko balioaren % 25ekoa izango da.
Foru-aldundiek ezar dezakete konpentsazio horiek lurralde historiko horietan mahatsondo zahar eta berriek bi kanpainetan elkar bizitzako itxura hartzea.
Aurreko lerrokadan adierazitakoa gorabehera, berregituratutako azalerek ez dute diru-sarrerak galtzeagatiko konpentsazioa jasotzeko eskubiderik izango, landaketa-baimena 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 66. eta 68. artikuluen arabera jaso badute, eta hori laguntza-eskaera aurkeztu aurretik egindako erauzketa baten ondorio bada.
Mahasti-sail batean egingo diren ekintzak gaintxertaketa edo baso-sistema horma-sarea sistemara edo beste eramate-sistema batera aldatzea badira, diru-sarreren galeragatiko konpentsazioa emango zaio sail horri, kanpaina baterako.
Baso-sistematik horma-sarea sistemara aldatzean, kanpaina bateko diru-sarreren galera zur zaharraren eta zur berriaren aldiberekotasunarekin konpentsatuko da.
3.– Mahastizain batek mahasti-saila berregituratzeko eta birmoldatzeko jaso dezakeen laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, berregituratutako edo birmoldatutako mahasti-sailaren mahasti-azalera finantzagarria kalkulatuko da, eta, hala dagokionean, erauzitako mahasti-sailarena. Laguntzaren amaierako zenbatekoa ezingo da izan I. eranskinean zehaztutako zenbatekoen % 50 baino handiagoa, hala banakako laguntza-eskaeretan, nola taldekoetan.
Ondore horietarako, mahasti-azalera finantzagarria mahatsondoz landatutako azalera izango da, orpoen kanpo-perimetroak zedarritua, gehi marjina bat, zeinaren zabalera mahatsondo-ilaren arteko distantziaren erdia izango baita, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduko (EB) zer xedapen aplikatu behar diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez.
4.– Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.8 artikuluaren arabera, gauzazko ekarpenetarako laguntza eskatzen bada, hau da, fakturaz eta ordainagiriz justifikatutako ordainketarik gabeko lanak egin ahal izatea, onuradunak horren balioaren zenbatespena aurkeztu beharko du, orduen partea erantsita, eta azken horretan parte-hartzaileak, lana egiteko igarotako orduak eta erabilitako makineria zehaztuko ditu.
Gauzazko ekarpena kalkulatzeko, eskatzaileak ekintza zehatz horri buruz adierazitako lanorduak lan baliokide bat ordaintzeko zehaztutako zenbatekoarekin biderkatu behar dira.
Gauzazko ekarpenetarako laguntzak –fakturaz edo frogagiri baliokideren batez justifikatutako ordainketarik gabeko lanak egin ahal izatea–, 2016/1149 (EB) Erregelamenduaren 45. artikuluan ezarritakoari egokituko zaizkio, eta, eragiketa amaitzean, laguntzaren zenbatekoa ezingo dira izan gehieneko dirulaguntzarena baino handiagoa, gauzazko ekarpenak kanpo.
Gauzazko ekarpenen bidez gauzatutako ekintzengatik jasotako zenbatekoa ezingo da izan II. eranskinak mota horretako ordainketen gainean ezarritako gehienekoa baino handiagoa, batik bat kanpo-kontratazioarekin egindakoen kasuan. Horiek I. eranskinean daude jasota.
11. artikulua.– Onartutako eragiketak aldatzea.
1.– Onuradunek eskatu ahal izango dute hasieran onartutako eragiketak aldatzeko, betiere azken ordainketa-eskaera baino lehen egiten badute, eta azken ordainketaren aurretik tokian bertan egiten diren kontrolak egin ez badira. Aldaketa guztiak onetsi beharko ditu laguntzaren organo kudeatzaileak, horiek egin ahal izateko.
2.– Aldaketa-eskaera behar bezala justifikatu beharko da, eta ez da eragiketaren helburu nagusiaren kaltetan izango. Onartutako aurrekontua ere ezingo da handitu, eta aldaketa ezingo da izan hautaketa-prozesuan eragiketak jasotako haztapena edo onarpena aldatzeko modukoa, horren eraginez azken haztapena onartutakoen eta ez onartutakoen arteko ebaketa-puntuazioaren azpitik geratzen bada. Aurretiazko baimena behar dute eragiketa-aldaketa hauek:
a) Amaierako lurzatien kokapen-aldaketa, baldin eta
– Mahasti-sail berrian eskatu eta onartzen diren ekintzak jatorrizkoan dagoeneko eskatu eta onartu badira.
– Laguntzaren titularra ere aldatu behar ez bada edo laguntzaren titularra lehendik aldatu ez bada.
– Ordaindutako ekintzak mahasti-sail berekoak badira. Horretarako, eragiketa berriko amaierako eremuek labore-unitate bakarra eratuko dute, SIGPAC-en erregistro-irizpideen eta mahasti-erregistroaren arabera.
b) Finantza-ekitaldiaren aldaketa; urteko eragiketetan bakarrik onartuko da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa % 20an murriztea eragingo du, ez bada ezinbestean edo salbuespenez gertatu.
c) Eragiketa baten titular-aldaketa; eragiketaren lehenespen- eta/edo onargarritasun-irizpideetan eraginik ez duena bakarrik onartuko da, betiere baldintza hauek betez gero:
– Amaierako lurzatien kokapen-aldaketa ere ez eragitea edo amaierako lurzatien lehenagoko kokapen-aldaketarik ez egotea.
– Lurzati subrogatuetan, mahastizain berriak bere gain hartzea lehenagoko mahastizainari onartutako eragiketen ondoriozko konpromisoak.
– Talde-eskaeretan, eragiketarik ez ordaintzea titularraren izenean.
– Talde-eskaerako kide kopurua ez handitzea.
3.– Hasiera batean, gainerako aldaketak aldaketa txikitzat hartuko dira, eta ez dute behar izango aurretiazko baimenik, betiere baldintza hauek betetzen badira: aldaketak ez dira eragiketaren helburu nagusiaren kaltetan izango; onartutako aurrekontua ez dute handituko; aldaketak ezingo dira izan hautaketa-prozesuan eragiketak jasotako haztapena edo onarpena aldatzeko modukoak, horren eraginez azken haztapena onartutako eta ez onartutako eskaeren arteko ebaketa-puntuazioaren azpitik geratzen bada.
Nolanahi ere, aldaketa txikitzat hartuko dira ekintza bakoitzarentzat zehaztutako aurrekontuaren % 20 baino txikiagoak diren ekintzen arteko aurrekontu-transferentziak, betiere ekintza guztiak egin badira.
12. artikulua.– Onargarritasun- eta leheneste-irizpideak.
1.– Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 23. artikuluaren 1. apartatuaren arabera, foru-aldundiek eskabideak aztertuko dituzte Batzordearen 2016/1149 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 13. artikuluan ezarritako onargarritasun-irizpideetan oinarrituta, eta ezin izango da onargarritasun-irizpide gehigarririk sartu.
1. apartatuko onargarritasun-irizpideak betetzen ez dituzten eskabideei aplikatuko zaie Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 23. artikuluaren 6. apartatua.
2.– Laguntza-eskabideen zenbatekoa erabilgarri dagoena baino handiagoa bada, kontuan hartuko diren leheneste-irizpideak hauek izango dira:
a) Eskabidea aurkezteko urtean 40 urte baino gehiago betetzen ez duten eskatzaileak.
b) Administrazioarekiko harremanetarako solaskide baten bitartez modu kolektiboan aurkeztu diren eskabideak.
c) Titulartasun partekatuko nekazaritza-ustiategiak, honako hauetan jasotakoak: Titulartasun Partekatuko Nekazaritza Ustiategiei buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legea eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea.
3.– Era berean, 1363/2018 Errege Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, Dekretu honen III. eranskinean adierazitako leheneste-irizpide gehigarriak aplikatuko dira.
4.– Aurreko kasuetan baldintza berdinetan baldin badaude, azalera edo eremu txikiagoko eragiketei emango zaie lehentasuna.
5.– Artikulu honen ondorioetarako, nagusiki nekazaritzat hartuko dira Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluan jasotako definizioan zerrendatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonak.
13. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-eragiketetarako finantza-esleipenak.
1.– Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari helaraziko dizkio, urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, laguntza-eskaerei buruzko informazioa eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren hurrengo kanpainarentzako finantzaketa-beharrizanak, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XI. eranskinean jasotakoarekin bat.
2.– Horretarako, foru-aldundiek behar den informazioa bidaliko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari urte bakoitzeko apirilaren 15a baino lehen, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XI. eranskinaren ereduari jarraikiz.
3.– Estatuko araudian jasotakoarekin bat, behin kanpaina bakoitzerako mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko finantza-erabilgarritasuna aitortu ondoren, Nekazaritza eta Landa Garapenerako Sektoreko Konferentziak finkatu egingo ditu, autonomia erkidego bakoitzerako, finantza-esleipenaren hasierako guztizko zenbatekoa eta berregituratu eta birmoldatzeko plana garatu daitekeen guztizko azalera.
4.– Behin Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion esleipena zenbatekoa den jakinda, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak dagokion zenbatekoa esleituko dio lurralde historiko bakoitzari, haiek egindako aurreikuspenekin bat.
5.– Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak hauek helaraziko dizkio, urte bakoitzean zehaztutako epearen barnean, Estatuko Administrazio Orokorreko zuzendaritza eskudunari:
a) Uneko finantza-ekitaldian egingo diren gastuen adierazpena.
b) Uneko finantza-ekitaldiko urriaren 15a baino lehenagorako aurreikusita dauden ordainketak.
6.– Horretarako, foru-aldundiek behar den informazioa bidaliko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari, artikulu honen 5. puntuan jasotako epea amaitu baino astebete lehenago.
14. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak kudeatzea ustiategiak kokatzen diren lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie.
Eginbehar horien testuinguruan, hala badagokie, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eragiketak ebazpen bidez onetsiko dituzte, 6 hilabeteko epean, 8.3 artikuluko a) apartatuan aurreikusitako epea bete eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen horretan argi azalduko da plana onesteak ez duela esan nahi administrazioak etorkizunean ezer ordaintzeko konpromisoa hartzen duenik.
Behin 6 hilabeteko epea igaro ondoren, ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Era berean, eragiketa kolektiboetako kideentzat banakako ebazpena emango da. Ebazpen horretan, hala behar izanez gero, argi adieraziko da eragiketak zein lurzatirentzat onetsi diren, eta lurzati bakoitzean zer ekintza burutuko diren.
Urtero, berregituraketa- eta birmoldaketa-eragiketak onartu ondoren, dagozkien foru-aldundiek eragiketa horien zerrenda bat helaraziko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari, eta zehaztuko dituzte eragiketa horien onuradunak, eragiketa kolektiboen ordezkariak, onuradun bakoitzaren lurzatiak eta lurzati bakoitzean burutuko diren ekintzak.
2.– Erakunde kudeatzaileak eragiketa bat onartzetik eratorritako eskubide eta betebeharrak subrogatzea onar dezake, betiere baldintza hauek ematen badira:
a) Lurzati-aldaketatan, hasierako lurzatian eskatu edo onartu ez den ekintzarik onartzen ez bada berrian, eta ekintza guztiak lurzati berrian egiten badira.
b) Mahastizain berri bati lurzatiak subrogatzen bazaizkio, bere gain hartuko ditu lehenagoko mahastizainari onartutako eragiketen ondoriozko konpromisoak (emandako laguntzari lotuak), baita kasu justifikatuetan ere, tartean, diruz lagundutako mahastizainaren heriotza edo lanerako ezintasuna, nekazaritza-jarduketa behar baino goizago uztea edo berregituratu beharreko lurzatien titulartasun-aldaketa.
Laguntza eskatu duen mahastizainaren jarduera-uzte aurreratuaren edo berregituratu beharreko lurzatien titulartasun-aldaketaren ondoriozko subrogazioetan, laguntza ematearen ondoriozko betekizunak bere gain hartzen dituenak emandako aurrerakinaren zenbatekoaren % 80ko bermea eratu beharko du, baldin eta mahastizain subrogatuak aurrerakinik eskatu badu.
Dagokion foru-aldundiak, urtero, urte horretan baimendutako subrogazioak Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari helaraziko dizkio.
3.– Kanpaina bakoitzean, exekutatzeko laguntza behar duten neurriak burutu ondoren edo bermatutako neurriak hasi direla behar bezala frogatu ondoren, eta administrazio- zein landa-kontrolak egin eta gero, foru-aldundiek, kudeaketa-erakunde diren aldetik, Dekretu honen 8.3 artikuluko b) fasean jasotako eskabideei dagokien ordainketa-proposamen bat osatu eta helaraziko diote Erakunde Ordaintzaileari, ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztu dadin.
Ordainketa-proposamenarekin batera, landa-kontrolen akten kopia bat bidaliko dute, egindako kontrolen txosten teknikoa, eta proposatutako zenbatekoa justifikatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentu oro. Foru-aldundiek laguntza horien kudeaketarako berariaz garatutako informatika-programaren bat baliatuko balute, aski litzateke dokumentazio hori guztia programa horren bidez eskuragarri izatea.
15. artikulua.– Aurrerakinak.
1.– Onetsitako eragiketa baten barruan aurrerakinak eman daitezke hurrengo baldintza hauek betetzen diren kasuetan:
a) Eskatutako aurrerakina dagoeneko exekutatzen hasi den eragiketa batentzat izatea. Ondorio horietarako, exekutatzen hasi dela esango dugu landaketa hasita dagoenean edo landarea erosi izanaren faktura aurkezten denean, edo atzeraezina den beste edozein eragiketa behar bezala frogatzen denean.
b) Aurrerakinaren zenbateko bereko bermea eraturik izatea. Bermea Eusko Jaurlaritzako nekazaritza-politika komunari dagozkion gastuen Erakunde Ordaintzailearen alde osatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.
2.– Aurrerakinaren zenbatekoa, gehienez, emandako laguntzaren % 80 izatea.
3.– Aurrerakinak ematen diren kasuetan, kasuan kasuko autonomia-erkidegoak eragiketa ordaintzea eskatzeko zehazten duen gehieneko epea amaitu aurretik eragiketa gauzatzeko emandako aurrerakinaren zenbateko osoa gastatzeko betebeharra betetzen ez bada, bermea betearaziko da. Urteko eragiketetan, epea aurrerakina ordaindu den finantza-ekitaldi beraren barne egongo da, eta urte anitzeko eragiketetan, berriz, eragiketaren azken ordainketa eskatu den finantza-ekitaldian.
Kontuan hartutako sailak agintaritza eskudunek hondamendi natural batek kaltetutako eremu gisa aitortzen duen batean badaude, edo aurreikusitako eragiketak ezin badira egin organismo ziurtatu batek egiaztatutako arazo fitosanitarioak direla medio, aurrerakina gastatzeko epea moldatu ahal izango da.
Europar Batasunak kasuan kasuko eragiketetara bideratutako ekarpenari dagozkion gastu errealen zenbatekoa aurrerakinarena baino handiagoa bada organismo ordaintzaile eskudunaren iritzian, bermea askatu ahal izango da.
4.– Aurrerakinen onuradunak behartuta egongo dira urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen deklarazio bat aurkeztera, eragiketa bakoitzerako urriaren 15 baino lehen egindako gastu guztiei buruz, aurrerakinen erabilera egiaztatzeko. Data horretan geratzen den saldoa ere jasoko dute deklarazioan. Deklarazio hori dagokion foru-aldundiak zehazten duen organoan aurkeztuko da.
Urte horri dagozkion komunikazio guztiak jasota, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidaliko dituzte datuak foru-aldundiek, urtarrilaren 20a baino aste bat lehenago, zuzendaritzak data horretan FEGA/NBEFera bidal ditzan.
16. artikulua.– Laguntzen ebazpena eta ordainketa.
1.– 14. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako ordainketa-proposamena eta gainerako dokumentazioa kontuan hartuta, erakunde ordaintzaileko zuzendariak, Batasuneko araudiak agintzen duena eta beharrezko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko kontrolak egin ondoren, aztertutako azalerari eta baliozkotzat jotako ekintzei dagokien zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori ordainketa-baimena jaso eta gehienez hiru hilabeteko epean emango da.
Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
2.– Neurriak exekutatu ondoren ordaindu beharreko laguntzen kasuan, kontuan hartuko dira landa-kontrolen aktan, kontrolen txostenean eta dagozkien ziurtagirietan jasotako intzidentziak, eta ondorengo hau aplikatuko da:
a) Mahastizain batek exekutatu ez duen ekintza bategatik ordainketa eskatzen badu, arau-hauste arin gisa hartuko da, eta maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen (Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa) V. tituluan ezarritakoaren arabera zigortuko da.
Mahastizainak jasotzeko eskubidea duen laguntzaren azken zenbatekoa zehazteko, berregituratutako lurzatiaren azalera hartuko da kontuan, Dekretu honen 10.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Onetsitako azalera guztia berregituratu edo birmoldatu ez dela frogatuz gero, neurri hauek aplikatuko dira:
– Onuradunak neurria dagokion azaleraren % 80an edo lurzati handiagoan exekutatzen badu, dagokion azalerari eta benetan exekutatuko ekintzei dagokien laguntza emango zaio.
– Onuradunak dagokion azaleraren % 80 baino eremu txikiagoan baina % 50ean edo eremu handiagoan exekutatu badu neurria, kalkulatzeko, bertatik bertarako kontroletan zehaztutako azalerari egiaztatu den aldea halako bi kenduko zaio.
– Onuradunak dagokion azaleraren % 50 baino eremu txikiagoan exekutatu badu neurria, laguntza ukatuko zaio.
Ondorio hauetarako, eskatutako azaleraren % 80ko betearazpen-ehunekoa betetzen dela zehazteko, ehuneko hori betetzat emango da SIGPAC irizpideen arabera lurzatiaren azaleraren % 80aren gainean jardun bada.
3.– Onuradunak behin betiko dirulaguntza baino handiagoa den aurrerakina jaso badu, aldea itzuli beharko du. Aitzitik, behin betiko dirulaguntza aurrerakina baino handiagoa bada, aldea kobratzeko eskubidea izango du, dirulaguntza osoak hasieran eskatutakoa ez gainditzeko mugarekin.
4.– Eskatzaileak eragiketa baten edo batzuen aurrerakin-eskaera aurkezten badu, urtarrilaren 12ko 1363/2008 Errege Dekretuaren 29. artikuluaren 2.d) apartatuan adierazitako finantza-ekitalditik kanpo, Dekretu honen 10. artikuluaren arabera kalkulatutako dagokion laguntza % 20an murriztuko da, ez bada ezinbestean edo salbuespenez, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan jasotakoaren arabera, eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoak dagokion araudian eragiketa horretarako edo horietarako ezartzen dituen salbuespenetan.
5.– Laguntza-eskaeraren barnean erauzketaren bat egin bada mahastizainaren ustiategi bereko azaleran, baina laguntza eskatutako eragiketaren barneko gainerako ekintzak gauzatzen dituen autonomia-erkidegoa ez den beste batean, erauzketa egin den autonomia-erkidegoak laguntza eskatu den autonomia-erkidegoari behar den informazioa emango dio, ekintza horri dagokion laguntza ordaintzeko.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ordaintzaileak ordainketa-ebazpen bat eman beharko du, eta ahalik eta azkarren egin beharko dio ordainketa onuradunari, eragiketa gauzatu den finantza-ekitaldiaren barnean edo, gehienez ere, ordaintzeko eskaera baliozko eta osatuaren aurkezpen-datatik gehienez hamabi hilabete igarotzean.
7.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza horien ordainketa 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat egingo da (194/2006 Dekretua, urriaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duena), behin erakunde ordaintzailearen zuzendariak xede horretarako ebazpenak eman ondoren.
8.– Ordaintzeko proposamenak jaso ondoren eta ebazpena jakinarazi aurretik, erakunde ordaintzaileak dagokion foru-aldundiari osatutako txostenen kopuru zehatza eska diezaioke, dagokion kontrolerako. Eskatutako espediente guztien kopia autentikoa entregatu beharko du foru-aldundiak.
17. artikulua.– Onuradunen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako eginbeharrak beteko dituzte, batik bat, hauek:
a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta dirulaguntza eman duen erakundeari frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.
b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako nekazaritza-arloko sail eskudunak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea dekretu honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboak zein bertatik bertarakoak– men egin beharko zaie.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.
d) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da dirulaguntza onartu duela.
e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, horiek kanpoko zein barruko izan.
f) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.
g) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3., 16., 18.4, eta 23. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzea, honako hauei dagokienez: sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili behar dute, zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatu behar dute, eta lege horren 3. artikuluak ezarritako printzipio orokorrak errespetatu behar dituzte.
2.– Dekretu honen aplikazioak bere baitan dakarren edozertan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek administrazio publikoekin euskaraz edo gazteleraz egiteko eskubidea dute bai idatziz bai ahoz, eta aukeratzen duten hizkuntzatan erantzungo zaie. Eskubide hori bermaturik izango dute.
18. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez betetzea.
1.– Laguntzak ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, laguntzaren helburua bete dela ikusita, eta, hala badagokio, diruz lagun daitekeen zenbatekoa gainditzen bada, baliteke dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea. Halako kasuetan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriro doitzeko ebazpena emango du kudeaketa-organoak.
2.– Pertsona onuradunek Dekretu honetan edo dekretua garatzen duten foru-araudietan ezarritako baldintzak beteko ez balituzte, laguntza-araubide bakoitzean zehaztutako xedapen espezifikoen kalterik gabe, jasotako zenbatekoa itzuli eta hari dagozkion legezko interes aplikagarriak ordaindu beharko lituzkete, Batasuneko erregelamendu aplikagarriekin, 38/2003 Lege Orokorrarekin (abenduaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa), 1/1997 Dekretuarekin (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), 698/1991 Dekretuarekin eta foru-araudi aplikagarriekin bat.
3.– Iruzurra edo arduragabekeria larritzat joko balitz, onuraduna zigortua izango litzateke, maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen V. tituluan ezarritakoarekin bat (5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa), bai eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoarekin bat ere (1/1997 Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
19. artikulua.– Baldintzapekotasuna.
1.– Laguntza horien onuradun guztiek haien ustiategietan eta hiru urtez bete beharko dituzte, lehen ordainketa egin den urtearen hurrengo urtarrilaren 1etik aurrera, nekazaritza- eta ingurumen-baldintza onak eta legezko kudeaketa-betekizunak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduan eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuan edo horiek aldatu edo ordezkatzen dituen araudian jasotakoaren arabera.
2.– Artikulu honen 1. puntua aplikatzeko, hiru urte horietan onuradunak ez badu laguntzarik eskatu, eskabide bakarra aurkezten duen data berean haren ustiategiko lurzati guztiak jasotzen dituen eskabide bakarreko inprimaki bat aurkeztu beharko du, SIGPAC erreferentzia alfanumerikoarekin; baldintzapekotasun kontrolen ondorioetarako.
Aurreko puntuak aipatzen duen betebeharretik salbuetsi daiteke mahastizaina, dagokion foru-aldundiak informazio hori baldin badu integratutako sistemarekin bat etortzea bermatzen duten beste kudeaketa- eta kontrol-sistema batzuen esparruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera –Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez nekazariei zuzeneko ordainketak egiteko aplikagarri diren arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena–.
3.– Atal hau dela medio jasotako laguntza ordaindu eta hurrengo hiru urteetan zehar, edozein unetan, onuradunak artikulu honetako 1. apartatuan xedatutakoa bete ez duela frogatzen bada, laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo baliogabetu egingo da, partzialki edo modu osoan, arau-haustea zuzenean onuradunari egotzi ahal zaion ekintza edo huts egitea bada, bete ez izanaren larritasuna, irismena, iraunkortasuna edo errepikakortasunaren arabera, eta onuradunak dagokion zenbatekoa itzuli beharko du, 1. apartatuan aipatutako xedapenetan adierazitakoaren arabera.
20. artikulua.– Kontrol-araubidea.
1.– Administrazio- eta landa-kontrolak ezartzeko kontuan hartuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB) jasotakoak. Era berean, arreta bereziz aplikatuko dira Batzordearen 2008ko uztailaren 27ko 555/2008 Erregelamenduaren (EE) 81. artikuluan jasotakoak. Kontuan hartuko da, halaber, NBEFk autonomia-erkidegoekin koordinatuta egindako Kontrol Plan Orokorra.
2.– Aurkeztutako eskabide guztien gainean egingo dira administrazio-kontrolak, eta laguntzak emateko baldintza guztiak betetzen direla bermatu behako dute. Onuradun eta lurzatiei buruzko gurutzaturiko egiaztapenen informatika sistema batean oinarrituko dira, zor ez diren ordainketak saihesteko asmoz.
3.– Landa-kontrolak sistematikoki egingo dira, laguntzaren xedeko lurzati guztietan. Aldez aurretik abisatu gabe egingo dira, onuradunari aurreabisu bat emango zaion arren, betiere kontrolaren xedea arriskuan jartzen ez bada, 48 ordu baino gehiagokoa izango ez den aurretiaz, behar bezala justifikatutako kasuak salbu. Kontrol horietan hauek sartuko dira:
a) Ekintzak exekutatu aurreko kontrolak landa-kontrolen bidez egingo dira. Administrazio-kontrolen bidez ere egin daitezke, betiere, dagokion foru-aldundiak horretarako bidea ematen duen tresna grafikorik duenean. Halakoetan, landa-kontrolak egiteko beharra guztizko kontrolen % 5era muga daiteke, administrazio-kontrolen fidagarritasuna egiaztatzeko.
b) Bukatutako ekintzen ordainketen kasuan, eskatutako lurzati guztiak ikuskatuko dira, laguntzaren xede diren azalerak egiaztatzeko eta ekintzak egin direla frogatzeko.
c) Aldez aurretik ordaintzearen kasuan, aurrerakina eskatu duten lurzatietan ekintza lagungarriak hasi direla frogatuko da.
d) Bermeak kentzearen kasuan, aldez aurretik ordaindutako ekintzen exekuzioaren maila edo azaleren berregituraketa edo birmoldaketaren maila frogatuko da.
4.– Halaber, ordainketa-osteko kontrolak egingo dira: urtero azken 10 urteetan berregituraketa eta/edo birmoldaketa bukatu duten lurzati guztien % 1 kontrolatuko da, laguntza jaso zuten lurzatiek uzta izaten jarraitzen dutela eta lagundutako inbertsioei eutsi zaiela frogatzeko.
Administrazio-kontrol bat ere egingo da, urteko uztaren aitorpena, mahastien erregistroaren edo SIGPACaren eguneratzeak egiaztatuta.
Berregituraketak egiten direnean, kontrol horiek ez dira ezinbestekoak lurzatiak ekoizpenerako baliatzen hasi arte.
21. artikulua.– Jakinarazpenak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren nekazaritzako zuzendaritza eskudunak Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko araubidearen aplikazioari buruzko txosten bat bidaliko dio, urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen eta kasuan kasuko finantza-ekitaldiari lotua. Txosten horrek barnean izan dezake, hala dagokionean, arrazoi sanitarioen edo fitosanitarioen ondoriozko erauzketaren osteko birlandaketari buruzko txostena, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XV. eranskinaren arabera. Horretarako, foru-aldundiek urte bakoitzeko azaroaren 8a baino lehen igorriko dute aipatutako eranskinean eskatutako informazioa, kasuan kasuko lurralde historikoari dagokiona.
2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzako nekazaritzako zuzendaritza eskudunak, arrazoi sanitarioen edo fitosanitarioen ondorioz birlandatzeko neurria aplikatzen badu, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen jakinaraziko dio neurri horrek zein organismo kaltegarri hartzen dituen barnean, horien aurka egiteko ezarri duen plan estrategikoaren laburpena atxikita. Horretarako, foru-aldundiek apirilaren 15a baino lehen bidaliko dute kasuan kasuko lurralde historikoari buruzko informazioa.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2018ko uztailaren 31n ordaindu edo amaitu gabe dauden onartutako neurriak.
2019-2023 aldiko Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren ekitaldien kargura ordainduko dira 2018ko uztailaren 31n amaituta dauden eragiketak, 2018ko urriaren 15aren aurretik ezin izan badira ordaindu. Horretarako, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea laguntzeko 2014-2018 aldirako programako neurriak aplikatzeari buruzko abenduaren 5eko 597/2016 Errege Dekretuan jasotako betekizunak eta baldintzak bete beharko dira.
Onartuta bai, baina 2018ko uztailaren 31n amaituta ez dauden neurriak, 2019-2023 aldiko FEAGA ekitaldien kontura likidatuko edo ordainduko dira, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37. artikuluan jasotako zenbatekoen eta ekintzen arabera. Halaber, errege dekretu horretan zehaztutako betekizunen eta baldintzen arabera gauzatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egin da 227/2014 Dekretuaren IV. Kapitulua (abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europar Batasunak emandako neurriak garatzeko eta aplikatzekoa).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmena.
Nekazaritza-arloko sail eskuduneko titularrari ahalmena ematen zaio alda dezan, agindu baten bidez, errege dekretu honen eranskinen edukia, aldaketa horiek Europar Batasunaren arauen edo estatuko oinarrizko araudiaren ondorioz exijitzen direnean. Gainera, xedapen honetan jasotako datak eta epeak aldatu ahal izango ditu.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.