EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019046

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Diru-baliabide horien bidez, hain zuzen ere, 2019ko ekitaldian finantzatuko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak.

Xedapenaren data: 2019-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201901208
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/07/07an argitaratutako 2010/06/29ko 201000177 DEKRETUA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu, zehazki, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzera bideratuko direnak. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) atalean xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori. Lanbideren Estatutuak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2019ko ekitaldian finantzatzeko (177/2010 Dekretua, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa). Ebazpen honen eranskinean jasota dago erabaki horren testua.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA EKAINAREN 29KO 177/2010 DEKRETUAREN IV. KAPITULUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2019KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO (177/2010 DEKRETUA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKOA)
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluaren xedea da langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko laguntzak arautzea, hain zuzen ere pertsona horiek besteren konturako langileak, kooperatiba-sozietateetako bazkide-langileak edo lan-bazkideak ordezkatu ditzaten. Horretarako, langileok egoera hauetakoren batean egon behar dute: seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartuta.
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, urtero jakinaraziko da zein den dekretu horretan ezarritako laguntza-lerroa finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, edo, hala behar izanez gero, zein den zenbateko hori gehitzearen ondorioz sortutako zenbatekoa, betiere publikotasun-printzipioa betetze aldera.
Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izeneko erakunde autonomoa da eskudun, gaur egun, enplegu-programak kudeatzeko, enpleguaren inguruko heziketarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzeko eta autoenplegua sustatzeko, kasurako indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarri bezala. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenetik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta, bereziki, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituzten eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntza-programaren kudeaketa.
Kudeaketa-organoa aldatu denez gero, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoarena betetze aldera, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeen entitateei jakinaraztea dirulaguntzak kudeatzeko prozedurako zenbait alderdi aldatu egin direla eta ez datozela bat 177/2010 Dekretuan ezarritakoarekin.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– 1.700.000 euro esleituko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2019ko ekitaldian finantzatzeko. Esleipen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 41. sekzioko 3211-Enplegua programaren kontura egingo da.
Zenbateko hori handitu daiteke baldin eta aurrekontuetan aldaketarik onartzen bada indarreko legeriaren arabera. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen kudeaketari dagokionez, honako hauek jakinaraztea:
– Erabaki honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan izango dira eskuragarri: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan, eta Zuzenean zerbitzuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen bulegoetan.
Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
– Ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, dirulaguntza-eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori igarotakoan interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.