EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019045

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, diru-baliabideak esleitzen dira Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2019ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Xedapenaren data: 2019-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201901190
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, zenbait baliabide ekonomiko esleitu ditu, zehazki Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzera bideratzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoarekin bat (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez esleitzen baitira zenbait diru-baliabide Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Erabakia ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaria,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE GAIETARAKO MINISTERIOAREN 1998KO URRIAREN 16KO AGINDUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2019AN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREN BIDEZ, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO LAGUNTZA ETA DIRULAGUNTZA PUBLIKOAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DIRA
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen. Lege horren testu bateginaren 43. artikuluak zehazten duenez, enplegu-zentro berezien xede nagusia da ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktibo bat egitea, merkatuko operazioetan aldizka parte hartuz, desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako lanpostu bat ziurtatzeko; era berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena ohiko enplegu-erregimenean sartzeko bide bat osatzen dute zentro horiek.
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduak arautzen ditu desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko laguntzak, lan babestuaren formula bereziaren bidez, hau da, halako pertsonei enplegu-zentro berezietan sartzea eskainiz.
Enplegu-zentro bereziak finantzatzeko, laguntza publikoen premia dago, eta arau horrek erantzun egiten dio premia horri, hala jasotzen baita berariaz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren egungo testu bateginean, enpleguko zentro berezien Erregelamenduan –abenduaren 4ko 2273/1985 Dekretuaren bidez onartu zen– eta Enpleguari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuan.
Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan egiten zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enplegu-programa orokorrak eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeei zuzendutako programa espezifikoak kudeatzea.
Xede hori duten laguntzak arautzeko arau autonomiko bat prestatu eta indarrean jarri bitartean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jarraituko dute Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan araututako laguntza-programa gauzatzen, eta, horrela, beteko dute desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko premiari buruzko xedapenetan, lehenago aipatutakoetan, ezarritakoa.
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan, bi laguntza-lerro biltzen dira: bata, inbertsioak diruz laguntzeko, eta, bestea, aipatutako gizataldeak enplegu-zentro berezietan dituen lanpostuei eusteko. Aurtengo laguntzek dauden lanpostuei eusteko finantzaketa bermatzen dute, enpleguaren suntsipena eragotzita.
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduak indarraldi mugagabea dauka. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiltzen. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren laugarren xedapen gehigarrian.
Hori dela-eta, dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazi behar da zein den aipatutako aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, bai eta zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa ere.
Bestalde, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak betetze aldera, komeni da laguntzen onuradun posibleei jakinaraztea badirela dirulaguntzak emateko prozedurarekin eta araubide juridikoarekin lotutako zenbait alderdi, laguntza horiek arautzen dituen aginduan ezarritakoarekin bat ez datozenak, zuzenean aplikatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolamendu- eta laguntza-araudia.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Zenbait diru-baliabide esleitzea Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan araututako laguntzak 2019ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 33.700.000 eurorenak izango dira, eta 32110-Enplegua programaren kontura finantzatuko dira.
Diru-baliabide horiek guztiak agindu arautzailearen 4.B) artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko erabiliko dira, osorik, hau da, desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuak estaltzeko, betiere lanposturik ez suntsitzea helburu duen laguntza-lerroaren barruan.
Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat. Eguneratzerik izanez gero, argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.
Bigarrena.– Laguntzen kudeaketari buruzko zenbait alderdiri zuzenean aplikatzen zaizkie bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen erakunde kudeatzaile autonomoa den aldetik ezartzen dituen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, bai Euskal Autonomia Erkidegoak dirulaguntzak emateko duen berezko araubide juridikoa. Hortaz, alderdi horien berri eman beharra dago. Hona hemen:
– Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan izango dira eskuragarri: www.lanbide.euskadi.eus web-orrian; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, enpleguko lurralde-bulegoetan eta Zuzenean zerbitzuko bulegoetan.
Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo honen zuzendari nagusiak ebatziko ditu.
– Ebazteko, gehienez sei hileko epea izango da dirulaguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
– Dirulaguntzen programa honetan aplikagarria izango den dirulaguntzen erregimen juridiko autonomikoa honako xedapen hauetan dago jasota: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak. Halaber, beste hauek ere aplikagarriak izango zaizkio: dirulaguntzei buruzko estatuko oinarrizko araudia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean arautua, eta hori aplikatzeko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua.
Hirugarrena.– Zuzendari nagusiak emango du argitara erabaki hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.