EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019045

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; horren bidez, argitara ematen da Lanbideko Administrazio Kontseiluaren erabakia, zeinaren bidez esleitzen baitira maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2019an finantzatzeko baliabide ekonomikoak, desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzera bideratutakoak.

Xedapenaren data: 2019-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201901189
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27an hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu, 2019ko ekitaldian finantzatzeko, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira 2019ko ekitaldian finantzatzeko maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak. Ebazpen honen eranskinean jasota dago erabaki horren testua.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA 2019KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO MAIATZAREN 11KO 1451/1983 ERREGE DEKRETUAREN II. KAPITULUAN ETA DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ENPLEGUA SUSTATZEKO LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN 1994KO APIRILAREN 13KO AGINDUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK
Maiatzaren 11ko 1451/1983 Dekretuaren II. kapituluaren xedea da desgaitasuna duten langileen enplegua sustatzeko zenbait neurri arautzea, ohiko enpresetan lana aurkitzen lagunduko dietenak; horretarako, dirulaguntzak bideratuko dira, gizatalde horretako kideen kontratazio mugagabearen alde egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan egiten zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enplegu-programa orokorrak eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeei zuzendutako programa espezifikoak kudeatzea. Hortaz, Lanbide da maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko erakunde eskuduna.
Une honetan ez dago eginda eta indarrean araudi autonomikorik, desgaitasuna duten pertsonak ohiko lan-merkatuan integratzeko laguntzarik arautzen duenik. Hortaz, bien bitartean, laguntza-programa hau exekutatu beharra dago, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Lege Orokorraren testu bateginean bildutakoarekin bat etorrita (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori; 2013-12-03ko BOE).
Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuak indarraldi mugagabea du, eta laguntza hauek ez dira konkurtsoaren teknikaren bidez ematen. Programa honetara bideratzen den aurrekontu-kreditua, edo hori eguneratzetik sortzen dena, izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala jasota baitago Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren hirugarren xedapen gehigarrian. Agindu horren bidez, arautzen da desgaitasuna duten langileen enplegua sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak emateko modua, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan xedatutakoa.
Hori dela eta, dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betetzeko, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi bakoitzean izango duen aurrekontua onartu ondoren, jakinarazi egin behar da zein den aipatutako errege-dekretuan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, bai eta zenbateko hori eguneratzetik sortzen den zenbatekoa ere.
Bestalde, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea, dirulaguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.
Adierazitakoa oinarritzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Diru-baliabideak esleitzea, 700.000,00 euro, 3211-Enpresa programaren kargura, hain zuzen ere, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzeko.
Kopuru hori eguneratu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu zenbateko hori, edo hori eguneratzetik sortzen dena.
Desgaitasunak dituzten pertsonei enpresa arruntetan lan-kontratu mugagabeak egiteko laguntzek Europako Gizarte Funtsaren % 50eko finantziazioaren laguntza izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.
Bigarrena.– Laguntza horien kudeaketari buruzko alderdi hauen gaineko informazioa ematea (Euskal Autonomia Erkidegoko berezko dirulaguntzen antolakuntzako eta erregimen juridikoko araudiak aplikatzeak eragina izango du alderdi horietan):
– Erabaki honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira. Eranskinean jasota dago eredu ofiziala, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01009); eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan eta -lokaletan.
Horretaz gain, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak ebatziko ditu.
– Ebazteko, gehienez sei hileko epea izango da dirulaguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
– Dirulaguntzen programa honetan dirulaguntzen honako araubide juridiko hauek aplikatu beharko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan xedatu baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak; eta horiekin batera Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan dauden oinarrizko arauak (887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu da Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua).
Hirugarrena.– Informazioa ematea Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantzatutako laguntzei aplika dakiekeen arau erkideek eraginpean hartzen dituzten laguntzak kudeatzeko alderdiei buruz, beroriek bete beharko baitituzte onuradunek:
– Berariaz jasotzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan, deialdi honen babespean diruz lagundutako kontratuak komunikatzeko eta hedatzeko material eta ekintza guztietan. Kontratu horien onuradunek beraiek eta kontratu-egileek jakin behar dute elkarrekin finantzatu direla.
Era berean, dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.
– Gordetzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, izan baitaiteke inoiz egiaztatzea deialdi honen arabera lotu zaizkien konpromiso guztiak eta betebeharrak bete egin direla, 2023ra arte, gutxienez.
– Egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea, hauek eginez gero: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Laugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.