EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019045

ERABAKIA, 2019ko urtarrilaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskina aldatzeko dena, ikastegi bakoitzari dagokion dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko irizpide eta prozedurari buruzkoa.

Xedapenaren data: 2019-01-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201901181
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2016/01/04an argitaratutako 2015/11/05eko AKORDIOA aldatzen du [201600001]

Aldaketaren arrazoia da UPV/EHUko master ikasketen berrantolaketa, ikasketa horiek orain ez baitira Master eta Doktorego Eskolaren menpeko, ezpada ikastegien ardurapeko, Latinoamerikako Sarekoak salbu. Antolaketa berri horrek unibertsitatearen beraren zenbait arautegi aldatzea dakar, eta horietako bat Ikastegien Oinarrizko Arautegia da, ikastegi bakoitzari dagokion dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko irizpideei dagokienez.
Orain arte ikastegiek master profesionalen ardura baino ez zaukaten eta horiek baino ez ziren kontuan hartzen ikasle kopurua eta ikastegiek eskainitako titulazio kopurua kalkulatzeko, bai eta curriculum eko kanpoko praktiketarako ere, eta datu horiek eragina zuten ikastegi bakoitzari zegokion dekanorde edo zuzendariorde kopuruan.
Master ofizialen antolaketa berriaren ondorioz dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko irizpideak aldatu beharra dago: master profesionalak berezitu egin behar dira gainerako master ofizialetatik, izan ere, orain arte bezala, master profesionalak baino ez baitira hartu behar kontuan dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko. Gogoan izan behar dugu master ofizialen gestio lana gehien bat Batzorde Akademikoak egiten duela, eta, gainera, ikastegiek administrazio arlorako eta teknikorako badutela lehen Master eta Doktorego Eskolatik ematen zen laguntza, bai eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzako Graduondokoen Atalarena ere. Beraz, egoki iruditzen zaigu master ofizialak kontuan ez hartzea titulazioak oinarri hartuta ikastegiari dagokion dekanorde eta zuzendariorde kopurua zehazteko, master horiek dakarten lan zama ez baita graduko tituluek dakartenaren pareko.
Hori guztia kontuan hartuta, Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen onespenarekin eta legezko txostena izanda, eta idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Aldatzea UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskina. Honela geldituko da:
«ERANSKINA
Ikastegi bakoitzeko dekanorde edo zuzendariorde kopurua zehazteko irizpide eta prozedurak.
1. irizpidea: ikasleen kopurua.
– 1.000 ikasleko talde edo frakzio bakoitzeko: dekanorde edo zuzendariorde bat.
Irizpide hori zenbatzeko, oinarritzat hartuko da azken hiru ikasturteetan ikastegian izandako ikasle kopuruaren batez besteko balioa, barne hartuta zuzendaritzarako hauteskundeen deialdia egiten den egunean indarrean dagoen ikasturtea. Ikastegiko ikasletzat hartuko dira ikastegiaren menpeko graduetan eta UPV/EHUko masterretan matrikulatutako ikasleak. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.
2. irizpidea: titulazio kopurua.
– 3 eta 5 titulazio artean: dekanorde edo zuzendariorde bat.
– 6 eta 9 titulazio artean: 2 dekanorde edo zuzendariorde.
– 10 eta 14 titulazio artean: 3 dekanorde edo zuzendariorde.
– 14 titulazio baino gehiago: 4 dekanorde edo zuzendariorde.
Titulazioak zenbatzeari begira, ikastegien menpeko graduko titulazioak, lanbiderako eskumenak ematen dituzten masterrak edo parekoak zenbatuko dira. Titulazioak gradua eta masterra badauka, bi titulaziotzat hartuko dira aipatutako ondorioetarako.
3. irizpidea: nazioarteko harremanak.
Ikasleen % 4 edo gehiago eta, gutxienez, 50 ikasle nazioarteko truke programetan, kontuan hartuta joandako zein etorritako ikasleak: dekanorde edo zuzendariorde 1. Ikastegiak irizpide honen araberako zuzendariorde edo dekanorde bat baldin badauka, galdu egingo du jarraituko bi ikasturtetan irizpide hori betetzen ez badu. Irizpide honen ondorioetarako, kontuan hartuko da aurreko ikasturtean izandako ikasle kopurua, bai ikastegikoa bertakoa bai trukekoa. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.
4. irizpidea: kalitatea.
Gutxienez hiru urtez jarraian kanpoko akreditazioa duten programetan (ISO, Ekoskan, Ehundu, Q....) parte hartzen duten ikastegiek dekanorde edo zuzendariorde bat.
5. irizpidea: kanpoko praktikak.
Curriculum eko kanpoko praktikak (30 ECTS baino gehiagokoak) dituzten titulazioak ematen dituzten ikastegiek, edo, bestela, kanpoko praktikak 30 ECTSkoak badira eta ikastegiko ikasle guztien % 20ak baino gehiagok egiten badituzte: dekanorde edo zuzendariorde bat. Irizpide hau ikastegi osoari aplikatu ahal izango zaio edo bestela, ikastegiko atal bakoitzari eta egoitzari.»
Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Arautegiaren aldaketa indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Leioa, 2019ko urtarrilaren 31.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.