EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018044

ERABAKIA, 2018ko abenduaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2018ko lan-eskaintza publikoa onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-12-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201901155
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Osakidetzak 2017-2020 aldirako erronka eta proiektu estrategikoak definitu ditu, XI. Legegintzaldirako ezarritako lerroekin eta xedeekin bat etorriz. Esparru horretan, profesionalei loturiko 4. erronkak zehaztu egiten du Osakidetzako enpleguaren kalitatea hobetzea dela proiektuetako bat, lantaldeei egonkortasun handiagoa emate aldera. Horretarako, lan-eskaintza publikoko (EPE) prozesu berriak egitea aurreikusi da.
2017ko ekainaren 23an Osasuneko Mahai Sektorialak eta sindikatu nagusiek (SME, SATSE eta UGT) sinatutako aurre-akordioan Osakidetzako enpleguaren kalitatea hobetzeari lotutako hainbat alderdi garrantzitsu daude jasota, eta legegintzaldi honetan bi lan-eskaintza publiko zehazten dituzte. Aipatu aurre-akordio hori betetze aldera, egun 2016-2017 EPEa garatzen ari da, eta onartzeke eta egiteke dago 2017-2018 EPEa, aurre-akordio horretan jasota dagoena.
Hartutako konpromisoak betetzen jarraitzeko eta Osasun Sailak eta Osakidetzak enpleguaren kalitatea hobetzera zuzendutako erronka eta proiektu estrategikoei erantzute aldera, bidezkoa da 2018rako lan-eskaintza publiko bat egitea, 2019ko lan-eskaintza publikoa barne hartuko duen prozesu orokor baten esparruan egingo dena. Hala, burutu egingo dira 2017ko ekainaren 23an Osasuneko Mahai Sektorialak hartutako konpromisoen prozesuak.
2018rako lan-eskaintza publikoa Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legeko 19. artikuluan ezarritako langileen birjarpen-tasaren gehieneko ehunekoa aplikatuz onartu da. Kasu honetan % 100 gehi % 8 gehigarria izango dela erabaki da, baina eskainitako plaza kopurua aipatutako langileen birjarpen-tasaren ehunekoetara moldatu beharko da.
Manu berean xedatutakoaren arabera, ezarritako birjarpen-tasaren gehieneko ehunekoa bi hauen arteko aldeari aplikatuko zaio: aurreko aurrekontu-ekitaldian zerbitzuak emateari utzi dioten langile finkoen kopurua, batetik, eta aipatutako ekitaldian sartu diren langile finkoen kopurua, bestetik; enplegu publikoaren eskaintzetatik datozenak edo lanpostuak erreserbatzea ez dakarten egoeretatik itzuli direnak kontuan hartu gabe, betiere. Alde horretatik, aintzat hartuko da zerbitzu-prestazioa honako arrazoi hauek direla eta uztea: erretiroa, heriotza, ukoa, lanpostua erreserbatzea ez dakarren eszedentzia-egoera deklaratzea, karrerako funtzionario izateari uztea, lan-kontratua azkentzea, edo beste edozein egoera administratibo, lanpostua erreserbatzea ez dakarrena edo lanpostua uzten den administrazioaren aldetik ordainsariak jasotzea ez dakarrena. Era berean, aintzat hartuko dira beste administrazio publiko batzuetara egindako lekualdatze-lehiaketetan emandako altak eta bajak.
Ondore horietarako, erabaki honen eranskin gisa doa atxikita Osakidetzaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzak emandako egiaztagiria, birjarpen-tasa kalkulatzeko aintzat hartu diren alta eta baja kopuruari buruzkoa.
2019ko lan-eskaintza publikoan, dagokion birjarpen-tasa ezartzeaz gain, hauek ere sartu ahal izango dira: 2016ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren plaza guztiak, 2017ko eta 2018ko EPEetan eskaini ez zirenak, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen ekainaren 27ko 3/2017 Legeko 19.bat.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Halaber, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legeko 19.bat.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, 2018tik 2020ra arteko aldian egiten diren lan-eskaintza publikoetan gutxienez 2016ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren egiturazko plazak ere eskain daitezke.
Lan-eskaintza publikoak, sarbide berriko langileen bitartez hornitu beharreko plazez gain, barne-sustapenaren bitartez hornitzeko beste plaza batzuk ere eskainiko ditu. Plaza horiek langileen birjarpen-tasatik eratorritako plazek gehieneko mugarako zenbatzen ez direnez, uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiari barne-sustapeneko prozesuen bitartez EPEaren barruan eskainiko den plaza kopurua onartzeko eskatzea, dagokion negoziazio-prozesua eta lantaldearen egoeraren analisia egin eta gero. Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.
Lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatu beharko dira, eta Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 25eko bileran, erabaki hau hartu zuen:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikoaren 2018. ekitaldiko deialdia egitea onartzen da.
Guztira, 2018ko lan-eskaintza publikoan, 1.083 lanpostu eskainiko dira txanda irekian; horiek langileen birjarpen-tasari dagozkio, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Eskumena ematen zaio Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari EPEan barne-sustapeneko prozesuen bidez eskainiko den plaza kopurua onesteko, dagokion negoziazio-prozesua eta lantaldearen egoeraren analisia egin eta gero.
Hirugarrena.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko prozesua eta barne-sustapenekoa batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez.
Bi Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan, publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin gauzatuko dira.
Laugarrena.– Lan-eskaintza publikoaren xede diren lanbide-kategoriak jakinarazteko, dagozkien deialdiak argitara emango dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bosgarrena.– 2018ko lan-eskaintza publikoa 2019koari erantsita egin ahal izango da; azken hori, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu beharko du.
Seigarrena.– Betiere, lan-eskaintzan deialdira ateratako lanpostuen % 7 gordeko dira, barne-sustapenean nahiz txanda irekian, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek bete ditzaten, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkien zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.
Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, lanpostuen ehuneko bi gordeko da desgaitasun intelektuala duten pertsonek bete ditzaten, eta, gainerakoa, beste edozein desgaitasun mota duten pertsonek bete ditzaten.
Zazpigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.
Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori gauzatzeko behar adina ebazpen emateko, hala nola, deitu beharreko lanpostu zehatzei, epaimahaien izendapenari, deialdien ebazpenari eta lanpostuen esleipenari buruzkoak.
Bederatzigarrena.– Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Horren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 17a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.