EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-03-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019044

28/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, zeinaren bidez aldatzen baita euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den Dekretua.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900028
Xedapenaren data: 2019-02-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201901153
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/04/16an argitaratutako 2012/04/03ko 201200047 DEKRETUA aldatzen du

Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan dago ezarrita nola hartu aintzat euskaraz egindako ikasketa ofizialak eta nola salbuetsi euskara-maila egiaztatzetik hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez.
Dekretu horren I. eta II. eranskinetan daude lehenagoko unibertsitate-antolamenduen katalogoaren titulu ofizialen izendapenak. Baina etengabe titulu eta izendapen berriak agertu direnez, beharrezkoa da eranskin horiek eguneratzea, tituluen titularren eskubideak zaintze aldera. Hala da Euskal Hizkuntza eta Kulturako Graduaren kasua, I. eranskinean sartzea nahitaezkoa dela ematen du eta.
Beraz, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eranskinetan egin beharreko aldaketak ahalik eta modu errazenean egin daitezen eta, era berean, Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan inskribatzen joango diren titulu ofizialak sar daitezen, xedapen gehigarri bat sartzea aurreikusi da. Xedapen horren bidez Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari gaitasuna ematen zaio izendapen horiek aztertu eta sartzeko.
Horrenbestez, aginduzko txostenak egin eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Hezkuntzako sailburuak, Osasuneko sailburuak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 26an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua aldatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea, honela:
1.– Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, honela idatzita:
«Laugarren xedapen gehigarria.– Titulu berriak gehitzea.
I. eranskinean titulu gehiago sartu zein ez ebaztea Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari dagokio. Batzorde hori Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren bidez sortu zen.»
2.– I. eranskina aldatu, eta honela geratzen da:
I. ERANSKINA APIRILAREN 3KO 47/2012 DEKRETUA ALDATZEKO DEKRETUARENA
1. oharra: eskatzen diren ECTS kredituak lor daitezke bai graduko titulazio bakar batean, bai graduko titulazio bakar bati eta master ofizial bakar bati dagozkien kredituak batuta.
2. oharra: gradu-amaierako edo master ofizialaren amaierako lana euskaraz egitea baldintza gehigarria ez den kasuetan, lan horri dagozkion kredituek balio bikoitza izango dute lehen zutabeko ECTS kredituen guztizkoa lortzeko zenbatzen direnean.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.