EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2019042

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 20koa, Gizarte Zerbitzuen zuzendarirena, zeinaren bidez jakinarazten baita Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzetarako zuzkidura. Agindu horren bidez ezarri zen genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura, Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako laguntza.

Xedapenaren data: 2019-02-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201901099
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/11/19an argitaratutako 2014/10/29ko AGINDUA [201404962]

Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduaren bitartez (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).
Hau adierazten du lege horren lehenengo xedapen gehigarriak, finantziazioari eta aurrekontu-egozteari buruzkoak: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 13.l artikuluan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio honako funtzio hauek baliatzea: «Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua, ordainketa bakarreko diru-laguntzak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua».
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, adierazten da 1.100.000 euro erabiliko direla 2019ko ekitaldian 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 20a.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
EMILIO GERMÁN SOLA VALLOJERA.