EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2019042

4/2019 LEGEA, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201900004
Xedapenaren data: 2019-02-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201901087
Maila: Legea
Eusko Legebiltzarrak 4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Energiaren erabilera funtsezkoa da pertsonen bizitzarako. Izan ere, bizirik bada, Eguzkiak ematen duen energiari esker da; energia hori Lur planetara iristen da, eta horrek abiarazten ditu funtsezko bizi-prozesu guztiak. Energia-beharrizanak asebetetzea oinarrizkoa izan da gizakiaren existentziarako eta garapenerako etengabeko bilakaera batean, historiaurreko suetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren energia-iturrien multzo zabalera bitarte, bi gertaera garrantzitsurekin, hala nola Industria Iraultza, XIX. mendean zehar ekoizpen-prozesuetan ikatza masan erabiltzeak edo, XX. mendean, petrolioa orokorki erabiltzeak bultzatua. Izan ere, petrolioa, gaur egun industria-prozesuetan nahiz etengabe hazten ari den mugikortasun motorizatuan erabiltzen da.
Bata bestearen atzetik krisi energetiko ugari izan baditugu ere –joan den mendeko 70eko urteetan hasi ziren–, petrolioa da, oraindik ere, munduko energia-iturri nagusia, eta, dituen energia-erabilerez gain, erabilera- eta kontsumo-produktu ia guztietan ageri da petrolioa. Jakina, petrolioa ez da, gaur egun, energia-iturri bakarra; badaude beste batzuk ere, hala nola ikatza, gas naturala, energia nuklearra eta energia berriztagarriak (eolikoa, hidraulikoa, eguzki-energia, biomasa, geotermia, etab.); horiek guztiek gero eta zeregin garrantzitsuagoa dute energia-hornidura orokorraren barruan.
Dena dela, etorkizuneko energia-hornidurak erronka garrantzitsu batzuk ditu gure gizartearentzat. Alde batetik, jakin behar dugu ezen, maila orokorrean nahiz tokian tokiko mailan, gure energia-matrizeak mendekotasun nabarmena duela jatorri fosileko erregaiekiko, eta mendekotasun horrek gure energia-kontsumoaren % 80 baino balio handiagoa hartzen duela. Kontuan hartuta erregai fosilak ez direla berriztagarriak giza eskalan, baliabide horiek ahalik eta eraginkortasun handienarekin erabili behar ditugu eta haien kontsumoa murriztera jo behar dugu.
Bestalde, aurrean dugu erronka premiatsu eta atzeraezin bat, atmosferara jaurtitako berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea, bai eta osasunerako kaltegarriak diren kutsagarriak murriztea ere. Gure energia-eredua, erregai fosilen erretzean oinarri hartuta gehienbat, berotegi-efektuko gasen isurketen erantzule da, neurri handi batean, eta, ondorioz, klima-aldaketaren erantzule ere bai. Klima-aldaketaren aurreikus daitezkeen ondorioek, adostasun zientifiko zabala dutenez, beharrezko bihurtzen dute neurri batzuk hartzea isurketa horiek nabarmen murrizteko energia-politika baten bidez. Energia-politika horrek, isurketen nahitaezko murrizketaz gain, oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzat energia berriztagarri eta nahikoaren hornikuntza ziurtatuko du.
Nazioarte mailan, Pariseko Akordioak, Espainiako Estatuak berretsia bera, helburu du, besteak beste, karbonoz apala eta klima-aldaketarekiko erresilientea izango den garapen-eredu bat ekarriko duen trantsizioa. Europar Batasunaren helburu lotesleak dira 2030erako BEG isurketak % 40 murriztea 1990ekoen aldean, energia berriztagarriek energia guztien % 32ko kuota osatzea, eta efizientzia energetikoan % 32,5 hobetzea.
Are gehiago, Europako Batzordea, gaur-gaurkoz, karbono arloko agertoki neutroak ari da planteatzen 2050. urterako.
Gainera, Espainiako Aldaketa Klimatikorako Bulegoak egindako 'Sektore difusoen 2020rako ibilbide-orriak' hainbat neurri ezartzen ditu sektore difusoen (bizitegi-sektorea, merkataritza-sektorea, instituzio-sektorea, garraio-sektorea, hondakinen kudeaketa, nekazaritza, gas fluoratuak eta isurketa-merkataritzara lotu gabeko industria) BEG isurketak murrizteko: % 10 2013-2020 aldirako eta % 30 2021-2030 aldirako 2005eko mailen aldean.
Bestalde, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak energia-politikari eskaintzen dio XXI. titulua, eta oinarrizko helburu batzuk jartzen ditu, tartean hauek: energia-merkatuaren funtzionamendua bermatzea, Europar Batasunean energia-horniduraren segurtasuna bermatzea, efizientzia energetikoa eta energia-aurrezpena sustatzea, energia berri eta berriztagarriak garatzea eta, azkenik, energia-sareen interkonexioa bultzatzea. Izan ere, Europar Batasunak zenbait neurri hartu ditu alor honetan, eta haien artean, aipatzekoak dira honako hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentaraua, eraikinen efizientzia energetikoari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentaraua, efizientzia energetikoari buruzkoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko urriaren 22ko 2014/94/EB Zuzentaraua, ordezko erregaietarako azpiegitura bat ezartzeari buruzkoa.
Hala, Europako Batzordearen 2016ko uztailaren 29ko 2016/1318 (EB) Gomendioak jarraibide batzuk ezartzen ditu kontsumoko eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikinak izan daitezen 2020ko abenduaren 31 baino lehen eta agintari publikoen eraikin berriak, berriz, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.
2015ean, NBEk garapen iraunkorrari buruzko 2030 Agenda onartu zuen, herrialdeek eta beren gizarteek bide bati ekiteko aukera bat, hain zuzen ere. Agenda horrekin, guztion bizitza hobetu nahi da, inor atzean utzi gabe. Dokumentu horrek pobrezia ezabatzeko, planeta babesteko eta guztion oparotasuna segurtatzeko helburu orokorrak biltzen ditu, garapen iraunkorrerako agenda berri baten parte gisa.
Agenda horrek 17 helburu planteatzen ditu, 169 xede espezifikorekin, datozen 15 urteetan lortu beharrekoak, eta hura betetzeko, guztiok gaude inplikatuta: gobernuak, administrazioak, sektore pribatua eta gizarte zibila.
Euskal Autonomia Erkidegoa, berriz, aspaldidanik ari da energiaren alorreko ekintzak egiten. 1982an sortua zen jada Energiaren Euskal Erakundea, azaroaren 24ko 9/1982 Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoaren energiaren alorreko egungo eta etorkizuneko jardueren plangintza, koordinazioa eta kontrola esleitu zitzaizkion lege horren bidez, Autonomia Estatutuan ezarritako eskumenen esparruan Eusko Jaurlaritzak jarritako gidalerroei jarraituz. Egoera horretan, Euskadiko Energia Estrategia 2030ek (3E2030) helburu hauek ezartzen ditu, besteak beste: efizientzia energetikoaren alorreko jarduerak areagotzea kontsumo-sektore guztietan, 2030ean 1.250.000 petrolio-tona baliokide (ptb) aurrezteko, bai eta azken energia-intentsitatea % 33 hobetzea ere. Era horretan, 2030ean, petrolioaren azken kontsumoa % 18 gutxitu nahi da 2015. urtearen aldean, eta garraio-sektorearekiko desloturari bidea eman. Errepide bidezko garraioan ordezko energiak % 25 izan daitezen ere lortu nahi da, eta energia horien ustiapena 966.000 ptb izatea 2030ean; hau da, berriztagarrien kuota % 21 izatea azken kontsumoan.
Ingurumenaren aldetik ere badu bere lekua lege honek. Izan ere, Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategiak –2015. urtean onetsi zen estrategia hori, hain zuzen ere– klima-aldaketaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publiko arduratsu, eredugarri eta erreferentziazko bat izatea du helburu epe luzera berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea lortzeko, eta estrategia horrek adierazi du ereduzko jarduera izan behar dutela EAEko Administrazio publikoaren organo guztiek euskal gizartearen eragile guztien inplikazioa lortzeko. Horretarako, ezinbestekoa da koordinazio-lana horizontalki eta bertikalki egitea, hau da, Eusko Jaurlaritzaren sailen artean nahiz udal zein foru-aldundiekin. 'Zero isurketa' egiten duen administrazio publiko bat lortzea da 2050eko helburuak lortzeko nabarmentzen den jarduera-ildo garrantzitsuenetako bat, Kyotoko Protokoloan eta haren garapen-arautegian ezarritako malgutasun-mekanismoez baliatu gabe.
Lege honek administrazio publikoen eremuko jasangarritasun energetikoaren arau-oinarriak ezartzen ditu bere 71 artikuluetan. Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz sektore pribatuan efizientzia energetikorako eta energia-aurrezpeneko neurriak bultzatzea eta energia berriztagarriak sustatzea eta ezartzea du oinarri. Izan ere, lege honek ez du jarduera-sektore batzuetara edo besteetara mugatu nahi; baizik eta, helburu horiek lortzeko, gizarte osoaren elkarlana bilatzen du eta premisa horretatik abiatu da.
Adierazitako guztia biltzeko, bost titulu, bost xedapen gehigarri eta bost azken xedapen ditu.
I. tituluan, legearen aplikazio-eremua zehazten da, subjektiboa zein objektiboa, eta legea aplikatzeko eta ulertzeko behar diren definizioak ematen dira. Jarraian, legearen helburuak zerrendatzen dira, eta energia-kontsumoa gutxitu eta jasangarritasun energetikoari bultzada eman eta hura sustatu behar dela nabarmentzen da, ingurumena babestu behar dela ahaztu gabe, energia berriztagarrien instalazioak jarrita. Lege honek legea bera interpretatzeko zortzi printzipio zerrendatzen ditu, zeinak EAEko administrazio publikoen jarduera-jarraibideak ere izango diren; jarraibide horien artetik, nabarmentzekoa da EAEko administrazio publikoek eredugarri izan behar dutela alor honetan. Era berean, funtsezko oinarri gisa, lege honen betekizunak beste politika publiko batzuetan sartu behar direla ezartzen da, bereziki lurraldearen antolamenduarekin, hirigintzarekin eta garraio-azpiegiturekin zerikusia daukatenetan, eta EAEko administrazio publikoen arteko eraginkortasuna eta koordinazioa beharrezkoa dela.
II. tituluak jasotzen du EAEko administrazio publikoek zer betebehar dituzten, eta bi kapitulutan zabaltzen da. Haietatik lehenak jasotzen du jasangarritasun energetikoa politika publikoetan integratzeko eta erakundearteko elkarlanerako beharra; horretarako, jasangarritasun energetikoaren batzordeak edo administrazio bakoitzaren antzeko organo batzuk aipatzen ditu, alor horretan funtzio garrantzitsuak dituzten tresna gisa egituratzen direnak.
II. kapituluan administrazio publikoek bete behar dituzten helburu eta ekintza orokorrak jaso dira. Orientazio nagusiak ezartzeko, ezinbestekoa da denbora-tarte luzean egingo diren helburu eta jarduerak adieraztea; horretarako, legeak eskatzen die dagokien inbentarioak egiteko, kontsumoak kontrolatzeko eta auditoretza energetikoak egiteko. Hainbat urtetarako energia-jarduketen planak egiteko abiaburu dira neurri horiek; plan horietan, administrazio publikoek norberaren jardun-eremuaren barruko egoera-diagnostikoak egingo dituzte eta planak indarrean dauden bitartean gauzatu beharreko estrategiak finkatuko dituzte. Era berean, helburu hauek ezarri dira: energia-kontsumoan portzentajezko murrizketa batzuk egitea, administrazio bakoitzaren urteko kontsumoak erreferentzia gisa hartuta eta tasatutako denbora-aldi batzuen arabera; energia berriztagarrien instalazioak jartzea, eta energia asko kontsumitzen duten instalazioak, ibilgailuak edo ekipamenduak berritzeko betekizunak ezartzea.
Betebehar horiek modulatuta geratzen dira tokiko erakundeen kasuan, haien biztanle kopuruaren arabera, baina, edozein kasutan, betebehar horiek bilatzen dute EAEko administrazio publikoek neurri eraginkorrak hartzea lege honen helburuak lortzeko.
Eraikinei eta etxebizitzei dagozkien obligazioen eremuan, kalifikazio energetikoa eskatzen zaie aurretik dauden eraikin guztiei, eta berriak edo eraberritze garrantzitsuak dituztenak energia-kontsumo ia nulukoak izatea. Gogoratu beharra dago eraikinen energia-kontsumoa dela ia kontsumo osoaren % 20 eta eraikuntzako sektore horretan egindako jarduera eskasek sektore hori bilakatzen dutela hobetzeko aukera gehien daukanetako bat, eta energia-kontsumoak ezein BEGren isurketak gutxitzeko ekarpen handiena egin dezakeen bat. Bestalde, garraioa eta mugikortasuna ere arautzen dira lege honetan, eta horretarako ezartzen da, besteak beste, udalerriek zenbait ibilgailuri hirigunean sartzeko aukera murriztea eta are sartzea debekatzeko aukera ere. Garraioaren alor hori osatzen da erregai ordezkoak darabiltzaten ibilgailuak sustatzearekin, barne harturik atal horretan bidaiarien garraio publikoko zerbitzua ematen dutenak, eta exijituz udalerriek udal mugikortasuneko plan bat eduki dezatela, bete beharreko helburuak ezarriz. Neurri horiek guztiek indartu egiten dira publizitaterako, langileen prestakuntzarako eta etiketa energetikoak erakusteko betebeharraren bidez.
III. tituluak sektore pribatuari egiten dio erreferentzia, eta xehatu egiten du, legearen ondorioetarako, honela: industria-sektorea, zerbitzu pribatuak eta merkataritza, bizitegi-sektorea eta garraio pribatuak.
Industria-sektorerako, legeak funtsezko obligazioak jasotzen ditu; adibidez, auditoretza energetikoak egitea eta kudeaketa energetikorako sistema bat izatea, bai eta lantokietarako mugikortasun-planak izatea ere, energiaren kontsumoa gutxitzeko eta efizientzia energetikoa lortzeko helburuak betetzeko. Enpresen kudeaketa energetikoaren helburua da haien errendimendu energetikoa hobetzea, lagunduz energiaren eremuan etengabeko hobekuntzako sistema bat garatzea. Bestalde, auditoretza energetikoak beharrezko den aurretiazko pausoa dira kontsumoen eta kostu energetikoaren gutxitzerako aukerak aztertzeko. Eraginkorrak dira, baita ere, egiaztatzeko gutxitze horiek denbora-tarte espezifiko batean gertatu direla. Legeak bi enpresa-tipologia bereizten ditu, indarrean dagoen eta aplikatu dakiokeen araudiaren arabera, eta exijentzia bat baino gehiago ezartzen du, segun eta establezimendu industrialak kategoria batean edo bestean kokatzen diren.
Beste horrenbeste gertatzen da zerbitzu pribatuen eta merkataritzaren sektorearekin; legeak haiei ere erreferentzia egiten die, eta horrela agerian jartzen da auditoretza energetikoei eta kudeaketa energetikoaren sistemei ematen zaien garrantzia.
Bizitegi-sektorearen eremuan, aurretik dauden eraikinei hainbat obligazio ezartzen zaizkie, helburua izanik eraikinen jasangarritasun energetikoa lortzea. Eraikin berriei dagokienez, lege honen aurreikuspenek asmo handiko helburu bat dute: autonahikotasun energetikoa, hain zuzen ere.
Garraioak gure autonomia-erkidego honen azken energia-kontsumoan duen pisuak, bai eta kontsumo hori ia osorik petrolioaren deribatuak izateak ere, hainbat aurreikuspen justifikatzen ditu, portzentaje hori gutxitzen eta beste energia mota baterantz dibertsifikatzen saiatzeko.
III. tituluaren amaierak erreferentzia egiten die borondatezko tresnei eta jasangarritasun energetikoko jarduerak sustatzeari, tresna eta jarduera horien artean sartuta legeak exijitutakoa baino obligazio zorrotzagoak betetzeagatiko laguntza-programak balioesteko aukera, zenbatekoa areagotuta edo onura berezien bitartez. Halaber, gutxieneko langile kopuru bat gainditzen duten zenbait enpresa-tipologiatan prestakuntza-planak izateko obligazioa ere aurreikusten du titulu horrek, eta informaziorako eskubidea bermatzen da, Europar Batasuneko araudiarekin lerrokatuta, eta EAEko administrazio publikoen jardueraren kasuan kasuko publizitatea, jasangarritasun energetikoari buruzko publizitatea alegia.
Kontsumitzaileak, ezbairik gabe, lege horrek bilatutako helburu eta erronkak betetzeko funtsezko zutoin bat dira; izan ere, haien kontsumoa kontrolatuta, hura gutxitzeko gai izango dira. Horretarako, ezinbestekoa da kontsumitzaileak merkatuan aktiboki ekarpena egiteko aukera izan dezala, eta bere benetako energia-kontsumoaz informatuta egotea, bere kontsumo propioa erregulatzea ahalbidetuko dion maiztasunez. Halaxe jaso dute energiari buruzko zuzentarau komunitarioek ere, eta lege honen helburua da eskubide horiek eraginkor bihurtzea, kontsumitzaileen (edo pertsona horiek eskuordetzen dutenen) esku utziz modu erraz eta aske batean kontsumo-datuetara sartzeko aukera.
V. tituluak ikuskapen- eta kontrol-erregimena arautzen du, bai eta kontrolaren alorreko erakunde kolaboratzaileen papera ere. Titulu hori osatu egiten da arau-hausteen eta zehapenen katalogoa jasotzen duen zehapen-erregimenaren garapenarekin, behin-behineko neurrien eta isun hertsatzaileen aurreikuspenekin, bai eta alor horretako eskumenekin ere, bat etorriz otsailaren 20ko 2/1998 Legearekin ere, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko Legearekin ere.
Xedapen gehigarriei dagokienez, erreferentziako oinarrizko mailaren kalkulua argitzen digute xedapen horiek, eta zer ulertzen den energia-kontsumo ia nuluko eraikintzat zehazten ez den bitartean, eta hainbat obligazio ezartzen dizkiete partzuergo eta mankomunitateei.
Bere aldetik, azken xedapenek, besteak beste, legea indarrean sartzeaz gain, beren artean jasotzen dituzte legearen erregelamenduzko garapenerako ahalmena ematea, eta isun eta zehapenen zenbatekoak eguneratzea, bai eta energia-kontsumoen kuantifikazioak ere, haiek erabiltzen baitira legearen aplikazio-eremua zehazteko. Halaber, xedapen horiek jasotzen dute aurreikuspena dela Eusko Legebiltzarrak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Arartekoak jasangarritasun energetikoko beren planak egingo dituztela.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Lege honen xedea da, energia-politikaren joera orokorra kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan eta sektore pribatuan jasangarritasun energetikoaren arau-oinarriak ezartzea, eta batzuek eta besteek zer eginbehar eta betebehar dituzten antolatzea. Batez ere, energia-aurrezpeneko eta efizientzia energetikoa izateko neurriak bultzatzera bideratuko dira eginbehar eta betebehar horiek, bai eta energia berriztagarriak sustatzera eta ezartzera ere.
2. artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa.
1.– Lege honen ondorioetarako, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, haren mendeko edo hari lotutako erakundeak barne.
b) Lurralde historikoetako administrazioak, haien mendeko edo beraiei lotutako erakundeak barne.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legean definitzen diren moduan.
d) Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak.
e) Euskal Herriko Unibertsitatea, haren mendeko edo hari lotutako erakundeak barne.
2.– Administrazio haien mendeko edo beraiei lotutako erakundetzat jotzen dira erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak, sektore publikoko fundazioak eta nortasun juridiko propioa duten partzuergoak, lege honen lehenengo xedapen gehigarrian aipatuak alegia.
3.– Sektore pribatutzat joko da, lege honen III. tituluan garatzen diren baldintzetan:
a) Industria-sektorea.
b) Eremu pribatuko zerbitzu-sektoreko establezimendu eta instalazioak.
c) Bizitegi-etxebizitzen eraikin eta instalazioak.
d) Salgai eta bidaiarien garraio pribatua, mota guztietan.
3. artikulua.– Aplikazio-eremu objektiboa.
1.– Lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakunde edo subjektuek jabetzan dituzten eraikinei, instalazioei eta ibilgailu-atalari aplikatuko zaie lege hau, bai eta hirugarren pertsona batzuei alokatuta badaude ere.
Era berean, lege hau aplikatuko zaie 2. artikuluan jasotako erakundeen plan, legegintza-proiektu eta kontratazio-prozedurei, zeinen barne-arautegiak lege hau betetzeko beharrezkoak diren helburu eta neurriak jaso beharko dituen.
2.– Lege honen eremu objektibotik kanpo geratzen dira egoera hauetakoren batean dauden eraikinak:
a) Aurreko artikuluan aipatzen diren subjektu edo erakundeek alokairuan hartutakoak, betiere titularra, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege hau aplikatu ezin zaion hirugarren pertsona bat bada.
b) Atzerrian kokatuta daudenak.
c) Behin-behinean erabiltzekoak, aurreikusitako erabilera-epea bost urtekoa edo gutxiagokoa bada.
d) Hirigintzako, historia- eta arte-ondarea babesteko edo antzeko beste arrazoi batzuk egoteagatik, lege honek ezartzen dituen neurriak aplikatu ezin zaizkien eraikinak.
Hala ere, kanpo utzitako eraikinak birgaitzeko, teknikoki justifikatu beharko da ezen birgaikuntza horrek alderdi energetikoa jasotzen duela eta ahalik eta efizientzia energetikorik handiena lortzea ahalbidetzen duela.
3.– Lege honetan jasotakoa aurreko artikuluan jasotzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek sinatutako kontratu publikoetan ere aplikatuko da.
4. artikulua.– Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, honela ulertzen dira honako hauek:
a) Akreditazioa: akreditazioak emateko ahalmena duen erakunde batek begiztatzea jarduera jakin bat egiteko eskatutako baldintza eta betekizun teknikoak betetzen direla.
b) Borondatezko akordioa: jasangarritasun energetikoko zenbait neurri betetzeko konpromisoa, legez eskatutako gutxienekoak gainditzen badira.
c) Energia-aurrezpena: aurreztutako energia kantitatea –efizientzia energetikoa hobetzeko neurriren bat aplikatu aurretik eta neurri hori aplikatu ondoren zenbat kontsumitu den neurtuta edo kalkulatuta zehazten da hori–, aldi berean aintzat hartuta energia-kontsumoan eragina duten kanpoko baldintzen normalizazioa.
d) Auditore energetikoa: auditoretza energetikoak egiten dituen pertsona fisikoa edo juridikoa; beharrezko den akreditazioaren jabe izan behar du hark.
e) Auditoretza energetikoa: eraikin edo eraikin-multzo batek, industria- edo merkataritza-instalazio edo -eragiketa batek, edo zerbitzu pribatu zein publiko batek energia-kontsumoaren zer profil duen behar bezala jakiteko prozedura sistematikoa, bai eta kostu efiziente batekin energia aurrezteko aukerak zehaztu eta kuantifikatzeko eta horren berri emateko prozedura ere.
f) Azken bezeroa: norberaren erabilerarako energia erosten duen pertsona fisikoa edo juridikoa.
g) Garraiorako ordezko erregaiak: garraioan energia-iturri gisa erabiltzen diren erregai fosil klasikoak parte batean gutxienez ordezten dituzten erregai edo energia-iturriak; izan ere, erregai fosilak deskarbonizatzen lagun dezakete eta garraio-sektorearen ingurumen-portaera hobetzen.
h) Erregelamenduz zehaztuko den eran, energiaren alorrean eskumena duen sailak garraioko energia-iturri alternatiboen erregistro bat ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegorako.
i) Azken energia-kontsumoa: lege honen eraginpeko eraikinetan edo instalazioetan erabilitako energia guztia.
j) Eraikina: sabaia eta hormak dituen eraikuntza, non energia erabiltzen den barruko giroa egokitzeko; bizitegi-erabileretarako nahiz zerbitzuak emateko erabil daiteke, eta eraikin oso bat edo eraikin baten zatiak izan daitezke, baldin eta zati horiek bereizita erabiltzeko diseinatu edo moldatu badira.
k) Energia-kontsumo ia nuluko eraikina: efizientzia energetiko handia duen eraikina, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauan ezarritakoaren arabera. Behar den energia ia nulu edo gutxi hori, neurri handi batean, iturri berriztagarrietako energia bidez lortu beharko litzateke, in situ edo inguruan ekoitzitako iturri berriztagarrietako energia ere barne dela.
l) Lehendik dagoen eraikina: lege hau indarrean sartu aurretik eraikita dagoen, aplikagarri zaion arautegiaren arabera eraikitze-prozesuan dagoen edo eskatzen diren baimen guztiak dituen –hirigintza-, ingurumen- edo bestelako baimenak– edozein eraikin.
m) Eraikin berria: eraikitzeko behar diren baimenak lege hau indarrean sartu ondoren eskatu zaizkien eraikin guztiak.
n) Efizientzia energetikoa: etekin-, zerbitzu-, ondasun- edo energia-ekoizpenaren eta energia-gastuaren arteko erlazioa.
ñ) Iturri berriztagarrietatik lortutako energia: iturri berriztagarri ez-fosiletatik eskuratutako energia, hala nola energia hidraulikoa, eolikoa, eguzki-energia, geotermikoa, ozeanikoa eta berriztagarritzat jotako beste ustiapen mota batzuk ere bai.
Biomasaren kasuan, berriztagarritzat jotzen da basoen kudeaketa jasangarriko ziurtapen-sistema akreditatu bat daukaten baso-ustiategietatik etortzen den energia.
o) Kudeaketa energetikoa: prozesu jarraitua, etengabea eta planifikatua, ikuskatu eta gainbegiratu egiten duena eraikin edo ekipamenduen portaera energetikoa; horretarako, ratio eta adierazle batzuk ezartzen dira, helburu dutenak eraginkortasun eta efizientziarik handiena lortzea, benetakoak eta egiaztagarriak diren tresna, datu, balio eta konponbideetan oinarritu behar direlarik.
p) Kudeatzaile energetikoa: profesional tekniko, enpresa instalatzaile edo ingeniaritza- zein diseinu-enpresa bat, zeinak, diziplina energetiko eta teknologiko guztietako prestakuntza bat eginez, bere proiektu, zerbitzu edo instalazioetan efizientzia energetikoko irizpideak txertatzen dituen, eta zeinak bere zerbitzu eta filosofiaren barruan sartzen dituen aholkularitza independentea eta integrala.
q) Instalazioa: abian dela energia kontsumitzen duen edozer ekipamendu edo sistema, edo, bestela, edozer energia-iturri erabilita, in situ energia sortu edo transformatzen duena.
r) Energia-kontsumo osoaren oinarrizko erreferentzia maila: dena delako administrazioak une jakin batean kontsumitutako energia guztiaren inbentarioa, energia mota guztiak kontuan hartuta; horri aplikatzen zaizkio erabakitzen diren efizientzia energetikoko helburuak. Hor sartzen dira energia-iturri guztietako kontsumo zehatza eta erabili diren energia-bektoreak, balio absolututan zein erlatibotan, hauen arabera bereizita eta gehituta: eraikinak, energia-jarduketako unitateak, energia sortzen eta kontsumitzen duten instalazioak, ibilgailu-atala eta argiteria publikoa.
s) Karga-puntua edo erregaia hartzeko guneak jendearen eskura jartzea: ordezko erregai batez hornitzeko karga-puntua edo erregaia hartzekoa edukitzea eta Europar Batasuneko erabiltzaile guztiek bereizkeriarik gabe eskura izatea. Bereizkeriarik gabe eskura izanagatik ere, autentifikazio-, erabilera- eta ordainketa-baldintza desberdinak ezar daitezke.
t) Eraberritze integralak: eraikin bat berritzea edo birgaitzea, energia-ondorioetarako, baldin eta:
– eraikinaren inguratzailea edo haren instalazio teknikoak berritzeko lanen kostu guztiak eraikinaren balioaren % 25 baino gehiago badira, alde batera utzita eraikita dagoen lursailaren balioa, edo
– eraikinaren inguratzailearen azaleraren % 25 baino gehiago berritzen bada, edo birgaitzeak eraikinaren azalera erabilgarriaren % 50 baino gehiagori eragiten badio.
Eraikin batean 10 urteko epean eraberritze bat baino gehiago egiten denean, kostuak eta azalerak gehitu beharko dira hurrenez hurren egindako eraberritze-lanetan, halako moldez non, baturaren batek adierazitako portzentajeak gaindituz gero, lege hau bere osotasunean betetzea exijitu ahal izango den.
u) Zerbitzu energetikoa: energia bat teknologia energetiko efiziente batekin edo ekintza batekin konbinatuta –zerbitzua emateko beharrezko diren eragiketak, mantentze-lanak eta kontrola izan daitezke ekintzak– lortzen den onura fisikoa, etekina edo probetxua; zerbitzu hori kontratu edo hitzarmen baten arabera ematen da, eta frogatua izaten du, egoera normalean, efizientzia energetikoa hobetzen duela edo energia primarioa aurrezten, modu egiaztagarri, neurgarri edo kalkulagarrian.
v) Energia-jarduketako unitatea: lege honetan aurreikusitako neurri guztien edo batzuen aplikazio-eremua –berezia, baterakoa edo zeharkakoa–, lege honen helburu diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jabetzako eraikinak izan zein eraikin horien instalazioak, berokuntza- edo hozte-sistemak, ibilgailu-atala eta, hala badagokio, argiteria publikoa izan.
w) Plan eta programa energetikoak: auditoretza energetikoen bidez egindako diagnostiko iraunkorretatik eratorritako jarduerak, lege honen helburuak garatzeko diseinatuak izango direnak.
x) Trantsizio energetikoa: oraingo eredu energetiko intentsiboa, erregai fosiletan eta zentral termiko edo nuklearretan oinarritua, eraldatzea eta paradigma berri bat sortzea, zeinaren ardatzak diren energia berriztagarriak, efizientzia energetikoa eta sorkuntza banatua.
5. artikulua.– Helburuak.
Kontuan hartuz 2. eta 3. artikuluetan definitutakoa, hauek dira lege honen helburuak:
a) Energiaren erabileran efizientzia bultzatzea eta energia-aurrezpena sustatzea, Europar Batasunak gai horren inguruan ezarritako arau eta jarduketen esparruan.
b) Energia berriztagarriak sustatzea eta ezartzea, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitzeko.
c) Gradualki, jatorri fosil eta nuklearretik ekoitzitako energia erabiltzeari uztea, kontsumo nulura iritsi arte.
d) Mugikortasun arrazionalago eta jasangarriago bat bultzatzea eta sustatzea, joan-etorri ez-motorizatuko aukerak barne hartuko dituena, bai eta ordezko erregaiak erabiltzen dituzten garraio-moduak bultzatzea eta sustatzea ere.
e) Berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea, nagusiki partikulek eta nitrogeno-oxidoek eragindako kutsadura, betiere lege hau betetzetik etorriko diren aurrezte-neurrien eta energia erabiltzeko efizientzia-neurrien eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzearen ondorioz.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen, jarduera ekonomikoen eta bizitegi-sektorearen energia-faktura jaistea.
g) Honako hauek sustatzea eta bultzatzea: energiaren erabileran eta energia berriztagarrien garapenean aurrezpena eta efizientzia handitzen duten tekniken eta teknologien ikerketa eta garapena, eta haien guztien ezarpena eta erabilera erraztearekin lotuta dauden sistemena.
h) Energiaren erabilerak ingurumenean eta lurraldean dituen inpaktuak aurreikustea eta mugatzea, energia aurreztuta eta erabilera efizienteagoa ahalbidetzen duten teknikak eta teknologiak erabilita; horrela, berotegi-efektuko gasen isurketak gutxituko dira.
i) Jasangarritasun energetikoak berekin dakartzan betekizunak politika publikoetan sartzea, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduan, hirigintzan, etxebizitzan, garraioetan, industrian eta energian.
j) Beste administrazio batzuekin eta partikularrekin hitzarmenak egin daitezen bultzatzea, jasangarritasun eta subiranotasun energetikoa areagotu dadin.
k) Energia gehiago aurrezteak eta efizientzia energetiko hobea izateak nahiz energia berriztagarriak erabiltzeak zer onura dakartzaten zabaltzea.
l) Energiaren kudeaketa lokalagoa eta komunitarioagoa sustatzea.
m) Helburutzat energia aurreztea, BEG berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea eta energia berriztagarriak bultzatzea duten zerbitzu eta produktuen erosketa eta kontratazio publikoa sustatzea.
n) BEGren isurketak murriztearen eta energia berriztagarriak ekoitzi edo erabiltzearen alde apustu egiten duten jarduerak ahalbidetzen dituzten politikak eta arautegiak sustatzea.
6. artikulua.– Printzipioak.
Lege honek printzipio hauek ditu oinarri:
a) Energia-aurrezpenean oinarritutako energia-eredu baterako trantsizioa, energia berriztagarriak sustatzea, eskura dauden teknika onenen bidezko efizientzia energetikoa eta, azkenik, subiranotasun energetikoa handitzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak eredugarri izatea jasangarritasun energetikoaren arloan, lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan ezarritako nahitaezko neurriak hartuta, bai eta, lege honetan espresuki aurreikusita ez egon arren, hartu daitekeen beste edozein neurriren bidez ere, baldin eta lege honen helburuak betetzen lagun badezake.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako politika eta jarduera publikoen diseinuan eta aplikazioan jasangarritasun energetikoari buruzko eskakizunak sartzea.
d) Energiaren erabileran hain intentsiboak ez diren garraiobideak eta efizientzia energetiko hobea duten instalazioak ezar daitezen lehenestea lurraldearen antolamenduko, hirigintzako eta azpiegituretako planetan.
e) Aurrerapen teknikora egokitzea, hain zuzen ere energia gehiago aurreztea, efizientzia energetiko hobea izatea edo energia berriztagarriak hobeto erabiltzea dakarten teknikak, produktuak edo zerbitzuak erabilita, betiere ekonomikoki arrazoizko baldintzetan badaude eskura.
f) Unean-unean eskura dauden datu zientifiko eta teknikoetan oinarritutako energia-politikak, jasangarritasun energetikoarekin zerikusia duten neurri eta jarduketak diseinatzerakoan genero-ikuspegiz eginak.
g) Jasangarritasunaren arloan, administrazio publiko guztiak lankidetzan, eraginkortasunez eta koordinatuta aritzea.
h) Herritarrek jasangarritasun energetikoaren arloko politikak diseinatzen eta erabakiak hartzen parte hartzea, zuzenean edo elkarteen edo gizarte-ekonomiako eragileen bidez eta dagozkien arauek ezartzen dutena betez. Emakumeen eta gizonen presentzia orekatua egon dadin saiatu behar da; kontuan hartu behar da ez dutela parte hartzeko modu bera batzuek eta besteek, eta, horrenbestez, konpentsazio-estrategiak aurreikusi beharko direla.
i) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek jasangarritasun energetikoari buruzko informazioa eta alor horretan egingo dituzten jarduera zehatzei buruzkoa zabaltzea.
j) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen energia-kontsumoen etengabeko monitorizazioa, kontrola eta ebaluazioa.
II. TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOA
I. KAPITULUA
JASANGARRITASUN ENERGETIKOA POLITIKA PUBLIKOETAN TXERTATZEA ETA ERAKUNDEARTEKO KOORDINAZIOA
7. artikulua.– Lurraldearen antolamendua eta hirigintza.
1.– Lege honen inspirazio diren printzipioen arabera, lurraldearen antolamenduko, hirigintza-plangintzako eta garraio-azpiegituretarako baliabideetan jasangarritasun energetikoari buruzko azterketak egin beharko dira, lege honetan bertan ezarritakoaren arabera.
2.– Aurrekoa bete beharko dute baliabide hauek:
a) Lurralde-antolamenduaren gidalerro nagusiek, lurralde-plan partzialek eta lurralde-plan sektorialek.
b) Egiturazko antolamenduko planek, hiri-antolamenduko plan orokorrek, plangintza orokorra bateragarri egiteko planek, sektorizazio-planek, eta, hala badagokie eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, antolamendu xehatuko planek.
c) Errepide-planek edo garraio-azpiegituretako planek eta salgaiak banatzeko logistikan zuzenean eragiten duten planek.
Goi-mailako plangintzan egiten diren zehaztapenak kontuan hartuko dira mendeko baliabideetan ere.
3.– Jasangarritasun energetikoari buruzko azterketak alderdi hauek jorratu behar ditu:
a) Jasangarritasun energetikoko eskakizunetara egokitu den jakiteko ebaluazioa.
b) Eraikinetan eta azpiegituretan energia berriztagarriak ezartzearen ebaluazioa.
c) Mugikortasun-azterketa, energia-kontsumoaren ondorioetarako, garraio pribatuaren erabileraren ordezko aukerak ere sartuta, eta mugikortasun ez-motorizatua eta mugikortasunik eza sustatzeko politikak.
d) Kanpoko argiteria publikoaren azterketa, espazio publiko bakoitzerako argiztapen maila eta -denbora egokienak ebaluatzeko.
4.– Bigarren apartatuan aipatutako lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako baliabideei legez ezarritako ingurumenaren ebaluazio-prozedura estrategiko bat egin behar bazaie, hain zuzen ere ingurumen arloko ebaluazio-prozedura horren barruan txertatuko dira 3. apartatuan eskatzen diren alderdiak, eta ez dago zertan bikoiztu ingurumen arloko ebaluazio-prozedura horiek arautzen dituzten arauetan ere eskatzen diren alderdiak, hau da, jasangarritasun energetikoari buruzko azterketaren bestelako alderdiak.
5.– Dagokien hirigintza-baliabideek erabilera publikoko kargatze-guneak aurreikusi beharko dituzte hiri-inguruetan, ibilgailu elektrikoen eta ordezko erregaiez higiarazitakoen erabiltzaileei ibilgailu horiek energiaz hornitzeko aukera izango dutela bermatzeko; horretaz gain, bizikletak erabiltzeko eta aparkatzeko eremuak ere aurreikusi beharko dituzte.
6.– Lege honen betebeharrei erantzun egoki bat emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean finkatzen denari atxikiko zaio.
8. artikulua.– Jasangarritasun energetikoari buruzko politika koordinatzea.
Jasangarritasun energetikoari buruzko politika koherentea izango dela bermatzeko, energia alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak izango du Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorrak eskatutakoa koordinatzeko ahalmena, besteak beste, jarduera hauen bidez:
a) Arauak eginez.
b) Administrazio-prozedurak erraztuz.
c) Metodoak eta irizpide teknikoak homogeneizatuz.
d) Joan-etorriko informazio-sistemak ezarriz.
e) Aurrezpen eta efizientzia energetikorako jarraibideak eta teknikak hedatuz.
f) Jasangarritasun energetikoaren alorreko ekintzak eta proiektuak sustatzeko planak eta laguntza-programak landuz.
g) Lege honek ezarritako betebeharren betetze maila ebaluatuz.
9. artikulua.– Jasangarritasun energetikoaren batzordeak.
1.– Lege honek lortu nahi dituen helburuak bete daitezen, administrazio bakoitzeko erakundeak koordinatzeko, jasangarritasun energetikoaren batzorde bana edo izan daitezkeen eta antzeko ezaugarriak eta zereginak dituzten erakundeak izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, lurralde historikoetako administrazioek eta udalerrietako administrazioek.
2.– Lurralde historikoetako administrazioek eta udalerriek lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean sortu behar dituzte beren batzordeak.
3.– Administrazio bakoitzak erabakiko du bere batzordeak zer kide eta funtzionamendu izango dituen, eta betiere emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
4.– Jasangarritasun energetikoaren batzordeen eginkizun izango dira:
a) 11. artikuluan aipatzen den inbentarioa onetsi dadin proposatzea.
b) Lege hau betetzeko hartzen diren neurriak gauzatzen ari direla eta legean ezarritako helburuak betetzen ari direla gainbegiratzea eta bermatzea.
c) Energia-jarduketen plana zer egoeratan duten eta zenbat garatu den adieraztea aldian behin.
10. artikulua.– Parte-hartzea.
Administrazio publikoek, lege honetako 6 h) artikuluan jasotako herritarren parte-hartzearen printzipioarekin bat, ezarri beharreko mekanismoak ezarriko dituzte gizarte-eragileek, kontsumitzaileen elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan benetan parte hartzen dutela ziurtatzeko.
II. KAPITULUA
HELBURUAK ETA EKINTZAK
1. ATALA
HELBURUAK ETA EKINTZA OROKORRAK
11. artikulua.– Inbentarioa.
1.– Administrazio publikoek beren jarduera-eremuaren barruan dituzten eraikinen, ibilgailu-atalen eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa egin behar dute. Informazio hau jaso behar da inbentarioan:
a) Dagokion administrazioaren titulartasuneko eraikinen eta instalazioen inbentarioa, bakoitzak metro koadrotan duen azalera erabilgarria eta eraiki osoa, duen kalifikazio energetikoa eta energia-kontsumo eta -gastua. Betebehar horretan ez dira sartzen partikularrek eremu pribatuan erabiltzen dituzten etxebizitzen edo lokalen kontsumoak edo enpresek alokairuan dituztenenak.
b) Ibilgailu-atalak eragindako kontsumoen inbentarioa; ibilgailu motorizatu eta ez-motorizatuen kopurua, erabilitako erregai mota bakoitzaren zenbatekoa guztira eta ibilgailu bakoitza zertarako erabiltzen den zehaztu behar da. Ibilgailu-atalaren barruan sartzen dira, lurreko ibilgailuez gain, itsas eta aire-ibilgailuak ere.
c) Argiteria publikoak eragindako kontsumoen inbentarioa.
2.– Lege hau indarrean sartzen den egunetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari buruzko inbentarioa egingo du energia alorrean eskumena duen sailak.
3.– Gainerako administrazioek legea indarrean sartzen denetik urtebete izango dute inbentarioa egiteko.
4.– Inbentarioak eta haiekin erlazionatutako informazioa publikoak izango dira, eta onetsi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean publikoaren esku egon beharko dute, eta energia alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailari bidali beharko zaizkio.
12. artikulua.– Kontsumoen kontrola.
1.– Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, energia elektrikoaren kontagailuak eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzaren eraikin eta instalazio guztiek, eta kontagailu horiek gai izan beharko dute ordubete baino gutxiagoko denbora-tartean karga-kurba transmititzeko, erregistratzeko eta teleneurketa egiteko. Kontagailuen bidez lortutako informazioa eskuragarri egongo da, gutxienez egunero eta modu zentralizatuan, eraikin eta instalazio guztietarako.
2.– Eraikin bakoitzaren energia-kontsumoa urtean behin kontrolatuko da gutxienez, hilabeteetan oinarrituta. Erabilitako energia guztien kontsumoak eta haien kostu ekonomikoa hartuko dira kontuan kontrolean.
13. artikulua.– Auditoretza energetikoak.
1.– Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean dagokien auditoretza energetikoa eginda eduki behar dute 70 kW baino gehiagoko potentzia termikoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eraikinek.
2.– Auditoretza energetikoek helburu dute energia-kontsumoari eta aurrezpen eta efizientzia energetikoaren maila potentzialei buruzko diagnostiko bat egitea, bai eta hori guztia hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko gomendioak ematea ere.
3.– Kanpoko argiteria publikoari aparteko auditoretza energetikoa egingo zaio; nolanahi ere, kanpoko argiteria publikoa osatzen duten osagaiak berritzea eta gutxitzea izan behar du lehentasun, pertsonen edo instalazioen segurtasunagatik posible ez den kasuetan izan ezik, eta bide publiko bakoitzerako argiztapen maila egokienen aldez aurreko azterketa ere egin beharko da.
4.– Auditoretza energetikoei lotutako adierazleak, ahaztu gabe Europar Batasunean indarrean dauden arauetan ezarritakoa, energiaren alorrean eskumena duen organoak zehaztuko ditu, lege honetan aipatzen diren gainerako euskal instituzioekin elkarlanean, lege hau onartzen denetik sei hilabeteko epean, eta, gutxienik, honako eduki hau izango dute:
a) Energia-jarduketako unitate bakoitzaren urteko kontsumoa.
b) Kontsumo espezifikoak eta haien banaketa, kontuan hartuz hauek guztiak: instalazioak, prozesuak, ekipoak, ibilgailu-atala, berokuntza, klimatizazioa, barruko argiztapena eta kanpoko argiteria publikoa.
c) Energia-hornikuntzaren portzentajeak, iturri konbentzionalak eta energia berriztagarrietatik lortutako beste iturri batzuk bereizita.
d) Eraikinen, instalazioen, ekipoen eta prozesuen efizientziaren azterketa.
e) Hartzen ari diren neurriak eraginkorrak diren jakiteko azterketak.
f) Eraikin, instalazio, berokuntza, klimatizazio, ibilgailu-atal, barruko argiztapen, kanpoko argiteria publiko, kontsumo-, aurrezpen- eta efizientzia-prozesu eta erosketei buruzko gomendioak eta haietan egin daitezkeen hobekuntzak, auditoretzaren arabera lehentasunezkoak zeintzuk diren adieraziz.
g) Energia berriztagarrien alorreko praktika onak.
h) Zer metodologia erabili den auditatutako elementuetako bakoitzean.
i) Laburpen exekutiboa.
5.– Auditoretza energetikoak lau urtean behin egin beharko dira. Egindako jarduketen laburpen bat eta aurreko auditoretzaz geroko energia-kontsumoaren bilakaeraren konparaziozko azterketa bat jasoko dira auditoretza berrian.
14. artikulua.– Energia-jarduketen planak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztiek energia-jarduketen hainbat urtetarako planak egin beharko dituzte; plan horietan, beren jarduera-eremuan zer egoera dagoen jakiteko diagnostikoak egin behar dituzte, eta plana indarrean dagoen bitartean gauzatu beharreko estrategiak zehaztu. Horretaz gain, planak egiteko prozesuetan herritarrek parte hartuko dutela bermatu behar dute administrazioek.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lege hau indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean onetsi behar dituzte beren jarduketa-planak.
3.– Lurralde historikoetako eta udaletako administrazioek lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean onartu behar dituzte beren energia-jarduketen planak.
5.000 biztanletik beherako udalek, berriz, energia-jarduketen plan mankomunatuak edo eskualde mailakoak egin ahal izango dituzte; horretarako, bi urteko epea izango dute lege hau indarrean sartzen denetik.
4.– Energiaren alorrean eskumena duen organoak, gainerako instituzioekin elkarlanean, lege hau onartu eta urtebete baino gehiagokoa izango ez den epean, jarraibide-gida bat egingo du, zeinean hainbat urtetarako energia-planak egiteko adierazleak eta metodologia zehaztuko diren. Edozein kasutan, energia-jarduketen planek gutxieneko eduki hau izan behar dute:
a) Administrazio bakoitzak energia-diagnostikoa egin eta zer oinarrizko erreferentzia maila duen zehaztu beharko du, eta, horretarako, kontsumo-iturriak banakatu beharko ditu, argiteria publikoa ere kontuan hartuz.
b) Jasangarritasun energetikoko neurriak ezartzeko plana egin beharko du, sektoreka banakatuta. Aldi baterako plangintza horietan, hala badagokio, dagokion auditoretza energetikoko ondorioak eta lege honek eta berau garatzeko arauek ezartzen dituzten betebeharrak hartu behar dira kontuan.
c) Planaren ekintzen urteroko ebaluazioa egiteko mekanismoak eta neurri zuzentzaileen ezarpena, helburuak betetzen ez badira.
15. artikulua.– Bultzada-neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenak baliatuz eta energiaren alorrean eskumena duen sailaren laguntzarekin eta koordinazioarekin, lege honetako helburuak lortzeko beharrezko diren neurriak bultzatuko dituzte. Energiaren ekoizpen, banaketa eta merkaturatzetik lortutako mozkin eta etekinak –bai eta efizientzia energetikoaren neurrietatik lortutako aurrezpenak ere– energia berriztagarriekin eta efizientzia energetikoarekin zerikusia duten neurrietan berrinbertitu beharko dira.
16. artikulua.– Energia-aurrezpenaren ehunekoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek lege honetan ezarritako energia-aurrezpen eta efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien ehunekoak bete behar dituzte, Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuekin bat eginik.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere jarduera-eremuaren barruan, irizpide orokor gisa, 2050erako % 60 gutxitu beharko dute energia-kontsumoa, tarteko helburu gisa, eta 2030erako % 35 gutxituko dute.
3.– Energia-kontsumoa zenbat murriztu behar den zehazteko, kontabilizatuko dira bakoitzaren eraikinak, ibilgailu-atala eta argiteria publikoa.
17. artikulua.– Iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzea.
1.– Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek energia elektrikoa erosteko egiten dituzten lizitazioetan erositako energiaren % 100 jatorri berriztagarrikoa izatea exijituko da.
2.– Europako arautegiaren arabera, lizitazio-agiriak egokitu egingo dira enpresa txiki eta ertainen eta kooperatiben konkurrentzia bermatzeko. Era berean, agiri horien balorazio ekonomikoan kontuan izango dira enpresa merkaturatzaileen onura soziala eta energiaren ekoizpenean dagoen hurbiltasuna.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzak 2030erako lortu beharra dauka bere eraikin guztietan energia berriztagarriez baliatzeko instalazioak edukitzea, administrazio horren kontsumoaren % 32 zuzkitzeko adinakoak, ustiapen termikoko sistemak nahiz elektrizitatea sortzekoak barne direla.
4.– Behin lege hau indarrean sartzen denean, 2. artikuluan adierazten diren instituzio eta erakundeek egiletsi, adjudikatu edo sinaturiko kontratu publikoetan, honako alderdi hauek kontuan hartzen dituzten klausulak ezarri beharko dituzte:
a) Joan-etorrien arrazionalizazioaren bitartez baliabide fosilen murrizketak bultzatzea.
b) Kontratuaren arabera makinak edo ibilgailuak erabili behar badira, haien efizientzia altua eta kontsumo baxua hobestea, bai eta erregai edo energia-iturri alternatiboak dituztenak ere.
c) Gas kutsatzaileen isuriak eta zarata murriztea, isurtze eta soinu maila baxuko makineria eta ibilgailuak erosiz edo moldatuz.
18. artikulua.– Instalazioak, ekipoak, flotak eta ibilgailuak berritzea.
1.– Instalazioak kudeatzeko sistema zentralizatuak instalatzeaz gain –kontsumoen monitorizazioa ere sar daiteke sistema horietan–, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzak bere instalazioak, ekipoak, flotak eta ibilgailuak berritzeko garaian kontuan izan behar ditu energia-aurrezpeneko eta efizientzia energetikoko irizpideak, produktu, ondasun eta zerbitzuaren kostu eta bizitza baliagarrikoak, bai eta berotegi-efektuko isurketak gutxitzen lagunduko duten ordezko energiak erabiltzea ere.
2.– Sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoa ahaztu gabe, eta erregulazio harmonizatuari lotutako sektore publikoko kontratuen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek energia-errendimendu handiko produktuak, zerbitzuak eta eraikinak erosi behar dituzte, irizpide hauen arabera, besteak beste:
a) Efizientzia mailarik handienekoak izatea, aintzat hartuz kostuetako ondorioak, bideragarritasun ekonomikoa eta egokitzapen teknikoa, bai eta behar besteko lehia egotea ere. Hori bereziki aplikatuko da hauek erosterakoan: klimatizazio-ekipoak, etxeko ur beroko ekipoak, ekipo ofimatikoak eta argiteriako ekipoak.
b) Errepide-garraioko ibilgailuak eta pneumatikoak erosterakoan, kontuan hartu beharko da zer bizi-ziklo duten eta zer energia- eta ingurumen-inpaktu eragingo dituzten.
c) Balioetsi zerbitzu-kontratuak esleitzeko lizitazioetan zerbitzuaren hornitzaileek erabil ditzatela, kontratu horien xedeetarako, aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten produktuak kasuan kasuko zerbitzuak ematerakoan.
2. ATALA
ERAIKINAK
19. artikulua.– Lehendik dauden eraikinen kalifikazio energetikoa.
1.– Eraikinen energia-kontsumoak ezagutzeko, kontrolatzeko eta murrizteko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen titulartasuneko eraikin guztiek Euskadiko Efizientzia Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan behar bezala inskribatutako ziurtapen energetikoa eduki behar dute, lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean.
2.– B mailako kalifikazio energetikoa baino baxuagoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzaren eraikinen % 40k kalifikazio hori hobetu beharko dute B mailaraino, gutxienez, 2030. urtea baino lehen, salbu eta 3.2 artikuluaren arabera justifikatutako arrazoi bat dagoen.
Kalifikazio energetikoa hobetzeko lehentasuna emango zaio betiere energia-kontsumoaren murrizketari eta ez isurketen murrizketari, energia-eskaeraren adierazle partzialetan maila bat gutxienez hobetuz.
20. artikulua.– Eraikin berrien eta eraberritze integralak egin behar zaizkien eraikinen kalifikazio energetikoa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen titulartasuneko eraikin berriek energia-kontsumo ia nulukoak izan behar dute. Hala izan beharko dute aurretik dauden eraikinek ere, eraberritze integralak egiten badizkiete, obra horiek lege hau onartu eta bi urte geroagotik aurrera hasten badira, edo aplikagarri dakieken araudiak hala esaten duenetik aurrera.
2.– Betebehar hori salbuetsi daiteke kasu hauetan, baldin eta kalifikazio energetikoa hobetzearen bideragarritasunik eza teknikoki justifikatzen bada:
a) Eraikin eta monumentu ofizialki babestuak badira, kultura-ondare aitortutako ingurune baten zati direlako edo balio arkitektonikoa edo historikoa dutelako.
b) Bi urtean edo gutxiagoan erabiltzekoak diren behin-behineko eraikuntzak badira.
c) Industria- eta nekazaritza-eraikinak edo haien zatiak, baldin eta lantegi modura edo industria- eta nekazaritza-prozesuetarako erabiltzen badira eta ez bizitegi gisa.
d) Isolatuta dauden eraikinak edo eraikin-zatiak, baldin eta 50 metro koadro baino gutxiagoko azalera erabilgarria badute.
e) Urtean lau hilabete baino gutxiagoan edo urtean zehar denbora mugatu batean erabiltzen diren eraikinak edo eraikin-zatiak, baldin eta urte osoan erabiliz gero gastatuko luketen energiaren % 25 baino gutxiagoko energia-kontsumoa izango dutela aurreikusten bada, jabearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.
3. ATALA
GARRAIOA ETA MUGIKORTASUNA
21. artikulua.– Ibilgailuetan ordezko erregaiak erabiltzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek ordezko erregaiak erabiltzea sustatuko dute, ingurumen-inpaktua arintzeko eta beren ibilgailu-flotaren petrolioarekiko mendekotasuna gutxitzeko.
2.– 2020tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek erosten dituzten ibilgailu guztiek (% 100) ordezko erregaiak erabili beharko dituzte.
3.– Aurreko apartatuan zehaztutako betebeharrak beharbada ez die eragingo, egiten duten jardueraren ezaugarri berariazkoei erreparatuta, petrolioaren deribatuak diren erregaien bidez higiarazitako gutxieneko ibilgailu kopuru bat behar dutela justifikatzen duten sailei edo erakundeei.
Lege hau garatzeko emango diren xedapenek zehaztuko dute aurreko paragrafoan aurreikusitako salbuespena eraginkor bihurtu ahal izateko prozedura.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen titulartasuneko eraikin berriek ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak eta bizikletak erabiltzeko eta aparkatzeko lekuak izan beharko dituzte.
5.– Euskal administrazioek ibilgailu ez-motorizatuak izango dituzte, ahal den neurrian, herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuen artean.
22. artikulua.– Bidaiariak errepidez eramateko zerbitzu publikorako ibilgailuak.
1.– Bidaiariak errepidez eramateko zerbitzu publikoa ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuen bidez eskaini behar da, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan xedatutakoaren arabera.
2.– 2020tik aurrera, berritzen den ibilgailu-flota guztiak (% 100) ordezko erregaiak erabili behar dituela hartu behar da kontuan administrazioko baimenak edo emakidak emateko eta egiteko edo, hala badagokie, baimen horiek berritzeko onartzen diren baldintza-agiri edo tresnetan.
3.– Bidaiarien garraio publikoko zerbitzuak edo beste era bateko zerbitzu publikoak ustiatzeko diren administrazio-emakiden edo -baimenen adjudikazioa duten enpresak izango dira aurretik adierazitako betebeharrak betetzeko ardura izango dutenak.
4.– Administrazioek energia berriztagarriz higiarazitako erabilera partekatuko ibilgailu-flotak ezartzea sustatuko dute.
23. artikulua.– Ibilgailuen zirkulazioari mugak jartzea.
1.– Energia gehiegi erabili ez dadin eta berotegi-efektuko gasen isurketak gehiegi igo ez daitezen edo atmosferako airearen kalitateak okerrera egin ez dezan, udalerriek ordezko erregaiak erabiltzen ez dituzten edo, higiarazteko erabiltzen duten teknologia dela-eta, isurtze maila jakin batzuk gainditzen dituzten ibilgailuei beren udalerriko leku jakin batzuetara sartzen ez uztea edo sarrera mugatzea erabaki dezakete.
2.– Udalerriek ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuetarako ordezko bideak zabaldu eta aparkalekuak erreserbatu ahal izango dituzte, bai eta aparkatzeko eremu publikoetan edo udal-aparkalekuetan prezio merkeagoak ezarri ere.
3.– Udalerriek lehenetsi egin beharko dituzte oinezkoen esparruak eta bizikleta-bideak, ibilgailu motordunen zirkulaziorako erreserbatutako esparruen aldean.
4.– Administrazioek, beren antolamendu-eskumenen alorrean, beren langileek garraio publikoa edo mugikortasun partekatua erabiltzea bultzatzeko neurriak hartuko dituzte.
24. artikulua.– Mugikortasun-planak.
1.– Lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, 5.000 biztanletik gorako udalerriek hiri-mugikortasuneko plan bat onartu beharko dute.
Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin estali gabe gelditzen den lurralde-zatian foru-aldundiek egingo dituzte hiriarteko mugikortasunari erantzuteko mugikortasun-planak.
2.– Hiri-mugikortasuneko planek atal hauek izango dituzte:
a) 1. zatia. Diagnostikoa; alderdi hauek jaso behar dira:
– Lurralde- eta hirigintza-ereduak mugikortasunean duen eragina eta, orokorrean, garraioan duena.
– Udalerrian dauden garraio-moduak, eta energiaren erabileran duten eragina. Diagnostiko horretan, besteak beste, hauek adierazi behar dira: garraiobideak, edukierak, mugikortasun ez-motorizaturako ibilbide estrategikoak, ibilgailu mota bakoitzerako aparkatzeko lekuak, erregaiak kargatzeko sistema publikoak eta jende gehien biltzen duten ekonomia, lan edo zerbitzuetako jarduera-zentroak.
b) 2. zatia. Neurriak; alderdi hauek izan behar ditu:
– Ordezko erregaien karga-puntuak eta ordezko erregaiez hornitzeko guneak jartzea jendearen eskura.
– Garraio publikoa sustatzea.
– Erabilera partekatuko ibilgailuak (car-sharing delakoa) sustatzea.
– Garraio pribatua pixkanaka gutxituz joateko ordezko beste aukera batzuk ematea.
– Salgaiak banatzeko logistika hobetzea.
– Bizikleten erabilera eta, oro har, joan-etorri ez-motorizatuak bultzatzea.
– Oinezkoentzako bakarrik diren eremu gehiago jartzea.
– Ordezko erregaiak darabiltzaten ibilgailuak erabil daitezen sustatzea.
3.– Planean argi eta garbi azaldu behar da zer helburu lortu nahi diren, plana egin duen administrazioak zer inbertsio hitzeman dituen, zein diren urteko jarraipen-adierazleak eta zenbat denboratan gauzatzea aurreikusi den, eta 4/2005 Legearen 46. artikuluan ezarritakoa bete beharko du. Plana eta plana egiteko beharrezkoak diren azterketak gizonek eta emakumeek hiriari eta espazioari ematen dioten erabilera desberdinak kontuan hartuta idatzi behar dira, eta generoen artean egon daitezkeen aldeak gutxitzeko proposamenak jaso behar dira, hiri integratzailea eta erantzunkidea lor dadin aurrera egiteko.
4.– Hiri-mugikortasuneko plana izapidetzeko, lehendabizi, hasierako onespena emango zaio, eta, ondoren, behin betikoa; horretaz gain, herritarrei informazioa emango zaiela eta haien parte-hartzea izango dela bermatu behar da, plana izapidetzea adosten denetik. Hasierako onespena eman ondoren, planari aldaketa asko egiten bazaizkio, berriz jarri beharko da jendaurrean. Bi kasuetan, alegazioak aurkezteko epea ezingo da 45 egun baino gutxiago izan.
Plana eta hura izapidetzen ari den bitartean planaren osagarri diren agiriak publikoak izango dira.
5.– Planak bost urteko indarraldia izango du; epe hori igarotakoan, planaren bidez lortutako emaitzak ebaluatu behar dira, eta helburuak eta neurriak aldatzeari ekin. Emaitzek publikoak izan behar dute.
4. ATALA
BESTE BETEBEHAR BATZUK
25. artikulua.– Eragindako administrazio publikoen laguntza.
Lege honek eragindako administrazioek bermatuko dute ziurtapen energetikoari buruzko arauetan jasotako printzipio eta betekizunak integratzen direla beren politika publikoetan eta jardun-eremuan, bereziki administrazio horien sustapen-, plangintza-, erregulazio- eta fiskalitate-tresnen arloan. Era berean, ziurtapen energetikoa balioan jartzen lagundu beharko dute, lege honetan eta gai honi buruzko berariazko xedapenetan jasotako eskakizunak beren arau-xedapenetara eramanez.
26. artikulua.– Neurriak publiko egitea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzak aditzera eman beharko du energia gehiago aurrezteko eta efizientzia energetikoa areagotzeko zer neurri hartu dituen, 14. artikuluan zehaztutako energia-jarduketen planak barne direla.
2.– Zehazki, lege hau indarrean sartu eta bi urtetik behin, gutxienez, administrazio bakoitzak txosten bat argitaratu beharko du, eta alderdi hauek, behintzat, nabarmendu beharko dira:
a) Energia-kontsumoa, eraikinen eta erabilitako energia-iturrien arabera banakatua.
b) Egindako auditoretzak eta emaitzak.
c) Zer neurri hartu eta zer inbertsio egin diren energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa hobetzeko, eta energia berriztagarriak sortzen dituzten instalazioak ezartzeko; horrez gain, lortutako emaitzak ere adierazi beharko dira.
d) Lege honetan ezarritako betebeharrak gauzatzeko hartu dituzten konpromisoak zenbateraino bete dituzten.
e) Energiaren alorrean eskumena duen organoak, gainerako administrazioekin koordinazioan, lege hau onartu eta hilabeteko epean, urteroko txostenetan argitaratuko diren adierazleen gida proposatuko du.
27. artikulua.– Prestakuntza.
1.– Lege hau indarrean sartu eta urtebetera, 2. artikuluan adierazitako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek plan bat onartu behar dute beren jarduera-eremuetako langileak aurrezpen eta efizientzia energetikoko tekniketan prestatzeko.
25.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek, berriz, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean onartu behar dute prestakuntza-plan hori.
2.– Plan horren helburua da energia kontsumitzen duten instalazioak erostearekin, mantentzearekin eta erabiltzearekin zerikusia duten kudeatzaileak eta teknikariak prestatzea energia aurrezteko eta efizientzia energetikoko tekniketan eta energia berriztagarrietan.
28. artikulua.– Etiketak ikusgai jartzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eraikinen efizientzia energetikoari buruzko etiketak jarri behar dituzte ikusgai nahitaez, erraz ikusteko lekuren batean, lege honen 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoaren arabera efizientzia energetikoari buruzko ziurtapena Euskadiko Efizientzia Energetikoko Ziurtagirien Erregistroan inskribatu bezain laster.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek lege hau indarrean sartzen denetik ordezko erregaiak erabiltzen dituztelako erosten dituzten ibilgailu berriek zer erregai mota erabiltzen duten jakiteko eta erregelamenduz zehaztutako beste datu batzuei buruzko informazioa emateko etiketa bat erakutsi behar dute erraz ikusteko lekuren batean.
III. TITULUA
SEKTORE PRIBATUA
I. KAPITULUA
INDUSTRIA-SEKTOREA
29. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Lege honek ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden jarduera industrialek, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalarekin (JESN-2009) bat etorrita, honako jarduera hauetakoren batean sailkatzen direnak:
– B taldea: Erauzteko industriak.
– C taldea: Manufaktura-industria.
– D taldea: Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren hornidura.
– E taldea: Ur-hornidura, saneamendu jarduerak, hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioa.
– F taldea: Eraikuntza.
b) Azken energia-kontsumoa urteko 500 tona petroliotik gorakoaren baliokide denean (ptb).
2.– Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko apartatuan aipatutako jarduerak urteko kontsumoaren arabera sailkatuko dira honako hauetan:
– l1 tipoa: enpresa handiak, industria handiak, bat etorriz arloko araudian (56/2016 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren energia-efizientziari buruzko 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duena, energia-ikuskaritzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-ikuskatzaileen egiaztapenari eta energia-hornikuntzaren efizientzia sustatzeari dagokienez) edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin.
– l2 tipoa: kolektibo horretan sartuta geratuko dira l1 tipokoak ez diren enpresak eta beren urteko energia-kontsumoa, lege hau indarrean sartzen denean 500 tona petroliotik gorakoaren baliokide denean (ptb).
3.– Establezimendu baten urteko energia-kontsumo osoa ezartze aldera, lege hau indarrean sartzean, azken hiru urteetako urteko kontsumoaren batezbestekoa egingo da.
30. artikulua.– Auditoretza energetikoak.
1.– l1 eta l2 tipoko enpresek auditoretza energetikoak egin beharko dituzte beren ekipo, instalazio, eraikin, berokuntza- eta hozte-sistema, ibilgailu-atal eta argiterian, helburua izanik aurrezpeneko eta efizientzia energetikoko neurriak hartzea eta instalazio berriztagarriak txertatzea.
Auditoretza energetikoak lehentasunak ezarri beharko ditu energia-kontsumoa berriztatzeko eta murrizteko, eta energia berriztagarriak ustiatzeko sistemak instalatzeko, eta horretarako egutegi bat zehaztuko da.
2.– Lege hau garatzeko ematen diren xedapenek zehaztuko dute establezimendu horien titularrek duten obligazioa, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan energia alorrean eskumena duen sailari auditoretza energetiko bakoitza egin izana jakinarazteko betebeharra.
Halaber, xedapen horietan epeak zehaztuko dira lehenengo auditoretza energetikoa egiteko, bai eta haren maiztasuna eta iraunaldia, auditoretzan jaso beharreko alderdiak eta dagoeneko egindakoen jarraipena egiteko ere.
31. artikulua.– Kudeaketa energetikoa.
Lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, legeak aipatutako establezimendu industrialek energia alorrean eskumena duen sailari jakinarazi beharko diote kudeaketa energetikorako sistemen eskuragarritasuna eta aplikazioa, zerbitzu energetikoen hornitzaile baten edo hornitzaile horren pareko kanpoko kudeatzaile energetiko baten bidez, eta hark bermatuko du lege honetan ezarritako obligazioak betetzen direla.
32. artikulua.– Lantokietako mugikortasun-planak.
Lege hau garatzeko ematen diren xedapenetan ezartzen diren baldintzetan, atal honek aipatutako establezimenduek, txanda bakoitzean 100 langile baino gehiagok lan egiten duten establezimenduek, betiere, lantokira joateko garraio-plana izan beharko dute. Plan horrek neurriak jasoko ditu, ahalbidetzeko garraio publikoen erabilera edo titulartasun pribatuko ibilgailu alternatiboena. 100 pertsonako zifraren barruan sartuko dira, era berean, lantokian lan egiten duten guztiak, bai kontratazio zuzeneko erregimenean daudenak, bai pertsona autonomoak edo enpresa azpikontratatuetakoak.
33. artikulua.– Eraikinen ziurtapen energetikoa.
1.– Erregelamenduz ezarritako forman eta epean, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eraikin industrial guztiek izan beharko dute eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria.
2.– Establezimendu industrial bat berritu edo zaharberritu behar denean, edo eraikin berriak egin behar zaizkionean, establezimendu horiek bete egin beharko dituzte une horretan erregelamenduz ezarritakoaren arabera exijitu dakizkieken kalifikazio energetikorako baldintzak.
34. artikulua.– Hidrokarburo likidoak ezabatzea.
Industria-sektorean energia-iturri gisa hidrokarburo likidoak kontsumitzea gutxituz joan beharko da pixkanaka, 2030eko abenduaren 31ra arte, helburua izanik data horretatik aurrera erabat aldatzea eta, haien ordez, gutxiago kutsatzen duten energia-iturriak erabiltzea.
II. KAPITULUA
BESTE JARDUERA-SEKTORE BATZUK
1. ATALA
ZERBITZU PRIBATUAK ETA MERKATARITZA
35. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Lege honek ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden establezimendu pribatuek, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalarekin (JESN-2009) bat etorrita, honako jarduera hauetakoren bat badute:
– G taldea: Handizkako eta txikizkako merkataritza; ibilgailu motordunen eta motozikleten konponketa.
– I taldea: Ostalaritza.
– J taldea: Informazioa eta komunikazioak.
– K taldea: Finantza-jarduerak eta aseguruetakoak.
– L taldea: Jarduerak higiezinekin.
– M taldea: Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak.
– P taldea: Hezkuntza.
– Q taldea: Osasun- eta gizarte-zerbitzuetako jarduerak.
– R taldea: Arte, aisialdi eta entretenitzeko jarduerak.
– S taldea: Beste zerbitzu batzuk.
2.– Aurreko apartatuaren ondorioetarako, establezimendutzat hartuko da aipatutako jarduerak garatzeko erabiltzen den espazio fisikoa, dela izaera indibidualekoa, dela kolektibokoa.
3.– Jarduera horiek egiten badira batzen dituzten establezimenduetan, eta zehazten den gutxienekoa baino azalera handiagoa hartzen badute, establezimendu osoaren kontsumo globala hartuko da kontuan, alegia, jarduera bakoitzaren kontsumoen batura, zeinari gehituko zaion, hala baldin badago, jarduera guztien elementu komunena.
4.– Lege honen ondorioetarako, 1. apartatuan aipatutako jarduera horiek guztiak honela sailkatuko dira urteko kontsumoaren arabera:
– S1 tipoa: zerbitzu-enpresa handiak, bat etorriz arloko araudian (56/2016 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren energia-efizientziari buruzko 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duena, energia-ikuskaritzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-ikuskatzaileen akreditazioari eta energia-hornikuntzaren efizientzia sustatzeari dagokienez) edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin.
– S2 tipoa: kolektibo horretan sartuta geratuko dira S1 tipokoak ez diren enpresa guztiak, azpisektore hauetan daudenak: hotelak, kiroldegi-gimnasio pribatuak, merkataritza-gune handiak eta bulego-eraikinak (S1 tipologian jasotakoez gain), eta beren urteko energia-kontsumoa, lege hau indarrean sartzen denean, 40 tona petroliotik gorakoaren baliokide denean (ptb).
5.– Establezimendu baten urteko energia-kontsumo osoa ezartze aldera, lege hau indarrean sartzean, azken hiru urteetako urteko kontsumoaren batezbestekoa egingo da.
36. artikulua.– Auditoretza energetikoak.
1.– S1 eta S2 tipoko enpresek auditoretza energetikoak egin beharko dituzte beren ekipo, instalazio, eraikin, berokuntza- eta hozte-sistema, ibilgailu-atal eta argiterian, helburua izanik aurrezpeneko eta efizientziako neurriak hartzea eta instalazio berriztagarriak txertatzea.
2.– Energia-kontsumo altuko instalazio eta ekipoak berritzen direnean, kontuan izango dira merkatuan dauden efizienteenak eta energia kalifikazio handienekoak.
3.– Lege hau garatzeko ematen diren xedapenek zehaztuko dute establezimendu horien titularrek duten obligazioa, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan energia alorrean eskumena duen sailari auditoretza energetiko bakoitza egin izana jakinarazteko betebeharra.
Halaber, xedapen horietan epeak zehaztuko dira lehenengo auditoretza energetikoa egiteko, bai eta haren maiztasuna eta iraunaldia, auditoretzan jaso beharreko alderdiak eta dagoeneko egindakoen jarraipena egiteko ere.
37. artikulua.– Kudeaketa energetikoa.
35. artikuluko 4. apartatuan aipatutako edozein tipologiatan aurreikusitako zerbitzu-sektoreko establezimenduek nahitaez jakinarazi beharko diote kudeaketa energetikorako sistemen eskuragarritasuna eta aplikazioa energiaren alorrean eskumena duen sailari, ezartzen diren baldintzetan.
38. artikulua.– Lantokietako mugikortasun-planak.
Lege hau garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritako baldintzetan, atal honek aipatutako establezimenduek, txanda bakoitzeko 100 pertsonatik gora lanean dauzkatenek, lantokira joateko garraio-plana izan beharko dute. Plan horrek neurriak jasoko ditu garraio publikoa edo titulartasun pribatuko ibilgailu alternatiboak erabiltzeko. Txanda bakoitzeko 100 pertsona horietan sartuko dira lantokian lan egiten duten guztiak, bai kontratazio zuzenekoak, bai autonomoak edo azpikontratatutako enpresetan daudenak.
39. artikulua.– Ziurtapen energetikoa.
1.– Erregelamenduz ezartzen diren forma eta epeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zerbitzu-sektoreko establezimendu guztiek eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute.
2.– Zerbitzu-sektoreko establezimendu batek bere eraikinak berritu edo birgaitu behar dituenean, haiek kalifikazio energetikoko baldintzak –une horretan exijitu daitezkeenak eta erregelamenduz ezarritakoak– bete beharko dituzte.
40. artikulua.– Hidrokarburo likidoak ezabatzea.
Zerbitzu- eta merkataritza-sektoreetan energia-iturri gisa hidrokarburo likidoak kontsumitzea gutxituz joan beharko da pixkanaka, 2030eko abenduaren 31ra arte, helburua izanik data horretatik aurrera erabat aldatzea eta, haien ordez, gutxiago kutsatzen duten energia-iturriak erabiltzea.
2. ATALA
BIZITEGI-SEKTOREA ETA HIRIGINTZA-GARAPEN BERRIAK
41. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Lege honetan jasotako obligazioak bete beharko dituzte etxebizitza-eraikinek, titulartasun publikokoek zein pribatuek, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudenek alegia.
2.– Lege honen ondorioetarako, aurreko apartatuan aipatutako eraikinak bi motatan sailkatuko dira:
– R1 tipoa: aurretik dauden etxebizitza-eraikinak.
– R2 tipoa: etxebizitza eraikin berriak.
42. artikulua.– Bizitegi-sektorearen betebeharrak aurretik dauden eraikinetan.
Etxebizitzarako erabiltzen diren eta aurretik dauden eraikinek, titulartasun publikokoek zein pribatukoek, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Berokuntzarako, etxeko ur berorako edota hozketarako ekoizpenaren instalazio zentralizatu bat daukaten eraikinetan, kontsumo indibidualak zenbatzeko sistemak eduki beharko dituzte, erregelamenduz ezarritako moduan eta epeetan, helburua izanik gardentasuna eta kostu energetikoen banaketa egokia bermatzea.
b) Aurretik dauden bizitegi-eraikinetan, gutxieneko etxebizitza kopuru bat daukatenetan, eraberritze-lan handi bat egiteko asmoa dagoenean, aurretiaz auditoretza energetikoa egin beharko da, araudi bidez erregulatzen den moduan, zehaztu ahal izateko hartu beharreko neurri gehigarri batzuk aurrezpen eta efizientzia energetikoa hobetze aldera, bai eta energia berriztagarrien instalazioak txertatzeko aukerak ere.
c) Erregelamenduz ezarritako eran eta epeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bizitegi-eraikin guztiek eraikinaren efizientzia energetikoko ziurtagiria eduki beharko dute 2022ko abenduaren 31 baino lehenago.
d) Berrituko edo zaharberrituko diren bizitegi-eraikietan, betiere eraikin horiek ziurtapen energetikoaren mende badaude, erregelamenduz ezarritako gutxieneko kalifikazio-irizpideak aplikatuko dira.
e) Pixkanaka hidrokarburo likidoak izan beharrean ingurumenarekiko errespetuzkoagoak diren energiekin ordezteko, beharrezko diren neurri arautzaileak ezarriko dira, helburua izanik erabat ordeztea 2030eko abenduaren 31rako.
f) Energia-sistema zentralizatuen edota alternatiboen bidezko hornidurarako, bai eta autokontsumorako sistemak instalatzeko ere, azterketa egiteko betebeharra izateko irizpideak erregelamenduz zehaztuko dira, helburua izanik dagoeneko dauden etxebizitza-komunitateen eraikin-parkeetan efizientzia energetikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa hobetzea.
g) Garraioaren arloan jasangarritasuna garatzea ahalbidetzeko, garaje komunitarioetan arautu egingo dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezartzea ahalbidetzeko irizpideak eta baldintzak.
43. artikulua.– Bizitegi-sektorearen betebeharrak eraikin berrietan.
Etxebizitza erabilerarako eraikin berriek, babes publikokoak barne direla, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Eraikiko diren bizitegi-eraikin berrietan, betiere eraikin horiek ziurtapen energetikoaren mende daudenean, erregelamenduz zehaztutako gutxieneko kalifikazio-irizpideak aplikatuko dira.
b) Hirigintza-garapen berriek, alegia, gutxieneko eraikigarritasun bat gainditzen dutenek, bero-sistemetarako energia-hornidurarako sistema zentralizatuak izan beharko dituzte, lehentasuna izanik iturri berriztagarritikoak, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarria denean. Obligazio hori betetzeko baldintza zehatzak erregelamenduz ezarriko dira.
c) Aparkaleku komunitarioetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen aurresistemak jartzea, eta bizikletak erabiltzea eta aparkatzea lagunduko duten espazioak, erregelamenduz ezarriko baitira.
44. artikulua.– Eraikingintza jasangarria sustatzea.
Administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, neurri gehigarri batzuk hartuko dituzte aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzeko eta babesteko, eta bizitegi-eraikin berrietan energia berriztagarriak ezartzeko.
3. ATALA
GARRAIO PRIBATUA
45. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Lege honek eta berau garatzen duen araudiak jasotako obligazioak bete beharko dituzte salgai eta bidaiarien garraio pribatuko enpresek, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenek.
2.– Lege honetan ezarritako betebeharrak alboratu gabe, 1. apartatuan aipatutako jarduerak ibilgailu-flotaren tamainaren arabera sailkatzen dira, honela:
– T1 tipoa: salgai eta bidaiarien garraio astuneko enpresak, ibilgailu komertzialak-furgonetak, eta 10 unitatetik gorako ibilgailu-flota bat duten beste batzuk.
– T2 tipoa: garraio-sektorekoak ez diren enpresa pribatuak, trakzio mekanikoko 10 ibilgailu baino gehiago dituztenak.
– T3 tipoa: T1n eta T2n aurreikusi gabeko trakzio mekanikoko ibilgailu pribatuak.
46. artikulua.– Garraio pribatuko floten baldintzak.
Zehazten den maiztasunez, 45. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako garraio-flotek, ezartzen diren irizpideak betetzen dituztenek, alegia, azterlan konparatiboa egin beharko dute, beren benetako egoeraz eta beren flotetan dauzkaten aukerez garraio-sistema alternatiboak erabiltzeko, efizienteagoak eta jasangarriagoak izango direnak, garatzen diren arauetan ezarritako baldintzetan.
III. KAPITULUA
SUSTATZEKO NEURRIAK ETA BORONDATEZKO AKORDIOAK
47. artikulua.– Borondatezko akordioak.
1.– Enpresek eta erakunde publikoek konpromisoa hartu dezakete, borondatezko akordioen bidez, jasangarritasun energetikoaren alorrean legez ezarritakoak baino helburu zorrotzagoak lortzeko estrategiak garatzeko.
2.– Borondatezko akordioak, beharrezkoak liratekeen baimenak kaltetu gabe, bete beharrekoak izango dira bi aldeentzat.
3.– Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailak sustatu eta bultzatu egingo du elkarlan soziala energiaren erabilera arduratsuan, lege honen helburuak betetze aldera, eta horren barruan sartu ahal izango da energia-sektoreko eragileekin eta beste eragile sozial batzuekin behar diren borondatezko akordioak sinatzea.
4.– Euskal administrazio publikoek argitaratu egin beharko dituzte jasangarritasun energetikoaren alorrean sinatzen dituzten borondatezko akordioak; horretarako, beren esku dagoen informazioa eguneratuta eta eskuragarri mantendu beharko dute.
48. artikulua.– Etiketa informatiboa erakustearen normalizazioa.
1.– Jasangarritasun energetikoaren alorrean sentsibilitate handiagoa areagotzeko neurri gisa, araudi bat ezarriko da, arautuko dituena etiketa informatiboak erakusteko betebeharrak eta irizpideak.
2.– Horrelako neurriak aplikatzeko eremuak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoa eta sektore pribatua, garatzen duen araudiak ezarritakoaren arabera.
3.– Etiketatze energetikoaren sistema zentratuko da eraikinetan, instalazioetan, garraio-ibilgailuetan eta hala zehazten diren beste elementuetan.
49. artikulua.– Prestakuntza-planak.
1.– Lege honen helburu diren enpresa-sektoreen tipologiek, lege hau indarrean sartzen denean gutxieneko langile kopuru batetik gora daukatenek, prestakuntza-plan bat izan beharko dute, araudi bidez ezartzen diren baldintzetan.
2.– Lantokietako prestakuntza energetikoko planak langileak gaituko ditu enpresan aurrezpen eta efizientzia energetikoa areagotzeko neurri eta teknika orokorrei buruz, teknologia berriztagarriei buruz eta garraioaren erabilera efizienteari eta jasangarriari buruz.
3.– Planak hainbat lantokitan ezartzeko izan daitezke; nolanahi ere, lantoki bakoitzean aplikatu daitezkeen neurrien ezaugarriak zehaztu beharko dira.
50. artikulua.– Lege honetan jasotako jarduketak finantzatzea eta alor energetikoan laguntzak jasotzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, lege honetan ezarritako betebeharrei aurre egiteko behar adina diru-zuzkidura jasoko dituzte bakoitzari dagozkion aurrekontuetan. Era berean, administrazioen arteko finantza-lankidetzarako formulak adostu ahal izango dituzte, lege hau aplikatuz egin beharreko jarduerak behar bezala finantzatuko direla bermatu ahal izateko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo bere Administrazio Instituzionalak, energiaren arloan dituen eskumenak baliatuz, egoki diren finantza-lankidetzako sustapen-neurriak eta formulak artikulatuko ditu, lege honetan aurreikusitako helburuak lortzen laguntzeko xedez. Xede horretarako, honako hauek egin ahal izango ditu:
a) Energia-aurrezpena eta efizientzia energetikoa sustatzeko eta laguntzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko dirulaguntzen programak onartzea. Laguntza horiek honelakoak izan daitezke: itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, gabealdiak izango dituen finantzaketa (interesik gabe edo interes hobaridunekoak) eta dirulaguntza itzulgarriak, inbertsio bakoitzerako ezarritakoaren arabera, aurrezpen energetikoaren ondoriozko itzulkinekin.
b) Lankidetza-hitzarmenak sinatzea beste administrazio publiko, erakunde publiko, mankomunitate eta partzuergo batzuekin inbentarioak, auditoretza energetikoak, energia-jarduketen planak eta hiri-mugikortasuneko planak egiteko, bai eta jasangarritasun energetikoko hainbat neurri eta proiektu ezartzeko ere.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak balioetsi ahal izango du lege honen helburuak betetzea exijitutakoaren gainetik; horretarako, laguntza-programetan, gehikuntza batzuk ezarriko ditu laguntzen zenbatekoetan, edo onura berezi batzuk, ezarritako moduan hala egiaztatzen duten eskatzaileentzat.
51. artikulua.– Jasangarritasun energetikoari buruzko dibulgazioa eta sentsibilizazioa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, lege honetan jasotakoarekin bat, eta beren eskumenen eremuan, bermatu egingo dute jasangarritasun energetikoari buruzko informaziorako eskubidea; horretarako, jarraibide eta teknika batzuk ezagutaraziko dituzte, besteak beste, honako hauen bidez:
a) Heziketa-, sentsibilizazio- eta publizitate-kanpainak.
b) Trantsizio energetikoaren inguruko prestakuntza-planak eta unitate didaktikoak lehen eta bigarren irakaskuntzarako programetan.
c) Gida ulergarriak argitaratu eta banatzea herritarrentzat eta hainbat sektorerentzat (industria, merkataritza, zerbitzuak, bizitegiak eta garraioa), energiaren erabileran aurrezpen eta efizientzia handiagoak lortzeko teknika eta jarraibideak, lege honetan aurreikusitakoak, ezartzeari buruz.
Dibulgazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa beti egin beharko da hizkuntza inklusiboa zainduta, bai testuetan, bai irudietan, eta rol eta estereotipoak ezabatzea saiatuz.
2.– Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailak sari batzuk deitu ahal izango ditu, besteak beste, honako hauei zuzenduak: toki-erakundeak, erakunde edo mugimendu sozialak, industria-sektoreak, eraikinak, publizitate-kanpainak, hezkuntza-programak edo lan zientifikoak, zeinak beren ereduarekin edo oihartzun edo eragin sozialarekin ondoen laguntzen duten balio horiek zabaltzen, bai eta aurrezpen eta efizientzia energetikoko jarraibide eta teknika onenak eta energia berriztagarrien sustapena eta garapena zabaltzen ere.
IV. TITULUA
GARDENTASUN- ETA INFORMAZIO-NEURRIAK
52. artikulua.– Enpresa energetikoen betebeharrak.
1.– Euskal Autonomia Erkidego honetan operatzen duten energia hornitzen duten enpresek informazioa ahalbidetu beharko diete administrazio publikoei kontsumitzen dituzten produktu energetikoei buruz, garatzen diren arauetan ezarritako baldintza eta zehaztapenetan.
2.– Era berean, garatu beharko da energia mota askotako enpresa ekoizle eta eraldatzaileek nahitaez eman beharreko informazioa.
53. artikulua.– Instalazio berriztagarrien erregistroa.
1.– Lege honen helburuen ondorioetarako, instalazio berriztagarrien erregistro autonomiko bat sortzen da, atxikita egongo dena energia alorrean eskumena duen sailari, eta haren helburua izango da Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazio berriztagarriak inskribatzea.
2.– Erregistro horren edukia, funtzionatzeko arauak eta inskribatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko dira.
54. artikulua.– Kontsumitzaileen eskubideak.
1.– Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailak beharrezko diren neurriak hartuko ditu enpresa energetikoen eta kontsumitzaileen arteko harremanetan gardentasuna bermatze aldera.
2.– Kontsumitzaileen parte-hartze aktiboa bermatuko da gasaren eta elektrizitatearen hornidura-merkatuan, bai eta beren eskubidea ere informatuta egoteko benetako energia-kontsumoaren eta kontsumo horren kostuen inguruan, euren kontsumoa erregulatzea ahalbidetuko dien maiztasunez.
3.– Horretarako, erregelamenduz ezarritako forman eta epeetan, energia-horniduretako neurketa-ekipo guztiek teleneurketa- eta telekudeaketa-sistemak izan beharko dituzte.
Enpresa hornitzaileek informazio-kanpainak egin beharko dizkiete kontsumitzaileei, helburua izanik azken horiek informazioa izatea neurketa-ekipo berrien potentzialaz eta teleneurketa- eta telekudeaketa-sistemen funtzionalitateez.
4.– Aipatutako eskubideak eraginkor bihurtze aldera, energia hornitzen duten enpresek, edo neurketaren arduradun diren enpresek, azken kontsumitzaile diren pertsonei, horniduraren titular direnei edo haiek baimendutakoei, doako sarbide telematikoa eta denbora errealekoa emango diete ekipo horiek sortutako datuetara, bai eta kontagailuaren beraren datuetarako sarbide zuzena ere.
Erregelamenduz ezarriko dira oinarriak sarbide askea eta doakoa izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileek beren energia-kontsumoari buruzko datuetara, bai eta informazio hori trukatzeko aukerara ere, modu egoki eta doakoan, enpresa hornitzaileen, kontsumitzaileen eta beste eragile mota batzuen artean.
55. artikulua.– Energia-kontsumitzaileak.
Lege honetan aurreikusitako enpresek Eusko Jaurlaritzan energia alorrean eskumena duen sailari eman beharreko informazioari buruzko betekizunak (energia-kontsumoak, ekipo kontsumitzaileak, auditoretzak, hartutako neurri energetikoak, etab.) lege hau garatzeko ematen diren xedapenetan jasoko dira.
56. artikuluan. Toki-administrazioak.
Udal- eta foru-administrazioek Eusko Jaurlaritzan energia alorrean eskumena duen saila informatu beharko dute energia jasangarriko ekintza-planen garapenari dagokionez, aplikatu daitekeen araudian ezartzen diren baldintzetan.
V. TITULUA
IKUSKAPENA, KONTROLA ETA ZEHAPEN-ERREGIMENA
I. KAPITULUA
ZAINTZA-, IKUSKAPEN- ETA KONTROL-ERREGIMENA
57. artikulua.– Zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-modalitateak.
1.– Energia alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio lege honetan jasotako obligazioak betetzen direla zaintzea, ikuskatzea eta kontrolatzea.
2.– Zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak egiten dituen langile funtzionarioek autoritate-agente gisa jardungo dute funtzio hori betetzeko; hori dela eta, ahalmena ematen zaie lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden instalazio eta eraikin guztietara sartzeko, aurretiazko jakinarazpenik gabe, beren buruak identifikatu ondoren.
3.– Artikulu honetan aipatutako zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanak zuzenean egin ahal izango dituzte langile funtzionarioek, edo aurrezpen eta efizientzia energetikoaren alorreko ikuskapen eta kontroleko erakunde kolaboratzaileen bidez egingo dira lan horiek.
58. artikulua.– Ikuskapen eta kontroleko erakunde kolaboratzaileak.
1.– Erregelamenduz ezarriko da erakunde kolaboratzaileen erregimen juridikoa, funtzioak eta jarduera-eremuak, haien betebeharrak, baldintzak eta beren jarduera kontrolatzeko moduak, bai eta erakunde horien independentzia eta inpartzialtasuna bermatuko duten neurriak ere.
2.– Aurrekoa gorabehera, aurrezpen eta efizientzia energetikoaren alorreko ikuskapen eta kontroleko erakunde kolaboratzaileek ezingo dute, inola ere, laguntza teknikoko edo auditoretzako funtziorik bete energia alorrean, ezta pertsona edo erakunde interesatuekin inolako lotura tekniko, komertzial, finantzario edo beste edonolakorik izan, beren independentziari eragin diezaiokeenik edo beren jardueraren ondorioetan eraginik izan dezakeenik.
59. artikulua.– Ikuskapen-akta.
1.– Ikuskapen- edo egiaztapen-bisita orotan gertaerak deskribatzen dituen akta egingo da. Akta horretan adieraziko dira, halakorik balego, ikusitako irregulartasunak eta irregulartasun horien erantzuleek egiten dituzten alegazioak lege honetan ezarritako obligazioak betetzerakoan.
2.– Akta horiek ziurtasun-presuntzioa eta froga-balioa izango dute, kendu gabe pertsona interesatuek beste proba batzuk aurkezteko duten aukera. Froga-balioa izango dute, baita ere, zaintza-, kontrol- eta ikuskapen-lanetan egindako argazkiek, bideoek, erregistroek eta bestelako dokumentazio grafikoak, ikuskapen-aktari atxikitakoak badira.
3.– Erakunde kolaboratzaileen dokumentuek, kasuan kasuko ikuskapen- edo egiaztapen-bisitaren ondoren, ikuskapen-aktaren izaera izango dute, eta ziurtasun-presuntzio eta froga-balio bera izango dute, langile funtzionarioenak bezalakoa.
60. artikulua.– Ikuskatzaileen ahalmenak.
1.– Beren funtzioak betetzen zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lana egiten dutenek honako ahalmen hauek izango dituzte, betiere kendu gabe Eusko Jaurlaritzan energia alorrean eskumena duen sailak beste batzuk ere eman ahal diezazkiela:
a) Beren buruak identifikatu ondoren, lege honi atxikita dauden jarduerak edo ekintzak garatzen diren lekuetara sartzea, eta beharrezkotzat jotzen dituzten egiaztapen eta neurketak egitea.
b) Informazioa eskatzea ikuskatutako jardueren, ekintzen eta instalazioen pertsona titular, erantzule edo arduradunei, eta beren misioa betetzeko beharrezko diren azterketa eta kontrolei ekitea.
c) Ikuskapen-bisitetan pertsona titularrak edo jardueraren ordezkari den pertsonak lagunduta joatea, bai eta enpresako edo establezimenduko langile adituek eta teknikoek lagunduta ere.
d) Gertaerak deskribatzen dituen akta egitea, ikuskapen-bisita bakoitzaren ondoren.
e) Eskumena duen organoari jakinaraztea lege honek tipifikatutako arau-hauste administratiboa izan litezkeen gertaerak.
f) Erregelamenduz ematen zaion beste edozein funtzio, aurrezpen eta efizientzia energetikoaren inguruan ematen zaiona.
2.– Langile funtzionarioei dagokie, izaera esklusiboan, hala dagokienean, kasuan kasuko zehapen-prozedura abian jartzeko proposatzea.
3.– Instalazioen pertsona titularrek, haien zerbitzura dauden langileek eta ikuskapen-jardueretan esku hartzen duten bestelako pertsonek obligazioa dute langile funtzionarioarekin eta erakunde kolaboratzaileetako langileekin kolaboratzeko, pertsona horiek lege honek emandako funtzioak betetzen dihardutenean.
II. KAPITULUA
ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK
61. artikulua.– Eskumena eta prozedura.
1.– Arau-haustea frogatzeak, egozteak eta dagokion zehapena jartzeak aurretiaz dagokion espedientea izapidetzea eskatuko du. Lege honek ezarritako zehapenak ezartzeko prozedura arrunta izango da otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarrita dagoena, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko Legean ezarrita dagoena.
2.– Lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko eskumena energia alorrean eskumena duen sailaren titularrari dagokio, arau-hauste oso astunetarako gutxienez. Arau-hauste astun eta arinen kasuan, berriz, egitura organikoari buruzko dekretuetan ezarritakoari jarraituko zaio.
62. artikulua.– Arau-hausteak.
Arau-hauste administratiboak dira lege honetan araututako egintzak edo ez-egiteak, subjektu erantzule bakoitzarenak, honako artikulu hauetan hala tipifikatutakoak.
63. artikulua.– Erantzuleak.
1.– Arau-hausteen subjektu erantzule dira haien egile diren pertsona fisiko edo juridikoak, arau-haustea beren esku-hartzearen zuzeneko ondorio denean.
2.– Arau-hauste baten egileak bi pertsona edo gehiago direnean, eta, ondorioz, haren erantzule direnean, eta posible ez denean euren parte-hartze maila zehaztea, modu solidarioan erantzungo diete ondorioztatzen diren zehapenei.
3.– Arau-haustea hainbat eragileren ekintzak batzeagatik gertatzen denean, eta haiek guztiak arau-haustearen erantzule direnean, ezarritako zehapenek izaera independentea izango dute euren artean.
64. artikulua.– Zehapenen sailkapena.
Zehapenak arin, astun eta oso astun gisa sailkatuko dira.
65. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.
Arau-hauste oso astunak dira, lege honetan ezarritako eremuan, honako hauek:
a) Auditoretza energetikoa ez egitea legeak edo lege hau garatzen duten xedapenetan ezarritako epe eta baldintzetan, edo datuen manipulazio dolozkoa auditoretza energetiko bat egiterakoan.
b) Behar bezala akreditatu gabeko erakunde baten eskutik egitea auditoretza energetikoa. Zerbitzu energetikoen enpresarik edo haren pareko sistema propiorik ez izatea lege honek edo berau garatzen duten xedapenek hala eskatzen dutenean.
c) Aurrezpen- edo berriztagarri-proportzioa ez betetzea, lege honetan ezarritakoaren arabera, exijitutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 50etik gorakoa denean.
d) Eraikinen kalifikazio energetikoari buruzko obligazioak ez betetzea.
66. artikulua.– Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak izango dira:
a) Lantokietarako garraio-plan bat onartu ez izana, lege honetan edo lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako baldintza eta epeen barruan.
b) Langileen prestakuntzarako neurrien plan bat onartu ez izana, lege honetan edo lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako baldintza eta epeen barruan.
c) Eskumena duen administrazioari igorri beharreko informazioan datuen manipulazio dolozkoa edo informazio hori ez jakinaraztea.
d) Lege honetan aurrezpen edo berriztagarrietarako ezarritako portzentajeak ez betetzea, exijitutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 30etik gorakoa eta % 50etik beherakoa denean.
e) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuei eta bizikleten erabilera eta aparkalekua ahalbidetzeari dagozkien lekuetako obligazioak ez betetzea.
f) 36. artikuluko 1. apartatuan eta 30. artikuluko 1. apartatuan aipatutakoari dagozkien betebeharren justifikazio falta.
g) Energia berriztagarriko instalazioak epealdi jakin baterako ezartzearen maila ez jakinaraztea Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailari.
h) Lege honen artikuluetan ezarritako epeak ez betetzea, hau da, eraikinak eta instalazioak egokitzeko epeak ez betetzea, eta teknologia eta energia efizienteagoak eta jasangarriagoak jartzeko edo ezarritako helburuak betetzeko epeak ez betetzea.
67. artikulua.– Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arinak izango dira:
a) Lege honetan aurrezpen edo berriztagarrietarako ezarritako portzentajeak ez betetzea, exijitutakoaren eta benetan lortutakoaren arteko aldea % 15etik gorakoa eta % 30etik beherakoa denean.
b) Lege honetan ezarritako obligazioak edo baldintzak ez betetzea, arau-hauste oso astunak edo astunak ez direnean.
68. artikulua.– Zehapenak mailakatzea.
1.– Aurreko artikuluak tipifikatutako arau-hausteek honako zehapen hauek izango dituzte:
a) Arau-hauste arinek 12.000 eurora arteko isuna.
b) Arau-hauste astunek 12.001 eta 50.000 euro bitarteko isuna.
c) Arau-hauste oso astunek 50.001 eta 350.000 euro arteko isuna.
2.– Arau-hauste bakoitza egiteagatik ezarri beharreko zehapenaren zenbatekoa honako irizpide hauen arabera mailakatuko da, artikulu honen 1. puntuan ezarritako mugen barruan, betiere honako inguruabar hauek kontuan izanda:
a) Eragindako kalte edo hondatzearen garrantzia.
b) Arau-haustetzat tipifikatutako egintzan edo ez-egitean izandako partaidetza maila, eta haren ondorioz lortutako etekina.
c) Arau-haustea nahita egin ote den eta behin baino gehiagotan egitea.
d) Urtebeteko epean munta bereko arau-hauste bat berriro egitea, administrazio-bidean ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.
e) Arau-haustearen gaitzespen maila handiagoan edo txikiagoan eragina izan dezakeen beste edozein inguruabar.
f) Betebeharrak betetzeko izan den atzerapenaren iraupena.
3.– Hala ere, isunaren zenbatekoa egindako arau-haustetik jasotako onura baino txikiagoa denean, isuna areagotu egingo da arau-hausleak jasotako onuraren zenbatekoan.
Nolanahi ere, zehapenaren zenbatekoak ezin izango du subjektu arau-hauslearen negozio-zifraren urteko zenbatekoaren % 10 gainditu, edota enpresa biltzen duen taldeko sozietate matrizearen negozio-zifra kontsolidatuaren urteko zenbateko garbiaren % 10 gainditu.
4.– Gertatzen diren inguruabarren ondorioz, arau-hauslearen erruduntasuna edo gertakariaren antijuridikotasuna nabarmen gutxitzen dela ikusiz gero, edota, arau-hauslearen egoera ekonomiko akreditatuari erreparatuz gero, zehapena gehiegizkoa baldin bada nabarmen, organo zehatzaileak zehapenaren zenbatekoa erabaki ahal izango du eta, horretarako, kasuan kasu arau-haustearen astuntasun mailaren aurrekoari dagokion arau-hauste motaren eskala aplikatuko du organo horrek.
69. artikulua.– Arau-hauste eta isunen preskripzioa.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako arau-hauste oso astunak bost urtean preskribatuko dira; astunak, hiru urtean, eta arinak, urtebetean.
2.– Falta oso astunengatik ezarritako isunak bost urtean preskribatuko dira; falta astunengatik ezarritakoak, hiru urtean, eta falta arinengatik ezarritakoak, urtebetean.
3.– Artikulu honetan aipatzen diren arau-hauste eta zehapenen preskripzio-epeak zenbatzeko, otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa bete beharko da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko Legean ezarritakoa.
Arau-hauste jarraituen kasuan, jarduera edo arau-haustea osatzen duen azken egintza amaitzen den unean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea. Arau-haustea osatzen duten gertakari edo jarduerak ezezagunak badira kanpo-aztarnarik uzten ez dutelako, gertakari edo jarduerak agerian geratzen direnean hasiko da epea zenbatzen.
70. artikulua.– Behin-behineko neurriak.
Betiere kendu gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko Legearen (otsailaren 20ko 2/1998 Legea) 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoa, prozedura ebazteko eskumena duen organoak beste edozein unetan, akordio arrazoitu baten bidez, honako behin-behineko neurriak hartu ditzake, espedientearen ebazpenaren eraginkortasuna eta prozeduraren xede ona bermatzeko eta arau-haustearen ondorioek iraun dezaten saihesteko xedez:
a) Obrak edo jarduerak bertan behera uztea.
b) Auditore energetiko gisa eta zerbitzu energetikoen enpresa gisa jarduera bertan behera uztea.
c) Neurri zuzentzaile edo prebentiboak hartzea pertsonenganako edo ingurumenarekiko kalteak ekiditeko.
d) Ekipoak ibilgetzea edo zigilatzea.
Aurreko neurriak pertsona interesatuari aurretiazko entzunaldirik egin gabe hartu daitezke, premiazko arrazoiengatik edo eragindako ondasun juridikoen garrantziagatik neurri horiek hartu beharra egiaztatzen denean.
71. artikulua.– Isun hertsatzaileak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan energiaren alorrean eskumena duen organoak isun hertsatzaileak jarri ahal izango ditu, erantzuleak behartzeko lege honetan eta berau garatzen duten xedapenetan aurreikusitako preskripzioak bete ditzaten.
2.– Isun hertsatzaileak bata bestearen atzetik jarri ahal izango dira, eta agindutakoa betetzeko behar besteko tartea utzita aldian-aldian errepikaturik. Egindako errekerimenduak betetzen ez diren bakoitzean jarriko dira isunok, gutxieneko tartea hilabetekoa dela, harik eta agindutakoa betetzen den arte; kasu bakoitzean 6.000 euro izango da kopurua, gehienez ere.
Isun hertsatzaile bakoitzaren zenbatekoak ezingo du izan egindako arau-hausteagatik jarritako isuna baino handiagoa.
3.– Isun horiek jartzeko organo eskuduna zehapen arinak jartzeko eskumena duena bera izango da, non eta energiaren alorrean eskumenak dituen sailaren egitura organikoa zehazteko arauan beste organo bat aipatzen ez den.
4.– Nolanahi ere, isun hertsatzaileak ezartzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 103. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Partzuergoak eta mankomunitateak.
Kasu horretan, hau da, ur-hornikuntzaz, hondakinak bildu eta tratatzeaz, hondakin-urak arazteaz eta hiltegiez arduratzen diren partzuergo eta mankomunitateen eraikin, instalazio, ibilgailu, argiteria publiko edo bestelako jardueren kasuan, dagokion partzuergo edo mankomunitateak bete beharko ditu lege honetan jasotako betebeharrak. Partzuergo edo mankomunitate horietan parte hartzen duten administrazioek haiek adosten dutenaren arabera emango dute laguntza.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Oinarrizko erreferentzia maila administrazio publikoentzat.
1.– Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean, lege honek eragiten dion Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzak bere energia-kontsumoaren oinarrizko erreferentzia maila onartuko du, zeina helburuak ezartzeko abiapuntu izango den.
2.– Maila hori ezartzeko, legea indarrean sartu aurreko hiru urteetako batezbestekoa hartuko da kontuan. Horren ordez, lege hau indarrean sartu aurreko urtekoa edo beste urte batekoa hartu daiteke energia-kontsumoaren oinarrizko maila gisa, betiere justifikatuta badago eta lege hau onartu aurretik egindako jardueren balioa nabarmentzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Energia-kontsumo ia nuluko eraikinak.
Harik eta kontsumo hori nola kuantifikatu jakiteko arau edo metodologia zehatz bat ezartzen ez den bitartean, eraikin batek energia-kontsumo ia nulua duela esango dugu A motako kalifikazio energetikoa badu.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala.
Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteari ekingo dio. Plan hori bi urteko epean aurkeztu beharko du sail horrek.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tokiko erakundeei laguntzeko finantza-tresna.
Lege hau indarrean sartu eta justu hurrengo aurrekontu-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak, lege hori aplikatzeko egin beharreko inbertsioak errazteko asmoz, toki-erakundeei laguntzeko finantza-tresna bat eratuko du.
Finantza-tresna hori, betiere, 100 milioi eurorekin eratuko da gutxienez. Tresna horren xedea da lege honen ondorio diren inbertsioak Tokiko Administrazioan erraztea.
Tresna hori berreratuz joango da aldez aurretik finantzaketa jasotzen duten administrazioetatik jasoko diren laguntzak itzultzearen bidez, energia-aurrezpenaren ondoriozko itzulkinen arabera.
AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.– Erregelamenduzko garapenerako eskumena ematea.
Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau betetzeko beharrezko diren erregelamendu-xedapen guztiak eman eta argitaratu ditzan, lege honetan berariaz aurreikusten diren xedapenez gain.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Zenbatekoak eguneratzea.
Diru-isunetarako eta legean tipifikatutako arau-hausteen zehapenetarako lege honetan aurreikusitako zenbateko ekonomikoak aldian-aldian eguneratu ahal izango dira, energia alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren agindu baten bidez.
Halaber, lege honen aplikazio-eremuari atxikita egotea baldintzatzen duten azken energia-kontsumoak ere eguneratu ahal izango dira agindu horren bidez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Zenbait erakunderen jasangarritasun energetikoko planak.
Eusko Legebiltzarrak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Arartekoak jasangarritasun energetikoko beren planak egingo dituzte, eta bete egin beharko dituzte lege honetan xedatutako guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Kontsumitzaile handien adierazpena.
Lege hau indarrean sartzen denetik hiru hileko epean, arau honek eragindako establezimendu industrialek, zerbitzu-sektoreko establezimenduek eta salgai eta bidaiarien garraio pribatuko enpresek erantzukizunpeko adierazpen bat igorri beharko diote, telematikoki, Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailari, beren buruak kokatzen dituzten taldeari eta tipologiari buruz, hori guztia betiere aipatutako sailari dagokion ikuskapen-ahalmenaz baliatzeko aukera kendu gabe.
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 21a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.