EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019040

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 19koa, Kulturako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Soroborda eta Buskando ur-biltegiak monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2019-02-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201901047
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Donostiako (Bizkaia) Ulia parkeko Soroborda eta Buskando ur-biltegiek duten kultura-interesa azterturik, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Soroborda eta Buskando ur-biltegiak monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Soroborda eta Buskando ur-biltegiak monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea. Hala, alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan. Espedientea aztergai egongo da Euskal Kultura Ondarearen Zentroan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpena argitara ematea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 19a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
Mugaketa
Mugaketak barnean hartzen du, batetik, monumentu-multzoan kultura-interesa duten higiezinak, zeharo lotuta daudenak hiriaren ur-hornikuntzarekin (II. eranskinean deskribatzen dira). Eta, bestetik, higiezinok kokatuta dauden ingurunea. Multzoa babesteko ezarritako muga bat dator hura kokatuta dagoen lursailaren mugarekin; lursail edo espazio berde horrek lagundu egingo du egitura hidrauliko monumental hau kontserbatzen eta haren garrantzia nabarmentzen.
Mugaketa hau justifikatuta dago, premiazkoa baita Donostiako (Gipuzkoa) Uliako Mintegietako parkean dauden Soroborda eta Buskando ur-biltegien multzo monumentalaren ingurumen balioa eta balio bisuala babesteko. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasunak behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar higiezinen inguruko lursailak eta sarbidea babestea. Ingurune horretan planteatzen diren jarduketa guztiek multzo monumentala errespetatu eta hobetu behar dute, eta haren garrantzia nabarmendu.
II. ERANSKINA
Deskripzioa
Kultura-interesa duten honako higiezin hauek osatzen dute multzo monumentala: Sorobordako ur-biltegia, Buskandoko ur-biltegia, zaintzailearen etxebizitza eta azpiegitura horren funtzionamenduari lotutako elementu txikiak.
Sorobordako ur-biltegia Uliako mintegietako lursailaren iparraldean dago. Ur-biltegia lur azpian dago, oinplano angeluzuzena du, eta barrutik bi biltegi handitan edo atal simetrikotan banatuta dago. Bi atal horiek 1,60 metro zabaleko tarte-horma batek bereizten ditu. Horma hori gangak abiatzen diren tokiraino iristen da, eta, hala, airea igarotzen da gela batetik bestera. Guztira, 4.200 m
Barruan, zenbait nabe dauzka, ertz-gangek estaliak (ertz-ganga eliptikoak). Ganga horiek harreharri-harlanduzko lau angeluko zutabe batzuetan bermatuta daude; zutabeok bikain kontserbatzen dira. Atal bakoitzak, guztira, luzetarako hiru nabe dauzka, eta nabe bakoitzak bost zutabeko bi ilara. Zutabeok hormigoi hidraulikozko 1,30 m-ko zapata baten gainean bermatuta daude, eta, haien artean, 4,20 m zabaleko pasabide bat dago. Kanpoaldeko perimetroan, gangak 14 pilastratan bermatzen dira, perimetroko hormei itsatsita daudenak. Ganga altuenak 6,50 m-koak dira, eta haien nerbioak 5 m-ko altueratik hasten dira. Hormigoi hidraulikoz eginak daude gangak, eta gerora luzitutako barrualdea dute.
Esparruaren inguruko hormak harlangaitz hidraulikoz eginak daude, gerora luzitu zirenak, gangen antzera-antzera; tratamendu bera izan zuen bi atalen arteko hormak ere. Forma trapezoidala dute horma horiek, barnealdeko pareta plomuan egina dago, eta kanpokoak plano inklinatu moduko laprandura du; horregatik, oinarrian 1,50 metro lodi da, eta goiko aldean 0,80 m baino ez.
Zolarria zementu hidraulikozkoa da, eta batez beste 30 cm-ko potentzia du. Egun, 5-10 cm-ko lohi geruza fin batez estalia dago.
Egitura osoa lur begetalez estalia dago (geruza hori metro erdi da lodi), kanpoaldetik isolatzeko. 4 tximinia dira kanpoaldetik identifikatzeko moduko elementu bakanetako bat, eta biltegietako ura aireztatzea zuten helburu. Porlanezko oinarri baten gainean daude, eta latorri fineko xaflaz eginak daude.
Sorobordako ur-biltegia 1871 eta 1872. urteen artean eraiki zen, Nemesio Barrio udal-arkitektoaren proiektuari jarraikiz.
Buskandoko ur-biltegia Sorobordakoa baino hegoalderaxeago dago, eta, bien arteko lotunea hodi bat da, ur-soberakinak biltzen zituena.
Biltegi hau oinplano angeluzuzeneko bi ataletan banatuta dago; harlangaitz hidraulikoz egindako bi metro zabaleko tarte-horma batek bereizten ditu bi atalak. 8.900 m
Biltegia behin betiko estaltzeko, gaur egun dagoen bezala, puntu erdiko hainbat arku egin zituzten, 2,56-3,01 m-ko erradioa dutenak, ebakidura angeluzuzen samarreko ostiko edo zutabe trinkoetan bermatuta; horiek, halaber, estalkiko ganga eliptikoetarako zimendu-plano gisa erabili zituzten, hasieran planteatutako ertz-gangen ordez. Zutabe horiek 1,40 x 1,10 metroko oinarria eta metro beteko potentzia zuen hormigoizko zimendu trinkoz eginak zeuden. Bai arkuak bai ostikoak hareharrizko harlanduz eginak dira. Gangak bost metro garai dira.
Kanpoaldean, askoz ere irudi landuagoa du. Eraikinaren kanpoaldeko perimetroa kareztatutako pareta bat da, eta zenbait bao nabarmentzen dira han, hamar inguru, inguruan belarridun plaka lau xumeak dituztenak. Bao horiek barrualdea aireztatuta dagoela bermatzen dute. Barrualdera sartzeko, bi gorputzeko eskailera bikoitz bat dago, zementu-plakaz egina eta burdin forjatuzko saredun hesi baten bidez babestua. Eskailera horiek biltegiko estalduraraino heltzen dira, eta, han, etxola txiki bat dago, barrualdera sartzeko aukera ematen duena.
Buskandoko ur-biltegia 1894 eta 1895. urteen artean eraiki zen, Jose dee Goicoa udal-arkitektoaren proiektuari jarraikiz. Jatorrian, biltegi hauek aire-zabalean egin ziren, baina, geroago, estaltzeko agindua eman zitzaion Marcelo Sarasola udal-ingeniariari, eta, 1899 eta 1900. urteen artean estali ziren.
Zaintzailearen etxebizitza delakoak osatzen du biltegien multzoa. Sorobordakoaren ondoan dago eta, egun, lehengo eginkizunari eusten dio. Bi garaitan eraiki zen, hamabi urte eskaseko tartea zela bien artean. Jatorrizko eraikina 1872 eta 1873. urteen artean egin zen, biltegia bukatu ostean. Solairu bakarra dauka, 60 m
Gainerako egiturak, elementuak edo eraikinak, multzoaren mugaketaren barruko lursailean badaude ere, ez dira espresuki jaso deskripzio honetan, ez baitaude zuzenean lotuta ur-biltegien funtzionamenduarekin, eta, hortaz, ez dira espediente honetan jasotakoari jarraituz babestuko.