EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2018040

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko abenduaren 20ko bilkuran hartua, Iruña Okako Udalaren 2017ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201901033
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2018ko abenduaren 20an egindako bilkuran, hau
ERABAKI DU:
Iruña Okako Udalaren 2017ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, zeina erabaki honen eranskin modura ageri baita.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak behar diren aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 20a.
HKEEko lehendakariordea,
JOSÉ ANGEL QUINTANILLA ANGULO.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
IRUÑA OKAKO UDALAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2017
Laburdurak.
11/1995 FA: 11/1995 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuei buruzkoa.
2/2016 Legea: 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.
27/2013 Legea: 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun neurriei buruzkoa.
3/2004 FA: 3/2004 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa.
38/2013 FA: 38/2013 Foru Araua, Arabako toki erakundeen aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunari buruzkoa.
56/2015 FD: 56/2015 Foru Dekretua, Arabako Lurralde Historikoko toki erakundeen kontularitzako esparru arautzailea onartzen duena.
57/2003 Legea: 57/2003 Legea, Toki administrazioa eraberritzeko neurriei buruzkoa.
AFA: Arabako Foru Aldundia.
ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.
BEZa: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAOL: 3/2017 Legea, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
FOFEL: Arabako Toki-erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.
PGPN: Publikotasunik Gabeko Prozedura Negoziatua.
TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.I.– Sarrera.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Iruña Okako Udalaren 2017ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio lana 2000ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako hauek besarkatzen ditu: Balantzea, Ekonomia-ondarearen emaitzaren kontua, Oroitidazkia eta Aurrekontuaren likidazio-egoera.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Iruña Okako udalerriak 3.264 biztanle zituen 2017ko urtarrilaren 1ean; Udalaz gain, honako kontzeju hauek esku hartzen dute udalerrian: Mandaita, Olabarri, Nanclares Oka, Tresponde eta Billoda-k, zeinek ur-hornidura eta saneamendu, herriko argi, hilerri eta gizarte-etxearen zerbitzuak ematen dituzten eta ondarea kudeatzen. Gainera, 5 kontzeju horiek eta Udalak Lorategi eta berdeguneetako garbiketa eta zaintzarako Partzuergoa eta Iruña Okako Uren Partzuergoa osatzen dute. Hauek ekitaldi hasieran Udalari atxiki gabe zeudenez gero, haien kontuak ez dira ekitaldi itxieran Udalaren Kontu Orokorrarekin batera aurkeztu eta ez dira fiskalizazio-lan honen xede izan. Añanako Kuadrillak, bestalde, zaborrak biltzeko zerbitzua mankomunaturik ematen du eta eskualdeko enplegu programa eta udal artxiboa kudeatzen ditu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– Argindarraren hornidura zuzenean esleitu zen, publikotasun eta lehia printzipioak urratuta. Zerbitzuak 2017an 170.197 euroren kostua izan zuen.
Epaitegi honen ustetan, Iruña Okako Udalak, 1. paragrafoan aipatutako ez-betetzea alde batera, zuzentasunez bete du 2017ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Hona hemen 2017ko abenduaren 31n Iruña Okako Udalaren Diruzaintza Geldikinean, data horretan itxitako Egoera Balantzean eta Ondare Garbian eragina duten doikuntzak:
2.– Erantsitako kontuek ez dute ebatzi gabeko errekurtso judizial batek eragindako kontingentziaren berri ematen, 2011ko desjabetze-hitzarmen batetik eratorritakoa, zeinaren indarrez Udalak desjabetutako norbanakoen lursailak birkalifikatu behar zituen; alabaina, birkalifikatzea gauzatu gabe 4 urte igaroz gero, kontratuak aurreikusten zuen Udalak lursail eraikigarriak edo konpentsazio bat emango ziela, errekurtso-egileek 820.224 euroan zenbatetsi zutena.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Iruña Okako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2017ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
– 2017ko aurrekontuaren langileei buruzko eranskinak lanpostuak zerrendatzen zituen (LZ), baina ez zituen ordainsari kontzeptu bakoitzerako kreditu-zuzkidurak xehatzen. Halaber, ez zen adierazten lanpostu bakoitzari esleitutako berariazko osagarria.
– Udalaren Kontuek ez dute barne hartzen 134.946 euroren hartutako konpromisoa, 2017ko martxoan HAPO idazteko kontratua esleitzetik eratorritakoa.
– 2017an atzerapenez igorri zituzten AFAren derrigorrezko diru-bilketa agentziara kobratzeko zeuden 2016ko OHZko ordainagiriak, 84.854 euro kobratzeko ekitaldi itxieran, zeinetatik 40.743 euro kobratzeke zeuden 2017ko abenduaren 31n.
– Lurraren Ondare Publikoaren kontuak 3 lursail jasotzen ditu, 2,4 milioi euroren kostua dutenak; Udalak birsailkatzeetatik eskuratu zituen hauek, baina zerbitzu publikoetara meneratuak zeuden eta honenbestez, kontu honetan oker sailkatuak daude.
– Urteko oroitidazkiak eman egin behar luke udal kiroldegiko ordainketek eragindako sarreren berri, 2017an 280.800 euro egin dituena; ez dira, baina, Udalaren Kontuetan zehazten zerbitzua kudeatzen duen enpresaren ordainketari aplikatzen zaizkiolako.
III.2.– Langileria.
– Udalak 2017ko ordainsariak % 1 gehitu zituen, EAOLk baimentzen duen gehiena azken horiek onartu ostean; ordea, ez zuen Udalbatzaren erabakirik jaso, zeinari publikotasuna eman behar zitzaiokeen.
– 2017an hilero langileei produktibitate-plusa izeneko osagarri bat ordaindu zitzaien, haien ordainsarien % 4,6 egin zuena eta Udalbatzak onartu gabe zuena.
– Oinarrizko ordainsari kontzeptuengatik aparteko 2 pagetan kitatutako zenbatekoak ez datoz bat EAOLk finkatutakoekin.
III.3.– Kontratazioa.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 4 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Guztira 434.119 euroren zenbatekoan esleitutako 3 kontraturen (2, 3 eta 4 zk. espedienteak) esleipen-ebazpena ez zen ALHAOn argitara eman. Kontratu hauetan beretan, lehiatzaileei egindako esleipenaren jakinarazpenak ez zituen hautaketarako baliatutako argudioak zehazten; komenigarria da esleipen-proposamena txertatzea (A1 akatsa).
– Kiroldegia kudeatzeko kontratuaren plegua milioi 1 euroan esleitu zen; kontratu horren pleguak ez zuen bereizirik aurkeztea aurreikusten eskaintza teknikoa eta proposamen ekonomikoa. Pleguan agindutako bermea urteko gastua oinarri hartuta kalkulatu zen, kontrataturiko kostua osotasunean hartu beharrean.
– Haur eta gazteen aisialdi zerbitzuaren kontratuaren balio zenbatetsia (126.230 euroan esleitu zen) udako udalekuak aintzat hartu gabe kalkulatu zen, balio hori 87.756 euroan areagotuko zukeena (B akatsa).
Alderdi orokorrak eta erosketa txikiak.
– Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana sailkatzeko eskatutako jarraibideak ebatzi. Eskainitako hobekuntzei dagokienez, komeni da zehaztea zein onartu diren kontratuan eta hileroko ziurtagiri edo ordainagirietan berariazko atal bat jasotzea horien jarraipena egiteko.
– Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean ikusi da hiru zerbitzu eta hornidura bat zuzenean esleitu direla, guztira 150.751 euroan; horiek prozedura negoziatu modura izapidetu behar ziratekeen. 2017an ongintzako elkarte bati 48.000 euro ordaindu zitzaizkion udal-instalazio bat kudeatzeko hitzarmen baten ondorioz; horiek, baina, diru-laguntza izaera dute eta egokiagoa litzateke diru-laguntza izendun modura erregistratzea. 2016an aleko prezioetan esleitutako zerbitzu baten balio zenbatetsia kalkulatzeko baliatu zen urteko jarduera txikiagoa izan zen 2017an izan zuen egikaritza baino, zeinak 22.920 euro egin baitzituen.
III.4.– Transferentziak eta Diru-laguntzak.
– Udalerrian diharduten 5 kontzejuek honako zerbitzu hauek ematen dituzte. argiteria publikoa, ur hornidura eta saneamendua, kale garbiketa e.a. Tokiko araudiak zerbitzu hauek Udalaren eskumen modura definitzen ditu eta kontzejuek eskuordetze bidez gara ditzakete; eskuordetze hori, baina, formalizatu egin beharko litzateke eta udalerrian diharduten 6 administrazioen egiteko eta jarduera eremuak bereizi, betiere eskuordetze zerbitzua modu egokian emateari mugatuz. Zehatzago esanda, zerbitzu bakoitzari dagozkion ondasunak identifikatu behar lirateke eta hobekuntza lanak kudeatuko dituen erakundea zehaztu; baita horien finantzaketa ere, udalaren ekarpenak ez ezik, AFAk egiten dituenak ere aintzat hartuta.
– Lorategi eta berdeguneetako garbiketa eta zaintzarako Partzuergoari 165.488 euroren ekarpenak egin zitzaizkion, 2017an egindako ekarpen guztien % 81,4. Horiek kalkulatzeko irizpide objektiboak aplikatu behar dira eta partzuergoko ente bakoitzak egindako lanak balioztatu; Udalak ez du egindako kalkuluen xehapenik eskuratu.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak ez ditu ordainketa epeei buruzko nahitaezkoak diren hiruhileko txostenak egiten.
– Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispideari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen. Informazio ekonomikoari dagokionez, udalaren web-orrian aurrekontuan barne hartu dira, baina horien egikaritzari buruzko informazioa gaineratu behar da. Berebat, zinegotzien ondasunen eta jardueren gaineko aitorpenak ere barne hartu behar ziratekeen.
– Udalak 2014an hirigintzako hitzarmen bat izenpetu zuen tokiko enpresa batekin, zeinetan aurreikusten zen HAPO idazterakoan enpresa horren lursail baten eraikigarritasuna handiagotuko zela eta Udalak ordainetan lursail bat jasoko zuela. Nahiz espedientean jasoak dauden egin beharreko trukearen orekari buruzko balioespenak, indarreko hirigintzako araudiak agindutako perituen balorazioa falta da.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan eta fiskalizazio-gai izan den urtean kitatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua:
Sarrera arruntak: % 4,1 egin dute behera 2017 eta 2015 artean, erakundearen diru-sarrerek behera egin izanaren ondorioz; ordea, berdindu egiten da transferentzia eta diru-laguntzetan izandako hobekuntzarekin:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: % 11,6 egin dute behera, hainbat kontzeptutan diru-bilketak behera egin izanaren ondorioz, nahiz azpimarratzekoak diren gainbalioen gaineko zerga eta EIOZ, hirurtekoaren lehenengo urtearen aldean jarduera txikiagoa izan delako. Zergen tarifak ez dira aldatu hirurtekoan.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 7,6 egin dute gora zerga itunduen partaidetzako diru-sarrerak % 10,1 hobetzean.
Funtzionamendu gastuak: % 1,3 egin dute gora 2015 eta 2017 bitartean, xehapen honekin:
– Langile gastuak: egonkor eusten diote aztertutako aldian, nahiz % 1eko soldata igoera izan den 2016 eta 2017an, hirurteko lehenengo bi urteetan 2012ko aparteko soldata itzuli izanaren ondorioz.
– Ondasun arrunten eta zerbitzuen kontratazioa: % 1,4 egin dute gora, gutxitu egin direlarik konponketa eta zaintza gastuak eta gehitu hainbat gastu eta enpresek egindako lanak.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: egonkor eutsi diote hirurtekoan, % 2ko igoerarekin.
Aurrezki gordina eta garbia: Aurrezki gordina aldakorra izan da, lehenengo urteko % 24,7ko sarrera arrunten eta 2017ko % 20,5 artekoa, bigarren urtean behera egin duela, sarrera horien % 13,8 jo arte, aurrez aipatutako bariazioen ondorioz.
Kapital eragiketen emaitza: Hirurtekoan inbertsioek 3,6 milioi euro egin dituzte eta % 62,2 diru-laguntza bidez finantzatu da. Kapitaleko diru-laguntza bidez kontzejuek egindako inbertsio osagarriak finantzatzen dira.
Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina: Aldagai honek behera egin du 2016an sortutako aurrezkia txikiagoa izan delako eta kapitaleko eragiketek eragina dutelako; ordea, 2017an oneratu zen, aurrezki mailak hobera egin zuelako eta inbertsioak murriztu zirelako, 1,3 milioi euroren zenbatekora iritsiz, sarrera arrunten % 40ren pare.
Ondorioa: Eragiketa arruntek sortutako aurrezkiak fluktuatu egin du aztertutako aldian, baina 2017an sarrera arrunten gainean % 20,5 egin zuen. Aurrezki honek eta diru-laguntzek hirurtekoko inbertsioak finantzatu dituzte zorpetu beharrik izan gabe eta Geldikinari hasierako mailetan eutsita.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 38/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren kontu-hartzailetzak txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. 2017ko Likidazioari buruzko txostenak ondorioztatu du:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da, eragiketa ez finantzarioetan 399.216 euroren superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete da, ekitaldiko gastu zenbakarriak behera egin baitu.
Zorpetzeari dagokionez, Udalak ez du kanpoko finantzaketarik behar izan.
V.– Urteko Kontuak.
IRUÑA OKAKO UDALAREN 2017KO FISKALIZAZIO-TXOSTENARI EGINIKO ALEGAZIOAK
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– Argindar hornidura.
Horri buruz, Iruña Okako Udalak eta udalerriko administrazio-batzarrek ematen dituzten zerbitzuetarako argindarra hornitzeko kontratuaren lizitazioa egin zen 2017ko abenduaren 5ean, izapidetze arruntaz eta prozedura irekia erabilita, eta ekonomikoki onuragarriena zen eskaintza zelarik esleipen irizpide bakarra. Kontratua EDP Comercializadora SAU enpresari esleitu zitzaion 2018ko otsailaren 8an.
II.– Hori erantsita doazen Kontuetan ez da jasotzen 2011ko desjabetze-hitzarmen baten harira erabakitzeke den auzibideko errekurtsoaren gertakizunaren berri.
Horri buruz, esan behar da Udalak errekurtso horren ezezpena eskatu duela, eta beraz, horren alde edo aurka ebatz daitekeela.
Behin betiko epaia ematen ez den bitartean ezin da zehaztu partikularren eskaera onesten bada Udalak, hala balegokio, ordaindu beharko lukeen zenbatekoa. Hori jakin ondoren aurreikusi edo gaitu beharko litzateke dagokion aurrekontu-izendapena, halaxe adierazten baitu, berariaz adierazi ere, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzio Legeak (106. artikulua) epaia exekutatu behar den kasuetarako, behin hori irmoa denean eta Administrazioa zenbateko bat ordaintzera behartzen duenean.
Edonola ere, kontuan hartzen da gomendioa eta pasibo kontingente hori jasota geratuko epaia eman bitartean hemendik aurrerako urteko kontuen Memorietan.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
– Langileriaren Eranskina: Lanpostu Zerrendak ez zituen zehazten ordainsariaren kontzeptu bakoitzarentzako ziren kreditu-zuzkidurak.
Lanpostu bakoitzaren kreditu-zuzkidura ez da agertu behar Lanpostu Zerrendan, Aurrekontu Plantillan baizik, Aurrekontu Orokorraren partida bat gehiago bezala, hain zuzen ere.
Lanpostu Zerrendan ez dira zehaztu behar ordainsariaren kontzeptu bakoitzarentzako kreditu-zuzkidurak, soilik horietako bakoitzari esleitutako berariazko osagarria agertu behar da (Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 15.2 artikulua), Aurrekontuaren Eranskinarekin eta dagokion lanpostu zerrenda ALHAOn argitaratuz egin zen moduan.
– Atzerapenak 2016ko Ondasun Higiezinen Zergan kobratzeko geratutako ordainagiriak AFAren Agentzia Exekutiboari bidaltzean.
Errolda kolektiboa erabiliz kobratzen diren zergen borondatezko epealdia behin igaro denean, zordun den zergadunari jakinarazpena egiten dio Udalak, kontzeptu guztiengatik ordaintzeko dituen zenbatekoen berri emanez, eta ordaintzeko epe bat ematen zaio printzipala eta errekargua ordaintzeko. Sistema horri esker, behera egin du zergadun zordunen kopurua eta zuzenago kobratzea ahalbidetu du, eta hori izan da Agentzia Exekutiboari ordainagiriak nolabaiteko atzerapenez bidaltzearen arrazoia.
– Lurzoruaren Ondare Publikoaren kontuak barne hartzen ditu behar ez bezala sailkatutako zerbitzu publikoei atxikitako 3 lur-zati, birpartzelazio bidez lortutakoak direlako. Horri buruz, aplika daitekeen legezko araudira jo behar da: Eusko Legebiltzarreko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa.
45. artikulua.– Birpartzelazioa onartzeko erabakiaren ondorioak.
1.– Birpartzelazio-proiektua onartzeko erabakiak honako ondorio hauek izango ditu:
a) Nahitaez lagatzeko lursail guztiak dagokion administrazioari eskualdatzea. Lursail horiek jabari osoz eta kargarik gabe eskualdatuko zaizkio, eta lurzoru-ondarera bilduko dira edo plangintzan aurreikusitako erabilerei lotuko zaizkie.
113. artikulua.– Udal lurzoru-ondareak osatzen dituzten ondasun eta baliabideak.
1.– Ondasunek eta baliabideek osatuko dituzte udal lurzoru-ondareak.
2.– Honako ondasun hauek izango dira udal-lurzoru ondareen osagai, ondasunok izan udalaren zuzeneko titulartasunekoak, izan udalaren sozietate publikoen edo tokiko erakunde publikoen titulartasunekoak:
b) Hirigintzako plangintza egikaritzearen ondorioz lortutako lursail eta eskubideak, hirigintza-eraikigarritasunagatik lortutakoak eta zuzkidura publikoetarako doan lagatakoak, batez ere legearen araberako hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan udalak esku hartzeari dagozkionak.
116. artikulua.– Ondasunak besterentzea. Lehiaketa.
1.– Debekatuta egongo da zuzkiduratzat kalifikatutako ondasun eta eskubideak kostu bidez besterentzea, eta baita, hala badagokio, egitura-antolamenduak bizitegi-zuzkidura babestutzat kalifikatutako lursailen lurrazal-eskubidea besterentzea ere.
4.– Udal lurzoru-ondare publikoei dagokienez, askatasunez besterendu ahal izango dira, lehiaketa publiko bidez edo trukatze bidez, hirigintza-plangintzak zuzkidura publikoetarako edo babes ofizialeko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko propio izendatu ez dituen ondasunak. Horrela jokatuta lortutako diru-sarrerak eta ondasunak, ordea, udal lurzoru-ondarerako erabiliko dira.
– Urteko memoriak udal kiroldegiko abonuen diru-sarreren berri eman behar luke.
Udal kiroldegiko abonuen diru-sarrerak enpresa emakidunak biltzen ditu zuzenean, sinatutako kontratuan jasotzen denarekin bat, eta ez dira, beraz, urteko kontuetan jasotzen; edonola ere, enpresa emakidunak urtero honako dokumentazio hau aurkeztu behar dio Udalari, espedientean jasota dagoen lez:
Emaitzen Kontua:
Finantza Egoera, emakidako ustiapenaren diru-sarrerak eta gastuak jasoko dituelarik, aplikatutako erregistro-irizpidea (zordunketa edo kutxa) adieraziz. Esan nahi baita, kontabilitatea badute Galera-irabazien kontu xehatu bat aurkeztuko dela, eta baita 2017ko ekitaldiko Batura eta saldoen balantzea ere.
Finantza Egoera horren egiaztapena, emakidunaren Administrazio Organoak emana.
c) 2017ko ekitaldian emakidaren ustiapenean egindako eta jasotako fakturen zerrenda.
d) 2017ko ekitaldiko kontuen liburu nagusiak.
III.2.– Langileria.
Udaleko langileen ordainsariak urtero igotzen dira ekitaldi bakoitzerako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritako portzentajean, eta Langileen Gastuak izeneko aurrekontu-partidan jasotzen dira. Horrenbestez, hori aplikatzeko ez da beste ebazpen baten beharrik, eta beraz, ez da argitaratu beharrik ere.
2017. ekitaldian, 2017. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legea ez zen onartu aipatu data arte. Hori dela eta, data horretatik aurrera aplikatu zen, aipatu Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritako lege-xedapenean agindutakoarekin bat.
Udalaren aparteko ordainsarien zenbatekoak ez dira kalkulatzen Aurrekontuen Legean jasotzen den moduan, eta Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 78.c artikuluan ezarritakoa aplikatuz egiten da.
III.3.– Kontratazioa.
– Hiru kontraturen esleipen-ebazpena ez zen ALHAOn argitaratu, baina bai udal webguneko Kontratatzaile Profilean.
Hautaketarako erabilitako arrazoiak ez azaltzeari buruz, berriz, esan beharra dago ezen, datuak ez bazeuden ere jasota txosten honek aipatzen duen xehetasunarekin, esleipen-proposamenaren datu guztiak jende guztiaren eskura daude, Udalaren web-orrian argitaraturik baitaude proposamenen balorazioaren emaitzak, eta ziurrenik hori izan behar du horren gainean erreklamaziorik edo errekerimendurik jaso ez izanaren arrazoia.
– Kiroldegiaren kudeaketako kontratuaren plegua eta bermea.
2010. urtean sinatutako kontratu bat da; ez da ulertzen auditoria honetan horren aipamenetan ibiltzea.
– Haur eta gazteen aisialdirako zerbitzu-kontratuaren balio zenbatetsia.
Bi urteko iraupena izango zuen lizitazio ireki baterako deialdia egin zen, eta beste horrenbesterako luzapena egiteko aukera ere bazuen. Espedientean jasota den Kontu-hartzailetzaren Txostenean azaltzen denez, zerbitzuaren balio zenbatetsia, bi urterako, 79.766,04 euro da, eta luzapenarekin 159.532,08 euro. Udalekuak, berriz, orduko prezioan zenbatetsi dira, eta urteko zenbatekoa 24.133,65 euro da.
Haur eta gazteen animazio zerbitzuaren kontratua 2016ko maiatzaren 9an hasi eta 2018ko maiatzaren 9an amaitu zen, eta kontratuaren bi urteengatik onartutako obligazioen zenbatekoa 77.116,07 euro izan da; udalekuen zenbatekoa, bere aldetik, 50.116,07 euro izan da. Azken kontratu hori ez zen luzatu.
Alderdi orokorrak eta erosketa txikiak.
– Udalak ez ditu eman udaleko kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen enpresa esleipendunen langileen arteko harremana argitzeko eskatu diren jarraibideak.
Udalak kontuan hartzen du auditorian egiten diren proposamenak, zerbitzuak hobeto emateko balioko dutelakoan, zalantzarik gabe.
– Erosketa txikiak.
a) Udal autobusa: Alkatetzaren 62/17 Ebazpenaz esleitu zen bidaiarien hiriko udal garraio zerbitzuaren kontratu txikia. Kontratua 2017-01-01etik 2017-05-15era bitarterako zen eta esleipenaren zenbatekoa 16.709,16 euro zen (BEZ kanpo); beraz, indarrean den kontratazio araudiak ezartzen duen mugen barruan zegoen (gehienez 18.000 euroko zenbateko eta urtebeteko iraupena duten zerbitzu txikiak). Epe hori amaituta ez zen beste lizitazio-prozedurarik zabaldu, eta Kontuhartzailetzak zerbitzu horren gaineko faktura guztien eragozpen-ohar bat egin zuen. Nolanahi ere, lizitazioaren deialdia atzeratu egin zen Arabako Foru Aldundiko Garraio Sailak Garraiorako Mugikortasun Plana abian jartzekotan zelako Araba osorako. Horren zioz, berrantolatu egin beharko zen Arabako garraio-zerbitzu osoa, Udal honek bere baliabideekin ematen duen egungo zerbitzua barne. Baina plan horrek ez du barne hartu udalerriko garraio-zerbitzua, eta prozedura irekiko lizitaziorako deialdia egin zen 2018ko urrian.
b) Merkataritza indarberritzeko aholkularia.
Alkatetzaren 8/17 Ebazpenaren bidez Iruña Oka udalerriko ekonomia dinamizatzeko asmoz merkataritza indarberritzeko eta asistentzia teknikoa emateko plan bat garatu eta inplementatzeko zerbitzurako kontratu txiki bat esleitu zen, 18.000 euroko (BEZ kanpo) zenbatekoarekin eta 10 hilabeteko iraupenarekin; beraz, indarrean den kontratazio araudiak ezartzen duen mugen barruan zegoen (gehienez 18.000 euroko zenbatekoa eta urtebeteko iraupena duten zerbitzu txikiak).
c) Dantza eta kirol ikastaroak urria-ekaina.
Alkatetzaren 542/16 Ebazpenaren bidez, kirol jarduerak (soinketa mantentzekoa, acuagym, hirugarren adinerako gimnasia, pilates, step, gap eta zumba) burutzeko zerbitzuaren kontratu txikia esleitu zen, 14.628,90 euroko (BEZ kanpo) zenbatekoarekin eta 2016ko urritik 2017ko ekaina bitarterako; beraz, indarrean den kontratazio araudiak ezartzen duen mugen barruan zegoen (gehienez 18.000 euroko zenbatekoa eta urtebeteko iraupena duten zerbitzu txikiak).
Ez dago euskal dantzen ikastaroak emateko zerbitzuaren kontratu txikiko espedienterik.
d) Gas hornidura.
Kontuan hartzen da gomendioa. Behar diren azterketak burutzen ari dira lizitazio baterako deialdia egiteko.
Nolanahi ere, ez da ulertzen kontratu hauetan publizitaterik gabeko prozedura erabili beharrari buruz egiten den aipamena; izan ere, zenbatekoak kontratu txikientzat ezarria dena gainditzen badu, erabil daiteke publizitatea duen lehia askeko prozedura ireki bat ere.
e) Ongintzako elkarte bati egindako ordainketak, udal instalazio bat kudeatzeko hitzarmen batenak, diru-laguntzazko izaera du eta egokiago izango da diru-laguntza izendun gisa sartzea.
Zehaztapen hori Udalari igorriko zaio kontabilitatean egin beharreko hobekuntza gisa.
f) Aleko prezioetan esleitutako zerbitzua (legezko aholkularitza eta defentsa juridikoarena), zenbatetsitako balioa kontratua egikaritzeko epea baino laburrago den urteko jardueratzat hartu zen.
Horri buruz, esan beharra dago zaila dela kalkulatzea abokatu eta prokuradoreen zerbitzu-sarien balio zenbatetsia auzitegi-jarduerengatik, eta baita epaiketetako gastuak ere, Udala horiek ordaintzera beharturik balego. Udalak behar bezala kalkulatu eta hainbanatu dezake lege-aholkularitza erregularra, ez ordea auzi kopurua eta horretarako behar den laguntza, ez dagoelako inolaz ere udal erabakien esku; nahiko zukeen auzirik ez egotea.
Dena dela, kontratazioak ohiko aholkularitza zerbitzua lotzeaz gain auzietako zerbitzu-sarien prezioan beherapena bermatzen zuen; horrek, hala ere, ez luke eragotzi behar Udalak kontratu txiki batez kontratatzea ohiko aholkularitzaz arduratzen duen abokatu taldeari edo beste abokatu talde batzuei behar den abokatu-laguntza, baldin eta kontratazio-araudiak ezartzen dituen legezko mugak betetzen baditu.
III.4.– Transferentziak eta Diru-laguntzak.
– Kontzejuek eskainitako zerbitzuak.
Atal honetan esaten dena ez dator bat indarreko araudiarekin. Horretarako nahikoa da irakurtzea Toki-araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen bigarren xedapen gehigarria, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea, edota Arabako Lurralde Historikoko Herri-batzarrei buruzko martxoaren 20ko 11/95 Foru Araua bera.
Arestian esandakoa ez dator inolaz ere bat indarreko legeriarekin; horretarako nahikoa da aipatu araudi horietara jotzea. Are gehiago, paragrafoan esaten denaren aldean guztiz bestelakoa litzateke, Kontzejuaren ordezkaritza edo zerbitzua emateko erakunde horren gaitasun ezaren aitorpena formalizatu beharko litzateke aurretik, esaten den arabera soilik Kontzejuari omen dagozkion zerbitzuak Udalak edo beste erakunde batek eskain ditzan.
Udal legearen arabera, kontzeju bakoitzak bere ondasunak ditu, bere ogasun propioaz arduratzen da eta bera da arduradun bakarra legez esleituak zaizkion zerbitzuak nola ematearen gainean. 2/2016 Legearen 2.5 eta 25.8 artikuluak.
– Kaleak Garbitzeko eta Lorategiak Mantentzeko Partzuergoari egindako ekarpenak.
Ezin da ulertu aipatu paragrafoan esan nahi dena; dena dela, partzuergoari egindako ekarpenak erakunde horrek bere bazkideentzat onartzen dituenak baino ez dira, eta ekarpen horiek bere estatutuen edukien arabera kalkulatutakoak edo dagokion batzar nagusietan onartutakoak dira.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udal hau oso zorrotza izan da bai ordainketak ezarritako epean egiten bai Arabako Foru Aldundiak unean-unean bai berarentzat bai beste erakunde eskumendun batzuentzat eskatzen dituen nahitaezko txostenak egin eta bidaltzen.
– Toki-erakundeak gardentasun araudira egokitzea.
Udalaren webguneko gardentasun atarian argitaratzen ditu Udalak aurrekontu-gauzatzearen txostenak, Eudelek eskainitako eredu normalizatuari jarraituz.
– 2014. urtean izenpetutako hirigintza-hitzarmena.
2014ko hitzarmen bat da eta ez da ondo ulertzen zergatik aipatzen den auditoria honetan.
Ez da trukaketa bat (herri-administrazioen ondasunei buruzko araudiari lotua), baizik eta hirigintza-hitzarmen bat, berariaz arautua dagoena Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean. Horrenbestez, ez da adituaren balorazio beharrik, nahikoa da justifikatzearekin enpresa baten alde sortzen diren gainbalio guztien portzentajea Udalak berreskura dezakeela. Zehazki, irabazizko aprobetxamenduaren % 15 (gauzazkoan edo eskudirutan, edo komunitatearen onurarako izango diren toki-ekipamenduentzako (bideak, aparkalekuak, berdeguneak eta abar) lur-azalerak. Txostena badago eta bertan justifikaturik azaltzen da enpresak Udalaren alde egiten dituen lagapenen zenbatekoa, izan, indarreko legediaren arabera gutxienez ematera behartuta dagoena baino gehiago dela. Beste alde batetik, adierazi beharra dago ezen legezko xedapen bati jarraituz hirigintza-plangintza bat aldatzeko hitzarmen bat sinatzeak ez duela baldintzatzen udal-autonomia plangintza hori izapidetzerakoan erabakiak hartzea, ez eta horren gaineko azken erabakia, zeina AFAri bailegokio gai horretan.