EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019040

29/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Bidasoa ESIko zuzendari gerentearena. Honen bidez, Bidasoa Erakunde Sanitario Integratuaren Larrialdietako atalburu sanitarioaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdia egiten da.

Xedapenaren zenbakia: 201900029
Xedapenaren data: 2019-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201901030
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Bidasoa ESIko Larrialdietako atalburu sanitarioaren lanpostua hutsik dago. Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea, arau hauetan ezartzen denari jarraiturik: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komuna, Zerbitzuburu eta atalburu medikoen lanpostuak betetzeari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Jarraibidea, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen 2005eko uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Hauek dira oinarriak:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Estatutupeko, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta jarduneko zerbitzuan egotea edo eskainitako lanpostuaren lanbide-talde berari dagokion kategoria bateko lanpostua erreserbatzea dakarren beste administrazio-egoera batean egotea, mediku-tekniko espezialisten (A1) lantalde profesionalen kategoriako lanpostuan.
b) Deitutako lanpostuari dagozkion titulua eta espezialitatea edukitzea (medikuntza eta zirugian lizentziatua eta A1 taldeko beste edozein espezializaziotan).
c) Gutxienez, 3 urteko lan-esperientzia edukitzea Ospitaleko Larrialdietako fakultatibo espezialista mediko gisa.
Bigarrena.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Buletin Ofizialean (BOE), eta Osakidetza – Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
Hirugarrena.– Eskaerak aurkeztea eta epea.
Interesatuek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoa ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak (Zubieta Soro Mendelu Auzoa, 20280 Hondarribia), hamabost egun balioduneko epean, Ebazpen hau dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzen den azken egunaren biharamunetik aurrera.
Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek beren datu pertsonal guztiekin bidali behar dute eskabidea, curriculum vitae dokumentatuarekin batera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoa ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara (Zubieta Soro Mendelu Auzoa, 20280 Hondarribia). Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
e) Bete nahi den Atala Kudeatzeko Memoria Proiektua.
f) Meritu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
Laugarrena.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Bidasoa ESIko zuzendari gerenteak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko; eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Horrez gain, horren bidez aginduko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian argitaratzeko, eta hamar egun balioduneko epea emango du, zerrenda argitaratzen den azken egunaren biharamunetik hasita, erreklamazioak bide administratibotik aurkezteko. Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenarekin batera interesdunei eskatuko zaie ikusitako akatsak zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak bidaltzeko hamar egun balioduneko epean; eta, jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betiko.
Bosgarrena.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak egiteko edota akatsak zuzentzeko epea amaituta, Bidasoa ESIko zuzendari gerenteak ebazpen bidez argitaratuko du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Seigarrena.– Balorazio Batzordea.
Bidasoa ESIko zuzendari gerentearen ebazpen bidez Balorazio-batzordea eratuko da eta zuzendari medikoa izango da batzordeburu. Hauek izango dira batzordekide: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzu Korporatiboko Burua, Pertsonaleko zuzendaria (idazkari-funtzioak ere beteko ditu, ahots eta botoarekin), eta beste hiru kide (horietako bat, IVAP-ek izendatua). Azken hiru horiek, batetik, hautagaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea izango dute; bestetik, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izango dira; eta, hirugarrenik, deitutako lanpostuaren hierarkia-maila bera edo handiagoa duen lanpostu funtzional bat izan beharko dute.
Batzordeko titular bakoitzeko haren ordezkoa izendatuko eta titularren araudi-eskakizun guztiak bete beharko dituzte. Aipatutako lanposturik ez balitz edo hutsik balego, honen baliokidea izendatu ahalko da Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan.
Balorazio batzordekide guztiek zeinek bere izenean parte hartzen dute, funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko menpekotasunari kalterik egin gabe.
Balorazio Batzordearen osaerak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioari erantzungo dio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoaren arabera, zirkunstantziek hala ahalbidetuz gero. Ordezkapen orekatutzat joko da sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, gutxienez.
Batzordeko kideek abstenitu beharko dute baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren gaineko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude; eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horiexek direla kausa, interesdunek errekusazioa abiarazi dezakete edozein unetan, aipatu legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Era berean, Balorazio Batzordeak bere jarduna egokitu beharko du aipatutako 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako arauen arabera.
Batzordekide guztiek ahots eta botoa izango dute; eta erabakiak boto-gehiengoz hartu, eta aktan jasoko dira.
Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legaltasuna zainduko du, eta objektibitatea bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, hautagaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta bertan jasotako meritu-baremoei jarraituta.
Zazpigarrena.– Hautaketa Prozedura.
Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:
1.– Memoria- Kudeaketa proiektuaren azalpena eta defentsa (gehinez, 30 puntu).
Hautagaiak Balorazio Batzordeak deituko ditu, gutxienez hamabost egun balioduneko aurrerapenarekin, kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko data, lekua eta ordua adieraziz. Proiektuaren memoria prozesuan parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztuko dute.
Izaera orokorrarekin, aurkeztutako kudeaketa-proiektu ezberdinen defentsa publikoaren aurretik, Balorazio Batzordeko kideek Batzordearen kideei haiei eragin ahal diezaieketen abstentzio edo ezespen arrazoi posibleak berrikusiko dituzte eta horiek deitu duen organoari jakinaraziko zaizkio.
Ondoren, hautagai bakoitzari deituko zaio, proiektuaren azalpena eta defentsa egin ditzan. Horren ostean, elkarrizketa bat egingo zaio eta, horren bidez, balorazio batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdien inguruko galderak egingo dizkiote, gehiago argitzeko edo gaian sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa, eta baita elkarrizketa ere, publikoak izango dira.
Hautagaien azalpen publikoa amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak hautagai bakoitza puntuatuko du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
Batzordeko kide bakoitzak Proiektuaren edukia eta azalpen publikoa indibidualki baloratuko du, oinarrietako 1. Atalean biltzen diren irizpideen arabera, Fase honetan, gutxienez, 115 puntu lortu beharko dira.
2.– Merituen balorazioa (gehinez, 30 puntu).
Balorazio Batzordeak hautagai bakoitzaren merituen balorazioa eta puntuazioa egingo du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Balorazioa Merituen Balorazioko 2. Atalean ezarritakoaren arabera egingo da.
3.– Euskararen ezagutza (gehinez, 6 puntu).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Akta eta izendapen-proposamena.
Balorazio Batzordearen saio bakoitzeko akta bat egingo da, bertan balorazio-batzordeak hautagai bakoitzari merezimenduen baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioak, baita guztira emandakoa ere.
Halaber, bertan puntuazioak emateko erabilitako oinarrizko ezaugarrien azalpen laburra ere jasoko da, bai Memoria- Kudeaketa-Proiektuaren edukiari, bai honen azalpen publikoari dagokionean, eta baita gainerako ataletan emandako puntuazio zehatza ere.
Zenbait hautagaien puntuazioan berdinketa egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna dagokien kategoria eta lanpostu funtzionaletan, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikuluan araututakoari jarraituz.
Berdinketak jarraitzen badu, atal bakoitzean eta horien hurrenkeraren arabera guztira punturik gehien duen izangaiaren alde erabakiko da.
1) Memoria-Kudeaketa Proiektua eta defentsa publikoa.
2) Bestelako merituak.
3) Euskara.
Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, parte hartzen duen kategoria profesionalean zerbitzu aktiboan egun gehien daukan izangaiaren alde erabakiko da.
Azkenik, berdinketa horrela ere hausten ez bada, lehenen jaio den izangaiaren alde ebatziko da.
Lanpostuaz jabetu ahal izateko, beharrezkoa izango da prozesu osoan gehinezko 33 puntuetatik erdia lortzea, gutxienez, eta derrigorrez, proiektuaren balorazioan eta haren defentsaren arloari dagokion puntuazioaren erdia, 15 puntu.
Aktan puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren aldeko Balorazio Batzordearen proposamena jasoko da.
Zortzigarrena.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Hautagaiek aurkeztutako proiektuen eta haien curriculum-merituak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Bidasoa ESIko Gerentzia Zuzendaritzari, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde eginez, eta baremoaren epigrafe bakoitzean hautagaiek lortutako puntuazioak modu xehatuan adieraziz. Ez baldin badago deialdian eskatutako eskakizunak betetzen dituen hautagairik, edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
2.– Bidasoa ESIko zuzendari gerenteak, egindako proposamena ikusita, ebazpena emango du proposatutako hautagaia deitutako lanpostua betetzeko izendatzeko, edo hutsik utziko du. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da: a) ez da hautagairik aurkeztu, b) ez dago aurkeztutako hautagaien artean deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituenik, c) ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen hautagairik. Aurreko a) atalaren kasuan, Gerentzia Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi dezake, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartu ondoren, izapide gehiagorik egin gabe.
3.– Izendapenaren Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzako web orrian argitaratuko da. Ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.
Bederatzigarrena.– Esleipenaren ondorioak.
Izendapen Ebazpenak ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen denetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Atalburu fakultatibo gisako izendapena lau urteko eperako izango da; eta hori luzatu egin liteke.
Hamargarrena.– Errekurtsoak.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatutakoaren arabera. ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen honen Iragarkia Euskal Herriko Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hondarribia, 2019ko urtarrilaren 10a.
Bidasoa ESIko zuzendari gerentea,
M.ª ICIAR PEREZ IRAZUSTA.
ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA
Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 33 puntu).
Fase honetan egin beharrekoak dira, batetik, epaimahai kalifikatzailearen aurrean dagokion atalaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko jendaurreko azalpena, eta, bestetik, izangaiarekiko elkarrizketa.
Fase honen puntuazioa hurrengo bi ataletan xehatzen da:
a) Aurkeztutako atalaren kudeaketaren Memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez 15 puntu).
a.1.– Antolakuntzaren atala eta kudeaketakoa.
Ataleko organigrama, buruzagitza-lanpostuaren funtzioak eta, bestetik, hari atxikitako gainerako lanpostuenak adierazita.
Atalak eta erakunde bereko beste zerbitzuek elkarren artean duten harremana.
Ataleko buruzagitzaren kudeaketa-plana, antolamendu-helburuak definituta, hobekuntzako arloak detektatu eta aztertuta, eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Eta, horrekin batera, esleitutako giza baliabideak, eta baliabide materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromiso edo plana.
a.2.– Asistentzia-atala:
Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.
Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.
a.3.– Irakaskuntzaren eta Ikerkuntzaren atala:
Atalean irakaskuntzaren planifikazioa ezartzea.
b) Memoria-proiektuaren azalpen publikoa Balorazio Batzordearen aurrean eta ondorengo elkarrizketa (gehienez, 15 puntu).
Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzean, proiektua defendatzeko izandako argitasun eta laburtasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.
I.– Merituen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Laneko esperientzia (gehienez, 13 puntu):
Larrialdi espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,050 puntu.
Larrialdietako zerbitzuan atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
Larrialdietan zerbitzuburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,100 puntu.
Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakoetan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko dugu.
II.2.– Prestakuntza, Irakaskuntza eta Ezagutzaren hedapena (17 puntu, gehienez).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu-kopurua bakarrik agertzen denean, 0,1 puntukoa izango da puntuazioa kreditu bakoitzeko
II.2.1.– Prestakuntza kudeaketa arloan (3 puntu, gehienez).
Osasun-kudeaketari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
20 eta 30 ordu artean: 0,200 puntu.
31 eta 50 ordu artean: 0,300 puntu.
51 eta 100 ordu artean: 0,400 puntu.
101 eta 200 ordu artean: 0,500 puntu.
200 ordutik gora: 1,250 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (3 puntu, gehienez):
Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
20 eta 30 ordu artean: 0,200 puntu.
31 eta 50 ordu artean: 0,300 puntu.
51 eta 100 ordu artean: 0,400 puntu.
101 eta 200 ordu artean: 0,500 puntu.
200 ordutik gora: 1,250 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (5 puntu, gehienez):
Doktorea: 3 puntu.
Cum laude doktorea: 4,000 puntu.
Graduondoko masterra: 2,000 puntu.
Unibertsitate-aditua edo espezialista: 1,00 puntu.
Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1,000 puntu.
Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,100 puntu.
Ez dira baloratuko doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (3 puntu, gehienez):
Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,25 puntu.
Estatuko txosten bakoitzeko: 1,000 puntu.
Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,500 puntu.
Ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,150 puntu.
Ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,600 puntu.
Ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,000 puntu.
Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,200 puntu.
Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,750 puntu.
Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,250 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,000 puntu.
Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,50 puntu.
Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2,000 puntu.
Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1,000 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,000 puntu.
Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,500 puntu.
Tesina bakoitzeko: 1,500 puntu.
II.2.5 .– Irakaskuntzako jarduera (3 puntu, gehienez):
Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.
Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,500 puntu.
Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,250 puntu.
Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,500 puntu.
Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
III.– Euskararen ezagutza (6 puntu, gehienez).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.