EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019036

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 6koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erregistratu, argitaratu eta gordailutu dadila antzinatasunari buruzko akordio partziala, gaixoak eta zaurituak Euskal Autonomia Erkidegoan anbulantziaz garraiatzeko hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordeak egina.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-02-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201900900
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2019ko urtarrilaren 17an aurkeztu da, REGCONen, antzinatasunari buruzko akordio partzialaren nahitaezko dokumentazioa. Gaixoak eta zaurituak Euskal Autonomia Erkidegoan anbulantziaz garraiatzeko hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordeak egin du akordio hori.
Bigarrena.– Zenbait sindikatuk –LSB-USO, LAB, CCOO eta UGTk– eta Euskadiko Osasun Garraioko Elkarteak (EOGE), Sanitransek eta Euskadiko Garraio Soziosanitarioko Elkarteak (EGS) izenpetu zuten akordio hori, 2019ko urtarrilaren 17an.
Hirugarrena.– Akordio partzial hori sinatu dutenek pertsona bat izendatu dute, sinatze-aktan, akordioa erregistratu eta argitara dezan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako eskumena, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua (2015-10-24ko BOE), betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin, zeinaren 16. artikuluan sortzen baita Lan eta Justizia Saila eta lehen xedapen iragankorrean ezartzen baitu erregelamendu organikoak indarrean daudela. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, Hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.
Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea akordioa inskribatu eta gordailutu dadin Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 6a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
ANTZINATASUNARI BURUZKO AKORDIO PARTZIALA, GAIXOAK ETA ZAURITUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ANBULANTZIAZ GARRAIATZEKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN NEGOZIAZIO-BATZORDEAK EGINA
Zenbait enpresa erakundek –Sanitrans, EGS eta EOGEk– eta LSB-USO, LAB, UGT eta CC.OO. sindikatuek erabaki dute antzinatasun-osagarriari buruzko akordio partzial bat egitea, Langileen Estatutuari buruzko 83.3 artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz sinatua, honako hauei jarraituz:
1. artikulua.– Hitzartzen duten alderdiak.
Eremu sektorialeko akordio kolektibo honen sinatzaileak dira: enpresen aldetik, Sanitrans, EGS eta EOGE, eta, sindikatuen aldetik, LSB-USO, LAB, UGT eta CC.OO.
Bi ordezkaritza horiek, sindikatuenak nahiz enpresenak, indarrean dagoen laneko legeak betez, elkarri aitortzen diote eremu honetan solaskide izateko behar duten legitimazioa eta ordezkaritza, akordio kolektibo bat egiteko, Langileen Estatutuan ezarritako eraginkortasun orokorra izango duena.
2. artikulua.– Izaera juridikoa.
Akordio honek eraginkortasun orokorra du, eta Langileen Estatutuen III. tituluan aurreikusitako ahalmenekin bat etorrita negoziatu eta hitzartu da. Gainera, hitzarmen kolektiboaren izaera dauka aipatutako arauaren 83. artikuluarekin bat etorriz arautzen diren arloetarako bakar-bakarrik.
3. artikulua.– Akordio hau aplikatzen den eremu funtzionala eta pertsonala.
Akordio honetako xedapenak nahitaez aplikatu behar zaizkie gaixoak eta zaurituak Euskal Autonomia Erkidegoan anbulantziaz modalitate guztietan garraiatzen dituzten enpresa eta erakundeei.
Akordio hau aplikatuko zaie, halaber, lehenago aipatutako enpresa eta erakundeetan lanean jarduten duten langile guztiei; salbuespen bakarra Langileen Estatutuaren 1.3.c artikuluan aipatzen diren goi-zuzendaritzako langileak dira.
4. artikulua.– Lurralde-eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoan akordioaren eremu funtzionalean jarduten duten enpresa eta langileei aplikatuko zaie akordio hau, edozein dela ere haien helbidea edo ezarpena.
5. artikulua.– Indarraldia. Akordioa salatzea eta berrikustea.
Xedapen hau 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Akordio honetan ezarritakoa Euskal Autonomia Erkidegoko garraio sanitarioaren arloan aurrerago egingo den hitzarmen kolektibo autonomikoaren xedapen arauemailetan txertatuko da, hitzarmen hori izenpetzen den unean, eta, bien bitartean, indarrean egongo da hitzarmen horren akordio partzial gisa, 2019ko abenduaren 31ra arte, gutxienez.
Hori gorabehera, akordioa berez joko da salatutzat, amaitu baino hiru hilabete lehenago, non eta aurretik izenpetzen ez den eremu autonomikoko hitzarmen kolektibo bat. Akordioa salatuta ere, haren edukiak indarrean jarraituko du, bera berritzeko berariazko hitzarmen bat lortu arte.
6. artikulua.– Batzorde paritarioa.
Indarrean dagoen bitartean, hitzartutakoa interpretatu eta zaintzeko, alderdiek batzorde paritario bat eratuko dute haien artean, kide hauek izango dituena: lau kide, enpresa-erakunde sinatzaileen izenean – bi kide Sanitrans ordezkatuz, bat EGS ordezkatuz eta beste bat EOGE ordezkatuz–, eta beste hainbeste kide sindikatu sinatzaileen izenean –kide bana sindikatuak ordezkatuz–.
Batzorde paritarioan parte hartzen duen erakunde bakoitzak han duen ordezkaritza negoziazio-batzordean duen ordezkaritzarekiko proportzionala izango da.
Batzorde paritarioaren egoitza Lan Harremanen Kontseiluarena izango da: Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua (Bilbao).
Batzorde horren eskumenak legez dagozkionak izango dira, betiere akordio honetan lortutako arauzko konpromisoak eta betebeharrak zaindu eta interpretatzeari dagokienez.
Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak ebazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-gatazkak auzi-bideetatik kanpo ebazteko sistemetara jo daiteke.
7. artikulua.– Antzinatasuna.
Langileek, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako hauek jasoko dituzte antzinatasun-osagarriagatik:
Hiru urte bete dutenek, % 3.
Laugarren urtetik aurrera, % 1eko igoera, jarraitzen duten urte bakoitzeko.
Etengabe hogei urte edo gehiago zerbitzuan jarduteagatik, % 20.
Antzinatasun-zenbatekoak eguneratzea, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera atzerapenak ordaintzea.
2019ko urtarrilaren 1ean enpresan hamasei urte edo gehiago bete dituzten langileek eskubidea izango dute ordura arte jasotzen zuten zenbatekoa gehitu dadin, aurreko paragrafoetan aurreikusitako ehunekoei jarraituz. Enpresek hiru hilabeteko epea izango dute, akordio hau argitaratzen denetik hasita, xedapen honetara egokitzeko, 2019ko urtarrilaren 1etik dagozkion atzerapenak ordainduz.
8. artikulua.– Akordioa ez aplikatzeko klausula.
Alderdiek oso-osorik beteko dute akordio honetan hitzartutakoa, indarrean dagoen bitartean. Dena den, aldiz batez beharrezkoa baldin bada akordioa ez aplikatzea, enpresak eta langileak saiatuko dira konponbide ez-traumatikoak bilatzen, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluak dioenari jarraituz.
Akordioa ez aplikatzeko legezko araubidea –Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarrita dago– zenbait alderditan osatu eta garatzeko, honako hau ezartzen da:
1.– Enpresek kontsultak egiteko aldi bat irekiko dute, 15 egunekoa, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluko arauei jarraituz. Horretarako, aldez aurretik jakinaraziko diete langileei modu sinesgarriz kontsultak egiteko aldi bat ireki nahi dutela, arau horretan xedatzen den eran, eta, eskatuko diete, halaber, ezarritako epeetan ordezkaritza-batzorde bat eratu dezaten, zeinari jakinaraziko baitzaio kontsulta-aldia ireki dela. Idazki horren berri emango diote, orobat, akordioaren batzorde paritarioari, jakitun egon dadin. Langileek legezko ordezkaririk ez badute, jakinarazpen horretan adieraziko da langileek eskubidea dutela bi aukera hauen artean hautatzeko: beren ordezkaritza gehienez enpresako hiru langilek osatutako batzorde bati ematea –hirurak ere demokratikoki aukeratuko dira–, edo hiru kideko batzorde bati ematea –akordio honetako negoziazio-batzordeko partaide izateko legitimazioa duten sindikatuek izendatuko dituzte kide horiek beren ordezkaritzaren arabera–.
2.– Kontsulta-aldian akordiorik lortu ezean, negoziatzeko legitimazioa duten alderdiak behartuta egongo dira PRECO lanbide arteko akordioaren bitartekaritza-prozedura, 2000ko apirilaren 4ko EHAAn argitaratutako bertsiokoa, agortzera. Arbitraje-prozeduran, beharrezkoa da alderdien arteko adostasuna lortzea.
Bitartekaritza-prozeduran, bitartekaria ahaleginduko da alderdiek akordio bat egin dezaten, eta, halakorik lortzen ez badu, proposamen formal bat aurkeztuko die, alderdi bakoitzak onar edo bazter dezan, lanbide arteko akordioan ezarritakoari jarraituz.
3.– Alderdiek, bitartekaritza horretara jo aurretik, desadostasuna eramango dute akordioaren batzorde paritariora, zeina hurrengo 48 orduetan bilduko baita eta zazpi eguneko epea izango baitu erabakitzeko. Epe hori 14 egunera zabal daiteke, dokumentazioaren azterketak hala eskatzen badu, betiere batzordera jotzen duen alderdiak eskaeran berariaz kontrakoa adierazten ez badu.
4.– Kontsulta-aldiari hasiera ematen dion enpresak, aldi horren hasiera jakinarazten duenean, langileen esku jarri beharko du akordioa ez aplikatzeko emandako arrazoiak egiaztatzen dituzten dokumentuak. Kontsulta-aldiaren hasieran enpresak aurkeztu beharreko dokumentazioa beharrezkoa izango da langileen ordezkariek fidagarritasunez ezagut dezaten zergatik ez den akordioa aplikatuko, eta, langileek, beharrezkoa baderitzote, enpresak aurkeztutako dokumentazioaz besteko dokumentu osagarri batzuk eska ditzakete. Dokumentazioari buruzko desadostasunik izanez gero, erreferentziatzat hartuko da urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan kaleratze kolektiboetarako legez ezarritakoa.
Betiere, jakinarazitako informazioa isilpean eta konfidentzialtasunez gorde beharko dute. Izan ere, informazio hori zuhurtziaz emango da, eta negoziazioaren eta enpresaren eremuan bakarrik erabiliko da, Gainera, eskuratutako dokumentazioa jaso izanaren agiria sinatu beharko dute, eta eurena izango da dokumentazio hori zuzen erabiltzeko ardura.
5.– Enpresak, langileei akordioa ez aplikatzeko eskaeran, azaldu beharko du zer neurritaraino den lagungarria akordioa ez aplikatzea enpresak agertutako egoera gainditzeko. Negoziazioan, gatazkako alderdiek aztertu beharko dute zenbateraino den egokia eta arrazoizkoa enpresak proposatutako neurria, egoeraren kausa aintzat hartuta.
6.– Alderdiek, akordioa ez aplikatzeko prozedura guztian, fede onez jardun beharko dute, akordio bat lortzekotan.
7.– Adierazitako prozedurari jarraituz desadostasuna ebazten ez bada, Hitzarmen Kolektiboen Aholku Batzorde Nazionalera edo ORPRICCE autonomikora jo daiteke, baina, horretarako, beharrezkoa izango da alderdi bakoitzaren gehiengoa horren alde agertzea.
8.– Langileen Estatutuaren egungo 82.3 artikulua edo aurreko paragrafoetan aipatutako egungo PRECO akordioa aldatzen badira, alderdi sinatzaileak bilduko dira akordio honetako batzorde paritarioaren bidez, artikulu honetako idazkera egokitzeko, hala behar izanez gero.
9.– Ez da inoiz ere akordioa ez aplikatzeko justifikazio onargarria izango enpresak zerbitzuaren esleipena prezio merkeagoan eskuratzea Administrazioak lizitazioan ezartzen duen prezioa baino.