EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019035

3/2019 LEGEA, otsailaren 14koa, hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzkoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201900003
Xedapenaren data: 2019-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201900869
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/12/29an argitaratutako 2017/12/22ko 201700005 LEGEA

Eusko Legebiltzarrak 3/2019 Legea, otsailaren 14koa, hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Hasia da 2019. urtea, baina oraindik ez da onartu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektua, ekitaldi honi dagokiona. Horren ondorioz, automatikoki indarrean sartu da Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan jasotzen den luzapen-araubidea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori). Titulu horren arabera, izan ere, gerta liteke ekitaldi baten hasieran ekitaldi horretarako aurrekontuak onartu gabe egotea eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldia ekitaldi horretara luzatzea. Indarraldia, nolanahi ere, luzapen-araubidea oro har erregulatzen duen araudiari jarraituz luzatuko da beti.
Hain zuzen, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluaren helburua da aurrekontu orokorren luzapena oro har arautzea, eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldiaren luzapena osatzea; horretarako, oinarrizko arau eta adostasun-arau jakin batzuk ezartzen ditu, luzapen-aldian aplikatzeko. Arau horiek modua ematen dute aurrekontua gauzatzeko; horrela, aurreko ekitaldietatik edota luzatutako ekitaldian amaitu ez ziren programa edo jarduketetatik eratorritako egitura-gastuak eta aurrekontu-konpromisoak estal daitezke. Arauok, hori bai, behin-behinekoak izango dira.
Hori dela eta, uste da komenigarria eta egokia dela luzapenak eragindako zenbait arazo konpontzeko neurri batzuk ezartzea, arazo horiei premiazko eta berehalako konponbidea emate aldera, baina lege-mailako arau bat behar da neurri horiek aplikatu ahal izateko. Kasurako, hauek izan daitezke neurri horietako batzuk: UPV/EHUrako aurrekontu-zuzkidura finkatzea edo hezkuntza-itunen moduluen osagaiak eguneratzea.
Horri begira, beraz, arau honen bidez zenbait xedapen onartzen dira, aurrekontu-luzapenaren araubidearen osagarri, aurrekontu luzatuan gaikuntzarik ez duten gastu jakin batzuk baimentzeko helburuz; izan ere, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean diren xedapenen arabera, gastu horiek gauzatzeko, kreditu gehigarriak eman behar dira, eta, beraz, lege-mailako arau bat behar da.
Aurreikusitako neurri horiek finantzatzeko beharrezko diren kredituak 2019ko ekitaldira luzatutako gastuen egoera-orrian esleitutakoarekin baino zenbateko handiagoarekin finantzatu behar dira. Horretarako, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2019ko ekitaldirako aurreikusitako ekarpenekin lortutako diru-sarrerak erabiliko dira, zeinak handiagoak baitira Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko Aurrekontuaren sarreren egoera-orrian esleitutako zenbatekoak baino; halaber, diruzaintzako geldikinak erabiliko dira kredituak finantzatzeko. Ekitaldi honetan diru-sarrera handiagoak daudenez, beraz, arau honetan jasotako neurriak finantzatu ahal izango dira; horrez gain, dena dela, bete egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasankortasunari dagokionez ezarri dituen helburu eta konpromisoak.
1. artikulua.– UPV/EHUren aurrekontu-zuzkidura.
Euskal Autonomia Erkidegoak 314.040.099 euroko aurrekontu-zuzkidura emango dio Euskal Herriko Unibertsitateari 2019ko ekitaldirako, honako kontzeptu hauetan banakatuta:
– Ekarpen arrunta: 265.407.873 euro gastu arruntetarako eta 1.500.000 euro kapital-eragiketetarako.
– Programa-kontratuak finantzatzeko ekarpen gehigarria: 31.582.359 euro.
– Inbertsioetarako urte anitzeko plana finantzatzeko kredituak: 500.000 euro.
– Banakako ordainsari-osagarriak finantzatzeko kredituak: 15.049.867 euro.
2. artikulua.– Itunpeko ikastetxeen gastuei aurre egiteko ekonomia-modulua.
1.– 2019ko ekitaldian, hezkuntza-maila bakoitzaren moduluko osagaiak eta dagozkien zenbatekoak lege honen eranskinean finkatutakoak izango dira. Eranskin horretan zehaztutako modulu ekonomikoak gehieneko mugak dira modulua osatzen duten kontzeptu guztietarako.
2.– Hala ere, ordainketa eskuordetua daukaten mailetan, irakasle bakoitzaren benetako antzinatasuna kontuan hartuta ordainduko da inoren kontura diharduten langileen eta kooperatibisten antzinatasuna.
Ordainketa eskuordetuaren sisteman sartutako talde osoarentzako Gizarte Segurantzarako kotizazioa, era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero zehazten diren kotizazio-tasen arabera egingo da.
3.– Baldin eta Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainsariak aldatzen badira 2019. urteko ekitaldi ekonomikorako, eranskinean finkatzen diren modulu ekonomikoak ere automatikoki aldatutzat hartuko dira, honako zenbateko honetan: hezkuntza-itunen langileria-gastuen osagaiei, Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileentzat ezartzen den ordainsari-aldaketaren portzentajea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan. Dena dela, modulu horiek aplikatzean ezin izango dira gainditu itunpeko ikastetxeetako langileentzat sektorean indarrean dauden akordioek ezarritako ordainsariak.
4.– Ezein kasutan ez da onartuko itunpeko ikastetxeetako langileen ordainsarietan aldaketarik egitea, baldin eta ordainsari-aldaketa horien ondorioz gainditzen badira artikulu honetan aipatzen diren modulu ekonomikoetako langileria-gastuen osagaietarako finkatzen diren zenbatekoak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa.
Lege honetako neurriak Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 133. artikuluari jarraituz finantzatuko dira (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori), eta, hala badagokio, diruzaintzako geldikinen kargura.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Baimenak.
1.– Jaurlaritzari baimena ematen zaio sarreren eta gastuen egoera-orriak lege honetako xedapenetara egokitzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko 2019ko ekitaldian, aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenei jarraikiz.
2.– Eusko Legebiltzarrari xedapen honen babesean egindako eragiketen berri emango zaio.
AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Garapena eta betearazpena.
Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 15a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
ERANSKINA 3/2019 LEGEA, OTSAILAREN 14KOA
ITUNPEKO IKASTETXEEN GASTUEI AURRE EGITEKO EKONOMIA MODULUA
1.– Lege honen 5. artikuluaren arabera, itunpeko ikastetxeen ikasgela bakoitzeko ekonomia-moduluen osagaien urteko zenbatekoak eranskin honetan zehaztutako moduan geratuko dira hezkuntza-maila guztietarako, modulu betea daukaten gela itunduei dagokienez.
2.– Zati-moduluak honako irizpide honen arabera eguneratuko dira: erreferentziako modulu betearen gainean ikasgela bakoitzarengatik, eta moduluari jarraikiz, aplikatu beharreko finantzaketa-ehunekoari eutsi egingo zaio lege honen bidez onartzen diren modulu beteak ezarri ondoren.
3.– HLO heziketa-zikloren bat ezartzen baldin bada eta ziklo horren modulua lege honetan onartuta ez badago, Hezkuntza Administrazioak eranskin honetan agertzen den pareko ziklo baten modulua aplikatuko dio, betiere bere ustez bidezkoa dena.