EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019034

12/2019 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Zuzenbide Fakultateko ikasleek Segurtasun Sailean kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten.

Xedapenaren zenbakia: 201900012
Xedapenaren data: 2019-02-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201900846
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Zuzenbide Fakultateko ikasleek Segurtasun Sailean kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 7KO 12/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN (SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ) ARTEKOA, ZUZENBIDE FAKULTATEKO IKASLEEK SEGURTASUN SAILEAN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 11.
BILDUTA:
Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Eta bestetik, Juana Goizueta Vértiz andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko jarduneko dekanoa den aldetik.
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzeko beharrezko lege-gaitasuna onartzen diote elkarri. Bi alderdiek gaitasuna eta legitimazioa aitortzen dizkiote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezarritako baldintzak betetzeko, eta horretarako, hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean UPV/EHU) gizartearen zerbitzuan diharduen zuzenbide publikoko erakundea da. Autonomia du eta, nortasun eta ahalmen juridikoaz gain, bere ondare propioa du; hain zuzen, dagokion eskumen-esparruan, kalitatearen eta bikaintasunaren ezinbesteko helburua hartuta, goi-mailako irakaskuntza eskaintzeko, horretarako eskolak, ikerketa, azterketa, kultura- eta unibertsitate-proiekzioa, kudeaketa-prozesuak eta bere jarduerak sostengatzen dituzten zerbitzuak erabiliz.
Bigarrena.– UPV/EHUren Estatutuekin bat etorriz, unibertsitateak irakaskuntza-baldintzak eta eskaintza osagarriak sustatuko ditu ikasleen garapen pertsonala, prestakuntza integrala eta ikerketa- eta garapen-jardueren arloko lankidetza lortzera zuzenduta. Asmo horrekin, hezkuntza-lankidetzarako eta enpresa eta erakunde publiko edo pribatuetan praktikak egiteko lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu. Hitzarmen horiek izenpetzeko eta berorien amaiera iragartzeko beharrezkoa izango da UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak onartutako jarraibideak betetzea.
Hirugarrena.– UPV/EHUk dituen helburuen artean dago profesionalak irakaskuntzaren goi-mailan prestatzea eta trebatzea gizarte-inguruneko eskarietara egokituta. Horrek eragiten du unibertsitateko titulazio eta espezialitateetako ikasleek lanbide-errealitatearekin lotutako prestakuntza praktikoa izan behar dutela; hori dela eta, oso interesgarritzat jotzen da praktikak gizarteko erakunde- edo ekoizpen-egituraren barruan egitea.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia-erkidegoko polizia; b) Hauteskunde-administrazioa; c) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-bideetatik dabiltzan ibilgailuen zirkulazioaren polizia; e) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisioak eta komunikazioak; g) Poliziaren ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak (Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
Bosgarrena.– Hitzarmen honen xedea da Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUren artean ahalik eta lankidetzarik handiena bultzatzea eta; horretarako, bi erakundeek dituzten baliabideen erabilera hobeezina sustatuko du.
Seigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik izango ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazioko ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da. Asmo horrekin, prestakuntza lan-zentroetako inguruabar errealetara egokitu eta talde horrek lanbide-errealitatearekin eta errealitate horrek egun dituen arazoekin zuzeneko kontaktua izatea sustatuko da. Horrek ekarriko du titulazioa jasoko duten pertsonen lanbide-gaitasuna hobea izatea.
Adierazitakoagatik, bi aldeek
ADOSTU DUTE:
Bakarra.– Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Hitzarmen honen helburua da UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko jarduera-esparru erkidea antolatzea; hain zuzen, Zuzenbide Fakultateko ikasleentzat, Segurtasun Sailean praktikak egin ditzaten, hezkuntza-lankidetzarako programak garatzeko.
Bigarrena.– Praktika-programa.
UPV/EHUk, Zuzenbide Fakultatearen bitartez, titulazio horretarako praktika- eta jarduera-programa ezarriko du eta ikasturtea hasi baino lehen Segurtasun Saileko arduradunei horren berri emango die. Programa horretan datu hauek behintzat zehaztuko ditu:
a) Eraginpeko ikasleen zerrenda eta tutorearen izena.
b) Ebaluazio eta kontrolerako sistemak.
c) Helburu programatikoen eta aurreikusitako jardueren proposamena.
d) Egutegiaren eta praktika-ordutegien proposamena.
Hirugarrena.– UPV/EHUren berariazko konpromisoak.
Zuzenbide Fakultateko dekanordeak ikasle bakoitzari irakasle tutore bat esleituko dio. Segurtasun Sailak izendatutako instruktorearekin koordinatuta, pertsona horrek ikaslearen prestakuntzaren ardura izango du, baita ikaslea ebaluatzeko eginkizuna ere.
Laugarrena.– Segurtasun Sailaren berariazko konpromisoak.
1.– Segurtasun Sailak bermatuko du praktikak egiteko instalazioak eta beharrezko baliabideak erabili ahalko direla eta; aldi berean, zehaztuko du zenbat ikaslek har dezakeen parte, une horretan dituen baliabideak eta lortu nahi diren helburuak kontuan hartuta.
Praktikak amaitutakoan, Segurtasun Sailak egiaztagiri bat igorriko die praktiketan aritutako ikasleei. Egiaztagiri horretan jasota geratuko da izaera informatiboa besterik ez duela, eta ez duela balio lan harreman bat egon denik egiaztatzeko.
Era berean, ikasketak bukatuta, ikaslea Segurtasun Sailean lanean hasten bada, praktiketan emandako denbora ez da antzinatasunerako zenbatuko, eta ez du probaldia izatetik salbuetsiko, salbu eta dagokion hitzarmen kolektibo aplikagarrian berariaz beste zerbait erabakita ez badago.
2.– Segurtasun Sailak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat. Instruktore horrek eginkizun hauek behintzat izango ditu:
a) Ikaslea hartzea.
b) Ikaslea erakundean dagoen bitartean haren jarduera antolatzea.
c) Ikasleari erakundearen antolamenduaz eta funtzionamenduaz informazioa ematea (helburuak, eginkizunak, inplikazio deontologikoak, etab.).
d) Behar diren eskola praktikoak ematea.
e) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea.
f) Zuzenbide Fakultateak izendatutako irakasle tutorearekin batera, programan ezarritako jardueren garapena koordinatzea.
g) Praktika amaituta, praktika horren garapenaren ebaluazioari buruzko txostena egitea (eranskina).
h) Jarraipen-batzordeari praktiken garapenean gertatutako gorabeheren berri ematea.
3.– Titulazioaren zentro arduradunak Segurtasun Sailari ez dio dirurik emango bere egoitzetan egiten diren jarduera praktikoen ordainetan.
Bosgarrena.– Instruktoreak.
Lankidetza-hitzarmenean araututakoaren ondorioetarako, UPV/EHUk «venia docendi» aitortuko Segurtasun Saileko instruktoreei. Horretarako, unibertsitateko eta campuseko praktika akademikoen zuzendari arduradunak proposatuta, campuseko errektoreordeak behar den izendapena egingo du. Orobat, eskubidea izango dute unibertsitateko instalazioetan sartzeko (liburutegiak, mintegiak, etab.) beren etengabeko prestakuntzan lagungarriak izan dakizkieke eta.
Seigarrena.– Ikasleak.
Ikasleek beren praktikak egin beharko dituzte Segurtasun Saileko praktiketarako instruktorearen eta Zuzenbide Fakultateko irakasle tutore arduradunaren kontrolpean eta begiradapean, eta, une oro, erakunde laguntzailearen funtzionamendu-arauak beteko dituzte. Gainera, ikasleek lanbide-sekretua gorde beharko dute praktikaldian garatutako jardueraren bidez jakin duen informazio orori buruz.
Zazpigarrena.– Ordutegiak.
Praktika-ordutegiak ezartzeko, kontuan izango dira praktiken ezaugarriak eta Segurtasun Sailak dituen bitartekoak, praktikek sailaren eguneroko jardueran ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.
Zortzigarrena.– Lan-harremanik eza.
Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-izaera dela eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik izango, eta edukiak ezin izango du bide eman lanpostuek berezko dituzten lan-prestazioak ordezkatzera. Halaber, jarduera hori egitearen truke ez da ordainsaririk jasoko.
Segurtasun Sailak hitzarmen hau sinatzeak ez du inola ere ekarriko bertan erabakitako konpromisoak baino gehiago hartzea.
Bederatzigarrena.– Erantzukizunak.
1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza dauka praktikak egitearen ondorioz ikasleek hartzen dituzten kalteak estaltzeko.
2.– Unibertsitateak eta praktiketako ikasleak ez dira sortzen diren kalteen erantzuleak izango baldin eta kalte horiek Segurtasun Saileko instruktoreak emandako agindu edo jarraibideengatik gertatzen badira eta horiek praktiken jarduera-programatik kanpo badaude.
3.– Eskola-asegurua osatzeko beste aseguru bat izan nahi duten ikasleek unibertsitateak hitzartuta duen istripu-poliza kolektiboa kontratatu ahalko dute.
Hamargarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen-batzordea eratuko da Zuzenbide Fakultateko bi ordezkarik eta Segurtasun Saileko beste bi kidek osatuta. Horren egitekoa izango da jarraipena egitea, praktikak edo lanak egin bitartean edo hitzarmen hen indarraldian sortzen diren interpretazio- edo egikaritze-arazoak eta gorabeherak konpontzea, baita zaintza eta kontrola egitea ere. Batzorde horretan, kide gehiago sartu ahalko dira, betiere alderdiek hala adostuta.
Horretaz gain, batzordeak eginkizun hauek ere izango ditu.
a) Bigarren klausulan adierazitako baldintzetan Zuzenbide Fakultateak aurkeztutako praktika- eta jarduera-programa aztertzea eta onartzea.
b) Zuzenbide Fakultateak proposatutako ikasleen zerrendak onartzea.
c) Ikasle bakoitzak praktikak egingo dituen zerbitzuak zehaztea.
d) Praktikak egin bitartean edo hitzarmena betetzean sortzen diren gorabeherak ebaztea.
2.– Batzordearen lehendakaritza alderdi sinatzaileek aldizka izango dute ikasturte batez. Lehendakaritzaren hasierako txanda UPV/EHUri egokituko zaio.
3.– Ikasturtean zehar, batzordeak ohiko bi bilera egingo ditu. Ezohiko bilerak, ordea, lehendakariak hala erabakitzen duenean edo bi alderdietako batek eskatzen duenean egingo dira.
Hamaikagarrena.– Datuen babesa.
Segurtasun Saila eta UPV-EHU bat datoz datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzeko, praktika horiek egiten dituzten ikasleen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez.
Hala ere, Segurtasun Sailak eta UPV-EHUk interesdunari baimena eskatu ahal izango diote bere datu pertsonalak fitxategi propio batean sartzeko.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta salaketa.
1.– Hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du sinatzen duten egunetik eta, bi aldeek berariaz adostuz gero, beste lau urte luzatu ahal izango da, betiere alderdi sinatzaileetako edozeinek salatu ezean. Hitzarmena salatuz gero, beste aldeari jakinarazi beharko zaio.
2.– Hitzarmena idatziz salatu beharko da, eta salatzeak ez du eraginik izango une horretan egiten ari diren praktiketan.
3.– Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak. Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio ez-betetzea, eta horrek praktikak lehenago bertan behera uztea egokia ote den erabaki beharko du, 10 eguneko epean, gehienez.
Hamahirugarrena.– Hitzarmena deuseztatzea.
1.– Hitzarmena azkendu egingo da hauetako bat gertatuz gero:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea bera luzatzeko erabakirik hartu gabe.
b) Alde sinatzaile guztiek aho batez erabakitzea hitzarmena baliogabetzea.
c) Sinatzaileetariko batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.
Kasu horretan, aldeetako edozeinek egin ahalko dio erreklamazioa ez-betetzea egin duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura zuzendu zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena horrexegatik suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.
e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.
2.– Kontrako akordiorik egon ezean eta sinatzen duten aldeei eta ikasleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko, martxan dauden jarduerak, hitzarmena amaitu edo deuseztatzeko unean, amaitutzat joko dira, berehala, indarraldia edo aurreko paragrafoan aipatutako salaketa arrazoitua amaitzen denean.
Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen hau bere klausulen arabera arautuko da, eta administrazio-zuzenbidearen printzipioekin bat interpretatu eta garatuko da.
2.– Alderdien artean sortzen diren eta jarraipen-batzordeak ebatzi ezin dituen dudazko edozein kontu ebazteko, alderdiek administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko dute.
Eta aurretik azaldutakoarekin ados daudela adierazteko, esku hartzen duten alderdiek hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko jarduneko dekanoa,
JUANA GOIZUETA VÉRTIZ.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
HITZARMENAREN ERANSKINA
INSTRUKTOREAREN AMAIERAKO TXOSTENA
I.– Datu orokorrak.
II.– Garatutako jardueraren deskribapena.
III.– Garatutako jarduerak edo atazak.
IV.– Instruktorearen balorazioa.
(Data, zigilua eta instruktorearen sinadura)
Aldeek bi ale izenpetu dituzte, _____________ (a)n, ___ko ________ren ________(e)(a)n