EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019034

11/2019 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Euskal Autonomia Erkidegoko txosten propio eta berezi bat idazteko, gorroto-delituei eta Europako egoerarekiko analisi konparatiboari buruz.

Xedapenaren zenbakia: 201900011
Xedapenaren data: 2019-02-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201900845
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Euskal Autonomia Erkidegoarentzako beren-beregi prestatutako txosten espezifiko bat idazteko, gorroto-delituei eta Europarekiko analisi konparatiboari buruz. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 7KO 12/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIKOA, EUSKADIKO GORROTO-DELITUEI ETA EUROPAREKIKO ANALISI KONPARATIBOARI BURUZKO URTEKO TXOSTEN BAT EGITEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 27a.
HONAKO HAUEK ELKARTU DIRA:
Batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, lehendakariaren azaroaren 26ko 35/2016 Dekretu bidez egindako izendapenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bestetik, Arturo Muga Villate jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, «EHU») Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz, EHUko Estatutuek ematen dizkioten eskumenak baliatuta.
Alderdi biek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren terminoetan behartuta geratzeko, eta, xede horretarako,
HAU ADIERAZI DUTE:
I.– Autonomia Estatutuaren 17. artikuluari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak ordena eta segurtasun publikoaren arloko eskumenak ditu eta, horren arabera, EAEko segurtasun publikoa guztiz kudeatzen du Ertzaintzaren bidez, Estatutuan bertan jasotako erkidegoz gaineko gaiak edo erkidegotik at dauden gaiak izan ezik.
II.– Hasieratik, gorroto-delituen jazarpena lehentasuna izan da Ertzaintzarentzat; izan ere, delitu horiek erauzten diren heinean, berdintasuna, tolerantzia, elkarbizitza eta errespetua errazago garatu eta ezarriko dira, eta horixe bera da gizarte demokrata aurreratu orok nahi duena.
III.– EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak, Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren DER 2015-64599-P ikerketa-proiektuaren (I+G+I) barruan –«Factores postdelictivos y peligrosidad postdelictual. Incidencia en delitos de odio y de terrorismo» izenekoa–, 2016ko hasieratik izan du Ertzaintza lankide gorroto-delituen azterketa berezian, eta Ertzaintzak, horretarako, erregistroak, estatistika propioa eta tipologia horren inguruko analisiak ekarri ditu, funtsean.
IV.– Gorago azaldutakoa oinarritzat hartuta, alderdi bien iritzia da gorroto-delituen inguruko lankidetza eta esperientzien eta ezagupenen trukea eta erakunde bion arteko zerbitzu-ematea oso garrantzitsua dela erakunde biontzat eta, bide batez, gure gizartearentzat; beraz, lankidetza-hitzarmen hau sinatzea adostu dute, hauek izango baititu arau:
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da prozedura bat egituratzea Segurtasun Saila (Ertzaintzaren bidez) eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedra lankidetzan ari daitezen, Euskadiko gorroto-delituen inguruko txosten propio eta berezia eta Europako egoerarekiko analisi konparatiboa idazteko.
Txosten horren helburua izango da kriminaltasun-mota hori epe laburrean edo ertainean hobeto ezagutu, prebenitu eta eraginkorrago erauzteko tresna bihurtzea.
Horrez gain, txosten horrek mesede egingo dio operadore juridikoekiko koordinazioari, eta gorroto-delituekiko lan-esperientzia nazioarteko erakundeetara eramaten lagunduko du; bereziki interesgarria izango da EAEko errealitatea Europaren errealitatearekin alderatu ahal izatea.
Bigarrena.– Txostena egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-delituei buruzko txostena egiteko, Segurtasun Sailak Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren esku jarriko ditu fitxategi informatikoetan egituratutako datuak, zeinekin katedrak bere ezagupen tekniko eta juridikoa eskainiko baitu txosten hori egiten laguntzeko, baita bere lan-ikuspegia ere, Europako datuekin alderatzeko.
Elkarren adostasunaz eta babesaz egingo dute txostena alderdi biek, Segurtasun Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren bidez).
Txostena Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan idatziko da, eta Segurtasun Sailari emango zaio txostenari dagokion urtearen hurrengo urteko otsaila amaitu baino lehen.
Hirugarrena.– Gorroto-delituak identifikatzea.
Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak esparru teoriko eta kontzeptuala ekarriko du alor hauetara: gorroto-delituen egituraketa eta sailkapena, gorrotoaren diskurtsoa, diskriminazioa eta gorrototzat jotako jarreren zigor- eta administrazio-garrantzia desberdina. Edu bertsuan, alorreko eremu europarraren gaineko ezagutzarekin lagunduko dute.
Laugarrena.– Datuak eta informazioa.
Segurtasun Sailak, bere aldetik, bere datu-baseetan erregistraturiko gorroto-delituekin zerikusia duten intzidente guztiak ekarriko ditu, hala eginbide judizialetara bideratuak nola administrazio-prozeduretara lerratuak, bai eta diskriminazio-egintzei buruzko beste datu batzuk ere, Euskadin egitate horien inguruko ezagutza osatzeko balio dezaketenak.
Bosgarrena.– Prebentzio-estrategia.
Txosten hori oinarri, alderdi biak lankidetzan arituko dira programak, ekintzak edo kanpainak egituratzen, kodelitu-mota horri aurre egiteko prebentzio-estrategia bat sortze aldera.
Seigarrena.– Aldizkakotasuna.
Alderdi biek adostu dute urtero egingo dela txostena, hileko egituratuta; hain zuzen ere, indarreko urteko urtarriletik abendura arteko txostenak egingo dira.
Zazpigarrena.– Publizitatea.
Alderdi biek baimena izango dute txostena edo egoki iritzitako zatiak argitaratzeko, komunikazio-politika iraunkor eta bateratua sendotze aldera, gorroto-delituen errealitatearen berri izan dezaten hala euskal gizarteak nola eta estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeek.
Zortzigarrena.– Barruko arauak.
Poliziak intzidente-mota horri eman beharreko erantzuna hobetzeko, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak laguntza emango du Ertzaintzak delitu-mota horren inguruan darabilen barruko instrukzioa hobetzeko, eta ekarpen hau egingo du: zigor-interpretaziorako elementu kontzeptualak eta delitu-mota horren ezagutza eta ikerketa hobetzeko gakoak.
Bederatzigarrena.– Prestakuntza.
Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak prestakuntza-modulu bat emango dio poliziari, zehaztuko den moduan, gorroto-delituen errealitatearen ezagutza gaurkotzeko, ikuskera juridikotik eta jurisprudentzia-ikuspegitik batez ere. Polizia-prestakuntzarekin batera, baliagarri izango da ezagutza handitzeko gorroto-delituen eta haiek ahalik eta hobekien erauzteko moduaren alorrean.
Hamargarrena.– Datuen babesa.
Segurtasun Sailaren eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren artean gorroto-delituei buruzko fitxategiak eta datuak transferitzean, zorrotz errespetatuko da datu-babesaren gaineko araudia, autonomia erkidegokoa bezala Estatukoa eta Europakoa ere.
Hamaikagarrena.– Ekonomia-araubidea.
Lankidetza-hitzarmen honen jarduerak garatzeko, Segurtasun Sailak 25.000 euro bideratuko ditu urtean, eta gorroto-delituei buruzko urteroko txostena ematen den urteari dagokion aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkio, aldez aurretik txostena aurkezten bada eta hitzarmen honetako bigarren klausulan xedatutakoari jarraiki, aurrekontu ataletan kreditu egokia eta nahikoa badago.
Hamabigarrena.– Lan/jarraipen batzordea.
Hitzarmen hau behar bezala garatzen dela bermatzeko, «Lan-batzorde» bat eratzen da. Kide hauek izango ditu: Segurtasun Saileko bi ordezkari, Ertzaintzaren Zuzendaritzari atxikiak, eta EHUko bi ordezkari, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrari atxikiak. Alderdietako edozeinek eskatzen duenean batzartuko da, eta urtean behin gutxienez, gorroto-delituen gaineko txostena ixteko, eta erakunde bion arteko lankidetzarako edozein proposamen garatzeko.
Hamahirugarrena.– Hitzarmena hedatzea.
Alderdi biek, hala irizten badiote, beste gai batzuetara heda dezakete alor-txostenaren lan-sistema, adibidez, giza eskubideetara, edo gorroto-delituez besteko delitu-esparru batzuetara, Ertzaintzak jasotako datuak oinarri, eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak bere ezagutza ekarrita.
Hamalaugarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Lankidetza-hitzarmen hau bere indarraldiaren barruan alda daiteke alderdi biek halaxe erabakiz gero.
Hamabosgarrena.– Indarraldia eta azkentzea.
Hitzarmen honek ondorioak izango ditu formalizatzen den egunetik, eta 2021eko martxoaren 1ean amaituko zaio indarraldia, salbu eta alderdietako batek salatzen badu indarraldiaren barruko aurrekontu-ekitaldi bakoitza amaitu baino sei hilabete lehenago gutxienez.
Epe hori amaitu aurretik, alderdi biek edozein unetan hitzartu ahalko dute hitzarmenaren luzapena: gehienez ere, urte bat gehiago.
Adostasunaren erakusgarri, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte alderdiek, goian adierazitako lekuan eta egunean.
EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren Arloko errektoreordea,
ARTURO MUGA VILLATE JAUNA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.