EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019034

3/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara eman dadila Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2018ko estatistikaren arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Xedapenaren zenbakia: 201900003
Xedapenaren data: 2019-01-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201900844
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2018ko estatistikaren arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena. Eranskin modura doa.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 31.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 31KO 3/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN –NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA MINISTERIOAREN BIDEZ– ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN –EKONOMIAREN GARAPEN LEHIAKORTASUN SAILAREN BIDEZ– ARTEKOA, 2018KO ESTATISTIKAREN ARLOKOA
Madril, 2018ko abenduaren 10a.
BILDU DIRA:
Batetik, María Dolores Ocaña Madrid, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako azpidazkaria, berau izendatzeko ekainaren 18ko 544/2018 Errege Dekretuari jarraikiz eta aipatu departamenduaren izenean eta hura ordezkatuz, departamendu horren eskumenen eskuordetzeari buruzko maiatzaren 8ko APM 484/2018 Aginduan eskuordetutako ahalmenekin bat.
Eta, bestetik, María Aránzazu Tapia Otaegi, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuari jarraikiz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua izendatzekoa, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako ahalmenez baliatuta.
Bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko behar besteko gaitasuna aitortu diote elkarri, eta, ados jarrita, honako hau
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 149.1.31.ª artikuluan ezarritakoarekin bat dihardu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak; artikulu horrek estatuarentzat bakarrik gordetzen du estatuaren helburuetarako estatistikaren arloko eskumena.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak bakarrik du autonomia-erkidegoaren helburuetarako estatistiken gaineko eskumena, Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeren xedea da estatuaren helburuetarako estatistiken funtzioa arautzea. Bada, haren 41. artikuluan ezartzen duenez, estatistika-eragiketen garapenari buruzko hitzarmenak egin ahal izango dituzte Estatuaren Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek, horiek hobetu eta eraginkorrago egiteko bikoiztasunak eta gastuak saihesteko. Hitzarmen horiek zehaztu beharko dituzte, koordinazioak hala eskatzen duenean, informazioa bildu, tratatu eta zabaltzeari buruzko prozedura teknikoak eta eragiketa horiek burutzeko epeak. Lankidetza-hitzarmenen esparruan, estatuko zerbitzuek estatuaren edo autonomien helburuetarako estatistiken finantzazioan parte hartzeko formulak ezarri ahal izango dira.
Hirugarrena.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-harreman estua izan dute, eta estatistikaren arloko alde biko hitzarmenak izenpetu dituzte, euren lurralde-eremuan informazioa bildu, grabatu eta datuak baliozkozteko behar diren egitekoak urtero burutu daitezen, dagokion estatistika-programa egikaritzeko xedez.
Laugarrena.– Alderdi horien iritziz, egokia da bai haien eskumenez baliatuta hitzarmen bat izenpetzea prestatutako estatistiken armonizaziorako eta alderagarritasunerako, baita informazioa biltzeko iturri bakarra ezartzeko ere, bikoiztasunak, dibergentziak eta informazio-emaileari eragozpenak saihestu eta Estatistika programa egikaritzeak dakarren kostua minimizatze aldera, eta bai estaldura-, fidagarritasun- eta aukera-maila nahikoa bermatzea, Espainiako eta Europar Batasuneko araudiaren eskakizunekin bat.
Bosgarrena.– Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusten du bi administrazio publikoren edo gehiagoren artean hitzarmenak izenpetzea, eta horietan barne hartu ahal izango da bitartekoak, zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea norbere eskumenez edo delegatutakoez baliatzeko. Ondorioz, hitzarmen hau izenpetzeko gaituta daude alderdiak.
Azaldutako guztiagatik, alderdiek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauek aintzat harturik.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da alderdi sinatzaileen elkarrekintza ezartzea nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako estatistikaren arloan, hain zuzen ere, 2018an, nekazal-ustiategietan, establezimenduetan, industria-enpresetan eta nekazal-produktuen azoketan informazioa biltzeko egiteko zehatzak burutzeko, baita horiek grabatu eta baliozkotzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, hitzarmen honen 4. klausulan aipatutako estatistika programak egikaritzeko xedez.
Bigarrena.– Jarduketak.
1.– Jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegitura Sailak:
a) Estatistika-programa egikaritzeko behar diren estatistika-eragiketak egitea, autonomia-erkidegoaren helburuetarako estatistikei buruzko eskumen esklusiboaz baliatuta.
b) Bi alderdien artean adostutako estatistika-eragiketak egitea 2018an, eta, ondoren, erdietsitako emaitzak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari helaraztea, ezarritako egutegiarekin bat.
c) Behar diren baliabide materialak eta humanoak izatea, izan zuzenean zein zeharka, adostutako estatistika-eragiketak egiteko.
2.– Jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak:
a) Estatistikaren arloan autonomia-erkidegoak egindako eragiketak tratatzea, garbitzea, sartzea eta zabaltzea, ezarritako egutegiarekin bat etorriz.
b) Hirugarren klausulan ezarritakoarekin bat finantzatzea Estatistika Programa egiteko autonomia-erkidegoak egin behar duen lanen zatia.
3.– I. eranskinean daude jarduketen xehetasunak eta 2018rako aurrekontua.
Hirugarrena.– Aurrekontua, finantzazioa eta ordaintzeko modua.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzatuko du hitzarmen hau, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren 23.02.451O.640.08 aurrekontu-aplikazioaren kargura.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren gehieneko kontribuzioa 85.008,61 eurokoa da, eta alderdiek adostutako estatistika- eragiketak egikaritzeko bideratuko dira, erabakitako urteko plangintzarekin eta estatistika-eragiketen egutegiarekin bat.
Zenbateko hori, banku-transferentziaren bidez ordainduko dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari –kodeak: ES81-2095-0611-0521-3100-0143–, egindako lanak egiaztatu eta Ministerioak adostasuna ziurtatu eta gero.
Autonomia-erkidegoak behar diren baliabide materialak eta humanoak ezarriko ditu adostutako estatistika-eragiketak egiteko.
Laugarrena.– Lan-programak.
Autonomia-erkidegoak egin behar dituen estatistika-eragiketak eta egiten dituen lan zehatzak –zeinak lankidetza-hitzarmen honen oinarria baitira– Espainiako 2017-2020 Estatistika Planean –urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onartua– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari izendatu zaizkionak izango dira, zeinetan autonomia-erkidegoa erakunde laguntzaile gisa agertzen baita, eta, horretarako, 2018. urteko programa onartzeko abenduaren 22ko 1043/2017 Errege Dekretua aplikatuko da. Gainera, Ministerioak argitaratutako metodologiarekin bat, nekazaritzako eskualdeko kontu ekonomikoak prestatzeko behar diren eragiketak ere egingo ditu. Estatistika-eragiketak horiek nahitaezkoak dira Europako araudiari erantzuteagatik edo Europako araudiak betetzeko beharrezko informazio-iturri izateagatik.
Europako araudian zehaztutako zabalkunde-egutegian eta aurreko apartatuan aipatutako urteko programetan argitaratutako zabalkunde-egutegian zehaztutako epeak bete ahal izateko behar besteko aurrerapenez helaraziko dira datuak.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Jarraipen-batzorde bat eratuko da hitzarmen honen betetze-maila ebaluatzeko; alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute. Batzorde hori urtean behin gutxienez bilduko da, eta beharrizanek hala eskatzen duten bakoitzean.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Analisi, Koordinazio eta Estatistikako zuzendariorde orokorrak jardungo du batzorde horren lehendakari gisa, edo hark eskuordetzen duen pertsonak, eta, idazkari gisa, berriz, autonomia-erkidegoko funtzionario batek.
Alderdien arteko adostasunez hartuko dira jarraipen-batzordearen erabakiak.
Autonomia-erkidegoan eskumena duen erakunde titularrak izendatuko ditu batzordeko autonomia-erkidegoko ordezkariak.
Jarraipen-batzordea arduratuko da hitzarmena egikaritzearen jarraipenaz, zaintzaz eta kontrolaz eta hitzarmena egikaritzean jazo litezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak ebazteaz.
Seigarrena.– Iraupena.
Hitzarmen honek eragina izango du Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta 2018ko abenduaren 31 arte Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
Zazpigarrena.– Aldaketa eta ebazpena.
Alderdiek hala erabakiz gero, lankidetza-hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdi bietako ezeinek proposatuta; horretarako, aldaketa-akordio egokia sinatuko dute alderdiek, zeina iraupen-aldia amaitu baino lehen sinatu beharko baita.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 51.1 artikuluarekin bat etorriz, hitzarmenak azkentzen dira edo hitzartu ziren jarduketak burutzeagatik, edo hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzeagatik.
Gainera, artikulu beraren 2. apartatuaren arabera, hauek dira hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.
b) Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak urratzea.
Kasu horretan, errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio urraketa egin duen alderdiari beste alderdiak, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmena egikaritzearen jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaz arduratzen denari eta gainerako alderdi sinatzaileei.
Baldin eta, eskarian adierazitako epea igarotakoan, urraketak bere horretan jarraitzen badu, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia jakinaraziko die zuzentzeko eskatu zuen alderdiak sinatzaileei, eta, beraz, hitzarmena suntsituta geratuko da.
d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.
e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi gabeko beste edozein arrazoi.
Aurrez suntsiarazten bada hitzarmena, abian diren jarduketak egiten jarraituko da, hitzarmena suntsiaraztean alderdiek zehaztuko duten epe luzaezinean, harik eta horiek erabat amaitu arte, baina ez da jarduketak berririk hasiko.
Zortzigarrena.– Araubide juridikoa.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoa betetzen du hitzarmen honek.
Baldin eta hitzarmen honen interpretazioan eta egikaritzean sor litezkeen auziak jarraipen-batzordeak konpondu ezin baditu, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat.
Eta, adostasun-proba gisa, eta hitzartzen dena behar bezala jasota gera dadin, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute alderdiek, hiru aletan eta orri guztietan, izenburuan esandako tokian eta egunean.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroa.
E (Maiatzaren 8ko APM 484/2018 agindua).
Idazkariordea,
MARÍA DOLORES OCAÑA MADRID.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
1. ERANSKINA
ESTATISTIKA-ERAGIKETEN, METODOLOGIA-EZAUGARRIEN ETA MINISTERIOAREN FINANTZAZIO-AURREKONTUAREN ZERRENDA OROKORRA
(Lankidetza-hitzarmena, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa – Euskal Autonomia Erkidegoa / 2018)